I. ATALA . Laburpena
Txosten bereziaren helburua
Arartekoak esleituta dauzkan zereginak giza eskubideen babes eta bermearekin lotuta daude eta administrazioen jarduerek eta politika publikoek pertsonen eskubideak zaintzen dituztela ziurtatzen dute. Horretarako, eraginkortasunez egiten du lan desberdintasunaren eta bazterkeriaren aurka, batez ere ahulezia-egoera altuenak dituzten taldeen kasuan. Printzipio horietan oinarrituta eta txosten berezi honen bidez, buruko gaixotasunak dituzten pertsona presoen arreta sozio-sanitarioen azterketa egin nahi izan dugu.
a) Zergatik askatasuna kendu dieten pertsonen buruko osasunari buruz
Pertsona-kolektibo hau, askatasuna kendu zaion eta buruko gaixotasuna duen taldea izanik, ahulezia-egoera berezia dago eta, horregatik, Arartekoak lehentasunez lantzen duen taldeetako bat. Era berean, espetxeetako biztanleriari buruzko azterlanek agerian uzten dituzte, bai presoen buru-osasunaren kaltetze garrantzitsua,bai arreta sozio-sanitarioko sistemaren hutsuneak, eskura dauzkaten baliabideak urriak direla kontuan hartuta.
b) Zertarako horrelako txosten berezi bat
Helburua espetxeetako hormen barruan ahaztuta geratu den errealitate ezezagun hau hobeto ezagutzea da, euskal herri-administrazioei zuzendutako gomendio-katalogoa egin ahal izateko, beren bizitzan zehar buruko nahasdurak jasaten dituzten presoei arreta sozio-sanitarioa hobea emate aldera, Eusko Jaurlaritzak espetxeetako osasunaren gaineko zereginak beregain hartu dituen une honetan.
1. Metodologia
Azterketa hau metodologia kualitatiboan oinarrituta eta tresna desberdinak erabiliz egin da: landa-lan bat, argi eta garbi bereizitako bi fasetan: lehena, 2010. urtearen amaieran hasia eta 2011. urtean zehar garatua; bigarrena, 2013ko irailetik abendura bitartekoa, Eusko Jaurlaritzari espetxeetako osasunaren gaineko eskumenak eskualdatzean sortutako egoera berria baloratzeko.
2. Eskumen esparrua
Espetxeen gaineko eskumenak ez dira Euskal Autonomia Erkidegora (aurrerantzean, EA
E) eskualdatu, Autonomia Estatutuko 10.14 artikuluan aurreikusitakoa gorabehera; hala ere, ekainaren 28ko 140/2011 Dekretuaren bidez, eta urte horretako uztailaren 1tik aurrerako ondoreekin, espetxeetako osasunaren gaineko zereginak Estatuko Administraziotik Eusko Jaurlaritzara eskualdatzea onartu zen.
Eskualdaketa hori animatzen duen filosofia espetxeetako osasuna erkidegoan integratzeko asmoa da, hau da, biztanleria osoaren esku jarritako estrategiak eta bitartekoak espetxeetako biztanleriari bideratutakoekin parekatzea, azken horrek –bere kondenaren berezko mugak gorabehera– euskal osasun-sistemak eskaintzen dituen kalitate-estandarrak goza ditzan.
Abiapuntuko egoera kontuan hartuta, helburua handizalea da, eta, beraz, Osakidetzako langileen eta espetxe-erakundeen arteko lankidetza ahalik eta gehien sustatu beharko da, egiturak egokitu eta lotzeaz gain. Gure azterlanak agerian uzten ditu eskualdaketa egin zen unetik bi alderdiotan egon diren aurrerapen handiak. Baina, era berean, oraindik ere espetxeetako osasunean antzematen diren eta presoen tratamendu-beharrizanetarako arreta baldintzatzen duten inertziak gainditzeko beharra islatzen du, gure espetxeen praktikan establezimenduko segurtasun- eta erregimen-eskakizunek jasotzen duten lehentasunaren ondorioz.
