I. Aurrekariak
Arartekoak norbanakoen kexa ugari jaso izan ditu, erroldan izena emateko zailtasunari buruz eta horrek eskubideez baliatzeko eragiten duen eragozpenari buruz. Halaber, bazterketa-arriskuan dauden kolektiboekin lan egiten duten gizarte-erakunde askok helarazi digute pertsona batzuek zailtasunak dauzkatela bizi direneko udalerriko udal erroldan izena emateko.
Arartekoak, gainera, udal erroldei buruzko zenbait jarduera eraman izan ditu aurrera, bai norbanakoen kexak izapidetzerakoan, bai ofiziozko jarduketetan; eta udal erroldetan izena emateari buruzko beste gomendio batzuk jarraitzerakoan, gai horri buruz egin beharreko ikerketak babestu ditu.
Erroldetan izena ematea tresna garrantzitsua da etxerik ez duten pertsonak gizarteratzeko. 2008an, Europako Parlamentuak etxerik gabeko pertsonen arazoari buruzko deklarazio bat onetsi zuen, non Europar Batasuneko herrialdeei eskatzen baitie Europan akordio batera iristea kaleetan bizi diren etxerik gabekoen fenomenoari 2015ean amaiera emateko; halaber, deklarazio horretan Europako Batzordeari eskatzen dio gai horretan zenbait jarduera abian jartzeko.
Etxerik ez izatea errealitate bat da, era berean, babesgabetasun egoeran dauden adingabeentzat. Gure kasuan, foru aldundiek adingabe horiek babesteko eta artatzeko betebeharra daukate, haien tutoretza baitute (Kode Zibileko 172. artikulua). Betebehar hori egoitza-harreraren eta familia-harreraren bitartez gauzatzen da. Euskadin, 2010ean, foru aldundiek 1033 adingabe artatu zituzten1, bertakoak zein atzerritarrak, egoitza-harreraren bidez; izan ere, haien oinarrizko premietarako eta hezkuntza-premietarako berariazko zentroetan artatu zituzten.
Pertsona horietatik asko udal erroldetan izenik eman gabe daude. Honakoak dira izenik eman gabe egoteko arrazoiak:
- Ezin dute erroldan izenik eman ez daukatelako helbide bat non udalak izen-ematea baimen dezakeen.
- Ez dute identifikazio-agiri baliodunik, izen-ematea gauzatu ahal izateko: horixe da pertsona –heldu nahiz adingabe– atzerritar batzuen kasuan, pasaporte indardunik ez baitute.
- Udalak soilik pertsona kopuru jakin batzuetarako erroldako izen-emateak baimentzen ditu: zentroek administrazio publikoekin itunduta dauzkaten tokiei dagozkienak, egoitza horietan ostatu harturik dauden pertsonen kopurua handiagoa izan ohi den arren.
- Ez dute informaziorik erroldatuta egoteko daukaten eskubideari buruz, ez eta horretarako egin behar dituzten izapideei buruz ere.
II. Oinarriak
Erroldako izen-emateak ondorio garrantzitsuak dauzka pertsonen eskubideetan, eta horren bidez bizilagunaren izaera eskuratzen da. Bestalde, eskubideez –eskubide zibiletarako, nola den parte-hartze politikoa, zein sozialetarako– baliatzeko exijitzen den zerbait da: osasun txartela eskuratzea, laguntza soziala, etxebizitza babestua eskatzea eta abar. Administrazio publikoekiko harremanetan eskatzen den ziurtagiri bat da, zeina funtsezko betekizuna baita zerbitzu eta prestazio publikoak eskatzeko. Besteak beste, hezkuntzarako, osasunerako, doako justiziarako, beketarako edo babes sozialerako eskubideez baliatzeko eskabideei buruzko arauetan aurreikusten da, aurkeztu beharreko dokumentuen artean, erroldan izena emanda egoteari buruzko ziurtagiria (edo erroldatzearen bolantea) aurkeztu behar izatea. Azken batez, erroldan izen emanda ez egoteak herritarren eskubide eta betebeharretan eragiten du.
Horrenbestez, funtzio garrantzitsuak dauzka politika publikoen tresna gisa edo administrazio publikoentzako informazio- eta kontrol-iturri gisa, eta baldintza bat da pertsonek beren eskubideak eta betebeharrak betetzeko. Hori dela eta, errolda garrantzi izugarria duen figura da, zeina ezinbesteko bilakatu baita gure autonomia erkidegoan bizi diren pertsonen eguneroko bizimodurako.
