4. GIZARTE ESKUBIDEAK (GIZARTE ETA EKONOMI POLITIKAREN PRINTZIPIO GIDARIAK)
4.1. Familiaren babesa. Adingabeen eskubideen babesa
Espainiako Konstituzioaren 39.1. eta 4. artikuluak
"1. Aginte publikoek familiaren babes sozial, ekonomiko eta juridikoa bermatuko dute."
"4. Umeek nazioarteko euren eskubideak zaintzeko hitzarmenetan ezarritako babesa izango dute".
Familia gizabanako gehienen oinarrizko erreferentzia da eta adingabeen, adinekoen eta beharrizan bereziak, dependentzia edo gaixotasunen bat dituzten gizabanakoentzako berebiziko zeregina du. Familia tradizionalaren bilakaerak arreta berezia eskatzen du, eredu hauen guztien berdintasuna sustatzeko ere: familia guraso bakarrak, sexu bereko gurasoak dituzten familiak, bananduak edo berriz elkartuak.
Bestalde, beharrezkoa da familia ugarienganako arreta bultzatzea, botere publikoen laguntza handiagoa behar baitezakete euren beharrizanak asetzeko. Ez da ahaztu behar familia ugari bakoitzaren atzean, banaka eskubideen subjektu diren eta babes eta estaldura behar duten adingabe gehiago daudela. Administrazio publikoek laguntzak taxutu ditzakete familientzat; esate baterako, familia ugariei onura fiskalak aplikatzea tokiko zergetan hobariak ematearen bitartez.
Bestalde, guraso bakarreko familien babes berezia beharrezkotzat jotzen dugu eta, gure ustez, familia hauek, bi seme-alaba dituztenean, familia ugarien mailarekin parekatu beharko genituzke, Estatuko legeetan jadanik gertatzen den bezala.
Guraso bakarreko familien elkarte batek helarazi zigun kezkaturik zeudela eskola-esparruan "ikusezinak" zirelako, eta jotzen zuten komenigarria izango litzatekeela eskoletan erabiltzen diren material didaktikoetan errealitate hori islatzea.
Interesarekin itxaroten dugu berriki onetsitako Familiei Laguntzeko Erakunde arteko III. Planaren garapena. Plan horrek, testuinguruak baldintzaturik dagoenak, lehentasunak ezartzea eskatzen du, sekula baino gehiago. Ados gaude zeharkakotasunaren ideiarekin, zeina plan honetako kontzeptu gidaria baita, bai eta familiei laguntzeko zerbitzuen eskaintza berri baten aldeko apustuarekin ere.
Lana eta familia bateragarri egitea familien kezka nagusietako bat da. Berriz esan beharra daukagu: beharrezkoa da lana eta familia bizitzan uztartzeko neurrientzako laguntzak abian jartzea, egungo araudiarekin une honetan estaldurarik gabe jarraitzen duten langile autonomoentzat.
Beharrezkoa da herri administrazioetako pertsonalaren lan baldintzen neurri arau-emaileek lanaldia malgutzeko edo berrantolatzeko neurriak barne hartzea, lanaren eta familiaren uztarketa laguntzeko sortu baitira, egungo araudiak eragiten dituen interpretazio zalantzak argitzeko asmoz.
Arartekoaren lehentasunetako bat da, Haur eta Nerabeentzako Bulegoaren bitartez, adingabeen eskubideak –bereziki, ahulenen eskubideak– babestea.
Familiaren babesik gabeko haur eta nerabeei dagokienez, beharrezkoa da, udal zerbitzuen partetik batik bat, familiei laguntzeko eta esku hartzeko apustu sendoagoa egitea.
Bestalde, indartu beharra dago foru aldundietako gizarte-zerbitzuek familiekin –bai itxuraz berregitura daitezkeen familiekin eta bai harrera- edo adopzio-familiekin– egiten duten lana.
Kezkagarria da, bestalde, gizarte zerbitzuetan artatutako neska-mutilen emantzipazio-unea, zeren eta familiaren laguntzarik ez dutenez, Administrazioari egokituko baitzaio bitarteko aldi hori egoki egin dadila zaintzea.
Babesik gabeko adingabeen kasuan, bakarrik dauden adingabe atzerritarren egoera azpimarratu beharra dago. Adingabe horien etorreran 2009an hasitako beheranzko joera berresten bada ere, oraindik ere nahikoa ez den babes sarea edukitzen jarraitzen dute. Berriz diogu larritasun kasuetarako harrera-protokolo bat eduki beharra dagoela. Beharrezkoa da, gainera, ez dadila berriz gerta adingabe horiei, foru-baliabideetatik kanpo ateratzen direnean, zaintza-amaierari edo familia-harreraren amaierari buruzko dokumentaziorik ez emateko jokabidea.
Bestalde, ikusi dugu hobera egin duela babeseko gizarte zerbitzuen funtzionamenduak, bai babesgabetasuneko egoerak detektatzeari dagokionez, bai familia-harrerako zerbitzuetan emandako arretari dagokionez.
Nerabeek beren gurasoen aurka indarkeria erabiltzeko egoeren aurrean, positiboki baloratzen dugu administrazio arlo desberdinetatik taxutzen ari den erantzuna, eta berresten dugu ahalegin handiagoak egin behar direla prebentzioaren arloan eta hasierako faseetako arretaren arloan.
Bestalde, gogoeta egin beharra dago generoko indarkeriaren biktima diren emakumeen seme-alaben egoerari buruz. Momentuz ez dira indarkeria horren biktima gisa aitortzen, berariaz erasorik jasan ez badute.
Hezkuntzapremia bereziak edo berariazkoak dituzten talde batzuk eskolatzeari buruz, izendatzaile komuna berriro ere familiekiko lankidetzaren hobekuntzan datza.
Beharrezkoa da ezgaitasunak dituzten ikasleen heziketa beharrizanei erantzun egoki bat ematea; populazio etorkinetik datozen ikasleak, herri ijitoaren ume eta nerabeak eta gizarteak gutxietsitako populaziotik datozenak.
Beste alde batetik, beti eragin izan dute kezka berdinen arteko eskola jazarpenaren kasuek. Tratamendu iraunkorra behar duen fenomenoa da, hain larria izanik, eta familiek, bizikidetza planek eta hezkuntza zentroek artikulatutako gainerako tresnek zeregin garrantzitsua dute kasu honetan. Kasu batzuetan teknologia berriak jazarpenerako bide gisa erabiltzen dira; horri "ziberbullying" deritzo.
Orientazio sexual edo genero-identitate desberdineko nerabeek bazterketa egoerak eta gizarteratze zailtasunak pairatzen dituzte. Batzuetan, "jazarpen homofobiko eta transfobiko" deitutakoa oharkabean pasatzen da, berdinen artean detektatutako tratu txarretako egoeren jatorri gisa.
Garrantzitsua da Administrazioak dibertsitate afektibo eta sexuala kudeatzeko lan planean bere buruari planteatu izana jazarpen homofobikoa detektatzeko tresnak biltzeko beharra.
Kezkagarria da hainbat erakunde sozialen txosten eta azterlanek azaldutako umeen pobrezia egoeraren hazkundea.
Denboran zehar egindako azterketek erakusten dutenez, haurrek helduek baino pobrezia-arrisku handiagoa dute, eta, areago, arrisku hori handiagoa da haurren talde jakin batzuetan. Pobrezia horrek berekin dakar infraetxeak sortzea, elikadura egokia bermatua ez izatea, hezkuntza eta aisialdiko jarduerarik ezin egin izatea, ikasketak garaia baino lehenago utzi behar izatea.
4.2. Osasunerako eskubidea
Espainiako Konstituzioaren 43. artikulua
"1. Osasuna babestua izateko eskubidea onartzen da.
2. Aginte publikoen eskuetan dago osasun publikoa antolatu eta babestea, neurri prebentibo eta prestazio eta zerbitzu beharrezkoen bitartez. Legeak ezarriko ditu guztion eskubide eta betebeharrak, honi dagokionez.
3. Aginte publikoek osasunhezkuntza, hezkuntza fisikoa eta kirola bultzatuko dituzte. Aisiaren erabilpen egokia ere erraztuko dute".
Herritar batzuk kexu dira osasun prestazioak ukatu zaizkielako prestazio horiek zerbitzu zorroan aurreikusita ez egoteagatik, zeren eta osasun sistema publikoaren erantzukizuna soilik iristen baita legeetan, erregelamenduetan eta bestelako garapen-tresnetan berariaz aurreikusitakora.
Gaixoen kezkagaiak ez dira soilik osasun asistentziaren ingurukoak: itxaron zerrendak bezalako alderdi instrumentalak, zerbitzuen kartera edo prestazioak lortzeko prozedurak, bestea beste.
Berriro ere pazienteek beren historia klinikoa eskuratzeko arazoak dituztela azaldu da kexetan.
Batzuetan zail gertatzen da oreka bat aurkitzea osasun administrazioak bere burua antolatzeko ahalmenaren eta erabiltzaileen eskubideen artean; esate baterako, familiako sendagilea edo sendagile espezialista aldatu nahi direnean. Ahal den neurrian, prozedura horiek malguagoak izan beharko lirateke eta, gainera, gaixoari ahal den informazio guztia eman beharko litzaioke.
Bestalde, garrantzitsua da Osakidetzak, inguruabar jakin batzuetan, gaixoei jakinarazi ahal izatea aukerarik badagoela euren egoerak bideratzeko beste mediku baten bigarren iritziari edo aldez aurretiko baimenei lotutako prozeduren bitartez.
Itxaron zerrendekin lotuta jasotako kexek zerikusia izan dute tratamenduekin, bereziki hauekin: ebakuntza kirurgikoak, tratamenduak, bereziki ernalezintasunari lotutakoak, espezialistei egindako kontsultak eta probak egitea.
Ebakuntza kirurgikoetarako itxaronaldiari dagokionez, kexak planteatzen dira ez soilik itxaronaldiaren iraupenarengatik, baizik eta, baita ere, ebakuntza kirurgikoa egingo den datari buruzko informazioa ez emateagatik.
Halaber, zenbait kexa aurkeztu dira ondare-erantzukizunari buruzko espedienteak izapidetzerakoan gertatutako geroratzeengatik.
Gaixotasun kronikoak dituzten gizabanakoei dagokienez, jarduketa batzuk egin ditugu honako kasu hauetan: linfedema primarioek eta sekundarioek ukitutako pertsonak; metabolismoaren jaiotzetiko gaixotasunak dituzten pertsonak; prebalentzia txikiko gaixotasunak –gaixotasun arraro gisa ezagutzen direnak– dituzten pertsonak; ageneriek ukitutako pertsonak; fibromialgia, neke kronikoa, sentiberatasun kimiko anitza eta elektro-hipersentiberatasuna daukaten pertsonak; eta gaixotasun neuromuskularrak dauzkaten pertsonak.
Aurrerapen batzuk lortu dira kronikotasunaren garapenean. Halere, erakunde-laguntza handiagoa eman behar zaie gaixo horien elkarteei eta haien eskubideen alde lan egiten duten entitateei, eskaintzen dituzten zerbitzuak eta programak bermatu ahal izateko.
Azkenik, buru-gaixotasuna duten pertsonei dagokienez, deseatzekoa litzateke Buru Osasunaren Estrategian gaixoaren askatasuna murrizten duten neurriak lantzeko protokoloak direla-eta proposatutako ekintzak aplikatzea.
Buru gaixotasun larriak dauzkaten pertsonen tratamendu anbulatorio ez-borondatezkoa ez da soilik arauen ikuspegitik landu behar; izan ere, oso garrantzitsuak dira lan terapeutikoa, zerbitzuak eskuragarri egotea eta erkidegoan asertibitatez lan egiten duten tratamendu-ekipoak eskuragarri egotea.
