AURKEZPENA
Niretzat ohore handia da aurten ere Ararteko erakundearen urteko txostena aurkeztea. Horren bidez, 2011. urtean zehar erakunde honek burutu dituen jardueren berri ematen dugu eta, aldi berean, Euskal Autonomia Erkidegoan giza eskubideen egoera orokorrari buruzko ikuspegia eskaintzen dugu.
Gure lanaren kalitatea eta hedapena handitze aldera, material hori formatu elektroniko edo digitalean zabaltzeari lehentasuna ematea erabaki dugu, CD-Roma zein Ararteko erakundearen web orrialdeko estekak erabiliz. Iaz egin genuen moduan, txosten hori eta bertan jasotako informazioa creative commons (open data) izeneko lizentziaren menpe daude. Tresna horrek modu librean eskuratzeko eta berriro erabiltzeko aukera ematen du.
Urteko txostenarekin batera baina bereizita Haurren eta Nerabeen Bulegoaren txostena ere argitaratu dugu, haren autonomia eta erakunde honek adingabeen eskubideen babesa eta sustapenaren alde egiten duen lanaren garrantzia azpimarratzeko helburuarekin.
Ahalegin handia egin dugu Ararteko erakundearen 29 lan-eremuen edukiak laburtzeko eta irakurleentzat interesgarrienak izan daitezkeen eduki edo atalen erabilera zehatza errazten saiatu gara. Txostenean Ararteko erakundeak gizarte erakundeekin izan dituen harremanak aditzera eman ditugu; izan ere, horien laguntzarik gabe gure lana askoz zailagoa izango litzateke eta, zalantzarik gabe, ez zen horren emankorra izango.
2011. urtean zehar Ararteko erakundearen plan estrategiko baten oinarrizko ildoak ezarri ditugu, 2010-2014 aldirako helburu programatikoen zehaztapen gisa. Halaber, 2012rako kudeaketa plan bat eratu dugu, ekintza multzo bat barne hartzen duena. Beste batzuen artean, hauek dira helburuetako batzuk: zerbitzu-gutun bat ezartzea, kexa- eta kontsulta-espedienteen izapidetzea ahalik eta gehien arintzea eta Haurren eta Nerabeen Bulegoa finkatzea, Euskadin haurren eskubideen arloko erreferentzia gisa.
Gure eraginkortasunak euren kexak edo kontsultak mahaigaineratzera etortzen diren pertsonek Ararteko erakundean duten konfiantza azaltzen du. Hori dela eta, jardueren aurkezpenean gure lanaren eragin positiboa azpimarratzen dugu. Eragin hori herri-administrazioekin ezarritako elkarrizketa argia eta konstruktiboaren emaitza da, araudian zein politika publikoetan aldaketak eraginez eta, azkenean, pertsonen bizitza hobetuz.
Zoritxarrez, egiaztatu behar dugu behin baino gehiagotan eskaera jasotzen duten administrazioek ez diotela Ararteko erakundearen informazio eskaerari beharrezkoa den azkartasunarekin erantzuten eta nahikoa ez den moduan erantzuten dutela (IX. atala ikusi). Horrek guztiak eragin negatiboa dauka administrazio on bat edukitzeko herritarrek daukaten eskubidean. Aurten ere zera eskatu behar diet herri-administrazioei: Ararteko erakundearekin modu naturalean eta eraginkorrean elkarrizketan aritzeko prest egon daitezen. Ziur nago modu horretan zerbitzu publikoak eta Euskal Autonomia Erkidegoan bizi diren pertsonen berme sistema modu nabarmenean hobetu litzatekeela.
Kexen eta kontsulten kudeaketarekin eta politika publikoen azterketarekin batera, Ararteko erakundearen eginkizuna Euskadin giza eskubideen kultura elikatzea da. 2011. urtea gogora ekartzen dugunean, oroituko dugu, zenbait hamarkada basatien ostean, ETAk haren indarkeria armatua bertan behera uztea erabaki zuen urtea izan zela. Mehatxu, hilketa eta hertsadura urte gehiegiren ostean, azkenean itxaropen usain gozoa arnastu daiteke. Hala ere, lan asko dago egiteke. Giza eskubideek biktimei eragindako kaltea aitortzeko eta sendatzen laguntzeko beharrezkoak diren zumeak ematen dizkigute. Modu horretan, gehiegikeriak pairatu dituzten pertsonen minarekiko sentikorra den kontaketa eratzen da. Biktima guztienganako elkartasuna inperatibo kategorikoa da euskal gizarte kohesionatua eraikitzeko eta ikuspegia etorkizunean finkatzeko.
Zoritxarrez 2011. urtean ere krisi ekonomikoa intentsitate handiarekin nabarmendu da eta zaurkorrenak diren pertsona eta kolektiboentzako zama bereziki handia izan da. Ararteko erakundeak gizarte eskubideen inguruan jaso duen kexa kopurua modu nabarmenean igo da eta hori euskal populazioaren zati handi batek jasaten dituen zailtasunen adierazle ona da. Eskubide sozioekonomikoek gizakien duintasunaren bizkarrezurra osatzen dute, beraz, eskubide horiek burutze aldera mailaz maila aurrera egitea lehentasuna izan behar da politika publikoen eraketan. Krisi ekonomikoko garaietan hain zuzen ere, eskubide ekonomikoen eta gizarte eskubideen gaurkotasunak esanahirik gorena eskuratzen du.
2011. urtean herritarrak mobilizatzeko modu berri bat berriro jaio da, batez ere gazteen artean, demokrazia, askatasun eta gizarte eskubide gehiagoren alde konprometitu direnak. Mundu mailako mugimendu hori Ekialde Ertainean eta Afrikako iparraldean bereziki an
tzeman da; bertan, Tunis, Egipto edo Libia bezalako herrialdeetan erregimen autoritarioen uzkailtzea protagonista izan baita. Dena den, beste zenbait herrialdetan ere manifestazio eferbeszenteak ikusi ahal izan ditugu, hala nola, Txilen, Israelen, Grezian, Amerikako Estatu Batuetan...bai eta Euskadin eta estatuko beste toki batzuetan ere. Gizarte mobilizazioaren uhin hori ilusioz eta itxaropenez hausnartu behar dugu. Konprometitutako herritarrak demokrazian zein gizarte kohesioan aurrera egiteko ezinbesteko osagaia dira.
Iñigo Lamarca Iturbe
ARARTEKOA