10. Adinekoak
I. Aurrekariak
Arartekoak arreta berezia jartzen du gero eta ugariagoa den 65 urtetik gorako pertsonen talde heterogeneoarengan.
Talde horren %80 inguru bizitza modu autonomoan gara dezaketen pertsonek osatzen dute, eta gehienak 80 urtetik beherakoak dira. Gainontzeko %20a eguneroko bizitzako jarduerak egiteko laguntza behar duten pertsonek osatzen dute, eta horiek gehienetan emakumeak eta 80 urtetik gorakoak izaten dira.
Pertsona bakoitzaren premiak desberdinak dira, beren osasun-egoeraren (zentzurik zabalenean hartuta), menpekotasun-mailaren eta gaitasun ekonomikoaren araberakoak izaten baitira. Familiarengandik zein gizartearengandik jasotzen duten laguntzak eta bizi diren inguruko ezaugarriek (irisgarritasuna, eta abar) eragin zuzena izango dute beren bizi-kalitatearengan.
Adinekoek gizarteari hainbat alorretan egindako ekarpen garrantzitsua, hala nola, ezagutza eta esperientziaren igorpena, trebakuntza, sormena, etab., baita senideak zaintzen eta laguntzen burutzen duten egiteko ukaezina ere, adineko horien parte hartzea ahalbidetzen duten eta zahartzaroa ahalmenenez edo gaitasunez beteriko bizi etapa gisa agerian jartzen duten politika publikoen garapenean jaso behar dira; gizarte aldaketarako bidea eman duten eta adinekoei merezi duten gizarte esku-hartzerako eta solaserako protagonismoa eta gaitasuna ematen dieten politikak.
Eusko Jaurlaritzako Lan eta Gizarte Sailak burututako ikerketa batek adierazi duenaren arabera, adinekoen % 45 inguruk laguntza informala eskaintzen du (bai osasun egoeragatik hala behar duten senideei, bai iloben zaintzan) eta % 23k besterik ez du jasotzen. Beraz, herritarraren balantzeak adierazi duenez, adinekoek, gizartean dauden estereotipoen aurrean, zaintzak jaso baino, zaintzak eskaintzen dituen taldea osatzen dute bereziki.
II. Arloa kopurutan
2011n 41 kexa berri jaso ziren adineko pertsonen esparruan, aurreko urtean bideratutakoak baino %37 gehiago. Kexak bideratzeko lan hori Jarduera Planari buruzko kapitulu honetako IV. atalean azaltzen ditugun jarduerekin osatzen da.
III. Araudi- eta gizarte-testuingurua. Arartekoaren balorazioa
III.1. Zahartze aktiboa
Joan den urtean hizpide izan genuen politika publikoak sortzerakoan gure administrazioek kontuan hartu beharreko funtsezko ikusmolde eta paradigma hori. Ikusmolde horren oinarria adineko pertsonen giza eskubideak eta independentzia, partaidetza, duintasun, laguntza zein autoerrealizazio printzipioak onartzea da. Helburu nagusia zera da, pertsona orok bere ongizate fisikoaren, sozialaren eta psikoafektiboaren potentziala bizitza osoan zehar gauzatzea eta gizartean parte hartzea bere premiak, nahiak eta gaitasunak aintzat hartuta, behar duenean babesa, segurtasuna eta behar bezalako zaintza jasotzen dituelarik. Hori lortzeak programa eta proiektu interesgarriak ekarri ditu, besteak beste, OMEren Zahartzea eta Bizitza-zikloa programa eta Adinekoentzako egokiak diren hiri globalak proiektua. Modu aktiboan zahartzeak lan-merkatuan jarraitzeko eta norberaren esperientzia partekatzeko aukera ematen du hala nahi izanez gero, eta baita gizartean eginkizun aktiboa izaten jarraitzeko eta bizitza ahalik eta osasuntsuen eta pozen bizitzeko aukera ere.
2011ko azaroan Osasun, Gizarte Politika eta Berdintasun Ministerioak Zahartze Aktiboaren Liburu Zuria argitaratu zuen; ezbairik gabe, agiri horrek adineko pertsonen bizi-kalitatea hobetzeko politikak gidatuko ditu, eta adineko pertsonen partaidetza, babes juridikoa, osasuna, hezkuntza, komunikabideetako irudia, ingurunea eta bestelakoak
biltzen dituen gai-zerrenda zabala zein gai horiek hobetzeko proposamenak lantzeko tresna izango da.
EAEn, aurten, Eusko Jaurlaritzaren Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailak Zahartzen ari direnen ongizatean eta tratu onean aurrera egiteko ehun proposamen: Ekintza Plan baterako oinarriak agiria argitaratu du.
Proposamen horietako asko zahartze aktiboari, menpeko pertsonen arreta koordinatu eta hobetzeari zein adineko pertsonak ongi tratatzea sustatzeari buruzkoak dira. Espero dugu neurri horietako asko presazkoak izateak eta datorren 2012 urtea Zahartze Aktiboaren eta Belaunaldi arteko Elkartasunaren aldeko Europako urtea izendatu izanak gogoetatik haraindi joatera eta emaitza nabarmenak lortzera bultzatuko dituela gure administrazioak.
III.2. Adineko pertsonen oinarrizko eskubideak babestea
Joan den urtean azpimarratu egin genuen adineko pertsonen kontrako tratu txarrak prebenitu eta antzemango dituzten zein mota horretako egoeren aurrean esku-hartze eta babes egokiak bermatuko dituzten neurriak bultzatzeko premia.
Pertsona nagusien bizitzaren, segurtasun ekonomikoaren, segurtasun fisikoaren zein askatasunaren kontrako edo beren pertsonalitatearen garapenari oztopo larriak jartzen dizkien ekintza edo utzikeria oro adineko pertsonen kontrako tratu txartzat ulertzen da, eta esan daiteke gure garaiko gizartearen gaitzik handienetako bat dela.
Halaber, Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailak 2011n argitaratutako Euskal Autonomia Erkidegoko adinekoen aurkako tratu txarren prebalentziari buruzko azterlanak azaldutako datuen arabera, litekeena gure erkidegoan 60 urtetik gorako 13.249 pertsona tratu txarrak pairatzen egotea. Adineko pertsonek gehien sufritzen duten tratu txarra psikologikoa izaten da, eta ondoren utzikeria.
Aurten, Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailak adineko pertsonen kontrako tratu txarrak prebenitzeko eta agerian jartzeko kanpaina jarri du abian markesinetan kartelak jarrita eta irratian zein telebistan iragarkiak jarrita. "Ez horrelakorik onartu" lelopean kanpainak aurpegia eta ahotsa jartzen die biktimei, eta gainera, gizarteak onargarritzat jo izan dituen zenbait egoera ere salatzen ditu: adinekoak infantilizatzea, beren erabakiak hartzen ez uztea, beren autoestimuari kalte egitea, eta abar.