Horretarako, gure ustez behar-beharrezkoa da eskakizun horiek zehaztu eta erantzuteko orduan euskal agintari publikoen inplikazioa izatea, esleitu zaizkien eskumenak betetzean hartzen dituzten eskakizunen kontra egin ez dezaten, batzuetan gertatzen den bezala. Hori dela eta, espetxeetako eskumen guztien eskualdaketa ahalik eta arinen burutzea beharrezkoa iruditzen zaigu, askatasuna kendu dieten pertsonen buru-osasunaren arreta zigorrak betetzeko eredu propioaren parte izan dadin. Eredu hori, era berean, koherentea eta integrala izan beharko da eta, zigorraren helburuak betetzeari kalterik eragin gabe, ahalik eta gehien aprobetxatuko ditu gure osasun-sistemak eta gizarte-ekintzako sistemak gizarteratze-zerbitzuaren pean eskaintzen dituen ahalmenak eta sinergiak, bai eta gizarte zibil antolatua ere.
Horren harira, estatutuetako aurreikuspenak, erakunde honen ustez, gai honetako eskualdaketak eskatzeko titulu hutsa baino gehiago dira: aukera eskaintzen dute euskal gizartea bere izenean egiten den zigor-jardueraren erabileraren erantzulea izan dadin, bere ondorioak ezagut ditzan, eta, gizarte-justiziaren parametroetatik onargarriak iruditzen ez zaizkion neurrian, zigorrak betetzeko sistemaren diseinua eta kudeaketa sustatu ditzan, gure espetxeetan pertsona gehienak delituak egitera bultzatzen dituzten faktoreak ez kronifikatzeko eta marjinazioa ez areagotzeko xedez.
3. Testuinguruaren azterketa
a) Espetxeratze-tasa altuak
Azken urteetan Zigor Kodea apurka-apurka gogortzen joan dela ikusi ahal izan dugu eta, ondorioz, Espainia Europar Batasunean biztanleria osoarekiko pertsona preso gehien duen herrialdeetako bat bihurtu da, Europako espetxeratze-tasa altuenetakoa bertan egonik. Barne Ministerioak argitaratutako azken datuen arabera, 2013ko abenduari dagozkionak, Espainiako espetxeetako biztanleria gaur egun 66.765 pertsonakoa da. 2013ko abenduaren 17an, Euskal Autonomia Erkidegoko espetxeetan 1.430 pertsona zeuden preso. Harritzekoa da espetxeratze-tasa altuak ez izatea harreman zuzenik delitu-kopuru altuarekin: seguru esku, gehiegi erabiltzen da egoera jakin batzuen aurrean espetxea erantzun gisa aplikatzeko aukera (ikus II).
b) Presoen profila: gizarte-bazterkeria
Espainiako espetxeetako biztanleriaren profil nagusia honakoa da: gizonak (%92, emakumeen %8aren aldean), 31 eta 40 urte artekoak, gizarte-bazterkeria egoeretatik datozenak (arazoak dituzten familiak, ikasketarik eta lan-kualifikaziorik gabeak, osasun fisikoko eta buru-osasuneko egoera kaltetuak...). Emakumeak eta etorkinak ahulezia-egoera bereziko egoeran daude (ikus II).
c) Biztanleria presoaren ia erdiak asaldura mentalen bat dauka
Espainiako Espetxeetako Buruko Gaixotasunen Prebalentziari buruzko txostenak (PRECA azterlana), Espainian espetxeetako buruko gaixotasunen prebalentziari buruz egindako hedatuenak eta 2011ko ekainean argitaratutakoak, berariaz azpimarratzen du patologia psikiatrikoaren prebalentzia Espainiako presoen artean 5 aldiz altuagoa dela gainerako biztanleriaren aldean. Halaber, datu kezkagarriak adierazi ditu: 10 presotik 8k buruko nahasduraren bat jasan dute beren bizitzan zehar.
