III. ATALA ARARTEKOAREN JARDUERAK ARRETA PUBLIKOA BEHAR DUTEN TALDEAK BABESTEKO
Arartekoaren lan-arloak gaikako banaketaren arabera egituratu izan dira beti. Banaketa hori osatzeko, Ararteko erakundearen jarduerak sailkatu izan diren alorretan barreiatuta dauden eta ezaugarri bereziak dituzten zenbait talderen arazoen berariazko tratamendua egiten da.
Alde horretatik eta Ararteko erakundeak pertsona guztien eskubide guztiak bermatu behar dituela uste izanda, beharrezkotzat jo da beren eskubideak burutzean kalteren bat izan dezaketen talde batzuekin lehentasunez jardutea, ahultasun handiagoko balizko egoeran daude eta.
Arreta publikoa behar duten taldeen gaineko arlo horiei esker, ikuspegi praktikotik begiratuta, talde horiekin zerikusia duten gaiak bila eta aurki daitezke urteko txostenean, eta ikuspegi orokorra ematen dute. Baina garrantzitsuena zera da: talde horiek dituzten arazo eta beharrei berariaz erantzuteko eta beraien arazoak ikusarazteko jarduera-esparruak sortzeko asmoz eratu zirela. Gainera, talde horien inguruan estrategia koherentea burutzen laguntzen dute, talde bakoitzari dagokion arloko jarduera-planaren barruan.
Talde horiekin lehentasunez jarduteari eman nahi zaion garrantziak justifikatzen du urteko txostenean bakoitzak bere atala izatea, haien eskubideen gaineko berme-lan garrantzitsu hori balora dadin.
Aurreko bi urteetan egin zen moduan, Haur eta Nerabeentzako Bulegoa ikusgai egitea sustatu da. Bulego horrek berezko proiekzioa izango du, eta bereizitako tokia urteko txosten honetan, izan ere, txosten orokor honi erantsitako txosten batean bilduko da 2015ean burutu duen jarduera.
Atal honetan, hamaika puntutan bildu dira arreta publikoko taldeez burutu diren jarduerak:
1. Familiak
2. Emakumeen berdintasuna eta osotasuna
3. Ezintasunen bat duten pertsonak
4. Gaixo kronikoak
5. Buruko gaixotasunak edo nahasmenduak
dituzten pertsonak
6. Espetxeratuak
7. Ijitoak eta beste gutxiengo kultural batzuk
8. Etorkinak eta kultura aniztasuna
9. Lesbianak, gayak, bisexualak, transexualak eta
intersexualak (LGBTI pertsonak)
10. Adinekoak eta mendetasun-egoeran
dauden pertsonak
11. Talde terroristen biktimak
1. FAMILIAK
Aurrekariak
Botere publikoek familiak babesteko duten betebeharrak Konstituzioaren 39. artikuluan du azken oinarri juridikoa. Halaber, Euskal Herriko Autonomia Estatutuak 10-39. artikuluetan dio familien babesa eskumen esklusibokoa dela, estatutu-arauak “komunitate-garapen, emakume kondizioaren arazo, eta haur, gazte eta hirugarren adinekoen aldeko politika” gisa definitzen dituen arloen barrukoa. Familiak, zalantzarik gabe, botere publiko guztien babes berezia behar du, pertsonen garapen osorako euskarri material eta afektiboa izatearen funtzio ezinbestekoa baitu, bai eta eginkizun kuantitatibo eta kualitatibo bat ere, adingabeei, adinekoei eta gaixotasunagatik edo mendekotasunagatik premia bereziak dituzten pertsonei arreta emanez betetzen duena.
Arartekoak, arlo honetan, familiak babesteko politika publikoak bultzatu eta indartu daitezen sustatzen du, familia- eredu askotarikoen garrantzia kontuan hartuta. Zuzenbideak aintzatetsiak ditu familia-ereduok, eta zenbait kasutan arreta berezia behar izango dute, beren funtzioak betetzeko behar dituzten prestazio guztiak erabateko berdintasunez eskuratzeko. Era berean, familiak babesteko politika publiko horiekin loturiko herritarren kexak bideratzen ditugu, baita horiei arreta eskaintzea helburu duen beste edozein jarduera publiko ere.
1. Arloa kopurutan
2015. urtean familien arloan 17 espediente kudeatu dira, batik bat gai hauekin lotutakoak: familien gaineko politika publikoak, administrazioaren funtzionamenduari eta prozedura administratiboa, eta lana, norberaren bizitza eta familia bateratzea.
2015eko abenduaren 31n, urte honetan zehar kudeatutako kexa espedienteen izapidetze egoera hauxe izan da, 2015. urtean jasotakoak eta 2015eko urtarrilaren 1ean abian zeudenak kontuan hartuta:
2. Kexarik aipagarrienak
2.1. Seme-alabengatiko laguntzak eta familiako bizitza eta lanekoa bateragarri egiteko laguntzak
Eusko Jaurlaritzak familiako bizitza eta lanekoa bateragarri egiteko ematen dituen laguntzei buruzko kexei dagokienez, gure iritziz garrantzi berezia duten bi kontu nabarmendu behar ditugu:
Alde batetik, kexa-espediente bat izapidetu dugu. Bertan, agerian jarri da familiako bizitza eta lanekoa bateragarri egiteko ekainaren 29ko 177/2010 Dekretuaren (martxoaren 17ko 31/2015 Dekretuak moldatu duenaren) 4.2. artikulua aplikatzearen balizko disfuntzioa, bigarren atalean berariaz salbuetsi baitu amatasunagatiko baimenaren aldian diru-laguntzak emateko aukera, zera ezarri duenean: “ezingo dira diruz lagundu amatasunagatiko edo aitatasunagatiko baimenarekin bat egiten duten aldiak”. Gure azterketaren pean dagoen kasuan, interesdunak lanaldi murrizketa zuen, eta adin txikiko semea zaintzeko jasotzen zuen laguntza jasotzeari uztea ekarri du xedapen horrek, bigarren semeaz erditu baita; izan ere, aipatu laguntza ez da bateragarria gozatu nahi duen amatasunagatiko baimenarekin, nahiz eta amatasunagatiko baimena lanaldi murrizketaren erregimenetik abiatuta gozatuko duen (lehenengo semea zaintzeagatik), eta Gizarte Segurantzaren prestazioa jasoz, murriztua hori ere, lanaldi osoarekin jarraituz gero jasoko zuenarekin alderatuta. Kontua Eusko Jaurlaritzaren balorazioaren mende utzi ostean, iruditu zaigu, kasu horretan araua hitzez hitz aplikatu bada ere, aipatu xedapena aurreikusi gabeko efektuak edukitzen ari dela kasu zehatzean. Efektu horiek direla-eta, zalantzarik gabe, arauzko xedapena amatasunagatiko bereizkeriazko efektuak eragiten ari ote den sakon aztertu beharrean gaude.
Bereziki aipatu beharreko beste kontu bat dakarkigu orain, haur baten amak erakunde honen aurrean azaldu zuena. Haurrak % 33ko ezintasuna dauka, II. mailako mendekotasun egoeran dago eta gaixotasun larria dauka. Bada, lanaldi murrizketa zela-eta Eusko Jaurlaritzatik jasotzen ari zen laguntzak mantendu nahi zituen amak, adin txikiko semea zaintzeko xedez lanaldiaren % 99 murriztu ondoren, haurra, gainera, minbiziak jo zuen-eta. Besteren konturako langilea da kexagilea, eta, semea zaintzeko xedez, lanaldiaren herena murriztu zuen 2007ko urrian. Ordutik, lanaldi murrizketa horri eutsi dio, Eusko Jaurlaritzak seme-alabak zaintzeko ematen dituen laguntzak jasoz. 2014ko apirilean, familiako eta laneko egoerak nabarmen aldatu ziren, semea minbiziak jota gaixotu zen-eta. Une hartan, minbizia edo bestelako gaixotasun larriren bat duten adin txikikoak zaintzeko xedez lanaldia murrizten duten gurasoentzat, adopzio-hartzaileentzat edo hartzaileentzat Gizarte Segurantzak ematen duen prestazio ekonomikoari heldu zion amak, eta % 66ra arte handitu zuen lanaldi murrizketa, tratamenduak iraun bitartean semea zaintze aldera. Guztia gehituta –hau da, aurreko % 33ko murrizketa gehituta–, % 99,99an murriztu zuen lanaldia. Egun hartatik, Gizarte Segurantzaren prestazioa jasotzen zuen, eta laguntza eskatzeko unera arte jasotzen zuen soldataren adinakoa zen prestazioaren zenbatekoa; hots, % 66ko lanaldiari zegokion soldata konpentsatzen zuen, aipatu prestazioari heltzeko murriztu zuen % 66ari, alegia. Ez zuen bere lanaldiaren % 100 osatzeko gainerako soldata (% 33) jasotzen, lanaldiaren jatorrizko murrizketa, % 33koa, mantentzen baitzuen adin txikiko semea zaintzeko. Gauzak horrela, interesdunaren ustez, eta lanaldiaren % 33ko murrizketaren ondoriozko sarreren galera zati batean konpentsatzeko xedez, seme-alabak zaintzea bateragarri egiteko laguntzak jasotzen jarraitu ahal izateko betekizunak betetzen zituen. Gainera, semeak, berau zaintzeko helburuz eskatu baitzuen kexagileak laguntza, hiru zirkunstantzia biltzen ditu, modu isolatuan diruz lagundu daitezkeenak, arau aplikagarriaren arabera (12 urtetik beherako semea edo alaba izan eta % 33ko urritasuna edukitzea, mendekotasun egoeran egotea eta osasun egoera larri-larrian egotea).
Hala ere, Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politika Sailak balioetsi zuen zirkunstantzia horietako batek ere ezin zezakeela, kasu zehatz horretan, eskatutako laguntza ahalbidetu, eta, beraz, atzera bota ziren eskabideak, arrazoi ezberdinengatik. Kasua xehetasunez aztertu ondoren, Arartekoak gomendioa bidali zion Eusko Jaurlaritzari (Arartekoaren 2015eko uztailaren 29ko Ebazpena), interesdunak adin txikiko semea zaintzeko xedez eskatu zituen laguntzen ukapena atzera botatzeko eskatuz, familiako bizitza eta lanekoa bateragarri egiteko ekainaren 29ko 177/2010 Dekretuaren II. atalaren babespean.
Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politika Sailaren erantzuna positiboa izan da. Sailak bere adostasuna agertu du, diruz laguntzeari dagokionean, laguntzak erregulatzeko dekretuak lanaldiaren gehieneko murrizketa zehaztu ez duela esatean. Ondorioz, aurrerantzean, 12 urtetik beherako seme-alabak zaintzeko lanaldi murrizketen barruan sartuko dira, Langileen Estatutuaren arabera, bai helburutzat legezko zaintza dutenak, bai minbizia edo bestelako gaixotasun larriren bat duten eta zaintzapean diren adin txikikoak zaintzeko direnak.
2.2. Familiako betebeharrekin zerikusia duten laneko baimenak
Era berean, laneko baimenak gozatzeari buruzko hainbat kexa eta kontsulta jaso ditugu, honako gaiekin zerikusia dutenak: ezkontideen eskubideak izatezko bikoteen eskubideekin parekatzea, seme-alaben zaintza, edo familiako beste betebehar batzuk, hala nola, eta gizonen kasuan batez ere, bikotekidearen erditzeko prestakuntzan laguntzea. Kasu askotan, eremu pribatuko kontuak izaten dira, eta erakunde honek ez du horien gaineko eskumenik. Hala ere, enplegu publikoaren eremurako ere planteatu dira. Kontua da haurrak eta nerabeak babesteko sistema aldatu duen uztailaren 28ko 26/2015 Legearen 3. azken xedapenak duela gutxi moldatu duen Langileen Estatutuko 37.3. artikuluak jorratu duela erditzeko prestatzeko teknikak egiteko baimenen kontua. Horren arabera, oro har onartu da erditu aurreko azterketak eta erditzeko prestatzeko teknikak egiteko eskubidea, aipatu eskubidea aitortu zaien langileen sexua berariaz aipatu gabe. Horrelaxe helarazi diogu eragindako erakundeari. Alabaina, erakunde publiko guztiek oraindik ere laneko baimen hori aitortzen ez dutela egiaztatu ahal izan dugu, seme-alaba edukitzekotan diren gizonei dagokienez.
2.3. Familia ugariaren titulua lortzeko legezko betekizunekin zerikusia duten arazoak
Foru aldundiek familia ugarien gaineko legedia aplikatzeko duten moduarekin zerikusia duten hainbat kexa jaso ditugu erakunde honetan. Legedia horrek ezarri ditu familia ugaritzat jotzeko betekizunak, familia horietako kideei onura ekonomiko zenbaitez gozatzea ahalbidetzeko xedez. Testuinguru honetan aipamen berezia merezi du, gure aburuz, herritar batek azaldutako kontua. Hiru seme-alabaren aita dibortziatua da bera, eta zaintza partekatuko erregimenean daude horiek. Bizkaiko Foru Aldundiak, dibortzioaren ostean eta familia ugariak babesteko azaroaren 18ko 40/2003 Legea aplikatuta, gurasoetako bat hautatzeko beharra jakinarazi dio kexagileari, familia ugariko kide izaten jarraitzeari begira, eta, ondorioz, beste gurasoa aipatu titulartasunik gabe geratuko dela adierazi dio, familia ugaritik kanpo geratuko litzateke-eta. Herritar horrek uste du gurasoetako bat familia ugaritik kanpo uztean ez direla kontuan hartzen zaintza partekatuko kasuko baldintzak, hiru seme-alabekin bizikidetza eraginkorra gertatzen baita. Familia ugariei buruzko aipatu estatuko legedia aztertuta, eta egia izan arren aipatu xedapenak seme-alaben eta gurasoetako baten arteko bizikidetza eraginkorra eteten den dibortzioen kasuan gurasoetako bat hautatu behar dela eskatzen duela, familia ugariko tituluan partaide izateari begira, erakunde honen iritziz ez da kontuan hartzen zaintza partekatua, bi gurasoekin jarraitzen baitute seme-alabek bizikidetza eraginkorra edukitzen. Horregatik, eta eremu horretan dagoen legezko hutsunearen aurrean, zaintza partekatuaren instituzio berri samarrari dagokionean, kasu horietan aipatu xedapena ez aplikatzeko aukera aztertu beharko litzatekeela uste dugu, eta bi gurasoen titulartasunari eutsi beharko litzaiokeela, familia ugariko kide izaten jarrai dezaten, familia ugariei buruzko aipatu legearen 2.1. artikuluan jasotako arau orokorra aplikatuz. Horrelaxe helarazi diogu Eusko Jaurlaritzari, familia ugarien tituluen kudeaketan eskumena duten foru erakundeek xedapen hori aplikatzeko irizpide homogeneoa formulatu dezan –kontuan hartuta, era berean, gurasoak banantzen diren kasuetan familiako harremanei buruzko ekainaren 30eko 7/2015 Legearen duela gutxiko aldarrikapenaren bidez Eusko Jaurlaritzak adierazitakoa-.
2.4. Seme-alabengatiko laguntzak jasotzeko betekizunak
Seme-alabengatiko laguntzei buruzko euskal legediaren babespean eskatu diren laguntzen ukapena dela-eta, kexak jasotzen jarraitu dugu 2015ean ere. Horietan guztietan, arazo formalak planteatu dira, funtsean, aipatu laguntzak eskatu ahal izateko eskatzen den dokumentazioari buruzkoak. Aurreko txostenetan jada, kasuistikaren eta erakunde honek gai horren gainean egindako balorazioaren gaineko azalpena eman dugu, interesdunei eman beharreko informazioan hobekuntzak proposatuz, Eusko Jaurlaritzako Zuzenean zerbitzuaren aurrean prozedura irekitzetik hasita.
Puntu horretan, aurreko urteetan egin dugun moduan, seme-alabak jaiotzeagatiko laguntzen emakida automatizatzeko egokitasuna berretsi behar dugu, eskaera-izapide baten mende egon beharrik gabe, gero eta konplexuagoa baita izapide hori interesdunentzat, eta, zalantzarik gabe, laguntza horiek jasotzetik baztertzen baititu, praktikan, laguntza horien onuradun izan daitezkeen pertsona asko.
3. Araudi- eta gizarte-testuingurua
Espainiar Estatuko eremuan, eta arauzko markoari dagokionez, familiei zuzenean eragiten dieten bi berritasun nabarmendu behar ditugu 2015ean: alde batetik, 2015eko maiatzaren 14ko Ministroen Kontseiluaren Akordioak onartutako Familiei Laguntzeko Plan Osoa 2015-2017, eta, bestetik, haurrak eta nerabeak babesteko sistema moldatu duen uztailaren 28ko 26/2015 Legeak familia ugariei buruzko gaietan burutu dituen aldaketak.
Familiei Laguntzeko Plan Osoari dagokionez, honakoak jaso ditu bere xedeen artean, bereziki aipagarriak izaki: familien babes sozial, juridiko eta ekonomikoan aurrera egitea, zahartzearekin eta jaiotza-tasa baxuarekin lotutako erronka soziodemografikoei aurre egitea amatasunari lagunduz, belaunaldi arteko eta familia barruko elkartasunari laguntzea, zaurgarritasun bereziko egoeran dauden familiei laguntzea, familiaren egoeran jatorria duten desberdintasunak erauztea. Horretarako, jarduteko ildo estrategiko batzuk aurreikusi ditu, eta, horietatik, honakoak nabarmenduko ditugu:
• Familien babes sozial eta ekonomikoa. Horretarako, enplegua, prestazio sozialak eta prestazio fiskalak sustatzeko neurriak hartzeko asmoa dago, bai eta familiei ekonomikoki zuzenean laguntzeko neurriak hartzekoa ere, edota familiak gizarteratzen laguntzeko zerbitzuak ematearekin, etxebizitzarekin eta hezkuntzarekin zerikusia duten neurriak hartzekoa.
• Kontziliazioa eta baterako erantzukizuna, lan merkatuarekin lotutako neurrien bidez, laguntza ekonomikorako eta zerbitzuetarako neurriekin, edota prestakuntza, informazio eta sentsibilizazioarekin.
• Amatasunari laguntzea, amatasunari zuzenean laguntzeko neurriekin, familiari laguntzeko neurri sozio-sanitarioekin, baita eremu judizialean eta haurrak babesteko eremuan ere.
• Gurasotasun positiboa, gurasoen erantzukizunen erabilera positiboa bilatzen duten neurriekin, hezkuntzaren, borondatezko prestakuntzaren eta gizarteratzearen bidez.
• Behar bereziak dituzten familiei laguntzea, familia ugariei, guraso bakarreko familiei eta urritasunen bat duten pertsonak dituzten familiei laguntzeko neurrien bidez, edota egoera gatazkatsuan dauden edo indarkeriaren biktima diren familiei laguntzeko prebentziozko eta esku-hartzeko neurrien bidez.
Estatuko plan horrek, era berean, familia politiken koordinazioa, elkarlana eta zeharkakotasuna bultzatzeko neurriak aurreikusi ditu. Erronka handia da hori, eremu horren gainean eragina duten herri-administrazio ezberdinek eraginkortasun maila altua lor dezaten eta familia guztietan eragin positiboa edukitzea ziurta dezaten.
Beste alde batetik, estatuko eremuari dagokionean ere bai, aipatu beharra dugu haurrak babesteko sistema moldatu duen uztailaren 28ko 26/2015 Lege berriak bosgarren azken xedapenean aldatu duela familia ugariak babesteko azaroaren 18ko 40/2003 Legearen 6. artikulua. Horrela, familia ugariaren tituluaren indarraldia hedatu egin da, familia ugariko partaide izateko legez ezarri diren adin irizpideak betetzen jarraitzen badu seme-alabetako batek gutxienez, oro har ezartzen den titulua baino azpirago dagoen tituluko partaide izateko baldintzak betetzen dituzten seme-alaba guztien kopurua izan arren. Familia ugarietako adin txikiko seme-alabek familia ugariko kide izaera ez galtzea da kontua, anai-arreba nagusiek familia ugariko partaide izateko ezarri den gehienezko adina gainditzen dutenean. Horrekin, aipatu familietako adin txikiko seme-alabentzako justizia eskaerari erantzun zaio. Onura batez ari gara, 2015eko urtarrilaren 1ean familia ugariaren titulua indarrean eduki duten familia ugari guztiei ere hedatu zaiena (atzeraeraginezko izaerarekin), haurrak eta nerabeak babesteko aipatu legearen bosgarren xedapen iragankorrarekin bat eginez.
Gainera, haurrak babesteko sistema moldatu duen uztailaren 28ko 26/2015 Legeak, Haur eta Nerabeentzako Bulegoaren txostenean sakontasun handiagoz aipatu dugunak, era berean, eta familiei dagokienez, laneko baimenen hedapena jaso du, etorkizuneko guraso biologikoak erditzerako presta daitezen eta etorkizuneko guraso adopzio-hartzaileek adopzioaren prestakuntza administratiboa eta burokratikoa egin dezaten.
Autonomia erkidegoaren eremuari dagokionez, familiei laguntzeko abenduaren 12ko 13/2008 Legeak itxuratu du familiei laguntzeko politika publikoetarako oinarriak finkatu dituen legezko eta arauzko markoa. Bertan, gai horren gaineko esku-hartze publikorako funtsak eta printzipioak zehaztu dira, arauzko garapenarekin osatuta. Arauzko garapen horrek arautu ditu seme-alabengatiko laguntzak, familiako bizitza eta lanekoa bateragarri egiteko laguntza ekonomikoak eta familiako errenta estandarizatzeko sistema.
2015ean, funtsean aldatu dira, Eusko Jaurlaritzaren bi dekretuen aldarrikapenaren bidez, familiei laguntzeko bi ildo nagusiak, hau da, seme-alabengatiko laguntza eta familiako bizitza eta lanekoa bateragarri egiteko laguntza deiturikoak. Bada, laguntza horiekin egokitu zaizkio familiei laguntzeko euskal laguntza guztiak errenta estandarizatuaren irizpideari. Familiei laguntzeko 13/2008 Legearen 6. artikuluan dago jasota errenta estandarizatuaren irizpidea, eta 2012an garatu zen, familiako errentaren estandarizazio sistemari buruzko uztailaren 24ko 154/2012 Dekretuaren bidez.
Horrela, alde batetik, familiako bizitza eta lanekoa bateragarri egiteko dekretua moldatu duen martxoaren 17ko 31/2015 Dekretuak aldaketa nagusi gisa sartu du familiako errenta estandarizatuaren irizpidea aplikatzea seme-alabak zaintzeko xedez eszedentzian edo lanaldi murrizketan dauden langileentzako laguntzen ildoetan, bai eta mendekotasun egoeran dauden edo osasun egoera larrian dauden senideak zaintzeko xedez eszedentzian edo lanaldi murrizketan dauden langileentzako laguntzetan ere, eta, bestalde, aipatu irizpidea aplikatu daitekeen laguntza ildo guztietara sartzeko atalase berberak egon daitezela ezarri du, hala nola, laguntzen onuradunei dagokien laguntzaren zenbateko zehatza zehaztuko duten alderdiak berberak izan daitezela. Hori guztia, familiei laguntzeko aipatu legearen 6.2. artikuluan ezarritakoa aplikatuta. Horren arabera, familia politiken eremuan familiako errentaren estandarizazio sistema bera ezarriko da homologoak diren laguntzentzat, bai eta sarbiderako atalase berberak ezarri ere, familia politiken markoan familiako errentaren estandarizazio sistema ezartzeari buruzko uztailaren 24ko 154/2012 Dekretuan aurreikusi den erregulazioari jarraiki.
Beste alde batetik, iaz ere adierazi genuen kontratazio egonkorrari laguntzeko eta langileen enplegagarritasuna hobetzeko neurriei buruzko abenduaren 20ko 16/2013 Lege Dekretuak, 1. artikuluaren bidez, hainbat aldaketa sartu zituela Langileen Estatutuaren Legearen testu bateginean, eta, era berean, aipatu legearen 37. artikulua ere aldatu zuela. Horrela, norberaren zaintzapean dauden seme-alabek 12 urte bete arte heldu ahalko diete langile guztiek familiako bizitza eta lanekoa bateragarri egiteko neurriei. Horrekin, parekatu egin dira besteren kontura lan egiten duten langileen eta enplegatu publikoen eskubideak, lana eta familia bateragarri egiteko eskubideei dagokienez. Sektore pribatuaren baitan besteren kontura lan egiten zuten langileek hautemandako alderaketa bidegabea gainditu zuen legezko erreforma horrek, aurreko urteetan erakunde honetan jasotako kexetatik ondorioztatu ahal izan genuen bezala.
Bada, aurreko moldaketaren harira, seme-alabak zaintzeko lanaldi murrizketetan edo eszedentzietan diruz lagundu daitezkeen egoeren edukia ere legezko marko berriari egokitu nahi izan dio Eusko Jaurlaritzak. Horren ondorioz, eta legezko zaintzagatik lanaldi murrizketari heltzen dioten langileentzat benetan eragingarria izan dadin egindako aldaketa, diru-laguntzen gehieneko mugak ere aldatu dira, aipatu dekretuaren 9. artikuluan aurreikusitakoak. Familiei laguntzeko legearen 4.e) idatz-zatian ezarritakoak gidatu du aipatu moldaketa. Idatz-zati horren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoko familia politikak eta marko horretan artikulatutako neurrien multzoak, beste xede batzuen artean, honakoa jarraitu behar dute: «emakumeek eta gizonek baterako erantzukizuna finkatu dezatela, adin txikiko seme-alaben zaintzaren eta heziketaren eremuan eta mendekotasun egoeran dauden pertsonen arretan batez ere». Hori guztia, Euskal Autonomia Erkidegoko familia politika gidatu behar duen funtsezko balioetako batekin bat eginez, hau da, emakumeentzako eta gizonentzako aukera berdintasunari eta bikoteko bi kideen arteko baterako erantzukizunari jarraiki, legezko testu beraren 3.1.d) idatz-zatian adierazi den bezala.
Bestalde, seme-alabak zaintzapean dituzten familiak babesteko laguntza ekonomikoei buruzko martxoaren 17ko 30/2015 Dekretuaren helburua da seme-alabak dituzten familiak babesteko laguntza ekonomikoen erregulazio berria egitea. Familiako errenta estandarizatuaren irizpidea laguntzen ildo guztietara (eta laguntza horien babespean diruz lagundu daitezkeen egoera guztietara, seme-alabak zaintzapean edukitzeagatiko laguntzen kasurako) hedatzeak gidatuko du, nagusiki, aipatu erregulazioa. 2015eko apiriletik aurrera jaiotako seme-alabei aplikatuko zaie aipatu dekretua. Seme-alabak kargura edukitzeagatiko laguntzei, erditzeagatiko edo adopzio nazional anizkoitzagatiko laguntzei eta nazioarteko adopzioagatiko laguntzei eragiten die horrek, eta ondorioak dauzka horien onuradunei dagokien laguntzaren zenbatekoan. Hori guztia, familiei laguntzeko 13/2008 Legearen 6.2. artikuluan ezarritakoa aplikatuta. Horren arabera, familia politiken eremuan familiako errentaren estandarizazio sistema bera ezarriko da homologoak diren laguntzentzat, bai eta sarbiderako atalase berberak ezarri ere, familia politiken markoan familiako errentaren estandarizazio sistema ezartzeari buruzko uztailaren 24ko 154/2012 Dekretuan aurreikusi den erregulazioari jarraiki. Erregulazio berriak, laguntzak justizia materialeko irizpide egokiago baten arabera banatzen dituen arren, familia bakoitzaren benetako errentaren egoera hartzen baitu kontuan, oro har -aurreko 255/2006 Dekretuan jasotako erregulazioarekin alderatuta- laguntzen zenbatekoak murriztea ekarri du, eta errenta ertain baxuei (urteko 20.000 eta 30.000 euroko errentei) egiten die kalte bereziki, egungo erregulazioa aurrekoarekin alderatuz gero.
Bestetik, era berean aipatu beharra dugu -euskal familia askotan itxuraz edukiko duen eragina dela-eta- Eusko Jaurlaritzak 2015ean aldarrikatu duen legea, hots, gurasoak banantzen diren kasuetan familiako harremanei buruzko ekainaren 30eko 7/2015 Legea. Xede bikoitza dauka legeak; batetik, adin txikiko seme-alaben interes gorena babestea, eta, bestetik, emakumeen eta gizonen berdintasuna sustatzea. Bada, legea gurasoen baterako erantzukizunaren printzipioaren bidez gauzatu nahi da, seme-alabak dituzten bikoteak banantzen diren kasuetan. Legez ezarritako aipatu printzipioak -besteren artean- zera dakar, organo judizialak zaintza partekatua hitzartzea seme-alaben zaintzaren erregimenari buruzko hitzarmenik ez dagoen banantze kasuetan, alde batek eskatzen badu eta adin txikikoaren interesaren aurkakoa ez bada, betiere legezko betekizunei jarraiki. Erakunde honek hainbat aldiz adierazi du horrelako erregulazio baten egokitasuna, bai haurren intereserako, bai emakumeen eta gizonen berdintasun erreal eta eraginkorra ziurtatzeko. Itxaropena dugu lege horrek agerian utziko duela tradizionalki emakumeek burutu duten zaintzaren balioa, gizonek ere berdintasun baldintzetan euren gain hartzen duten neurrian. Erronka handia da hori gizarte osoarentzat, lehentasunezko xede sozial, ekonomiko eta kultural gisa txertatu behar baitu familiako bizitza eta lanekoa bateragarri egitea.
