8. ETORKINAK ETA KULTURA ANIZTASUNA
Aurrekariak
Atal honetan Arartekoaren jarduketetako batzuk jaso ditugu, etorkinen eskubideei eragiten dietenak, etorkinak euskal administrazio publikoen politiken xede diren aldetik. Halaber, immigrazioaren eta atzerritarren eskubideen inguruko berritasun adierazgarrienak aipatuko ditugu. Azkenik, arlo honetan herritarrei dagozkien eskubideen egoeraren balorazioa aurkeztuko dugu.
Ikuspegi-Immigrazioaren Euskal Behatokiaren datuen arabera, 2015ean, 116 herrialdetatik etorritako 137.397 atzerritar daude. Atzerritarrak euskal biztanle guztien % 6,3 dira; Estatu mailan, biztanle atzerritarren batez bestekoa altuagoa da, % 15eraino iristen baita. Etorkinen % 50,7 gizonezkoak dira, eta % 49,3 – emakumezkoak. Nazionalitateei dagokienez, jatorrizko herrialdeak, nagusiki, Maroko, Errumania, Bolivia, Portugal eta Kolonbia dira. Iaz, 141.316 atzerritar egon dira EAEn, hortaz, berretsi egin da beheranzko joera. Izan ere, 14.497 pertsona gutxiago daude erroldatuta, 2012ko datuekin (151.894 atzerritar) alderatuta. Horretan, ez dira kontuan hartu nazionalizatu direnak. Europan errefuxiatutako pertsonen kopurua handitzeak oraingoz ez du eraginik izan erroldan inskribatzen direnen kopuruan.
Enplegu Ministerioaren arabera, hain zuzen, 2015eko apirileko datuak aztertuta, EAEn atzerriko 48.059 herritar zeuden Gizarte Segurantzan afiliatuta, hau da, 3.100 gutxiago, 2008ko apirileko datuekin alderatuta. Urtean zehar, gora egin du afiliatuen kopuruak. Gutxi gorabehera, etorkinen herena Europar Batasunetik etorri da, batez ere, Errumania, Portugal, Frantzia eta Italiatik; beste bi herenak, berriz, Europar Batasunetik kanpokoak dira, kasu gehienetan, Bolivia, Maroko, Txina eta Kolonbiakoak. Emakumeen afiliazioak hobeto egin dio aurre krisiari, atzerriko emakume langileak 2008ko apirilean 18.684 izatetik 2015eko apirilean 23.274 izatera pasatu baitira. Atzerritarren presentzia altua duten sektoreen artean, etxeko zerbitzua bezalako jarduerak, krisiak gogorrago jo dituen beste sektore batzuek –adibidez, eraikuntzak– baino egonkortasun handiagoa erakutsi du, eta horixe da emakumeen afiliazioa handitzeko arrazoietako bat.
Ikuspegi erakundeak 2015ean egindako barometroaren arabera, euskal biztanleek dagoeneko ez dute immigrazioa benetako arazotzat jotzen. % 12,4raino jaitsi dira fenomeno horren aurkako iritziak; ez zen 2008tik halako portzentajerik ikusten. Halaber, hobetu egin da tolerantzia-indizea: % 58,04 (datu hori kontabilizatzen hasi zenetik bigarren puntuazio altuena). Gora egin du etorkinak osasun- nahiz hezkuntza-sisteman sartzearen aldeko iritzien portzentajeak ere. Azken urteetan nabariki beheratutako datua izan da.
II. Mundu Gerratik ezagututako errefuxiatuen krisirik handiena bizi du Europak aurten eta inoiz ez bezala igo da asiloa eskatzen dutenen kopurua. Halaber, nabarmen handitu dira migratzaileen jarioak. ELGEren (Ekonomiako Lankidetza eta Garapenerako Erakundea) urteko txostenaren arabera, aurten milioi bat pertsona iritsi dira Europara. 2014an, berriz, 630.000 heldu ziren. 2015ean, 350.000-450.000 pertsonari aitortu zaie errefuxiatuaren estatutua. ELGEk azpimarratu duenez, larritasun handiko fenomenoa bada ere, “Europak inoiz ez bezalako krisi tragiko horri erantzun behar dio, eta badu horretarako gaitasuna”. Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Komisarioak (ingelesezko UNHCR) zenbatetsi duenez, milioi bat baino gehiago dira 2015ean Europara itsasotik heldu diren migratzaile eta errefuxiatuak. Guztira 1.000.573 pertsona izan dira, eta horietatik 844.176 –%80 baino gehiago– Greziara, kasu gehienetan, Lesbos uhartera iritsi dira. Bestalde, 152.000 pertsona Italiara heldu dira, 3.592 Espainiara, eta beste 105 – Maltara. Europara heldu diren pertsonen %49 Siriatik etorri da, %21 Afganistanetik eta %8 Iraketik. Kopuru horri gehitu behar zaio %4 Eritreatik heldutakoa, beste %2 Pakistan, Nigeria eta Somaliatik etorritakoa, eta %1 Sudan, Gambia eta Malitik datorrena. Etorkinen % 90 baino gehiago hamar herrialde horietako batetik etorri dira. Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Komisarioak esan du, gainera, migratzaile eta errefuxiatuen %25 haurrak direla, %17 – emakume helduak, eta gainerako %58 – gizon helduak. Mugarik Gabeko Medikuek bildutako datuen arabera, aurten ere, zoritxarrez, 3.771 pertsona hil dira Mediterraneo itsasoan, Europarako bidean.
1. Arloa kopurutan
Etorkinek, gainerako herritarrek bezalaxe, erakundearen lan arlo guztiei eragiten dieten kexak aurkezten dituzte. Azpimarra daiteke kexa asko gizarte-eskubideei dagozkiela, hortaz, batez ere, gizarteratze, hezkuntza, etxebizitza eta osasun arloei eragiten dietela. Eragindako beste arlo bat segurtasuna da. Adingabe atzerritarrei dagozkien kexak Haur eta Nerabeen Bulegoko txostenean aztertu dira. Haren txostena geure egiten dugu. Estatuko Administrazio Orokorrarekin zerikusia duten kexak Herriaren Defendatzailearen Bulegora bideratzen dira. Hori guztia dela eta, zaila da kolektibo horrek aurkezten dituen kexen kopurua zehaztea.
2. Kexarik aipagarrienak
2.1. Erroldatzea
Aurten ere erroldan inskribatzearekin zerikusia duten kexak izapidetu ditugu. Kasu gehienetan, kexa horiek Arartekoak esku hartu ondoren bideratu egiten dira, eta gure iritziz, udalek, oro har, betetzen dute arlo hori arautzen duen legedia.
Aurtengo jardueren artean, nabarmendu behar dugu Bilboko Udalak gure iradokizuna onartzea ondorioz ekarri duen esku-hartzea.
Gaiarekin lotutako elkarte batek aurkeztutako kexa izapidetu dugu; izan ere, kexagilearen arabera, Bilboko Udalak etxebizitza-zerrenda bat du, eta pisu horien kasuetan, erroldan izena emateko eskaerak ez dira berehala onartzen, baizik eta benetan bertan bizi izatea egiaztatzeko eskatzen da aurretik, eta horrek hainbat hilabetetako atzerapena eragiten du.
Kexan azaldu zutenez, atzerapen horretan ez zegoen salbuespenik, hau da, bai helduei bai adingabeei eragiten zien. Gainera, helbide berri batean erroldatzeko zailtasunak egoten ziren, aurreko alta (beste helbide batean) egin zenetik hilabete baino gutxiago igaro bazen. Elkarteak jasotako informazioaren arabera, aplikazio informatikoak ez zuen uzten erroldan izena ematen, inskripzioa emateko aldia gutxienez hilabetekoa ez bazen. Bestalde, helbide batean erroldatutako pertsonen kopurua handia zenean, orduan ere, zailtasunak egoten ziren erroldan izena emateko.