Aipatu den PRECA ikerlanaren arabera, bai eta Zigor Erakundeetako Zuzendaritza Nagusiak 2007ko ekainean argitara eman zuen txostenaren arabera ere, Espainiako espetxeetan preso dagoen biztanleriaren ia erdiak asaldura mentalen bat dauka. Azpimarratzekoa da, era berean, buruko nahasduraren bat daukaten pertsonen %8k soilik ez daukala substantziak erabiltzearen ondoriozko nahasdurarik edo nortasun-nahasduren prebalentzia handia dagoela: aztertutako laginketatik %80 inguruk gutxienez nortasun-nahasdura bat zuen. Gazte Justiziako Zerbitzuak erabiltzen dituzten adingabeen artean, halaber, patologia psikiatrikoen prebalentzia altua dago (ikus III).
d) Zergatik amaitzen dute espetxean buruko nahasdurak dituzten hainbat pertsonek? Gakoetako batzuk
Zigor-kausa bat tramitatzean, sarritan OHARKABEAN doa inputatutako pertsonak buruko gaixotasun bat duela, gaixotasun horren jakitun ez delako, esku hartzen duten agenteek prestakuntzarik ez dutelako, azkar auziperatzen delako, pertsona gaixoak eta baztertuak babesik gabe daudelako…
Beste batzuetan, buruko gaixotasunaren egoera antzematen da, baina ezin da egiaztatu gaixotasun horrek delitua egozteko ezintasuna sortzen duenik. Kasu honetan garrantzi berezia dauka nortasun-nahasduren egoerak, gai honetan izan dezakeen eraginaren diagnostiko partekaturik ez duenak.
Azkenik, eta seguru asko legezko arauketa urri eta mugatzailearen ondorioz, nabarmentzekoa da organo judizialek segurtasun-neurriak urritasunez aplikatzen dituztela, Zigor Kodeko 95. artikuluari eta hurrengoei dagokienez. Horien arabera, beren buru-nahasduraren ondorioz gaitasunak murriztuta dituzten pertsonek egiten dituzten delituetan antolamendu juridikora jotzen da eta beren zigor-erantzukizuna espazio terapeutikoetan bete dezakete, espetxean beharrean (ikus VI.1).
e) Espetxea, toki kontraindikatua
Espetxea ez da espaziorik egokiena buruko psikopatologiak dituzten pertsonak tratatzeko. Izan ere, sintoma jakin batzuk aktibatzen ditu, aurretiazko buru-nahasdurak larriagotzen ditu (estresa sortzen duelako, nahitaezko bizikidetza eragiten duelako, presoak isolatuta daudelako, jarduerarik ez dutelako...) edo beste nahasdura batzuk sortzen ditu, batez ere egokitzapenaren arloan. Gaixoa bere osasunerako kaltegarria izango den espazio batean sartzean da, eta, orokorrean, ez du tratamendu-programa bereziak eskuratzeko aukerarik izango. Ondorioz, zigorraren izaera samingarria areagotu egingo da eta erkidegoan integratzeko edozein mekanismotik aldenduko da (ikus VI.3).
f) Segurtasun-neurriak sustatzeko beharrizana
Horren harira, beharrezkoa dirudi segurtasun-neurrien aplikazioa sustatzea, baldin eta espetxera sartzea eta horrek eragin ditzakeen ondorio kaltegarriak saihestu nahi badira, eta, horrela, zigor-sistema bidezkoagoa eta eraginkorragoa eskaini nahi bada, era aktiboagoan parte hartuko duena prebentzioa lantzen duten erkidego-politiketan eta buruko gaixotasunak dituzten pertsonen integrazioa sustatuko duena, bazterkeria-egoera nabarmenenak dituzten pertsonek bereziki jasaten duten zurrunbiloa saihestuz [ikus VI.2.c)].