4. Jarduera-planaren esparruko bestelako esku-hartzeak
2015erako egin genuen jarduera planaren markoari dagokionez, jarraian azalduko ditugu arlo horretan burututako jardunbide nagusiak. Funtsean, Eusko Jaurlaritzako Familia Politika eta Komunitate Garapenerako Zuzendaritzarekin edukitako harreman iraunkorrean daude ardaztuta, bai eta Arartekoaren Familiei laguntzeko politikak Euskadin: azterketa eta proposamenak txosten berezitik eratorritako jardueretan ere.
4.1. Arartekoaren Familiei laguntzeko politikak Euskadin: azterketa eta proposamenak txosten bereziaren segimendua
2015eko azaroan Arartekoaren aipatu Familiei laguntzeko politikak Euskadin: azterketa eta proposamenak txosten berezia Eusko Legebiltzarraren aurrean aurkeztu ondoren, bertan jasotako gomendioetako batzuen (xehetasun handiagoz aipatu genituen horiek iaz Eusko Legebiltzarrari aurkeztutako txostenean) eragina ezagutu nahi izan dugu, eta horren gainean duen jarrerari buruzko informazioa eskatu diogu Eusko Jaurlaritzari horretarako. Zehazki, eta, alde batetik, zaurgarritasun egoeran dauden familiei buruzko euskal marko juridikoa garatzeko gomendioak abiarazteko neurriak hartu diren jakin nahi izan dugu, bai eta erakundeen antolakuntza hobetzeari zuzendutako gomendioak abiarazteko neurriak hartu diren ere, familientzako informazio gailu integralak sortzeko asmoz foru aldundiekin elkarlanean aritzeari dagokionez, eta familientzako laguntza ekonomikoei buruzko hausnarketa estrategikoa zein egoeratan dagoen ere jakin nahi izan dugu. Beste alde batetik, Eusko Jaurlaritzak gurasotasun positiboa erabiltzea errazteko jarri dituen neurriei buruzko informazioa eskatu dugu.
Familietan eta haurtzaroan erakunde arteko inbertsiozko estrategia (udalen eta foru aldundien inplikazioarekin) egiteko proposamenari buruzkoa izan da Familia Politika eta Komunitate Garapenerako Zuzendaritzak igorritako erantzunaren alderdi aipagarriena. Horrekin, familiei buruzko euskal politikak gizarte inbertsioaren paradigmari egokitzea bilatu nahi da, bai eta pertsonek nahi duten seme-alaba kopurua eduki dezaten oztopoak ezabatzeari egokitzea eta haurren pobreziaren eta desberdintasunaren prebentzioari egokitzea ere. Hau da, Haurren eta Familien aldeko Herri Hitzarmena deiturikoa lortu nahi da. Garrantzitsua da, gure ustez, estrategia eta hitzarmen horien bidez biztanleria zahartzetik eta mendekotasun egoeran dauden pertsonak dituzten familietatik eratorritako beharrei ere adierazpena eta lekua egitea. Era berean aipatu da familiaren ongizateari zuzendutako baliabide eta prestazio guztiei buruz informatuko duen erakunde arteko atari publikoa sortzea estrategia horren markoan. Familientzako informazio gailu integralen eskariari erantzungo lioke horrek. Ondo baloratzen dugu erakunde arteko estrategiaren ekimena, baina garatu egin behar da oraindik. Halere, gure arreta bereganatuko du etorkizun hurbilean.
Gainerakoan, Eusko Jaurlaritzak gurasotasun positiboa sustatzeko eremuan hartutako neurrien inguruan informatu gaitu. Erakunde honek oso ondo baloratu du Eusko Jaurlaritza eremu horretan edukitzen ari den lidergo gaituaren zeregin nabarmena, albo batera utzi gabe Eusko Jaurlaritzak hautematen dituen erronkak, gaur arte artikulatutako programak gizarteko beste sektore batzuetara (herrietara, hirugarren sektorera eta hezkuntza eremura) hedatzeari dagokionean, edota erditu aurreko fasera hedatzeari dagokionean, eta, gizonak zaintza-lanetan modu aktiboan inplikatuz, familia barruko eta generoko indarkeriaren prebentziora hedatzeari dagokionean.
4.2. Bilerak elkarteekin
Beste urte batez, harremana eduki dugu Euskadiko familia aniztasunaren interesak ordezkatzen dituzten elkarte ezberdinekin. Horren bidez, euren lan ildo nagusiak, beharrak eta botere publikoei eskatzen dizkieten kontuak ezagutu ahal izan ditugu. Horien artean, honakoak nabarmendu ditzakegu: Hirukide Euskadiko familia ugarien elkartea, Sehaska guraso homosexualen elkartea, Isadora Duncan Guraso Bakarreko Familien Fundazioa eta Chrysallis adin txikiko transexualen familien elkartea. Azken elkarteari dagokionez, LGTBI pertsonei buruzko atalean aipatu ditugu horien eskariak xehetasun handiagoz.
4.3. Bilerak Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politika Sailarekin
2015ean, elkarlanezko harreman ona izan dugu Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politika Saileko Familia Politika eta Komunitate Garapenerako Zuzendaritzako arduradunekin eta teknikariekin, bai herritarrek aurkeztutako kexa-espediente batzuk izapidetzeko eta horien segimendua egiteko orduan, bai aipatu sailak duela gutxi aldatu dituen laguntzei buruzko dekretuak interpretatzeari eta aplikatzeari dagokionean. Puntu horretan, aipatu zuzendaritzak erakutsi dituen harmena eta prestasun ona nabarmendu nahi ditugu. Izan ere, hainbat bilera egin ditugu zuzendaritza horrekin, berak sustatzen dituen politikekin zerikusia duten kontu ezberdinen inguruan (LGTBI, aniztasuna, haurtzaroa, familiak). Xehetasun handiagoz aipatu ditugu gai horiek txosten honetako berariazko ataletan, bai eta Haur eta Nerabeentzako Bulegoaren txostenean ere.
5.Herritarren eskubideen egoeraren balorazioa
Familiei publikoki laguntzeak pertsonei euren giza garapenean eta euren eskubide indibidualen erabateko lorpenean laguntzea esan nahi du, gainera, gehien behar dutenak bereziki babestuz (adin txikikoak, adinekoak, gaixotasuna edo mendekotasuna duten pertsonak). Bada, agerikotasun horren aurrean, erakunde honen ustean familientzako laguntza ezinbesteko estrategia publikoa da gizarte estatuari eutsi ahal izateko, eta, beraz, krisi garaian inoiz baino gehiago, familia politikak dira gizartearen kohesioa bermatzeko eta pobrezia eta gizartearen desegituraketa saihesteko inbertsio publiko onena.
Horretarako, beharrezkoa da laguntza publikoetarako edo diru-laguntzetarako politikak aktibatzea, baina, batez ere, gero eta beharrezkoagoa da aldaketa kultural, sozial eta ekonomiko sakonak bultzatzea, gure jarduera ekonomikoan familien beharrak erabat txertatzeko ikuspegi berriak zabaldu daitezen. Pentsaerak aldatzeko prozesuetan buru izatera deituta daude botere publikoak, zaintzaren, etxeko lanen, atsedenaren, aisialdiaren, giza harremanen eta gizartean parte hartzeko beste modu batzuen (borondatezko edo ordaindu gabeko lanen) beharrezko eta nahitaezko espazioa -bai eta duten balio nagusia ere- aitor dadin gizartean. Bada, gero eta beharrezkoagoa gertatzen ari da denborak antolatzeko planteamendu orokor berriak azpimarratzea, lanak gure bizitzetan duen nagusitasuna zalantzan jartzeko, baina, halere, lan-bizitza edukitzea ahalbidetzeko, aldi berean, beharrizan pertsonalei eta familiakoei behar besteko arreta emanez.
Gainera, pertsonak zaintzeko eta artatzeko unean baterako erantzukizuna egotea nahitaezkoa da emakumeen eta gizonen berdintasun printzipioan, baina gizarte bateratzaile baterako oinarriak biziki garatzen baditugu bakarrik izango da bideragarria. Bestela, pertsonak zaintzeko eta artatzeko espaziorik uzten ez bada, giza ikuspegitik begiratuta bideragarria izango ez den gizarte eredua eraikitzen egongo gara.
Euskal herri-administrazioei dagokienez, beharrezkoa da pertsonen bizitzentzat gero eta eutsiezinagoa den eta gure gizarteen demografian zein gure bizi-kalitatearen hondamenean ageriko eragina duen eredua zalantzan jartzea. Horrek zera dakar, kontu horren gainean ardura gehien duten eragileen (hala nola, enpresen) sentsibilizazio sozialean lan egiteaz gain, kontu hori botere publikoko erakunde ezberdinen agenda politikoetan lehentasunezko gai gisa txerta dadila lortzea. Kontziliazioaren aldeko apustua zeharkakoa izan behar da, eta gure sistema ekonomiko eta politiko osoa busti behar du denborak banatzeko eta zaintzaren balioa handitzeko diskurtso berri batekin, pertsonak jarriko dituena, eta ez ekoizpena, gure arretaren erdigunean.
Erakunde honen ustez, honakoak dira, egun, euskal familientzako gairik premiazkoenak:
5.1. Honela laburtu daitezke familia guztien behar komunak:
- seme-alabak zaintzearekin eta familia barruko zaintzarekin zerikusia duten kostuei aurre egiteko baliabideak;
- lan eremuan, familia eremuan eta bizitza pertsonalean norberaren gain hartutako erantzukizunak bateragarri egiteko denbora eta zerbitzuak;
- informazioa, orientazioa eta aholkuak gurasoen eskumenak egoki betetzeko.
5.2. Familia barruko zaintzari lotutako kostuei aurre egiteko baliabide ekonomikoei dagokienez, beharrezkoa da erdigunean jartzea, baita ere, biztanleria zahartzearen eragina, inbertsio publikoa indartuz adinekoak eta mendekotasun zein urritasun egoeran dauden pertsonak dituzten familietan.
5.3. Seme-alabak dituzten familientzako laguntza ekonomikoen sistema sistema unibertsalerantz bideratu behar delako ideiari eusten jarraitzen dugu -hau da, errentaren mende ez dauden laguntza unibertsal zuzenen sistemarantz, nahiz eta errentaren arabera neurtu daitezkeen-, eta ez kenkari fiskaletan oinarritutako sistemarantz, egun gertatzen den bezala. Ahal den neurrian, laguntzak ofizioz emateko eta irekitzeko sistema automatizaturantz jo beharko litzateke, administrazio ezberdinen eskura dauden datuez eta dokumentazioaz baliatuz horretarako. Prestazioen kudeaketarekin zerikusia duten arazoetako asko (eskaera, dokumentazio egiaztagarria aurkeztea eta abar) konponduko lirateke horrela. Era berean, egoki deritzogu koordinazio sozio-fiskala indartzeko neurriak ezartzeari, bai eta ekimen pilotuen garapenean aurrera egiteari ere, horrela, horren inpaktua ebaluatu ahal izan dadin, eta familiei laguntzeko eredua unibertsal bihurtze aldera urratsak ematen jarraitzeko.
5.4. Etxeko, familiako eta bizitza pertsonaleko erantzukizunak bateragarri egitea errazteko neurriek euskal familien eskaeren erdigunean egoten jarraitzen dute, denbora behar baitute seme-alabak hazteko eta zaintza behar duten senideak zaintzeko, eta, bestalde, familiako kide ez-autonomoak behar bezala eta behar moten arabera -heziketa beharrak, laguntzeko beharrak, babes beharrak- artatzeko zerbitzuak ere behar dituzte, lan jarduerak iraun bitartean. Gainera, beharrezkoa da laguntza ekonomikoa ematea, bai denbora “erosteko” (eta familia sostengatzea eta horren ongizatea bermatzeko sarrerak jasotzen jarraitzea), bai zerbitzuak erosteko, estatuak zuzenean hornitzen ez baditu.
Horregatik, beharrezkoa da euskal herri-administrazioek are gehiago eta euren eskumenen neurrian lagundu dezatela, kontziliazioari laguntzeko programak, baimenak eta zerbitzuak indartuz edota areagotuz, horien eskaintza zabala ziurtatuz eta laneko sektore guztietara (publikoetara zein pribatuetara) malgutasun handiagoa hedatzea ahalbidetuko duten bideak esploratuz, lanaldia murrizteari eta berrantolatzeari dagokionean, eta lantokian bertan egoteko edo telelan denborei dagokienean, kontziliazioa errazteko xedez. Kontziliazioaren kostuak zati batean konpentsatzera bideratutako laguntza ekonomikoak hein bateko neurri aringarriak baino ez dira horiek jasotzen dituztenentzat. Horrekin guztiarekin, beharrezkotzat jotzen dugu maila ekonomikoari eta laguntzen unibertsaltasunari eustea, etorkizunean horiek areagotzeko joera egon dadila saiatuz, eta arauzko beharrezko aldaketak eginez, beste talde batzuk ere horien onuradun izan daitezen.
5.5. Gure ustez lehentasunezkoa da baliabide bereziak edo babesa behar dituzten familien errealitateak zehaztasunez identifika daitezela Euskadin, administrazio ezberdinek xedatutako neurrietarako eskubideen titularrentzat marko bateratua sortzeko xedez. Horixe da, adibidez, guraso bakarreko familien kasua; izan ere, erakunde honen iritziz, aitortza argiaz eta definizioaz gozatu beharko lukete, guraso bakarreko ereduan zein familia unitate sartzen diren zehaztasunez jakin ahal izateko. Zentzu horretan, komenigarria da familia kategoria ezberdinen xehetasunen erregulazioa egitea -familiei laguntzeko 13/2008 Legea garatuz-, euskal herri-administrazio guztiek berdin balioetsi ditzaten familia guztiak, zaurgarritasun egoera larriagoan dauden familiei kalte egin diezaieketen eta justifikatzen ez diren tratu ezberdintasunak gertatzea saiheste aldera.
2. EMAKUMEEN BERDINTASUNA ETA OSOTASUNA
Aurrekariak
Arartekoak, pertsonen eskubideak defendatzeko lanen barruan, emakumeen eta gizonen berdintasunaren printzipio konstituzionala (EK 14. artikulua) betetzen dela ziurtatu eta defendatzeko funtzioa dauka. Horretarako, euskal agintari publiko guztiei eskatzen die beharrezko neurriak har ditzatela, berdintasunaren eta sexuagatiko bereizkeriarik ezaren printzipio hori, ikuspegi formaletik harago, benetakoa eta eraginkorra bihur dadin, horretarako helburu hori zailtzen duten oztopoak era aktiboan baztertuz (EK 9.2 artikulua).