Arartekoak, 2015eko ekainaren 16ko ebazpenaren bidez, iradoki dio Bilboko Udalari, udal erroldan izen-ematea berehala izapidetzen ez denean, arrazoitu dezala benetako bizilekua egiaztatzen duten agiriak eskatzeko beharra, eta justifikazio horretan kontuan har ditzala proportzionaltasun eta berdintasun printzipioak, baita adingabearen interes gorena ere. Halaber, iradoki diogu argitara eman ditzala helbidean benetan bizi izatea egiaztatzeko agiriak egitea justifikatzen duten irizpideak. Udalak erantzun du dagozkion jarraibideak emango direla gomendioan jasotakoarekin bat jarduteko, eta aztertuko dela formaltasun juridikoa, helbidean benetan bizi izatea egiaztatzeko agiriak edo beste ikerketa batzuk egitea justifikatzen duten irizpide orokorrak –edo hobeto esanda, generikoak– jakitera emateko. Azkenik, udalak jakinarazi digu erakunde honi emango diola emaitzaren berri.
2.2. Diru-sarrerak bermatzeko errenta (DBE) eta etxebizitzarako prestazio osagarria (EPO) ukatzea, etetea eta azkentzea
Jarraitu dugu jasotzen ezkontidea beste herrialde batean –normalean, bere jatorrizko herrialdean– duten etorkinei laguntzak ukatu eta azkentzeari buruzko kexak. Araudiak ezartzen duenez, ezkontza bidez edo ezkontzakoaren antzeko beste harreman iraunkorren baten bidez lotuta dauden pertsonek elkarrekin bizi behar dute bizikidetza-unitatea osatzeko (Diru-sarrerak bermatzeko errenta arautzen duen 147/2010 Dekretuaren 5.1 a) artikulua). Salbuespen gisa, etorkinek eska dezakete laguntza, elkarrekin bizi ez badira ere, baina egoera horrek ezin du bi urte baino gehiago iraun. Lege-aurreikuspen horren ondorioz, laguntzak azkendu egiten zaizkie epea bukatu baino lehen bikotearekin berriz elkartzea lortu ez duten edota banantzea formalizatu edo dibortziatu ez diren atzerritarrei. Erakunde honek helarazi du bere iritzia ezkontide atzerritarrek izaten dituzten familia berriz elkartzeko zailtasunen inguruan. Izan ere, askotan, banantze-aldi luzea egiaztatu da. Kontua da bikotea atzerritarra denean, araudiak ezarritako zenbait baldintza bete behar dituela, hau da, familia berriz elkartzea ez dago familiaren esku, hemengo bikoteen kasuan bezala. Europako Esparru Ekonomikoaren gaineko akordioan jasotako estatuetako nazionalitaterik ez duten pertsonei Espainian sartu eta bertan bizi ahal izateko baldintzak ezartzen dizkiete bai atzerritarrek Espainian dituzten eskubide eta askatasun, eta horiek gizarteratzeari buruzko urtarrilaren 11ko 4/2000 Lege Organikoak (aldaketekin), baita Europar Batasuneko eta Europako Esparru Ekonomikoaren gaineko Akordioa sinatu duten estatuetako herritarrak Espainian sartu, aske ibili eta bizitzeari buruzko otsailaren 16ko 240/2007 Errege Dekretuak ere. Ondorioz, zailago bihurtzen da bizikidetza egiaztatzeari buruzko baldintza betetzea.
Arartekoak Lanbideri adierazi dion moduan, etorkinek (edo nazioarteko babes edo aterpea ukatu zaien eskatzaileek) osatutako bizikidetza-unitateen kasuetan, ezkontideak ezin badira elkartu (ez dituztelako betetzen araudian ezarritako baldintzak, edo Estatuko Administrazio Orokorrak ez duelako onartu berriz elkartzeko eskaera), edukirik gabe utziko litzateke diru-sarrerak bermatzeko errentarako eskubidea, euren zaurgarritasun egoerarekin zerikusirik ez duen eta ezin bete duten baldintza bat eskatzen zaienean.
Bestalde, egitatez bananduta luzaroan egon diren bikoteak izaten dira batzuetan. Egitatez bananduta dauden pertsonek beste herrialde batean izan badute azken helbidea elkarrekin, edo beste ezkontidea non bizi den ez badakite edo hura beste herrialde batean badago, zailtasunak izaten dituzte banantzea formalizatzeko edo dibortziatzeko.
Aipatu nahi dugun espedientean, lege-aurreikuspen hori aplikatuta, bi urteko salbuespena ere ez da kontuan hartu. Ondorioz, diru-sarrerak bermatzeko errenta eta etxebizitzarako prestazio osagarriaren prestazioak ukatu zaizkio eskatzaileari, bizikidetza-unitaterik osatu ez duelako. Izan ere, kexagilea ezkonduta badago ere, ez da bere ezkontidearekin bizi, hura Aljerian bizi baita. Kexagileak 2013. urtean eskuratu zuen Espainiako nazionalitatea. Gainera, % 44ko desgaitasun-gradua zuen.
Lanbideren esanetan, salbuespen hori ez zitzaien aplikatzen jatorrizko edo eskuraturiko Espainiako nazionalitatea duten pertsonei. Erakunde autonomo horrek ulertzen duenez, nazionalitatea eskuratzeko prozesua interesatuaren borondatez hasten da, horrek eskaera aurkezten duenean. Etorkina herrialdearekiko lotura izateko denbora nahikoa igaro denean ematen da, eta horrekin immigrante izaera izateari uzten dio. Bere ustez, ez dago tratu ezberdintasun diskriminatzailerik, ezberdintasuna nahikoa oinarritua dagoen arrazoi batean oinarritzen da baizik. Izan ere, ez zegoen jasota atzerritarra den ezkontidearentzat Espainian egoitza eskatu zenik. Arartekoak berdintasun-printzipioaren ikuspuntutik aztertu zuen Lanbideren jarduera eta 2015eko maiatzaren 5eko ebazpena igorri zuen.
Ebazpenean ondorioztatu zenez, ezkontideek bizikidetza-unitate bat osatzeko elkarrekin bizitzeko exijentziak, 147/2010 Dekretuaren 5.1 a) artikuluan aurreikusitakoa, bertokoak atzerriko ezkontidea duen kasuetan, berdintasun eskubidearen (Espainiako Konstituzioaren 14. artikulua) aurka doa, eta diru-sarrerak bermatzeko errentaren eskubide subjektiboa edukirik gabe uzten du (18/2008 Legearen 12. artikulua). Lege-aurreikuspen hori aplikatuz, jaiotzez beste estatu batekoa den baina espainiar nazionalitatea eta desgaitasuna duen pertsona bati tratu ezberdin bat ematen ari zaio beste espainiar batzuen aldean.
Errazagoa da pertsona hauek Schengen Akordioaren parte ez den estatu batekoa den ezkontidea izatea. Hori dela eta, Euskadin elkarrekin bizitzeko irizpide legal zehatz batzuk bete behar dituzte. Era berean, bere ezkontidearekin bizitzeko ezintasunagatik diru-sarrerak bermatzeko errenta prestazioa ukatzeak tratu ezberdin bat ematea dakar, ezkontide edo bikoterik ez duten, baina gizarte bazterketa egoera berdinean diru-sarrerak bermatzeko errenta lor dezaketen beste pertsonen aldean.
Ustez neutroa den lege-aurreikuspen hori ezartzean lortutako emaitza neurrigabekoa da, subjektiboa den eskubide bat lortzea galarazten duelako, diru-sarrerak bermatzeko errenta lortzekoa bezala, oinarrizko beharrei eta gizarteratzeko edo lan prozesutik sortutako gastuei aurre egitea helburu duena. Bukatzeko, adierazi genuen migrazio mugimenduek bizikidetza kasu berriak sortzen ari dituztela, kexan aipatutako kasuan bezala, non etorkin batek Espainiako nazionalitatea lortu duen, beste nazionalitate bat duen bere ezkontidearekin berriz elkartu aurretik. Hortaz, gure iritziz, Eusko Jaurlaritzak, 147/2010 Dekretuaren 5.4 artikuluan ezarritako aurreikuspena aplikatuz, berak hala erabakita edo beste herri-administrazioek hala proposatuta, bizikidetza-unitate kasu berriak ezarri beharko lituzke gizarte garapenari erantzuna emanez, eta zehazki, familia egitura ereduen garapenari.
Beste espediente batean, Lanbidek pertsona bati diru-sarrerak bermatzeko errenta eta etxebizitzarako prestazio osagarria ukatu zizkion, bere lan- eta egoitza-baimena iraungi zenez, lanetik bota zutelako. Lanbidek ulertu zuen 147/2010 Dekretuaren 9. artikulua aplikatu behar zuela, eta artikulu horren arabera, eskubidearen titularra izateko baldintzetako batek dio, espedientearen izapidetzea amaitu aurretik, eskatzaileari legokiokeeneskubide edo prestazio ekonomiko oro baliatu behar duela, eta laneko diru-sarrerak izanez gero, ezin izango duela lanaldi-murrizketarik izan edo antzeko egoera batean egon”.
