2.7. Hezkuntzarako eskubidea
Espainiako Konstituzioaren 27. artikulua
"1. Pertsona guztiek dute hezkuntzarako eskubidea. Irakaskuntzaren askatasuna onartzen da.
2. Gizakiaren nortasuna guztiz garatzea izango da hezkuntzaren xedea,bizikidetzako printzipio demokratikoen eta oinarrizko eskubide eta askatasunen arabera.
3. Aginte publikoek gurasoen eskubidea bermatzen dute, semealabek euren uste erlijioso eta moralekin bat datorren heziketa jaso dezaten.
4. Oinarrizko hezkuntza derrigorrezkoa eta doakoa da.
5. Aginte publikoek herritar guztien hezkuntza eskubidea bermatuko dute irakaskuntzaren programazio orokorraren bitartez, interesa duten sektore guztien partehartzeaz eta ikastegiak sortuz.
6. Ikastegiak sortzeko askatasuna onartzen zaie pertsona fisiko eta juridikoei, printzipio konstituzionalen errespetuaren arabera.
7. Irakasleek, gurasoek, eta behar denean ikasleek ere parte hartuko dute Administrazioak diru publikoaz finantzatutako ikastegien kontrol eta kudeaketan, legeak esaten duenaren arabera.
8. Aginte publikoek hezkuntzasistema ikuskatu eta homologatuko dute legeak betetzen direla bermatzeko.
9. Aginte publikoek legeak ezartzen dituen baldintzak betetzeko laguntza emango diete ikastegiei.
10. Unibertsitateen autonomia onartzen da, legeak ezarritakoaren arabera".
Hezkuntzarako eskubidea prestazio eskubide moduan konfiguratzen da eta, horregatik, agian egokiago zatekeen hura gizarte eskubideen artean jorratzea. Aitzitik, hura kokatzen den konstituzio testuingurua eta aukeratutako metodoa ikusita, atal honetan aztertuko da.
Beharrezkoa da hezkuntza administrazioak jarrai dezala hezkuntza programazioa egokitzen eta etengabe hobetzen, unibertsitatez besteko ikastetxeen sarea antolatzeko eta planifikatzeko ezarrita dauden irizpideak bete daitezela lortu arte. Horri dagokionez oso positiboa da konpromisoa gaineratu izana hezkuntza eragile guztien partaidetza herritarren hezkuntza beharrizan errealen planifikazio demokratiko eta egokia sortzeko prozesuan bermatzen saiatzeko.
Hezkuntza administrazioak arreta guztia jarri beharko du ikasleak onartzeko prozesuen kudeaketa zaintzeko, egiaztatuz ikaspostu gutxiegi dauden kasuetarako aurreikusita dauden lehentasunezko irizpideak aplikatzen direla, hautatutako ikaspostura sartzeko garaian aukeren berdintasun egiazkoa dagoela segurtatze aldera.
Zerbitzu osagarrien –jantokia eta, bereziki, eskola garraioa– prestazioari dagokionez, hezkuntza administrazioak ahaleginak egin beharko lituzke zerbitzurako sarbidea ematen duten irizpideen aplikazio malguagoa egiteko, aplikazio horrek ikasleei ematen zaien arreta hobetzen badu eta arbitrarioa ez bada.
Bestalde, hezkuntza premia bereziei dagokienez, jotzen da eskola inklusiboaren esparruan dibertsitateari arreta emateko hurrengo plan estrategikoa errefortzu garrantzitsua izango dela praktika zuzenen aldeko eta hezkuntza-zerbitzuen arteko koordinaziorako jarduketa-dinamika sendotzeko eta finkatzeko. Nolanahi ere, eskola ordutegian zehar dauden osasun premia berezien erantzuna arindu beharko da.
Bestalde, Hezkuntza, Unibertsitate eta ikerketa sailak beharrezkoak diren neurriak hartu beharko ditu, bananduta eta dibortziatuta dauden gurasoei haien seme-alaben eskolako bilakaeraren gaineko informazioa jasotzeko eskubidea onartuz (seme-alaben zaintza daukaten edo ez alde batera utzita), baita irakasleekin elkarrizketak edukitzeko eta zentroko hezkuntza komunitatean lankidetzan aritzeko eskubidea ere, gainontzeko gurasoen baldintza eta arreta berarekin.