VIII. ATALA. ERAKUNDE HARREMAN, HEDAPEN ETA
LANKIDETZARAKO JARDUERAK
1. ARARTEKOAREN ERAKUNDEAREN IKERKETA BEKAK
Arartekoak lehenago eman zituen beketako ikerketa lanekin jarraitu da 2011. urtean:
2. GAIXOTASUN ARRAROEI BURUZKO EHUren UDAKO IKASTAROEN JARDUNALDIA: ARRETA PUBLIKOA BEHAR DUEN ARAZO BATEN ARGI-ITZALAK
Urtero bezala, Arartekoaren erakundeak, EHUren Udako Ikastaroen harira, giza eskubideei buruzko azterketa eta eztabaidarako Jardunaldi batzuk antolatzen ditu. Bada, uztailaren 8an, Donostiako Miramar jauregian, "Gaixotasun arraroak; arreta publikoa behar duen arazo baten argi-itzalak" izenburuko jardunaldia egin zen.
Arartekoak antolatutako ikastaroaren helburua izan zen diziplina arteko eztabaida publiko bat piztea gaixotasun horiek dituzten pertsonek dituzten arazoei nahiz arazo horiek arintzeko gaur egungo eta etorkizuneko estrategiei buruz. Horien artean aipatzekoa da, besteak beste, erreferentziazko administrazioen eta erakundeen karguko ikerketa biomedikoko ildoen alde apustu egiteko beharra, baita pertsona horiek zaintzeko eta laguntza osoa eskaintzeko instrumentuak ere.
Ezohiko gaixotasunen, gutxiengoen gaixotasunen edo gaixotasun umezurtzen kontrako borrokarako –helduen eta adingabeen artean, Euskadin 100.000 pertsonak baino gehiagok dituzte horrelako gaixotasunak–, beharrezkoa da gaiari hainbat alderditatik heltzea: osasuna, ikerketa, farmakologikoa, laguntzarekin lotutakoa, hezkuntza, gaixotasun horiek dituzten pertsonei eta beren familiei laguntzea, etab.
Gaixotasun horiek, normalean, larriak eta kronikoak izaten dira, ezintasun handia eragiten dute eta gaixoek denbora luzean arreta edo zaintza espezializatuak behar izatea eragiten dute.
Eztabaida pizteko, gaixotasun horiek pairatzen dituzten pertsona batzuk, horrelako pertsonen senideak eta elkarteak udako ikastaroan parte hartzera gonbidatu genituen, baita adituak ere, eta gaiarekin lotutako hainbat alderdi jorratu zituzten:
Lehenengo gai-blokean, gaixotasun horiek dituzten pertsonei eta haien zaindariei hitz egiteko aukera eman nahi izan genien, eta horretarako, honako gonbidatu hauen parte-hartzea izan genuen:
Hausnarketa bat egin zuten oso alderdi interesgarriei buruz, eta beren bizipenak eta beren senideenak kontatu zituzten, baita beren pertzepzio pertsonalak, arretan antzeman dituzten gabeziak eta beren hobekuntza-proposamenak, etab. ere.
Bigarren blokean, "Gaixotasun arraroen eta medikamendu umezurtzen ikerketarekin lotutako erronkak, aukerak eta zailtasunak" izenburukoan, gaixotasun horiek dituzten pertsonen eta beren senideen eskaera nagusiekin lotutako gai tekniko batzuk jorratu zituzten. Era berean, osasunaren arloko profesionalek beren lan garrantzitsua gauzatzeko dituzten zailtasunak ere ezagutu genituen. Horretarako, honako gonbidatu hauen parte-hartzea izan genuen:
Hirugarren blokean, berriz, ezohiko gaixotasunak dituzten pertsonen eta beren senideen eskubideen aldeko elkarte-sarearen ordezkariek esku hartu zuten. Bloke honetan, dauden arazoetan sakontzeko aukera izan genuen, eta bertan esku hartu zuten irabazi asmorik gabeko erakundeek gauzatzen duten lan garrantzitsuaren berri izan genuen:
Arartekoaren taldearentzat, pertsona horiekin izandako elkarrizketak eta aldez aurretiko bilerak oso aberasgarriak izan ziren, maila profesionalean nahiz pertsonalean, eta, gainera, informazio asko lortu genuen, eta, horri esker, arlo honekin lotutako politika publikoak ebaluatzeko zenbait ekimen ari dira garatzen.
Topaketa honen helburua gaixotasun horiek dituzten pertsonak eta beren senideak protagonista izatea zenez, bizi dituzten egoera desberdinak gailendu ziren, horrelako gaixotasunak dituzten pertsonak ikusgarri egiteko eta arazo berezi hori ezagutzera emateko.
Horretako, ikus-entzunezko baliabideak erabili ziren, baita Internet eta sare sozialak ere; gainera, Arartekoak blog berezi bat sortu zuen ikastarorako, eta jardunaldia zuzenean transmititu zen Internet bidez. Era berean, interesdunek Twitter-en bidez zuzenean parte hartzeko aukera izan zuten.
Ikastaroa oso parte-hartzailea izan zen, eta esku-hartze bloke bakoitzaren ostean eztabaidak egin ziren. (Informazio hau gaixotasun kronikoak dituzten pertsonen arloko III. Kapituluan osa daiteke; bertan ikuspuntu tekniko batetik analizatzen dira horrelako gaixotasunak dituzten pertsonek dituzten arazoak).
Bertan emandako hitzaldiak 2012ko lehenengo hiruhilekoan argitaratu dira.
3. GIZA ESKUBIDEAK DEFENDATZEN DITUZTEN ERAKUNDEEN INGURUKO JARDUERAK
3.1. Herriaren Defentsarien Koordinazioko XXVI. Jardunaldiak
Herriaren Defentsaria eta autonomietako ordezkariak biltzen dituzten Herriaren Defentsarien Koordinazio Jardunaldiak eztabaida eta gogoeta foroak dira, erakunde horien funtzionamenduari eta helburuei lotutako interes komuneko gaiei buruzkoak eta Espainiar Estatuko defentsa-erakunde guztiek dituzten arazo sozialei buruzkoak.
Cartagenan Herriaren Defentsarien XXVI. Jardunaldiak egin ziren 2011ko ekainaren 6an, 7an eta 8an, Murtziako Herriaren Defentsariak antolatuta, eta "adineko pertsonen eskubideak" izan zen jardunaldien gai nagusia.
Jardunaldi hauetara arartekoa, arartekoaren ondokoa eta erakundearen beste ordezkari batzuk joan ziren. Jardunaldien gaiak aztertzeko egin ziren batzarretan parte hartu zuten.
Baterako hausnarketa horri esker, botere publikoei zuzendutako jarduera-proposamen batzuk onetsi ziren, Herriaren Defentsarien Koordinaziorako XXVI. Jardunaldi horien emaitza gisa.
Koordinaziorako XXVI. Jardunaldi horiek baino lehen, hiru tailer egin ziren hiru herriaren defentsarien egoitzetan.
Gaztela-Mantxako Herriaren Defentsariak Albaceten antolatu zuen tailerrean, adineko pertsonen eskubide sozio-ekonomikoak analizatu eta eztabaidatu ziren, eta botere publikoen nahikotasun ekonomikoa bermatzeko manua bete behar dutela azpimarratu zen –bereziki egungoa bezalako krisi ekonomikoko testuinguruetan–, kontuan hartzekoa baita ELGAren datuen arabera 65 urtetik gorako espainiarren %25 daudela pobreziaren mugaren azpitik, eta bereziki aipagarria da emakumeen kasua, askotan nahikoa ez den alarguntasun-pentsio bat besterik ez baitute izaten.
Bigarren tailerra, berriz, Palmako Uhartean egin zen, Kanarietako Herriaren Defentsa Bulegoan, eta adineko pertsonen eskubide sozio-sanitarioetan kontzentratu zen.
Bertan eztabaidatu zen adineko pertsonei osoki zuzenduriko gizarte- eta osasun-laguntzako baliabideak dituen "esparru sozio-sanitario" bat sortu eta garatu behar dela eta horretarako "mapa sozio-sanitarioak" sortu behar direla, baita autonomia erkidego desberdinetako arlo sozial eta sanitario guztietan historia kliniko elektronikoa homogeneizatu, zabaldu eta martxan jarri behar dela ere.