Arartekoaren ustez, egoera administratibo irregularra izateagatik lanik gabe geratu izana borondatezkotzat hartzea ulertezina da. Halaber, ezin da ulertu zergatik esan nahi duen jarduketa horrek kexagileak eskubide ekonomikoa baliatu ez duela. Bestalde, Justizia Auzitegi Nagusiaren arabera, bizileku iraunkorra izateko baimena ukatzea ez da zuzenbidezkoa. Horretan guztietan oinarrituta, prestazioak ukatzeko erabakia berrikus zezala gomendatu genion Lanbideri. Jakinarazi digunez, dagoeneko egin du.
Prestazioetarako eskubidea aitortzeko atzerriko dokumentazio publikoa aurkeztu behar izatea da kolektibo horrek topatzen duen beste zailtasun bat. Arazo horiek agertzen dira bai agiriak eskuratzean –batzuetan, jatorrizko herrialdean oso garestia baita–, baita horien edukia egiaztatzeko orduan ere. Dokumentuen artean, jatorrizko herrialdean ondasunak izateari edo egoera zibilari buruzko agiriak daude. Lanbideri adierazi diogun moduan, agiri publikoaren kontzeptua arlo zibileko nazioarteko lankidetza juridikoari buruzko uztailaren 31ko 29/2015 Legean ezarri da (43. artikuluko e) idatz-zatian). Zentzu honetan, atzerriko agintariek igorritako edo zilegitutako agiri publikoak egikarigarriak izango dira Espainian, jatorrizko herrialdean egikarigarriak baldin badira eta ordena publikoaren aurkakoak ez badira (56. artikulua). Ondorioz, araudi berria aplikatuz, atzerriko agintariek igorritako edo zilegitutako agiri publikoak erabil daitezke prestazio ekonomikoak aitortzeari buruzko espedienteak izapidetzean.
Lanbidek jakinarazi digu ahaleginak egiten ari direla aurkezten diren dokumentuen egiazkotasuna baieztatzeko. Alde batetik, sei hilabeteko epea ematen dute dokumentuak aurkezteko, eta herritarrei ematen zaien informazioa hobetzeko asmotan dabiltza (zer agiri eta non eskatu jatorrizko herrialdeetan). Era berean, nortasun-agirien baliotasunari buruzko informazioa biltzen ari dira, eta kontu horien inguruko prestakuntza ematen ari zaie teknikariei. Herritarrei ematen zaien informazioa hobetzea eta aurkezten diren dokumentuak kontrolatu behar dituzten teknikariei prestakuntza ematea funtsezkoa da, alde batetik, oinarrizko beharrizanei aurre egiteko prestazio ekonomikoetarako eskubidea aitortzean akatsak saihesteko, eta bestalde, espedientean jasotako dokumentazioa errealitatearekin bat datorren kontrolatzeko.
Beste arazo bat ere aipatu dugu: jatorrizko herrialdean dagoen ondasun higiezin baten titulartasuna edukitzea. Atzerritarrek bakarrik egiaztatu behar dute baldintza hori betetzen dutela. Maiatzaren 25eko 147/2010 Dekretuaren 9.3 artikuluko b) idatz-zatiaren arabera, prestaziorako eskubidearen titularra izateko baldintzetako bat ohiko etxebizitzaz gain ondasun higiezinik ez edukitzea da. Etorkin batek jatorrizko herrialdean dagoen ondasun higiezin baten jabea dela egiaztatzen duen agiri bat aurkezten badu, prestazioak ukatzen zaizkio, aipatutako lege-aurreikuspena aplikatuz. Lanbideri esan diogun moduan, ondasun horiek balio gutxikoak izaten dira. Gurea ez bezalako errealitate administratiboetatik eta testuinguru sozial eta ekonomiko desberdinetatik datozen beste jatorrietako pertsonekin elkarrekin bizitzeak eta harremanak izateak ikuspegi irekia eta kulturartekoa eskatzen du espedienteak aztertzeko eta araudia interpretatzeko orduan. Migrazio-prozesu bat hasi duten pertsonak dira, gizarte-bazterketaren arriskuan daudenak, beraz, ez da espero izaten kaudimen ekonomikoa izango dutela. Halaber, ekonomia-egitura oso ahula duten herrialde horien errealitatea aintzat hartuta, ondasun horien balioa nekez izango da nahikoa pertsona horiek baliabide ekonomiko aski izatea egiaztatu ahal izateko. Aitzitik, kasu gehienetan, egoera materiala aintzat hartuta, betetzen dituzte prestazio ekonomikoetarako eskubidearen titularrak izateko baldintzak.
Atal honetan, atzerritarrek atzerritartasunaren ondorioa den arrazoi batengatik aurkeztutako kexak baino ez ditugu aipatu. Txosten honen II. kapituluko gizarteratzeari buruzko atalean, prestazioak ukatu, eten edo azkentzearekin zerikusia duten kexa generikoak aipatu ditugu.
2.3. Txostenaren beste atal batzuetan aipatu ditugun kexak
Arestian aipatutako kapituluko Segurtasunari buruzko atalean, mezu xenofobo eta sinbolo naziak agertzeari dagokionez egin dugun esku-hartzea azaldu dugu. Mezu eta sinbolo horiek immigrazio arloan lan egiten duen elkarte baten Gasteizko egoitzan agertu ziren, urtearen hasieran. Azaroan, gertatutakoa errepikatu egin da, eta horregatik, berriz ere, gaia mahai gainean jarri behar izan dugu.
Halaber, Osasun arloan azaltzen dugunez, izapidetu ditugun kexek erakusten dute oraindik ere gertatzen direla nahi ez diren egoerak. Izan ere, atzerritarrek zailtasunak izaten dituzte Euskal Autonomia Erkidegoaren eremuan Osasun Sistema Nazionalaren osasun-prestazioak emateko araubideari buruzko ekainaren 26ko 114/2012 Dekretuan edo Aseguramendu eta Kontratazioko Zuzendaritzaren jarraibideetan aurreikusitako egiaztagiria eskatzen dutenean edo osasun-zentrora jotzen dutenean, hau da, Osasun Sailaren zein Osakidetzaren eremuan. Era berean, larrialdiko osasun laguntzagatik faktura bidaltzeko ohitura aipatu dugu.
Dirudienez, kexa horiek erakusten dute araudia desberdin interpretatzen dela. Desberdintasun horiek zuzendu behar dira. Ildo horretan, gogoratzen dugu euskal 114/2012 Dekretuaren 2.3 artikulua aplikatu behar dela, Konstituzio Auzitegiaren abenduaren 12ko 239/2012 Autoaren bidez horren etendura kendu denez. Konstituzio Auzitegiak kontuan izan zituen inpugnatutako neurrien ondorioak jasan behar dituzten pertsonen osasunerako eskubidea eta osotasun fisikorako eskubidea. Halaber, aintzat hartu zuen osasun publikoa eta komenigarritzat jo zuen gizarte osoaren osasunaren kontrako arriskuak ezabatzea. Auzitegiaren esanetan, arrisku horiek ezin dira jasan, zehaztu ezin izan den aurrezpen ekonomiko baten aitzakia erabiliz. Hori dela eta, indarrean mantendu zuen aurretik aipatutako euskal Dekretuak ezarri duen doako osasun-arreta publikorako eskubidearen eremu subjektiboa zabaltzea. Hori dela eta, ondorioztatu genuen, berriz ere, garrantzitsua zela esparru juridiko egokia ezartzea, osasun-arretarako sarbideari segurtasun juridikoa emateko. Halaber, azpimarratu genuen, Arartekoaren irailaren 24ko 8/2013 Gomendio Orokorrean jaso genuen bezala, urtebetez erroldatuta egoteko baldintza alde batera utzi behar dela, Osasun Sistema Nazionaleko aseguratuak eta onuradunak ez diren pertsonek osasun-arretara jasotzea ahalbidetzeko.
Hirigintza eta lurraldearen antolamendu arloan, hirigintza antolamenduan erlijio-aniztasuna kudeatzearekin zerikusia duten jarduerak aipatu ditugu.
