4. Arartekoaren 4/2011 Gomendio orokorra, urriaren 10ekoa. Osasun arloko datuak lagatzea, adingabeak babesteko arloko herri-administrazio arduradunek hala eskatuta.
I. Aurrekariak
Foru aldundiek familia babeserako burutzen duten jardueraren esparruan koka ditzakegun hainbat kexa izapidetzean antzeman dugu datuak lagatzen direla.
Zenbait inguruabarren gaineko analisiaren ostean, osasun arloko datuak eskaintzeko moduan zehaztapen falta antzeman genuen gizarte zerbitzuek datuak eskatzeko baliatzen duten xedeari dagokionez.
II. Oinarriak
Adingabeak babesteko zerbitzuek aurrera eraman ohi duten jarduera hori haurrak eta nerabeak zaintzeko eta babesteko otsailaren 18ko 3/2005 Legean oinarritzen da eta lege horren 21. artikuluak hauxe dio: "Osasun-zerbitzuek eta osasun arloko langileek adingabeen babesaren arloan eskumena duten herri-administrazioei jakinarazi behar dizkiete, edo, beharrezkoa bada, ministerio fiskalari edo epaileari, haurrenganako tratu txarrak, haurren babesgabetasuna edo arrisku egoera ekar ditzaketen egitateak, eta horrelakoetan behar diren esku-hartzeak eraginkorrak eta kalitatezkoak izango direla bermatzeko behar diren datu guztiak helarazi beharko dizkiete; orobat, elkarlanean aritu beharko dute horrelako egoerak eragozteko eta konpontzeko."
Irizpide horrekin bat etorriz, Osakidetzaren ustez aipatu 3/2005 Legeak datuen lagapena justifikatzen du interesdunaren baimenik gabe.
Titularraren baimenik ez dagoenean, printzipioz baimenik ez duenak legezko gaikuntza behar du datu pertsonaletara sartzeko: hala ezartzen du izaera pertsonaleko datuen babesa arautzen duen abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoak 11.2 artikuluan.
Gauzak horrela, lagapen horiek garatutako funtzioen ikuspuntutik justifika daitezke eta legezko oinarria izan dezakete.
Hala eta guztiz ere, lagapen horiek behar bezalako bermerik gabe burutzen ari zirela pentsatzeko datuak antzeman ditugu. Berme horiek egon daitezen, ez da nahikoa datuen lagapena babesten duen legezko xedapen bat izatearekin, egoera bakoitza behar bezala justifikatuta egon behar da datuen babesak eskatzen duen alor guztietan.
Legezko gaikuntza bere horretan ez da nahikoa kasu horietan. Datuen kalitatearen printzipioa kontuan hartzea beharrezkoa da; horren arabera, datuak egokiak eta bidezkoak izango dira eta ez dira gehiegizkoak izango eremuari eta helburu diren xede zehatz, argi eta legitimoei dagokienez.
Helburuaren arabera beharrezkoa den informazioa zehazten bada, datuak eskaini behar dituen arduradunak baloratu ahalko du zein informazio kliniko eskain dezakeen.
Hala, gizarte zerbitzuek burututako osasun arloko datu pertsonalen bilketa justifikatuta gera zitekeen datu horiek biltzeko xedeari dagokionez.
Osasunaren gaineko datu pertsonalek duten babes bereziaren ikuspegi honetatik, Arartekoak honako gomendio hau egin zuen:
III. Gomendioak