Hirugarren tailerra Alacanten egin zen, Valentziako Erkidegoko Sindikaturaren egoitzan, eta topaketan abenduaren 14ko 39/2006 legea (menpekotasunaren legea) adineko pertsonei nola aplikatzen zaien izan zuten hizpide. Egokia zen gai hau tailer bereizi batean jorratzea, batetik, eskubide subjektibo bezala eskaintzen dituen prestazioen eta zerbitzuen osaketagatik, eta, bestetik, autonomia funtzionalaren galera ehuneko handi batean zahartasunaren ondoriozko gero eta narriadura handiagoarekin lotuta dagoelako.
Herriaren Defentsarien Bulegoek oro har antzeman zuten lehenengo disfuntzioa izan zen gizarte-zerbitzuen sistema autonomikoen barruko tarteetako batean jasota dagoen menpekotasunaren legeak exijitzen dituen prestazioek eta zerbitzuek adineko pertsonei zuzenduriko eskaintza tradizionala inbaditu eta asebete duela, lehenagoko erabiltzaileek, menpekotasun-egoeran ez daudenek, ezin dituzte erabili eta, ondorioz, gizarte-larrialdi egoeratik kanporatuak izan dira.
Aldi berean adierazi zen legeak menpekotasun-egoeretarako estaldura eskaintzen duen arren ez duela autonomia pertsonala sustatzen, eta prebentzio-jarduera erabakigarria dela aldarrikatzen diren politika publikoen eraketarako.
3.2. Ombudsman-aren Nazioarteko Institutuaren (IOI/IIO) esparruko jarduerak
Ombudsman-aren Nazioarteko Institutua (IIO), 1978an sortua, 150 ombudsman-erakunde baino gehiagoren arteko nazioarteko lankidetzarako mundu-mailako erakunde bakarra da. Bere aldizkako biltzarrez gain, IIOk eskualde-mailan eta nazioartean informazioa trukatzea sustatzen du. Ombudsman-aren Nazioarteko Erakundea sei eskualdetan antolatuta dago: Afrika, Asia, Asia Australa eta Ozeano Barekoa, Europa, Karibea eta Latinoamerika eta Iparramerika. Erakundeak hiru lan-hizkuntza ditu: ingelesa, gaztelania eta frantsesa.
Arartekoa IOI/IIOren kide da. 2011n Erakunde horrek antolatutako jardunaldi batean parte hartu du, informazioa trukatzeko lan-jardunaldi bat izan zen. Varsovian, irailaren 13an eta 14an, IOIk nazioarteko mintegi bat antolatu zuen tortura eta tratu txarrak prebenitzeko mekanismoei eta Nazio Batuen Aukerako Protokoloaren aplikazioari buruz. Arartekoaren Justizia arloko koordinatzaileak, Rafa Sainz de Rozasek, mintegi horretan parte hartu zuen, eta erakunde honek arlo horrekin lotuta egiten dituen lanak eta dituen ikuspuntuak azaldu zituen.
Halaber, IOI-Europek (International Ombusdman Institute), Síndic de Greuges-ek eta Ekonomia Zirkuluak azaroaren 21ean eta 22an jardunaldi batzuk antolatu zituzten eskubideen eta jardunbide egokien defentsa interes orokorreko zerbitzuen eskaintza pribatuan eta Ombudsman-aren egitekoa gaiari buruz. Topaketa horretan, beste herrialde eta eskualde batzuetako ombudsman-ek esku hartu zuten, baita aditu nazionalek eta nazioartekoek ere.
Jarduera eta zerbitzu publikoen liberalizazio eta pribatizazio prozesuen ondorio nagusia da legeriak ez dizkiola Administrazioari soilik egozten zerbitzu publikoari dagozkion betebeharrak; izan ere, gaur egun sektore ekonomiko jakin batzuei ere egozten dizkie horrelako betebeharrak, gauzatzen duten jarduera dela-eta. (Ikus II.8 kapitulua)
Jardunaldi horretara gizarte-harremanetako, azterlanetako eta modernizazioko zuzendaria joan zen, Arartekoaren ordezkari gisa,
3.3. Ombudsman-aren Federazio Iberoamerikarraren (FIO) esparruko jarduerak
Ombudsman-aren Federazio Iberoamerikarra herrialde iberoamerikarretako Herriaren Defentsari Bulegoek edo Ombudsman-ek (herrialde guztietan daude, Brasilen, Txilen eta Uruguain izan ezik) eta Espainia, Portugal eta Andorrakoek osatzen dute. Mexikoko, Argentinako probintzietako eta Espainiako autonomia erkidegoetako defentsari bulegoak ere FIOren parte dira.
