3. GIZA ESKUBIDEAK DEFENDATZEN DITUZTEN ERAKUNDEEN INGURUKO JARDUERAK
3.1. Herriaren Defentsarien Koordinazioko XXVI. Jardunaldiak
Herriaren Defentsaria eta autonomietako ordezkariak biltzen dituzten Herriaren Defentsarien Koordinazio Jardunaldiak eztabaida eta gogoeta foroak dira, erakunde horien funtzionamenduari eta helburuei lotutako interes komuneko gaiei buruzkoak eta Espainiar Estatuko defentsa-erakunde guztiek dituzten arazo sozialei buruzkoak.
Cartagenan Herriaren Defentsarien XXVI. Jardunaldiak egin ziren 2011ko ekainaren 6an, 7an eta 8an, Murtziako Herriaren Defentsariak antolatuta, eta "adineko pertsonen eskubideak" izan zen jardunaldien gai nagusia.
Jardunaldi hauetara arartekoa, arartekoaren ondokoa eta erakundearen beste ordezkari batzuk joan ziren. Jardunaldien gaiak aztertzeko egin ziren batzarretan parte hartu zuten.
Baterako hausnarketa horri esker, botere publikoei zuzendutako jarduera-proposamen batzuk onetsi ziren, Herriaren Defentsarien Koordinaziorako XXVI. Jardunaldi horien emaitza gisa.
Koordinaziorako XXVI. Jardunaldi horiek baino lehen, hiru tailer egin ziren hiru herriaren defentsarien egoitzetan.
Gaztela-Mantxako Herriaren Defentsariak Albaceten antolatu zuen tailerrean, adineko pertsonen eskubide sozio-ekonomikoak analizatu eta eztabaidatu ziren, eta botere publikoen nahikotasun ekonomikoa bermatzeko manua bete behar dutela azpimarratu zen –bereziki egungoa bezalako krisi ekonomikoko testuinguruetan–, kontuan hartzekoa baita ELGAren datuen arabera 65 urtetik gorako espainiarren %25 daudela pobreziaren mugaren azpitik, eta bereziki aipagarria da emakumeen kasua, askotan nahikoa ez den alarguntasun-pentsio bat besterik ez baitute izaten.
Bigarren tailerra, berriz, Palmako Uhartean egin zen, Kanarietako Herriaren Defentsa Bulegoan, eta adineko pertsonen eskubide sozio-sanitarioetan kontzentratu zen.
Bertan eztabaidatu zen adineko pertsonei osoki zuzenduriko gizarte- eta osasun-laguntzako baliabideak dituen "esparru sozio-sanitario" bat sortu eta garatu behar dela eta horretarako "mapa sozio-sanitarioak" sortu behar direla, baita autonomia erkidego desberdinetako arlo sozial eta sanitario guztietan historia kliniko elektronikoa homogeneizatu, zabaldu eta martxan jarri behar dela ere.
Hirugarren tailerra Alacanten egin zen, Valentziako Erkidegoko Sindikaturaren egoitzan, eta topaketan abenduaren 14ko 39/2006 legea (menpekotasunaren legea) adineko pertsonei nola aplikatzen zaien izan zuten hizpide. Egokia zen gai hau tailer bereizi batean jorratzea, batetik, eskubide subjektibo bezala eskaintzen dituen prestazioen eta zerbitzuen osaketagatik, eta, bestetik, autonomia funtzionalaren galera ehuneko handi batean zahartasunaren ondoriozko gero eta narriadura handiagoarekin lotuta dagoelako.
Herriaren Defentsarien Bulegoek oro har antzeman zuten lehenengo disfuntzioa izan zen gizarte-zerbitzuen sistema autonomikoen barruko tarteetako batean jasota dagoen menpekotasunaren legeak exijitzen dituen prestazioek eta zerbitzuek adineko pertsonei zuzenduriko eskaintza tradizionala inbaditu eta asebete duela, lehenagoko erabiltzaileek, menpekotasun-egoeran ez daudenek, ezin dituzte erabili eta, ondorioz, gizarte-larrialdi egoeratik kanporatuak izan dira.
Aldi berean adierazi zen legeak menpekotasun-egoeretarako estaldura eskaintzen duen arren ez duela autonomia pertsonala sustatzen, eta prebentzio-jarduera erabakigarria dela aldarrikatzen diren politika publikoen eraketarako.
3.2. Ombudsman-aren Nazioarteko Institutuaren (IOI/IIO) esparruko jarduerak
Ombudsman-aren Nazioarteko Institutua (IIO), 1978an sortua, 150 ombudsman-erakunde baino gehiagoren arteko nazioarteko lankidetzarako mundu-mailako erakunde bakarra da. Bere aldizkako biltzarrez gain, IIOk eskualde-mailan eta nazioartean informazioa trukatzea sustatzen du. Ombudsman-aren Nazioarteko Erakundea sei eskualdetan antolatuta dago: Afrika, Asia, Asia Australa eta Ozeano Barekoa, Europa, Karibea eta Latinoamerika eta Iparramerika. Erakundeak hiru lan-hizkuntza ditu: ingelesa, gaztelania eta frantsesa.
Arartekoa IOI/IIOren kide da. 2011n Erakunde horrek antolatutako jardunaldi batean parte hartu du, informazioa trukatzeko lan-jardunaldi bat izan zen. Varsovian, irailaren 13an eta 14an, IOIk nazioarteko mintegi bat antolatu zuen tortura eta tratu txarrak prebenitzeko mekanismoei eta Nazio Batuen Aukerako Protokoloaren aplikazioari buruz. Arartekoaren Justizia arloko koordinatzaileak, Rafa Sainz de Rozasek, mintegi horretan parte hartu zuen, eta erakunde honek arlo horrekin lotuta egiten dituen lanak eta dituen ikuspuntuak azaldu zituen.