III. Gomendioak
- Aplikatzekoa den araua pertsonen interesen aldekoena den zentzuan interpretatzen duten jokabideak ezartzea.
- Herritarrei informazioa idatziz ematea eta udalerrian hitz egiten diren hizkuntzetatik ahal den guztietan, baldintzetan eragina duten gaiei buruz eta prozeduraren izapidetzeari buruz. Zehazki, eskabidea idatziz aurkezteko daukaten eskubideari buruz; izapidetzeko epeari buruz; isiltasunaren eraginari buruz –positiboa baita–; eta, egoitza iraunkorrerako baimenik ez duten atzerritarren kasuan, erroldako izen-ematea berritzeko betebeharrari buruz eta hura ez berritzeak izan ditzakeen ondorioei buruz.
- Aurreikustea aukera egon dadila eskabidea idatziz aurkezteko, erroldako orrian biltzen dituen datuak dauzkan eredu batekin: izen-deiturak; sexua; jaiotzeko tokia; ikasketak; NANa, ANZa edo pasaportea; eta datu boluntarioak, esate baterako telefono zenbakia. Gainera, eskari normalizatu horrek izena emateko data (zeina eskariarena bera baita) erroldan agertzea ahalbidetu behar du, bai eta eskatzailearengan biltzen diren inguruabar bereziak ere; honakoak, esate baterako: bizitoki efektiboaren agerpena, etxebizitza okupatzeko titulurik ez daukan kasuetan, edo adierazitako etxebizitzak behar diren baldintzak ez betetzea, edo erroldako izen-ematean eragina izan dezaketen eta aipatu beharrekoak diren gainerako inguruabarrak.
- Udal zerbitzuek txosten bat egin dezaten aurreikustea, haren bidez kreditatzeko pertsona baten bizitoki efektiboa kasuko udalerrian, hain zuzen ere infraetxebizitzako egoeran bizi eta izen-ematea eskatzen duten pertsonak eskabidea aurkeztu zuten egunean erroldatu ahal izan daitezen.
- Entzunaldi izapidea ezartzea antolamendu juridikoan aurreikusitako kasu guztietan (alta, aldaketa, baja), berariazko erreferentzia eginez biztanleen erroldako bajei, atzerritarrengan eragina duten kasuetan iraungipena aplikatzearen ondoriozkoei.
- Etxerik gabeko pertsonen kasuetarako jarduera protokolo bat ezartzea, non udalaren gizarte zerbitzuen esku-hartzea ezarriko baita, edo, kasua bada, foru aldundien edo/eta etxerik gabekoekin lan egiten duten gizarte entitateen bigarren arretarako gizarte zerbitzuen esku-hartzea. Protokolo horrek jaso beharko du udalerrian egiazko bizitokia duten pertsonek udal erroldan izena emateko eskubidea, horren barne direla egoitza batean bizi diren pertsonak, alde batera utzita egoitza horretako tokiak finantzatzen dituen Administrazioak zenbat toki itunduta dauzkan. Erroldako ofiziozko baja aurreikusten bada, Populazioari nahiz Lurralde Mugaketari buruzko Erregelamenduko 72. artikulua eta hurrengoak bete beharko dira.
- Jarduera protokolo bat ezartzea foru aldundiak egoitzako harreran tutoretzapean dauzkan adingabeen kasuetarako, eta protokolo horretan kontuan hartzea administrazio publikoek haurren arloan dauzkaten betebeharrak, zeinak ezin baitira alde batera utzi adingabeak dokumenturik ez edukitzeagatik, ez eta une jakin batean itundutako tokiak baino adingabe gehiago egoteagatik ere. Protokolo horrek adingabearen interes gorenari begiratu beharko dio, eta aurreikusi beharko du haurrak tutoretzapean dauzkan foru aldundiak dauzkan datuekin erroldan izena eman ahal izatea. Nolanahi ere, erroldan baja emateko, aurrena haurrak tutoretzapean dauzkan foru aldundiari komunikazio bat igorri beharko zaio.
- Kontuan hartu beharko dira izaera humanitarioko beste egoera batzuk, non jatorrizko estatuak atzeratu egiten baitira edo non ez baitituzte beren nazionalitatekoei pasaporterik ematen.
1 Eusko Legebiltzarreko Arartekoaren Haur eta Nerabeentzako Bulegoaren 2010eko txostena.