Lehen eranskina: Glosarioa
Asaldura mental larria (AML): hainbat modutara defini daiteke asaldura mental larria. Bibliografia ikusita, adostasun handien duen definizioak (National Institute of Mental Health –NIMH– erakundearenak, 1987) hiru alderdi barne hartzen ditu: diagnostiko klinikoa, asalduraren iraupena (kronikotasuna) eta eragindako pertsonak gizartean, familian eta lanean duen ezintasuna.
Diagnostikoa: asaldura psikotikoak barne hartzen ditu (asaldura organikoak kanpo). AMLren barruan diagnostikatutako kategoria guztiak psikotikotzat jotzen dira, zentzu zabalean. Sintoma positiboak eta negatiboak agertzeaz gain, harremanetarako eredua larriki azalduta egon ohi da, testuingururako egokia ez den portaera edo afektibitate desegoki larria erakusten da, eta horrek guztiak errealitatearen pertzepzio desitxuratua eragiten du.
Gaixotasunaren iraupena: asaldura 2 urte edo gehiagoz garatzea edo azken 6 hilabeteetan funtzionamenduaren narriadura mailakakoa eta nabarmena jasatea (rol sozialak uztea eta kroniko bihurtzeko arriskua), nahiz eta sintomak arindu.
Ezintasuna agertzea: funtzionamendu pertsonala, lanekoa, soziala eta familiakoa eragiten da –eragin moderatutik larrira– eta muga funtzionalak sortzen ditu bizitzako jarduera garrantzitsuetan; gainera, ondoren adieraziko diren irizpideak etengabe edo noizean behin agertzen dira:
- Langabezia edo enplegu babestua edo lagundua, trebetasunak argiro mugatuak edukitzea edo lan-historia eskasa.
- Ospitaletik kanpo mantentzeko diru publikoaren beharra eta laguntza hori lortzeko babesa behar izatea.
- Gizarte-laguntza pertsonaleko sistemak ezartzeko edo mantentzeko zailtasunak.
- Eguneroko bizitzako trebetasunetan laguntzaren beharra, hala nola higienean, elikagaiak prestatzean edo kudeaketa ekonomikoa egitean.
- Gizarte-portaera desegokia, laguntza psikiatrikoa edo sistema judizialaren laguntza behar duena.
Asaldura mentala: esangura klinikoko jokabide-eredu edo eredu psikologiko bat, bere jatorria edozein dela, portaeraren disfuntzio, disfuntzio psikologiko edo disfuntzio biologiko baten zeinu indibidual bat da. Zeinu hori sintomatzat jotzen da, ondoezarekin, ezintasun batekin edo hiltzeko zein mina, ezintasuna edo askatasun-galera pairatzeko arrisku batekin lotuta agertzen denean.
Asaldura psikotikoak (DSM IV-TR): asaldura-multzo bat biltzen da termino honetan, besteak beste, eskizofrenia, mota guztietakoa, espektro psikotikoaren hainbat asaldurekin batera (eskizofreniformea, eskizoafektiboa, eldarniozkoa, psikotiko arina, psikotiko partekatua, gaixotasun medikoak edo substantzien kontsumoak eragindakoak). Psikotiko terminoa niaren mugen galera gisa edo errealitatea ebaluatzeko narriadura larri gisa definitu izan da kontzeptualki. Mota honetako asalduretan, “psikotiko” terminoaren definizio desberdinetan aipatzen diren hainbat alderdi azpimarratu ohi dira. Adibidez, eskizofrenian, asaldura eskizofreniformean, asaldura eskizoafektiboan eta asaldura psikotiko laburrean, psikotiko terminoa eldarniozko ideiekin, ageriko edozein haluzinaziorekin, hizkuntza desantolatuarekin edo portaera desantolatuarekin edo katatonikoarekin lotzen da.
Komorbilitatea: AR Fenstein-ek 1970ean finkatutako termino mediko bat da eta bi kontzeptu biltzen ditu:
Asaldura baten edo gehiagoren “agerpena” (edo gaixotasunena), gaixotasun edo asaldura primarioaz gain.
Asaldura edo gaixotasun gehigarri horien “efektua”.
Nortasunaren asaldura (NA): nortasunaren asaldura barne-esperientziako eta portaerazko eredu iraunkor eta zurrun bat da, subjektuaren kultur aukeretatik nabarmenki urruntzen dena. Ondoren aipatutako bi arloetan agertzen da, gutxienez: kognitiboa, afektiboa, pertsonen arteko jarduera edo bulkaden kontrola. Eredu iraunkor hori zurruna da eta makina bat egoera pertsonaletara eta sozialetara zabaltzen da. Nerabezaroan edo helduaroaren hasieran du jatorria eta subjektuarentzat zein inguruan ditun pertsonentzat ondoeza edo aurreiritziak sortzen ditu (DSM IV-TR).
Jarraian, preso dauden pertsonen nortasunean gehien agertzen diren bi asalduren definizioak aipatu ditugu (DSM IV-TR-ren arabera NAen B Clusterren barruan sailkatuta daude).
Nortasunaren mugako asaldura (NMA): pertsonen arteko harremanetan, nork bere buruan duen irudian eta afektibitatean ezegonkortasunezko eredu orokor batek bereizten du, baita ageriko inpultsibitate batek ere. Asaldura honen ezaugarriak dira: labilitate emozionala, autoestimu baxua, desinhibizioa (acting-out portaerak), erreaktibitate handia, mendetasun afektiboa eta abandonuarekiko beldurra, hutsunezko sentimendu kronikoak.
Nortasunaren asaldura antisoziala: gainerako eskubideen aurrean mespretxuzko eta indarkeriazko eredu orokorra. Asaldura honen ezaugarriak dira: sentsibilitaterik eza eta enpatiarik eza, manipulazioa, etsaitasuna eta desinhibizioa.
Osasun mentala (OM): ez dago osasun mentalari buruzko definizio “ofizial” bat, izan ere, edozein definiziotan beti ikus daiteke desberdintasun kultural, iritzi subjektibo eta abarren eragina; baina, oro har, pertsona baten eta bere ingurune soziokulturalaren arteko oreka-egoera gisa defini daiteke eta, besteak beste, ongizate subjektiboa edo autonomia edo potentzial emozionala moduko alderdiak barne hartzen ditu. “Osasun mentala” eta “gaixotasun edo asaldura mentala” ez dira kontrajarritako bi kontzeptu, hau da, asaldura mentalik ez edukitzeak ez du derrigorrez adierazten osasun mentala edukitzea, eta alderantziz, asaldura mental bat pairatzea ez da eragozpen osasun mental itxurazko ona edukitzeko.
Patologia duala: pertsona batengan patologia psikiatrikoa eta mendetasun-sortzailea batera agertzen direnean. Bi patologiek elkarri eragiten diote eta patologia bakoitzaren garapena eta bilakaera aldatzen dute. Patologia psikiatrikoa zein mendetasun-sortzailea bata bestearen arrazoia edo ondorioa izan daitezke. (Patologia Dualaren Espainiako Sozietatea).
Screening:bahetze ere deitzen zaio. Gaixotasun jakin baten seinalerik edo sintomarik ez duen populazio edo talde bati gaixotasuna ote duen detektatzeko aplikatzen zaion estrategia batean datza, eta gaixotasunen identifikazio goiztiarra egiteko aplikatzen da.