Hitzaurrea
Urteak dira preso bizi diren pertsonen buruko osasuna Arartekoaren kezka nagusienetako bat dela, kolektibo honek, sarritan izaten dituenak buruko gaixotasuna eta askatasun-falta, gure lehentasunezko arreta eskatzen duelako, ahulezia-egoera berezian egonik.
Azterlan hau pertsona horien oinarrizko eskubideak babesteko ikuspegitik sustatu da, beren bizi-prozesuan zehar arreta sozio-sanitario hobea bilatzeko asmoz, zigor-sistema judizialarekin, eta, zehazki, espetxeko egonaldiarekin duen harremana kontuan hartuta.
Espetxeetako biztanleriari buruzko azterlan askok agerian uzten dituzte pertsona presoen buruko osasunaren narriadura garrantzitsua, buruko nahasdurak dituzten pertsonen egoera eta osasun-arretarako sistemaren gabeziak.
Beharrizan horiek egiaztatu diren arren, eskuragarri dauden bitartekoak urriak dira. Berez, egozgarritasun-maila dela-eta arreta espezializatua behar duten pertsonentzat bi espetxe psikiatriko soilik daude Estatu osoan: Sevillan eta Alacanten. Horrez gain, osasun-sareko ospitale-zentroetan plaza batzuk daude segurtasun-neurriak betetzeko. Hala ere, beste beharrizan asko estali gabe daude, batez ere pairamen ez hain larriak dituzten pertsonei arreta emateko bitarteko baliabideak, espetxe barruko arreta espezializatua eta arreta sozio-sanitarioko kanpo-zerbitzuak.
Errealitate honek azterketa sakon bat eskatzen du, baita erakunde ukituen aldetik konpromiso-maila altuagoa ere. Gure kasuan argi dago euskal administrazioak osasunaren eta gizarte-politiken arloan duen erantzukizuna, kontuan hartuta, gainera, espetxe-osasuneko eskumenak berariaz eskualdatu zaizkiolarik, tokiko administrazioen eremu desberdinetan dituzten eskumenez gain.
Azterlan hau metodologia kualitatiboan oinarrituta egin da, argi eta garbi bereizitako bi fasetan: lehena, 2010. urtearen amaieran hasia eta 2011. urtean zehar garatua; eta bigarrena, 2013ko irailetik abendura, ekainaren 28ko 140/2011 Dekretuaren bidez Eusko Jaurlaritzari eskualdatu zaizkiolako espetxe-osasunaren arloko eskumenak eta gertaera hori garrantzitsua delako txosten hau garatzeko orduan. Halaber, Espetxe Erakundeen Zuzendariordetza Nagusiaren eskutik Espetxeetan Buruko Gaixoei Arreta Integrala Emateko Esparru Programa (PAIEM) bultzatu zela egiaztatu zen.
Ondorioz, eskualdaketa hori ikusita, gaia erabakigarria denez eta garrantzi handia duenez, beharrezkoa iruditu zitzaigun azterketaren bigarren faseari ekitea, errealitate berria ezartzeko arrazoizko epea igarotzean, baloratu ahal izateko ea eskualdaketa horrek zein eragin duen EAEn askatasuna kendu dieten pertsonen buruko osasunaren arreta sozio-sanitarioan eta sortutako egoera berrian.
Txosten honetako helburuak honako hauek dira:
Txosteneko helburuak lortzeko, azterketa bat egin dugu honako azterlan-prozesuari jarraiki:
Txosten hau egiteko EAEn kokatzen diren hiru espetxeetako arduradunen lankidetza eskuzabala izan dugu, baita espetxeetako teknikari, funtzionario, talde mediko eta toxikomania-taldeena, psikiatra aholkulariena eta askatasuna kendu dieten pertsona batzuena, beren esperientzia pertsonala eta espetxeetako errealitatearen ezagutza zuzenak jakinarazi dizkigutelarik. Era berean, Ibaiondo eta txema Fínez adingabe-zentroetako (euskal administrazioaren menpekoak) arduradun eta hezitzaileek eta hirugarren sektoreko erakunde eta organismoek lan honetan parte hartu dute.
Eskerrak eman behar dizkiegu, halaber, Eusko Jaurlaritzako Osasun, Herri Administrazio eta Justizia sailei, ikerketa hau errazteagatik.
Eskerrik beroenak guztioi txosten hau egiten parte hartu eta laguntzeagatik. Haien laguntza gabe ezinezkoa litzateke txostena egitea.