3. Ogasuna
I. Arloa kopurutan
2011. urtean 83 erreklamazio izan dira Ogasunaren arloan; beraz, Erakundeak izapidetutako erreklamazio guztien %4,46 arlo honetakoak izan dira. Ondoren administrazioka xehekatuko ditugu:
– Toki administrazioa 47
– Foru administrazioa 24
– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorra (Eusko Jaurlaritza) 6
– UPV/EHU 1
Honela sailkatu ditugu jasotako erreklamazioak, gaiak edo azpiarloak kontuan hartuta:
– Tasak 24
– Administrazioaren funtzionamendua eta prozedura administratiboa 17
– Tokiko zergak 16
– Foru zergak 15
– Prezio publikoak 10
– Beste gai batzuk 1
Aurten bideratu diren erreklamazioen −2011n jaso ziren kexak nahiz 2011ko urtarrilaren 1ean abian zeudenak− tramitazioaren xehetasunei dagokienez, txosten hau idatzi denean, hauxe da arloaren egoera:
GUZTIRA | Izapidetzen | Amaituta | Jarduera okerra | Jarduera okerrik ez | Herritarrei aholkuak eta informazioa ematea | Gerora ez dira onartu |
136 | 60 | 68 | 16 | 40 | 12 | 8 |
Aipatu behar da batzuetan gure lana herri administrazioen lankidetzan gertatzen diren atzerapenek eragozten dutela. Izan ere, administrazio batzuek ez diete jaramonik egiten gure txosten-eskaerei eta ondorioz ezin izaten ditugu zaindu behar bezala herritarren eskubideak eta ezin burutu izaten dugu geure egitekoa: euskal administrazio publikoen legez aurkako egintzak eta bidegabekoak zuzentzen lagundu. Berriz ere ekin egin behar dugu: batzuetan laguntzarik ezak lana bertan behera uztera behartzen gaitu; horrelakoetan ezin izaten diogu eman erreklamatzaileari aurkeztutako kexaren erantzun arrazoiturik.
II. Arautegia eta gizartea: egoera
Zergen arloko arautegia eten gabe aldatzen ari da: urtean-urtean eguneratzen, doitzen eta aldatzen dira zergen, tasen eta kontribuzio berezien likidazioetan eragin zuzen duten arauak (aldaketak, eguneratzeak eta doikuntzak urte batetik bestera egiten dira, hau da, hurrengo zerga ekitaldirako). Zergen arloko foru arautegiak zein tokikoak eguneratzen dira.
Foru arautegien aldaketa orokorrak foru arau hauek ezarri zituzten: Arabako Lurralde Historikokoa abenduaren 20ko 15/2010 Foru Arauak, zergen arloko 2011ko neurriei buruzkoak; Bizkaikoa abenduaren 22ko 4/2010 Foru Arauak, zergen arloko 2011ko neurriak onetsi dituenak; Gipuzkoakoa abenduaren 23ko 5/2010 Foru Arauak, zergen arautegiko aldaketa batzuk onetsi dituenak.
Hala ere, egungo abagune ekonomikoa nolakoa den kontuan hartuta eta jakinik krisi larrian biziko garela luzaroan, hemendik aurrera zergen arloan ohi baino erabaki zorrotzagoak hartu behar dira.
2011. urtea oso nahasia izan da, bai Estatuan, bai EAEn. Ageria geratu da erakundeetako gobernuan daudenak ez datozela bat hainbat gauzatan eta sentsibilitate desberdinak dituztela. Gure erkidegoan mota honetako auziak Zerga-Kideketarako Sailera bideratu dira. Hiru lurralde historikoetan berriz ere Ondarearen gaineko Zerga ezarriko da eta, dirudienez, gaur egungo zerga sistema modu koordinatuan eraberritzeko asmoa ere badago. Nolanahi ere, eraberritze estruktural hau oraindik ez da behar bezala zehaztu eta pentsatzekoa da 2012. urtean finkatuko dela.