4.3. Ingurumen egokia izateko eskubidea
Espainiako Konstituzioaren 45. artikulua
"1. Herritar guztiek dute pertsonaren garapenerako ingurumen egokia izateko eskubidea, baita hura zaintzeko betebeharra ere.
2. Aginte publikoek baliabide naturalen zentzuzko erabilpena zainduko dute bizimodua babestu eta hobetzeko eta ingurumena konpontzeko, guztien elkartasun ezinbestekoan oinarriturik.
3. Aurreko atalean ezarritakoa urratzen dutenentzako, zigor penalak ezarriko dira legeak esaten duenaren arabera, edo behar denean zigor administratiboak ere bai, eta eragindako kaltea ordaindu beharko dute".
Ingurumenaren arloan jasotako kexa gehienak udal baimenen araubidearen pean dauden jarduera sailkatuen zarata, usain eta keen ondorioz herritarrek jasaten dituzten eragozpenen ingurukoak dira.
Kutsadura akustikoari dagokionez, kexa ohikoenak ostalaritzako establezimenduek –taberna, pub, jatetxe, txoko edo sozietate gastronomikoak– sorrarazten dituzten zaratek eragindako arazoen salaketak dira, establezimendu horiek ez dituztelako isolamendu akustikorako neurriak egokitasunez betetzen, edo musika ekipoen gehiegikeriazko erabilerarengatik.
Zenbait kexa jaso ditugu gazteen taldeek elkartzeko saltokiak edo lonja komertzialak gero eta gehiago erabiltzearen ondorioz sortzen diren zaratengatik.
Kasu askotan ikus daiteke, horrelako jarduerek eragindako eragozpenak arintzeko neurriak hartzerakoan, udalen partetik utzikeria edo gehiegizko pasibotasuna dagoela, eta hori kasuan kasuko jarduera- eta irekiera-lizentziak baimentzen dituen administrazioa izanda ere.
Hala eta guztiz ere, ezin dugu aipatu gabe utzi euskal udal askok emandako erantzun positiboa, neurriak hartu baitituzte tabernetatik edo diskoteketatik edo beste jarduera batzuetatik –arrandegiak, harakindegiak, sozietate gastronomikoak edo izozketa-tailer bat– heldutako zaraten inguruan izapidetutako kexen harira.
Bestalde, behar den irekitzeko edo jarduerarako lizentziarik gabe lanean ari diren jarduerak topatu ditugu, hain zuzen ere klandestinotzat jo beharko liratekeenak. Halakoetan, udal agintariek jarduera itxi lezakete, inguruabarrak direla-eta hori gomendagarria denean, interesdunari entzunaldia eman ondoren.
Aipagarriak dira ere Administrazioaren obra edo azpiegiturek eragindako zaratengatik erreklamatzeko egindako kexak.
Bidegi foru sozietateak konpromisoa hartu du, erakunde honek izapidetutako kasu bat dela-eta, bide azpiegitura batetik heldutako zarata arintzeko neurriak hartzeko.
Fenomeno berezia da partikularrek eragindako arazo eta eragozpenen hazkundea. Udalek, ordenantzen bidez, muga onargarriak gainditzen dituzten auzokideek eragindako zaratak zehapen gisa tipifikatu ditzakete.
Beste fenomeno berri bat izan da jarduera batzuen ingurumen-kontrolaren izapidetzean zehar gure esku-hartzeak eragin dituen gatazka sozialei dagokiena; horixe gertatu da, izan ere, erlijio musulmaneko kolektibo batzuek Bilbon eta Gasteizen kultu-egoitza berriak eskatu dituztenean.
Zoruaren kutsadurari eta kutsadura hidrikoari dagokienez, uren eta itsas bazterren kalitateari eragiten dioten isurketekin zerikusia duten kexak kontuan hartu behar dira, bai esparru publiko hidraulikoan, bai itsas-lehortarrean, eta zoruaren kutsadura biologiko eta kimikoetan oinarritutako ingurumenaren aurkako eraginak salatzen dituztenak ere.