Gurtza-leku berriak irekitzeko hirigintzako araudian jasotako baldintzak direla eta, hainbat erreklamazio izapidetu ditugu. Gure ustez hirigintzako antolaketaren bitartez erlijio-aniztasuna egoki kudeatzearen inguruan hausnartzeko orduan oinarritzat hartzeko moduko ikuspegiak jaso ditugu aipatutako atalean. Bilboko Hiri Antolamenduaren Plan Orokorra aldatzearekin zerikusia duen kexa aipatu dugu. Izan ere, aldaketa horrek zenbait baldintza tekniko ezarri ditu, sinesbideei loturiko gurtza-lekuak irekitzeko. Baldintzetako bat aipatzeko, leku horiek ezin dira ireki bizitegi-erabilera duten eraikinetan; hirugarren sektoreko erabilerak dituzten eraikinetan baino ezin dira ireki. Antolamendu-proposamen horiek zalantzan jarri dira, erlijio askatasunerako oinarrizko eskubidea mugatzen dutelako. Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren aldaketa horren aurka errekurtso bat aurkeztu da Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, eta ondorioz, bi ebazpen eman dira. Azken epaiaren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiak baliogabetu du antolamendu eztabaidagarria, lurzoruari eta hirigintzari buruzko 2/2006 Legearen 108. artikuluan jasotako eskubidea errespetatu ez duelako. Hain zuzen, herritarrek plan orokorrean parte hartzeko eskubideari uko egin dio.
Erakunde honen irizpidea, hirigintzan gurtza-lekuak antolatzeari dagokionez, aurretik ere azaldu da, besteak beste, Bilboko Udalari zuzendutako Arartekoaren 2012ko urtarrilaren 9ko ebazpenean, Basurtu auzoan gurtza-leku musulman berria irekitzeari buruz.
Elkarte soziokultural batek aurkeztutako kexa bat ere aipatu dugu. Horren bidez, elkartearen egoitza izango den lokal bat egokitzeko baimena izapidetzean atzerapena egon dela salatu da.
Elkarteak obrak egiteko baimena eskatu zuen eta jarduera garatzeko eta lokala egokitzeko proiektua aurkeztu zuen Gasteizko Udaleko erregistroan. 7 hilabete igarota erantzunik jaso ez zuenez, Arartekoaren esku-hartzea eskatu du. Gasteizko Udalak eraikuntzen zerbitzuak egindako txosten bat helarazi digu, eta horretan azaldu du eskaera onartu dela eta baimendu direla kultur elkarte arabiarra jartzeko lokala egokitzeko obrak. Igorritako txostenak ez ditu azaltzen prozedura horrek zortzi hilabete baino gehiago irauteko arrazoiak. Gure ebazpena bidali diogu udalari eta horren bidez adierazi dugu administrazio-espedientea izapidetzean bost hilabete baino gehiagoko atzerapena egon dela, lurzoruari eta hirigintzari buruzko ekainaren 30eko 2/2006 Legean aurreikusitako epeekin alderatuta. Halaber, gogorarazi diogu herri-administrazioek prozedura bidegabeko atzerapenik gabe izapidetu behar dutela, eta herritarrek prozeduraren inguruan esanbidezko erantzuna ebazpena emateko epea bukatu baino lehen jasotzeko eskubidea dutela.
Txosten honi erantsita doan Haur eta Nerabeentzako Bulegoaren txostenean jaso da ofizioz hasi dugun jarduera, aukera gero eta gutxiago baitago Administrazioaren mendeko zentroetan bizi diren tutoretzapeko adingabeak eskolaratzeko eta prestatzeko. Euskal hezkuntza-sistemak 16 urtetik beherako adingabeei, hau da, derrigorrezko eskolatze adinean daudenei ematen die sisteman sartzeko aukera, eta horrela, nahiko erraz jaso dezakete lanbide-prestakuntza; hala ere, ez da gauza bera gertatzen tutoretzapean dauden 16 urtetik gorako neska-mutilen kasuan. Izan ere, lanbide-prestakuntza antolatzen duten sistema bi horietako batek ere ez du baimentzen neska-mutil horien sarbidea. Hezkuntza-sisteman, eta, zehatzago, lanbide-prestakuntzan aldaketa garrantzitsua egon da, eta horrek eragina izan du, hain zuzen, neska-mutil horientzat onuragarri izan diren programetan. Titulu akademikorik gabeko 18 urtetik gorako gazteek ere zailtasun berberak izaten dituzte. Izan ere, egoera horretan daude gizarteratzeko programen barruan artatzen diren gazte atzerritar gehienak.
Azkenik, aurten ere, hainbat kexa izapidetu ditugu, beste herrialde batzuetan jaiotako adingabeak federazioetan sartzeko arazoak direla eta. Adingabeek FIFAren arauzko baimenik ez dutelako sortzen dira zailtasunak. II: kapituluko Kirola, Kultura eta Hizkuntz eskubideei buruzko atalean aipatu ditugu jarduera horiek. Horietan, berriz ere, berdintasun-printzipioa eta hezkuntzarako eskubideari buruzko argudioak erabili ditugu. Eusko Jaurlaritzako Gazteria eta Kirol Zuzendaritzak jakinarazi zigun zalantzarik gabe federazioan egoteko eskubidearen alde zegoela, eta adingabeak kirolean aritzeak sortzen dituen onurak ere aipatu zituen.
2.4. Estatuko Administrazio Orokorrari dagozkion kexak
Administrazio-egoera erregularizatzeko eta familia berriz elkartzeko zailtasunak direla eta, kontsulta ugari jasotzen ari gara, eta horiek Aholku Sarea izeneko Euskal Jaurlaritzako zerbitzura bideratzen ditugu.
Kexak Herriaren Defendatzaileari bidaltzen dizkiogu, bera baita horretan eskumena duen erakundea. Kexa horietako askok nazionalitatearen eskaera ukatzearekin edo izapidetzean egon den atzerapenarekin dute zerikusia. Aurten, azaroaren 6ko 1004/2015 Errege Dekretuaren bidez araututako Espainiako nazionalitatea eskuratzeko prozedura berriari buruzko kexak nabarmendu nahi ditugu. Dekretu horrek aldez aurretik eta nahitaez bete beharreko baldintzak ezartzen ditu, eskatzaileak gizartean duen integrazio maila eta Espainiako kultura eta ohituretara egokitzea ebaluatzeko. Hain zuzen, azterketa batzuk gainditu beharko dira: alde batetik, Espainiako konstituzioaren eta alderdi soziokulturalen gaineko ezagutzari buruzko azterketa, eta bestaldetik, hizkuntza azterketa, eskatzailearen jatorrizko herrialdean gaztelera hizkuntza ofiziala ez bada. Halaber, tasak ordaindu beharko dira azterketak egiteagatik eta espedientea irekitzeagatik. Jasotako kexetan salatzen da izapidearen kostu ekonomikoa, eta eskatzailea herrialdean errotuta dagoela egiazta dezaketen beste elementu batzuk, hala nola, lan-bizitza, espedientea irekitzeko orduan kontuan ez hartzea. Halaber, beste arrazoi batzuen artean, prestakuntza gutxiko pertsonek azterketa hori gainditzeko izaten dituzten zailtasuna, edo Espainiako irakaskuntza-zentroetan ikasketak egin arren azterketa egiteko beharra aipatzen da.
Era berean, bideratu ditugu Barne Arazoetako Ministerioak aberrigabezia-egoeran dauden pertsonen eskaeren izapidea luzatzeari buruzko kexak. Herriaren Defendatzaileak gai horren inguruko gomendioa igorri du, eta horretan esan du neurriak hartu behar direla aberrigabezia-egoeran dauden pertsonen eskaerak izapidetzeko denbora gero eta luzeagoa izatea saihesteko.
Beste kexa batzuk lan egiteko eta bizitzeko baimen administratiboa ukatzeari buruzkoak dira. Kasu horietan, kexagileek hainbat urte daramatzate gure erkidegoan, euskal ikastetxeetan ikasi dute, eta batzuetan, oinarrizko beharrizanei aurre egiteko, diru-laguntzak eta prestazio ekonomikoak jasotzen dituzte, baina ez dute hemen bizitzeko eta lan egiteko baimen administratiborik, lan-kontraturik aurkeztu ezin dutelako. Kexatzeko beste arrazoi bat izan da familiako kide bakar bati baimen administratiboa berritzea eta gainerakoei ukatzea, nahikoa baliabide ekonomikorik ez dutelako.