Gure ustez, adinekoen kontrako tratu txarren aurkako borrokan oso baliagarria den ekimena da.
Kanpainaren baitan doako telefono bat ere jarri da abian (900855001), eta bertan 24 orduko arreta emango zaie bai biktima posibleei, baita tratu txarren edozein kasu edo susmo salatu nahi dutenei ere.
Zuzenean tratu txarrak salatzeko izan ez arren antzeko gaiei buruzkoak diren kexak bideratzerakoan egiaztatu ahal izan dugunez, telefono bidez ematen den arretaren zereginik behinena interesdunak kasu bakoitzean egokien diren zerbitzuetara edo bulegoetara bideratzea da. Gure ustez, zerbitzu hori erabil lezaketen pertsonek duten profila (larritasunak edo beldurrak jotako adinekoak edo kasua salatzeko gizarte zerbitzuen bulegora joan nahi ez duten auzokideak eta lagunak) eta zerbitzu horrek ematen duen anonimotasuna kontuan hartuta, komenigarria litzateke ematen den arreta berrikustea kasuetan inplikazio handiagoa lortu eta informazioa dagokien zerbitzu eta bulegoei helarazteko orduan paper aktiboa bete ahal izateko.
Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailak makaltasun– edo mendekotasun-egoeran dauden adinekoei arreta emateko zentro eta zerbitzuetan esku-hartze profesionala gauzatzeko gida bat argitaratu du 2011n, "Pertsonarengan oinarritutako arreta gerontologikoa" hain zuzen.
Bertan proposatzen den arreta-eredua guztiz baliagarritzat jotzen du Arartekoaren erakunde honek, ereduak garrantzi berezia ematen baitio zerbitzuon erabiltzaile diren adineko pertsonen autodeterminazioari. Pertsona bakoitzean eta bere bizi-proiektuan oinarritzen dira arreta bera eta baita arreta horri lotutako antolakuntza eta prozesuak ere. Pertsona bakoitza izaki bakarra da, beraz, pertsonaren duintasuna, bere eskubideak eta bere lehentasunak errespetatzea eta ongizate pertsonala bilatzea hizpide dugun arreta-ereduaren funtsezko balioak dira, baita pertsonak narriadura kognitiboa badu ere.
Printzipio horiek aplikatu ahal izateko sentsibilizazioa eta prestakuntza ezinbestekoak dira; halaber, rol profesional berriak sortu behar dira, zenbait antolakuntza-sistema berrikusi behar dira eta ikuspuntu berri horrekin bat datozen esku-hartzeak diseinatu behar dira.
Gidak eredua inspiratzen duten ideiak eta baloreak aurkezten ditu, eta baita esku-hartzerako estrategiak eta horiek abian jartzeko lanabesak ere; gainera, eredutik urruntzea ekar dezaketen arrisku nagusiak (egunerokotasunaren ondoriozkoak, gehienetan) zeintzuk diren ere azaltzen du.
Arloko Jarduera Planari buruzko atalean arreta-zentroetan adineko pertsonei aplikatzen zaizkien lotura murriztaileei buruz arituko gara, izan ere, adineko pertsonen oinarrizko eskubideei eragin diezaiekeen errealitatea da.
III.3. Autonomia pertsonala sustatzea eta menpekotasun egoera artatzea
Mendetasun Egoerako Pertsonen Autonomia Pertsonala eta Arreta Sustatzeari buruzko abenduaren 14ko 39/2006 Legea (MAAL) eta Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 5eko 12/2008 Legea EAEn garatu eta ezartzerakoan 2011n gertatu diren berrikuntza nagusiak eta berrikuntza horien gaineko zenbait balorazio azalduko ditugu jarraian:
A.- 2011ko urtarrilaren 1ean mailarik larrienean (I. gradua, 2. maila) sartu ziren mendekotasun moderatua duten pertsonak, aipatutako legean jasotako prestazioen onuradun izan daitezen.
B.- Defizit publikoa zuzentzeko aurrekontuen, zergen eta finantzen arloan hartu beharreko premiazko neurriei buruzko abenduaren 30eko 20/2011 Errege Dekretu-legearen hamalaugarren xedapenak aldatu egiten du mendetasunagatiko prestazioak jasotzeko eskubidearen betearazpenari buruzko MAALaren lehenengo azken xedapeneko lehen atala, era honetan aldatu ere:
III. eta II. graduetako mendekotasuna duten pertsonek (mendekotasun handia eta mendekotasun larria) ez dute aldaketarik jasango arretarako eskubidean, eta gauza bera gertatuko zaie I. graduko 2. mailako mendekotasun moderatua duten pertsonei ere baldin eta 2012ko urtarrilaren 1a baino lehen baloratu badituzte.
Gure ustez honako hau atzerapauso tamalgarria da mendetasun egoerako pertsonen autonomia pertsonala eta arreta sustatzeari buruzko araudian, eta espero dugu euskal administrazio publikoek egoera hori konpondu egingo dutela babes gehigarria ezartzeko duten ahalmena baliatuta.
C.- Otsailaren 11ko 175/2011 Errege Dekretuak aldatu egiten du zerbitzuen babesaren intentsitatea eta prestazio ekonomikoen zenbatekoa zehazteko irizpideei eta Gizarte Segurantzari eta zaintzaileei buruzko araudi zaharra. Aldaketa hori araudia moldatu eta I. gradua sartzeko egin da bereziki.
Apirilaren 20ko 570/2011 Errege Dekretuaren bidez Kontsumoko Prezioen Indizearen (KPI) ordez Ondorio Askotariko Errenta Adierazle Publikoa (IPREM) ezarri da Autonomiarako eta Mendetasunari Laguntzeko Sistemako prestazio ekonomikoen zenbatekoa urtero eguneratzeko irizpide gisa.
D.- Balorazioari dagokionez, Mendetasun Egoerako Pertsonen Autonomia Pertsonala eta Arreta Sustatzeari buruzko abenduaren 14ko 39/2006 Legeak mendetasun-egoerarako ezarritako balorazio-baremoa onartzen duen otsailaren 11ko 174/2011 Errege Dekretua onetsi da eta 2012ko otsailaren 18an jarriko da indarrean, eta gainera, Osasun, Gizarte Politika eta Berdintasun Ministerioak Alzheimerra edo bestelako dementziak dituzten pertsonen, itsuak diren zein ikusmen-urritasun larria duten pertsonen, gor-itsuak diren pertsonen nahiz buruko gaixotasun larriak dituzten pertsonen menpekotasun egoera arauz baloratzeko orientazio-gidak argitaratu ditu.
E.- Prestakuntzari dagokionez, Mendetasun Egoeran dauden Pertsonen Arretarako teknikari titulua xedatzen duen eta horretarako gutxieneko irakaspenak finkatzen dituen azaroaren 4ko 1593/2011 Errege Dekretua onetsi da.