Kutsadura elektromagnetikoak herritarrak kezkatzen ditu, energia elektrikoa zabaltzeko sareen, wifi bidez Internetera konektatzeko sistemen, telefonia mugikorraren eta telebistaren instalazio eta antenek eragiten dituzten uhinen emisioa dela eta.
Nahiz eta ezin den eremu elektromagnetikoek eragindako arriskua zehaztu ikuspegi guztiz zientifiko batetik, ezta osasunarekiko eragina ere, arauek eta ordenantzek babeserako neurri gehigarriak exijitzen ari dira. Gainera, Administrazioak esku hartu beharko du instalazioen legezkotasuna kontrolatzeko, arau-emaileak diren indarrean dauden araudia eta udal ordenantzak kontuan hartuta.
Guraso-talde batek planteatu du ez daudela ados nahitaezkoa izatearekin, Eskola 2.0 programaren barruan, wifi sare baten bidezko haririk gabeko konexioa edukitzea.
Gomendio orokor bat egin da, non adierazten baita beharrezkoa dela administrazio publikoek parte hartzeko mekanismoak susta ditzatela, ingurumenean eraginak dakartzaten jardueren funtzionamendutik eratorritako gatazkak kudeatzeko. Dauden parte-hartze prozesuetan, kalitate-estandar oinarrizko batzuk ezarri behar dira, ingurumen gaietan parte hartzeari dagokionez. Gainera, funtsezkoa da prozeduran interesdunak diren alde guztiek emaitzari buruzko komunikazioa jasotzea. Informazio horren barruan, honakoak sartu behar dira: erabakiari buruzko informazioa, egindako alegazioei buruzko informazioa eta parte-hartze prozesuaren gaineko inferentziari buruzko informazioa.
Azkenik, oraindik alternatiba guztiak irekita daudelarik ingurumen-gaietan parte hartzea funtsezko elementua da erabaki on bat hartuko dela bermatzeko.
4.4. Etxebizitza duina izateko eskubidea
Espainiako Konstituzioaren 47. artikulua
"Espainiar guztiek dute etxebizitza duin eta egokia izateko eskubidea.
Aginte publikoek beharrezko baldintzak sustatu eta behar diren arauak ezarriko dituzte eskubide hori gauzatzeko, lurraren erabilpena interes orokorrarekin bat arautuz, espekulazioa galarazteko.
Gizarteak erakunde publikoen hirigintzajarduerak sortutako gainbalioetan parte hartuko du".
Jakina denez, azken urteotan, euskal herritarren kopuru esanguratsu baten arazo nagusietako bat etxebizitza duina eskuratu ahal izateko zailtasun objektiboa izatea da. Botere publikoak etxebizitza babestuen sorrera bultzatzen aritu dira, merkatu librean etxebizitza erostea ezinezko dutenei etxebizitza eskuratzea posible egiteko beste neurri batzuekin batera. Neurriak bereziki zuzendu zaizkie etxebizitza-premia larria duten sektore horiei.
Etxebizitza duinaz eta egokiaz gozatzeko eskubidea nabarmenki mugaturik geratu da azkenaldian, krisi ekonomikoko egoera dela eta. Horrek, pertsona eta talde ahulenen diru-sarrerak murriztea dakarrenez, areagotu egin ditu herritar askok dituzten zailtasunak alokairuko gastuen edo etxebizitzen gaineko hipoteka kuoten ordainketari aurre egin ahal izateko.
Gainera, indarreko araudiak eta euskal herri-administrazioek onartu dituzten planak eta neurriak nahikoak ez direla ikusi da, horien bitartez dagoen babes publikoko etxebizitza eskaerari erantzun nahi bazaio eta egungo testuinguru ekonomikoan bizitasun handiagoz azaltzen ari den etxebizitza beharreko egoera bereziei aurre egin nahi bazaie.
Egungo krisia aukera bat bezala hartu behar da etxebizitza duin eta egokia izateko eskubidea benetan bermatuko duen etxebizitzari buruzko legea onartzeaz hausnartzeko, eta euskal herri-administrazioek etxebizitza programak eta politikak berritzeko modua azter dezaten, herritar guztiei eskubide hori ziurtatzeko.
Testuinguru horretan, beharrezkotzat jotzen da apustu irmoa egitea alokairu araubideko etxebizitza babestua sustatzearen alde; horrekin batera, baliabide publikoak nabarmen handitu behar dira, alokairuko etxebizitzen parke publikoak sortu ahal izateko, krisi uneotan halako etxebizitzen eskaria handitu baita. Era berean, lehendik dauden alokairu-merkaturako bitartekaritza programak indartu behar dira, batez ere etxebizitza hutsa mugiaraztea bilatzen dutenak.
Krisiaren ondorio dramatikoenetako bat da egunetik egunera gora egiten duela etxebizitzarako gastuei aurre egin ezinik dauden herritarren eta familien kopuruak. Horren erakusgarri nagusia da utzarazpen judizialek gora egin izana. Presakoa da botere publikoek neurriak hartzea une hauetan hipoteken ordainketa bere gain ezin hartu dezaketen pertsonek beren etxebizitzak galdu ez ditzaten. Horri dagokionez, finantza entitateen eta beren etxebizitzak galtzeko arriskua pairatzen duten pertsonen arteko bitartekaritza-tresnak eta –bideak sustatu beharko lirateke.
Oso positiboki baloratzen ditugu Eusko Legebiltzarreko 2011ko apirilaren 13ko eztabaidan onetsitako 61 ebazpenak, eta bereziki honakoetara zuzendutakoak: alokairuko etxebizitzen kopurua handitzea; alokairuko etxebizitzen sustapen publikoak kokatzeko mapa bat diseinatzea, udalen araberakoa; %50era arte handitzea sustatzen diren alokairuko etxebizitzen kopurua; errentamendurako etxebizitza hutsen kopurua handitzea; eta bitartekaritza programa berri bat sortzea etxebizitzen jabeen eta maizterren artean, etxebizitzak alokatzeko merkatuan modu oneko eskaintzak egin daitezela sustatzeko.
Bestalde, gabeziak edo hutsak konpontzea etxebizitza duin eta egokiaz gozatzeko eskubideari estuki lotuta dagoen betebehar bezala hartu behar da, eta administrazioek arreta bereziarekin eskatu behar diete hori enpresa eraikitzaileei.
4.5. Ezgaitasun fisikoa, sentimenezkoa edo psikikoa dutenen eskubideak
Espainiako Konstituzioaren 49. artikulua
"Aginte publikoek minusbaliatu fisiko, sentimenezko eta psikikoentzako prebentzio, tratamendu, birgaitze eta gizarteratze politika egingo dute. Behar duten zainketa espezializatua eskainiko die, eta laguntza berezia emango die, izenburu honetan hiritar guztientzat ezarri diren eskubideak erabili ahal izan ditzaten".
Ezgaitasunen bat duten pertsonek eguneroko bizitzan zailtasun handiak izaten jarraitzen dute hori berdintasunezko baldintzetan garatu ahal izateko, arazoak baitituzte hirian ibiltzeko, erabilera publikoko eraikinetara sartzeko, garraioa erabiltzeko edo lanpostua eskuratzeko.
Botere publikoek beren kasa bizi ahal izatea bermatu behar die ezgaitasunen bat duten pertsonei, oinarrizko premiak betetzeko nahikoak diren laguntzekin.
Nabarmentzekoa da berriki onetsi dela abuztuaren 1eko 26/2011 Legea, Arauak Ezgaitasuna duten Pertsonen Eskubideei buruzko Nazioarteko Itunaren arabera egokitzekoa. Lege horrek, izan ere, eredu-aldaketa bat dakar, legea onetsi den unetik aurrera ezgaitasuna duten pertsonak eskubideen titularrak direlako eta ez soilik laguntza-politiken xedea.
Ingurune fisikoaren edo hirigunearen eta eraikinen irisgarritasuna dela eta, oraindik ere ezgaitasunen bat duten pertsonek kexak jartzen dituzte erakunde honetan.
Hornikuntza publikoak eta ekipamendu kolektiboak erabili ahal izateko eskubideak berarekin dakar egon daitezkeen arkitektura-oztopoak deuseztatzea. Adibidez, esanguratsua da horrelako oztopoak egotea buru-osasuneko zentro baten sarbidean.
Asko aurreratu bada ere, garraio publikoaren irisgarritasun unibertsala da ezgaitasunen bat duten pertsonen aldarrikapen nagusietako bat, eta erronka handi bat, Euskal Autonomia Erkidegoan garraio publikoko zerbitzuak kudeatzen dituzten enpresetako eragileek aurre egin beharrekoa. Hori guztia egiaztatu ahal izan dugu erakunde honek EAEko garraio publikoaren sistemaren irisgarritasunari buruz egin duen txosten-diagnostikoan.
Txosten horretan egiaztatzen da irisgarritasunaren arloko kalifikazio ona merezi dutela Bilboko metroaren sistemak edo tranbien sistemek, eta, aldiz, trenbide-garraioak ia irisgarritasunik batere ez duela. Errepide bidezko sistemak ere ez dira sobera egokiak, irisgarritasun graduari dagokionez, kontuan hartzen bada autobus terminal nagusien egoera, bai eta EAEko lurralde osoko geralekuen egoera ere.
Baldintza berberetan emango den hezkuntza eta prestakuntza da sistemaren beste oinarrizko zutabeetako bat ezgaitasunen bat duten pertsonak erabat eta aktiboki gizartera daitezen. Nolanahi ere, hezkuntza-errealitateak asko falta du helburu hori lortzeko; hala egiaztatu dugu, esate baterako, zeinu-hizkuntzaren interpreteak behar dituzten entzumen urriko pertsonek egindako kexak bideratzean.
Berriz nabarmendu behar da ahalegin handiagoak egin behar direla hezkuntza premia bereziak dituzten adingabeentzako hezkuntza-erantzunean.
Zergei buruzko araudiak zerga-onurak ezartzen ditu (salbuespenak, hobariak, murrizketak...). Horien bidez, batetik konpentsatu egin nahi dira ezgaituren bat duten familiak, gastu handiagoa egin behar izaten baitute, eta, bestetik, familia horiei eragiten dien ahalmen ekonomiko txikiagoari erantzun asmo zaio. Alabaina, gaur-gaurkoz dauden onuren aplikazioa kasu askotan interpretazio formalisten baitan dago. Horri dagokionez, uste dugu une oro interpretazio finalistak aldeztu behar direla, ezgaitasuna duten pertsonei onura horietaz baliatzeko modua emateko, baldin eta horretarako oinarrizko betekizunak betetzen badituzte.
Azkenik, adierazi nahi dugu komunikazioaren irisgarritasuna bermatuko duten neurri teknikoak hartu behar direla. Horregatik, gure ustez erabakigarria da botere publikoen jarduerak komunikazioan irisgarritasun-baldintzak ezartzera bideratzea, horrela ziurtatuko baita ikusmen eta entzumen urriko pertsonek diskriminatuak ez izateko eta aukera berberak izateko duten eskubidea benetakoa eta eraginkorra dela. Horrela, garraio publikora iristeko erraztasunari buruz, egiaztatu da ez dagoela inolako bitartekorik komunikazio zailtasunak dituzten pertsonen irisgarritasuna bermatzeko. Era berean, egiaztatu dugu eraikin publikoetako arreta-guneak kokatzen diren lekuetan informazioa eta komunikazioa erraztuko duten baliabide teknikoen hutsa, hezkuntza, osasun eta baliabide sozialen irisgarritasunari dagokionez.
Azkenik, adierazi behar da egungo gizarte sareak ia eskuraezinak direla zentzumen ezgaitasunen bat duten pertsonentzat.
Horrez gain, herri-administrazioetako web orrialde asko eskuraezinak dira zentzumen ezgaitasunen bat duten pertsonentzat.
4.6. Adinekoen eskubideak
Espainiako Konstituzioaren 50. artikulua
"Aginte publikoek, pentsio egoki eta aldizka eguneratuen bitartez, adineko pertsonen nahikotasun ekonomikoa bermatuko dute.
Eta familiaren betebeharrak alde batera utzita, euren ongizatea sustatuko dute gizarte zerbitzu sistema baten bitartez, osasun, etxebizitza, kultura eta aisialdiko arazo espezifikoak konpontzeko".
Adintsuen taldea gero eta ugariagoa da, euskal biztanleen ia %20 hartzen du, bizi-itxaropena areagotu egin delako. Horrez gain, oso talde heterogeneoa da; izan ere, batetik, autonomia pertsonala eta gizartean aktiboki esku hartzeko gai diren pertsonak barne hartzen ditu, eta, bestetik, autonomia pertsonala oso mugatuta duten menpeko pertsonak.
Herri-administrazioek bere egin behar dute zahartze aktibo eta osasuntsuaren ideia, eta adintsuen bizimodu aktiboa eta autonomoa sustatu behar dute, ez bakarrik pertsona horiek bizi-kalitate hobea izan dezaten, baizik eta baita ere gizarte-zerbitzuak iraunarazten laguntzeko. Ikusmolde horren oinarria da adineko pertsonen independentzia, partaidetza, duintasun, laguntza zein auto-errealizazio printzipioak onartzea. Administrazio publikoek zahartze aktiboa sustatzeko zehaztutako neurriak gauzatu egin behar dira.
Iaz nabarmendu genuenez, adineko pertsonek jasaten dituzten tratu txar egoerak, bereziki, psikologikoak, guztiz azaleratu gabeko egoerak dira, eta, hortaz, tratu txarrak prebenitu eta antzemateko neurriak hartu behar dira.
Oso kezkagarriak dira Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailak eginiko azterlanaren emaitzak. Izan ere, azterlan horren arabera, susmoa zegoen gure erkidegoan 60 urtetik gorako 13.249 pertsonak tratu txarrak –bereziki psikologikoak– pairatzen ari izateari buruz. Hori dela eta, oso positiboa da sail horretan egindako kanpaina, adineko pertsonen aurkako tratu txarrei aurrea hartzeko eta tratu txar horiek ikustarazteko.
Osasun eta gizarte arreta aldibereko, koordinatu eta iraunkorrerako beharrak, arretaren jarraitutasun printzipiorako doituta, garrantzi berezia hartzen du adinekoen kasuan, eta bereziki menpekotasuna duten adinekoenean.
Oraindik ere zenbait gabezia daude egoitzetako arretari dagokionez.
Berriro ere agerian jarri da hiru alde handiak daudela foru aldundiek adineko pertsonentzako egoitzen plazetarako ezartzen dituzten prezio publikoen zenbatekoen artean. Gizarte zerbitzuei buruzko legea garatzeko araudian, prezio publiko horien artean orain dauden aldeak gutxitzeko joera izan beharko lukete.
Adineko pertsonek erakutsi dute nahiago izaten dutela, ahal dela, beren etxean gelditu, mendetasun-egoerari aurre egin ahal izateko. Hori lortzeko, indartu egin behar dira xede horretara bideraturiko neurriak; esate baterako, telelaguntza zerbitzua, etxez etxeko laguntza, etxebizitzen egokitzea, eguneko zentroak, egoitzetan eta eguneko zentroetan aldi baterako egonaldiak eta asteburukoak eskaintzea, bono-taxi zerbitzua...
Familia-inguruneko zainketetarako prestazio ekonomikoa lehenesterakoan izan den goraldiak eta prestazioen guztizkoan egoitza-arretak izan duen beherakadak berresten dute nahiago izaten dela mendetasun egoeran dagoen adineko pertsonak beren etxean geratzea.
Gure burua zoriondu beharrean gaude, Eusko Jaurlaritzak telelaguntza zerbitzua bere gain hartu duelako, eta horrek orain arte antzemandako hainbat arazo amaitzea ekarriko duelako; izan ere, zerbitzua jaso ahal izateko eskakizunak malguagoak izango dira eta zerbitzua hobetzeko aukerak ere egongo dira.