Adierazi den bezala, segurtasun-neurrien aplikazioa urria da. Horixe diote datuek: 2013ko abenduaren 10ean EA
En psikiatrikoetan sartzeko 36 segurtasun-neurri soilik zeuden (Bizkaia: 18, Araba: 8 eta Gipuzkoa: 10), eta horiek guztiak erkidego-sareko ospitale-unitateetan betetzen ari dira. Gainera, 4 pertsona ari dira segurtasun-neurriak betetzen autonomia erkidegoko espetxeen barruan. Espetxeetan betetzen ari diren barneratze-neurrien portzentaje urriak (36tik 4) zera pentsarazten du, paziente psikiatrikoen egokitzapen-maila egokiak daudela, ospitale-unitateetako tratamendu-erregimenen zigorrak betez, inguru terapeutiko normalizatu, errehabilitatzaile eta integratzailearen onurak jasoz [ikus VI.2.c)1)].
g) Zer da PAIEM?
Buruko osasun-arazoek espetxeetako biztanleriaren artean duten prebalentzia ikusita, espetxeen Administrazioak PAIEM izeneko programa egin zuen (Espetxeetan Buruko Gaixoei Arreta Integrala Emateko Esparru Programa), eduki teoriko oso zabala baina aplikazio praktiko urriagoa eta desberdinagoa duen esparru programa gisa (ikus V).
PAIEMen dagoen pertsona-kopuru urriak (Langraiz: 33; Basauri: 18; Martutene: 7) agerian uzten du programa honek, gaur egun, ez dituela barne hartzen eta artatzen buruko gaixotasunak dituzten preso guztiak eta ez dituela kontuan hartzen gizarteratze-irizpide argiak. Nahasdura psikotikoak dituzten pertsonei zuzentzen zaie bereziki, nahiz eta ez dituen horiek guztiak barne hartzen, eta, orokorrean, bestelako nahasdurak kanpo geratzen diren, zehazki nortasun-nahasdura komorbidoak, substantzia-erabilerengatiko nahasdurekin, horiexek izanik patologia nagusiak.
Edukiari dagokionez, talde teknikoaren eskutik jarraipen biziagoa eskatzen du, jarduera eta modulu egokiak eskuratzeko erraztasunak eman behar baitzaizkie. Hala ere, ez dago talde honentzako berariazko jarduerarik eta esku-hartze psikoterapeutikoak urriak dira. Baina PAIEMek daukan gabezia nagusia espetxearen barrura enfokatuta egotea da, hau da, sintomei eustea eta pazientea ingurura egokitzea lantzen dira bereziki, hori guztia batez ere farmakologiaren bidez. Hala ere, pertsonak kanpoan duen prozesuarekin konektatzeko ikuspegi zabalagoaren falta nabari da.
h) Ate birakaria
Berariazko baliabideen falta, daudenen gaineko ezagutza falta eta espetxeetatik datozen pertsonak hartzeko mesfidantza, osasun-sareak buruko gaixotasunak dituzten pertsonentzako gailuen bidez jarriak, zailago bihurtzen dute paziente hauen integrazioa, espetxearen barrutik kanporako aldaketa bereziki konplikatzen delarik. Hori guztia dela eta, batzuetan behar baino gehiago luzatzen da espetxeetan ematen duten denbora edo beren arazoari erantzuteko prestakuntzarik ez duten baliabideetara bideratzen dira; beraz, abandonatuta, eskean, berriz eroriz eta espetxera bueltatuz amaitzen dute. Zigor-sistemaren zurrunbilo inkongruente batean sartzen da pertsona (“ate birakariaren egoeran”) eta delituak eta espetxeratzeak batzen ditu. Egoera horren aurrean, zigor-sistemak edo osasun-laguntzak ez dute zurrunbilo hori eteteko modurik aurkitzen, inporta duen gauza bakarra espetxearen eragin bereizgarria dela ematen duelarik, arau-haustea egin duen pertsona gaixoa gizartetik ateratzen baita.
Ildo horretatik, Osakidetzaren eta Espetxe Erakundeen arteko koordinazioa lantzea ezinbestekoa da, maila guztietan, barruan nahiz kanpoan, espetxea eta erkidego-sarea lotuz.
