11. Arartekoaren 11/2011 Gomendio orokorra, abenduaren 26koa. Hipoteka betearazpenetatik sortutako eskualdatzeak Hiri Lurren Balioaren Gehikuntzaren gaineko Zergatik salbuetsita geratzeko proposamena, eskualdatze horiek subjektu pasiboen ohiko etxebizitzan eragina dutenean.
I. Aurrekariak
Uneko egoera ekonomikoa bereziki gogorra izaten ari da pertsona askorentzat gure autonomia erkidegoan. Lana galtzeaz gain, ezin izan diote hipoteka-kredituen ordainketari aurre egin eta horrekin, ohiko etxebizitza zena galdu dute.
Etxebizitza bat eskualdatzea, enkante publikoan indarrez besterentzeak edo bankuari esleitzeak eragin badu ere, eragiketa kaltegarria da zerga ikuspegitik. Hasteko, udalek familia horiei Hiri Lurren Balioaren Gehikuntzaren gaineko Zerga likidatu behar diete. Sortutako zerga kuota, faktore askoren mende egongo da, baina zenbateko handiak islatzen ohi dituzte, batez ere, eragindako familien egoera ekonomiko estua kontuan hartzen bada.
Pertsona horiek, egoerarengatik larrituta, Ararteko erakundearekin harremanetan jartzen dira eta akatsen bat egon delakoan zerga bat likidatu dietela adierazten digute, nolanahi ere, bankuak ordaindu beharko zukeelako uste osoa baitute eta, aldi berean, hura ordaintzeko diru-sarrerarik ez dutela aitortzen digute.
Likidazioak ez dira gaizki igorriak egoten. Higiezina igortzen duena izaten da zergaren subjektu pasibo, eta, beraz, huraxe dago likidazio hori ordaintzera behartuta.
Erakunde honetatik euren ordainketa geroratzea eta zatikatzea aholkatzen diegu, arinagoa izaten baita horrela ordaintzea aurre ez egitea baino, bitartekoak ez izateagatik, eta zorra premiamenduzko bidean kobratzeko fasean sartzea.
Hala eta guztiz ere, erakunde honen ustez, konponbidea ez datza baldintza egokiagoak ezartzean pertsona horiek zerga zorra ordaindu ahal izateko euren bizitza ekonomikoa guztiz suntsitu gabe eta euren iraute pertsonala arriskuan jarri gabe.
Badakigu gure tokiko erakundeek finantza eta ekonomia egoera zaila zeharkatzen ari direla. Hori bai, zerga horren azpian dagoen justifikazioa lurzoruaren eskualdatzearekin ondaretutako gainbalioaren zati bat komunitateari itzultzea baldin bada, higiezin baten indarrezko besterentzeak hipoteka betearazpen batean kontrakoa adierazten du, kontribuzio-ahalmen zehatz baten erabateko falta subjektu pasiboan, beraz, gure ustez, justizia materialaren ikuspuntutik, indarrezko eskualdatze horiek ez lukete zergarik izan beharko subjektu pasiboaren ohiko etxebizitzan eragina dutenean.
II. Oinarriak
EAEn zerga horren inguruko Arandia Hiri Lurren Balioaren Gehitzea arautzen duten foru arauetan aurkitzen dugu gure lurralde historiko bakoitzean.
Zerga hori, gainbalio izenarekin ezagunagoa, edozein titulu bidez eskualdatzen diren hiri lurrek duten balio gehikuntza kargatzen duen zerga da, lur horien jabetza edozein tituluren bidez eskualdatzen denean edo horien gainean jabaria mugatzen duen edozein ondasun eskubide eratu edo eskualdatzen denean.
Etxebizitza baten indarrezko besterentzea hipoteka betearazpenaren ondorioz jabetzaren eskualdatzea dakar esleipendun berriaren alde.
Foru arauetan azaltzen diren salbuespenek ez dute egoera hori biltzen; beraz, horrelako operazioetan, lurra eskualdatzea zerga-ordainketaren mende dago.
Maiatzaren 23ko 12/2002 Legeak, Euskal Autonomia Erkidegoarekin Hitzarmen Ekonomikoa onartzekoak, ez du eragozten Batzar Nagusiek zerga horren salbuespen berriak ezarri ahal izatea. Horregatik, honako hau proposatzen dugu:
III. Gomendioak