Arartekoak Federazioak urtero antolatzen duen batzarrean eta XVI. biltzarrean parte hartu zuen. 2011ko topaketan Buenos Airesen egin ziren azaroaren 23an, 24an eta 25ean. Topaketa horren esparruan, FIOren Emakumeen sarea elkartu zen (Julia Hernández Arartekoko alboko kideak sare horretan parte hartzen du), eta emakumeen oinarrizko eskubideekin lotutako hainbat gairi buruzko manifestu bat onartu zuen, bereziki indarkeria matxistari eta emakumeen salerosketari buruzkoa zen. Era berean, genero-indarkeriari edo indarkeria matxistari buruzko mintegi monografikoa egin zen, eta, bertan, hainbat espezialistak hitz egin zuten. Topaketa horretan, defentsarien bulegoek –Arartekoak, besteak beste– beren iritzia plazaratu zuten eta arlo horretan egiten duten lanaren ildoen berri eman zuten. Azkenik, Federazioaren urteroko batzarra egin zen; Iñigo Lamarca arartekoa FIOren Zuzendaritza Batzordeko kide hautatu zuten, espainiar estatuko defentsari eta defentsa-bulego autonomikoen ordezkari gisa.
3.4. Arartekoaren eta Sestaoko Udalaren arteko lankidetza hitzarmena
Iñigo Lamarca arartekoak eta José Luis Marcos Merino Sestaoko alkateak lankidetza-hitzarmen bat sinatu zuten otsailaren 9an, udalaren jarduera erakunde horri dagokion azkartasunarekin eta eraginkortasunarekin gauzatzen dela bermatzeko. Erakunde horren helburua da administrazio-jarduera eta tokiko zerbitzu publikoen eskaintza objektibotasunez eta eraginkortasunez gauzatzea, eskainitako eskubideak bermatuz.
Sestaoko Udalak Arartekoak –bere erakunde autonomoak eta bere menpeko gainerako erakunde publikoak barne– zuzentzen dizkion kexak, informazio-eskaerak, errekerimenduak eta gomendioak kontrolatzeko sistema orokorrari eta izapidetze-sistemari buruzko arauak ezartzeko konpromisoa hartzen du.
3.5. Arartekoaren eta Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio orokorraren arteko lankidetza-hitzarmena, Justizia eta Herri-Administrazio Sailaren eta Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen bitartez
Apirilaren 20an, hitzarmen hau sinatu zen, Arartekoaren langileriaren prestakuntza eta hobekuntzan laguntzeko, baita Arartekoaren Txostenak trukatzeko ere.
Ekimen honi eta ondoren aipatuko dugunari esker, Arartekoaren erakundean bere langileriarekin garatzen ari den prestakuntza-eskaintza osatu ahal izan da.
3.6. Arartekoaren eta Bizkaiko Lurraldeko Abokatuen Elkargoaren arteko lankidetza hitzarmena
Iñigo Lamarca arartekoak eta Nazario Oleada Bizkaiko Lurraldeko Abokatuen Elkargoko dekanoak ekainaren 20an hitzarmen bat sinatu zuten. Hitzarmenaren helburua Arartekoaren langileriari zuzenduriko prestakuntzaren arloko lankidetza zehaztea da, baita baterako jarduerak gauzatzea eta informazioa trukatzea ere.
Bizkaiko Abokatuen Elkargoak, bere Eskola Praktiko Juridikoaren bitartez, elkargoko kide diren abokatuen prestakuntza jarraitua eta espezializatua antolatzen eta kudeatzen du. Arartekoaren urtez, lehentasunezkoa da bere erakundea osatzen duten langile guztien prestakuntza jarraitua sustatu eta erraztea, beren zereginak gauzatzeko eskumen-, kalitate- eta espezializazio-maila bikainak lor ditzaten.