4. Gomendioak
Egindako landa-lanetan, presoak gizarteratzeko lan egiten duten gizarte-ekimeneko erakundeen ekarpenetan eta kontsultatutako dokumentazio akademiko, zientifiko eta administrazioan oinarrituta ateratako ondorioak eta erakunde honetan jasotako kexa guztien tramitazioan lortu dugun ezagutza kontuan hartuta, jarraian adieraziko ditugun gomendioak idatzi ditugu.
Gomendio horiek egituratzeko orduan, askatasuna kendu dioten pertsonaren bizi-ibilbidea hartu dugu abiapuntutzat, sistemaren elementu nagusia bera dela ikusarazteko, eta buruko osasunean izan ditzakeen beharrizanak nabarmentzeko, azken finean horrexek justifikatzen baitu agintari publiko desberdinek sisteman duten zeregina. Horrek guztiak bi ondorio dauzka:
Batetik, gure gomendioak egitean sistema hori osatzen duten politika publiko guztiak barne hartu behar ditugu, gure jarraipen eta kontrolean berariaz euskal administrazioek garatzen dituztenak landu ditugun arren.
Bestalde, lehendik ezagutzen genituen neurri guztiei ahalik eta koherentzia eta zentzu gehien emateko, zigorrak betetzeko eredu propio batean sartzeko gomendatzen hasi behar dugu, Euskadik espetxeen gaineko eskumenak bere gain hartu behar dituela ezartzen duten estatutu-aurreikuspenen esparruan.
ESPETXERA SARTU AURREKO ETAPARI dagokionez:
1. Nahitaezkoa da SEGURTASUN NEURRIEN aplikazioa sustatzea, baita zigor-legediak buruko nahasduraren bat duten pertsonek beren zigor-erantzukizunak espetxeen barruan betetzen dituztela saihesteko eskaintzen dituen bestelako aukerak bultzatzea ere.
Horretarako, gainera, neurri horiek erkidego-sarean betetzeko prest dauden unitate egokiak eduki behar dira.
2. Buruko gaixotasuna duen pertsonarekin harremana izan duten zuzenbide eta segurtasuneko profesionalen PRESTAKUNTZA hobetzea komeni da, delitua sortzen den unetik kausaren tramitazio osoan zehar.
3. Buruko gaixotasundun egoerak oharkabean ez pasatzeko prozedura judizialen EZARPENA hobetu behar da, eta, horren harira, bereziki zaindu behar da legediak delitu jakin batzuen auziperatze azkarrerako ematen dituen automatismoetan erortzeko arriskua.
4. Beharrezkoa da Auzitegi eta Medikuntza Klinikaren lana erraztea, pertsonaren buru-osasuna baloratu eta egoera horrek gertaeretan duen eragina ebaluatzeko orduan. Horretarako, klinikak Osakidetzako buru-osasuneko sarearekin duen koordinazioa indartu behar da, perituek beharrezko aurrekari klinikoak izan ahal ditzaten. Era berean, Osakidetzak auzitegietako txostenak eskuratzeko erraztasunak dituela bermatu behar da, buruko gaixotasuna duen eta perituen balorazioa jaso duen pertsonari eskatzen zaion erkidego-arreta hobetzeko asmoz. Hori guztia, pertsona interesdunak bere baimena ematen badu.
5. Beharrezkoa litzateke atxilotuaren Gizarte Orientazio eta Laguntzarako Zerbitzuaren (GOLZ) antzekoa berrezartzea, DIZIPLINA ANITZEKO TALDE bat izateko, alde judizialetan funtziona dezan eta pertsonaren informazioa era koordinatuan jaso eta batu dezan, auzitegiei pertsonen egoera sozio-sanitarioaren berri eman diezaien, esku hartzen duten administrazio eta agente desberdinen ardatz koordinatzailea izanik, eta, hala, auzitegiek erabakiak hartzeko orduan pertsonaren errealitateari eta xede-baliabideei buruzko ezagutzarik zabalena izan dezaten.
