1. Espetxean sartzeko arrazoiak
Espetxean kondena betetzen ari diren pertsona asko daudenez eta jasaten dituzten buruko psikopatologien ondorioz espetxeak haien osasunerako toki egokienak ez direnez, aztertu beharreko lehen kontua litzateke zeintzuk diren egoera horretako prozesuko auzi edo auzi penalak.
A) BURUKO GAIXOTASUNA EZ DA IGARRI
Lehen arrazoia da auzi penal bat izapidetzean EZ DELA IGARRI inputatuko pertsonak buruko gaixotasun bat daukala, honako inguruabarretako baten ondorioz, banaka zein metatuta:
Ez da jakiten inputatuak gaixotasun bat daukala, ez baitu jakinarazi edo egoera hori ezkutatu ere egin duelako.
Polizia-esparruan ez dago atxiloketaren ostean jarduteko prestakuntza edo protokolo egokirik, eta horrek batzuetan domino-efektua zehazten du (atestatua, inputazioa, epaiketa azkarra, epaia).
Fase judizialak azkar bideratzen dira, eta ezin da inputatuaren egoera pertsonala ebaluatu.
Eragile juridikoek (abokatuek, fiskalek, epaileek) ez daukate gaitasun espezifikorik, zehazki juridikoaz gain, haren buruko osasuna ebaluatzeko garrantzitsuak izan litezkeen pertsonaren egitateak eta inguruabarrak antzemateko.
Buruko patologiak dituzten pertsonak gizarte-bazterketako egoeretatik datoz, eta ez daukate haien defentsarik ezaren alde egiteko haien buruko osasunaren benetako egoera agerian utzi edo baiezta dezakeen familia- edo gizarte-laguntzarik.
Ez dago Atxilotuari Laguntza eta Orientazioa emateko Zerbitzua (ALOZ) zena bezalako zerbitzurik. Diziplina anitzeko talde hori epaitegietara atxikita zegoen, eta inputatuaren inguruabar pertsonal eta sozialen gaineko informazioa helarazteko eginkizuna zeukan.
Delitu jakin batzuk azkar epaitzeko beharrari buruzko legeriak hori guztia larritu egiten du. Izan ere, inputatuaren nortasuna aztertzeko eta, beraz, haren patologia egiaztatzeko aukerak are gehiago kentzen ditu. Gainera, adostasuna dagoenean zigorra pribilegioz murrizteak indarra ematen dio, zeren eta horrek beste presio bat sortzen baitu eragile juridikoengan gaia ahalik eta zigor txikiena ezarrita itxi dezaten, arau-hauslearen inguruabarrak egiaztatzeaz arduratu gabe.
Errugabetasun-presuntzio bat dagoen bezala, atxilotuak edo inputatuak gaitasun osoa daukalako presuntzioa hartzen da oinarri jarduterakoan, eta pertsona hori zigor "txiki" batekin etsitzen da, horretarako gaitasuna ez daukan arren.
Izan ere, azkar epaitzeko prozedurak, Prozedura Kriminalaren Legearen 795.1.2. artikulua eta 801. artikulua bitartean araututa dagoenak, arazoak adostasunaren bidez konpontzea sustatzen du, adostasuna lortzen den kasuetan zigorra heren batean murriztuko dela ezartzen baitu. Adostasunak esan nahi du akusatuak Fiskaltzak proposatu duen egitateen kontakizuna eta zigorra onartzen dituela.
Arau-eredu horren ondorioz, esku-hartze judizial orok salatu den delitu-egintzan jartzen du arreta, eta alde batera uzten du inputatuak eduki ditzakeen patologien ebaluazioa.
Akusatua akusazioarekin baretu egiten da, eta epaileak aldeen proposamena onartuz epaia emateko aukera eskaintzen du. Horrelako kasuetan, oro har, eragile juridikoen (Fiskaltza eta defentsa) arteko negoziazioaren emaitza da; bertan, akusatua eta, hortaz, haren inguruabar pertsonalak eta haren osasunarekin lotutako inguruabarrak alboratuta daude.
Prozesuko errealitate horren harira, Zaragozan 2012ko ekainaren 19an eta 20an burutik gaixo daudenak babesteko egindako Herriaren Defentsarien Koordinazioko XXVII. Jardunaldietako ondorioetan honakoa aipatu zen: “Horrek askotan ekartzen du materialki inputa ezin daitezkeen pertsonak pertsona inputagarritzat jotzea, horren ondorioz sor daitezkeen arazo juridiko-penal guztiekin batera”. Zehazki, herriaren defentsa erakundeek honakoa egiaztatu dute: “Ekonomia- eta gizarte-baliabide gutxi dituzten pertsonak aurreikus daitekeen eta espetxera edo espetxe psikiatrikora eramango dituen prozesuko iter batean sartzeko arrisku nabarian daude –eta, hain zuzen ere, horixe gertatzen da–: delituaren aurretik laguntza psikiatriko eskasa edo batere ez jasotzea, familia- eta gizarte-laguntzarik ez edukitzea, delitu-egitatea egitea, auzitegiko ebaluazio edo diagnostiko onik ez jasotzea, auzitegi epai-emaileaz bestelako aukera errealik ez egotea, espetxean edo espetxe psikiatrikoan sartzea, erkidego-baliabiderik ezagatik kartzelatik atera ezin izatea eta, hori gertatzen denean, sisteman berriro erortzeko arriskua (‘ate birakariaren egoera’). Prozesuko iterreko une horietan guztietan lan egin behar da pertsona horienganako bereizkeria saihesteko”.