Azkenik, 2011ko abuztuaren 20an indarrean jarri zen abuztuaren 19ko 9/2011 Errege Dekretu-Legeko laugarren xedapen iragankorra (horren bitartez hainbat neurri ezarri ziren osasun sistema nazionalaren kalitatea eta kohesioa hobetzeko, zerga baterakuntza sendotu zen eta Estatuaren 2011ko abalen gehieneko zenbatekoa gehitu zen). Bada, xedapen horretan xedatu zen etxebizitza izango diren higiezinen emateen gaineko BEZaren karga tasa oso txikitua %4 izango dela %8 gabe. Besterik adierazi ezean, neurria aldi baterako da, hain zuzen ere 2011ko abenduaren 31ra arte, eta beraren helburua etxebizitzen merkatua suspertzea da. Hala ere, 2012an luzatu egin da etxebizitza erosteko onura, abenduaren 30eko 20/2011 Errege-Dekretu-Legearen bitartez. Dekretu hori defizit publikoa zuzentzeko asmoz aurrekontu, zerga eta finantza arloetan presako neurriak hatzekoa da.
III. Jarduera-plana
Ogasunaren arloko jarduera nagusia herritarrek aurkezten dituzten kexak aztertzea eta konpontzea da.
Gaur egungo krisi ekonomikoak gogor astindu ditu EAEko pertsona eta familia asko: enpleguak galdu dira, diru sarrerak nabarmen murriztu dira eta horren guztiaren ondorioz familien zorpetze maila, lehendik ere nahiko handia zena, gehitu egin da.
Eta are okerragoa da hipotekaren bermea atxiki eta etxebizitza galdu duten pertsonen egoera.
Gainera, etxebizitza galtzen duten pertsona batzuk zorretan geratzen dira bankuarekin, maileguaren zati bat ordaintzeko edukitzen baitute. Eta, gainera, ondasunaren eskualdaketak eragiten dituen zerga likidazioak ordaindu behar izaten dituzte. Izan ere, lehenbizi tokiko erakundeek Hiri Lurren Balioaren Gehikuntzaren gaineko Zerga (HLBGZ) jasanarazten die.
Zerga honek titulu baten bitartez eskualdatzen diren hiri lurren balioaren gehikuntza kargatzen du, edo lurretan eraikitzen denean edo lurren gainean ezarritako gozatzeko eskubide erreala, jabaria mugatzen duena, eratzeagatik edo eskualdatzeagatik gertatzen den balio-gehikuntza.
Badakigu, eta ondo jakin ere, tokiko erakundeak ekonomiaren eta finantzen aldetik egoera oso kaskarrean daudela. Alabaina, zerga hau aplikatzearen arrazoia bada erkidegoari itzultzea hiriko ondasun higiezin baten jabetza eskualdatzen denean lurren eskualdaketak sortzen duen ondare gainbalioaren zati bat, hipoteka baten erruz etxebizitza nahitaez besterendu behar izateak kontrakoa islatzen du, hau da, subjektu pasiboa ez dela gauza kargarik ordaintzeko. Beraz, justizia materiala lortuko bada, uste dugu nahitaezko eskualdaketa horiek ez liratekeela eta egon behar HLBGZren kargapean. Hori dela eta, 11/2011 gomendio orokorrari helduta, eskatu dugu zerga honi buruzko foru arauak eta udal ordenantzak aldarazteko ohiko etxebizitzen gaineko hipoteken exekuzioen ondoriozko lurren eskualdaketak kargapean egon ez daitezen.
IV. Kexarik aipagarrienak
Atal honetan herritarrek Arartekoari aurkeztutako gairik garrantzitsuenak jorratuko ditugu. Kexa hauen azalpena egituratzeko Ogasunaren arloko jardunaren an
tolamenduko azpiarloak erabili ditugu.