6. Premiazkoa da Osakidetzak bitarteko eta estrategia egokiak izatea NORTASUN NAHASDURAK dituzten pertsonei berariazko arreta eskaintzeko. Horrenbestez, beharrezkoa da baliabide espezializatuak antolatzea, esaterako eguneko ospitalea, 2009az geroztik proiektatuta zegoenaren ezaugarriekin, Arartekoaren 2012ko azaroaren 23ko ebazpenean adierazten genuen bezala; gailuak; koordinazio-protokoloak; goiz antzemateko mekanismoak; lantzeko bitartekoak; eta abar. Izan ere, substantzien erabileraren ziozko nahasdurarekin batera agertzen direnez maiz, paziente dual hauek sare sozio-sanitarioan jasotzen dituzten arretak menpekotasun-sintomak kontrolatzeko izaten dira soilik, nortasun-nahasduraren gaineko arreta ahaztuta, eta, horrek konpentsazio-ezak eragiten ditu, edo, bestela esanda, sarritan espetxeratzea eragiten duten delituzko jarrerak.
Neurri hori gauzatu arte, beraz, ezinbestekoa da biderapena, ituna eta gastu-sarrera bezalako bideak aurreikusi eta aplikatzea.
7. Beharrezkoa da NORTASUN NAHASDUREI eman behar zaien arreta klinikoari buruzko hausnarketa zientifikoa sustatzea, baita horiei eman behar zaien balorazioari eta egozgarritasunean duten eraginari buruzko hausnarketa medikoa eta legezkoa egitea ere, segurtasun-neurriak eta bestelakoak aplikatzen direla ahalbidetzeko, pertsona horiei espetxetik kanpoko tratamendua emateko asmoz.
8. Buruko nahasdurak dituzten ATZERRIKO PERTSONEI erraztasunak eman behar zaizkie osasun-arreta espezifikoa eskuratzeko orduan, gainerako herritarrekiko berdintasun-baldintzetan. Horrenbestez, saihestu egingo da administrazio edota burokraziako arrazoiak medio (errolda, osasun-txartela…) beren osasunerako behar duten tratamendutik kanpo geratzea eta, gaixotasun horren ondorioz, espetxera eramango dituzten jarrera disruptiboak garatzea.
ESPETXEKO EGONALDI denborari dagokionez:
9. Zigor-kausak dituzten EMAKUMEAK arreta berezia behar duten kolektiboa dira. Izan ere, orokorrean gure espetxeetarako biztanleria osoarentzat egindako gainerako gomendio guztiak aplikagarriak izateaz gain, larritasun handiagoko psikopatologiak antzeman dira emakumeen artean eta zailtasun handiagoak dituzte erkidegoko baliabideak eskuratzeko orduan. Halaber, ondorio larriagoak eragiten dizkie maila pertsonalean eta familiarrean, beren zaintzapean seme-alabak izaten baitituzte.
10. Beharrezkoa da Osakidetzaren eskutik ESPETXEETAKO OSASUN PLANA ezartzea, arreta era homogeneoan emateko espetxe desberdinetako pertsona presoei, gaur egun desberdintasunak antzematen baitira arreta-irizpideetan eta ekipoen horniduretan. Halaber, erkidego-sareko baliabideak koordinatu eta bideratzeko protokoloak falta direla antzeman da.