Berdintasunaren eta sexuagatiko bereizkeriarik ezaren eskubidean egiten den edozein urraketari dagokionez euskal herri-administrazioen jarduerak edo jarduera-faltak kontrolatzea da, funtsean, Arartekoak berdintasunaren arloan duen funtzioa, bai ikuspegi formaletik, bai ikuspegi materialetik. Eremu horretan, geroz eta garrantzitsuagoa bilakatzen ari da administrazio desberdinei berdintasun materiala lortzeko ekintza positiboak martxan jartzeko eskatzea, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Eusko Legebiltzarraren 4/2005 Legeak eta emakumeen eta gizonen benetako berdintasunerako 3/2007 Lege Organikoak ezarritako parametroen arabera, lehen aipatutako aurreikuspen konstituzionalak garatuz.
Genero-indarkeria emakumeen giza eskubideen kontrako atentatu larria da eta, horren oinarrian, sexuagatik berdintasun printzipioa funtsean haustea dago. Hala, gure funtzioen artean ezinbesteko lehentasuna daukate genero-indarkeria ezabatzeko borrokak eta ahaleginak, jakin badakigulako emakumeen aurkako indarkeriaren arrazoia emakume eta gizonen arteko egitura-desberdintasunean aurkitzen dela.
Arlo honetako jardueran proiektatzen dira, era berean, emakumeen herritartasun oso eta aktiboaren eta protagonismo sozialaren alde egiten duten ekimen desberdinen sustapen eta bultzada, oraindik emakumeak gizonen aldean gutxiesten dituzten inertzia kultural eta sozialen aurrean.
1. Kexarik aipagarrienak
1.1. Emakumeek alardeetan duten parte hartzea
Beste urte batzuetan bezala, aurten ere emakumeek jai eta kultura espazioetan duten berdintasunaren gaiak Arartekoak esku hartzea eragin du, emakumeek alardeetan parte hartzearen auziari dagokionez, eta urte osoan zehar kontsulta eta kexa ugari sorrarazi ditu.
Testuinguru horretan, Irungo Udalak herriko jaiak iragartzeko deitu ohi duen lehiaketan urtero kartelak aukeratzeko prozedurari lotutako kontsulta bat bereiziki nabarmendu behar da. Herritar batek azaldu duenez, 2015. urtean aukeratutako kartelean soilik gizonez osatutako konpainia bat agertzen da argazkian, eta emakume bakarra ikus daiteke irudian, hain zuzen ere une horri argazkia ateratzen agertzen den emakume bat; horrenbestez, kartelak alarde ez parekidea baino ez du islatzen, eta, horrela, alarde mistoan berdintasunaren alde urtero parte hartzen duten emakume ugari ezkutatzen ditu. Hala gertatu ahal izan da 2013. urtean kartelak aukeratzeko prozedura aldatu egin zelako; izan ere, lehiaketako kartel irabazlea aukeratzeko herritarren gehiengoa baliatzen da, aurrez aukeratzeko edo iragazteko beste inolako irizpiderik aplikatu gabe. Hizpide dugun prozeduraren nondik norako zehatzak aztertu ondoren, erakunde honek Arartekoaren 2015eko azaroaren 2ko Ebazpena eman zuen; hala, erakunde honek gai honen mamian dagoen arazoari erantzun nahi izan zion. Gure iritziz, aukeratutako hautapen prozedura zehatz honi dagokionez Administrazioaren diskrezio ahal baten aurrean gauden arren, komenigarria da, hala ere, jarduten duen Administrazioak, prebentzio gisa, prozedura horietan esku hartzeko aukera aurreikustea, pertsonen eskubideak urratu ahal badira, adibidez pertsona edo talde jakin batzuentzat eduki iraingarriak direnean. Beste alde batetik, gogorarazi behar dugu Irungo Udalak emakumeak alardeetan ikusarazteko ekintza positiborako neurriak aktibatzeko betebeharra daukala, lege eta konstituzio aginduetatik ondorioztatzen den bezala; izan ere, agindu horri jarraiki botere publiko ororen betebeharra da pertsonen arteko berdintasuna erreala eta eraginkorra izatea eragozten duten oztopoak desagerraraztea. Gure erantzunean, horrez gain, interesdunari eskaera egin genion gaia udal administrazioan bertan ere aurkez zezan, udal administrazioak erantzun aproposa eta egokia eman behar baitu. Horrenbestez, gure ustez Irungo Udalak mekanismo bat gaitu beharko luke (mekanismo horren formula zehatza diskrezionala da udalarentzat), aurrerantzean bermatzeko, batetik, aukeratutako kartelek genero ikuspegia ere kontuan izango dutela eta, horrenbestez, Irungo jaietan emakumeen parte hartzea ikusaraziko dutela, eta, bestetik, kartel irabazleek eskubideak ez urratzeko edo, delinkuentzia ekintzak eragin edo egitea eragozteko.
Alardeei lotutako beste gai bat ere aipatu behar da txosten honetan, hain zuzen ere iaz emandako gomendio baten haritik; une hartan nabarmendu zenez, Irungo Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako III. Planean ez zen emakumeek alardeetan daukaten parte hartzeari buruzko inolako aipamenik jaso, plana prestatzeko egindako parte hartze prozesuen ondorioetan proposatu zenaren aurka. Gure esku hartzearen ondorioz, Arartekoaren 2014ko abenduaren 29ko Ebazpena eman genuen; ebazpen haren bitartez, Irungo Udalari gomendatu zitzaion Gizonezko eta Emakumezkoen Berdintasunaren aldeko III. Planean San Martzialeko Alardean emakumeek parte hartze parekidea izatearen aldeko neurriren bat jaso zezan. Bada, udalak gai horri buruz izan duen isiltasunaren ondoren, ulertu behar dugu, zoritxarrez, aipatutako gomendioa ez dela onartu.
1.2. Kideei gizonezkoak izatea baldintza gisa eskatzen dieten elkarteak Euskadiko Elkarteen Erregistroan jasotzea
Bizkaiko udal batean berdintasun arloko ardura teknikoak dituen pertsona batek azaldu duen egoera ezin dugu aipatu gabe utzi, hain zuzen ere, estatutuetan bazkide gisa emakumeak baztertzen dituzten zenbait sozietate gastronomiko aipatutako Euskadiko Elkarteen Erregistroan jasotzea Zuzenbidera egokitzen den hizpide duena. Euskadin irismen handia izan dezakeen gai bat da, sozietate gastronomiko ugariri eragiten baitie, askok euskal lurralde guztietan emakumeak bazkide gisa baztertzen baitituzte. Gure erantzunean gai hau arautzeko irizpide juridikoak finkatzen saiatu gara. Hala, gure ustez (elkartzeko oinarrizko eskubidearen edukia bera kontuan hartuz, eskubidearen izaerak askatasun zibilaren printzipioa baitu oinarritzat), Euskadiko Elkarteen Erregistroari ez dagokio elkarte jakin bat antolamendu juridikora egokitzen den ala ez zehazteko epaiketa juridiko materiala egitea, eta, horrenbestez, ezin ditu elkarteen inskripzioak ukatu espresuki estatutuetan ezarrita daukatelako elkartea osatuko duten bazkideek sexu jakin batekoak izan behar direla. Baina, argi dagoenez, elkarte batek sexuetako bat baztertzen badu horretarako arrazoizko argudio objektiborik egon gabe, orduan estatutuak jurisdikzio zibilaren aurrean aurkaratzea planteatu beharko litzateke, sexua dela-eta ez baztertzeko konstituzioaren printzipioa urratzea gerta daitekeelako. Beste alde batetik, bazkide gisa emakumeek parte hartzea debekatzen duten elkarteek administrazio publikoekin dituzten harremanei dagokienez, edozein kasutan 4/2005 Legea aplikatu behar da, otsailaren 18koa, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Legea, alegia, bai diru-laguntzak debekatzeari dagokionez, bai sexua dela-eta edozein motatako bazterketa eragozteko eskuragarri duten neurri oro (ekintza positiboak barne) bultzatzeko botere publikoen betebeharrari dagokionez.
1.3. Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta (DBE) eta Etxebizitzarako Prestazio Osagarria (EPO) onartzea genero indarkeriaren biktima izan den emakume bati
Gure ustez garrantzitsua da DBE eta EPO ukatzearen ondoriozko kexa espediente baten edukia atal honetan jasotzea; genero indarkeriaren biktima izan zen emakume bati ukatu zitzaion, datuak ezkutatzea leporatzen ziotelako, ulertu baitzen interesduna erasotzailearekin bizi zela, erasotzaileak urruntzeko agindua zeukan arren (Bilboko Udaltzaingoaren zenbait akta oinarritzat hartuta). Gertatutakoa aztertu ondoren egiaztatu genuenez, ustez benetan erasotzailearekin bizi zela esateko soilik udaltzaingoaren ikuskaritza bisita batzuk hartu ziren oinarritzat, eta bisita haien aktetan ez zen beste modurik jaso emakumearen eta erasotzailearen arteko elkarbizitza ondorioztatzeko, soilik inguruko bizilagunei kontsultatzea. Horregatik, ulertu genuenez, ezin da udaltzaingoaren ikuskaritza akten ustezko ziurtasuna beste esparru batzuetara hedatu, hain zuzen ere, dagokien objektibotasunagatik ikuskaritza egin duen pertsonaren zuzeneko pertzepzioaren bitartez antzeman ezin direnean edo ezin direnean zuzenean ondorioztatu, edo aktan bertan jasotako frogabideen bitartez egiaztatu daitezkeenean; kasu honetan ez zen horrelakorik gertatzen. Emaitza horren ondorioz, Arartekoaren 2015eko irailaren 18ko Ebazpena eman genuen; horren bitartez, Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailari gomendatu zitzaion berriz azter zezan emakume hari Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta eta Etxebizitza Prestazio Osagarria ukatzeko erabakia.
1.4. Kexa espedienteak Emakundera igortzea
Azkenik, aipatu nahi dugu 2015. urtean jasotako zenbait kexa, izaera pribatua zutenez, erakunde honen eskumen esparrutik kanpo geratu direla; horregatik, Emakundera igorri ditugu, erakunde horrekin bere egunean lortutako lankidetza hitzarmena aplikatuz. Kexa horiek, oro har, lan arloan sexuaren araberako ustezko bereizkeria kasuak izan dituzte hizpide, baita emakumeak txoko edo sozietate gastronomikoetatik kanpo uztea eta emakumea objektualizatzea eragiten dituzten zenbait jarduera eta prentsako iragarki ere.
2. Araudi- eta gizarte-testuingurua
Emakumeen preterizioa lanean
Gure betebeharra den aldetik, nabarmendu egin behar dugu emakumeen eta gizonezkoen berdintasunaren printzipioaren proiekzioari dagokionez, eta, oro har, emakumeen eskubideei dagokienez, nazioarteko eta Europako erakundeen kezka nagusietako bat emakumeek lan arloan pairatu behar duten preterizio egoerari lotuta dagoela.
Hain zuzen ere, duela gutxi Nazio Batuak erakundeak egoera honen nazioarteko dimentsioari buruzko adierazpenak egin zituen, Giza Garapenari buruzko Txostena 2015 argitaratu baitzuen; dokumentu horretan nabarmendu zuen emakumeek gizonezkoek baino parte hartze txikiagoa daukatela lan ordainduaren munduan; esparru horretan parte hartzen dutenean, gutxiago ordaintzen zaie (mundu mailan soldaten arteko aldea gizonezkoen soldata baino % 24 txikiagoa da). Horrez gain, emakumeen lana zaurgarriagoa izan ohi da. Emakumeen ordezkaritza ez da nahikoa erabakiak hartu behar dituzten karguetan eta goi zuzendaritzako karguetan (soilik kargu horien % 25 hartzen dituzte); azkenik, zaintza eta familia karga handiegia hartzen dute. Horrek guztiak kalte izugarria eragiten du emakumeen eskubideak baliatzeari dagokionez, prekarietate ekonomikoa sorrarazten du eta emakumeek, oro har, pobrezia, bereizkeria eta eskubide urraketa pairatzeko aukera gehiago izatea dakar. Gainera, kontuan hartu behar da familia kideak zaintzeko lana normalean emakumeek hartzen dutela; horren haritik, Nazio Batuen Garapenerako Programak ohartarazi duenez, baliteke aipatutako parekidetasunik eza areagotzea populazioa zahartzen den neurrian. Soilik politika finkoekin desagerraraz daiteke parekidetasunik eza, soldata berdintasuna eta familia bizitza eta lana uztartzea bermatuko duten politikekin, alegia.
Bada, ildo beretik, eta Europa mailan, 2015. urtean Europako Parlamentuaren 2015eko urriaren 8ko Ebazpena ere eman da, 2006/54/EE Zuzentaraua aplikatzeari buruzkoa, Gizonen eta emakumeen artean tratu berdintasunaren printzipioa aplikatzeko enpleguarekin eta okupazioarekin zerikusia duten gaietan. Bertan lan arloko preterizio egoera horri aurre egiteko Europar Batasuneko kide diren estatuek jarraitu beharreko urratsak azaldu ziren, Europako testuinguruan ere gertatzen baita; aipatu zenez, besteak beste, pentsioen arloko zeharkako bereizkeriari egin behar zaio aurre, soldaten arloan gardentasuna eta lanpostuen sailkapenen sistema harmonizatuak sortu behar dira, eta soldaten arloko zeharkako bereizkeria antzemateko formulak artikulatu behar dira. Azken finean, soldatei dagokienez emakumeak ez baztertzeko printzipioa modu eraginkorrean aplikatzea eskatzera bideratutako ekimen bat da, eta, horretarako ezinbestekoa da modu komunean, estatu kide guztiek elkarrekin, zenbait kontzeptu definitzea, tartean soldaten arteko aldea, pentsioen arteko aldea, zuzeneko eta zeharkako soldata bazterketa eta, bereziki, lan berdina eta balio bereko lana. Europako Parlamentuak jaso duenez, emakume ugarik familia bizitza eta lana uztartzeko aukerari uko egin diote, lana galtzeko beldurrez; horren ondorioz, Europako jaiotze tasa baxuak areagotu egin dira. Txosten honetako familiei buruzko atalean, lana eta familia bizitza uztartzea erraztea zein garrantzitsua den zehatzago azaldu dugu, baina hemen gogorarazi behar da, gainera, emakumeen eta gizonezkoen arteko berdintasuna lortzeko faktore erabakigarria dela. Gai hau sakonago landu dugu Lana, familia eta norberaren bizitza bateragarri egiten laguntzeko politika publikoak berriz aztertzeko lanean, eta, berriki, Familiei laguntzeko politikak Euskadin: azterketa eta proposamenak txostenean.
Nazio Batuen azterketa Espainiari 2015ean: Nazio Batuen Emakumeen aurkako Bereizkeria Desagerrarazteko Batzordearen azken oharrak (CEDAW)
Beste alde batetik, Nazio Batuen Emakumearen Aurkako Bereizkeria Desagerrarazteko Batzordeak 2015eko uztailean Espainia aztertu ondoren argitaratutako azken oharrak aipatu egin behar ditugu, laburki bada ere. Ohar horietan agerian geratu zenez, Espainiak langile publikoak berdintasun arloan gaitu behar ditu, aldizka espresuki funtzionarioentzako prestakuntza emanez, poliziei, fiskaltza, abokatu eta judikaturako langileei. Horrez gain, 16 eta 18 urte arteko emakume eta neskentzako abortu eskubideari buruzko lege proiektua ez onartzea bereziki nabarmendu zen; izan ere, neskek haurdunaldia eten ahal izateko oztopo gehiegi jaso zituen legeak (hala ere, azkenean, 11/2015 Lege Organikoa onartu da, irailaren 21ekoa, adinez txikiak diren emakumeen eta judizialki aldatutako gaitasuna dutenen babesa sendotzeko haurdunaldia borondatez eteterakoan); asilo eskatzaile diren nesken babesa hobetze ere nabarmendu zen, mugako kontroletan indarkeria ez erabiltzea bermatuz, eta asilo emakida nahikoa eta inpartziala ematea ezartzea. Beste alde batetik, NBEko Kontalari Bereziak, ezgaitasunen bat duten pertsonen eskubideei dagokienez, legegintzan eta praktikan emakumeen aurkako bazterketa gaiari buruzko lantaldekoak, 2015eko martxoan premiazko ekintza bat igorri zuen Espainiako gobernuaren aurrean, haurdunaldia borondatez eteterakoan adinez txikiak diren emakumeen eta judizialki aldatutako gaitasuna dutenen babesa sendotzeko lege organikoaren proposamenari dagokionez, ulertu baitzuten lege organikoaren proposamen hark haurdunaldia eteteko sarbidea mugatu egingo zuela eta osasun fisiko eta mental altuenaren eskubidea bidegabeki mugatuko zuela. Hala ere, lehenago ere aipatu dugun moduan, lege organikoaren proposamen hura, azkenean, onartu egin zen 2015eko irailean.
Europar Kontseiluaren gomendioa, kirolen arloko berdintasunari dagokionez
Aemakumeen eta gizonen berdintasuna kiroletan integratzeari dagokionez, nabarmendu behar da 2015. urtean Europar Kontseiluak gomendio bat plazaratu zuela (Kirolean generoaren ikuspegiari buruzko Gom. (2015) 2); bertan, estatu kideei dei egin zien genero ikuspegia kirol maila eta esparru guztietan sartu, txertatu eta bermatzera bideratutako politika eta jardunak susta ditzaten.
Genero Indarkeriaren aurka babes integrala emateko neurriei buruzko legearen erreforma: genero indarkeriaren biktima diren haurrak
Garrantzitsua da Haur eta nerabeen babes sistema aldatzeko uztailaren 22ko 8/2015 Lege Organikoaren azken xedapenen artean hirugarrenak Genero indarkeriaren aurka babes integrala emateko neurriei buruzko abenduaren 28ko 1/2004 Lege Organikoa aldarazi duena aipatzea, genero indarkeria presente dagoen familia inguruneetan hazten diren haurrek pairatzen duten indarkeriari aurre egiteko. Hartara, eta indarkeria mota horrek adingabeei era askotara eragiten diela aintzat hartuz (adingabeen ongizatea eta garapena baldintzatzen baitu eta osasun arazo larriak eragiten dizkielako, eta emakumearen gaineko indarkeria eta nagusitasuna aplikatzeko tresna bihurtzen dituelako, eta, horren ondorioz, bikotekideek edo bikotekide ohiek emakumeen gainean indarkeria jarrerak belaunaldiz belaunaldi transmititzea errazten duelako), ondorioztatu da adingabeak etxean horrelako indarkeriaren eraginpean egotea biktima ere bihurtzen dituela (hain zuzen ere etxean babestuago egon beharko luketelako). Horregatik guztiagatik, lege honek adingabeak genero indarkeriaren biktima direla onartzea ekarri du. Aintzatespen horren ondorioz, aipatutako legearen 61. artikulua aldatu egin da, nabarmendu behar delako entitate judizialen betebeharra dela indarkeria pairatzen duten emakumeen eskuetan dauden adingabeengan eragina daukaten jarraipen eta kautelazko neurrien eta, bereziki, neurri zibilen gainean adierazpenak egitea. Horrez gain, aipatutako legearen 65. artikulua ere aldatu egin da, genero indarkeriaren biktima den emakumeen esku dauden seme-alabak babesteko egoerak areagotzeko. Azkenik, 66. artikulua ere aldatu egin da, idatzitakoa hobetuz, bisiten araubidearen kontzeptu klasikoa gaindituz; aurrerantzean modu globalean ulertuko da, egonaldi gisa edo seme-alaba adingabeekin komunikatzeko eta harremanak izateko bide gisa.
Berdintasunerako Foru Araua Gipuzkoan
EAEko eremuan, bukatzeko, 2015. urtean ez da nabarmentzeko moduko lege edo arau aldaketarik egin, baina Emakumeen eta gizonen berdintasunerako martxoaren 9ko 2/2015 Foru Araua aipatu egin behar da, nabarmentzeko moduko izaera berritzailea duelako. Hain zuzen ere, arau horrek foru esparruan marko juridiko berezia ezartzen du, eta emakumeen eta gizonezkoen berdintasunaren esparruan botere publikoek daukaten jarduera ahalmenak zabaldu egiten ditu. Xede nagusia sexuaren bidezko berdintasun printzipioa Gipuzkoako lurralde esparruan garatzea da, marko juridiko argia finkatuz, foru jarduera ugarirentzat erreferentziazko parametro bat ezarriz; hala, berdintasunaren helburua lortzeko orientazio hobea jasotzeko erreferentziazko arau bat sortuko da.
3. Jarduera-planaren esparruko bestelako esku-hartzeak
Jarraian, arlo honetan garatutako jarduera nagusiak aipatutako ditugu. Azalpen horretan, bada, Arartekoak emakume eta gizonen berdintasunean izan dituen arreta gune nagusiak zeintzuk izan diren azalduko dugu:
3.1. Bilerak elkarteekin
Mugarik Gabe elkartearekin bilera
Bilera horretan indarkeria matxistei aurre egiteko elkarte horrek egiten duen lanari lotutako hainbat gai landu genituen; elkarteak Arartekoarekin komunikatzeko bide emankorra irekitzeko asmoa agertu zuen, eta indarkeria matxista pairatzen duten emakumeek bizi dituzten arazoak antzemateko zenbait talde egiten ari diren prozesu baten emaitzak etorkizunean sistematizatzeko lanean kolaboratzeko eskatu zion elkarteak Arartekoari. Halaber, azaldu zutenez, Euskadin genero indarkeriaren biktima diren emakumeen egoerari eta erakundeetatik jasotzen duten erantzunari buruzko beste azterlan berri bati ekiteko aukera Arartekoak ere aztertzea komenigarria izango litzateke, dagoeneko 12 urte baino gehiago igaro baitira Arartekoak Emakumeen kontrako indarkeriari erakundeek emandako erantzuna EAEn txostena argitaratu zuenetik, 2003an. Elkarte horrekin harreman ona izateko konpromisoa hartu dugu, elkarteak lan goraipagarria egiten baitu, eta gure aukeren neurrian elkarlanean aritzeko konpromisoa hartu dugu, Euskadin erakundeek genero indarkeriari ematen dioten erantzunaren gaur egungo egoerak ezohiko txostena behar duen sakonago landu behar den aztertuko dugu.
Bilerak Sorgin eta anitzak eta SOS Arrazakeria Euskadi taldeekin
Genero indarkeriaren biktima diren emakumeek eskatutako gizarte prestazioekin (DBE eta EPO) lotuta Lanbideren lanean antzemandako disfuntzioak azaldu zizkiguten talde horiek. Gai horiek Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Gaien Sailari jakinarazteko konpromisoa hartu genuen. Txosten honetako gizarteratzearen gaineko atalean gai horri buruzko xehetasun gehiago eman dugu.
Arte bisualetan emakumeen bazterketaren kontrako Plataforma con Aelkartearekin bilera
EAEko erakusketa eta museoen jardunean, arte bisualen kasuan, genero ikuspegia falta dela azaldu ziguten, eta artista emakumeak eta haien lana erabat ikusezina dela; horrez gain, Euskal Autonomia Erkidegoko Museoen Sistema Nazional osoan emakumeek sortutako artearen gabezia deigarria bukarazteko ez da nahikoa neurri abiarazi erakundeetatik. Besteak beste, Euskadiko museo erakundeek eta erakusketa zentroek egiten dituzten jardueren ebaluazio guztietan generoaren aldagaia txertatzeko eskatu dute, arte bisualen inguruko jardueren sare osoan, oro har, emakumeek sortutako artea eta emakumeen presentzia indartzeko eta sustatzeko bideratutako aurrekontua berariaz esleituz (mintegiak, hitzaldiak, epaimahaiak, patronatuak, erakutsitako emakumeen obrak, aditzera emandako sortzaile emakumeak, etab.). Arartekotik gai honi buruzko espediente baten markoan dagoeneko hasita dagoen azterketarekin jarraitzeko konpromisoa hartu dugu, eta gai guztiak Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailari jakinaraziko dizkiogu, eta auzi honi benetako borondate politikoarekin heldu behar zaiola nabarmenduko dugu, Emakumeen eta Gizonezkoen arteko Berdintasunerako 4/2005 Legearen aurreikuspenak eraginkortasunez betearazteko.
Emakumeek alardeetan parte hartzea defendatzeko taldeak
Aurreko urteetan bezala, emakumeek alardeetan parte hartzea defendatzen duten taldeekin urte osoan zehar etengabeko harremana izan dugula nabarmendu behar da, arrazoi hori dela medio Hondarribia eta Irun udalerriek bizi duten gatazka lantzeko. Alardeak ospatzearekin batera urtero erakundeek horri lotuta egiten duten lanaren hainbat alderdi talde horiekin batera jorratu ditugu, baita izaera estrategikoagoa daukaten gaiak ere, emakumeek bi alardeetan erabat integratzean aurrera egiteko beharrezko erakunde eta gizarte babesa lortzera bideratutakoak.
Arartekoaren erakundeak gai honi buruz hitz egiteko aukera izan duen une guztietan konpromiso tinkoa agertu du gatazka sortu zen momentutik orain arte bezala aurrerantzean ere lan egiten jarraitzeko, eta gure eskura ditugun baliabide guztiak martxan jartzeko Irun eta Hondarribiko jaietan emakumeen erabateko integrazio parekidea defendatzeko.
3.2. Bilerak administrazioekin eta erakundeekin
Gai honetan eragina daukaten funtziodun administrazio publikoekin egindako bileretatik honako hauek nabarmendu nahi ditugu:
Etxeko tratu txarrak eta sexu indarkeria jasaten dituzten emakumeei harrera hobea egiteko erakundeen arteko II. Akordioaren Jarraipen Batzordean Arartekoa erakundearen parte hartzea
Aurreko txostenetan jaso genuen moduan, 2011. urtetik Arartekoa erakundeak ere parte hartzen du Etxeko tratu txarrak eta sexu indarkeria jasaten dituzten emakumeei harrera hobea egiteko erakundeen arteko II. Akordioaren Jarraipen Batzordean, eta presentzia dauka batzordean bertan zein erakundeen arteko talde teknikoan, gure erakundearen ikuspuntuaren ekarpena egiteko, genero indarkeriaren biktima diren emakumeei zuzendutako jarduera publiko guztien multzoan sortutako arazoak edo balizko gabeziak agerian uzteko eta horren gaineko hobekuntza proposamenak egiteko.
2015. urtean, Arartekoa erakundeak batzorde horren eta horren barruan sortutako erakundeen arteko talde teknikoaren bilera guztietan parte hartu du. Lan bilera horietan geure ikuspegia eman dugu genero indarkeriaren biktima diren emakumeen arretari dagokionez landu diren alderdi guztietan. Aurten akordioa osatzen duten erakundeen artean adostutako zenbait lehentasun landu dira. Hain zuzen ere, 2015. urtean sakonago landu diren gaien artean honako bi hauek nabarmendu daitezke: adingabeen arretaren gaia, genero indarkeriaren biktima direnen seme-alabak; eta indarkeria pairatzen duten emakumeei arreta eskaintzen dieten pertsona eta profesionalei genero prestakuntza emateko premiazko beharrizana. Azken horri dagokionez, esparru desberdinetako euskal administrazio zerbitzuetako zenbait pertsonentzako prestakuntza prozesu zabala dagoeneko martxan jarri da, genero indarkeriaren biktima izan daitezkeen emakumeei arreta emateko. Testuinguru honetan aipatu behar dugu jendeari arreta eskaintzeko Arartekoaren hiru bulegoetako pertsona arduradunek prestakuntza prozesu horretan parte hartu dutela, eta oso aberasgarria izan zaiela erakunde honen betebeharrari dagokionez.
Beste alde batetik, aipatutako lehentasunen testuinguruan, 2015. urtean erakundeen arteko talde teknikoaren esfortzua batez ere esku hartze publiko koordinaturako jardun ildoak eta irizpideak garatzea izan da, genero indarkeriaren biktima diren emakumeen seme-alaba adingabeei dagokienez, indarkeria horren biktimatzat jotzen baitira.
Erakundeen arteko lankidetza Emakunderekin eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Berdintasunerako Zuzendaritzarekin, alardeetan emakumeen berdintasuna babesteko
Erakunde honek 2013. urtean Emakunderekin eta Gipuzkoako Foru Aldundiarekin abiarazitako lanari eutsi dio 2015. urtean, Irun eta Hondarribiko alardeetako gatazkei konponbidea emateko erakundeen arteko espazioaren testuinguruan. Beste gauza batzuen artean, espazio horretatik bitartekaritza akademiko espezializatuak esku hartzea bultzatu da, bi udalerrietan inplikatutako erakunde eta gizarte eragileen artean elkarrizketa espazioak irekitzeko, aipatutako gatazkak konpontze aldera.
Hain zuzen ere, 2015. urtean zehar, elkarlanarekin eta maiztasunez bilerak eginez Emakunderekin eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren Berdintasunerako Zuzendaritzarekin duela dagoeneko hiru urte abiarazitako elkarlan egonkor eta tinkoari eutsi diogu. Lankidetza horren xedea Irun eta Hondarribiko alardeetan emakumeen eta gizonezkoen berdintasuna gauzatzeko asmo tinkoa izango duen erakundeen arteko aliantza bat lortzea izango da. Erakunde honen iritziz, emakumeen berdintasunaren eskubidea eta printzipioa argi eta garbi zalantzan jartzen duen gatazka bat betikotzeak gure sistema demokratikoa nabarmenki ahultzen eta oztopatzen du, eta EAEko botere publikoetatik tinkotasunez landu behar da. Horregatik, gure ibilbideari eutsi diogu aipatutako erakundeekin (guzti-guztiak gai honetan inplikatuta daude) eta erakundeen arteko estrategia bateratuak artikulatu ditugu gizarte eta erakunde mailako adostasun zabalak lortze aldera, aipatutako alardeen gatazka bideratzeko balizko bideei inguruan. Erakundeen arteko espaziotik, halaber, egokitzat jo dugu Irun eta Hondarribia udalerrietan eztabaida eta elkarrizketa sozialerako espazioak irekitzeko esku-hartze profesional eta parte hartzaile ugari bideratzea.
3.3. Beste jarduketa batzuk: jardunaldiak, foroak, zenbait ekitalditan parte hartzea
2015eko ekainean genero indarkeriari buruzko jardunaldi bat antolatu izana nabarmendu behar da, FIOko Emakumeen Sarearen Topaketaren (Europa) testuinguruan. Landutako gaiak sakonago aztertzeko, jardunaldi horren ondorioak kontsulta daitezke, Portugaletik eta autonomia erkidegoetatik iritsitako parte hartzaile guztien adostasunez jasotakoak.
Horrez gain, 2015eko azaroan, Arartekoa erakundeak, Eusko Legebiltzarrarekin batera, “Emakumeak espetxean, zailtasun gehiago” izeneko jardunaldia antolatu zuen; askotan ezkutatzen den errealitate bati erantzuteko beharrizana agerian jarri zen bertan.
4. Herritarren eskubideen egoeraren balorazioa
Beste urte batzuetan bezala, herritarrek ez dute arraza edo sexua dela-eta bereizkeria arazoak azaltzen dituzten kexa ugari aurkeztu, ezta herritarrek euskal administrazio publikoekin dituzten harremanetan berdintasunaren alorreko arazoei buruzkoak ere; horrenbestez, horrek argi uzten du, alde batetik, berdintasun formalari dagokionez administrazio jarduna egokia dela, baina, hala ere, ezin da ondorioztatu administrazio publikoek eskuragarri dituzten baliabide guztiak jartzen ari direnik, berdintasun hori, hain zuzen ere, erreala eta eraginkorra izan dadin.
Desberdintasunak antzemateko eta ekintza positiboak abiarazteko neurrien beharrizana, esparru guztietan berdintasun errealerako oztopoak desagerrarazteko
Emakumeen errealitatean hainbat gai esanguratsu ageri dira, errealitatea markatzen, esaterako, gizonen eta emakumeen soldaten arteko aldea, emakumeak zuzendaritza eta erabakitze karguetara iristeko kristalezko sabaia deritzona, baita administrazio publikoetan ere; emakume batzuek zenbait lanpostutara edo kasuan kasuko lanbideetan gora egiteko aurkitzen dituzten zailtasunak; uztartzeko zailtasuna eta bereziki emakumeengan daukan eragina; emakumeen langabezia tasa altuagoa izatea, emakumeen aurkako indarkeriaren gaitzak irauten duelako; krisialdiaren testuinguruan pobrezia feminizatzea; zenbait esparrutan emakumeei kalte egiten dien estereotipoek betikotzea; emakumeek justiziara sarbidea izatea oztopatzea. Horrek guztiak erruz justifikatzen du botere publikoek berdintasunaren eskubidean lan egin beharra, ekintza positiboak bultzatzea eta egitura ekonomiko eta sozial osoan genero ikuspegia daukan munduaren kontzeptua txertatzea, azken finean haien gain hartuz benetako asmoz eta tinkotasunez desberdintasunak antzemateko esfortzua, adierazpen formaletatik haratago, eta horiek desagerrarazteko ahalegina egin behar dute, oztopo horiek desagerrarazteko ekintza positiboak martxan jarriz, oztopo horiek askotan ezkutuan daudelako eta ikusezinak direlako baina emakumeen eta gizonezkoen berdintasuna oraindik ere benetako errealitate izatea eragozten dutelako.
Emakumeen preterizioa lanean
Lan merkatuan eta lanaren esparruan emakumeen kasuan bereizkeria izugarria existitzen dela bereziki antzeman dugu. Euskal botere publikoek hainbat neurri aktibatu behar dituzte, hain zuzen ere aipatutako bereizkeriak modu zehatzean zenbatzeko (soldaten arteko aldea, pentsioen arteko aldea, laneratzeko zailtasunak edo lanpostuari eusteko zailtasunak familia eta zaintza lanak direla medio, erabakitze eta zuzendaritza karguetan emakumeen ordezkaritza txikiegia izatea, etab.), eta ondoren, horiek desagerraraztea bultzatu behar dute, neurri zehatzen bitartez, ez soilik euskal administrazio publikoko enpleguei dagokienez, baita lan esparru pribatuan eragina izango duten neurriekin ere.
Emakumeen aurkako indarkeria: kasuak antzematea eta emakume biktimak ahalduntzea
Esparru honetan bi gai bereziki nabarmendu behar ditugu: Alde batetik, existitzen diren kasu guztiak ez dira antzematen. Gure arreta sistemak emakume horiei laguntzeko baliabide eta prestazioak orientatzeko gai izan behar du, indarkeria matxistaren edozein adierazpen modu goiztiarrean antzemateko (osasun aldetik, gizarte zerbitzuetatik, eskolan, hezkuntza, sare komunitarioen esperientziak, etab.). Beste alde batetik, badakigu biktima diren emakumeek nolabaiteko babesgabetasun sentsazioa daukatela, denboran luzatzen dena eta salatzeko beldurra edota zerbitzu eta baliabideekiko mendekotasuna eragiten duena: kasu horiei arreta eman behar zaie hala sentitzen diren emakumeak ahaldunduz, baliabide eraginkor eta denboran luzatuko den baliabide gisa, erasoen kontrako babes modura.
Horrez gain, lan esparru batzuetan oraindik ere aurrera egin behar dugu (nahiz eta badiren hasitako neurri batzuk), besteak beste, hezkuntza sisteman esku hartzea, eta indarkeria egoeretan dauden emakumeei arreta ematen dieten pertsonen prestakuntza, bereziki justizia sistemako langileei dagokienez.
Emakumeak aisialdi, kultura eta arte espazioetatik baztertzea
Euskadin oraindik ere zailtasunak daude emakumeek aisialdiaren esparruan (sozietate gastronomikoak), kulturan, jaietan, artean eta kirolean parte hartzeko eta ikusarazteko. Esparru horietan emakumeen ikusgarritasuna eta presentzia nabarmenki falta da oraindik, artean, adibidez, edo parte hartze eta aintzatespen maila jakin batzuetara iristea mugatuta dago emakumeentzat, baita zenbait kirol praktikatzea ere.
Ekintza positiboen neurriek emakumeek parte hartzeko eta ikusarazteko bideak zabalduko dituzte historikoki presentzia gutxiago edo ezkutuago izan dituzten esparruetan, eta administrazio publikoetarako erronka handia da. Horrek esan nahi du, nahitaez, erakundeen arteko esfortzua egin behar dela genero ikuspegiarekin jarduteko, borondatea izateko gutxiegizko ordezkaritza hori antzemateko, eta modu kontzientean aurre egiteko emakumeentzat bereizkeria egoerak betikotzera garamatzan inertzia sozialari, ez baitira onargarriak sexuen artean erabateko berdintasuna aldarrikatzen duen sistema batean.
Alardeak eta emakumeak
Irun eta Hondarribiko alardeen kasuan, oraindik ere, emakumeentzat bereizkeriak nolabaiteko babes sozialarekin irauten du, eta inplikatutako erakunde publikoek ez dute beharrezko tinkotasunez jokatzen aipatutako egoerak bukarazteko, jarduera horien pribatutasunaren babespean. Erakunde gisa, gure betebeharra berriz ere errepikatzea da, botere publikoek bultzatu egin behar dituztela esparru horietan emakumeen berdintasunerako eskubidea defendatzeko ekimenak, ekintza positiboki neurriekin. Bidenabar, edozein espaziotan emakumeak baztertzeko jarrerak babesten dituzten estereotipoekin bukatzeko ezinbestekoa da euskal erakunde guztiek herritarren kontzientziazio eta sentsibilizazioaren bitartez ere ekarpena egitea.
Emakumeen posizio ekonomiko ahuldua
Emakumeak gizarte eragile estrategikoak izan behar dira, gizarte bazterketa eta pobrezia egoerei aurre egiteko. Zaurkortasun bereziko egoeran dauden emakumeek, esaterako emakume etorkinak edo ezgaitasunen bat daukaten emakumeek, ekintza positibo bereziak martxan jartzea eskatzen dute, bereziki indartuak berdintasun materialeko maila handiagoetara iristeko eta gizarte bazterketa prebenitzeko.
Salerosketaren biktima diren emakumeen eskubideak babesteko lan egiteko premia Euskadin
Emakume eta neskatoen salerosketaren errealitatea ezkutuan eta isilpean dago, baina Euskadin ere existitzen da. Irismen zehatzaren kontzientzia hartu behar dugu, eta emakume horiei arreta emateko eta eskubideak defendatzeko neurriak hartzen hasi beharra dago.
3. EZINTASUNEN BAT DUTEN PERTSONAK
Aurrekariak
Aurreko urteetan bezalaxe, atal honetan saiatuko gara desgaitasuna duten pertsonen eskubideak aldezteko 2015ean azaldu dizkiguten gai guztiak aztertzen, erakunde honen jarduera esparruei buruzko zeharkako ikuspegi batetik.
Arartekoaren erakundeak, pertsona ororen eskubideak defendatzeko duen lehentasunezko eginkizuna betez, azpimarra berezia, ahal bada, jarri izan du beti beren eskubideez baldintza- eta aukera-berdintasunean baliatzeko zailtasun handienak dituzten pertsona guztien defentsan.
Horri dagokionez,otsailaren 27ko 3/1985 Legeak honakoa dio: “Legebiltzarrak Konstituzioaren I Idazpuruak dakartzan eskubideak Legeak dionez bermatuz aldeztu, eta Autonomia-Estatutuaren 9. Atalak dakartzan demokraziazko oinarri irizpide orokorrak bete daitezenaz arduratzeko jarritako goi-karguduna da Arartekoa”. Horretarako, erakunde honen egitekoa da, herritarrek eskatuta edo bere ekimenez, administrazio publikoen jarduera kexa espedienteen bitartez ikertzea, baina, baita ere, politika publikoak eta pertsonen eskubideen babes-sistema ebaluatzea, botere publikoei gomendioak eginez nahiz pertsonen eskubideak betetzeko eta babesteko kultura indartzea xede duten txosten, analisi edo ekimenen prestakuntza sustatuz.
1. Kexarik aipagarrienak
Atal honetan zehatzago aztertuko ditugu, gure iritziz, arlo honetan interesgarriak izan daitezkeen eta ekitaldi honetan bideratu diren jarduerak eta zenbait kexaren izapidea.
1.1. Hirigintza irisgarritasuna eta mugikortasuna garraioan
1.1.1. Harrigarria dirudi, gure autonomia erkidegoak 1997tik indarrean irisgarritasun unibertsalaren esparruan araudi progresista duela kontuan hartuta (irisgarritasuna sustatzeko abenduaren 20ko 20/1997 Legea; baita 2000. eta 2001. urteetan onartutako garapen araudiak; hiri-inguruneen, espazio publikoen, eraikinen eta informazio eta komunikazioko sistemen irisgarritasun baldintzei buruzko arau teknikoak onartzen dituen apirilaren 11ko 68/2000 Dekretua; eta garraiobideen irisgarritasun baldintzei buruzko arauak teknikoak onartzen dituen uztailaren 10eko 126/2001 Dekretua ere), 2016an irekiko den azpiegitura berri bat ezin izango dutela herritar guztiek berdintasun baldintza beretan erabili.
Ildo horretan, gainera, esan behar dugu udalak antzemandako irregulartasunak zuzentzeko aukera izan duela, posible zen eta den bitartean baina ez dituela akats horiek konpondu.
Elkartu elkarteak gure esku-hartzea eskatu zuen Donostian eraikitzen ari den autobus geltoki berrian mugikortasun urriko pertsonentzat ustez dagoen irisgarritasun falta dela-eta.
Aipatutako elkarteak haren idazkian esan zuen Donostiako autobus geltoki berriaren irisgarritasunari buruz indarrean dagoen araudia betetzen dela bermatzeko haren proposamenak aurkeztu zituela, bai agiriak aurkeztuz, bai bertaratuta ere, udaleko ordezkariekin egindako hainbat bileratan. Elkartuk azaldu zuen ez zegoela ados geltokiko nasentzat aurreikusita dagoen dimentsioarekin. Izan ere, ez zituzten indarreko araudian xedatutako aurreikuspenak betetzen, mugikortasun urriko pertsonek ibilgailutik irisgarritasun eta segurtasun baldintzetan eta modu autonomoan igo eta jaisteko duten aukera galaraziz.
Labur esanda, hizpide dugun kasuko aurrekariei dagokienez, aipatu behar dugu Donostiako Udalak, autobus geltoki berrian nasak irisgarritasuna behar bezala bermatu gabe banatuko zirela adierazi ostean, zenbait proposamen egin zituela egoera hori konpondu nahian. Lehenbizi irisgarriak izango ziren bi nasa nagusi eta hirugarren laguntzaile bat erreserbatzeko aukera ezarri zuen, ezgaitasunen bat duten pertsonak aukera izan zezaten. Bigarren aldian, bost nasari buruz ari ziren (guztira 23); dagoeneko aipatutakoak eta autobusak atzera-martxa eginez sartuko liratekeen beste bi gehiago. Eta azken behin betiko proposamenean (“enpresa emakidadunarekin azken orduan hitzartutako mugimendu batean”), udaleko arduradunek esan zutenaren arabera, bederatzi nasa irisgarri aurreikusi ziren (guztira 21), horietako bostek araudiak ezarritako dimentsioa eta beste lauetan autobusak atzera-martxa eginez sartuko lirateke.
Aplikagarria den araudiak geltokian instalatuko diren nasa guztiak irisgarriak izan daitezen behartzen du. Izan ere, pertsonak ibilgailutik igo eta jaisteko geraleku-eremua dira.
Autobus geltoki berriko elementu guztiek osatzen duten eraikuntza, baita barrura sartu eta kanpora ateratzeko aukera ematen duten hiri espazioek ere, eta erreferentziazko araudiak xedatutako baldintza tekniko guztiak behar ditu. Horrek esan nahi du irisgarritasun unibertsala bermatu behar dutela pertsona guztiek berdintasun baldintzetan baliabide guztiak erabiltzeko aukera emango duten oinezko ibilbidek jarriz.
Donostiako Udalak adierazi zigun, bere ustez, “irisgarritasun unibertsalari buruzko araudiak interpretazio anitz izan ditzakeela”, eta jakin nahi zuen “eraikuntzako ze elementu zehatz eta araudiaren ze puntu zehatz diren, Arartekoaren iritziz, interpretazio desberdína jaso beharko luketenak”.
Egindako kudeaketak ikusirik, Arartekoak 2015eko azaroaren 25eko ebazpenaren bidez gomendatu dio Donostiako Udalari izapide bidean den autobus geltoki berriaren jarduera eta arkitektura proiektua berrikus dezan, nasentzat aurreikusitako diseinuak irisgarritasun unibertsalaren printzipioa berma dezan lortuz.
Ebazpenaren gogoeten atalean egin eta jasotako azterlan juridiko zehatzaren ostean, ondorioztatu genuen xedatu beharrekoa dela udal proiektu horrentzat aplikagarria den araudia betetzen den edo ez.
Hortaz, ez gaude gure ordenamenduak exijitutako aurreikuspenak xedatu edo hitzartzeko aukera ematen duen egoera baten aurrean. Legezkotasunaren printzipio konstituzionala oinarri hartuta, horrek exijitutako aurreikuspenak betetzean datza. Horregatik, behin betikotzat jotako udal proposamena ez da bateragarria inolaz ere ezein interpretazio irizpiderekin.
Txosten hau ixteko datan Donostiako Udalak ez zion erantzunik eman egindako ebazpenari.
1.1.2.Horrez gain, Abadiñoko Udalari zuzendutako kexa bat ere izapidetu dugu. Horren bidez, udalaren jabari publikoa okupatzen duten terrazak eta mahaitxoak jarri izana salatu zen. Kasu horretan, ordenantzaren orokortutako ez-betetzea salatzeaz gain, salaketa egin zuen pertsonak terrazak jartzerakoan oinezko ibilbide irisgarriak xedatzeko eska daitezkeen baldintzen udal interpretazioa eta hiri-inguruneen, espazio publikoen, eraikinen eta informazio eta komunikazioko sistemen irisgarritasun baldintzei buruzko arau teknikoak onartzen dituen apirilaren 11ko 68/2000 Dekretuaren aplikazioa zalantzan jarri zituen. Horri dagokionez, Arartekoaren 2015eko irailaren 4ko ebazpenean ondorioztatu zen ibilbideek jarraituak izan behar dutela eta ahalik eta ibilbide laburrenetik joan. Gauzak horrela, arauak aurreikusi du honako ibilbideek betetzen dituztela hobekien baldintza horiek espaloietan: fatxadako lerroarekin mugakidea den espazioa libre uzten duten ibilbideak, ahaztu gabe, eta garrantzitsua da adieraztea, marraketak, bere osotasunean, koherentzia eta beharrezko jarraitutasuna eduki behar dituela zebrabideekin, bidegurutzeekin eta abarrekin. Abadiñoko Udalak ez du gomendio hori onartu.
1.1.3. Azkenik, ezgaitasunen bat duen pertsona batek bidali digun kexa bat aipatu behar dugu, gorabehera bat izan baitzuen Sopelako metro geltokian haren laguntzaile pertsonalarekin zihoanean. Interesdunak adierazi zuen, Bilboko Metroaren kontratazioko baldintza orokorren 22. artikuluaren arabera, gurpildun aulkian mugitzeko beste pertsona baten laguntza behar duten mugikortasun urriko pertsonen joan-etorriak doakoak izango direla eta ez dutela garraio-titulurik beharko. Ildo horretan, adierazi zuen doako joan-etorriak izan beharko lituzkeen pertsona laguntzailea dela, beste garraiobide batzuetako araudian jasotzen den moduan, bidaiatzeko premia hori duena ezgaitasunen bat duen pertsona baita.
Hori ikusita, Metro Bilbaora zuzendu ginen jakinaraziz Eusko Trenbideak-Ferrocarriles Vascos, S.A.ren Kontrataziorako Baldintza Orokorren 7.1 artikuluak -tren, tranbia eta funikularren garraio zerbitzuetan ezarri daitekeenak- neurri hori jada aurreikusten zuela honako terminoetan: “Euskotreneko zerbitzuak erabili ahal izateko, bidaiariek, zerbitzuetara sartu aurretik, egin nahi duten zerbitzuari dagokion garraio titulu balioduna eduki beharko dute. Garraio titulua edukitzetik salbuetsita egongo dira 5 urte baino gutxiago dituztenak, betiere, titulua duen adinez nagusia den norbaiten badaude, baita itsuekin doazenak edo gurpil aulkia behar duen mugikortasun urriko pertsonekin doazenak ere…”
Eskaera horri erantzunez Metro Bilbaok eskerrak eman zizkigun egin genion gomendioagatik eta azaldu zigun dagoen araudia aldatzeko eta egindako eskaerara egokitzeko beharrezko urratsak ematen ari zirela.
1.2. Hezkuntza
Ekitaldi honetan, ikasleen onarpenari lotutako atalean, ezgaitasunen bat duten edo eskolatzean zehar berariazko laguntza behar izan duten ikasleen izenean sustatutako ekimenak hizpide dituzten kexak gailendu behar ditugu.
Kexa horietako batzuk txosten honen Hezkuntza atalean aipatuko ditugu. Kexa batean, hezkuntzako arduradunek agertu duten prestasuna egiaztatu ahal izan dugu, goi-mailako diseinu irakaskuntza artistikoetarako sarbidean ezgaitasunen bat duten ikasleei plaza kopuru jakin bat gordetzea ahalbidetzeko beharrezko aldaketak sustatzeari dagokionez, lanbide heziketan eta unibertsitateko graduko irakaskuntza ofizialean gertatzen den bezala.
Hain zuzen ere, aipatu ditugun azken irakaskuntza ofizial horietan onarpenari buruzko erregularizazioa onartu da, eta hor ikusi ahal izan dugu lekuen erreserba ez dela % 33ko edo hortik gorako ezgaitasuna aitortuta duten ikasleentzat bakarrik aurreikusi, izan ere, ezintasunezko zirkunstantzia pertsonalei lotutako hezkuntza-premia bereziak dituzten ikasleentzat ere aurreikusi baitira, heziketaren erabateko normalizazioa lortze aldera eskolatze prozesuan baliabideak eta laguntzak behar izan dituztenentzat, alegia. Beste heziketa maila batzuetara ere tratamendu hori bera zabaltzeko aukera planteatzea eragin digu horrek, lanbide heziketaren alorrera, adibidez; erakunde honetan ildo horretako kexak jaso baititugu. Kasu horietan, ezgaitasun maila hori aitortuta ez edukita ere, aurreko etapetan laguntzak jaso dituzten ikasleenak, ikasketak lanbide heziketan jarraitu nahi dituzte-eta.
Ez dugu albo batera utzi nahi jaso dugun eta oraindik ere izapidetze fasean dagoen kexa baten gaineko kezka. Kexa horretan, ezgaitasuna duten eta lanbide heziketa egiten ari diren bi gazteren familiek jakinarazi digute euren seme-alabek zailtasun handiak dauzkatela heziketa programa osatzeko, praktikak enpresa batean egin behar baitituzte, laguntzeko langilerik eduki gabe.
Beste kontu batzuei helduz, nabarmendu behar da 2015ean azkenik onartu egin dela maiatzaren 19ko 69/2015 Dekretua. Euskal Autonomia Erkidegoko herri ikastetxe ez-unibertsitarioetako ikasleen eta hezkuntza gaietan dagokion sailak finantzatzen duen eskola-garraioari buruzkoa da aipatu dekretua.
Dekretu horrek, hezkuntza-premia bereziak dituzten ikasleen kasuan, garraio zerbitzu guztiz desberdinaren kudeaketa ezartzen du. Hala, dekretuaren zioen azalpenean honako hau xedatzea eskatzen da: “Bai Sailak kontratatutako garraioari dagokionez, eta bai hezkuntza-premia bereziak dituzten ikasleentzako esleipen indibidualizatuen erregimenari dagokionez ere, eskudun zerbitzuak modu diferentziatuan emango du erantzuna, betiere kasu bakoitzeko espezifikotasunak kontuan izanik.”
Gure ustez, aurreikuspen horrek ezgaitasun fisikoari, psikikoari zein zentzumenezkoari lotutako premia bereziak dituzten ikasleak gizarteratzeko oztopoarekin amaitzeko balio dezake. 2016ko ekitaldian kontu hori Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailarekin jorratu nahi dugu.
1.3. Funtzio Publikoa
Ekitaldi honetan nabarmendu nahi dugu kezkatzen gaituen beste arazo bat dela Osakidetzak dislexia eta arreta galeragatiko eta hiperaktibitateagatiko asaldura duten izangaiei ematen dien tratua. Beste sektore batzuetan –adibidez, irakaskuntza publikoan– ez bezala, Osakidetzan, pertsona horiek ezezkoa jasotzen dute, probak egiteko orduan egokitzapenak eskatzen dituztenean.
Gure iritziz, irakaskuntza-sektoreko esperientziak erakusten du administrazioak gero eta ohartuago daudela aukeren berdintasuna bermatzeko eta dislexia eta arreta galeragatiko eta hiperaktibitateagatiko asaldura bezalako gaixotasunen ondorioz premia bereziak dituzten pertsonak diskriminatzea saihesteko neurriak abian jartzeko beharraz, iraganeko mugak gaindituz.
Izan ere, IVAPekin harremanetan jarri garenean, arduradunak ados zeuden egokitzapenak izateko eskaera horiek onartu behar direla. Beraien ustez, egokitzapen horiek enplegu publikora sartzeko interesa duten herritar guztien aukeren berdintasuna bermatzeko balio dute, ez bakarrik % 33ko ezgaitasuna duten pertsonen kasuetan, edozein zailtasun –behin-behinekoa ere izan daiteke– dituztenen kasuetan ere bai (bular-emaileak, hausturak dituzten eta horregatik probak normaltasunez egin ezin dituzten izangaiak, etab.).
1.4. Ogasuna
Ezgaitasunen bat duten pertsonekin bizi eta horiek zaintzen dituzten pertsonen eta familien zerga-ordainketak kexek hizpide duten gaia izaten jarraitzen du. Izan ere, batzuetan, administrazioek baldintzak gehitutako formalismoekin lotzen dituzte, jada zorrotzak, ordenamendu juridikoak onuraren gozamenarekin lotzen dituenak edo aurreikusitakoak nahikoak ez direlakoan, familia horien zerga-karga gutxitzeko. Beste batzuetan, berriz, arazoa sortzen da onura horiek berariaz ezarri ez izanagatik. Azken hori, tokiko zerga-ordainketaren arloan behin eta berriz ikusten den arazoa da. Kontuan hartu behar da erregulazioaren esparru-arauek, foru arauek, askotan tokiko erakundeei ahalmena eman baino ez diela egiten, aurretik hitzartuta, haien zerga-ordenantzetan ezgaitasunen bat duten pertsonen aldeko onura jakin batzuk berariaz gehi ditzaten, foru arauak definitzen dituen esparruaren barruan.
Ezgaitasunen bat duen pertsona batek adierazi zigun ez zegoela ados Bermeoko Udalaren jarduera batekin. Izan ere, Bizkaiko Foru Ogasuneko Diruzaintza Zerbitzuaren bidez, toki erakunde horrek zenbateko bat bahitu zion Trakzio Mekanikoko Ibilgailuen gaineko Zerga zela-eta 5 ekitalditan, udal horrek lehenagotik aipatu zergatik salbuetsita zegoela adierazi bazion ere.
Udalak eskatutako zenbatekoen ordainketa eskatzeko arrazoia zen, salbuespena onartu eta gero, ordenantzaren testua aldatu egin zela.
Horregatik, salbuespena baliatzeko beharrezkoa zen udalak egiten zuen bereizgarri bat eta txartel bat erakustea. Bereizgarria ibilgailuaren aurreko kristalaren ezkerraldean jarri behar zen, itsatsita, eta txartela, berriz, une oro ibilgailuan eraman behar zen, bertan salbuetsitako ibilgailu zehatza jasota baitzegoen.
Erakunde honek bidalitako likidazioak baliogabetzeko eskatu zuen eta, ondorioz, interesdunari bahitutako zenbatekoak itzultzeko. Izan ere, kexagileari ezgaitasuna zela-eta salbuespena onartzeko jarraitutako espediente administratiboak jada barne hartzen zituen eragindakoak aipatu zergaren salbuespenaren onuradun izaten jarraitzeko foru araudiak ezarritako baldintzak bete zituela eta betetzen zituela egiaztatzeko bidea ematen zuten beharrezko agiriak.
Alegia, toki erakunde horrek, ondorio guztietarako, eragindakoak salbuespena eskatu zuenetik bazuen kexagilearen ezgaitasun gradu zehatzaren eta ibilgailuaren zerga-potentziaren berri. Horrez gain, jakin bazekien ibilgailua haren izenean zegoela eta ezgaitasuna zuen pertsonak gidatzen zuela. Datu horiek ziren udalarentzat garrantzitsuak ziren bakarrak kexagileari zerga horren gaineko salbuespena mantentzen jarraitzeko. Kexagileak, ez zuen inolaz ere berriro egin behar salbuespen eskaera, ezta tokiko erakundeak jada bazituen agiriak aurkeztu ere.
Ondorioz, ezin genuen onartu foru arauan bideratutako arauzko aldaketak eragina izatea kexagileari zerga horretarako eta gidatzen jarraitzen zuen ibilgailuarentzako emandako salbuespen zehatzean.
Azkenik, Bermeoko Udalak jakinarazi zigun ondoriorik gabe utzi zituela bidalitako bost likidazioak eta, ondorioz, eragindakoari ordaindutako zenbatekoak itzuliko zizkiola.
Zerga-ordenantzan onuraren aurreikuspenik eza, foru arauan badagoen arren, herritarrek egindako zenbait eskaera oso bidezkoen kausa da. Hala, jabekideen komunitate bateko administrariak esan zigun ez zegoela ados Mendaroko Udalak Eraikuntza Instalazioen eta Obren gaineko Zerga zela-eta bidali zion likidazioarekin, hain zuzen, komunitate horretan igogailua jartzeko egindako obren egikaritzearen ondorioz.
Kexagileari jakinarazi genion ezin genuela zalantzan jarri bidalitako likidazioa, udalak zerga haren zerga-ordenantzari jarraiki likidatu baitzuen. Alegia, proiektuaren egikaritze materialaren inguruan aurkeztutako aurrekontuari % 5eko tasa aplikatu zion.
Hala ere, toki erakunde horren aurrean borondate egokiaren kudeaketa bideratu genuen eta jabekideen komunitatearen eskaera azter zezan proposatu genion, Eraikuntza Instalazioen eta Obren gaineko Zerga arautzen duen zerga-ordenantzak ezartzen zuen hobariaren esparruan. Bertan, gainera, honako hobaria onar zitekeen: “%95arteko hobaria ezartzen da, interes berezi edota udal erabilera duten eraikuntza, instalazio eta obren aldekoa, gizarte, kultur egoerak, artistikohistorikoak edota lana sustatzeko direnak justifikatzen duten deklarazioak. Deklarazio hau Udalbatzari dagokio eta akordioa hartuko da, sujeto pasiboaren eskaera izanik aurrez, kideen gehiengoaren aldeko botuarekin.”