IV.1. Administrazioaren prozedura eta prozedura administratiboa
Ohi bezala, herritarrek kexa asko aurkezten dituzte erantzunak epearen barruan eta arrazoituta ez emateagatik. Batzuetan, ebazpenaren atzerapenak kalte egiten dio zergadunari, ez baitu jakiten zorra ordaindu behar duela errekurtsoaren ebazpenaren zain egon arren. Hala ere, zorra nork bere borondatez ordaintzeko epealdia amaitutakoan administrazioak ondarearen kontra jotzen du zorra premiamendu prozeduraren bitartez ordainarazteko.
Beste alde batetik, administrazioak eta herritarrek ordainketa akordioak sinatzen dituzte bidegabe jasotako prestazioen zenbatekoak itzultzeko. Kasu batzuetan zenbateko horiek bidegabe kobratzearen arrazoia ez da izaten zordunaren jarduketa irregularra, baizik eta administrazioaren prestutasunik eza. Horrelakoetan bidegabeko kobrantza gertatzen da administrazioak oker kudeatzen dituelako laguntza jasotzen duen pertsonak emandako informazioa eta agiriak, hain zuzen ere denbora gehiegi ematen duelako egiteko horretan.
Hipoteken nahitaezko exekuzioen esparruan, zergen arloko legeriak eta Prozedura Zibilaren Legeak ezarri dute zordunei soldata bahitzen zaienean gutxienez Lanbidearteko Gutxieneko Soldata (LGS) utzi behar zaiela, ondarearen nahitaezko exekuzioak biziraupena arriskuan ez jartzeko.
Berme hau ondarearen kontra jotzen duten prozeduretan soilik aplika daiteke; administrazioarekin zorren bat beren borondatez hartu duten pertsonen kontrako prozeduretan ezin da aplikatu. Hala ere, administrazioek ez lukete sinatu behar akordiorik, baldin eta hilero ordaindu beharreko zenbatekoak arriskuan jartzen badu pertsonen biziraupena, hau da, familiaren diru sarrerak handiak izan ez eta ordainketei aurre egin ezin badiete ohiko bizimoduko beharrizanak alde batera utzi gabe, nahiz eta jarrera ona eta bidegabe jasotako kopuruak itzultzeko borondatea eduki.
IV.2. Foru zergak
Honela esaten diegu foru ogasunek biltzen dituzten zerga guztiei. Herritarren kexa gehien sortzen duena Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zerga da (PFEZ).
Herritarren kexak arrazoi askogatik sortzen dira; kexa horiek guztiek agerian jartzen dute zein zaila den herritarrentzat zerga honen autolikidazioa egitea.
Hona hemen PFEZen inguruko kexak eragin dituzten kontu batzuk:
Zerga hau oraindik autolikidazioaren bitartez likidatzen da, baina foru ogasunek urtean baino urtean likidazio-proposamen gehiago bidaltzen dizkie etxera zordunei, eta geroz eta herritar gehiagok erabiltzen dituzte ogasunek aitorpenak egiteko prestatutako zerbitzuak.
Nolanahi ere, errentaren aitorpena aurkezteko modu horiek hautatzeak ez du ezertan aldatzen zergadunen egoera juridikoa aitortzaile diren aldetik. Herritarrek uste osoa dute zerbitzu horietako langileen profesionaltasunean eta jardun onean, eta horregatik asaldatu egiten dira aitorpenak eurek zuzenean egin ez ogasunek likidazioak erregularizatu ez ezik berandutza-korrituak ere ordainarazten dizkienean.
Gaur egungo zerga esparruan, berandutza-korrituak sortzea printzipio orokorra da: epealdiaz kanpo ordaintzen diren zerga zor ia guztiek sortzen dituzte berandutza-korrituak.
Zerga Administrazioak gaur egun egin ohi dituen jarduketa asko berriak dira eta eza daude araupetuta prozeduren arloko legerian. Hots, denborak aurrera egin ahala jarduketak modernizatu dira eta teknologia berriek ematen dituzten aukera ederrak baliatzen dira, baina jarduketa horien funtsetan dauden prozedura administratiboak, aldiz, ez dira eraberritu.