11. Buruko osasunari dagokionez, Espetxeetako Osasun Plan horretan berariaz zehaztu beharko da Espetxeetan Buruko Gaixoei Arreta Integrala Emateko Esparru Programa (PAIEM) izenekoarekiko elkarreragina. Edonola ere, berau eraginkortasunez ezartzeko, honako hobekuntzak ezarri behar dira:
a. Pertsona presoak programa horretan sartzeko irizpideak egokitu beharko lirateke, eta zehazki:
i. Nahitaezkoa da nortasun-nahasdura larriak dituzten pertsona guztiak (mugak eta antisozialak) PAIEMen sartzea.
ii. Beharrezkoa dirudi nahasdura psikotikoa edo nortasun-nahasdura eta substantzien erabileraren ziozko nahasdurara komorbidoa duten pertsonak PAIEMetik ez baztertzea.
b. Ezinbestekoa dirudi pertsonengan dauden osasun-alderdiak eta espetxe-alderdiak koordinatzea. Horretarako, koordinazio-bide iraunkorrak ezarri behar dira Espetxe Erakundeetako teknikarien eta espetxean esku hartzen duten Osakidetzako osasun-langileen artean. Ildo horretatik, PAIEMeko ekipoetan eta tratamendu-batzordeetan osasun-langileen partaidetza ahalbidetu eta zaintzeak oso gomendagarria dirudi.
c. Espetxea pertsona hauen tratamendurako espazio egokia ez dela azpimarratuta ere, komenigarria litzateke nahasdura desberdinei orientatutako esku-hartze psikoterapeutiko espezifikoak gehiago ezartzea, bai eta espetxe-erakundeetako teknikariek eta gizarte-erakundeek pertsona kanpo-baliabideetan hobeto egokitzeko bideratze egokia ahalbidetuko duten gizarteratze-ibilbideak diseinatzeak ere.
d. Espetxeetako PAIEMeko ekipoetan kolektibo honekin esku hartzen duten erkidego-sareetara sartu beharko litzateke.
e. Hau da, beharrezkoa da buruko nahasdurak dituzten pertsona presoekiko esku-hartzeak, eta horren barruan, bereziki PAIEM deiturikoak bere ikuspegia espetxeen barrutik kanpora eramatea, eta, horren harira, premiazkoa da espetxearen eta erkidegoaren arteko lotura sustatzea:
iii. Tratamendu-batzordeek euskal sare sozio-sanitarioan dauden baliabide guztiak ezagutzen dituztela sustatu behar da. Horretarako, eremu honetara egokitutako baliabideen gida edo mapa bat egitea komenigarria litzateke, Osakideko Buru Osasuneko Sarearen Atlasetan eskainitako informazioa aprobetxatuz, autonomia-erkidego osora zabaltzeko asmoz.
iv. Baliabide horietako batzuek espetxeen barruan aurretiaz esku hartzeko erraztasunak jarri behar dira.
v. Lehentasuna eman behar zaio erregimen irekiaren aplikazioari, espetxeetako araudiak eskaintzen duen modalitate anitzetako edozeinetan, pertsona horiei tratamendua kanpoan emateko, espetxeetan egon beharrean, zigorraren betearazpena pertsona bakoitzaren arabera egokitzeko saiakera eginik.
ESPETXEKO IRTEERARI dagokionez:
Aldez aurretik Arartekoak EAE-ko haurren, nerabeen, gazteen eta helduen buruko osasunaren arretaren inguruan egindako hurbilketa: erronkak eta aukerak izeneko azterlana argitaratzean igorri zituen gomendioak aipatu behar ditugu, azterlan horretan aztertzen baita erakundeak Buruko gaitzaren trataera ospitaletik kanpo txosten berezia argitaratu zuenetik buruko osasunaren arretak 2000. urteaz geroztik erkidego-mailan erregistratu duen bilakaera, erantzun gabeko beharrizan, hutsune eta hobekuntza-arlo batzuei dagokienez.
Hitzaurrea
Urteak dira preso bizi diren pertsonen buruko osasuna Arartekoaren kezka nagusienetako bat dela, kolektibo honek, sarritan izaten dituenak buruko gaixotasuna eta askatasun-falta, gure lehentasunezko arreta eskatzen duelako, ahulezia-egoera berezian egonik.
Azterlan hau pertsona horien oinarrizko eskubideak babesteko ikuspegitik sustatu da, beren bizi-prozesuan zehar arreta sozio-sanitario hobea bilatzeko asmoz, zigor-sistema judizialarekin, eta, zehazki, espetxeko egonaldiarekin duen harremana kontuan hartuta.
