3. TXOSTEN BEREZIAK
3.1. 2015ean argitaratutako txostenak
Arartekoak txosten berezi hau argitaratu zuen 2013an: E-inklusioa eta Euskadin herritarrek IKTen bitartez gizartean eta eremu publikoan parte hartzea.
2014ko amaieran, txosten hori atera eta handik bi urtera, gomendio haiek betetzen ote ziren aztertzeko ekintzak burutzean, Arartekoak eguneratu egin du txosteneko gomendioen ezarpena. Horretarako, informazioa eta agiriak bildu ditu euskal herri administrazioek gai hauetaz onartu dituzten ekimenei buruz:
• Web-orri instituzionaletan zerbitzuak eta edukiak errazago eskuratzeko jarduerak.
• Kanal anitz eskura izateko eskubidea sustatzeko ekimenak.
• Sakelako telefonoetan erabiltzeko aplikazioak egitea, bereziki adinduentzako eta dibertsitate funtzionala duen jendearentzako.
• IKTen bitartez herritarrek parte hartzeko eta gardentasuna sustatzeko ekimenak.
Izan ere, asmoa da, batetik, jakitea euskal administrazio publikoek e-inklusioaren eta herritarren partaidetzaren alorretan azken bi urteetan zenbaterainoko aurrerapausoak eman dituzten; eta bestetik, administrazio horiek Arartekoak lehen aipatu 2013ko txosten berezian egindako gomendioak gauzatzeko zenbaterainoko konpromisoa hartu duten jakitea.
Honatx ondorioetako batzuk:
Bilakaeraren analisiak hainbat gertakari jarri ditu agerian, herritarren zein euskal administrazio publikoen eremuan:
• Eten digitalak murrizten ari dira pixkanaka, batik bat generoarekin eta adinarekin zerikusia dutenak.
• Beste eten digital batzuk, ordea, lan-jarduerarekin eta familia-motarekin zerikusia dutenak, adibidez, berdin jarraitzen dute: interneten erabileran berdintasunik eza da nagusi (landunak/langabeak, seme-alabadun familiak/seme-alabarik gabeko edo kide bakarreko familiak).
• Administrazioek, txosten honetan aipatu gai batzuetan, dagozkien zereginak bete dituzte eta herritarren e-inklusioa eta partaidetza ahal bezainbeste errazteko bitarteko eta moduak jarri dituzte.
• Hala, erregulazio eta estrategia aldetik aurrerapauso handiak eman dituzte: Euskadiko Demokraziaren eta Herritarren Partaidetzaren Liburu Zuria idatzi eta Euskal Administrazio Publikoaren Legearen Proiektua diseinatu dute.
• Hala eta guztiz, txosten honetan ere gomendio-zerrenda bat egin dugu, oraindik betetzeko daudelako eta administrazioek aztertu eta baloratu egin beharko lituzketelako.
3.2. 2015. urtean egiten ari diren txosten bereziak
3.2.1. 2015. urtean dezente aurreratu da txosten berezi berria prestatzen: EA
Eko ospitaleek ezgaituentzat duten irisgarritasunaren diagnostikoa.
Azterlan horretan (oinarrizko agiria bukatzear dago), ezgaituek erabat gizarteratu eta gizartean parte hartzeko Arartekoari funtsezkoa iruditzen zaion gai bat jorratu nahi da: Euskal Herriko ospitaleen irisgarritasuna.
• Irisgarritasunari buruzko araudia zenbateraino betetzen den aztertu nahi da eta Euskal Herriko ospitale sistemaren gabeziak identifikatu nahi dira, ezgaituen joan-etorrien segurtasunari eta eraginkortasunari dagokienez.
• Antzemandako akatsetan oinarrituta, lehentasunezko ekintza-plan bat ezarri beharko litzateke, eta Euskal Herriko ospitale sistemaren irisgarritasunari buruzko diagnostikoa lortu eta gero, beharrezko gomendioak egin beharko litzaizkieke eragindako administrazioei, irisgarritasun arloko araudia bete dezaten eskatzeko eta, hala, ezgaituek diskriminatuak ez izateko eta aukera berberak izateko duten eskubidea benetakoa eta eraginkorra izango dela bermatzeko.
• Azkenik, emaitzak jendaurrean hedatuz, erakundeak, enpresak eta gizartea kontzientziatzea sustatu beharko litzateke, behar adinako bultzada lortzeko beharrezko neurri eta ekimenak abiaraz daitezen, irisgarritasun-arazo handieneko pertsonen bizi-kalitatea hobetzeko asmoz.
3.2.2. EA
Eko udaletako gizarte-zerbitzuen egoerari buruzko azterlana
Arartekoak orain arte bi txosten berezi egin ditu EA
Eko oinarrizko gizarte-zerbitzuen gainean: lehena, 1999an, eta bigarrena, 2009an. Harrezkero, oinarrizko gizarte-zerbitzuetan eragin handia izan duten aldaketak gertatu dira, testuinguru sozioekonomikoan, araudian eta antolaketaren arloan.
Bost urte pasatxo igaro dira administrazio, gizarte-erakunde eta talde profesionaletako arduradunekin partekatutako azterketa eta gogoeta haiek egin zirenetik, eta herritarren kexak kontuan hartuta, beharrezkoa iruditu zaigu hausnarketa-prozesu bat proposatzea, jakin nahi baitugu udaletako gizarte-zerbitzuak nola erantzuten ari diren biztanleek azaldutako beharrei, indarreko araudiak udalei eman dien eginkizunaren eta erantzukizunaren ikuspegitik, eta baita ere udaletako gizarte-zerbitzuek zer bilakaera izan duten azken urteotan, ikuspegi hauetatik begiratuta: egindako zerbitzuak, artatutako pertsonak, kontratatu diren langileak edo egindako gastua. Eta datu horiek abiapuntu hartuta, zehaztu nahi da zer ezberdintasun dauden lurraldeen artean edota Euskadin gizarte-ekintza arloan udal eskumenak gauzatzeko orduan egiaz dauden ereduen artean. Urteko txosten hau ixteko egunean, bukatzear dago txosten berezi horren ondoriozko testua.
3.3. Arartekoaren ikerketa-beka
Arartekoak ikerketa-beka bat eman dio, 2015-2016 aldirako, Izaskun Orbegozo ikertzaileak aurkeztu duen proiektu honi: “Pertsonen salerosketak EA
En duen eragina aztergai”.
Arartekoko eta Euskal Herriko Unibertsitateko ordezkariek osatu dute Hautaketa Batzordea eta, haien ustez, proiektu horretan zenbait baldintza biltzen dira: adibidez, proiektuaren diseinu egokia eta ikerketa horren erabilgarritasuna, pertsonen –batik bat emakume eta haurren-salerosketaren arazoak kezka eta ardura sortzen baitizkio Ararteko erakundeari.
Ararteko erakundeak hainbat urtez iragarri izan ditu ikerketa-bekak giza eskubideen arloan. Horrela, bere eginkizunekin bat etorriz, diziplina arteko ikerlana bultzatu nahi izan du giza eskubideen arloan, gure autonomia erkidegoaren lurralde esparruan. Beka horien helburua da giza eskubideak Euskadin zenbateraino ezartzen diren ikertzea, egoerarik txarrenean dauden gizarte-taldeetako bati dagokionez.
Aurtengo maiatzean egin zen 2015eko deialdia, aurrekontu arrazoiengatik 3 urtez iragarri ezinik egon ondoren, eta 32 proiektu aurkeztu dira deialdi honetara.