2. Eskumen esparrua
Espetxeen gaineko eskumenak ez dira Euskal Autonomia Erkidegora (aurrerantzean, EAE) eskualdatu, Autonomia Estatutuko 10.14 artikuluan aurreikusitakoa gorabehera; hala ere, ekainaren 28ko 140/2011 Dekretuaren bidez, eta urte horretako uztailaren 1tik aurrerako ondoreekin, espetxeetako osasunaren gaineko zereginak Estatuko Administraziotik Eusko Jaurlaritzara eskualdatzea onartu zen.
Eskualdaketa hori animatzen duen filosofia espetxeetako osasuna erkidegoan integratzeko asmoa da, hau da, biztanleria osoaren esku jarritako estrategiak eta bitartekoak espetxeetako biztanleriari bideratutakoekin parekatzea, azken horrek –bere kondenaren berezko mugak gorabehera– euskal osasun-sistemak eskaintzen dituen kalitate-estandarrak goza ditzan.
Abiapuntuko egoera kontuan hartuta, helburua handizalea da, eta, beraz, Osakidetzako langileen eta espetxe-erakundeen arteko lankidetza ahalik eta gehien sustatu beharko da, egiturak egokitu eta lotzeaz gain. Gure azterlanak agerian uzten ditu eskualdaketa egin zen unetik bi alderdiotan egon diren aurrerapen handiak. Baina, era berean, oraindik ere espetxeetako osasunean antzematen diren eta presoen tratamendu-beharrizanetarako arreta baldintzatzen duten inertziak gainditzeko beharra islatzen du, gure espetxeen praktikan establezimenduko segurtasun- eta erregimen-eskakizunek jasotzen duten lehentasunaren ondorioz.
Horretarako, gure ustez behar-beharrezkoa da eskakizun horiek zehaztu eta erantzuteko orduan euskal agintari publikoen inplikazioa izatea, esleitu zaizkien eskumenak betetzean hartzen dituzten eskakizunen kontra egin ez dezaten, batzuetan gertatzen den bezala. Hori dela eta, espetxeetako eskumen guztien eskualdaketa ahalik eta arinen burutzea beharrezkoa iruditzen zaigu, askatasuna kendu dieten pertsonen buru-osasunaren arreta zigorrak betetzeko eredu propioaren parte izan dadin. Eredu hori, era berean, koherentea eta integrala izan beharko da eta, zigorraren helburuak betetzeari kalterik eragin gabe, ahalik eta gehien aprobetxatuko ditu gure osasun-sistemak eta gizarte-ekintzako sistemak gizarteratze-zerbitzuaren pean eskaintzen dituen ahalmenak eta sinergiak, bai eta gizarte zibil antolatua ere.
Horren harira, estatutuetako aurreikuspenak, erakunde honen ustez, gai honetako eskualdaketak eskatzeko titulu hutsa baino gehiago dira: aukera eskaintzen dute euskal gizartea bere izenean egiten den zigor-jardueraren erabileraren erantzulea izan dadin, bere ondorioak ezagut ditzan, eta, gizarte-justiziaren parametroetatik onargarriak iruditzen ez zaizkion neurrian, zigorrak betetzeko sistemaren diseinua eta kudeaketa sustatu ditzan, gure espetxeetan pertsona gehienak delituak egitera bultzatzen dituzten faktoreak ez kronifikatzeko eta marjinazioa ez areagotzeko xedez.