Espetxeetako biztanleriari buruzko azterlan askok agerian uzten dituzte pertsona presoen buruko osasunaren narriadura garrantzitsua, buruko nahasdurak dituzten pertsonen egoera eta osasun-arretarako sistemaren gabeziak.
Beharrizan horiek egiaztatu diren arren, eskuragarri dauden bitartekoak urriak dira. Berez, egozgarritasun-maila dela-eta arreta espezializatua behar duten pertsonentzat bi espetxe psikiatriko soilik daude Estatu osoan: Sevillan eta Alacanten. Horrez gain, osasun-sareko ospitale-zentroetan plaza batzuk daude segurtasun-neurriak betetzeko. Hala ere, beste beharrizan asko estali gabe daude, batez ere pairamen ez hain larriak dituzten pertsonei arreta emateko bitarteko baliabideak, espetxe barruko arreta espezializatua eta arreta sozio-sanitarioko kanpo-zerbitzuak.
Errealitate honek azterketa sakon bat eskatzen du, baita erakunde ukituen aldetik konpromiso-maila altuagoa ere. Gure kasuan argi dago euskal administrazioak osasunaren eta gizarte-politiken arloan duen erantzukizuna, kontuan hartuta, gainera, espetxe-osasuneko eskumenak berariaz eskualdatu zaizkiolarik, tokiko administrazioen eremu desberdinetan dituzten eskumenez gain.
Azterlan hau metodologia kualitatiboan oinarrituta egin da, argi eta garbi bereizitako bi fasetan: lehena, 2010. urtearen amaieran hasia eta 2011. urtean zehar garatua; eta bigarrena, 2013ko irailetik abendura, ekainaren 28ko 140/2011 Dekretuaren bidez Eusko Jaurlaritzari eskualdatu zaizkiolako espetxe-osasunaren arloko eskumenak eta gertaera hori garrantzitsua delako txosten hau garatzeko orduan. Halaber, Espetxe Erakundeen Zuzendariordetza Nagusiaren eskutik Espetxeetan Buruko Gaixoei Arreta Integrala Emateko Esparru Programa (PAIEM) bultzatu zela egiaztatu zen.
Ondorioz, eskualdaketa hori ikusita, gaia erabakigarria denez eta garrantzi handia duenez, beharrezkoa iruditu zitzaigun azterketaren bigarren faseari ekitea, errealitate berria ezartzeko arrazoizko epea igarotzean, baloratu ahal izateko ea
eskualdaketa horrek zein eragin duen EA
En askatasuna kendu dieten pertsonen buruko osasunaren arreta sozio-sanitarioan eta sortutako egoera berrian.
Txosten honetako helburuak honako hauek dira:
Txosteneko helburuak lortzeko, azterketa bat egin dugu honako azterlan-prozesuari jarraiki:
Txosten hau egiteko EA
En kokatzen diren hiru espetxeetako arduradunen lankidetza eskuzabala izan dugu, baita espetxeetako teknikari, funtzionario, talde mediko eta toxikomania-taldeena, psikiatra aholkulariena eta askatasuna kendu dieten pertsona batzuena, beren esperientzia pertsonala eta espetxeetako errealitatearen ezagutza zuzenak jakinarazi dizkigutelarik. Era berean, Ibaiondo eta txema Fínez adingabe-zentroetako (euskal administrazioaren menpekoak) arduradun eta hezitzaileek eta hirugarren sektoreko erakunde eta organismoek lan honetan parte hartu dute.
Eskerrak eman behar dizkiegu, halaber, Eusko Jaurlaritzako Osasun, Herri Administrazio eta Justizia sailei, ikerketa hau errazteagatik.
Eskerrik beroenak guztioi txosten hau egiten parte hartu eta laguntzeagatik. Haien laguntza gabe ezinezkoa litzateke txostena egitea.