2. Buruko nahasmenduen prebalentzia adingabeetan
Haur eta nerabeen artean gero eta ohikoagoa da buruko nahasmenduak diagnostikatzea. Azken urteetan aitortu denez, helduaroko nahasmendu psikiatriko gehienak gaztaroan hasten dira. Nahasmendu horien diagnostiko goiztiarra ezinbestekoa da populazio honi berariaz eta modu eraginkorrean heltzeko, geroagoko gorabehera eta ondorio sozio-sanitarioen prebentzio sekundario eta tertziariorako.
Datu estatistiko ofizialen arabera, buruko nahasmenduen diagnostikoak gora egiten jarraitzen du adingabeetan. Hasteko, azter ditzagun arreta falta eta hiperaktibitate nahasmenduaren (TDAH) tasak, eskola adineko haurren %7 baino gehiago baitira. Datua esanguratsua da kontuan izanez gero TDAH dela haur eta gazteen psikiatria zerbitzuetako deribazioen %50aren zergatia, tabakoa, alkohola eta drogak kontsumitzeari lotuta dagoela eta adingabeetan kondena eta delitu kopuru handiagoa eragiten duela.
Jokaera nahasmenduen prebalentzia ere oso altua da haurrengan, haurren populazioaren %2-12 artekoa. Jarreraren nahasmendu larrien faktore etiologikoen artean honakoak aipatzen dira; gurasoek behar bezala ez zaintzea, indarkeria ikustea eta loturekin zerikusia duten gaiak. Arazoaren balizko ondorio sozialak hauek dira: haurtzaroan nahasmendu disozial diagnostikoa duten adingabeen %40 helduaroan antisozialak izango direla (jokaera inmoralak eta erantzukizunik gabeak, hirugarrenen eskubideen mesprezua), bereziki adin goiztiarretan substantzia sorgorgarriak kontsumitzen badituzte (oso ohikoa gure inguruan), pobrezian bizi badira edo etxetik kanpo kokatuta badaude. Azterketa berriagoen arabera, gurasoen estiloak, familiako kideen jokaera antisozialak eta familian armoniarik eza edo banaketak egoteak bikoiztu egiten du nerabeek jokaera antisozialak izateko arriskua.