4.4. Etxebizitza duina izateko eskubidea
Espainiako Konstituzioaren 47. artikulua
"Espainiar guztiek dute etxebizitza duin eta egokia izateko eskubidea.
Aginte publikoek beharrezko baldintzak sustatu eta behar diren arauak ezarriko dituzte eskubide hori gauzatzeko, lurraren erabilpena interes orokorrarekin bat arautuz, espekulazioa galarazteko.
Gizarteak erakunde publikoen hirigintzajarduerak sortutako gainbalioetan parte hartuko du".
Jakina denez, azken urteotan, euskal herritarren kopuru esanguratsu baten arazo nagusietako bat etxebizitza duina eskuratu ahal izateko zailtasun objektiboa izatea da. Botere publikoak etxebizitza babestuen sorrera bultzatzen aritu dira, merkatu librean etxebizitza erostea ezinezko dutenei etxebizitza eskuratzea posible egiteko beste neurri batzuekin batera. Neurriak bereziki zuzendu zaizkie etxebizitza-premia larria duten sektore horiei.
Etxebizitza duinaz eta egokiaz gozatzeko eskubidea nabarmenki mugaturik geratu da azkenaldian, krisi ekonomikoko egoera dela eta. Horrek, pertsona eta talde ahulenen diru-sarrerak murriztea dakarrenez, areagotu egin ditu herritar askok dituzten zailtasunak alokairuko gastuen edo etxebizitzen gaineko hipoteka kuoten ordainketari aurre egin ahal izateko.
Gainera, indarreko araudiak eta euskal herri-administrazioek onartu dituzten planak eta neurriak nahikoak ez direla ikusi da, horien bitartez dagoen babes publikoko etxebizitza eskaerari erantzun nahi bazaio eta egungo testuinguru ekonomikoan bizitasun handiagoz azaltzen ari den etxebizitza beharreko egoera bereziei aurre egin nahi bazaie.
Egungo krisia aukera bat bezala hartu behar da etxebizitza duin eta egokia izateko eskubidea benetan bermatuko duen etxebizitzari buruzko legea onartzeaz hausnartzeko, eta euskal herri-administrazioek etxebizitza programak eta politikak berritzeko modua azter dezaten, herritar guztiei eskubide hori ziurtatzeko.
Testuinguru horretan, beharrezkotzat jotzen da apustu irmoa egitea alokairu araubideko etxebizitza babestua sustatzearen alde; horrekin batera, baliabide publikoak nabarmen handitu behar dira, alokairuko etxebizitzen parke publikoak sortu ahal izateko, krisi uneotan halako etxebizitzen eskaria handitu baita. Era berean, lehendik dauden alokairu-merkaturako bitartekaritza programak indartu behar dira, batez ere etxebizitza hutsa mugiaraztea bilatzen dutenak.
Krisiaren ondorio dramatikoenetako bat da egunetik egunera gora egiten duela etxebizitzarako gastuei aurre egin ezinik dauden herritarren eta familien kopuruak. Horren erakusgarri nagusia da utzarazpen judizialek gora egin izana. Presakoa da botere publikoek neurriak hartzea une hauetan hipoteken ordainketa bere gain ezin hartu dezaketen pertsonek beren etxebizitzak galdu ez ditzaten. Horri dagokionez, finantza entitateen eta beren etxebizitzak galtzeko arriskua pairatzen duten pertsonen arteko bitartekaritza-tresnak eta –bideak sustatu beharko lirateke.
Oso positiboki baloratzen ditugu Eusko Legebiltzarreko 2011ko apirilaren 13ko eztabaidan onetsitako 61 ebazpenak, eta bereziki honakoetara zuzendutakoak: alokairuko etxebizitzen kopurua handitzea; alokairuko etxebizitzen sustapen publikoak kokatzeko mapa bat diseinatzea, udalen araberakoa; %50era arte handitzea sustatzen diren alokairuko etxebizitzen kopurua; errentamendurako etxebizitza hutsen kopurua handitzea; eta bitartekaritza programa berri bat sortzea etxebizitzen jabeen eta maizterren artean, etxebizitzak alokatzeko merkatuan modu oneko eskaintzak egin daitezela sustatzeko.
Bestalde, gabeziak edo hutsak konpontzea etxebizitza duin eta egokiaz gozatzeko eskubideari estuki lotuta dagoen betebehar bezala hartu behar da, eta administrazioek arreta bereziarekin eskatu behar diete hori enpresa eraikitzaileei.