4. Ararteko erakundearen beste jarduera batzuk
4.1. Arartekoaren Informazio-guneak egoitza publikoetan
Arartekoak euskal herritarrei egiten duen lanaren berri emateko zereginarekin jarraitzen du, Euskal Autonomia Erkidegoan bizi diren pertsona guztiek jakin dezaten erakunde honek zein zerbitzu publiko eskaintzen duen, eta nola izan dakiekeen erabilgarri. 2009an, Arartekoak informazio-kanpaina bat hasi zuen, hau da, EAEko udaletxeetan informazio-gune batzuk jarri zituen, eskultura baten antzeko euskarri bat, kartoi-harrizkoa, erakundearen inguruko informazio interesgarriarekin (zer den, zer egiten duen, noiz jo Arartekoarengana, nola aurkeztu kexa bat...).
Lehenengo fasean, informazio-gune horiek EAEko udal bakoitzean jarri ziren, ikus daitezkeen eta normalean jendea askotan ibiltzen den tokietan. Bigarren fasean, informazio baliabideak hiru foru aldundietako eta Eusko Jaurlaritzako bulegoetara bidali ziren.
Arartekoaren erakundea euskal gizarteari hurbiltzeko eta gauzatzen dituen zereginak gehiago eta hobeto ezagutzera emateko, 2011n ekimen berri bat jarri zen martxan: lau hilez behingo dibulgazioko aldizkari bat bidaltzea informazio-guneetara, hain zuzen. Modu labur eta entretenigarrian azaltzen du Arartekoak azken hilabeteetan gauzatu dituen jarduera batzuk (ezohiko txostenak, gomendioak, kexak eta kontsultak...). Gainera, liburuxka zabalgarri batzuk egin ziren, eta, bertan, bost hizkuntzatan (euskaraz, gaztelaniaz, ingelesez, frantsesez eta arabieraz) jaso ziren Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalaren 30 artikuluak.
4.2. Buletin digitala
Arartekoak etengabe egiten du apustu modernizazioaren alde, baita herritarrei egiten dugun lanaren berri emateko bideak hobetzearen alde ere, eta, horri esker, 2011n beste ekimen bat gauzatu da: "e-albisteak" buletin digitala, alegia. Oso tresna erabilgarria da herritarrei erakunde honek gauzatzen dituen jarduera guztien berri emateko. Bi hizkuntzatan argitaratzen da eta erraz irakurtzen da. Aldizkari honen formatua malgua da, eta, bertan, Arartekoaren jarduerarik garrantzitsuenetako batzuk jasotzen dira: gomendioak, artikuluak, argitalpenak, ebazpenak...
Eta informazio eguneratua eskaintzeaz gain, buletin digitalak, era berean, zuzeneko esteken bitartez web orriko beste eremu batzuetara sartzeko aukera ematen du; adibidez, Haur eta Nerabeentzako Bulegora, arreta publikoko kolektiboetara, ebazpenetara, gomendioetara, ohiko txostenetara eta ezohiko txostenetara.
Gobernuz kanpoko erakundeak eta gizarte zibil antolatua buletin honen xede garrantzitsua dira, baita herri-administrazioak, komunikabideak eta Arartekoak egiten duen lanaren informazio eguneratua izan nahi duten herritar guztiak ere.
4.3. Arartekoaren eta haren ondokoaren jarduerarik esanguratsuenak, hitzaldiak emateari dagokionez, eta administrazioek eta gizarte erakundeek antolatutako ekitaldietan parte hartzeari dagokionez
Baloreak eta giza eskubideak sustatzeko lanean, Arartekoaren erakundeak urte osoan zehar jarduera ugari gauzatzen ditu, adibidez, gizarte-erakundeek antolatutako ekitaldietan parte hartzen du, giza eskubideekin lotutako gaien inguruko foroetan hitzaldiak egiten ditu, erakundearen helburuekin estuki lotuta dauden ekitaldi instituzionaletan esku hartzen du, etab.
Jarduera horien guztien katalogoa web orrian dagokion atalean kontsulta daiteke.
Ondoren, Iñigo Lamarca arartekoak egindako jarduera batzuen laburpena eskaintzen dugu:
Hona hemen Julia Hernández Arartekoaren ondokoak egin dituen edo partaide izan den ekitaldirik esanguratsuenak: