4.7. Lorturiko datuen azterketa
Emaitzak ulertzeko proposaturiko hiru arlo handiak ez dira, inola ere, zurrunak, elkarrengandik aparte aztertuak, zeren eta haien arteko mendekotasuna buruko osasunaren edota gaixotasunaren moduko gertaera konplexuen egiturako ezaugarria baita. Konplexutasun hori eta zailtasun taxonomikoak are indar handiagoarekin aplikatzen dira indarguneen eta ahulezien azpibanaketan, zeren eta esanahi-nukleoak, askotan, batean zein bestean agertuko baitira eta jokaera ezberdina izango baitute testuinguruaren edo aplikatzen diren unearen arabera. Gertaera argitzeko eta hobeto ulertzeko erabiltzen da sailkapen hori, baina askotariko irakurketak izan ditzakete eta ez dituzte inola ere agortzen ulermen mailak.
ARLO KLINIKO TEKNIKOA
Indarguneak
Espetxeetan buruko gaixotasunak daudela agerikoa da talde guztientzat, eta gero eta ohikoagoak eta garrantzitsuagoak direla irizten diote.
“Gure jardunean, medikuen ikuspegitik, gaixotasun psikiatriko edo parapsikiatriko tasa handia dago”.
“Baietz esango nuke. Nik esango nuke badela, edo behintzat badago diagnostikoren bat. Gehienak adingabeak dira eta, beraz, diagnostiko asko beharbada ez dago zehaztuta, edo nahasmendu motaren bat sortzen ari da, edo populazioaren portzentaje handia dago”.
“Eragin handia du gugan, lehen komentatu dugun mailan. Erregimen mailan alde batetik, eta preso psikiatrikoekiko bizikidetzan beste aldetik. Batzuetan arazoak antzematen dituzu, eta eragina du norberarengan arazo psikiatrikoak dituen jendea dagoelako eta bere buruaz beste egiten duelako”.
Buruko nahasmenduen sailkapen diagnostikoa ohikoa da jardun klinikoan, eta garrantzi eta pronostiko ezberdina esleitzen zaio kategoria bakoitzari.
Buruko gaixotasun larria da ondoen kontrolatzen dena: “Nahasmendu psikotikoak edo buruko nahasmendu larriak beharbada kontrolatzea lortzen dugu, tratamendu farmakologikoa ezarri dugulako, medikazioa ikuskatu eta gutxi gorabehera hemen egokituta daudelako. Alde horretatik ez dago arazorik”. “Oso ohituta gaude buruko gaixotasun txikiekin, nolabait esatearren. Jakin badakigu medikazioa eskatuko dutena. Alabaina, nahasmendu psikotikoa edo eskizofrenikoa duen pertsona bat sartzen denean, arreta gehiago jartzen diogu nolabait, adiago gaude”.
Buruko nahasmendu arrunta konplexuago bezala ageri da eskarian, baina ez da hain kezkagarria: “Nahasmendu txikiak dituztenak okerragoak dira, eskaria handiagoa dutelako, arazo gehiago sortzen dituztelako. Seguru asko beste zerbait gehiago egin liteke, baina niri horrek une honetan kezka txikiagoa sortzen dit”.
Nortasunaren nahasmenduak arazotsu ageri dira diagnostikoan eta izaera klinikoaren inguruko zalantzekin: “Saski-naskia dago, hots, nortasunaren nahasmendu ezagunak. Hau da, sartzen dira presoak, zerbait dutela ikusten dugu, ez dakigu oso ondo, eta askotan ez dugu lortzen presoak daukanari buruzko diagnostiko garbia, baina badago zerbait, ezta? Ba askotan nortasunaren nahasmendu zehaztugabeari dagokion diagnostikoa egiten da...”. “Nahasmendu psikotikoak edo buruko nahasmendu larriak, esaten ditugun 15 horiexek dira garrantzitsuak, baina badira bestelakoak ere, atzean ditugun beste zifra batzuk, nortasunaren 57 nahasmendu horiek, garrantzitsuak horiek ere”.
Buruko gaixotasunaren diagnostiko, kontrol eta tratamendurako baliabideak, batez ere buruko nahasmendu larria, egokiak eta ugariak dira sendatzeko bidean aurrera egin ahal izateko tratamendu farmakologikoa eta psikologia emateko: “Ondo egokituta daude maila farmakologikoan. Haientzako jarduerak daude, arruntak nahiz espezifikoak, buruko osasunaren tailer espezifikoekin”. “Gainerako presoentzako banakako tratamendua bada, buruko gaixoen kasuan are pertsonalizatuagoa da”. “Presoen buruko osasunaren programa dago espetxean”. “Hau da, haientzat zoritxarrez mundu honetan egon ahal izateko modua dago”. “Hain bizitza egituratua eta babestuta egotea babes giroa da, pertsona halakotzat babesten den neurrian. Elikatuta, zaintza medikoekin…”. “Hori dela-eta, sartzean baino babes faktore gehiago badituzte irtetean, eta arrisku gutxiagoarekin, bilakaera gertatu da, ezta?”.
Tratamendu farmakologikoetan ere aurrerapena izan den irudipena ere badago: “Hau da, esan dezagun… klinikoa ez den ikuspegitik ere antzeman daiteke farmakologiak aurrera egin duela”. “Horrekin lotuta, ez da farmakoa soilik; dosia da. Hau da, leloegi ez uztea da kontua, jardueretan parte hartzeari ez uztea, gainerako presoekin integratzea. Nire ustez, horixe da gakoa”.
Ez da erraza substantziekiko mendekotasunaren kontsiderazio klinikoa, zeren eta, oro har, buruko gaixotasunaren ezaugarri edo faktore kausal gisa ageri baita buruko beste gaixotasun bat baino. Oso garrantzitsua da hori, eta seguru asko buruko patologiarik nagusiena. Hala ere, oso handia da mendekotasunen arloko esperientzia eta bikaintasun maila espetxeen eremuan: “Lanean hasi ginenean, zein zen espetxean zegoen jendea? Espetxeko jendea drogadiktoa zen, toxikomanoa. Orduan prestakuntza handia dugu toxikomanietan”. “Aurrerapen handia egin da toxikomaniarekin, mantentze-planak jarri dira metadona erabiliz, eta planak ditugu buprenorfina partxeekin. Beraz, ez dizut esango toxikomania desagertu denik, ez delako desagertu, baina lehen baino kontrolatuago dago”.
Substantziekiko mendekotasuna duenaren profila aldatu den irudipena dago: “Gorputza zelan hondatzen den ikusten genuen lehen gehiago heroinomanoarengan; orain agerraldi psikotikoa da”. Eta gero eta gehiago diren substantziak (eta delituak): “Eta gero eta gehiago azaleratzen ari da alkoholaren arazoa. Beste batzuk baino askoz gehiago”. “Alkohola da, baina batez ere kontsumitzeari utzi dion ibilbide luzeko toxikomanoa: alkohol gehiegi hartzen duenez gero, egokitzeko arazo gehiago izaten ari da lehen garrantzi handiagoa ematen zitzaien beste droga batzuetan baino”. “Eta alkoholak genero indarkeriaren eta bide-segurtasunaren poltsa berri osoan (delituan) duen presentzia aipatu behar da. Zentroan sartu eta espetxean alkoholaren gehiegizko kontsumoan hainbat alditan berriz
erori ondoren ere, zenbait pertsona ez daude jabetuta alkoholarekin arazorik dutenik”.
Aldakorra da buruko gaixotasunen tratamenduaren ezaugarri teknikoei buruzko prestakuntza eta, zenbait taldetan ageriko ahulezia bada ere, beste batzuetan ona da: “Medikuen oposizioetarako ikasi nuenean, psikiatriako ezagutza bereziak dituzten oinarrizko arretako medikutzat hartzen gintuzten. 4 zatitan zegoen banatuta gaitegia, eta zati bakoitzeko gai bati buruzko galderak egiten zizkiguten oposizioan: bata medikuntza prebentiboa zen, beste bat legeak; beste bat medikuntza orokorra eta bestea psikiatria. Hau da, gure prestakuntzaren %25 psikiatriakoa izan behar dela suposatzen da”. Bestalde, etengabeko prestakuntza trinkoa duten zentroak daude: “Horretan ari gara (ikuskaritzan), baina soilik zuzendaritza taldea, bakarrik 11. Oraingoz bakarrik 11, eta orain zentroko arduraduna eta hezkuntzako arduraduna aldi berean bestelako ikuskaritza mota jasotzen ari dira”.
Osasunaren arloko jarduerarekin lotutako baliabide teknikoez gain, sintomatologia psikiatrikoaren detekzioan rol terapeutikoa eta aditua dakarten bestelako trebetasun motak daude, behaketan eta esperientzian oinarrituta: “Ni ez naiz arloko aditua eta, orduan, ustez buruko arazoak dituen pertsona bat agertzen zaizunean, itxurari erreparatzen diozu, ezta? Kanpokoa ikusten duzu. Zerbait ondo ez dagoela iruditzen zaizu. Pertsona honek jokabide bitxia du”. “Funtzionarioen eta presoen arteko elkar eragite handia dago. Normaltasunean egonik ere, jendea ezberdina da eta modu ezberdinean erantzuten du pizgarri beraren aurrean. Eta uste dut norbera zelakoa den asko baloratzen dugula eta oso kontuan hartzen dugula, baita inguruabarretara egokitzeko modua ere”. Eta eusteko zenbait baliabide proposatzen dira: “Gure arma nagusiak esperientzia eta hitz-jarioa dira, ezta? Hitz egitea esan nahi dut. Azken batean, ondorio batera iristen zara: gure arma nagusia informazioa dela. Zenbat eta informazio gehiago izan, hainbat hobeto. Orduan, lanean ari zaren pertsonaren informazioa iristen bazaizu, iritsiko da une bat non, sail batean edo modulu batean preso asko izan arren, ia espero duen bezala hitz egingo diozun bakoitzari”. Pertsonaren egoerarekiko proportzionaltasun eta kontsiderazio elementuak sartzen ditu egoera horrek: “Hots, ezagutuz gero, informazioa izanez gero, malguago jokatzen duzu. Ordenaren aldaketa hori gertatzen bada, esan dezagun, toki itxi batean, banaka eta oso jende gutxi aurrean dagoela, beharbada pazientzia gehiago izango duzu, kakotx artean, hitz-jario handiagoa, denbora gehiago zaude harekin”. “Ordenaren aldaketa toki zabalago batean gertatzen bada, askoz jende gehiagorekin, eta gainerako presoek, jakina, norberak baino askoz informazio gutxiago badute, suma dezakete; izan ere, ez dute zertan jakin buruko gaixotasuna duen pertsona dela. Agerikoa da beste modu batez jokatuko duzula, ezin baituzu espero gorabehera hori beharbada zabaldu arte edo bide gehiago izan arte. Orduan, horrexegatik ñabardura bat egin nahi dut: arazoak ez direla ezinbestean modu berean konpontzen. Eta informazioa, jakina, funtsezkoa da”.
Erregimeneko jarduera horren proportzionaltasuna, pertsonaren buruko egoeraren araberakoa, agerikoagoa da zenbait zentrotan: “Baldin eta behin eta berriz
gertatzen diren zenbait jarduketa daudela ikusten badugu, buruko nahasmenduarekin lotuak, orduan beste baliabide bat erabiltzen dugu: plan berezia. Hau da, tratamendu berezia ematen diogu, ez horrenbeste aplikatu zigor-prozedura”. Horretarako, informazio zehatzaren euskarria dago; aktiboki lortu eta hedaturiko informazioa da: “Adingabe bat zentroan sartzen denean, alde batek aurretiko txostenak biltzen ditu, judizialak nahiz psikiatrikoak, ahal den neurrian eta abar. Zerbitzuren batean egon badira, Osakidetzan, haiekin ere jartzen gara harremanetan, jakina, edo Etorkintza moduko zerbitzuren batean... edo horrelako zentro batean. Nortasunari, gizarte trebeziei eta autoestimuari buruzko proba psikologikoak egiten dira, horrelako proba guztiak, eta gero behaketa erregistroak batez ere. Beraz, informazio asko dago banako elkarrizketaren mailan nahiz taldeko behaketa mailan edo hartzen diren erregistroetan”.
Ikus daitekeenez, arau-murrizpena baliabide terapeutikoa eta indargunea da, batez ere adingabeekin: “Bizi-baldintzak, hain egituratuta dagoen bizitza”. “Toxikoak kentzen dira (portzentaje handi batek toxikoak daramatza), eta abstinentzia dagoenean, hemen hori bai errazten da, ezta? Kontsumorako gune librea izan dadila, analisiak, kontrolak eta hainbat bitarteko erabiliz. Hor ere eboluzio handia dagoela nabaritzen da, ezta?”. “Eta nik uste dut behatzeko gaitasuna ere bai (presoena)”. ”Nahitaezkotasuna, nire ustez, indargunea ere bada”. Baliabide horrek lotura erabiltzearekin du zerikusia; lotura terapeutikoa eta, batzuetan, pertsonala izaten da, tresna nagusitzat erabilia: “Azken finean, hezitzailearekin edo psikologoarekin edo gizarte langilearekin edo nagusiarekin lotura izatea da garrantzizkoa. Eraldaketa izatea hor, ezta?”. Irtetean loturarik ez izatea da arazoa: “Fasekako sistema da hori pixka bat prebenitzeko behar dena. Hasierako integrazio fasetik garapen fasera igarotzen da, eta ondoren integrazio fasera, ezta? Kanpora irtetea ahalik eta progresiboena izaten saiatzen gara, gero eta autonomia handiagoa eta kontrol gutxiago izan dezaten eta, beno, loturak galduz joan daitezen eta tresnak baliatu ahal izan ditzaten”.
Eremu espezifikoak izatea baloratzen eta defendatzen da buruko gaixotasuna duten presoentzako gune gisa, normalizazio prozesuaren baitan: “Orain gure bizikidetza moduluak ditugu, gure begirune moduluak. Beraz, beharbada sail bat egin beharko litzateke non pertsonalak, begirune moduluan lan egiten duen pertsonalak bezala, nolabaiteko kontzientziazioa duen lehenbizi. Orduan, profil egokia bilatzen diozu, prestakuntza eman -ahal duzuna, ahalik eta gehien eta birziklatua- eta espetxeko atal batean ematen diozu arreta. Tira, estigma duten arlo guztietatik ihes egitea ere ez da presoak banatzea, baizik eta, tira, giro jakin batean egon daitezela, esku hartu beharra dagoenean esku hartzeko nozioren bat izan dezagun”.
Espetxean buruko gaixotasuna izatearen ondorioen tratamendu juridikoa oso baliabide tekniko garrantzitsua da, eta ondorio erabakigarriak ditu gaixotasunaren bilakaeran eta pronostikoan, zeren eta eragina baitu egonaldian, egonaldiaren erregimenean edo askatasunean eta arretarako bitarteko motan: “Ikuspuntu juridikotik, lehenbiziko unean lehen balorazioa egiten du epaileak, eta egozgarritasuna edo ez adierazten du. Hemen une gakoa dago, ezta? Bitarteko egoera bat dago, erdi egozgarritasuna alegia, non salbuespen ez osoa adierazten den, eta zigorraren ordez segurtasun neurria ezartzeko aukera ematen du”. “Gertaerak izan zirenean buruko nahasmendua zuten pertsonak dira; orduan ez zen antzeman, ez zuen ondorio juridikorik izan, eta zigorra betetzean agertu egiten da, eta Zigor Kodearen 60. artikuluaren bidea dago. Bat-bateko buruko nahasmendua”.
Ahuleziak
Buruko osasunean arreta ematean espetxe sistemak duen ahulezi nagusiak trataturiko pertsonen kanpoko jarraipenarekin eta haren kargupean dauden erakundeekin (osasuna, justizia, gizarte ekintza…) du zerikusia. Gai honetan aho bateko adostasuna dago talde guztietan, eta horren bidez, ingurumen komunitarioa arrisku eta babesik gabeko gunetzat hartzen da, formalki eta sinbolikoki: “Nire ustez, zerbaitek egiten du huts sisteman. Ez dakit hori ere ez ote den gai honen etorkizuneko ideiaren atzean; betiko espetxetik haragoko toki batean jartzea da kontua, edo bestela kasuan kasuko psikiatria zerbitzuaren mendean uztea. Psikotiko bat datorkizu eta kontrolatuta izan dezakezu gutxi gorabehera; halako medikazioa eman eta.... Beno, gizon horrek ez du hemen egon behar, ez du zereginik hemen, bere gaixotasunaren bilakaerarako batere mesedegarria ez den jendearekin inguratuta. Beharbada bai, arlo medikotik edo psikologikotik, egunez egun eraman dezakezu, bere medikazioarekin, terapiarekin, baina, jakina, beste zerbait gehiago egin behar bada harekin… Gizarteratu edo bideratu beharra badago epe ertainera edo luzera, espetxeak ezin du ezer egin eta uste dut akutuen unitateak ere ez. Orduan, bada…”. “Gero eta pertsona gehiagok du horrelako arazoren bat, laguntzeko gizarte sarerik gabe eta, noski, pertsona horiek buruko osasunaren sarera bideratzean, ez dago atzean hitzorduak jarraitzeko edo medikazioa hartzen den kontrolatzeko bitartekorik”. “Espetxean sartzean presoari ematen zaion arreta, nire ustez, pertsona normal batek eduki dezakeena baino askoz handiagoa da. Hau da, pertsona horri nola edo hala arreta emateko dauden medikoen, psikiatren, hezitzaileen edo pertsonen ratioa askoz handiagoa da kalean duena baino”. “Orduan, zenbait mutil hortxe gelditzen dira... tokirik gabe, ez dakizu, zailtasun askorekin. Ezin diezu ezertan lagundu, barruan oso ondo daudelako (medikazioa hartu beharra). Hori ere arazoa da. Batzuetan zera planteatu diogu geure buruari: ba, datozela eta emango diegu. Izan ere, dagoeneko…”.
Epe ertain edo luzerako proiekturik ez izateaz gain, diagnostiko dualen konplexutasuna dago, non diagnostikaturiko buruko gaixotasunari bestelako egoerak gehitzen zaizkion hala nola substantziekiko mendekotasuna edo desgaitasun intelektuala: “Eta lehen eroetxeak zeuden (ezindu intelektualak edukitzeko). Orain ez dago eroetxerik edo dena delakorik. Orduan bai, kalean kontrolatzen ez diren horiek azkenean delitua egiten dute, besterik gabe. Erabili egiten dira droga-garraiolari gisa ere. ‘Leloa zarenez, ez zaizu ezer gertatuko, edo ez askorik. Niri bai, ordea. Hara, eramadazu paketetxo hau!’ Eta horietatik azkenean, bada, zerean sartzen dira... Hori adibidea da, e? Ez dakit asko ematen duen ala ez, baina sartu egiten dira eta ez dute zertan sartu. Arazo psikiatrikoa dutelako –koefiziente intelektual oso baxua da– eta askoz errazagoa izan delako erabiltzeko”. “Orduan, zer hasi da irteten orain?: Patologia duala, nortasunaren nahasmenduak, patologia psikiatrikoa oro har. Eta, beno, horixe dagokigu orain”.
Kanpoko baliabideen urritasunari buruzko irudipena arlo soziosanitariora ere hedatzen da: “Elkarteen arloan ikusten dut nik erresistentziarik handiena, zeren eta gizarte laguntzaren zati handi bat elkarteentzat bideratzen baita eta oraindik eurek onartzeko eskubidea gordetzen baitute nolabait”.
Tratamenduaren zenbait egoeratarako gune normalizatua eta eraginkorra eskaintzeaz gain, espetxea gune terapeutikoa eta sendotzeko gune bihurtzeko gaitasun txikia dagoela ere ikusten da: “Egokiak diren zentroetan konponbide terapeutikoak aplikatu nahi ditugu; horixe da arazoa. Orduan, badakigu zein den konponbidea: zentro egokietara eramatea pertsona horiek”. Balizko ahulezi gisa azaltzen da erizaintzako moduluak erabiltzea buruko gaixotasuna duten presoak sartzeko gunetzat: “Oso konplikatua da. Zentro askotan erizaindegira bideratzen ari dira patologia psikiatrikoak dituzten pertsonak. Eta erizaindegietan daude, baina kontrolatu ezinik daude”.
Farmakoak erabiltzeak, izandako aurrerapenen eta profil egokiagoa izatearen gaineko ia erabateko adostasuna izanik ere, kritika ere badu: bereizketarik egin gabe erabiltzen dira zenbait talderekin, presoekin adibidez: “Ni, adibidez, hemen dauden eta morroi edo tipo bat hartzen duten mediku psikiatren erabat kontra nago; izan ere, pixka bat ilusioa galduta etorri eta pilulak sartzen hasten zaizkio, ‘koko’ bat hasten zaio, barkatu adierazpen hori erabiltzeagatik, ‘dopeko koko mentala’”. Eta beste batzuetan ere bai, adingabeekin adibidez, iraganean kokatuta badago ere: “Medikazioaren kontra zegoen jende asko zegoelako. Gehienbat medikazio psikiatrikoa hartzearen gaineko kontzepzioa zen beldurra –‘ez, ez, Jainkoarren, hemen lan egiten dugu, lan egin behar da’–. Uste dut ezetz. (…) hezitzailea izango zara, baina edukazio pixka bat irakatsi beharko dizugu. Asko kostatu zen hasieran. Pixka bat ideia erromantiko hori zen: medikaziorik ez sartzea edo lan egitearen kontua. Adurra dariola dagoen eta botika hartu duenaren ideia hori ez dago, dagoeneko ez da existitzen”.
Substantziekiko mendekotasunak, arestian esana dugunez, ezaugarria eta nolabaiteko borondatezkoa izateari eusten dio: “Ez, biziosoa ez. Beste batzuekin identifikatzen dut buruko nahasmenduaren kontzeptua, beste egoera batzuekin, ezta? Hemen lehen komentatu ditudanak. Nire ustez, gaixoa, toxikomania duen pertsona, toxikomania duen pertsona da. Ez dut buruko gaixotzat hartzen”. Erlazioa dago toxikomaniaren eta buruko gaixotasunaren artean gaixotasun horren kausa edo efektua den aldetik: “Zenbait toxikomanok oraindik ez du buruko gaixotasunaren diagnostikorik, baina laster izango du. Burmuina aldatuz doa. Azken finean, buruko patologia batekin bukatzen dute, zalantzarik gabe”. “Ez dira egoera txarrean sartzen zoratuta daudelako, baizik eta, hartzen dituzten gauzen ondorioz, burmuina haustuta dutelako”.
Jokabidearen nahasmenduak substantzien egungo edo aurretiko kontsumoarekin lotzen dira: “Izan ere, adibidez, kokaina asko hartu duen jendeak, kartzelan, ez du lorik egiten gauez pilulak ematen ez bazaizkie. Iskanbila sortzen dute. Hurrengo egunean, lo egiteko arazo handiak dituztela, eta horrek zera sortzen du... Ez dut uste zoroak direnik, baina buruko gaixotasuna duen morroi batek eman diezazkizukeen antzeko problemak dakartzate edo sortzen dituzte”.
Zentroaren barruan, buruko gaixotasunaren laguntzaren ahuleziarik nagusienek talde profesionalen interes ezberdinekin dute zerikusia; aginpidearen erregimenaren printzipioaren eta osatzeko tratamendurako eskubidearen artean daude banatuta. Egoera hori agerikoa da informazioaren gaineko irudipenean: askotan norabide bakarreko informazioa da: “Informazio gutxi dugu haiekin harreman zuzenagoak eta egunerokoak ditugun funtzionariook. Patologia motari buruzko informazioa falta zaigu. Ez horrenbeste zein patologia motari buruzkoa, baizik eta zein eboluzio izan dezakeen... gugan eragina duten neurrian”. “Norabide bakarra dago informazioaren aldetik”. “Nire ustez, informazioa ez da bizkor ematen. Adibidez, tratamendu taldea eta osasun taldea. Nik ez daukat ezer horren kontra; kontua da batzuetan eurak enteratzen direla preso bat gaizki dagoela; guk ez dugu ikusi”.
Informaziorik ezarekin batera, prestakuntzarik ezaren gaineko irudipena dugu buruko osasunaren kasu zehatzean: “Nire ustez, beste bide batetik joan beharko litzateke prestakuntza, funtsean: jarduteko moduan. Kalte gutxien dakarren bidetik. Badira beste modu batzuk egiteko, jakina. Konplikatuak dira, zaila da ikastea, baina, beno, eraginkorrak dira”. “Kontzientziazioaren gaineko prestakuntza eman beharko litzateke, hots, pertsona horrek jokabide bat duela, ez bereziki bere gustukoa ez naizelako edo gosaria gaizki ezarri zaiolako. Hau da, arazo honen aurrean ezin jardun dezakete beste jarduketa irregular baten aurrean bezala; azken kasu horietan, erregimen mailako jarduketa da soilik”.
KULTUR ARLOA
Indarguneak
Indargune nagusi gisa, kultura klinikoa gainerako kolektiboetara zabaltzeko posibilitatea dago. Formulazio biopsikosozialaren ereduari jarraitzen dio buruko gaixotasunak kultura horretan. Hala, jokabide asko ikus daiteke sufrimendu psikiatrikoaren argitara: “Adostasuna dago ez adostasun gehienen dagoen arloan ere, hots, zaintzan eta tratamenduan. Are gehiago, zaintzako funtzionario batekin berba egiten duzu eta ideia hau transmititzen diozu: ‘Zer egiten du morroi horrek hemen barruan? Ez du hemen egon behar’. Eta lankidetza ere bai, uste dut; izan ere, funtzionarioek askotan preso horien kontuak komentatzen dituzte eta beharbada beste batzuen inguruko argibiderik ez dute egunero ematen. Berehala ematen dizute tokea. Eta presoek eurek ere bai laguntzako presoen gaian; asko hedatzen ari den kontua da hori. Haien artean kontuz jokatzen dute eta nolabaiteko malgutasuna erakusten dute. Moduluko giroaren eta gauza askoren araberakoa da, baina oro har jokabideekiko tolerantzia hori ere garatzen ari dira”. “Ikus dezagun. Buruko gaixotasuna duen gure administratuak bi arazo ditu: bata, buruko gaixotasuna duela; bigarrena, gainera legearen kontrako zerbait egin duela”.
Gaixotasuntzat hartze hori, aurreiritzietatik eta estigmetatik urrun, ez da substantziekiko mendekotasunetara zabaltzen, baina dagoeneko ez dira ikuspegi moralaren araberakoak behinik behin: “Nire ustez, toxikomanoa biziosotzat hartzea… Nire ustez, historiara pasatu da dagoeneko…”. “Nik uste dut ezetz (buruko gaixotasuna da). Beste kontu bat da jada duzun buruko gaixotasuna areagotzeko balio izatea, baina nik dakidala, momentuz behintzat, toxikomanoa gaixoa da, baina ez gaixo mentala”.
Delituetan erantzukizun pertsonala izateari buruzko lan psikologoa, horien egozgarritasuna alde batera utzita, nahasmendua alde terapeutikotik aztertzeko elementua ere bada, kasu batzuetan funtsezkoa: “Helburuetako bat iraganeko, egungo eta geroko jokabideen egoera berrikustea da gauzaturiko gertaerei dagokienez. Horixe da asmoa: erantzukizun hori, beren ekintzen ondorioak eta balioak eta gainerakoak uztartuz”. “Bai, pertsona bakoitzaren posibilitateen arabera aztertzen da. Izan ere, hain buruko gaixotasun, patologia edo nahasmendu kognitibo handia dute zenbaitek, ezin dute ulertu zer esaten diozun. Orduan, horretan ere ez da sartzen. Beste batzuk, ordea, ondo daude medikazio egokia emanez gero, eta horretan sar gaitezke, ezta? Eta egoerak erkatu eta esango dugu: ‘beno, horixe gertatu da eta zerbaitegatik gertatu da’. Maila terapeutikoan eta psikologikoan bai egiten da lan”.
Gaixotasun psikiatrikoa duen presoaren estatusaren normalizazioa eta presoa bere autonomiarako gaitasunaren arabera baloratzea indargune argiak dira, preso horien estigmazioa desegitearen ildotik: “Alde batetik, banakakoa da presoaren tratamendua; bakoitzak behar duen guztia eduki behar du, baina zentroaren sistema orokorrean txertatzea eta normalizatzea nahi dugu. Hau da, ez dugu pertsona bat nortasunaren anomalia, jokabide nahasmendua edo dena delakoa duelako, ez zelularrean, ez bakartuta, ezta hurrik eman ere”. “Nire ustez, ildo horretan lortu den zerbait da, oso ondo lortu ere. Zaintzako lehen funtzionarioak antzematen duenetik hasita prozesu osoan esku hartzen duen teknikari espezifiko bakoitzarenganaino”. ”Gure ustez, autonomia pertsonala da irizpide praktikoa. Pertsona batek autonomia pertsonalerako gaitasunik ez badu, batez ere gizarteratze-prozesua planteatzeari begira, berdin dizu”.
Buruko osasuna esku-hartze, prebentzio eta terapia arloa da, eta gero eta indar handiagoa du eta jarrera erreflexiboa du kudeaketa txarraren ondorioen aldetik: “Buruko osasuna edo buruko gaixotasuna garrantzi handiko arazoa da gizartean, eta erakundean lan egiten dugunok konturatu gara aipaturiko arazo garrantzitsu hori espetxeetara ere igaro dela, bestela ezin izan zitekeen moduan, eta kezkatu egiten gaitu. Sentsibilitate berezia dugu horrelako gaixotasunekin, eta izugarri kezkatzen gaitu, baina nire ustez, beno, esku artean ditugun baliabideekin, ahalik eta konponbiderik egokiena ematen ari gatzaizkie pertsona horiei; ez daude arretarik jaso gabe inondik inora. Arreta psikiatrikoa dute, profesionalen, hezitzaileen eta gizarte langileen arreta eta arreta psikologikoa dute eta, beno… Beharbada punturik ahulena azken momentuan adierazi dudana izan daiteke, ezta? Hau da, gizarte baliabideekiko lotura”. Ildo beretik, gizarte mugimenduen eta espetxe barruan daudenen arteko jarraipena antzematen da: “Edonola ere, gizartean gertatzen denaren mikro isla da espetxea, ezta? Buruko osasunaren gaineko arazo bat dago eta beno… delinkuenteak baino ez dira, jendeak kalean ere baditu buruko gaixotasunak, eta eguneroko bizitza egiten du. Arreta sistemak arazo bat du, ba geuk ere badugu”.
Ez dago uste zabala, zatizkoa edo estigma bihurtua, buruko gaixoak erregimenean arazo-sortzaileak izatearen inguruan: “Ez dakit ez ote garen oker jokatzen ari buruko gaixotasuna duenak erregimenean arazoak ematen dituela pentsatuta edo gehienbat horretara bideratuta. Gure zentroetan ditugun gorabeheren barruan, ikusi egin beharko litzateke zenbat gorabeheratan dauden inplikatuta buruko gaixoak. Izan ere, neu naiz zuetatik gazteena lanbide honetan, baina 13 urtean banaka batzuk besterik ez dira izan…”.
Ahuleziak
Gizarte gunea gaixotasun eremutzat hartzen dute espetxeko arduradunek, non gaixotasuna sortu eta mantentzen den, eta gainera giza harremanak hautsi egiten dira eta baztertu egiten dira buruko gaixotasuna dutenak. Esperientzia instituzionalean dago oinarrituta iritzi hori, baina parametro asko hobetu egiten dira espetxeko egonaldiak iraun bitartean: “Atera eta haiek zuten arreta guztia -%200ekoa zena, hain zuen- desagertu egiten da bat-batean, eta buruko osasuneko etxean ikusten dute psikiatra noizean behin, tokatzen zaienean. Askotan ematen du ez dutela laguntzarik nahi, eta nik aspaldidanik dut irudipen hori, beharbada ez horrenbeste zerarekin, beno, nahasmendu psikotikoarekin, edo are gehiago, buruko nahasmendu larriarekin…, baina nortasunaren nahasmenduarekin ere bai. Jakina, argi dago arazoak sortzen dituela, arazoak sortzen ditu eta, gainera, toxikomania bat ere badu. Komunitate terapeutiko batera bideratzen duzu –‘bai, noski, baina paziente horrek… arazoak ditu’, ‘izan ere, arraroa da, ez dakite zer dela’–. Ez, ez da arraroa, nortasunaren nahasmendua du, bere toxikomaniatik aparte ere tratatu beharreko buruko patologia, ezta? Eta guk irudipen hori dugu: inork ez dituela nahi, inork ez dituela maite. Beraz, berriz
diot, zailtasun handiak ditugu horrelako pertsonak gizarteratzeko”. “Kanpora irten daitekeen pertsona bat duzu, hainbat legetan hala egitea ahalbidetzen delako: baldintzapeko askatasuna, bat-bateko buruko nahasmendua, hirugarren gradua ere bai. Baina ez da kanpora irteten, kanpoan ez duelako plazarik. Eta kanpoko arduradunak ez dio plazarik esleitzen kartzelan dagoelako, eta kartzelan dagoenez gero, badaki ezin dela joan. Batzuetan zera esateko gogoa ematen dizu: ‘oso ondo, nik aske utziko dut, atean utziko dut. Hementxe duzu buruko gaixotasuna duen euskal herritar aske bat. Zeuk egin tratamendua. Ez esan kartzelan dagoela eta neuk tratatu behar dudala’”.
Babesik ez izatearen aurrean, joera paternalista eta instituzionalista handia dago buruko gaixotasuna duen presoaren kudeaketan: “Norbait atseginago badu, medikuak ‘mediku-aita’ren eginkizunak betetzen ditu nolabait”. “Berriro erortzen dira. Haien buruko arazoak areagotu egiten dira, zeren eta, droga hartzeko kezka badute, utzi egiten baitiote medikamentuak hartzeari; ez dute hartzen. Berriro ere nahastu eta antsia handiagoarekin eta euren kasa hartzen hasten dira. Kalean dira, ez dute behar beste lo egiten, ez dute behar bezala jaten, arraustuta daude, azala eta hezur dira, bertan behera utzita. Handik hilabetera ezagutu ere ez dira egiten. Hemen daudenetik. Eta bitxia da. Askotan hitz egiten dugu urte askoan espetxeek izan duten fama txarraz, ezta? Eta bitxia da… Ona izango litzateke jendeak ikustea”. “Ahulezia dugu buruko osasunaren aldetik. Buruko gaixotasunak gizartean eduki dezakeen ahulezia, jakina; izan ere, badu. Sakatzen duzunean, ba laguntza jaso dezakezu kasuren batean, egonaldi ertainera pasa dezakete, eta nolabait lagundu denbora luzeagoan, behar dutelako. Bestela, atean bertan jarriz gero, eta badaki bere burua zaintzen, ba ederki, sendatuta dago, ezta? Baina gehienetan ez da hala izaten”.
Gizarte gunearen gaineko ikuspegi hori indargunetzat ematen da, eta indar adierazlea da, talde diskurtso bera oinarri hartuta. Irtenbide instituzionala (espetxea, ospitalea…) organiko, indartsu eta eraginkor ageri da laguntzaren kudeaketan, baliabide komunitarioen ezaugarriez organikoa eta sareko izaeraren aurrean. Jarraipen maila hobea dela ageri da parametro sendoen aldean (sintomatologia psikiatriko gutxiago, egoera fisiko hobea…).
Badiraute oraindik ere estigmaren zenbait ezaugarri dituzten aurreko elementuek diskurtso instituzionalean, baina errukiaren ikuspegitik tratatuak eta ez bazterkeriatik, batez ere desgaitasun intelektualei eta substantziekiko mendekotasunei dagokienez: “Bada beste gauza bat gaur egun, ez dakit nire lankideek esango duten, baina ikusten hasita nago lehen ‘leloak’ esaten genituenak, hots, oso koefiziente intelektual baxuko jendea”. “Nik bai igarri dut azken urteotan gero eta jende bitxiagoa sartzen ari dela, eta badiot ez naizela batere aditua gaian; ondo ez daudela sumatzen duzu”.
Hortxe dago estigma bikoitza ere, batez ere kanpoarekiko harremanetan, hain zuzen ere buruko gaixotasuna eta aurrekari penalak dituen pertsona lotzen dituena: “Bata, buruko patologia izanik, eragozpena dagoela. Zera eskatzen dizute lehenik eta behin: ‘ezdezala arazorik sor bizikidetzan eta ez dakit ezer edo ez dakit zenbat’. Eta orduan badago patologia diagnostikoa; arazoa da jadanik. Eta nire ustez beste bat ere badago, gure pazienteak buruko osasunaren sarera bideratzean toxikomanien arloan edo tratamenduaren arloan. Zailtasunak daude kasu horiek buruko osasuneko zentroetan hartzeko. Erreparoak daude”. “Nire ustez, hainbat gauza daude batera, ez soilik buruko gaixotasuna. Gaixotasun sendaezinak ere badira, askotan buruko gaixotasuna duten oso gaixo larriei dagozkienak; buruko gaixotasunik ez balute, seguru asko etxean hartuko lituzkete”.
Aurreiritzien eta ezjakintasunaren emaitza den egoera horrek ematen du, dirudienez, erakundeen arteko koordinazioaren tonua: “Nire ustez, psikiatrikoetan edo buruko osasuneko zentroetan lan egiten duten pertsonek, kulturaren aldetik, patata beroaren kultura garatu dute; hau da, arazo handia nire esku uzten ari zara. Horrela esaten dizute. Alde batera uzten da gai psikiatrikoa, buruko gaixotasuna, eta beste gizarte arazo batzuk azpimarratzen dira (‘Egia esan, ez zaude gaixo bat niregana bideratzen ari, baizik eta delinkuente profesionala, delituan berriz
eroria eta toxikomanoa’). Eta egia da delinkuente toxikomanoa dela, ez dakit profesionala, baina delituan berriz
eroria bai, baina gainera buruko nahasmendua du, eta arlo anitzetatik tratatu beharko da, edo dena delakotik. Eta beti izaten da kultura hori. Izan ere, zentro psikiatrikoak ez… Guk esaten dugu morroi horrek ez duela espetxean egon behar, buruko gaixotasuna duela, eta haiek esaten dute morroi horrek ez duela zentro psikiatrikoan egon behar, delinkuentea delako”.
Behin eta berriz
agertzen da laguntza psikiatrikoan egiten den lana ikusezin izatearen eta onarpenik ez izatearen gaineko irudipena: “Baina txarrena da gainera fama txarra dugula edo izaten dugula. Ez, jauna, espetxean tratatu egiten dira. Arlo medikotik nahiz psikiatrikotik ondo tratatzen dira. Zenbait preso egoera onean izaten dira espetxean daudela kontuan hartuta, eta berriz
ere sartzen dira espetxean; izan ere, 6 hilabete barik... 6 urte igaro direla ematen du. Bai, okerrera egin baitu bere egoerak nabarmen”. “Ikusezinak garenaren irudipena. Ikusezinak gara, kasu honetan buruko osasuneko profesionalok, profesionalak garela uste dudalako; ez gara adituak, ez dugulako horretarako prestakuntza jaso, baina haiekin ari gara lanean eta abiada handian egin behar izan dugu aurrera. Eta toki guztietan gara ikusezinak. Eta horixe da gelditzen zaizuna: zera esatearen irudipena: ‘beno, hemen lan handia egiten da baina… inork ez daki’”.
ANTOLAKUNTZA ARLOA
Indarguneak
Osakidetzako buruko osasuneko zerbitzuekiko koordinazioan aurrera egiten den irudipena dago, baina barne ezagutza informalarekin oso lotua: “Psikiatra aholku-emaile jakin bat izan dugunean, ezin hobeto ibili gara lanean. Orain ezin hobeto gabiltza lanean; bitartean ez gara hain ondo ibili. ‘Aizu, nik uste dut zentroan sartu beharko zenukeela…’. ‘Ez kezkatu. Ohe bat bilatuko dut. 48 orduan ingresatuta izango dut’. Hori askotan egiten da, baina pertsonaren arabera izaten da askotan. Horrexegatik esan dizuet solasaldiaren aurretik: ikusi egiten zaituzte, ikusten eta ezagutzen gaituzte, nirekin hitz egiten duzu, zerbait aldatu eta kontu horrek azkenean hobera egiten du beti”.
Jakin-min ona eta igurikapenak daude beste profesional taldeen inguruan, egon dauden tirabirei nolabaiteko kontrapisua egiteko: “Izugarri gustatuko zait funtzionarioekin egingo duzuen talde horretan, zerbitzuko buruekin, etab. Ea ze ondorio ateratzen duzuen hortik. Gero badira ere gure artean ezberdintasunak medikuetatik medikuetara, psikologoetatik psikologoetara eta funtzionarioetatik funtzionarioetara, etab., ezta? Egoera kontrolatzeko gai den jendea gutxi gorabehera. Batzuek erdibidetik jotzen dute…”.
Barne informaziorako elementua da diagnostiko psikiatrikoa, eta eragin ona dauka: “Batzuetan kosta egiten da diagnostikoa izatea. Diagnostikoa duzunean, ondo baino hobeto enteratzen zara. Protokoloan, gainera, erlazioa dago zerbitzu medikoekin. Baina gizarte baliabideak eskuratzeko zailtasun handiagoak dituztenak edo… Kosta egiten da diagnostikoa izatea, batez ere nahasmendu espezifiko argirik ez dagoenean gainera. Baina diagnostikoa denean, badugu baliabideak eskuratzeko modua eta ez dago arazorik”. “Nire ustez, batzuetan haiek dituzten jokabideak edo zailtasunak ulertzeko modua dugu. Pertsona batek diagnostikoa izatea edo buruko osasuneko sarearen arreta jasotzen ari den pertsona izatea lagungarria da. Eta batez ere beharbada zaintzan lan egiten duten pertsonez ari naiz. Pertsona horrek noizbait zenbait zailtasun izango dituela jakitea eta nondik datorkion ulertzea”.
Osasun baliabide publikoak erabiltzea (ospitalekoak eta anbulatoriokoak) indargune sendoa da segurtasun neurriak betetzean, baita gure ingurunearekiko konparazioaren aldetik ere: “Gaur egun ez dugu espetxean betetzen ari den segurtasun neurririk bat ere”. “Tira, nik uste dut kanpoan dagon baliabide kopuruagatik dela hemen; beste erkidego batzuetan behar bada ez dago hainbeste”.
Zigor betearazpenaren zenbait alderdi errazten dituzten hobekuntzak aitortzen dira: “Ondo da, ildo horretan adibide bat aipatu behar da Legea aldatu zenean: zaintzako epaileak aintzatetsi behar du bat-bateko buruko nahasmendua eta ez epaia ematen duenak. Hobekuntza handia izan zen”.
Espetxe erakundearen laguntzat hartzen da familia, beti bezala mugarik gabeko gizarte sarearen aurrean: “Hala ere, familiarekin sartzen denak, diozuna, familiarekin badaki medikazioa, txosten medikoak esaten dio… Hartzen ari denari buruzko txosten medikoa dakar..., normalean medikazioa hartzen jarraitzen du eta pertsona normala izan daiteke”. “Borondatezko sartzea denean, adibidez, gurasoek edo gainerakoek dakartena, aringarria da familiarentzat, barne ondorioetarako. Hori lehenik eta behin. Eta bigarrenik, tira, pertsona horrek bizitza normala egin ahal izateko azken esperantza da”.
Ahuleziak
Erakundeen arteko komunikazio gunearen baitan, arazo nagusienetakoa da epaile, auzitegiko mediku eta espetxeen arteko koordinaziorik eza, eta ezaugarri asko ditu: prozedura juridikoaren beraren mugak (errugabetasun presuntzioa) espetxeratze prebentiboan. Eragina dute diagnostikoaren aurretiazko ezagutzan: “Egia da batzuetan gertaerei buruzko informazio idatzia ere ez datorkizula, eta ustez espetxera doa gertaera horiengatik. Ondo datorkizu aurre kalifikazio juridikoa, besterik gabe. Hilketagatik edo genozidioagatik edo auto istripuagatik dago. Ez dakizu, eta zuzeneko behaketaren bidez lor dezakezu ondorioren bat”. Prozedura judizial arazotsuetan informaziorik ez izatea: “Azkenean, epai irmoarekin zigorturiko presoen kasuak ikusten ditugu, baina harrigarria iruditzen zaiguna da epai batean ere ez aipatzea zein buruko gaixotasun duen”. “Pertsona horren sumarioan, beharbada epaitegi bateko kutxaren baten barruan bertan behera utzitako sumarioan, auzitegi medikoaren txostena egon liteke, non ez dakit zein proba psikometriko mota egin dela azaltzen den, eta hortxe dago bertan behera utzita. Horixe da tristeena. Izan ere, prozesu horren guztiaren amaiera baizik ez zaigu iristen, epaia. Baina dagoen guztia… Inbidia ematen dizu batzuetan beste herrialde bateko zigortu bat iristen zaizunean, ustez gutxiago den herrialde batetik datorrena... eta informazioa iristen zaizu”.
Ordena juridiko berean, arazo tekniko gisa agertzen da legezko zenbait jardun eta buruko gaixotasuna duten presonen interesak kontrakoak izatea (batez ere gaixotasun larria bada), hala nola askatasunerako trantsizioan, buruko gaixotasun larria denean: “Erdi askatasuneko eta askatasuneko kontrolerako instantzien falta sumatzen dugu horrelako pertsonentzat. Oro har preso guztientzat, baina bereziki nahasmenduak dituzten horrelako pertsonentzat”. Edo betearazpenak betetzeko ordenan: “Eta instantzia desberdinak betetzeko ordenan. Beti izaten da eztabaida ordenaren inguruan: lehenbizi neurria eta gero kartzelara itzultzea, eta horrek erabateko aldaketa ekar dezake”. “Legegileak, oro har zigor-betearazpena arautu duenean eta zehazki gai hau, zigor bakarra izaten du beti gogoan, bai. Iruditzen zaiona eta gogoan duena zigorra da. Inoiz ez du kontuan hartzen egoerarik ohikoena: zigor aniztasuna, nolabait esatearren”.
Prozedura juridikoaren arloko gai horiek bereziki mingarriak dira babestutako adingabeen kasuan emantzipazio baliabideei dagokienez: “Mutil bat adin nagusia izatera iristen bada erreforman, Bizkaian sartzeko protokoloak berak galarazi egiten du mutila emantzipazio baliabidean sartzea. Protokoloak berak dio ezin dela sartu. Araban, emantzipazioaren funtzionamendua hala-halakoa da; esan nahi dut ez dagoela hor ere proiektu askorik. Gipuzkoan ditugu irteera edo ibilbideetarako posibilitate gehiago. Izan ere, baliabide gehiago ere badira. Bizkaian askoz protokolizatuago dago dena; beraz, sartzeko modua askoz mugatuago dago. Jende askok dio: ‘Akabo. 18 urte. Kanpora. Eta gainera motxilan kargan handia izanik. Kanpora...’”.
Eskumenak transferitu baino lehen eginiko azterlan honetan bildutako iritziaren arabera, kanpoko osasun koordinazioak ez du egitura formalik eta, ondorioz, egoera deserosoak edo tirabirak sortzen dira: “Osakidetzarekiko lankidetzaren oinarria, beno, elkarrenganako konfiantzak izan behar du, eta zera esan behar da... ‘hemen ondo doan guztia gero ere ondo joango dela kalera irtendakoan’. Esan nahi dut ez dela eskuzabaltasun kontua, ezta…. Itun kontua da, elkarrengana izan behar dugun konfiantza, ezta? Baina tira…”. “Askotan, esaten dugunarekin, irudipena duzu mesede bat eskatzen ari zarela, laguntza gehiago eskatzen ari zarela”. Agerikoa da aurrera egin behar dela itun eta komunikazio egitura egonkorragoak gauzatzeko bidean: “Etorkizunean lan handia egin beharko da buruko osasunaren, Osakidetzaren eta espetxe erakundeen arteko komunikazioaren arloan. Komunikazioa hobetzea, harremanetan jartzea eta errezeloak pixka bat gainditzea, espetxe erakundeekiko dauden errezeloak, ezta? Zer agindu digute hauek?”.
Taldeen arteko tirabirak ere askotan agertzen dira, taldearen interes partikularrekin bat datozen hainbat ikuspegitatik; izan ere, agerian uzten dute oraindik ez dela guztiz gauzatu adostasuna buruko gaixotasuna duten pertsonekiko: “Interes gatazka. Hemen funtsezko gauza bat dago, agintaritza printzipioa eta erregimen ordena mantentzea hain zuzen. Preso batek, buruko gaixotasuna izan zein ez, funtzionario bati eraso egiten dionean, jokabide horrek berez erantzuna izan dezake, erasoa edozeinek egiten duelarik ere. Orduan, jakina, egoera horretan buruko gaixotasuna duena pixka bat... Ez dakit nola esan, ezta? Pixka bat… kalteturik dago, ezta? Ez dakit nola esan, baina tira, beharbada desabantaila du beste preso batekiko”. “Hemen nolabait berdin gertatzen da espetxean erregimena dutenekin, barneko funtzionarioekin eta tratamendukoekin. Onak, txarrak, etab. Ba hemen hasiera hala zen nolabait, ezta? Ba gu hezitzaileak gara (guaiak), traje jantzita jaisten garenok eta guaiak garenok. Eta besteak dira egurra eman behar dutenak. Orduan, onak eta txarrak, guaiak. Eta hasieran distantzia handia zegoen. Berba bitan esanda, orain 6 urte ez ziotela elkarri hitzik egiten (elkarri salaketak jartzen zizkioten, deskalabrua zen). Eta, orduan, guztiei azaldu behar izan genien, bi aldeei, guztiok ginela beharrezkoak; nork bere funtzioa duela, elkarren osagarriak direla…”. “Izan ere, taldeen interesak askotan ura eta ardoa bezalakoak diren espetxean”.
Taldeen artean koordinaziorik ez dagoela ere ikusten da, bateratzeko gunerako presentzia arauturik gabe (bilerak…): “Nik uste dut batzuetan ondo dagoela hala egitea, bilera bat, ez dakit nik, gaiak lantzeko… 20 presorekin baino ez bada ere. Espetxean sartu diren azken 20 presoak, ez dakit… Azken hilean edo dena delakoa. Ikusten dituzu. Zera diozu: ‘nola dagoen hau, zein tratamendu du, zerbait duela uste duzue?’ Guk ez dugu hala egiten. Hainbeste duzunez gero, azkenean ez dizu astirik ematen presoei buruz hitz egiteko. Hala, arlo anitz jorratuta, ezta?”. “Nire ustez, txarra da oro har (koordinazioa). Oro har txarra da. Nire ikuspuntutik, batez ere pertsonen arteko harremanak ditu oinarri, e? Askotan, medikuarekin edo psikologoarekin dugun harreman pertsonalengatik enteratzen gara, eta une jakin bat komentario bat egin eta diozu: ‘hau edo bestea’, eta egoera aldatu egiten da”. “Nire ustez, zuk zenioen moduan, bi norabidekoa izan behar du informazioak, ez norabide bakarrekoa”.
Koordinazio hobea izateko eragozpena da lan-karga, gehiegizkotzat jotzen den lan-karga: “Ahulezia da baliabide material eta giza baliabiderik ezagatik, eta guztiok dugun lan-karga ikaragarri handiagatik. Azkenean, ez duzu batzarra egiteko eta informazioa elkarri emateko astirik; izan ere, biltzen garenean, ‘tira, presaka’ ibiltzen gara aurrera ateratzeko, ezta? Horixe da arazoa, ezta?”.
Erabiltzailearen mailan, balorazio txarra egiten da arreta psikiatrikoaz eta batez ere espetxean sartzeko baldintzez: “Nik besteak ez dakit, baina espetxean medikazio asko ematen da. Hemen medikazioarekin konpontzen da gauza asko. Nik hala ikusten dut. Egunero ematen den gutun-azala da. Gainera kontrolik gabe ematen da, zeren eta beste espetxe batzuetan beharbada haien aurrean hartu behar baitu ematen dizuten medikazioa, ezta? Baina hemen gutun-azalak, eta batzuek gehiegi hartzen dute. Gutun-azala ireki eta 15 pilula, 20 pilula, 30”. “Nik jende asko ikusten dut kaletik 5. modulura zuzentzen (espetxean sartzeko modulua); jakina… leher eginda daudelako. Eta karramarro deritzon segurtasun ate bat dago. Eta askotan esaten didate: ‘Ba al dago ziega hori moduluan?’. Ez, moduluan ziega hobeak dira. Gaizki etortzen dira eta, gainera, 5. moduluko ziega ikusten dute. Lur jota gelditzen dira, lehen baino gehiago. Ate arruntaz gain, segurtasun atea dago (…) Oso zahar daude guztiak (...) Edonon egongo zara hobeto, ziega hobeak dira... Lur jota gelditzen dira, lehen baino gehiago. Askotan suertatu zait niri…”.