5. Espetxeratuak
I. Aurrekariak
Erakunde honentzat lehentasuneko arreta behar duten taldeen artean, kartzelatutako pertsonek osatzen dutenak berezitasun bat dauka: gainontzeko kasuetan, ematen diren bazterkeria edo desberdintasun egoeren arrazoiak gizarte, ekonomia edo ideologiakoak dira, eta arrazoi horiek euren eskubideak erabiltzea galarazten diete hiritar sektore batzuei. Eta Arartekoaren esku-hartzearen xedea haiek gainditzera bideratutako politika publikoak –edo, batzuetan, halakorik ez egotea– dira. Preso dauden pertsonekin, Arartekoak esku hartzen duen ahultasuna zigor-betearazpenaren eremuan agertzen diren inguruabarrek larriagotzen dute Izan ere, neurri handi batean, espetxean egoteak berak sortzen dituen aurreiritziak arindu nahi ditu gure esku-hartzeak.
Ondorio paradoxikoa da, kontuan hartzen bada askatasuna kentzeko zigorra, hain zuzen ere, birgizarteratzera bideratu behar dela. Konstituzioak horrela aldarrikatu arren, ordea, agerikoa da, gai honetan beste askotan baino areago, teoriaren eta praktikaren artean dagoen aldea. Alde horrek gure kartzelei funtsean delitua zigortu eta prebenitzeko emandako eginkizunak erakusten ditu, eta haren erroa, azken buruan, kontraesan gaindiezin batean dago: gure espetxe sistemak duen birgaitzeari buruzko erretorikaren eta presoa bere familia, gizarte eta lan erreferentzietatik urruntzeak dakarren desgizarteratzearen artean dagoena; erreferentzia haien gabeziak gizarte bazterkeria, txirotasuna eta, ez kasualitatez, gure kartzelak betetzen dituen delinkuentzia mota sortzen den bereizkeria dakartza.
Kontraesan horren aurrean sortzen da Arartekoaren esku-hartzea: bere xede nagusien artean gizarte-egoera ahuleko taldeei erakundeen arreta bultzatzea duen erakundea izanda, ezin dio ezikusiarena egin zigor-betearazpenak, haien bazterkeria arindu beharrean, kroniko bihurtzeari. Horrela, presoen eskubideen defentsa desgizarteratze horren aurkako borroka bihurtzen da, eta honako ildo estrategikoek definitzen dute:
II. Gure esku-hartzearen lege eta gizarte testuingurua
II.1. Esku-hartzeak kasu jakinen aurrean
Ez diogu garrantzitsua iritzi espetxean dauden pertsonengandik hartutako kexen estatistika atala sartzeari; izan ere, gehienak Estatuko gure kideari helarazi behar izan zaizkio, Eusko Jaurlaritzari transferitu ez zaizkion gaiak izanda, hala nola lekualdaketak, zehapenak, helmugak, gradu atzerapenak, espetxe onurak eta senideen bisitak ukatzea, eta beste autonomia erkidegoetako espetxeetako osasun egoerari lotutako arazoak. Hala ere, Arartekoaren irizpidea honakoa da: eskuduntza mugek erreklamazio bat formalki izapidetzen utzi zen ez, haren oinarria baiesten dugun guztietan gure esku dagoen laguntza guztia eman behar diogu hura agertzen duenari. Aurten ere horrela egin dugu, honako maila bietan burutu ditugun borondate oneko gestioen bitartez:
Zentzu horretan egindako esku-hartze guztiak –kexa aipagarrien atalean haien adibide bi jaso dira– lehen puntuan aipatu ildo estrategikoetatik abiatu dira, erreklamaziogilea kondenatzeko delitua gorabehera. Horren barruan izaera terroristakoak sartzen dira; haiei dagokienez, erakunde honek zigorrak Euskal Herriko edo gure autonomia erkidegotik gertuko kartzeletan betetzea eskatu du aurten, berriz ere. Era berean, publiko egin dugu zigorrak betetze hori, baimenak, baldintzapeko askatasuna, espetxe onuren zenbaketa edo gaitz larri edo sendaezinak dituztenak kartzelatik ateratzea bezalako gaietan, irizpide orokorren arabera arautzearen alde dugun jarrera. Hori dena, legearen interpretazioa birgizarteratzeko irizpideetan oinarrituta, indartu egin da, gure iritziz, ETAk bere jarduera kriminala behin betiko amaitu duela iragarri zuen unetik.
Jarraian, arestian aipatu ildo estrategikoen harira, 2011ko berrikuntza nagusiak aztertuko ditugu. Azpiegiturei dagokienez, urteko gertakizun nagusia Arabako espetxe berria abiatzea izan da. 116 milioi euro baino gehiago balio izan du eta 1.800 lagun hartzeko lekua dauka. 2011ko irailaren 12ko aginduz sortu zen, eta Langraizko presoak abenduan eraman ziren hara.
Antolakuntzako eta araudiko berrikuntzei dagokienez, funtsezko erreferentzia bi dira:
II.2. Espetxe berriari dagokion zigor-betearazpen eredua
Espetxe politika azken urteetan, delituak ugaltzeari erantzun barik, gure kartzeletako biztanleria esponentzialki handiarazi duen politika kriminalaren testuinguruan baino ez da ulertzen. Horrela, Espainia kriminalitate tasarik txikiena duten Europako herrietako bat izanik (45 delitu 1000 biztanleko, Europako 69,1eko batez bestekoaren aurrean), biztanleko preso gehien duen herria da (160 preso 100.000 biztanleko, Europan batez beste 121 izanik). Paradoxa hori, funtsean, hiru eragilek azaltzen dute:
Horren guztiaren ondorioz, azken hiru hamarkadetan laukoiztu egin da Espainiako espetxeetako biztanleria, eta hazkunde horrek ez dauka batere proportziorik biztanleria osoak aldi berean izandako %22ko hazkundearekin. Azken hamar urteotan, eta espetxe administrazioak erregimen erdi askeetan betetzeko modalitateak bultzatzeko ahalegina egin badu ere, 45.000 preso inguru izatetik 2011ko azaroan 71.387 izatera igaro gara, txosten hau ixterakoan Barne Ministerioak argitaratutako azken estatistika hura izanik. Haietatik %20 baino gehiago behin-behineko espetxealdian zeuden.
Gure iritziz, Arabako espetxea eraikitzea eredu horren esparruan ulertu behar da; haren zerbitzura, Ministro Kontseiluak, 2005ean, 2006 eta 2012 artean 11 kartzela berri eraikitzeko plana onartu zuen, 1.647 milioi euroko plana, hain zuzen ere. Espetxe berria irekitzeari buruz egin dezakegun balorazioa urtez urte erakunde honek adierazi duen jarrerari lotu behar diogu: herritarrek eta erakundeek barneratu behar dituzte kartzelak sortzen dituen kalteez, haren giza eta gizarte kostuaz eta, ondorioz, bestelako zigor erantzunak abiarazi beharraz, norberaren erantzukizuna eta birgizarteratzea errazteko, hori dena, delituen biktimen interesak eta eskubideak ahaztu barik.
II.3. Euskal Autonomia Erkidegoak espetxeei buruzko eskuduntzak bere egitea
II.3.1. Irizpide orokorrak
Erakunde honen ibilbide osoan, etengabe errepikatu dugu espetxeei buruzko eskuduntzak oraindik transferitu gabe egoteak, gure ustez komeni litzatekeen bezala, ez duela galarazi behar euskal administrazioek, euren eskumenen esparruan, kudeatzen dituzten zerbitzuen sare normalizatua presoei hedatzeko ahal duten guztia egitea. Horregatik, ondo deritzogu Justizia eta Herri-administrazio Sailak gaiari buruzko eskumen esparrua, osatzen duen arlo bakoitzeko lan zehatzaren bitartez, ahalik eta gehien bultzatzeko erakutsi duen interesari.