Halaber, IOI-Europek (International Ombusdman Institute), Síndic de Greuges-ek eta Ekonomia Zirkuluak azaroaren 21ean eta 22an jardunaldi batzuk antolatu zituzten eskubideen eta jardunbide egokien defentsa interes orokorreko zerbitzuen eskaintza pribatuan eta Ombudsman-aren egitekoa gaiari buruz. Topaketa horretan, beste herrialde eta eskualde batzuetako ombudsman-ek esku hartu zuten, baita aditu nazionalek eta nazioartekoek ere.
Jarduera eta zerbitzu publikoen liberalizazio eta pribatizazio prozesuen ondorio nagusia da legeriak ez dizkiola Administrazioari soilik egozten zerbitzu publikoari dagozkion betebeharrak; izan ere, gaur egun sektore ekonomiko jakin batzuei ere egozten dizkie horrelako betebeharrak, gauzatzen duten jarduera dela-eta. (Ikus II.8 kapitulua)
Jardunaldi horretara gizarte-harremanetako, azterlanetako eta modernizazioko zuzendaria joan zen, Arartekoaren ordezkari gisa,
3.3. Ombudsman-aren Federazio Iberoamerikarraren (FIO) esparruko jarduerak
Ombudsman-aren Federazio Iberoamerikarra herrialde iberoamerikarretako Herriaren Defentsari Bulegoek edo Ombudsman-ek (herrialde guztietan daude, Brasilen, Txilen eta Uruguain izan ezik) eta Espainia, Portugal eta Andorrakoek osatzen dute. Mexikoko, Argentinako probintzietako eta Espainiako autonomia erkidegoetako defentsari bulegoak ere FIOren parte dira.
Arartekoak Federazioak urtero antolatzen duen batzarrean eta XVI. biltzarrean parte hartu zuen. 2011ko topaketan Buenos Airesen egin ziren azaroaren 23an, 24an eta 25ean. Topaketa horren esparruan, FIOren Emakumeen sarea elkartu zen (Julia Hernández Arartekoko alboko kideak sare horretan parte hartzen du), eta emakumeen oinarrizko eskubideekin lotutako hainbat gairi buruzko manifestu bat onartu zuen, bereziki indarkeria matxistari eta emakumeen salerosketari buruzkoa zen. Era berean, genero-indarkeriari edo indarkeria matxistari buruzko mintegi monografikoa egin zen, eta, bertan, hainbat espezialistak hitz egin zuten. Topaketa horretan, defentsarien bulegoek –Arartekoak, besteak beste– beren iritzia plazaratu zuten eta arlo horretan egiten duten lanaren ildoen berri eman zuten. Azkenik, Federazioaren urteroko batzarra egin zen; Iñigo Lamarca arartekoa FIOren Zuzendaritza Batzordeko kide hautatu zuten, espainiar estatuko defentsari eta defentsa-bulego autonomikoen ordezkari gisa.
3.4. Arartekoaren eta Sestaoko Udalaren arteko lankidetza hitzarmena
Iñigo Lamarca arartekoak eta José Luis Marcos Merino Sestaoko alkateak lankidetza-hitzarmen bat sinatu zuten otsailaren 9an, udalaren jarduera erakunde horri dagokion azkartasunarekin eta eraginkortasunarekin gauzatzen dela bermatzeko. Erakunde horren helburua da administrazio-jarduera eta tokiko zerbitzu publikoen eskaintza objektibotasunez eta eraginkortasunez gauzatzea, eskainitako eskubideak bermatuz.
Sestaoko Udalak Arartekoak –bere erakunde autonomoak eta bere menpeko gainerako erakunde publikoak barne– zuzentzen dizkion kexak, informazio-eskaerak, errekerimenduak eta gomendioak kontrolatzeko sistema orokorrari eta izapidetze-sistemari buruzko arauak ezartzeko konpromisoa hartzen du.
3.5. Arartekoaren eta Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio orokorraren arteko lankidetza-hitzarmena, Justizia eta Herri-Administrazio Sailaren eta Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen bitartez
Apirilaren 20an, hitzarmen hau sinatu zen, Arartekoaren langileriaren prestakuntza eta hobekuntzan laguntzeko, baita Arartekoaren Txostenak trukatzeko ere.
Ekimen honi eta ondoren aipatuko dugunari esker, Arartekoaren erakundean bere langileriarekin garatzen ari den prestakuntza-eskaintza osatu ahal izan da.
3.6. Arartekoaren eta Bizkaiko Lurraldeko Abokatuen Elkargoaren arteko lankidetza hitzarmena
Iñigo Lamarca arartekoak eta Nazario Oleada Bizkaiko Lurraldeko Abokatuen Elkargoko dekanoak ekainaren 20an hitzarmen bat sinatu zuten. Hitzarmenaren helburua Arartekoaren langileriari zuzenduriko prestakuntzaren arloko lankidetza zehaztea da, baita baterako jarduerak gauzatzea eta informazioa trukatzea ere.
Bizkaiko Abokatuen Elkargoak, bere Eskola Praktiko Juridikoaren bitartez, elkargoko kide diren abokatuen prestakuntza jarraitua eta espezializatua antolatzen eta kudeatzen du. Arartekoaren urtez, lehentasunezkoa da bere erakundea osatzen duten langile guztien prestakuntza jarraitua sustatu eta erraztea, beren zereginak gauzatzeko eskumen-, kalitate- eta espezializazio-maila bikainak lor ditzaten.