3. TXOSTEN BEREZIEN FORMATU BERRIAK
2011. urtearen hasieratik, Arartekoaren argitalpen berri guztiak gure web orrialdean sartzen dira, guztiz nabigagarria den formatuan, estekekin, eta hainbat euskarritan: pdf, html, xml. Euskarriok datuak berriz erabiltzea erraztuko dute; datu ireki guztiak (open data) kargatu ahal izango dira eta, horrela, herritarrek edo gaia ardura zaien enpresek libreki erabili ahal izango dituzte.
Ohiko copyright-a kenduz, datuak berriz erabiltzeko aukera hori dagoela jakinarazteko, hain zuzen ere, creative commons lizentzia gehitu zaio; horrek txostena berrerabiltzeko aukera onartzen du, betebehar bakarrarekin: egilea nor den aipatzea.
Ekimen horren bitartez, Arartekoak bat egin du zenbait administraziok −besteak beste, Eusko Jaurlaritzak− eta gizarte-konpromiso egiaztatua duten enpresa batzuek abian jarritako helburuarekin: hau da, denek aprobetxatzeko datuak ematea eta gehitzea, beste pertsona batzuek berriz aprobetxa ditzaten eta, bestek egindakoan oinarrituta, gauza berriak sor ditzaten.