4. Ararteko erakundearen beste jarduera batzuk
4.1. Arartekoaren Informazio-guneak egoitza publikoetan
Arartekoak euskal herritarrei egiten duen lanaren berri emateko zereginarekin jarraitzen du, Euskal Autonomia Erkidegoan bizi diren pertsona guztiek jakin dezaten erakunde honek zein zerbitzu publiko eskaintzen duen, eta nola izan dakiekeen erabilgarri. 2009an, Arartekoak informazio-kanpaina bat hasi zuen, hau da, EAEko udaletxeetan informazio-gune batzuk jarri zituen, eskultura baten antzeko euskarri bat, kartoi-harrizkoa, erakundearen inguruko informazio interesgarriarekin (zer den, zer egiten duen, noiz jo Arartekoarengana, nola aurkeztu kexa bat...).
Lehenengo fasean, informazio-gune horiek EAEko udal bakoitzean jarri ziren, ikus daitezkeen eta normalean jendea askotan ibiltzen den tokietan. Bigarren fasean, informazio baliabideak hiru foru aldundietako eta Eusko Jaurlaritzako bulegoetara bidali ziren.
Arartekoaren erakundea euskal gizarteari hurbiltzeko eta gauzatzen dituen zereginak gehiago eta hobeto ezagutzera emateko, 2011n ekimen berri bat jarri zen martxan: lau hilez behingo dibulgazioko aldizkari bat bidaltzea informazio-guneetara, hain zuzen. Modu labur eta entretenigarrian azaltzen du Arartekoak azken hilabeteetan gauzatu dituen jarduera batzuk (ezohiko txostenak, gomendioak, kexak eta kontsultak...). Gainera, liburuxka zabalgarri batzuk egin ziren, eta, bertan, bost hizkuntzatan (euskaraz, gaztelaniaz, ingelesez, frantsesez eta arabieraz) jaso ziren Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalaren 30 artikuluak.
4.2. Buletin digitala
Arartekoak etengabe egiten du apustu modernizazioaren alde, baita herritarrei egiten dugun lanaren berri emateko bideak hobetzearen alde ere, eta, horri esker, 2011n beste ekimen bat gauzatu da: "e-albisteak" buletin digitala, alegia. Oso tresna erabilgarria da herritarrei erakunde honek gauzatzen dituen jarduera guztien berri emateko. Bi hizkuntzatan argitaratzen da eta erraz irakurtzen da. Aldizkari honen formatua malgua da, eta, bertan, Arartekoaren jarduerarik garrantzitsuenetako batzuk jasotzen dira: gomendioak, artikuluak, argitalpenak, ebazpenak...
Eta informazio eguneratua eskaintzeaz gain, buletin digitalak, era berean, zuzeneko esteken bitartez web orriko beste eremu batzuetara sartzeko aukera ematen du; adibidez, Haur eta Nerabeentzako Bulegora, arreta publikoko kolektiboetara, ebazpenetara, gomendioetara, ohiko txostenetara eta ezohiko txostenetara.
Gobernuz kanpoko erakundeak eta gizarte zibil antolatua buletin honen xede garrantzitsua dira, baita herri-administrazioak, komunikabideak eta Arartekoak egiten duen lanaren informazio eguneratua izan nahi duten herritar guztiak ere.
4.3. Arartekoaren eta haren ondokoaren jarduerarik esanguratsuenak, hitzaldiak emateari dagokionez, eta administrazioek eta gizarte erakundeek antolatutako ekitaldietan parte hartzeari dagokionez
Baloreak eta giza eskubideak sustatzeko lanean, Arartekoaren erakundeak urte osoan zehar jarduera ugari gauzatzen ditu, adibidez, gizarte-erakundeek antolatutako ekitaldietan parte hartzen du, giza eskubideekin lotutako gaien inguruko foroetan hitzaldiak egiten ditu, erakundearen helburuekin estuki lotuta dauden ekitaldi instituzionaletan esku hartzen du, etab.
Jarduera horien guztien katalogoa web orrian dagokion atalean kontsulta daiteke.
Ondoren, Iñigo Lamarca arartekoak egindako jarduera batzuen laburpena eskaintzen dugu:
Hona hemen Julia Hernández Arartekoaren ondokoak egin dituen edo partaide izan den ekitaldirik esanguratsuenak: