2. 2013an jasotako ekarpenak
Espetxeetako buruko osasunari buruzko txosten hau egiten hasi zenetik, aldaketa garrantzitsu batzuk gertatu dira buruko nahasmenduak izan eta askatasunik ez duten pertsonen arretan. Batetik, Barne Ministerioak PAIEM hasi zuen 2009an, baina EAEko espetxeetan duela gutxi hasi da pixkanaka garatzen.
Bestalde, 2011ko uztailean espetxeetako osasunaren zati bat Osakidetzara transferitu zen. Bi prozesu horiek eragin nabarmena izan dezakete buruko gaixotasuna duten pertsonen arretan eta horregatik, bi aldaketa horiek espetxeetan izan zuten eragina aztertu beharra zegoela ikusi zen, baita EAEko espetxeetan esku hartzen duten erakunde zibiletan izan duten eragina ere.
Hori dela eta, 2013ko urrian beste inkesta bat igorri zitzaien espetxeetan esku hartzen duten erakundeei; hain zuzen ere, 2011n egindako lehenengo inkesta hartan ekarpenak egin zituztenei.
Oraingo honetan 2011n egindako galderez gain PAIEMi buruz duten ezagutzaz galdetu zaie, espetxean egon eta buruko gaixotasunen bat duten pertsonentzako berariazko programa baita; espetxeetako osasunaren zati bat Osakidetzara transferitu zenetik erabiltzaileengan izandako eragina eta horri buruz duten balorazioa ere galdetu zitzaien. Inkesta hau erakunde hauetara igorri zen:
Arabako erakundeak: ADAP (Presoari laguntzeko elkartea), Arabako hiesaren kontrako batzordea eta Salhaketa.
Gipuzkoako erakundeak: Arrats elkartea, Gurutze Gorria, Izan Fundazioa, Loiola Etxea eta IRESGI (Gizarteratze eta Biktimologiako Euskal Institutua).
Bizkaiko erakundeak: Adsis Fundazioa, Bidesari elkartea, Etorkintza Fundazioa, Gizakia Fundazioa, Salhaketa, Zubietxe eta Zubiko elkartea.
Erakundeek programa honi buruz duten ezagutzari lotutako galderei dagokienez, harrigarria da erakunde zibilek programa badela jakitea baina ia inork ere ez izatea horren aplikazioari buruzko, hor sartutako pertsonei buruzko eta helburuei buruzko berariazko informaziorik. Bestalde, Gipuzkoako erakundeek programaz gehiago dakite beste lurraldeetakoek baino. Esaterako, Gurutze Gorriak eta IRESGIk1 jendea dute programa horretan eta euren iritziz arreta hobetu egiten da zeharkako eta diziplina anitzeko ikuspegi integratzaileari esker. Erakunde honek dio Martuteneko espetxean berariazko ikastaro bat dagoela buruko gaixotasun larria dutenentzat eta erabiltzaile batzuk ikastaro horretara joaten direla; gaixotasun hain larria ez dutenak ikastaro normalizatuetara joaten dira.
Gainera, programa espetxeetan ezartzen ari dela dirudi eta ezarpenean parte hartzen ari diren profesionalen esanetan, hobekuntza dakar espetxean egon eta buruko gaixotasunen bat duen pertsonarekin elkarrekintza jarduten diren profesionalen arteko koordinazioak. Dena dela, PAIEMen helburuetako bat gizarteratze plana da, buruko gaixotasuna dutenen gizarteratzea optimizatu nahi du eta erkidegoko baliabide soziosanitarioetara behar bezala bideratu. Zati hori ez dira egiten ari edo gutxienez ez dira egiten ari erakunde zibilekin koordinazioan, ez baita programaren garapenari buruzko informazio argirik egon, ezta programan sartutako pazienteei edo garatzen ari diren banako planei buruzkorik ere.
Bada beste alderdi garrantzitsu bat ere, erakunderik gehienek aipatu duten alderdia gainera: nortasun nahasmenduak gutxiesten jarraitzen dela. Osasun agintarien esanetan espetxeetako populazioaren %80ak du horrelako nahasmenduren bat, baina ez dira PAIEMen sartzen. Gogoan izan behar da psikiatrian nortasun nahasmenduari gehienetan ezin sendatuzko etiketa jartzen zaiola. Nahasmendu hauek dituztenak manipulatzaileak direla uste izaten da, arreta berenganatu nahi izaten dutela eta traba egiten dute, ez dira buruz gaixoak izaten, euren jokaera kontrolatzeko gaitasuna dute, tratamenduarekiko immuneak dira eta pronostiko txarra dute (E. Echeburúa eta P. Corral), baina espetxean izaten duten jokaera erabat disruptiboa izaten da eta gatazkak sortzen dira etengabe. Beraz, arrazoizkoa da paziente hauen diagnostiko egokia lortzeko ahalegin guztiak egitea eta tratamendu egokia aurkitzea; ez lirateke alde batera utzi behar, ez lirateke zigortu daitezkeen subjektu legez hartu behar, baizik eta gaixoak direla ikusi behar litzateke eta ez lirateke erregimen gogorragoko espetxeetara eraman behar, errehabilitazioari zigorra gailenduta.