2011n Sail horrek Barne Ministerioarekin horretarako sinatu zituen lankidetza hitzarmenei dagokienez, gure ustez, gure azken txostenetan, gai horretako eskumenak pixkanaka hartzea, Estatu mailako politika kriminalaren esparruan ere, presoen eskubideak benetan hobetu ahal duen eredu propio bihurtu dadin bultzatu ditugun irizpideekin alderatu behar dira haiek. Hobekuntza ez dagokio bakarrik euskal erakundeak eta haiek mugiarazi ditzaketen baliabide publikoak hurbilago egoteari; aitzitik, eskumenen transferentzia, zelan burutzen den, gure gizarte sarearen ahalmen osoa birgizarteratzearen alde baliatzeko aukera ere bada; zentzu horretan, Arartekoak urtez urte baloratu ditu haren gaitasunak eta engaiamendua Legebiltzarraren aurrean.
Aipatu irizpideak honela laburbil daitezke: eskumenen transferentziak gaitasuna eman behar dio EAEri eremu handi bitan erabakiak hartzeko; izan ere, gure ustez, eremu horiek gai honetan politika koherentea autonomiaz garatzeko aukerak baldintzatzen ditu. Honakoak dira:
II.3.2. Aurrerapenak eta egitekoak
Puntu bi horietatik lehenengoari dagokionez, aipatu hitzarmenek ez dute aintzat hartu gure herri-botereen protagonismoa handitzea. Horrek haien esku-hartze osoaren eraginkortasuna baldintzatzen duen heinean, eskumenak pixkanaka hartzearen baitan, ahalik eta lasterren, zentzu horretako aurrerapenak ere sartu beharra azpimarratu behar dugu.
Bigarren puntuari dagokionez, aldiz, aurrerapenak gertatu dira; izan ere, sinatutako hitzarmenetako batek birgizarteratzeari lotutako gizarte erakunde laguntzaileek betetako eginkizuna indartzen du, eta gainera sail berezi bat gorde da aurrekontuetan horretarako. Horretaz egiten dugun balorazio ona, ordea, ezin zaio zabaldu Atxilotuari Gizarte Laguntza eta Orientabidea emateko (AGLOZ) eta Birgizarteratzeko (ZBLZ) zerbitzuei emandako eginkizunari: Barne Ministerioarekin sinatutako hitzarmenen testuinguruan, Justizia eta Herri-administrazio Sailak ulertu du zerbitzu horiek burutzen ari ziren lanak euren eskumenak gainditzen zituela eta, beraz, hura murriztea erabaki du. Erakunde hau ez dator bat erabaki horrekin; izan ere, gure gomendioa, hain zuzen ere, hura zabaltzea zen, jarraian laburbilduko ditugun arrazoiengatik.
II.3.3. Justizia Administrazioari Laguntzeko Zerbitzuen eginkizuna
Urtez urte errepikatzen dugu zerbitzu horiek justizia administrazioaren erabiltzaile eta langileentzako erreferentzia sendoa baino gehiago direla: delituaren aurrean, hura egiten duenaren desgizarteratzea areagotu beharrean, euskal administrazioak haren birgizarteratzea errazten duten moduen sustapenean gero eta gehiago inplikatzeko aukera ere badira. Abiapuntua legeak justizia erakundeei zentzu horretan ematen dien eginkizun garrantzitsua da, zigor-betearazpenaren esparruan ez ezik, inguruabarren –toxikomaniak, gaixotasun mentalak, etab.– balorazioan ere bai, egokia denean, egozgarritasuna murriztu eta, horren ondorioz, segurtasun neurri egokiak erabakitzeko. Eginkizun hori betetzeko hartzen dituzten erabakietan, halabeharrez, erabakigarria da interno baten ibilbideari edo iragarpenari buruz duten informazioa. Informazio hori eguneratua, diziplina artekoa eta osoa izateko baliabideak eta erakundeen estaldura dauden neurrian, errazagoa izango da epaileek, pertsona batek egindako delituaren ondorioak agertzerakoan, hark izan dezakeen arazoa osorik aintzat hartzea; horrek derrigorrez ekarri behar du ezarriko zaizkion zigorren edo neurrien birgaitzeko eraginkortasun handiagoa.