3. Araudi- eta gizarte-testuingurua
Aurten, zera nabarmendu nahi dugu: Afrikako iparralde, Siria eta Irakeko gerren ondorioz, pertsona askok eta askok indarkeriatik eta miseriatik ihes egin nahi dute, eta euskal gizarteak eta herri-administrazioek erantzun egin diete, sufrimendua eta zailtasunak jasan behar dituzten pertsona horiekiko elkartasuna adieraziz.
Interesgarriak izan daitezkeelakoan, jarraian jasotzen ditugu Europar Batasunaren migrazio-politikari buruzko txosten batzuk; Euskal Herrian garatzen ari diren programa eta jarduerak; 2015ean argitaratu diren txostenak, honako gai hauei buruz: etorkinek jasaten duten diskriminazio eta arrazakeria, atzerritartasun-politikak, etorkinen egoera sozial eta lan- egoera. Halaber, gaiarekin zerikusia duten araudi berrikuntzak eta protokoloak ere jasotzen ditugu.
3.1. Europar Batasuna
Europako Batzordeak 2015eko maiatzean aurkeztutako Migrazioari buruzko Europako Agendan onartu da migrazioa kudeatzeko ikuspegi globala izateko beharra. Agendak erronka batzuk planteatzen ditu, besteak beste: immigrazio irregularrari sustagarria kentzea, pertsona-trafikoaren aurka borrokatzea, kanpoko mugak sendotzea eta bizitzak salbatzea, estatu kideen arteko elkartasuna aintzat hartuko duen asiloari buruzko politika komun bateranzko bidean aurrera egitea, edo immigrazio irregularraren gaineko politika bat garatzea, Europako ekonomiak behar dituen langileak erakartzeko. Besteak beste, honako gau hauek aipatzen dira: bilaketa eta salbamenduko lanak; errefuxiatuei larrialdiko laguntza; asiloa eskatzen dutenak automatikoki aktibatuko den sistema egonkor baten bidez lekuz aldatzea; identifikatzea errazte aldera, Italian eta Grezian dauden postuak giza-baliabideez hornitzea; Nazio Batuen Erakundeak Europatik kanpo burutzen dituen lanen ondoriozko errefuxiatuen berrasentamendua; eta arrazoi ekonomikoengatik asiloa eskatzen duten immigranteak itzultzea. Halaber, garapena laguntzeko helburu duen aurrekontu bat aurreikusita dago, pobrezia murrizteko eta gobernuekin elkarlanean jarduteko pertsona-trafikoan aritzen diren talde antolatuak jazartzean eta estatu “seguruen” zerrenda egitean. Estatu horietatik datozen etorkinei ez zaie asilorik emango.
Era berean, aurkeztu dira, alde batetik, Europar Batasunaren Ekintza Plana (2015-2020), migratzaileen legez kontrako trafikoaren aurkakoa; eta bestalde, Europako Parlamentuari eta Kontseiluari egin zaien KOMUNIKAZIOA: Europan errefuxiatuen krisiari ekitea: EBren kanpo-ekintzaren eginkizuna (Brusela). Horretan bertan, Europar Batasuna errefuxiatuen krisiari aurre egiteko burutzen ari den eta 2011ko Migrazio eta Mugikortasunaren gaineko Ikuspegi Orokorra (Enfoque Global de la Migración y la Movilidad) izeneko dokumentuan oinarrituta dagoen kanpo-ekintza azaldu da.
Bestalde, Errefuxiatuentzako Nazio Batuen Goi Komisarioaren (UNHCR/ACNUR) txostenak (“Tendencias del Asilo”) jasotako datuen arabera, asiloa eskatu dutenen kopuruak igo egin du 2014an, Siria eta Irakeko gerren ondorioz, eta hainbat herrialdetako segurtasun-maila jaitsi delako.
3.2. Euskal Herria
Kulturaartekotasunaren aldeko programa eta jarduera batzuk nabarmendu nahi ditugu, hala nola, “Bizilagunak” programan antolatutako familien topaketak; erroldatu berriei harrera emateko udal batzuek antolatzen dituzten ekitaldiak; udaleko osoko bilkuretan babes hiri edo asilo-hiri bihurtzeko adierazpenak; eta, Alemaniako Flüchtlinge–willkommen [ongi etorri, errefuxiatuak] herri mugimendua bezalako Europako ekimenei jarraiki, errefuxiatuak hartzeko prestutasuna erakustea. Era berean, aipatzekoak dira hainbat hiritan burutu diren zurrumurruen aurkako programak, “Intercultural Cities” Sarea osatzen duten udaletan antolatutako ekitaldiak, baita Europako Kontseiluak sustatutako DELI programa ere.
Herri ekimenen artean, Gora Gasteiz plataforma nabarmendu nahi dugu, aniztasun eta tolerantziaren aldeko herritarren dinamika demokratikoa, parte-hartzailea, irekia eta konstruktiboa sortu duena.
Bere garrantziagatik aipatzekoa da gure ustez, ekainaren 4an, Eusko Legebiltzarraren Osoko Bilkuran eztabaidatu zen legez besteko proposamena [1011 2 1 743], eraso xenofoboak salatzeari eta ekintza horien jatorrian egon daitezkeen hitzaldiak eztabaida politikotik kanpo uzteari buruz.
3.3. Diskriminazioa eta arrazismoa
Arrazakeria eta Intolerantziaren aurkako Europako Batzordeak (ECRI) 2015ean argitaratutako urteko txostenaren arabera (Annual report on ECRI’s activities), ugaritu egin dira antisemitismo eta islamofobiarekin zerikusia duten egintzak, baita politika xenofoboak aipatzen dituzten edo migrazio-mugimenduen aurkakoak diren eztabaida politikoak ere, gorroto-diskurtso delakoari bidea ematen dutenak.
Halaber, aipatzeko modukoa da SOS Arrazakeriaren Txostena “Diskriminatzeko eskubidea erreserbatuta: aisialdi-lokaletara etorkinen sartzeko diskriminazioaren inguruko testing-a eta auzi estrategikoa”.
Bestalde, Ikuspegi-Immigrazioaren Euskal Behatokiak egindako txostena “Atzerritik iritsitako etorkinen eragina euskal ekonomian eta demografian” aipatu dugu. Txostenak, alderdi demografikoa aztertzeaz gain, honako ondorio hau ateratzen du: Euskal Herrian bizi diren atzerritarrek Ongizate Estatuari eusteko egiten dioten ekarpen ekonomikoa, oro har, eragiten duten gastua baino handiagoa da. Gainera, txostenaren arabera, per capita gastu soziala txikiagoa da atzerritarren kasuan, bertokoen kasuan baino.
3.4. Atzerritartasun politikak eta immigrazio fenomenoari buruzko beste txosten eta azterlan batzuk
• Tortura eta tratu anker eta iraingarriak saihesteko Europako Batzordearen txostena: besteak beste, eskatzen dizkio Espainiako agintariei beharrezko neurriak har ditzatela, Marokoko Indar Armatuetako funtzionarioak Espainiako lurraldean sartzen ez uzteko, eta indar horien eskuetan atzerritarrak ez uzteko, tratu txarrak jasotzeko arriskua dela eta. Txostena bereziki ziztatzailea da itzulketei dagokienez. Batzordeak behin eta berriro gogorarazi du estatuak ezin duela pertsona bat bere herrialdera bidali, bertan tortura edo bestelako tratu txarrak jasateko arriskuan egongo dela pentsatzeko arrazoi oinarridunak baldin badaude.
• Espainian dauden atzerritarrak barneratzeko zentroen egungo egoerari eta indarrean dagoen lege eremura egokitzeari buruzko txostena, honako erakunde hauek “Pueblos Unidos”-Jesuiten Migratzaileentzako Zerbitzua izeneko Gobernuz Kanpoko Erakundearentzat egindakoa: ICADE-ko Klinika Juridikoak (Comillasko Eliz Unibertsitatea), Per la Justícia Social (Valentziako Unibertsitatea), Dret al Dret (Bartzelonako Unibertsitatea) eta Giza-eskubideen Behatokia (Valladolideko Unibertsitatea). Txostenaren xedea Espainiako atzerritarrak barneratzeko zentroen egungo egoera berrikustea da, aplikagarria den araudia betetzen ote den egiaztatzeko, eta legean eta errealitatean hobetu edota abiarazi beharreko alderdiak identifikatzeko.
