8. OFIZIOZKO ESPEDIENTEAK
Herritarren kexak aztertu eta ikertzeaz gain, Ararteko erakundeak, bere kabuz, hainbat gai ikertzeari ekiten dio: batzuetan, euskal administrazio publikoren batek agian oker jokatu duela iruditu zaigulako; beste batzuetan, zerbitzu berriak emateko edo laguntzeko aukera ikusi dugulako.
Otsailaren 27ko 3/1985 Legeak −Ararteko erakundea sortu eta arautzekoak− ofizioz jarduteko aukera xedatu zuen 17.1 artikuluan. Horri esker, Arartekoak bere kabuz esku har dezake, administrazioaren irregulartasunen edo akatsen baten ondorioz kalteturiko herritarren kexen zain egon barik.
2015ean ofiziozko 61 espediente bideratzen hasi gara. Arloen arabera, aipatzekoak dira Haur eta Nerabeentzako Bulegoari dagozkionak eta justizia, baita ere Hizkuntz eskubideak, kultura eta kirola eta gizarteratzeari buruzkoak.
9. taula.
Ofiziozko espedienteen banaketa, arloen arabera
Arloa |
|
% |
Haurrak eta nerabeak |
13 |
21,31 |
Justizia |
13 |
21,31 |
Hizkuntz eskubideak, kultura eta kirola |
12 |
19,67 |
Gizarteratzea |
4 |
6,55 |
Herriaren Defendatzailea |
3 |
4,92 |
Herri-administrazioen araubide juridikoa, |
3 |
4,92 |
Segurtasuna |
3 |
4,92 |
Etxebizitza |
3 |
4,92 |
Hezkuntza |
2 |
3,28 |
Ogasuna |
1 |
1,64 |
Familiak |
1 |
1,64 |
Ingurumena |
1 |
1,64 |
Etorkinak eta kultura aniztasuna |
1 |
1,64 |
Osasuna |
1 |
1,64 |
Guztira |
61 |
100 |
Ikus daitekeenez, Haur eta Nerabeentzako Bulegoaren jardueran batez ere ofiziozko jarduerak hastea gailentzen da. Jarduera horietako askoren bidez, Arartekoak aurreko urteetan egindako gomendioen bilakaera aztertu da, gai hauen gainean: babesik gabeko haurrentzako foru aldundiaren gizarte-zerbitzuak; bakarrik dauden adingabe atzerritarren oinarrizko lanbide- eta lan-heziketa; edo foru aldundien haurren zerbitzuekin egindako jarduerak, haurrek entzunak izateko duten eskubidea bermatzeko.
Beste jarduera multzo bat, berriz, antzemandako egoera edo arazoak ikusita hasi dugu. Adibidez, haurren pobreziari aurre egiteko neurrien bilakaera aztertzeko jarduera, adingabe arau-hausleekin zerikusia duten aldundien eta udalen jarduerak, edo ikuskapen-bisitak egitea, bakarrik dauden adingabe atzerritarrentzako egoitza-baliabide batzuek eta haur babesgabeentzako larrialdietako harrera-zentro batek nola diharduten ikusteko.
Hizkuntza-eskubide, kultura eta kirolaren arloan zenbait ekimen abiarazi dira hiru lurralde historikoetako udal askorekin. Azpimarratu dugu eskola-kirolaren aurretik egiten den kirolak hezkuntza-balioetan oinarritu behar duela, ez lehiakortasun-balioetan.
Justizia arloan nabarmentzekoak dira erakundeen arteko akordio bat bilatzeko ekimenak. Akordio horren bidez konpondu nahi da arazo hau: epailearen aginduz bahitutako ibilgailuak gordetzeagatik norbanakoek tasak ordaintzea.
Segurtasunaren arloan, ikuskapen-bisitak egin dira Erandioko udaltzain-etxera eta Muskizeko ertzain-etxera, eta, halaber, adingabeekin zerikusia duen ofiziozko jarduera bat hasi da: poliziak adingabeekin burututako jarduerei buruz Santurtziko Udaleko langileek egindako erregistroa.
Araubide juridikoaren arloan egindako ofiziozko jarduera bat ere aipatu behar dugu, Sestaoko Udalak errentan bizi diren pertsonen erroldatzea kudeatzeko orduan energia eragingarritasunaren ziurtagiria eskatzeari buruz; eta udal azoka txikietan kalez kaleko salmenta araudira egokitzeko jarduera; edo osasun arloan hasitakoa, Osakidetzak okerreko fakturak bidali dizkielako osasun sistema publikoko asegurudunei eta onuradunei.
Orobat, Lanbiderekin zerikusia duten jarduerak nabarmendu nahi ditugu: bere bulegoetakoren batera ikuskapen-bisita egitea; okerreko prestazioak erreklamatu eta itzultzeko prozedurari buruzko jarduera, DBE jasotzen zuten pertsona askori zegokiena; edo prestazio hori kudeatzeko irizpideak ezagutarazteko asmoz hasi zen jarduera. Gizarteratzearen arloan eta Haur eta Nerabeentzako Bulegoan aztergai izan dituzte, halaber, diru-sarrerak bermatzeko sisteman adingabearen interes gorena lehenesteari buruzko gomendio orokorrak zer bilakaera izan duen, baita ere horrek zer ondorio dakartzan Lanbidek hartu beharreko erabakietan.
Etxebizitzaren arloan, aipagarria da hiru lurralde historikoetan OHZ arautzen duen foru araua alda dadin sustatzeko hasi zen jarduera; hezkuntza arloan, gaixotasun arraroak dituzten ikasleak hezkuntza eremuan txertatzeko jarduera, batzorde aholku-emaileak proposatutako helburuak eta Europlan Nacional hitzaldian egindako gomendioak betetzen ote diren jakiteko; baita ogasun arloan hasitako jarduera ere, Bergarako Udalaren zerga-ordenantza aldatzeko asmoz; edo familien arloan kudeatutako jarduera, familiei laguntzeko politika publikoez Arartekoak egin zuen txosten bereziko gomendioak betetzen ote diren aztertzeko. Era berean, azpimarragarria da, berezia baita, gai honen inguruan hasitako jarduera: Laida hondartzan 2015ean egin ziren egokitze-lanek zer-nolako eragina duten Mundakako itsasertzean.
Ofiziozko jarduera horiek eta beste zenbait –horietako batzuk aztergai dugun urtean bukatu dira, beste batzuk bideratzen ari dira zehatzago kontsulta daitezke txosten honen II eta III. kapituluetan, baita horri erantsitako Haur eta Nerabeentzako Bulegoaren txostenean ere.