Arau-esparrua gainditzeko asmoarekin, 2003. urtean Arartekoak gomendio orokor hau prestatu zuen: "Zerga-kudeaketarako formula modernoak eta berezitasunak araudien bidez jaso eta onartzea". Gomendioaren helburua zen foru administrazioek arlo honetako arautegia moldatzea alderdi guztien (zerga administrazioa eta zergadunak) egoera juridikoak berdintasunean zehaztuta eta an
tolamendu juridikoan ezarritako printzipioak eta zergadunei onartzen zaizkien bermeak aintzat hartuta, batez ere onustearen printzipioa eta segurtasun juridikoarena, gure ustez gaur egun ez baitira behar bezala zaintzen.
Tamalez, ez da aurrerapausorik egin eta foru ogasunek ez dute egokitu zergen arloko arautegia eurek prestatutako zerbitzuen bitartez egiten diren aitorpenen kualifikazio berezira.
IV.3. Tokiko zergak
Udalek ondoko zergak eskatu behar dituzte, kasuan kasuko arauak eta xedapenak aplikatuta: Ondasun Higiezinen gaineko Zerga, Jarduera Ekonomikoen gaineko Zerga eta Trakzio Mekanikozko Ibilgailuen gaineko Zerga. Gainera, ezartzeko erabakia hartu eta bidezko zerga ordenantza onartu ondoren, udalek Eraikuntza, Instalazio eta Obren gaineko Zerga eta Hiri Lurren Balioaren Gehikuntzaren gaineko Zerga ere eska ditzakete.
Gogoan eduki behar da Ondasun Higiezinen gaineko Zerga ekitaldiko urtarrilaren 1ean sortzen dela. Horrek esan nahi du Zerga ezartzen den urte bakoitzeko urtarrilaren 1ean ondasun higiezinen titular gisa subjektu pasiboak agertzen direla erregistro publikoetan eta, beraz, beraiek ordaindu behar dutela Zergaren karga.
Zerga hau, gainera, urtekoa da eta ezin da zatitu, eta horregatik urtarrilaren 1ean erregistroan ondasun baten titular diren guztiek Zergaren karga osoa ordaindu behar dute, nahiz eta ondoren higiezinaren jabetza beste pertsona bati eskualdatu. Esan bezala ondasuna gero eskualdatzen bada, eskualdaketak hurrengo zerga ekitaldian sortuko ditu ondorioak, administrazioari jakinaraziz gero.
Gainera, nahasgarria izaten da higiezinean identifikatzen den erabilera bakoitzeko ordainagiri bat igortzea.
Hiri Lurren Balioaren Gehikuntzaren gaineko Zergak (HLBGZ; normalean gainbalio-zerga esaten zaio) titulu baten bitartez eskualdatzen diren hiri lurren balioaren gehikuntza kargatzen du, edo lurretan eraikitzen denean edo lurren gainean ezarritako gozatzeko eskubide erreala, jabaria mugatzen duena, eratzeagatik edo eskualdatzeagatik gertatzen den balio-gehikuntza.
Finken nahitaezko desjabetzapenetan kontuan eduki behar da Zergaren karga eskubidea eskualdatzen den egunean sortzen dela, hain zuzen ere eskriturak sinatzen direnean. Bada, orduantxe aztertu behar da lurren hirigintzako izaera, zeren HLBGZren ondorioetarako hiriko lurrak ez ezik hirikotzat (eta ondorioz Zergaren kargapekotzat) hartzen baitira urbanizatu daitezkeen lurrak eta nekazaritzako legerian xedatutakoaren kontra zatituko lurrak ere, besteak beste.
Trakzio Mekanikozko Ibilgailuen gaineko Zergaren (TMIZ) ordainketan ezintasunen bat duten pertsonentzat ezarritako salbuespenaren hedadurak hainbat kexa eragin ditu, bai ezinduenak, bai erabateko ezintasuna onartuta eduki eta salbuespena aplikatzeko eskatzen dutenenak.
