3. Buruko nahasmenduen prebalentzia gazte justiziaren baliabideen erabiltzaileetan
Buruko nahasmendu hauen eta beste batzuen (nahasmendu afektiboak eta espektro eskizofrenikoko nahasmendu psikotikoak) prebalentzia handiagoa da gazte justiziako baliabideen erabiltzaileengan. Haur eta gazteen psikiatriako amerikar akademiaren iritziz, gazte justiziaren zerbitzuarekin harremanetan dauden gazteen %40 eta 70 inguruk buruko nahasmenduren bat izan dezakete.
Dena dela, pediatriako amerikar akademiak dio buruko nahasmenduak (eta nahasmendu fisiko ugari) ez direla garaiz diagnostikatzen adin hauetan, eta ondorengo gorabeherei aurrea hartzeko oso denbora garrantzitsua galtzen dela, baita erabat eta modu funtzionalean errekuperatzeko aukera ere.
Oxfordeko Unibertsitatean duela gutxi egindako meta-azterketa baten ondorioak argiak dira eta haur eta gazteen biztanlerian orokorrean baino 10 aldiz buruko nahasmendu gehiagoren prebalentzia tasak ikus daitezke.
Lan honetan 25 ikerketa aztertu dira eta 10 eta 19 urte arteko 13.778 mutil eta 2.972 neskaren datuak daude, denak ere gazteen justizia baliabideetako erabiltzaileak; psikosi, TDAH, depresio eta jokaera nahasmenduen prebalentzia %3,3, %11,7, %10,6 eta %52,8 da mutiletan eta %2,7, %18,5, %29,2 eta %52,8 nesketan, hurrenez hurren. Deigarriak dira nesketan espektro eskizofrenikoko nahasmenduen maiztasun handiak eta nahasmendu depresiboen prebalentzia altuak. Adingabeak direnez gero azterketak nortasun nahasmendu diagnostikorik ezarri ez duen arren, jokaera nahasmenduen tasa oso altuak ezarri ditu (erabiltzaileen erdiak baino gehiagok diagnostiko hau izan du), beraz, diagnostiko honekin bateragarriak diren nortasun patroiekiko neska-mutilen prebalentzia altua ondorioztatu daiteke.
Nortasun nahasmenduetan alterazio eta jokaera hainbat egoten da eta klinikoki garrantzitsuak dira guztiak; alterazio eta jokaera horiek etengabeak izaten dira eta bizi-estilo baten adierazpenak izateaz gain, banakoak norbere buruarekin eta besteekin erlazionatzeko duen modua ere izaten dira. Alterazio hauetako asko banakoaren garapeneko estadio goiztiarretan agertzen dira, dela faktore konstituzionalen dela aurretiazko esperientzien ondorio gisa.
Azken urteetan nortasun nahasmenduen prebalentzia nabarmen hazten ari dela dirudi biztanlerian oro har eta barneratze zentroetan bereziki. Biztanlerian oro har nortasun nahasmenduaren prebalentzia %7-15 ingurukoa zen 2001ean eta gaur egun %12,7-14,6 ingurukoa dela uste da, 33 urterekin pilatutako prebalentzia %28,2koa da. Zoritxarrez ez dago gazteen justizia arloan horiek duten egiazko prebalentziari buruzko azterketa epidemiologiko zorrotzik. Gazteen justizia arloan batez ere bi dira prebalentzia altuagatik eta komorbilitateagatik (substantzia sorgorgarri gehiegi erabiltzeagatik eta indarkeriazko jokaerengatik) azkar hauteman behar direnak: nortasunaren nahasmendu disoziala eta nortasunaren ezegonkortasun emozionalaren nahasmendua.