Prozedura penalen instrukzioa hobetu behar da buruko gaixotasunak oharkabean joan ez daitezen. Horrela, patologiaren bat dagoela adierazten duen zantzu txikiena ere antzemandakoan, auzitegi-mediku espezializatuek peritu-proba psikiatriko eta psikologiko egokiak egin behar dituzte, eta Prozedura Kriminalaren Legearen 381. artikuluan xedatutakoarekin bat eginez jardun behar da: “Epaileak antzematen badu auzipetuak zorotasunaren zantzuak dituela, berehala mediku forentseen behaketaren mende jarriko du auzipetu hori, preso dagoen establezimenduan edo beste establezimendu publiko batean, baldin eta azken hori egokiagoa bada edo hura aske badago” (ikusi 3. gomendioa).
Era berean, herriaren defentsariek gomendatu dutenez (Koordinazioko XXVII. Jardunaldietako ondorioak), honakoak beharrezkoa dirudi: “buruko gaixoarekin harremanetan egon daitezkeen zuzenbideko eta segurtasuneko profesionalen trebakuntza sendotzea, prozesuan izango duen zorian eragina izango baitute: epaileak, fiskalak, abokatuak, Segurtasun Indar eta Kidegoen kideak, auzitegi-medikuak. Alegia, zentzu zabalean justizia deitzen denak ez du kondena bidegabeak edo neurrigabeak eragiten dituzten automatismoez jardun behar, kontuan hartuta horrek burutik gaixo dauden pertsonengan eduki ditzakeen ondorio larriak. Bereziki garrantzitsua da abokatuen elkargoen bidez trebatzea, inguruabar salbuesle edo aringarriak daudela behar bezala alega dezaketen abokatu espezializatuak egon daitezen; Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren bidez trebatzea, epaileek bideratzeko dauden aukera anitzak ezagut ditzaten; poliziaren trebakuntza, zeren eta, maizegi, desmen-egite delitutzat jotzen dena gaixotasun baten sintoma bat besterik ez baita; edo auzitegi-psikiatrian espezializatzea” (ikusi 2. gomendioa).
B) BURUKO GAIXOTASUNA IGARRI EGIN DA, BAINA EZ DA INPUTATU EZIN IZATEKO KAUSATZAT JO
Maiz gertatzen den beste egoera bat da auzitegi-proba egokiaren bidez pertsonak patologia jakin bat daukala zehaztea, baina epaian EZ ondorioztatzea horrek inputatu ezin izateko kausa denik. Hau da, epaian esaten da ez dela egiaztatu gaixotasun horrek delitu-egitatea egiteko une zehatzean pertsonaren ahalmenei eragin dienik, edo ez diola erantzukizun kriminala aldatzen duen inguruabarra izateko bezainbeste eragin.
Kasu horretan, nortasun-nahasmenduen egoera bereziki garrantzitsua da, ez dagoelako adostasunik egozgarritasunean dituzten ondorioei buruzko diagnostiko-irizpideen inguruan, eta, beraz, sarritan erantzukizunetik salbuesten duten inguruabarrak ez direlako hautematen.
Kasu horietan guztietan, buruko gaixotasuna igartzen ez den kasuetan bezala, espetxe-zigorra erregimen arrunteko espetxe batean beteko da, eta ezin izango dira segurtasun-neurriak edo Zigor Kodean xedatutako bestelako aukerak aplikatu. Horrek arazo larriak sortuko ditu. Izan ere, espetxe-esparrua ez da egokia buruko psikopatologiak dituzten pertsonak tratatzeko, haien osasun-egoerarako kaltegarria da eta tratamendu-programa espezifikoetarako sarbidea oztopatzen du. Horrela, zigorraren izaera samingarria larritu egiten da eta erkidegoan gizarteratzeko tresna dela adierazten duen zantzu guztiak urrundu egiten dira.
Pertsona sistema penalaren gurpil inkongruentean murgiltzen da, delituak eta espetxeratzeak pilatzen ditu, eta sistema penalak eta osasun laguntzak ez dute kiribil hori eteteko modua aurkitzen, bertan axola duen bakarra espetxearen eragin banatzailea dela dirudielako, gizartea gaixo arau-hauslearengandik askatzen baitu.
Kasu horietan komenigarria litzateke epaiak igarritako anomalia egitate frogatu gisa jasotzea, nahiz eta erantzukizuna aldatzen duen inguruabar bat ez izan, zigorra zehazterakoan eta espetxean betetzerakoan kontuan izateko.
Bestalde, komenigarria litzateke pertsonaren buruko osasun-egoerara egokitzen diren segurtasun-neurriak hartzea ahalbidetzen duten aringarri analogikoak aplikatzeko aukerak agortzea, jarraian azalduko dugun moduan.