IV.4. Tasak eta prezio publikoak
Tasak dira subjektu pasiboen inguruko, haiei eragiten dien edo onurak ekartzen dizkien zerbitzuek eta udalaren eskumeneko jarduera administratiboek eragiten dituzten gastuak ordaintzeko tokiko erakundeek jasotzen dituzten diru-sarrerak. Halaber, jabari publikoko ondasunen erabilpen pribatiboaren edo aprobetxamendu bereziaren ondoriozko kontraprestazioak ere tasak dira.
Beraz, tasak dira, esaterako, uraren horniduragatik, hondakinak biltzeagatik, herri bideetan aparkatzeko lekua erreserbatzeagatik eta ibilgailuarekin espaloia zapaltzeko (ibia) ordaintzen diren zenbatekoak.
Aldiz, herritarrek eskatzen dituzten zerbitzuak finantzatzeko administrazio publikoek kobratzen dituzten kontraprestazioak prezio publikoak dira. Kexarik gehien eragiten dituen prezio publikoa udalek euren kirol instalazioak erabiltzeagatik kobratzen dutena da.
Tokiko erakundeek ezin dituzte kobratu tasak euren nahierara: tasa ezartzeko erabakia hartu behar da eta bidezko zerga ordenantza onartu behar da. Udal ordenantzan berariaz araupetu ezean, tasak ezin dira likidatu. Horixe gertatu zen Ordizian haur eskolaren udal zerbitzurako aurrematrikula kobratu nahi izan zutenean. Gomendioa eman genuen baina ez zuten onartu.
Gainera, gogora ekarri behar dugu Langraitz-Okako Administrazio Batzarrari eman zaion gomendioa, hain zuzen ere alda ditzala zerga ordenantzak uraren horniduraren tasaren fakturak gehikuntzarekin egiten hasi baino lehen.
EAEko udalerri askotan oraindik ere kexa asko sortzen dira erroldatuta dauden pertsonak eta ez daudenak zerga ordenantzetan berdin ez tratatzeagatik.
Beharbada, krisia dela eta euskal familia askok bizi dituzten arazo larrien ondorioz ordaindu beharreko tarifaren zenbatekoak tasen eta prezio publikoen inguruko kexetariko asko eragin ditu: batzuetan zenbatekoa bera jartzen da ezbaian, beste batzuetan gehikuntza zergatik gertatu den azaltzeko eskatzen da eta beste batzuetan kexatzen denak uste du familientzat ezarritako hobaria aplikatu behar zaiola.
Nolanahi ere, aipatu behar da asko gehitu direla uraren tasaren fakturazioaren inguruko kexak, batez ere hornidura erregularizatzeko prozesuen ondorioz, erabiltzaileen aldaketak higiezina hornitzeko kontratuan ez islatzeagatik. Kexa hauetan aipagarria da zerbitzuaren hornitzaileek izan duten jarrera ona, konponbiderik onena hitzartzeko prest egon baitira. Kontuan eduki behar da kasu askotan zerbitzuari egotz dakiokeen arreta falta gertatu dela, horrek eragina eduki duela eta eragin hori baloratu egin behar dela zerbitzugileari altaren berri eman ez dioten erabiltzaile berrien erantzukizuna modulatzeko.
IV.5. Beste alderdi batzuk
Atal honetan bildu diren kexak eragin dituzten arazoek badute loturaren bat zergekin, baina ezin dira sartu ezarritako azpiarloetan. Aipagarriena auzolanak ordaintzeari buruzko ebazpena da.
V. Ofiziozko jarduerak
2011. urtean 5 espedienteren izapideak abiarazi dira ofizioz; hartzaileak hiru foru aldundiak izan dira. Espediente horietan aldundiei proposatu zaie zuzendu dezatela PFEZren ordainketan desberdin tratatzea lana utzarazteagatik edo iraizpenagatik jasotzen diren kalte-ordainak lan-harremanak enplegua erregulatzeko espediente (EEE) baten ondorioz eteten direnean.