F.- Ezinduen Eskubideei buruzko Nazioarteko Hitzarmena arauz moldatzen duen abuztuaren 1eko 26/2011 Legearen zortzigarren xedapen gehigarriak ezartzen duenez, etxebizitza sustatzeko politika ofizialen barruan, Estatuko Administrazio Orokorrak jabeen komunitateei zuzendutako laguntza-ildoak ezarriko ditu ezintasunak dituzten pertsonen eta adineko pertsonen bizi-kalitatea hobetzera zuzendutako jarduerak eta irisgarritasun-lanak egin ahal izateko.
Madrilgo Carlos III Unibertsitateko Giza Eskubideen aldeko Bartolomé de las Casas Institutuak hitzarmen horrek MAALarengan duen eragina aztertu du CERMI- Ezindutako Pertsonen ordezkarien Espainiako Batzordeak eskatuta egindako azterlan interesgarrian.
G.- Bi urte eta erdi igaro dira Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 5eko 12/2008 Legea EAEn indarrean jarri zenetik, eta aurten gauzatu da 40.3 artikuluan jasotako xedapena. Bertan Eusko Jaurlaritzari esleitu zitzaizkion telelaguntza-zerbitzuaren zuzkidura eta kudeaketa.
Ekainaren 28ko 144/2011 dekretu berriak zerbitzua arautzen du eta bakarrik bizi diren 75 urtetik gorako pertsona guztiei zuzentzen die, eta baita mendekotasun-egoera aitortu zaien zein mendekotasun-arriskua duten 65 urtetik gorako pertsonei ere. Pertsona bat mendekotasun-arriskuan egongo da mendekotasunaren balorazio-baremoa aplikatzerakoan gutxienez 23 puntu lortzen baditu I. graduko mendekotasuna dagoela onartzeko ezarritako gutxieneko 25 puntuetara iritsi gabe. Zerbitzuaren onuradun izan ahalko dute, baita ere, buruko gaixotasunen bat zein ezintasun intelektuala, fisikoa edo sentsoriala duten mendeko pertsonek.
Ebazpena jakinarazteko epea bi hilabetekoa izango da, eskaria Gizarte Zerbitzuez arduratzen den Eusko Jaurlaritzaren Zuzendaritzan jasotzen denetik zenbatuta, eta telelaguntza-ekipoa instalatzeko epea, aldiz, 15 egun naturalekoa izango da jakinarazpena jasotzen denetik zenbatuta.
Presazko prozedura bat ere jarri da abian, eta bertan epeak laburragoak dira: hilabete eta 3 lanegun, hurrenez hurren.
Segurtasun juridikoa bermatze aldera, komenigarria litzateke gogoeta egitea, epeak administratuak eskabidea aurkezten duen egunetik aurrera zenbatu beharrean eskabide hori organo jakin batera iristen denetik aurrera zenbatzea komeni den jakiteko, izan ere, orain arteko metodoak zerikusi handiagoa du Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari (HAAJ eta APE) buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean gaiari buruz jasotako preskripzioekin, nahiz eta araudi horrek isiltasunari ematen dion izaera positiboa izan.
Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuaren 2011ko ekainaren 30eko Aginduak zerbitzu horren prezio publikoa hilean 4 eurokoa dela zehazten du, aplika daitezkeen salbuespenak xedatzen ditu eta diru-sarrerak kalkulatzen ditu.
H.- Arabako Foru Aldundiak mendekotasun moderatua (I. gradua, 2. maila) duten pertsonen familia barruko zainketetarako laguntza ekonomikoa arautzen duen araudia (FBZLE) onetsi du martxoaren 22ko 20/2011 Foru Dekretuaren bidez. Horren bidez mendekotasun hori aitortzen zaienek FBZLE jaso ahal izateko bete beharko dituzten baldintza berriak ezarri dira.
I.- Abenduaren 9an Bizkaiko Foru Aldundiak FBZLE arautzen duen eta aurreko araudia indargabetzen duen dekretu berria argitaratu du. Azaroaren 29ko 179/2011 dekretua 2012ko urtarrilaren 1ean jarriko da indarrean.
Labur-labur azpimarratuko ditugu bertan jasota dauden eta erakunde honek aurten argitaratutako EAEn norberaren autonomia sustatzeko eta mendetasunari arreta emateko legearen aplikazioa izeneko txosten berezian egindako gomendioak betetzea ekarriko duten zenbait berrikuntza:
Bestalde, Dekretuak garrantzi handiko beste gai batzuk ere aipatzen ditu, eta uste dugu gai horiek eragin nabarmena izango dutela, beraz, datorren urtean zehar baloratu egin beharko da eragin hori:
J.- Gipuzkoako Foru Aldundiak Mendekoak artatzeko sistemetako laguntza ekonomikoak eta bestelako banakako esleipen ekonomikorako formulak: nazioarteko panorama konparatiboa izeneko azterlana argitaratu du. Mendekoen artapenaren esparruan ematen diren laguntza ekonomikoak kontrolatzeko, ikuskatzeko eta horien kalitatea bermatzeko neurriak hobetzeko hainbat proposamen jasotzen dira bertan.
Bestalde, lurralde historikoan zerbitzu onaren paradigma izan den arren, Aldundiak taxi bono zerbitzua kendu du urte amaieran (2012ko urtarrilaren 1etik aurrera izango ditu ondoreak). Egiteko garrantzitsua betetzen zuen bereziki zaurgarria den talde baten mesedetan: mugikortasun-arazo larriak dituzten eta garraio kolektiboa erabiltzeko zailtasun handiak dituzten pertsonak; sakabanatutako baserrialdeetan bizi diren adineko pertsonak eta pertsona ezinduak; beren ohiko eremutik kanpo daudenean garraio arrunta erabiltzeko arazoa duten ikusmen arazo larridun pertsonak, eta ikusmen arazoak ez ezik entzumen arazoak ere badituzten pertsonak.
Aurki administrazioaren kabuz gaiaren inguruko espedientea zabaltzeko proposamena luzatu nahi du erakunde honek.
IV. Jarduera-plana
IV.1. 2011n arlo horretan egindako lanaren zati handi bat EAEn norberaren autonomia sustatzeko eta mendetasunari arreta emateko legearen aplikazioa izeneko txosten berezia amaitzeko izan da. Txosten honetako V. kapituluko 1.3 atalean (txosten bereziei buruzko atala) azterlanari buruzko laburpen txikia egiten da. Ekainaren 28an txostena Eusko Legebiltzarreko lehendakariari helarazi zitzaion, eta azaroaren 2an, aldiz, Eusko Legebiltzarreko Giza Eskubideen eta Herritarren Eskaeren Batzordearen aurrean aurkeztu zen.
Txostenean jasotakoaren arabera, mendekotasuna bizitzako fase guztietan eman daiteke, hasi haurtzaroan eta zahartzarora arte, baina azken etapa horretan ematen da gehienbat. Horrenbestez, Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) aitortutako mendekotasun-kasu guztien %80 inguru 65 urtetik gorako pertsonak izaten dira; are gehiago, aitortutakoen %50 eta %60 bitartean 80 urtetik gorako pertsonak dira. Gauzak horrela, txosten berezi honek garrantzi handia du erakunde honek adineko pertsonen inguruan egiten duen lanari dagokionez.
IV.2. EAEn norberaren autonomia sustatzeko eta mendetasunari arreta emateko legearen aplikazioa izeneko txosten bereziaren segimendua
Txosten berezian jasotako datuak aurreko urteetakoak izan dira (2007, 2008, 2009 eta 2010). Aurten 2011ko datuei buruzko informazioa eskatzerakoan egin dugun eskaria ez da horren sakona izan.
Txosten berezian behin eta berriro azpimarratu genuen legez, oraindik ere arazoak ditugu mendetasuna artatzeko eta autonomia pertsonala sustatzeko arloan azterketa kuantitatibo fidagarria egin ahal izateko. Horrexegatik gomendatu genuen txosten horretan aldi oro indarrean dagoen informaziorako sistema integratua sortzeko urratsak eman behar zirela.
Eskuragarri ditugun iturri ezberdinek –IMSERSOren menpeko Autonomiarako eta Mendetasunari Laguntzeko Sistemaren informazio-sistema (AMLSIS), Eusko Jaurlaritzaren Enplegu eta Gizarte Gaietako Saila, Arabako Foru Aldundia, Bizkaiko Foru Aldundia eta Gipuzkoako Foru Aldundia– eman dizkiguten datuak ez datoz bat. Horrek berriz ere zehaztasunik ez edukitzera garamatza, eta ondorioz, kasu bakoitzean fidagarrien gerta daitezkeen datuak erabili behar ditugu edo, bestela, iturri bakoitzak ematen dien tratamendua kontuan hartuta gai honen inguruan gertatzen den bilakaerari buruzko ondorioak ateratzen lagunduko digutenak.
IV.2.1. Foru Aldundiek 2007ko urtarrilaren 1etik 2011ko azaroaren 1era bitartean emandako datuen arabera, EAEn guztira 158.870 eskari jaso dira 123.008 eskatzaileren mendetasun-egoera aitortzeko. Hona hemen datu horien lurraldekako banaketa:
Mendetasun-egoera aitortzeko eskariak | ||
Araba | Bizkaia | Gipuzkoa |
19.771 | 69.806 | 69.293 |
GUZTIRA: 158.870 |
Iturria: Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundiak.
Mendetasun-egoera aitortzeko eskariak egin dituzten pertsonak (2007-01-01etik 2011-11-01era) | ||
Araba | Bizkaia | Gipuzkoa |
19.082 | 57.534 | 46.392 |
GUZTIRA: 123.00 |
Iturria: Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundiak.
Hona hemen kasu bakoitza baloratu ondoren mendetasun-egoera bakoitzari ematen zaion sailkapena (0 graduan sartzen dira autonomotzat jotzen diren pertsonak).
2011-11-01a bitartean baloratutako pertsonak | |||||||||
ARABA | BIZKAIA | GIPUZKOA | |||||||
gizonak | emakumeak | GUZTIRA | gizonak | emakumeak | GUZTIRA | gizonak | emakumeak | GUZTIRA | |
0 GRADUA | 1.226 | 2.000 | 3.226 | 3.241 | 5.873 | 9.114 | 2.451 | 3.580 | 6.031 |
1 GRADUA | 1.208 | 1.748 | 2.956 | 4.601 | 8.276 | 12.877 | 2.928 | 4.803 | 7.731 |
2 GRADUA | 1.730 | 2.457 | 4.187 | 4.996 | 8.300 | 13.296 | 3.384 | 5.717 | 9.101 |
3 GRADUA | 1.180 | 2.332 | 3.512 | 5.789 | 11.568 | 17.357 | 2.782 | 5.976 | 8.758 |
GUZTIRA | 5.344 | 8.537 | 13.881 | 18.627 | 34.017 | 52.644 | 11.545 | 20.076 | 31.621 |
Iturria: Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundiak.
Gauzak horrela, 2011ko azaroaren 1ean 79.775 pertsona daude, ofizialki, mendetasun-egoeran, aurreko urtean baino 2.423 gehiago. Hori euskal biztanleriaren %3,65 da.
Lurraldeka, Bizkaian batzen dira mendetasun-egoera aitortua duten pertsonen %54,56, Gipuzkoan %32,08 eta Araban %13,36. Lurralde bakoitzeko biztanleriarekiko konparaketa eginez gero, Bizkaian mendetasun-egoera aitortu zaien pertsonen tasa 1.000 biztanletik 37,66koa da. Tasa hori 36,06koa da Gipuzkoan eta 33,38koa Araban.
Mendetasun-egoeran dauden pertsonen sexukako banaketari dagokionez, EAE osoan gehiengoa emakumeak dira, izan ere, mendetasun-egoera aitortu zaien pertsonen %64,15 emakumeak dira.
Mendeko biztanleriaren mailaketari dagokionez, nabarmendu behar dugu %37,14 mendeko handiak (III. gradua) direla, %33,32k mendekotasun larria (II. gradua) dutela, eta gainerako %29,54ak mendekotasun moderatua (I. gradua) duela.
Mailaketa eta sexua biak kontuan hartuz gero, ondoriozta daiteke emakumeen taldean mendeko handien –egoerarik larriena– ehunekoak gizonen taldekoa gainditzen duela lau puntu baino gehiagoan.
IV.2.2. IMSERSOk eta Eusko Jaurlaritzaren Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailak emandako datuei esker 2010 urtearekiko egon den bilakaerari buruzko zenbait ondorio atera daitezke.
Espedienteak | Irizpenak* | Prestazioak jasotzeko eskubidedun pertsonak | Onuradunak (prestazioak esleituta dizutenak) | Esleitutako prestazioak | Onuradun bakoitzaren prestazioen ratioa | |
Araba | 10.741 | 10.067 | 8.507 | 7.019 | 9.034 | 1,29 |
Bizkaia | 39.929 | 37.888 | 22.606 | 18.296 | 20.164 | 1,1 |
Gipuzkoa | 31.431 | 30.872 | 20.420 | 18.161 | 22.492 | 1,24 |
EAEn GUZTIRA | 82.101 | 78.827 | 51.533 | 43.476 | 51.690 | 1,19 |
Iturria: AMLSIS eta Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Gaietako Saila.
* Administrazioak eskatzailearen mendekotasunaren balorazioaren gainean emandako irizpena, hura autonomotzat jotzen duena edo, bestela, bere mendekotasunaren gradua eta maila zehazten dituena.
Areagotu egin da beste prestazioren bat jasotzen duten eta prestazio honetarako eskubidea duten pertsonen ehunekoa. 2010ean portzentajea %80,99koa zen, eta 2011n, aldiz, %84,37koa izan da. Beste hitz batzuez esateko, prestazioa jasotzeko eskubidea eduki eta arreta itxaroten ari diren pertsonen portzentajea %19,01etik %15,63ra jaitsi da.