• Azterlana: Krisia, enplegua eta immigrazioa Espainian. Lan-ibilbideen azterketa, Eguneroko Bizitzari eta Lanari buruzko Ikerketa Soziologikoen Zentroak (QUIT) eta ‘La Caixa’ Obra Sozialak egindakoa. Azterketaren egileak azpimarratzen dutenez, langile atzerritarren % 51 iraupen luzeko langabeziaren egoeran dago jada, egoera berean dauden bertakoen portzentajea % 35 izanik. Emakumeek hobeto eutsi diote egoerari, izan ere, langabezia-tasa txikiagoa da emakumeen artean, baina soldata-murrizketak izaten dituzte. Espainian bizi diren etorkinen zailtasun handienak zenbaki batean ikusten dira: ELGEn (Ekonomiako Lankidetza eta Garapenerako Erakundean) batez besteko enplegu-tasa ia-ia bi herenekoa denean, Espainian, % 50 baino zertxobait gehiagokoa da.
• Txostena: Ekonomiako Lankidetza eta Garapenerako Erakundearen (ELGE) eta Europako Batzordearen Etorkinen Integrazioa neurtzeko Adierazleak 2015: “Bizitzen jartzea” aztertuta, langabezia, pobrezia-tasa edo hezkuntza-mailak aintzat hartuz gero, Espainiako etorkinak egoera txarrenean daudela ikus daiteke.
• Europar Batasuneko Oinarrizko Eskubideen Agentziak egindako txostenean, berriz, Europar Batasunean zehar bidaiatzen diren edo bertara etortzen diren langileei eragiten dieten lan-esplotazioaren modu guztiak aztertzen dira. Ondorioen arabera, delituzko lan-esplotazioa edota esplotazio kriminala hedatua dago hainbat sektoretan, hain zuzen, nekazaritzan, eraikuntzan, ostalaritzan, etxeko lanean eta manufakturako industrian. Gainera, esplotatzaileek prozesu penalei aurre egiteko edo biktimei ordaindu behar izateko probabilitatea oso txikia da. Hirugarren herrialde batzuetatik etorritako atzerritarrek esplotazio-modu gogorrenak jasaten dituztenez, morroi-lanak edo esklabotasunak goranzko joera du Portugalen eta Espainian.
• Azkenik, Migration Policy Group izeneko taldeak eta Nazioarteko Ikerlanetarako Bartzelonako Zentroak (CIDOB) Europako Batzordearen laguntzarekin lau urtean behin egiten duten Mipex-integrazioaren nazioarteko sailkapenaren arabera, Espainiak huts egiten du hezkuntzan, diskriminazioaren aurkako borrokan eta etorkinek politikan parte hartzean, izan ere, “krisialdian ekintzarik ezaren eta atzerapausoen ondorioz, agian galdu egin dira Espainiako gizarteko talde ahulen babesean berdintasuna bermatzeko oinarrizko lorpen batzuk”. 2015. urteko sailkapenean, Espainia hiru postu jaitsi da 2011tik, eta 38 posturen artean, hamaikagarrenean kokatu da, hortaz, integrazio-arloari dagokionez, dagoeneko ez dago sailkapeneko lehen hamar postuetako batean. Euskadin lortutako emaitzak arlo batzuetan desberdinak izan arren, interesgarria iruditu zaigu adierazle horiek Espainian izan duten bilakaera ezagutzea.
3.5. Araudi berrikuntzak eta protokoloak
• Herritarren segurtasuna babesteari buruzko 4/2015 Lege Organikoa, azken xedapenetako lehenengoa barne hartzen duena; horren bidez, aldatzen da atzerritartasunaren legea, eta ondorioz, errazten dira kanporaketa sumarioak eta taldekako kanporaketak. Kanporaketa horiek oso eztabaidagarriak dira, jatorrizko herrialdera ez bidaltzeko printzipioa urratu ahal duen erabakiaren aurka oso eraginkorra den baliabide bat erabiltzea zailtzen dutelako. Halaber, zailago bihurtzen da pertsona bakoitzaren egoera aztertzea eta herrialdera itzuli ondoren, egon daitekeen arriskua areagotzen da.
• Urriaren 30eko 987/2015 Errege Dekretua, otsailaren 16ko 240/2007 Errege Dekretua aldatzen duena. Aldaketa horri esker, Zuzentarauaren 2. artikuluko definizioan jasota ez dauden familiakoei eskubideak aitortzeko aukera sortzen da; horrela gerta daiteke bi kasu hauetan: familia-kideek, jatorrizko herrialdean, egoitza-eskubidearen onuraduna den Batasuneko herritarraren kargura egon edo berarekin bizi behar dute; edo bestela, osasun-arazo larriak direla medio, Batasuneko herritarrak familia-kide baten zaintza bere gain hartu behar du. Gainera, familia-kidetzat joko da Batasuneko herritarraren bikotekidea, baldin eta elkarrekin harreman egonkorra dutela behar bezala frogatzen bada.
• Aurten ere, Etorkinak Integratzeko Zuzendariordetza Nagusiak protokolo berezia onartu du, sexu-esplotazioa helburu duen gizaki-salerosketaren ustezko kasuak detektatzeko eta horietan jarduteko. Horren helburu orokorra zera da: jarduketa jarraibideak ezartzea, egon daitezkeen sexu-esplotaziorako gizakien salerosketaren ustezko kasuak detektatzeko eta horietan esku hartzeko.
4. Jarduera-planaren esparruko bestelako esku-hartzeak
4.1. Ofiziozko jarduerak
Herriaren Defendatzaileari bideratu diogun jarduera jaso dugu atal honetan. Izan ere, esku-hartze horrek Poliziaren Zuzendaritza Nagusiak informazioa tratatzeko moduarekin, eta zehazki, Gipuzkoako zuzendaritzak argitaratutako prentsa oharrarekin izan du zerikusia. Ekainaren 10ean argitaratutako prentsa-oharrean, immigrazioak, eta zehazki, bakarrik dauden adingabe atzerritarren kolektibo ahulak gizartean duen irudiari eragiten dieten adierazpenak egin dira. Aipatutako prentsa-oharrak komunikabideetan eragina izan du (Diario Vasco, 2015-06-11). Arartekoaren iritziz, prentsa-oharrak, poliziaren jarduerei buruzko datuak jasotzeaz gain, errugabetasun-presuntzioa izateko eskubidea urra dezaketen balorazioak ere jasotzen ditu. Prentsa-oharrean aipatu da frogatu ez diren delituak egitea eta dei efektua egotea. Informazioa tratatzeko orduan aintzat hartu beharko litzateke agian adingabeei buruz hitz egiten ari dela, eta beraz, adingabearen interes gorenaren printzipioa erabili eta kontuz ibili behar da. Halaber, Arartekoaren gomendio orokorra aipatu dugu, immigrazioari buruzko informazioa tratatzeko moduari dagokionez: “Euskal herri-administrazioen menpe dauden polizia-zerbitzuek, immigrazioaren inguruan zabaltzen duten informazioa tratatzeko, jokabide-kodeak ezarri behar dituzte”.
Arartekoaren iritzia Herriaren Defendatzaileari helarazi diogu. Izan ere, esan diogu jokabideak auzipetzea auzitegien ardura dela eta, poliziak etorkinen jarduerei buruzko informazioei dagokienez, komenigarria dela irizpide arduratsua eta zuhurra izatea, informazioa diskriminazioa eragiteko, errepikatzeko eta indartzeko tresna bihurtzea saiheste aldera.
4.2. Bilerak
Aurten, hainbat bilera egin ditugu Biltzen-Integraziorako eta kulturen arteko bizikidetzarako euskal zerbitzuarekin, Era Berean sarea abiaraztea dela eta. Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak bultzatutako sarea da, arraza, etnia edo nazioa, sexu joera eta identitatea eta genero-identitatea direla-eta egiten diren bereizkerien aurka borrokatzea helburu duena. Honako elkarte hauek osatzen dute sare hori: CEAR Euskadi, Gurutze Gorria, Gao Lacho Drom, Kale Dor Kayiko, Nevipen, Errespetuz, CITE-CC.OO, Ehgam, Gehitu, Agifugi eta SOS Arrazakeria Gipuzkoa.