Hainbat erakundek aipatu dute buruko gaixotasunekikoen arreta krisi garaira mugatzen dela askotan eta ez dela jarraipenik egiten. Marko psikoterapeutikoa indartu beharra dagoela diote, medikazioa ez baita nahikoa eta mota horretako babesak indartu beharra baitago. Horretarako batzuen iritziz beharrezkoa litzateke espetxeetan profesional gehiago izatea, eta beste batzuek diote egokiena buruko gaixotasunak dituztenak espetxetik atera eta toki egokietara eramatea litzatekeela, espetxea berez inguru gogorra baita, estresa sortzen du, oldarkortasuna, patologia psikiatrikoak; beraz, ahal den guztia egin behar da buruko gaixotasuna duen pertsona bere egonkortasuna zailduko duen giro itogarri eta estresagarrian egon ez dadin: “Kanpora zuzendutako programak egiteko egiazko beharra dago, gaixo hauek aurrez prestatu behar dira horretarako, erkidegoko baliabideen eta gaixoaren profilaren artean egokitzapenik handiena lortzeko”. Zehapen erregimena presoaren profilera egokitu behar da eta osasun arloari lehentasuna eman behar zaio zehapenari eman ordez.
Oro har, PAIEMen ondorioak zehatz ezagutzen ez diren arren, positibotzat jotzen dute buruko gaixotasunak dituzten pertsonentzat berariazko parte hartze plan bat egotea. Euren esanetan, programaren diseinua mesedegarria izan daiteke pertsona hauentzat, eta pertsona horiek etorkizunean gizartean eta lan munduan sartzeko ibilbide pertsonalak hobeto definitu eta diseinatu daitezke. Baina programa ezartzeko dauden zailtasunak ere adierazi dituzte: espazio fisikoak ez dira egokiak eta buruko osasuneko profesionalik ez dago; pertsona hauentzako jarduera egokirik ez dago; espetxe barruan egiten zaizkie diagnostikoak aurrez erkidegoan arretarik izan ez dutenei; buruko gaixotasuna askatasuna kendu zaiolako agertu daitekeen kasuak ere aipatu dituzte, hala nola, egokitzeko nahasmenduak, animo egoeraren nahasmenduak... horiek baloratzea oso zaila da etorkizuneko esku-hartze baterako.
Medikazioa emateari dagokionez, oso positiboa dela uste da gainbegiratuta ematea, nahiz eta espetxe guztietan ez egin hala eta ondorioz erabilera txarrak egon. Medikazioaren merkatu paralelo bat dago eta horren ondorioz botika psikiatrikoak lortzen dituzte gaixo ez daudenek, botikak gaizki ematen direlako. Beste alderdi batek ere kezkatzen ditu: botika gehiegi hartzen duten gaixoak daude eta kanpora irteten direnean botikak nabarmen murrizten zaizkie, egokiak ez zirelako.
Espetxean dauden pertsonek ezin dute osasun txartelik izapidetu, ezta NAN eta erroldarik ere, aske geratutakoan agiri horiek oso garrantzitsuak izan arren. Espetxetik irteterakoan txostenak izatea oso egokia litzatekeela diote, eta txosten horietan diagnostikoak eta jasotako tratamenduak egon behar lirateke, baita aske geratu ondoren osasun zentroetan dituzten hitzorduak ere.
Osasuna hein batean Osakidetzara transferitu izana positiboa dela esaten dute erakunde guztiek, baina bi erakunderen iritziz arreta psikiatrikoko orduak ez dira nahikoa buruko gaixotasunen bat duten guztiak artatu ahal izateko. Erakunde asko iritzi horretakoak diren arren eta transferentzia horrek erabiltzaileentzat zer hobekuntza ekarri dituen oso argi ez duten arren, positibotzat dute eta espetxeratu guztien arreta hobetu egingo dela uste dute epe ertain eta luzean.
Espetxe guztietan osasun zentroak jartzea, historia klinikoa eskura izatea eta telemedizina ezartzea hobekuntzak izango dira, luzarora preso guztiak hobeto artatuta egongo dira eta Osakidetzako sarean errazago sartu ahal izango dira.