Zerga honi buruzko foru arauetan ezarritakoaren arabera kalte-ordainaren zati bat kargatik salbuetsita dago, hain zuzen ere Langileen Estatutuan bidegabeko iraizpenerako ezarritako nahitaezko gehieneko kopurua (45 soldata-egun lanean egindako urteko, 42 hileko gehienez); horretarako ezinbestekoa da enplegua erregulatzeko espedientea Langileen Estatuko 51. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz izapidetzea eta agintaritza eskudunak baimena ematea. Zergaren arautegian, gainera, EEEren eragilearen arabera zein kasutan aplikatu daitekeen salbuespena zehaztu da.
Hain zuzen ere, Gipuzkoako Lurralde Historikoan salbuespena aplikatzeko enplegua erregulatzeko espedientea arrazoi ekonomikoek edo teknikoak abiarazi behar dute, edo ezinbestekoa izan behar da. Hau da, salbuespena ezin zaie aplikatu arrazoi objektiboengatik edo an
tolamenduko arrazoiengatik hasten diren espedienteen ondoriozko kalte-ordainei. Kalte-ordain hauek lanaren etekin moduan kargatu behar dira, hain zuzen ere zenbateko honen gaineko kopurua: 20 soldata-egun lan egindako urteko, 12 hileko gehienez.
Zerga tratamendua desberdina izateko arrazoi objektiborik ez dagoenez, Aldundiari proposatu diogu alda dezala 10/2006 Foru Arauko 9.4 artikulua an
tolakuntza edo ekoizpeneko arrazoiengatik hasten diren EEEen ondoriozko kalte-ordainen salbuespenaren muga gainerako arrazoiengatik hasten diren espedienteen ondoriozko kalte-ordainekin berdintzeko.
Lurralde erkidean, enplegua mantentzeko eta sustatzeko eta langabeak babesteko presazko neurriak ezarri dituen abenduaren 30eko 27/2009 Legeko hamahirugarren xedapen gehigarriak Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko azaroaren 28ko 35/2006 Legea aldatu zuen salbuespenaren hedadura handitzeko.
Ondorioz, PFEZi buruzko Legeko 7. artikuluko e) letra aldatu ondoren errenta salbuetsitzat hartzen dira enplegua erregulatzeko espedienteen ondoriozko iraizpenagatik edo lana utzarazteagatik langileek jasotzen dituzten kalte-ordainak, baldin eta agintaritza eskudunak espedientea irekitzeko baimena eman badu eta arrazoiak ekonomikoak edo teknikoak badira edo ezinbestekoa izan bada.
Halaber, Bizkaiko Lurralde Historikoan egoera hau zuzentzeko ahaleginak egin ziren abenduaren 22ko 7/2010 Foru Arauaren bitartez: horren bidez Bizkaiko Lurralde Historikoko 6/2006 Foru Araua, PFEZi buruzkoa, eraberritu zen.
Horrenbestez, arau hori ondorioak sortzen hasi zen egunetik aurrera EEEen ondorioz edo Langileen Estatutuko 52.c) artikuluan araututako arrazoiengatik gertatzen diren iraizpenek sortzen dituzten kalte-ordain guztiak, espedientea onartzeko arrazoia gorabehera (ekonomikoa, teknikoa, ezinbestekoa, an
tolakuntzakoa, ekoizpenekoa), salbuetsita daude, muga batekin: Langileen Estatutuan bidegabeko iraizpenetarako ezarritako nahitaezko gehieneko kopurua.
Gipuzkoako Foru Aldundiak proposamena onartu zuen eta PFEZi buruzko Foru Arauan txertatu zuen.