Horrexegatik, eta zerbitzu horiek lan hori burutzen duten modua zuzenean egiaztatu dugulako, transferentzien testuinguruan, Eusko Jaurlaritzaren eta Justizia Ministerioaren artean 1994ko apirilean haren jarduketa arautzeko sinatu zen hitzarmenak ematen dizkion eginkizunei balioa ematearen alde egin dugu beti. Azken urtean, lau arlotan egiaztatu ahal izan ditugu eginkizun horiek gauzatu diren lanak:
• Justizia erakundeei dagokienez:
AGLOZek eta ZBLZk epaitutako pertsonaren familia, gizarte, lan eta osasun egoeraren eta egoera pertsonalaren berri eman die epaitegi eta auzitegiei, bai epaiketaren zain haren egoerari buruz har daitezkeen erabakiei begira, bai zigorrak betearazteari eta segurtasun neurriei dagokienez. Askatasuna kendu gabeko zigorra aplikatzeko proposamenak aurkeztu dituzte, pertsona bakoitzaren zigor eta espetxe egoera osoa bilduz. Puntu horri dagokionez, behin-behineko espetxean dauden pertsonak kartzelatik ateratzeko gizarte baliabideen eta berrerortzea prebenitzen laguntzeko eta behin-behineko askatasuneko gizarteratze planak hasi ahal izateko kontrol neurrien berri eman diete epaitegiei. Izapidetze fasean gizarte txostenak egin dituzte, behin-behineko kartzelaratzea ebazteari edo hari eusteari buruzko erabakiak hartzeari begira, eta etenduretan eta segurtasun neurrietan justizia erakunde eskudunak ezarritako betekizunen betetzearen jarraipenean. Azkenik, berariaz lagundu diote erakunde honi EAE barruan eta kanpoan kausak eta prozedurak bilatzen, eta zigor aurrekarien deuseztapena izapidetzen.
• Auzipetuei dagokienez:
Ziegetan, espetxean edo laguntza zerbitzuen bulegoetan abegiari buruzko motibatzeko elkarrizketaren ondoren, jarduketa batez ere plan pertsonalak egitera eta, dagokionean, birgizarteratze prozesuan pertsonari laguntza ematen dioten gizarte zibileko erakundeekin koordinatzera zuzendu da. Zentzu horretan, garrantzi handia dauka, prozesuan dagoen pertsonari laguntza emateko, familiei laguntza eta informazioa emateko lanak. Bisita asko espetxean gertatu dira, bertan hasi behar baitu esku-hartzeak, funtsezko kontuak, hala nola erantzukizunak hartzea eta delitua gertatzeko arrazoietan sakontzea, sartzeko abiapuntu.
• Baliabide sozisanitarioei dagokienez:
Interesatuaren berariazko baimena izanda, koordinazio iraunkorra izan dute pertsonek harremana duten tratamendu programekin eta zerbitzuekin, aldian aldikoa behar den kasuetan, hilekoa, eta orokorrean. Halaber, eremu soziosanitarioaren eta judizialaren arteko bitartekaritza egiten da.
• Abokatuei dagokienez:
Bukatzeko, zerbitzu horiek lantzen ari diren kausen ardura duten abokatuekin burutzen duten koordinazioaren garrantzia berretsi dugu. Ofizioz eskatzen zaizkien kontuei behar den arreta ez emateagatik baino gehiago –aurten esku hartu dugun kasu guztietan, abokatuen laguntza bikaina izan da–, auzi jakin baten emaitzatik harago, atxilotuek amaitzeke izan ohi dituzten kontuen kopurua eta sakabanaketa direla-eta, zaila izaten delako birgizarteratzeari begira eraginkortasunez esku hartzeko behar den ikuspegi osotik kasu bakoitzari heldu ahal izatea.