Bizkaian hazi egin da 1.000 biztanleko izapidetutako espedienteen kopurua (%32,77 2010ean eta %34,55 2011n), Araban murriztu egin da (%37,48 izatetik %33,65 izatera), eta Gipuzkoan mantendu egin da; azken lurralde horrek, bere biztanleriarekiko proportzioan, lan-bolumenik handiena erregistratzen jarraitzen du.
Oro har, ebazpen-maila (irizpenen eta espediente-kopuruaren arteko proportzioa) hobetu egin da. Gauzak horrela, irizpenen tasa, hasitako espedienteekin alderatuta, %92,40koa izan zen 2010ean eta %96,01ekoa 2011n.
Aurreko urtearekin alderatuta, hazi egin da 1.000 biztanleko prestazioa hartzeko eskubidea duten pertsonen tasa. Gipuzkoan eta Bizkaian antzeko hazkundea erregistratu da, bietan ere Araban baino handiagoa. Tasarik altuena Gipuzkoak du oraindik ere.
EAE osoan onuradun bakoitzagatiko prestazioen ratioa ere hobetu da (1,15 2010ean eta 1,19 2011n). Lurraldeka, Gipuzkoak 7 hamarreneko hazkundea izan du, Bizkaiak 5ekoa eta Arabak 6 hamarreneko beherakada izan du. Hala ere, azken lurralde horrek du ratiorik onena.
IV.2.3. Prestazio-motari eta horien banaketari dagokienez, jasotako datuekin ezinezkoa da ustiapen egokirik edo erreferentzia sistematikorik aurkeztea. Beraz, balioespenak erabili beharko ditugula argi utzita, honakoa aipatuko dugu:
IV.3. Joan den urriaren 1ean, Adinekoen Nazioarteko Eguna zela-eta, erakunde honek prentsan argitaratzeko iritzi-artikulu bat prestatu zuen adinekoen inguruan dauden estereotipoak gainditzen laguntzeko asmoz. Artikuluak administrazio publikoek zahartze aktiboari lotutako ekimenetan lan egiten jarraitzeak duen garrantzia azpimarratzen zuen.
IV.4. Aurten Cuidados Dignos Fundazioarekin batu gara, fundazio horrek egoitzetan bizi diren adinekoekin lotura murriztaileak erabiltzeko praktikak baztertzeko prestakuntza eta sentsibilizazioa ematera zuzendutako lan interesgarria garatzen baitu. Fundazioko lehendakariak jakinarazi digunez, eskuragarri dituzten datuen arabera, Estatuan adineko pertsonentzako egoitzetan bizi diren pertsonen %17,5 eta %23 bitartean nolabaiteko lotura murriztaileren bat (fisikoa edo farmakologikoa) edukitzera behartuta dago, eta gure ustez portzentaje hori altuegia da.
Fundazioak Libera-Ger Araua sortu du zentroetako profesionalei loturen erabilera erabat mugatzen duen lan-metodologia eskaini ahal izateko. Metodologia hori hainbat alderdiren hobekuntzan oinarrituta dago, besteak beste: erabiltzaileen osasuna, senitartekoen poztasuna, zentroaren irudia, langileen motibazioa eta gogobetetasuna eta ematen den zerbitzuaren kalitatea. Gainera, metodo hori ezartzeak ez du kostu gehigarririk eskatzen, helburuarekiko eta lanarekiko konpromiso sakona baizik. Ahalik eta zentro gehien sentsibilizatzea eta "lan egiteko beste modu bat" zilegi dela erakustea du xede.
Fundazio horretan uste dute enpresako kulturaren kontua dela eta loturak deuseztatzeko helburua lortu nahi bada ezinbestekoa dela kultura hori, kudeaketa-sistema eta prozesuak aldatzea. Horrek pertsonarengan zentratutako arretan oinarrituta lan egitea eskatzen du (bizitza-historia eta historia klinikoa banan-banan baloratzea; familiarekin lan egitea; ohea lurrean jartzea, aldakak eta sorbaldak babestea, sentsoreak, eskumuturrekoak eta aulki baxuak ezartzea bezalako bitartekoak erabiltzea; zaintza areagotzea; arrisku-uneak antzematea eta une horietarako errutinak aldatzea; tolerantzia lantzea; emozioak artatzea; eta abar).
Fundazioak, Aragoiko Justiciarekin batera, loturen erabilera egokiari buruzko gida eta horiek ez erabiltzeko ordezko aukeren gida prestatu du (gizarte– eta osasun-arloko profesionalentzat eta mendeko pertsonen senitartekoentzat).
Erakunde honek EAEn pertsona nagusiei emandako arretari buruz 2004an argitaratu zuen txosten berezian eman zituen gomendioekin bat dator filosofia hori.
Gure ustez, ezinbestekoa da pertsona horien oinarrizko eskubideak eta beren duintasunarekiko errespetua sustatzen dituzten zaintza-metodo berriak ikertzea, sortzea eta zabaltzea, eta printzipio horiek gure inguruan zaintza eskaintzen duten erakundeetan sartzen joatea.
IV.5. Aurten Arartekoak Euskal Herriko Unibertsitateko Adinekoen gizarte-partaidetza gizarteko erronka handien aurrean udako ikastaroan parte hartu du Administrazioak eta gizarte zibilak erronkei emandako erantzunak hitzaldia emanda.
IV.6. Joan den urteko txostenean adierazi genuen abenduan amaitu zela Gasteizko Ariznabarra egoitzan egondako lan-greba luzea (zentroak foru-titulartasuna zuen, baina kudeaketa pribatua zen). Egoitza kudeatzen zuen erakundea aldatu eta lan-hitzarmen berria sinatu zen. Denbora bat igaro ondoren, zentrora bisita egin dugu aurten segimendua egite aldera, eta ikusi ahal izan dugu normaltasun-egoera dela nagusi bertan.
V. Kexa-espedienteen analisia
V.1. Adineko pertsonen oinarrizko eskubideak babestea
V.1.1. Adineko emakume batek jakinarazi zigun hauteskunde orokorretan botoa emateko eskubidea urratu nahi ziotela. Pertsona hori epai judizial bidez ezgaituta zegoen eta, hain zuzen, epai horrek eskubide hori kentzen zion buruko gaitzak zituelako. Espediente horri buruzko ondorioak burutik gaixo dauden pertsonei buruzko kapituluaren III.7 atalean jasotzen dira.
V.1.2. Kexa bi bideratu genituenez, aurten senitartekoen tratu txarra jaso zezaketen adinekoen kasuak helarazi dizkigute. Halakoetan, pertsonen oinarrizko eskubideak urratzen zirelakoan, udal gizarte zerbitzuak jakinaren gainean jarri ditugu kasuok baloratu eta esku har zezaten. Gizarte zerbitzuek abian jarri dituzte jarduera egokiak.
V.1.3. Adinekoentzako egoitza batean zegoen adineko pertsona tutelatu baten semeari ez zioten ama bisitatzen uzten. Litekeena da neurri zorrotz horrek bien familia-intimitaterako eskubidea eta familia babesteko eskubidea urratzea. Tutoretza Erakundeak emandako informazioaren arabera, semeak zenbait gatazka izan zituen zentroko langileekin, eta beraz, arazo larriagorik ekidite aldera, zuzendaritzak erabaki hori hartu zuen daukan ahalmena baliatuta.
Bizkaiko Tutoretza Erakundeak Arartekoaren erakunde honi jakinarazi dionez, bere garaian hartutako neurria oso neketsua gertatzen zitzaien ama-semeei, beraz, egoitzarekin bitarteko lanak egiteko prest zegoen bisitak berriz hasteko eskatu eta gomendatzeko. Adineko emakumearen semeari jakinarazi genion zentroko arauak zehatz-mehatz betetzeko konpromiso irmoa izan behar zuela. Ezinbestekoa izango zen elkarrenganako errespetuan, tolerantzian eta laguntzan oinarritutako jokabidea erakustea, eta horrek, ezbairik gabe, onurak ekarriko zizkion amari, berari eta egunero egoitzan bizi diren pertsona guztien arteko giroari.
Adineko pertsonentzako etxeko gizarte zerbitzuei buruzko martxoaren 10eko 41/1998 Dekretuaren 6. artikuluak eta Euskal Autonomia Erkidegoko gizarte zerbitzuen erabiltzaileen eta profesionalen eskubide eta betebeharren gutuna eta iradokizunen eta kexen araubidea onetsi zituen apirilaren 6ko 64/2004 Dekretuak (15-20 artikuluak) erabiltzaileek eta beren laguntzaileek derrigor bete beharreko zenbait betekizun xedatzen dituzte; betebehar horiek etxeko gizarte zerbitzuaren antolakuntza eta funtzionamendua arautzen dituzten arauak betetzearekin zerikusia dute, eta elkarbizitzari zor zaion errespetua gordetzen dute.
Bizkaiko Foru Aldundiaren Tutoretza Erakundeak lehenengo bisitetan laguntza eskainiaz izandako jarduera eredugarria izan da.
V.2. Etxeko arreta: telelaguntza, etxeko laguntza zerbitzua, laguntzarako produktuak, familia barruko zainketetarako diru-laguntzak, eta zaintzaileentzako laguntza
Eusko Jaurlaritzak 60 urtetik gorako pertsonek EAEn dituzten bizi-baldintzei buruz egin berri duen azterlanak gure administrazioek ongi ezagutzen zuten errealitatea berretsi du: mendekotasunari aurre egiteko bizitzeko moduari eta baliabideei buruzko lehentasun argiak ditu jendeak: ohiko bizilekuan gelditzea eta artapen-prozesuan inplikatutako agente guztien laguntza jasotzea (familiak eta zerbitzu publiko zein pribatuak).
Adineko pertsona bere etxean mantentzea ahalbidetzen duten zerbitzuen inguruan jasotako kexen gorakada eta horien emaitzak ikusita, gure administrazioek arreta berezia jarri beharko lukete zerbitzu horiek egokiro funtzionatzen dutela egiaztatzeko eta horiek lortu ahal izateko baldintzak malguagoak direla egiaztatzeko.
V.2.1. Telelaguntza zerbitzuari dagokionez, urteko lehen zatian jasotako kexak (denak ere Araban erregistratu ziren) bi gairi buruzkoak ziren batez ere:
Arauketa-dekretu berria indarrean jarri aurretik ustezko arreta gabezia kasu bat eman zen, eta orduko hartan Foru Aldundiak argudiatu zuen Eusko Jaurlaritzari zegokiola zerbitzua kudeatzea. Kasu hori konpontzeko Eusko Jaurlaritzak aktibatu egin zuen eskatutako zerbitzua, erakunde honek premiazko prozedura bidez esleitu behar zela jakinarazi ondoren.
EAEko telelaguntza zerbitzua arautzen duen ekainaren 28ko 144/2011 Dekretua indarrean jarri zenetik konpondu egin dira I. graduko 1. mailan sartzen diren mendekotasun moderatudun pertsonei zerbitzua esleitzerakoan sortzen ziren arazoak, izan ere, gure ustez, zerbitzua areagotu egin zen aurreko atalean azaldu dugun gisan.
Urteko bigarren zatian kexa-mota aldatu egin zen, eta Eusko Jaurlaritzari zuzenduak izaten ziren. Gai ezberdinei buruzkoak ziren, hona hemen horietako bi:
V.2.2. Etxeko laguntza zerbitzuari buruzko kexak Arabako Foru Aldundiaren jarduerei buruzkoak dira, eta honako gaiei buruzkoak izaten dira:
V.2.3. Familia barruko zainketetarako laguntza ekonomikoari (FBZLE) dagokionez, laguntza ordaintzeko ezarritako datarekin ados ez dauden edo laguntza behar ez den zenbatekoan jaso izanagatiko erreklamazioarekin ados ez dauden pertsonek jarritako hainbat kexa bideratzen ari gara.
Azken horien artean kexa bat nabarmendu dezakegu, izan ere, hura bideratzerakoan konturatu ginen interesdunaren mendekotasun-egoera aldatu egin zela ez jakinarazteagatik eta Bizkaiko Foru Aldundiko Gizarte Ekintza Sailaren zerbitzu ezberdinen arteko informazio-truke informatikoa atzerapenez egin izanagatik, FBZLE ez zela bertan behera utzi une egokian. Ondorioz, FBZLEren behar baino hamar ordainketa gehiago egin zitzaizkien hiru pertsonari, eta azkenean zenbateko horiek erreklamatu egin ziren.
Menpekotzat hartzeko orduan edo prestazioa emateko orduan kontuan hartutako egoera nolabait aldatuz gero, diru-laguntzaren onuradunak aldaketa horren berri eman behar du gertatzen denetik zenbatzen hasita 30 eguneko epean. Hala ere, ezinbestekoa da informazio-truke informatikoetako atzerapen horiek albait azkarren konpontzea eta interesdunei behar ez bezala jasotako zenbatekoak itzultzeko ordainketak zatikatzeko erraztasunak ematea.
V.3. Etxeko arreta
V.3.1. Jaso ditugun hainbat kexatan jakinarazi digute adineko pertsonak orain arteko zentro pribatuan jarraitu Bizkaiko foru-sareko hitzartutako plaza esleipenaren bidez plaza publikorako eskaria onartu arren. Halako kasuetan horretarako ezarritako araudira jo dugu; bertan plaza esleitu ahal izateko kontuan hartu beharreko antzinatasunari lotutako zenbait irizpide eta hainbat baldintza tekniko ezartzen dira, eta zentro-aldaketa egiteko dauden itxaro-zerrendak kontuan hartu behar direla ere adierazten da.
Beste kasu batean, pertsona bat Donostiako Udalak adineko autonomoentzat dituen etxebizitzetako batean sartzeko itxaro-zerrendan zegoen. Pertsona horrek konpartitu gabeko banako apartamentua nahi zuen, apartamentu konpartituan bizi diren beste hainbat pertsonak bezalaxe. Logikoa denez, aurretik eskatuta zutenek lehentasuna dute sarera sartu berri den pertsonaren gainetik, eta halaxe xedatzen du gaiari buruzko Ordenantzak. Horrenbestez, nahi zuena lortzeko modurik egokiena apartamentu konpartituan sartu eta ondoren banakako batera pasatzeko eskatzea izango litzateke.
V.3.2. Bizkaiko foru-sareko egoitzetan dauden adinekoen senitartekoek igorritako hainbat kexa jaso ditugu, izan ere, ez daude ezarritako prezio publikoarekin ados altuegia dela uste baitute. Kasu horietan, gaiaz arduratzen den foru-sailari informazioa eskatu eta kasua aztertu ondoren, ez dugu irregulartasunik aurkitu, indarrean dagoen araudia aplikatuta ezarri baitira prezio horiek.
Prezio hori kalkulatzeko pertsonaren edo bizikidetza-unitatearen guztirako baliabide ekonomikoak eta egoitza-zerbitzuaren kostua (edo gehienezko prezio publikoa) baloratu behar dira. Interesdunak 3.000 eurotik gorako ondare higigarri likidoa edo likidagarria badu (berea edo bizikidetza-unitatearena, per capita), eta halaxe zen aztertutako kasu guztietan, zerbitzuaren kostuaren (72,92 euro eguneko) %90 ordaindu behar du (65,63 euro eguneko) bere ondarea 3.000 eurora jaitsi arte. Une horretatik aurrera bere gastu-gaitasunaren araberako prezio publikoa ordaindu behar du hilean.
Bideratutako kasuetan irregulartasunik ez dagoen arren, kexetatik ondoriozta dezakegu bizkaitarrak ez daudela pozik hizpide dugun arloan lurralde batetik bestera ematen diren ezberdintasunekin (behin baino gehiagotan adierazi dugu desberdintasun horiek alde batera utzi behar direla), baina ondoriozta dezakegu, baita ere, ez direla ohartzen administrazioari zer-nolako kostua eragiten dion foru-plaza bakoitza mantentzeak eta ondarea dutenek beren buruak mantentzeko ekarpena egin behar dutela.
V.3.3. Pertsona batek erreklamazioa aurkeztu zuen Arabako Foru Aldundiaren aurrean, bere ustez senarrari arreta eskasa eman baitzioten egoitza batean eman zituen egunetan. Aldundiak ez zuela inolako irregulartasunik aurkitu jakinarazi zion igorritako erantzunean. Erreklamatzailea ez zen aburu berekoa, izan ere, azaldu zigunaren arabera, adinekoa zentroan sartu eta egun gutxira senitartekoek lesio bat zuela ikusi zuten, eta zentroko langileek jakinarazi zieten pare bat egun lehenago erori egin zelako gertatu zitzaiola.
Erakunde honek gertakaria aztertu zuenean zera egiaztatu ahal izan zuen: aipatutakoak baino erorketa gehiago egon ziren (hiru bat), familiak ez zuen gertatutakoaren berri jaso, egoiliarrak ez zuen behar bezalako arretarik jaso, zentroko langileen artean koordinazioa falta zen eta gertakarien egiaztapena hobetu egin daiteke.
Litekeena da adineko pertsona zentrora sartu zenean behar bezala baloratu ez izana eta horregatik beharrezko neurriak ezarri ez izana, baina begi bistakoa zen zentroak neurriak hartu behar zituela halako gertakaririk berriro jazo ez zedin.
V.3.4. Herritar baten ama erori egin zen Bizkaiko foru-sareko egoitza batean, eta bere haserrea helarazi zigun, izan ere, bere ustez zentroak arinkeriaz hartu zuen gertakaria eta, gainera, berak ezin izan zuenez amarekin osasun-zentrora joan, kobratu egin zioten ama lagundu zuen zaintzailearen zerbitzu-kostua.
Lehenengo kontuari dagokionez, zentroko langileek adierazi zuten ez gertatzeko neurri guztiak hartu arren egoiliarrak erori egin daitezkeela eta horrek larritasuna kentzen diola gertatutakoari. Jakinarazi ziguten, gainera, erreklamatzailearen amak ez zuela erorketen edo arrisku faktoreen aurrekaririk, eta horregatik ez zitzaiola eusteko elementurik jarri. Egoki deritzogu horri, izan ere, erakunde honen ustetan, murrizketa fisikoak jasaten dituzten adinekoek autonomia, duintasuna eta autoestimua galtzen dituzte, beraz, halako neurriak hartu aurretik irizpide objektibo eta egiaztatuak aplikatu behar dira, baimen informatua lortu behar da, medikuaren agindua jaso behar da eta pertsonaren eskubideak babestuko dituzten zenbait berme errespetatu behar dira. Aurretik ezarritako gainerako neurri guztiek porrot egin dutela egiaztatu ondoren erabiltzeko azken baliabidetzat hartu behar dira mota horretako neurriak. Zentroko langileek jakinarazi ziguten emakumea erori ondoren behar bezalako euste-elementuak jarri zizkiotela.
Bigarren gaiari dagokionez, besteren laguntza behar duten adinekoentzako egoitzen foru sareko zentroen barne erregimeneko araudiaren eredua onesten duen Bizkaiko Foru Aldundiaren abuztuaren 23ko 138/2006 Foru Dekretuaren 8.1 artikuluaren azken paragrafoa, 8.3 artikulua eta 9.i) artikulua aztertu ondoren ondoriozta daiteke egoitza-zentroak ez duela aipatutako gastua bere gain hartu behar. Horrenbestez, zentzu hertsian, administrazioaren jarduera ezingo litzateke irregulartzat jo eta, beraz, ez litzateke egokia izango Arartekoak diru kopuru hori itzultzeko eskatzerik.
Hala ere, mota horretako kexak hartzeak Administrazioarekin harremanetan jarri eta kasu jakin honi buruz uste duguna helarazteko beta ematen digu, aukera paregabea baita arauaren egokitasuna neurtzeko, egoera bereziak aztertzeko duen gaitasuna ikusteko eta gure gizarte zerbitzuen erabiltzaileei ematen zaien arretan praktika onak mantentzeko duen birtualtasuna aztertzeko.
Horrenbestez, uste dugu egokia dela foru Administrazioari honako proposamena luzatzea: komenigarria litzateke araudia berrikustea, egoiliarrak erori eta ospitalera presaz eraman behar direnetan (erorketa eurei zuzenean egotzi ezin bazaie) zentroak berak har ditzan bere gain joan-etorriaren eta laguntzaile-zerbitzuaren gastuak (beti ere senitartekoek behar bezala justifikatzen badute eurek ezin dutela joan).
VI. Administrazioaren kabuzko jarduerak
VI.1. Urte amaieran administrazioaren kabuzko jarduera bat hasi genuen osasun-arazo larriak dituzten eta oso nagusiak diren menpeko pertsona biren egoera dela-eta, izan ere, euren egoerak kezkatu egiten gintuen zaurgarriak zirelako (une batzuetan ez zuten etxebizitzarik) eta irailetik aurrera babesgabe eta gizarte-arriskuan egon zitezkeelako familia egoera txarrean zegoelako eta Arabako Foru Aldundiak arazoak izan zituelako beren espedientea bideratzerakoan.
Kasuaren premia eta ezagutzen genituen aurrekariak kontuan hartuta, aldundira jo genuen pertsona horiei berehala etxebizitza bermatuko zien presazko tramitazioa hastea ezinbestekotzat jotzen genuela adierazteko. Sailak laster asko jakinarazi zigun pertsona biak egoitza batean sartu dituztela eta beren kasua kudeatzen ari direla.
Honelako kasuek argi erakusten dute premiazko egoeretan izapideak azkartu egin behar direla, autonomia erkidego ezberdinen artean espedienteak trukatzerakoan aurkitu diren arazoak gainditu behar direla, eta foru-administrazioak egokiro erantzun behar diela premiazko udal-zerbitzuek egiten duten lanari eta ematen dituzten balorazioei.
VI.2. Menpeko pertsonak hartzen dituzten eguneko zentroak ixten direnean, hau da, oporretan zaintzaileek izaten dituzten arazoez arduratzeko espedientea zabaldu da aurten administrazioaren kabuz. Egoki ikusten dugu halako egoeretarako formulak sortzea: garai horretan etxeko laguntza-zerbitzua indartzea, aurretiaz onartzea aldi baterako egonaldia familia oporretan dagoen epealdirako, edo urte-sasoi horretan urtero egonaldia eskatzen duten interesdunei plazak gordetzea.
VII. Ondorioak
65 urtetik gorako pertsonek oso talde heterogeneoa osatzen dute, beren bizi-proiektua modu autonomoan garatzen duten pertsonak (% 80) zein mendekoak diren eta, beraz, arreta behar duten pertsonak (% 20) aurki baititzakegu bere baitan.
Ukaezina da adineko pertsonek gizarteari egiten dioten ekarpena, eta estereotipoak gorabehera, zaintza ematen duen taldea da.
Zahartze aktiboa lortzera bideratutako urratsak ematen jarraitzen dugu. Dagoeneko markatuta daude bultzatu beharko liratekeen neurriak (gutxienez plano teorikoan), beraz, gure administrazioek abian jarri behar dituzte.
Adineko pertsonek pairatzen dituzten tratu txarren errealitatea azaleratu ondoren, behar-beharrezkoak diren hainbat ekimen jarri dira abian, baina ez dira nahikoa gizartearen gaitz horri aurre egiteko.
Erakunde honen ustez, Eusko Jaurlaritzaren Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailak bultzatzen duen eguneroko esku-hartzeen testuinguruan pertsonengan zentratutako arreta-eredua guztiz baliagarria da.
Murrizketa fisikoak jasaten dituzten adinekoek autonomia, duintasuna eta autoestimua galtzen dituzte, eta horrek kasu horiek arautzera eta protokoloak ezartzera behartzen gaitu, murrizketa horiek azkenengo baliabide gisa baino erabil ez daitezen, beti ere behar bezala baloratutako kasuetan eta berme egokiak emanda.
EAEn aitortuta dauden mendekotasun-kasuen %80 65 urtetik gorako pertsonak dira, eta horregatik dute horrenbesteko eragina adineko pertsonengan estatuko, autonomietako eta foru aldundietako mendekotasun-araudiek.
Estatuan onartu berri diren aldaketek atzerapausoa ekarriko dute mendetasun egoerako pertsonen autonomia pertsonala eta arreta sustatzeari buruzko araudiaren ezarpenean, baina espero dugu euskal administrazio publikoek egoera hori konpondu egingo dutela babes gehigarria ezartzeko duen ahalmena baliatuta.
Horrenbeste itxaron ostean, Eusko Jaurlaritzak azkenik hartu du bere gain telelaguntza zerbitzua, eta horrek orain arte antzemandako hainbat arazo amaitzea ekarriko du, izan ere, zerbitzua jaso ahal izateko eskakizunak malguagoak izango dira eta zerbitzua hobetzeko ahalegina ere egingo da.
Bizkaian familia barruko zainketarako laguntza arautzen duen dekretu berriak ekarriko dituen zenbait berrikuntzak EAEn MAAL aplikatzeari buruz Arartekoak 2011n argitaratu zuen txosten berezian jasotako zenbait gomendio betetzea ekarriko dute.
Urtean zehar bideratutako espedienteek erakutsi digute beharrezkoa dela pertsonak euren etxeetan bertan mantentzeko neurri guztiak (telelaguntza zerbitzua, etxez etxeko laguntza, laguntzarako produktuak, etxebizitza moldatzea, eguneko zentroak, aldi baterako eta asteburuetako egonaldiak egoitzetan eta eguneko zentroetan, taxi bono zerbitzua, laguntzaileentzako atsedenaldi eta laguntza programak...) indartzea, horixe baita adineko pertsona gehienek mendekotasuna bizitzeko gogokoen duten aukera.
Jasotako zenbait kexatan egoitzetako plazen prezio publikoa ez dela egokia adierazi digute, eta horren harira agerian geratu da, beste behin ere, desberdintasunak daudela foru aldundi bakoitzak adineko pertsonen egoitzetako plazei jartzen dizkieten prezio publikoen artean. Espero dugu EAEn Gizarte Zerbitzuen Legea garatzeko gai honen inguruan onartuko den legeak desoreka horiek zuzentzen lagunduko duela.
Oraindik ere zenbait gabezia daude egoitzetako arretari dagokionez.
Aurreko urtearekin alderatuta, autonomia pertsonala sustatzeko eta menpekotasun egoera artatzeko prestazioak jasotzen dituzten pertsonen ratioa hazi egin da EAEn, eta nabarmen murriztu da itxaron zerrendetan zeuden pertsonen portzentajea. Garrantzitsua da hobekuntzarako joera horrek aurrera jarraitzea.
Guztirako diru-laguntzei begiratuz gero, familia barruko zainketarako laguntza ekonomikoa areagotzen ari da eta egoitzetako arreta, aldiz, murrizten. Horrek argi uzten du lehen aipatzen genuen lehentasuna, hau da, mendeko adinekoek nahiago dutela etxean jarraitzea, baina eredu horrek zaintzaren kalitateari arreta berezia jartzea eta zaintza hori zerbitzu publiko egokiekin osatzea ere eskatzen du.
Oro har, uste dugu administrazio publikoek jarrera ona erakutsi dutela adineko pertsonen arretari buruz egin dizkiegun proposamenen eta iradokizunen aurrean.