Arabako Lurralde Historikoan, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko urtarrilaren 29ko 3/2007 Foru Arauak ezarri du errenta salbuetsitzat hartuko direla EEEen ondorioz gertatzen diren iraizpenen kalte-ordainak, baldin eta espedientea arrazoi ekonomikoengatik, an
tolakuntzakoengatik, teknikoengatik edo ezinbestean abiarazi bada, eta muga hau finkatu da: bidegabeko iraizpenetarako ezarritako gehieneko kopurua. Espedientea onartzeko arrazoietan ez ziren aipatzen berariaz ekoizpen-arrazoiak. Hala ere, Zuzeneko Zergen Zerbitzuak an
tolakuntzako arrazoiak eta an
tolakuntzakoak batera gertatzen diren kasuak salbuespena aplikatzeko onartzen zituen. Hori gorabehera, Zergari buruzko Foru Araua aldatu zuen 9.4 artikuluan ekoizpen-arrazoiak ere aipatzeko.
Gainera, Arartekoak IFZ emateko prozedura malgutzea proposatu die, egoera irregularrean dauden etorkinek gaitz izaten baitute banku erakundeetan kontu korrontea irekitzen.
Kapital-zuritzearen kontrako legerian ezarrita dago kreditu-erakundeetan eragiketak egiteko IFZ edo AIZ aurkeztu behar dela; bada, hori kontu korrontea irekitzeko ere aplikatu behar da.
VI. Ondorioak
Zergen arloko arautegia konplexua denez gero, zergadunek administrazioek eskaintzen dituzten zerbitzuetara jotzen dute aitorpenak egiteko.
Hala ere, zerbitzu horiek erabiltzeak ez du aldatzen zergadunaren egoera juridikoa; beraz, herritarraren erantzukizuna ezin zaio pasatu Zerga likidatzen eta aitortzen duen organoari eta, horrenbestez, gertatzen diren akatsen eta irregulartasunen ondorioak zergadunek jasan behar dituzte, jarduketa guztiak beren kontura egin balira bezala. Tamalez, oraindik zergen arloko arautegian ez zaio jaramonik egin arazo honi.
Urtero salatu arren, oraindik ere sarritan ez da ematen berariazko erantzun arrazoiturik errekurtsoak ebazteko epealdian; hori akats larria da eta onartezina administrazioaren jardun onean.
Zergen arloan, administrazioaren isiltasunak arazo bat gehiago dakar: zergen likidazioek ondorio guztiak sortzen dituzte jakinarazten direnetik aurrera, eta ondorioz borondatezko aldian ordaindu behar dira. Errekurtsoen aurkezpenak ez dute eteten ez gelditzen likidazioen eraginkortasuna.
Herritarrek ez dakite ezen, likidazioen kontrako errekurtsoak aurkeztu arren, likidazioaren emaitzako kopurua ordaindu egin behar dela, ados ez egonik ere. Horregatik, errekurtsoa ez ebatzi arren administrazioak betearazpidez eskatzen dituenen zorraren printzipala, korrituak, errekarguak eta kostu guztiak, zordunak harritu egiten dira. Halako kasuetan, arreta faltak administrazioari baino ez dio egiten onura, ebazpena behar den epealdian ez eman arren.
Kudeaketa errazteko eta azkartzeko asmoarekin tokiko erakunde batzuek nahitaez helbideratzen dute zerga zor jakin batzuen kobrantza. Bada, zerga zorrak ordaintzeko moduak horrela murriztea emandako ahalez kanpo jokatzea da; erakundeok ez dute inolako estaldurarik foru arautegian hori egiteko.
Tasa eta prezio publiko batzuetan tarifa desberdinak ezartzeko arrazoia subjektu pasiboen gaitasun ekonomikoen arteko desberdintasuna izan behar litzateke, ez tasa edo prezio publikoa kobratzen duen udalerrian erroldatuta egotea edo ez.
Zordunei soldata bahitzen zaienean gutxienez Lanbidearteko Gutxieneko Soldata (LGS) utzi beharra ondarearen kontrako exekuzioetan soilik aplikatzen da.
Hala ere, administrazio publikoek ez dute erraztu behar zorraren ordainketa geroratzeko eta zatikatzeko akordiorik ahalmen ekonomiko urriko pertsonekin, baldin eta horren ondorioz zordunek ordainketei aurre egin ezin badie, nahiz eta jarrera ona eta bidegabe jasotako kopuruak itzultzeko borondatea eduki.