Horretaz gain, Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailari atxikitako euskal zerbitzu juridikoarekin (Aholku Sarea) elkartu gara. Atzerritartasun arloko zerbitzu horrek atzerritarren dokumentazioaren inguruko orientabideak ematen ditu, bat-bateko irregulartasun-egoerak saihesteko eta familian bizitzeko eskubidea gauzatzen laguntzeko. Atzerritarrei zein Administrazio Publikoetako eta Hirugarren Sektoreko Erakundeetako langileei zuzenduta dago, azken horiek laguntzaile gisa parte hartzen baitute gizarteratzeko ibilbide desberdinetan. Arartekoak zerbitzu bietara bideratzen ditu herritarrengandik jasotako kontsultak.
Gurutze Gorria Elkartearekin ere bildu gara, eta gizakien salerosketaren biktimekin lotutako jardueren berri jaso dugu. Bilera horretan, esku hartzeko lerroei buruzko kezkak eta hausnarketak partekatu ditugu. Horien artean, zenbait behar nabarmendu nahi ditugu, hala nola, informazioa emateko eta sentsibilizazio handiagoa lortzeko, eta biktimak detektatzeko eta sarean lan egiteko. Jakinarazi diguten zailtasunen artean, pasaportea ez izateagatik erroldan inskribatu ezin izatea aipatu da.
4.3. Jardunaldi eta mintegietan parte hartzea
Horren garrantzia dela eta, “Atxiloketa eta Gizakien salerosketaren biktimekin esku-hartzea” izenburuko mintegian parte hartzea aipatu dugu. Horretan, gertutik ezagutu dugu ikusteko oso zaila den errealitate dramatiko hori, eta Bilbo, zantzu batzuen arabera, salerosketa-sareen helburu edo jarduera-guneetako bat dela jakin dugu.
Halaber, aurten, diskriminazio-egoerak lantzeko ikuspegi intersekzionalaren inguruko jardunaldiaren barruan Biltzen zerbitzuak antolatutako mahai-inguruan, eta beste foro eta jardunaldi batzuetan parte hartu dugu. Guztietan, etorkinek izaten dituzten zailtasunak eta jasan behar dituzten bereizkeriak landu dira, eta bide batez, Arartekoak giza-eskubideak errespetatzen dituen kulturaren aldeko iritzia adierazteko aukera izan du.
Azkenik, aipatu nahi ditugu erakundeak egin dituen adierazpenak, honako egun hauetan: Arraza-diskriminazioa desagerrarazteko Nazioarteko Egunean (martxoaren 21a), Errefuxiatuaren Nazioarteko egunean (ekainaren 20a), Pertsonen salerosketaren aurkako munduko egunean (uztailaren 30a) eta Etorkinaren nazioarteko egunean (abenduaren 18a).
Horretaz gain, herriaren defendatzaile guztiek batera adierazpena egin dute, Europan bizi ari garen errefuxiatuen krisia dela eta. Xehetasunak txosten honen V. kapituluan jasota daude.
5. Herritarren eskubideen egoeraren balorazioa
1. Etorkinen egoera zaurgarriagoa da hemengo familiekin alderatuta, gehienetan, lan-egoera ezegonkorra izateagatik eta, oro har, hemengoek baino gizarte- eta familia-sare ahulagoak izateagatik. Krisia egonda ere, atzerritar askok hemen geratzeko erabakia hartu dute, eta orain, bigarren belaunaldia, lehenengoak ez bezalako beharrak dituena, bizi da gure artean. Zenbait erronka dauzkagu esku artean, ez bakarrik harrerari dagokionez. Aurten, Europa osoan asiloa eskatzen duten pertsonen kopuruak gora egin duenez, Euskadin ere eragina izan dezake. Hala ere, gure erronkek honako hauek dira, batez ere: diskriminazioaren aurka borrokatzea; tratu berdina sustatzea; eskubide sozial eta politikoak gauzatzea; gizartean, ekonomian eta politikan parte hartzea; balioen araberako hezkuntza, kultura- eta erlijio-aniztasuna errespetatzen duen politika aktiboa.
Aurten ere, azpimarratzeko moduko datu positibo gisa, nabarmendu nahi dugu, alde batetik, Osasun Ministerioaren konpromisoa: administrazio-egoera dena dela, oinarrizko laguntzarako eskubidea aitortzen da; eta bestaldetik, enplegu arloa hobetzea, eta ondorioz, lehen baino atzerritar gutxiagok jasotzen ditu diru-sarrerak bermatzeko errenta eta etxebizitzarako prestazio osagarria. Halaber, azpimarratu behar da euskal herri-administrazioen konpromisoa, etorkin eta errefuxiatuen eskubideak defendatzeko lan egiten duten elkarteei diru-laguntzak emateko, immigrazio arloko tokiko teknikariei laguntzeko, edo kulturen arteko hiriak edo Europako Batzordearen DELI programa bezalako ekimenetan parte hartzeko.
2. Kezken artean, azpimarratu nahi dugu hirigintza-antolamenduari buruzko politikak bultzatzeko beharra. Izan ere, gurtza-lekuak hiri eremu jakin batzuetan jartzea saihestu behar da, “hiria izateko eskubidea” delakoa aplikatuz. Horren arabera, pertsona guztiek eskubidea dute baldintza berdinetan hirira hurbiltzeko, baita beste eskubide batzuk –adibidez, erlijio-eskubidea– bermatzeko beharrezkoak diren ekipamendu eta hornidurak erabiltzeko ere. Halaber, azpimarratzen dugu oso garrantzitsua dela prestakuntza-eskaintza, atzerritar adingabeen egoera akademikoa eta dokumentuak erregularizatzeko orduan sortzen diren zailtasunak kontuan hartzen dituena.
Kezkatzeko beste arrazoi bat zera da: pertsona batzuek –eta bereziki, gazteek– ezin dute lan egiteko eta bizitzeko baimena lortu, lan-eskaintzarik ez dutelako. Euskal herri-administrazioen ardura da pertsona horiek erabiltzen dituzten zerbitzu publikoak, hala nola, hezkuntza, lanbidearen inguruko orientazioa eta lanerako prestakuntza kudeatzea. Halaber, batzuetan, gure hirietan aspalditik bizi diren atzerriko familiei diru-laguntzak ematen dizkiete, oinarrizko beharrizanei aurre egiteko eta lan-munduan txertatzeko. Hala ere, pertsona horietako askok ez dute lan egiteko baimenik, edo zaila da lana lortzea, beraz, agerian jartzen da euskal herri-administrazioek egiten dituzten ahaleginen eta lan-munduan sartzeko oztopoen arteko inkoherentzia, lan egiteko baimen administratiboa izan behar baita, eta hori Estatuko Administrazio Orokorrak ematen du.
3. Gaitzespena erakutsi dugu diskurtso eta jarduera xenofoboen aurrean. Hori, elkarte baten egoitzan gertatu da aurten. Jarduera horiek urratzen dituzte giza-eskubideak, eta irmotasunez aurre egin behar zaie, zabaltzea saihesteko.
Immigrazioari eta aniztasunaren kudeaketari buruzko planek zein herri-administrazioek immigrazioa gizarte-fenomeno gisa kudeatzeko onartu dituzten neurriek gogorarazi dute hizkuntza eta diskurtso politiko egokia erabiltzearen garrantzia, gizarte-estereotipoak sortzeko. Hori dela eta, berriz ere, azpimarratu nahi dugu garrantzitsua dela immigrazioari buruzko informazioa tratatzeko modua, estereotipo eta aurreiritzi sozialak sortzea edo indartzea saihesteko. Immigrazioari buruzko diskurtso egokia sortzea immigrazio-politikak bezain garrantzitsua da.
Diskurtso eta iritzi xenofobo eta arrazistei dagokienez, azken urteotan, zabal aztertu da komunikabideen zeregina irudiak, iritziak eta jokabideak sortzean. Ondorioztatu denez, komunikabideek gizarte-erantzukizuna dute iritziak sortzean, eta elkarbizitza eta elkarrekiko errespetuaren aldeko jarrerak bultzatzean.
Erantzukizun hori diskurtsoa sortzen duten beste sektore batzuetara hedatzen da, hala nola, erakunde publikoetara, horiek jarrera hartzen dutenean, adierazpen publikoak egiten dituztenean edo albiste baten informazio-iturria bezala aritzen denean.
