2.2. Euskadin, e-gizarteratzeari eta, informazioaren eta komunikazioaren teknologien bidez, gizartean eta eremu publikoan parte hartzeari buruzko txosten berezia
Gaur egun elkarri lotutako sare batean murgildurik bizi gara eta etengabe eta berehala edonork hainbat urtetan bereganatu dezakeena baino askoz informazio kopuru handiagoa jasotzen dugu. Informazioaren eta komunikazioaren teknologiak (IKT), ezagutzaren gizartea edo gizarte sareak bezalako terminoak gure hiztegian sartu dira eta, era kontzientean edo ez kontzientean, egunero gure bizitzako alor guztietan agertzen dira (lana, gizartea, familia, etab.).
Txosten berezi honen bidez, Ararteko erakundeak euskal gizartearen eskutik gaur egungo IKTen erabilera eta eskuratze mailaren egoera ezagutu nahi du, bai eta gizartean eta eremu publikoan IKTen bidezko parte hartze maila ere.
Era berean, erabilera eta eskuratze maila desberdinei erantzuteko aukera ematen duen adierazle multzo bat eduki nahi da, une honetan zenbait informazio iturrietan dagoen informazioa osatze aldera. Adierazle horiek txostenetik ondorioztatzen diren gogoeten jarraipena eta eboluzioa erraztu behar dute, bai eta Euskal Autonomia Erkidegoan helburu horrekin abian jarritako politikak monitorizatzen lagundu ere.
Azken xedea hauxe da: gomendioen agiri bat garatzea herri-administrazioentzako. Egindako ikerketan oinarritua dagoen agiri horrek, IKTen bidez, euskal gizartearen e-gizarteratzea eta gizartean zein eremu publikoan parte hartzea jorratzeko erronka eta ildo estrategiko berriak mahaigaineratuko ditu.
Eraketaren metodologia lankidetzan oinarritutako lan esparru baten bidez definitzen da. Bertan, tartean dauden eragile guztiek parte hartu dezakete, bai eta euskal gizarte osoak ere, ezagutza sortzeko eta, beharrezkoa izanez gero, esku-hartze politikak berriro orientatzeko, gizartea ahalduntzeko IKTen erabileraren bitartez.