Justizia eta Herri-administrazio Sailak, ordea, ez die puntu honetan Arartekoaren gomendioei jarraitu. Aitzitik, zerbitzu horiei emandako baliabideak eta eginkizunak murriztu ditu, eta azaldu ditugun eginkizun guztiak burutzetik, 2012ko urtarrilaz geroztik, "Askatasuna kendu gabeko zigorrak kudeatzeko eta justizia erakundeei etendura betearazleen eta askatasuna kentzeko zigorren ordezpenaren, eta haiek direla-eta zigortuei ezarritako tratamenduen eta jokabide arauen jarraipen eta kontrolean laguntzeko zerbitzua" izatera igaro dira. Horrela adierazi zuen Sailak, gure gomendioak aintzat hartzeko moduaren berri emateko egin genion eskaerari erantzunez, komunitatearen onerako lan zigorrak eta zigor-betearazpenaren ordezko formak benetan betetzeko Espetxe Erakundeen Idazkaritza Nagusiarekin uztailean sinatu zituen hitzarmenen ondoren sortutako zereginak berrezartzeko testuinguruan.
Erabaki horrek, adierazi dugunez, ez dakar aurrerapenik euskal herri-botereek zigor-betearazpenean inplikazio gero eta handiagoa izateko Arartekoak egokiena deritzon noranzkoan. Horrela adierazi arren, ez dugu baztertzen, erakunde honek bultzatzen duen ereduarekin funtsean bat etorrita ere, Sailak, uneko faktore zehazgaitzak, batez ekonomikoak, ikusita, neurria egokitu nahi izana.
Edonola ere, erabakia oinarritzeko, zerbitzu horiek betetako eginkizunari buruz Sailaren erantzunak daukan balorazioa azpimarratu behar da: zalantzan jartzen du haien zereginetik onura argi eta ukigarria ateratzen denik zigor prozeduran sartutako pertsonarentzat; dioenez, epaileen, fiskalen, gizarte zerbitzuen, espetxe erakundeen eta abokatuen eskumenak inbaditu dituzte etengabe; eta aditzera ematen du, euren eginkizunak egiten zuten bezala burutzen jarraituz gero, zalantzan jarriko luketela arlo horietako guztietako profesionalen lan ona.
Arartekoaren ikuspuntutik ezinezkoa da adierazpen horrekin bat etortzea, ez gure eskarmentu zuzenaren arabera, ez horri buruz Euskal Herri osoan justizia eta gizarte langileengandik bildu ahal izan dugun iritziaren arabera; Sailaren balorazioarekin duten desadostasuna faktikoa izan ez ezik, kontzeptu eta arauaren interpretazio alderdietara ere zabaltzen da:
II.3.4. Arau aldaketak
2011n onartutako erreforma dela-eta, Espetxe Arautegiak izan dituen aldaketek honako alderdietan eragin dute batez ere:
Espetxe administrazioak isolamenduko preso kopurua murriztu eta haien bizi baldintzak arintzeko egindako ahalegina. Zentzu horretan, Erregimen Itxiko Internoekin Esku Hartzeko Programa aipatu behar da; sistema biguntzeko eta pertsona erregimen arruntean txertatzen aurrera egiteko ahalegin bat. Hala ere, 2011ko arau aldaketak FIESi lege babesa ematearen eta fitxategietan sartutako pertsonaren bizi erregimena mugatzearen alde egiten du. Haien xedea interno talde jakin batzuei buruzko informazio zabala izatea litzateke, haien loturak ezagutu eta "erregimen kudeaketa" egokia egin ahal izateko. Baina datu horiek (espetxekoak, gorabeherak, kanpoko komunikazioak...) lortzeak, nahi eta nahi ez, zenbait kontrol tresna eta praktika egotea eskatzen du, eta gutxienez gure kezka adierazi behar dugu, haiek direla-eta, pertsonen oinarrizko eskubideei eragin diezaieketen neurrian. Horrela jaso dute, esaterako Espetxe pastoralaren Justizia Arloak 2011n egindako Lege Proposamenek:
III. Arloko jarduera-planean aurreikusitako beste jarduera batzuk
III.1. Bilerak elkarteekin
Hiru lurraldeetan bilerak egin ditugu presoen birgizarteratzean lan egiten duten gizarte ekimeneko erakundeekin eta abokatu elkargo bakoitzeko Espetxe Laguntzako Txandaren ardura duten abokatuekin.
Urtero dauzkagun topaketa horien bitartez, burutzen ditugun jardueren berri elkarri emateko esparru egonkorra izan nahi dugu, urte osoan gure esku-hartzea eskatzen den kasu jakinei buruz daukagun harremanaz gain. Bestalde, adierazten dizkiguten kezkarako arrazoiei esker, gure espetxeetako egoeraren bilakaera ezagutzen dugu lehen eskutik. Txosten honetan aipatutakoak ez ezik, aurten honakoak azpimarratu behar dira:
III.2. Bilerak administrazioekin
III.2.1. Fiskaltza
Fiskaltza Nagusiarekin eta Probintziako Buruzagitzekin bildu gara, arestian aipatu ditugun erakunde honen jarduketen berri emateko, eta praktikan zigorrak betetzeko modalitateak eta legedian xedatutako segurtasun neurriak aplikatzeko moduak egiaztatzeko eta haiei buruz hausnartzeko. Osasun mentalari espetxe eremuan emandako arretaren arazoak arreta berezia izan zuen.
III.2.2. Eusko Jaurlaritza
Justizia sailburuordearekin –besteak beste– zigor-betearazpenari buruz urte osoan daukagun harreman etengabea ez ezik, Osasun eta Kontsumo Saileko Droga-mendekotasunen Zuzendaritzak deitutako Justizia eta Espetxe Batzordean parte hartu dugu.
IV. Kexarik aipagarrienak
IV.1. Genero indarkeriaren biktima bati bere erasotzailearen tratamenduaren eta espetxe onuren berri ematea
Salatutako egoera
Emakume batek Arartekoagana jo zuen gertakari bati buruz zeukan kezka azaltzeko: haren bikotekide ohiak kondena betetzen zuen hura hiltzen saiatzeagatik, eta espetxe baimenak zeuzkan. Haren ustez, horrek bere biktima eskubideak urratzen zituen, bai zekarkion segurtasun ezagatik, bai erasoaren ondorioz ezarritako erantzukizun zibila ordaintzeko ahaleginik egin ez zuelako, espetxean lan ordaindua izan arren.
Arartekoaren esku-hartzea
Arartekoak ulertu zuen erreklamaziogileak eskubidea zeukala bere erasotzaileari emandako onurari buruzko informazio osoagoa izateko. Espetxe administrazioari eskatu arren, irteteko baimena zuen eguna baino ez zioten esan. Datu hori baino ez zuela, eta erantzukizun zibila betetzeke egonda, ez generitzon arraroa egoera, aldi berean. mehatxu eta biktima izaerarekiko begirune faltatzat jotzea.
Horren ondorioz, herritar horrek gertatzen ari zitzaionaren ezagutza izatea lortzea bilatu zuen gure lehen jarduketak. Eusko Jaurlaritzaren zigor-betearazpenari eta birgizarteratzeari laguntzeko zerbitzuen bitartez, horri buruzko datu garrantzitsu biren berri izan genuen: alde batetik, zigor eta espetxe araudiak horretarako daukan gutxieneko denbora igarotakoan eman zitzaiola baimena, berariazko tratamendu baten esparruan: internoak aprobetxamenduz egin zituen ikastaroak eta terapiak, eta haien arduradunek, euren ebaluazioan, haren damua eta haren nortasunaren bilakaera ona ikusi zituzten. Testuinguru horretan, legeak bilakaera horri laguntzeko daukan tresna bat ziren baimenak. Hori bermatzeko, hasiera batean egun batekoa izango ziren, eta denbora guztian presoa erakunde espezializatu bateko –Loiola Etxea– langileek lagunduta egongo zen; bestetik, presoak hilabete bi eman zituen espetxean jasotzen zuen soldatatik 200na euro sartzen, erantzukizun zibila ordaintzen joateko.
Azken alderdi horri dagokionez, gestioak egin genituen epaia eman zuen auzitegiaren eta zigor-betearazpenen epaitegiaren aurrean, eta haien ondorioz, ordainketa aginduen kobrantza geldiarazita zegoen puntua aurkitu zen, eta berehala sartu ziren erreklamaziogilearen kontuan. Baina, biktimaren segurtasunari eta jabekuntzari dagokienez, askoz garrantzitsuagoa iritzi genion bere erasotzaileari emandako baimenaren zentzuari, edukiari eta garapenari buruz eman genion informazioari esker burutu zen prozesuari. Puntu horretan, Loiola Etxeak emandako laguntzaren garrantzia azpimarratu behar dugu: pertsona horrekin jarraitutako lan ildoaren berri eman ondoren, erreklamaziogileari zuzenean azaltzeko egin genion proposamena onartu zuen. Eta profesionaltasunez eta xamurtasunez egin zuen; harekin harremanetan egon zen presoarekin baimenez ateratzen zirenean egingo zituzten mugimendu guztien berri emateko, eta haren esanetara jarri zen ahal zuten guztietan laguntzeko.
Emaitza
Erreklamaziogileak arazoari emandako ikuspegi hori onartu eta eskertu zuen, gure eskarmentuaren arabera, begirunez eta hurbiltasunez tratatzen dituztenean biktimek erakutsi ohi dituzten adorez eta eskuzabaltasunez. Gure ustez, gertatutakoak erakusten du biktimarenganako arretak informazio objektibo eta osoa eta gizatasuna uztartu behar ditu, arazoei osotasunean helduz:
IV.2. Espetxean dauden atzerritarrek ezkontzeko edo Izatezko Bikoteen Erregistroan inskribatzeko behar diren agiriak lortzea
Salatutako egoera
Donostiako emakume batek, preso zegoen frantses nazionalitateko pertsona baten bikotea izanda, urte eta erdiz ahalegindu zen harekin Izatezko Bikoteen Erregistroan alta ematen. Ez zuen lortzen, horretarako espetxean zegoen pertsonaren egoera zibilaren ziurtagiria eskatzen ziotelako, eta hori haren jatorrizko herriko erregistro zibilak eman behar zuen. Frantzian, ordea, agintariek ziotenez, pertsona hori zenbait urtez bere herritik kanpo bizitzeak ziurtagiria ematea galarazten zuen.
Arartekoaren esku-hartzea
Horri buruzko gestioei ekin genien Eusko Jaurlaritzako Gizarte Gaietako sailburuaren aurrean, hura aipatu zerbitzuaren kudeaketaren arduradun hierarkikoa izanda.
Azaldu genion pertsona horrek Frantziatik kanpo emandako denbora Espainian preso egondako berbera zela eta, beraz, eskatutako ziurtagiriaren bidez frogatu nahi zen datua –hots, bikotekide biak ezkongabeak izatea–, gure iritziz, agiri bi uztartuz froga zitekeela: alde batetik, espetxe agintarien ziurtagiria, tarte horretan ezkondu ez izanari dagokionez; bestetik, baietsi genuenez, Frantziako agintariek eman zezaketen "extrait d’acte de naissance integral" delakoa.
Emaitza
Sailburuordea ados agertu zen, eta jarraibideak eman zituen inskribatzeko eskabidea onar zezaten eta, aurrerantzean, erregistroaren irizpideak azaldutako zentzuan zuzendu zitzaten. Erreklamaziogileak aipatu agiriak lortu zituenean, haiek aurkezteak bikotea Erregistroan inskribatzeko balio izan zuen.
V. Ondorioak