4.1. Familiaren babesa. Adingabeen eskubideen babesa
Espainiako Konstituzioaren 39.1. eta 4. artikuluak
"1. Aginte publikoek familiaren babes sozial, ekonomiko eta juridikoa bermatuko dute."
"4. Umeek nazioarteko euren eskubideak zaintzeko hitzarmenetan ezarritako babesa izango dute".
Familia gizabanako gehienen oinarrizko erreferentzia da eta adingabeen, adinekoen eta beharrizan bereziak, dependentzia edo gaixotasunen bat dituzten gizabanakoentzako berebiziko zeregina du. Familia tradizionalaren bilakaerak arreta berezia eskatzen du, eredu hauen guztien berdintasuna sustatzeko ere: familia guraso bakarrak, sexu bereko gurasoak dituzten familiak, bananduak edo berriz elkartuak.
Bestalde, beharrezkoa da familia ugarienganako arreta bultzatzea, botere publikoen laguntza handiagoa behar baitezakete euren beharrizanak asetzeko. Ez da ahaztu behar familia ugari bakoitzaren atzean, banaka eskubideen subjektu diren eta babes eta estaldura behar duten adingabe gehiago daudela. Administrazio publikoek laguntzak taxutu ditzakete familientzat; esate baterako, familia ugariei onura fiskalak aplikatzea tokiko zergetan hobariak ematearen bitartez.
Bestalde, guraso bakarreko familien babes berezia beharrezkotzat jotzen dugu eta, gure ustez, familia hauek, bi seme-alaba dituztenean, familia ugarien mailarekin parekatu beharko genituzke, Estatuko legeetan jadanik gertatzen den bezala.
Guraso bakarreko familien elkarte batek helarazi zigun kezkaturik zeudela eskola-esparruan "ikusezinak" zirelako, eta jotzen zuten komenigarria izango litzatekeela eskoletan erabiltzen diren material didaktikoetan errealitate hori islatzea.
Interesarekin itxaroten dugu berriki onetsitako Familiei Laguntzeko Erakunde arteko III. Planaren garapena. Plan horrek, testuinguruak baldintzaturik dagoenak, lehentasunak ezartzea eskatzen du, sekula baino gehiago. Ados gaude zeharkakotasunaren ideiarekin, zeina plan honetako kontzeptu gidaria baita, bai eta familiei laguntzeko zerbitzuen eskaintza berri baten aldeko apustuarekin ere.
Lana eta familia bateragarri egitea familien kezka nagusietako bat da. Berriz esan beharra daukagu: beharrezkoa da lana eta familia bizitzan uztartzeko neurrientzako laguntzak abian jartzea, egungo araudiarekin une honetan estaldurarik gabe jarraitzen duten langile autonomoentzat.
Beharrezkoa da herri administrazioetako pertsonalaren lan baldintzen neurri arau-emaileek lanaldia malgutzeko edo berrantolatzeko neurriak barne hartzea, lanaren eta familiaren uztarketa laguntzeko sortu baitira, egungo araudiak eragiten dituen interpretazio zalantzak argitzeko asmoz.
Arartekoaren lehentasunetako bat da, Haur eta Nerabeentzako Bulegoaren bitartez, adingabeen eskubideak –bereziki, ahulenen eskubideak– babestea.
Familiaren babesik gabeko haur eta nerabeei dagokienez, beharrezkoa da, udal zerbitzuen partetik batik bat, familiei laguntzeko eta esku hartzeko apustu sendoagoa egitea.
Bestalde, indartu beharra dago foru aldundietako gizarte-zerbitzuek familiekin –bai itxuraz berregitura daitezkeen familiekin eta bai harrera- edo adopzio-familiekin– egiten duten lana.
Kezkagarria da, bestalde, gizarte zerbitzuetan artatutako neska-mutilen emantzipazio-unea, zeren eta familiaren laguntzarik ez dutenez, Administrazioari egokituko baitzaio bitarteko aldi hori egoki egin dadila zaintzea.
Babesik gabeko adingabeen kasuan, bakarrik dauden adingabe atzerritarren egoera azpimarratu beharra dago. Adingabe horien etorreran 2009an hasitako beheranzko joera berresten bada ere, oraindik ere nahikoa ez den babes sarea edukitzen jarraitzen dute. Berriz diogu larritasun kasuetarako harrera-protokolo bat eduki beharra dagoela. Beharrezkoa da, gainera, ez dadila berriz gerta adingabe horiei, foru-baliabideetatik kanpo ateratzen direnean, zaintza-amaierari edo familia-harreraren amaierari buruzko dokumentaziorik ez emateko jokabidea.
Bestalde, ikusi dugu hobera egin duela babeseko gizarte zerbitzuen funtzionamenduak, bai babesgabetasuneko egoerak detektatzeari dagokionez, bai familia-harrerako zerbitzuetan emandako arretari dagokionez.
Nerabeek beren gurasoen aurka indarkeria erabiltzeko egoeren aurrean, positiboki baloratzen dugu administrazio arlo desberdinetatik taxutzen ari den erantzuna, eta berresten dugu ahalegin handiagoak egin behar direla prebentzioaren arloan eta hasierako faseetako arretaren arloan.
Bestalde, gogoeta egin beharra dago generoko indarkeriaren biktima diren emakumeen seme-alaben egoerari buruz. Momentuz ez dira indarkeria horren biktima gisa aitortzen, berariaz erasorik jasan ez badute.
Hezkuntzapremia bereziak edo berariazkoak dituzten talde batzuk eskolatzeari buruz, izendatzaile komuna berriro ere familiekiko lankidetzaren hobekuntzan datza.
Beharrezkoa da ezgaitasunak dituzten ikasleen heziketa beharrizanei erantzun egoki bat ematea; populazio etorkinetik datozen ikasleak, herri ijitoaren ume eta nerabeak eta gizarteak gutxietsitako populaziotik datozenak.
Beste alde batetik, beti eragin izan dute kezka berdinen arteko eskola jazarpenaren kasuek. Tratamendu iraunkorra behar duen fenomenoa da, hain larria izanik, eta familiek, bizikidetza planek eta hezkuntza zentroek artikulatutako gainerako tresnek zeregin garrantzitsua dute kasu honetan. Kasu batzuetan teknologia berriak jazarpenerako bide gisa erabiltzen dira; horri "ziberbullying" deritzo.
Orientazio sexual edo genero-identitate desberdineko nerabeek bazterketa egoerak eta gizarteratze zailtasunak pairatzen dituzte. Batzuetan, "jazarpen homofobiko eta transfobiko" deitutakoa oharkabean pasatzen da, berdinen artean detektatutako tratu txarretako egoeren jatorri gisa.
Garrantzitsua da Administrazioak dibertsitate afektibo eta sexuala kudeatzeko lan planean bere buruari planteatu izana jazarpen homofobikoa detektatzeko tresnak biltzeko beharra.
Kezkagarria da hainbat erakunde sozialen txosten eta azterlanek azaldutako umeen pobrezia egoeraren hazkundea.
Denboran zehar egindako azterketek erakusten dutenez, haurrek helduek baino pobrezia-arrisku handiagoa dute, eta, areago, arrisku hori handiagoa da haurren talde jakin batzuetan. Pobrezia horrek berekin dakar infraetxeak sortzea, elikadura egokia bermatua ez izatea, hezkuntza eta aisialdiko jarduerarik ezin egin izatea, ikasketak garaia baino lehenago utzi behar izatea.