4. Gizonezkoek aukeratzen dituzten migrazio-estrategiak, ez dira emakumeek erabiltzen dituztenak, baina guztiak aintzat hartu beharrekoak dira. Mugetan oso egoera larriak gertatzen dira, bertan elkartzen baitira: adingabeak, jaioberriak duten edo laster izango duten emakumeak, gizakien salerosketaren biktimak, bizitzaren istorioa dela eta trauma duten pertsonak, gerra-gatazkak direla medio, politikak eta gizarteak lur jo dutenez, egoera horretatik ihes egin nahi duten pertsonak, izugarrizko bortizkeria jasan behar izan dutenak... Pertsona horiei arreta emateko beharra dela eta, ikuspegi humanitario batetik erantzun behar zaie, eta ezinbestekoa da konpromisoa hartzea, gizartearen kontzientziazioa areagotzea eta ordenamendu juridikoa, baita bertan jasotako eskubideak eta bermeak ere, betetzea ziurtatzeko neurriak abiaraztea. Ildo horretan, berme nahikorik gabe mugan bertan pertsona bat botatzeak edo ez onartzeak, alegazioak aurkezteko epe egokirik gabe, arriskuan jartzen ditu Nazioarteko Zuzenbidean ezarritako eskubideak, besteak beste, asilo-eskubidea, defentsarako eskubidea, familia-bizitzarako eskubidea. Gizakien salerosketaren aurka borrokatzeak ere ikuspegi humanitarioa eskatzen du, biktimak aurkitu eta babestu ahal izateko.
5. Asiloa eskatzen duten pertsonen kopuruak gora egin arren, asilo-prozedurak burutzeko finantzazio nahikorik eza eta asiloari buruzko erregelamendua onartzean atzerapena oso kezkagarriak dira. Beste datu garrantzitsu bat ere badago: jatorriz Saharaz hegoaldekoa den pertsona bakar batek ere ez du lortu Ceuta eta Melillako muga-pasabideetan nazioarteko babesa eskatzerik. Gogoan izan behar da herrialdeak eskatzaile guztiei babesa ematera behartuta ez badaude ere, eskaera guztiak banan-banan aztertu behar dituztela. Taldekako kanporaketak ere ezin dira egin, bereziki, helmugan pertsonek tratu txarrak jasoko dituztela jakinda.
6. Mediterraneo itsasoan, eta zehazki, Siziliako kanalean, hondoratze larriak gertatu dira,. Adibidez, apirilean, 700 pertsona ito ziren, Italiako kostara iristen saiatzen zirenean. Mediterraneoan azken bi hamarkadetan gertatu den tragediarik handiena izan da, eta ondorioz, Europar Batasunak eta Estatu kideek itsas-salbamendu operazioak lehen bezala egingo direla erabaki dute. Azpimarratu behar da, migrazioei eta Mediterraneoko itsasoan egiten diren operazioei buruz ari garenean, bizitzak salbatzeari, hondoratzeak saihesteari eta arriskuan dagoen edozein pertsona laguntzeari lehentasuna eman behar zaie, pertsonak eta familiak lekualdatzeko beharra saihesten duten neurriak hartzea eragotzi gabe.
Gizakiaren historian zehar, merkataritza- eta kultura kontuak direla-eta zeharkatu da Mediterraneo itsasoa. Azken hamarkada horietan hainbat tragedia ikusi dira, hortaz, gaiaren inguruan, giza-eskubideen ikuspegitik hausnarketa egin behar da.
Europa eta Afrikaren arteko distantzia laburra badago ere, kontinente horien artean alde handia dago. Hain txikia den eremuan munduko desberdintasun ekonomiko handienak agertzeak Europak Afrikan duen zereginei buruzko hausnarketa sakona egitera behartzen du.
7. Errefuxiatuen krisiari ematen zaion erantzuna ere ez da berdina. izan ere, Libano, Irak, Egipto eta Turkia bezalako herrialdeek, baita Europako zenbait herrialdek ere (batez ere, Suedia eta Alemania – era mugatuan), hartu dituzte errefuxiatuak. Suedia eta Alemania hasieratik prest zeuden pertsona horiek hartzeko. Hala ere, beste estatu batzuek, adibidez, golkoan dauden herrialdeek ez dute errefuxiaturik hartu, Europak ere, behin baino gehiagotan egin ditu proposamenak, baina mugak babesteko, eta ez pertsonak hartzeko.
Europar Batasunak eutsi beharko lieke babesa eta asilo bila etortzen diren pertsonekiko konpromisoei, eta komenigarria izango litzateke estatuen arteko elkartasuna, babesa eskatu duten pertsonak berriz kokatzeko eta lekuz aldatzeko. Ikuspegi humanitarioa kontuan hartuta, onartzeko prozedurak sendotu beharko lirateke, eta Dublineko sistema aztertu beharko litzateke, asiloa eskatzen dutenak modu orekatuagoan banatzea lortzeko.
Esparru juridikoak aukera ematen dio Europar Batasunari politika komunak definitzeko eta gauzatzeko, eta horrela, bakeari eusteko, gatazkak saihesteko eta nazioarteko segurtasuna sendotzeko; kooperazio aldeaniztun eta irmoan oinarritutako nazioarteko sistema bat bultzatzeko; eta hondamendi natural edo gizakiak eragindako katastrofeei aurre egin behar dieten biztanle, herrialde eta eskualdeei laguntzeko (3.5 eta 21. artikuluak, Europar Batasunaren Tratatua). Gai garrantzitsuen artean, aipatu behar da, alde batetik, kooperazioa hirugarren estatuekin –jatorrizko eta igaro beharrekoekin– berrikusteko beharra, oinarrizko askatasun eta eskubideak errespetatzen ez badira; edo bestalde, Garapenerako Laguntza Ofizialeko 0,7ri dagokion konpromisoak betetzea (Batzar Orokorraren 34. saioa, 1980), segurtasun arloko inbertsioei edo migrazioa kontrolatzeari buruzko baldintzak ezarri gabe.
Trafikatzaileen aurka borrokatzeaz gain, beharrezkoa da Europara sartzeko bide legal eta seguru gehiago irekitzea, bereziki, migratzaile eta errefuxiatuentzat. Horrela, bizitza arriskuan jarri gabe eta mafia aberastu gabe, hirugarren herrialdeetan asiloa eskatu ahal izango dute.
Hainbeste errefuxiatu hartzeko beharrak erakusten duenez, immigrazio eta asiloaren kontuak ezin dira nazio baten ikuspegitik soilik landu, horrek zalantzan jartzen baitu Europar Batasuna, eta kasu honetan, Europa osoaren ikuspuntutik baino ezin da hitz egin, kontuak estatu kide guztiei eragiten baitie; araudi aplikagarria: Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 67.2 eta 78. artikuluak eta Kontseiluaren 2001eko uztailaren 20ko 2001/55/EE Zuzentaraua, erbesteratu ugari etorriz gero haiei aldi baterako babesa emateko gutxieneko arauak zehazten dituena, eta halaber halako pertsonentzat bideratutako sustapen neurriak, Europar Erkidegoko estatuek bidez bana ditzaten erbesteratu ugari hartzearen ondorioak.
8. Oso balorazio positiboa eman behar diogu Eusko Jaurlaritzaren eta gainerako euskal herri-administrazioen ekimenari, hain zuzen, Espainiara etortzeko bidea kontuan hartu gabe eskainitako baliabideak erabiliz errefuxiatuak hartzeko nahiari. Halaber, positibotzat jo dugu koordinazioa eta pertsona horiek lurraldeetan eta udaletan banatzeko aurreikuspena, arreta emateko orduan desorekarik ez sortzeko. Oso egokiak dira udaleko osoko bilkura, junta eta batzordeen adierazpenak, errefuxiatuekiko elkartasuna azaltzen dutenak. Arartekoak euskal herri-administrazioek hartutako konpromisoaren jarraipena egingo du 2016. urtean zehar.
9. Aurten ere, atentatu terroristak egon dira Europan. Ondorioz, pertsona askok bizitza galdu dute, eta Europako herritarrak eta agente publikoak hunkituta geratu dira. Horrek segurtasun neurriak indartzea ekarri behar izan du, baina oinarrizko eskubideak urratu gabe; halaber, neurri horiek bateragarriak izan behar dute kohesio soziala bermatzeko eta bakean oinarritutako kultura bat sustatzeko beste neurri batzuekin. Kulturen eta erlijioen arteko elkarrizketa oso tresna baliagarria da intolerantzia eta estremismoaren aurka borrokatzeko.