Horri erantzunez, Mendaroko Udalak adierazi zuen hobariaren aplikazioa alde batera utzi zuela, aipatu jabekideen komunitatean egindako obretan interes berezirik edo udal erabilerarik ez zegoela ulertzeagatik.
Edozelan ere, azpimarratu nahi dugu 2016 ekitaldiko zerga-ordenantzak izapidetzeko esparruan, ezgaitasuna duten pertsonen irisgarritasun eta biziegokitasun baldintzak errazteko helburuz egiten diren eraikuntzei, instalazioei eta obrei mesede egingo dien hobari zehatza ezartzea aztertzeko aukera.
Erakunde honek gailendu behar du egokia dela herri-administrazioek ezgaitasuna duten pertsonen familientzat eta ezgaitasuna duten pertsonentzat ere sustapen neurriak bultza ditzan zerga-onuren bidez. Adina pertsonen mugikortasunean eragina duen faktore bat da.
Espainiako Konstituzioko 9.2 artikuluak herri-administrazioei trabak kentzeko eta ahulezia handiagoko egoeran dauden pertsonei laguntzeko jarduera positiboko neurriak hartzeko betebeharra helarazten die, pertsona eta talde horien eskubideak benetakoak eta eraginkorrak izan daitezen. Ezgaitasuna duten pertsonen gizarteratzean saihestu ezina den alderdi bat da hiri-inguruetarako irisgarritasuna erraztea exijitzea. Horrek, euren etxeetatik ateratzea zailtzen dieten oztopoak ezabatzea eta espazio publikoetan sartu ahal izatea dakar.
Hala, agerian jarri behar da ezgaitasunak ezgaitasuna duenaren ahalmen ekonomikoa ez ezik haren familia-ingurunearena (aurreko ahaideak, ezkontideak eta ondorengoak) ere murrizten duela, benetan eskuragarri daukaten errenta mugatzen duten gastu gehigarri batzuk gain hartu behar dutenena. Zentzu horretan, ezgaitasunen bat duten pertsonek gizartean sartzeko eta bertan normaltasunez parte hartzeko ahalegin ekonomiko handiagoa egin behar dute egunerokotasunean, beraz, desiragarria da neurriek ahalegin hori kontuan hartzea.
2. Araudi- eta gizarte-testuingurua
2.1. 2015eko urriaren 7an, Gobernu Kontseiluak, hiru foru aldundiekin eta EUDELekin lortutako akordioaren ostean, urriaren 6ko 185/2015 Dekretua onartu du, Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemako prestazio eta zerbitzu zorroari buruzkoa. Dekretu hori beharrezkoa da gizarte zerbitzuei buruzko urriaren 5eko 12/2008 Legea modu eraginkorrean garatzeko eta legean jasotako eskubide subjektiboaren edukia eman eta mugatzeko. Horrek esan nahi du bertan jasotako prestazio eta zerbitzuak ez daudela aurrekontu-egoeretara lotuta, herritarrek legez eska baititzakete.
Egia bada ere jasotako prestazio gehienak dagoeneko egon badaudela –adibidez, mendetasunerako laguntzak, egoitzak edo telelaguntza-, zorro berriaren bidez autonomia erkidegoa osoan maila homogeneoa bermatu nahi da, prestazioen eskaintzan tartean zenbait erakunde egon arren.
Dekretuak, “egiazki” 2016ko abenduaren 25ean abian jarriko denak, hala, zerbitzu horien banaketa definitzen du geografia eta biztanleria irizpideen arabera eta, horrez gain, prestazioen benetako kostua barne hartuko duen memoria ekonomikoa barne hartuko du (bertan jasoko da 2017an euskal herri-administrazioek 1.101 milioi euro erabiliko dituela xede horretarako, 2011n inbertitutakoa baino 142 gehiago, testu hau egin den datan).
Dekretuaren egitura eta deskribapena gizarte zerbitzuei buruzko legearen 23. artikuluan jasotako xedapenetara egokitu dira, honen bidez:
a) Prestazio ekonomiko eta nahitaez eman beharreko zerbitzu ororen definizioa –eta egonez gero, modalitateak-, zerbitzuen kasuan barne hartutako prestazioak zehaztuz.
b) Biztanleria hartzailea mugatzea eta zerbitzu eta prestazio ekonomiko oro eskuratzeko gainontzeko baldintzak zehaztea, kasu honetan preskripzio teknikoa barne hartuta; eta, zerbitzuen kasuan, prezio edo tasa publikoaren ordainketa, noiz ordaindu behar den ezarriz.
c) Prestazioak eta zerbitzuak eskuratzeko prozedura xedapenak zehaztea, eskaera eta ebazpena, atzera egitea, ukatzea, eskubidea etetea edo iraungitzea barne; eta emate, uko, aldaketa, etete edo iraungitze prozeduretan emandako ebazpenen aurka errekurtsoa jartzea.
Hala, prestazio eta zerbitzu zorroak zehazten du euskal herri-administrazio bakoitzak duen betebehar-maila nahitaez eman beharreko zerbitzu eta prestazio ekonomikoei dagokienez.
Bai gizarte zerbitzuei buruzko legean, bai aipatu zorroan, arretarako eredu gisa eredu komunitarioa zehaztu da, erkidegoan arreta bermatu nahian, pertsona bizi den lekuan, horien berariazko premiak eta haien borondatea kontuan hartuz.
Zorroak erakundeen egungo arkitektura errespetatzen du baina, aldi berean, gizarte zerbitzuen plangintzan lurraldeak, mankomunitateak eta udalerriak egoki daitezen ere nahi du. Hala, premia berei erantzun bera eman dakion, betiere erakunde bakoitzaren kudeaketa autonomia errespetatuz. Lan egiteko eta arretarako eredu unibertsal bat zabaltzeko aukera emango duen esparru bakar bat ezartzea da xedea, aurreko ereduarekin amaituz, bana lurralde historiko bakoitzeko.
Azkenik, adierazi nahi dugu aipatu baliabidea dinamikoa dela, hirugarren xedapen iragankorrean ezarritakoarekin bat etorriz, prestazio eta zerbitzu zorroen aplikazioaren eta garapenaren ebaluazio orokorra egin behar baita, Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren unibertsalizaziorako aurreikusita dagon epetik (2016aren amaiera) bi urte igarota.
2.2. Bi hilabete beranduago, 2015eko abenduaren 1ean, Eusko Jaurlaritzak, gizarte zerbitzuen legean jasotako estaldurapean, Gizarte zerbitzuei buruzko plan estrategikoa 2016-2019 onartu du, Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistema bateratzeko funtsezko tresna bihurtu dena 2020an unibertsalizaziorantz aurrera egiteko, eta euskal herri-administrazioentzat plangintza-tresna gisa.
Hala, esan dezakegu planaren oinarrizko bi elementuak, gizarte zerbitzuei buruzko legearen 35.3 artikuluan jasotakoarekin bat etorriz, hauek direla:
- Gizarte premien diagnostikoa, bilakaeraren pronostikoa barne hartuko duena (katalogoko prestazioen eta zerbitzuen premian eta demandan eragina izan dezaketen funtsezko faktoreen analisia eta mapan egindako proiekzioak) eta
- ildo estrategikoak, helburu estrategikoak eta lorpenerako ekintza egokiak.
Halaber, gizarte zerbitzuei buruzko legearen 35.2 eta 35.4 artikuluetan xedatutakoari jarraiki, planak honako hau dauka:
- EAEko gizarte zerbitzuen mapak, besteak beste, estaldurak eta, hala dagokionean, eman beharreko arreta orduak ezartzen ditu, baita 2017ko urtarrilaren 1ean beharrezko plazak edo jorratu beharreko prestazio ekonomikoen jasotzaile edo erabiltzaile kopurua zein den ere (lurralde historiko bakoitzean edo EAE osoan Eusko Jaurlaritzaren eskumenekoak diren zerbitzu eta prestazio ekonomikoak). Halaber, zerbitzu horiek ezartzeko egokientzat jotako biztanleria irizpideak definitzen ditu.
- Memoria ekonomikoak, zenbait alderdiren artean, euskal herri-administrazioek egin beharreko ohiko gastuaren estimazioa gehitzen du, legeak ezartzen duen eskumen-erregimenaren arabera, aipatu estaldurak eta arreta orduak bermatzeko. Horrez gain, diru-sarreren estimazioa ere barne hartzen du.
Baliabide horiekin sistema bakarrerako bidean aurrera egin nahi da, lurralde bakoitzeko egoera oinarri hartuta, administrazio arduradun bakoitzaren kudeaketa aukerak errespetatuz, gizarte segurantzari buruzko legeak, zorroari buruzko 185/2015 Dekretuak eta gizarte segurantzaren garapenerako eta zorroari buruzko dekretuak eta plan estrategikoak eta gizarte zerbitzuei buruzko mapak ezarritako mugak baldintzatuz.
2.3. Joan den ekitaldian abenduaren 12ko 1056/2014 Errege Dekretua BOEn, 2014ko abenduaren 23an, onartu eta argitaratu zela aipatu genuen. Errege dekretu horren bidez ezgaitasunen bat duten pertsonentzako aparkaleku txartela eman eta erabiltzeko oinarrizko baldintzak eta aurreikusi ziren nobedade interesgarriak arautzen dira. Nolabaiteko ikusmen ezgaitasuna duten pertsonek aparkaleku txartela lortzeko duten eskubidea onartzea; ezgaitasunen bat duten pertsonen garraio kolektiboan diharduten eta autonomia pertsonala eta arreta sustatzeko gizarte zerbitzuak ematen dituzten pertsona fisiko edo juridikoentzat eskubide bera konfiguratzea, baita behin-behineko aparkaleku txartela ustez sartzea ere.
Aipatu araua argitaratu eta hurrengo egunean indarrean jarri zen eta bertan jasotako lehen xedapen iragankorrak urtebeteko epea xedatzen du herri-administrazio eskudunek haien arauak estatuko errege dekretuan jasotako aurreikuspenetara egoki ditzaten, gehitzen dituen nobedade garrantzitsuak jasoz (aipatu epea 2015eko abenduaren 24ean betea).
Eusko Jaurlaritzak Konstituzio Auzitegiaren aurrean aipatu arauaren aurka eskumenen inguruko gatazka positiboa mahaigaineratu badu ere, gizarte laguntzaren arloan Euskadiren eskumen esklusiboa urratzen duela ulertzeagatik -Autonomia Estatutuaren 10.12 artikuluan jasotakoa-, bistakoa da inpugnatutako errege dekretuak indarrean jarraitzea Konstituzio Auzitegiak pronuntziamendua eman arte, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak 256/2000 Dekretuaren aldaketa izapidetu behar du estatuko errege dekretuaren funtsezko alderdiak araudi autonomikoan txertatzeko.
Horri dagokionez, joan den urteko abenduan Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politika Sailak emandako informazioaren arabera, kontsulta organo eskudunak ari dira une honetan dekretuaren aldaketarako proiektua aztertzen.
Sailak dio erabilerarako baldintzak eta betekizunak gehituz, baita 1056/2014 Errege Dekretuan jasotako aparkaleku txartelaren titularren eskubideak eta betebeharrak ere, aparkaleku txartelari aplika dakion araubide juridikoa egokitzeaz gain, izapide bidean den dekretu proiektuak gai horri dagokionez aldaketa berriak gehitu dituela, titularren eremu subjektiboa zabalduz eta txartela emateko prozedura arautuz eskubidearen titularren arabera, eskaera eredu desberdinak onartuz.
Horrez gain, beharrezkoa da adieraztea, trafikoari buruzko estatuko legeekin bat etorriz, ezgaitasunen bat duten pertsonei aparkaleku txartela emateko eskumena eta betebeharra udalei dagokiela, baita hiri bideetan aparkalekuen banaketa ekitatiboa arautzeko eskumena ere, zirkulaziorako udal ordenantzaren bidez. Horregatik, udalek 2014ko abenduaren 24tik estatuko errege dekretua zuzenean aplikatu ahal izan dute eta ezarritako egoera berrietan aparkaleku txartelak eman zitzaketen, hala bazegokion trafikoko udal ordenantzak egokituz. Hori guztia Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioaren aurrean araudia inpugnatzeko eta, trafikoko araudia urratzen duela uste izanez gero baliogabe dadin eskatzeko duten aukeraren kaltetan izan gabe. Hala ere, Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politika Sailak dioenaren arabera, uste du ez dela gomendagarria egoera berrietan txartelaren eskaerak izapidetzea dekretu berria behin betiko onartu arte, behin antolamendu- eta prozedura-alderdiak egokituta, EAEko lurraldean gizarte zerbitzuetako erregelamendu- eta koordinazio-ahalmena oinarri hartuta, gizarte zerbitzuei buruzko abenduaren 5eko 12/2008 Legearen 40. artikuluak Eusko Jaurlaritzari emandakoa, eskubideak bertan baliatzeko homogeneotasuna bermatzeko, hala EAEko udal guztientzat segurtasun eta uniformetasun juridiko handiena lortu nahian.
2.4. Atal honetan egokia iruditzen zaigu Eusko Jaurlaritzak Enplegu eta Gizarte Politika sailburuaren 2015eko abenduaren 23ko agindua onartu izana. Horren bidez honakoak iragartzen dira: 2016rako Renove programa etxebizitzen eta eraikuntzen birgaitze eraginkorrerako laguntzak, Renove proiektuak etxebizitzen eta eraikuntzen birgaitze eraginkorra gauzatzeko, EAEko eraikitako ondarean esku hartzeko proiektuak bideratzeko eta horren ondotik egin beharreko obrak egikaritzeko. Esparru horretan, diruz lagun daitezkeen jardueren artean honako hauek aurreikusten dira: “eraikinen irisgarritasuna hobetzea, bide publikotik etxebizitza bakoitzera sartzeko aukera bermatuz, garaierak mailekin gainditu behar izan gabe.
2.5. Azkenik, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiaren 2015eko abenduaren 30eko ebazpena nabarmendu nahi dugu. Horren bidez, 2016. ekitaldirako laguntza emanez enpleguari lotutako jarduerak garatzeko laguntzak iragartzen dira, lanaren ohiko merkatuan ezgaitasunen bat duten pertsonak integratzeko neurri gisa.
Arauan ezarri diren ekintza positiboko neurriak pertsona hauentzat dira: desgaitasunen bat izan eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan enplegu-eskatzaile langabe gisa erregistratuta dauden pertsonak, bai eta desgaitasunen bat izan eta enplegu-zentro bereziek kontratatu dituzten langileak ere; betiere, ondoren deskribatuko diren kasuetakoren batean badaude:
Desgaitasun intelektuala, buru-gaixotasuna edo garuneko paralisia duten pertsonak, % 33ko edo hortik gorako gutxitasun-gradua aitortua zaienak.
Desgaitasun fisikoa edo zentzumenezkoa duten pertsonak, % 65eko edo hortik gorako desgaitasun-gradua onartua dutenak; edo gorrak edo entzuteko desgaitasuna duten pertsonak, % 33ko edo hortik gorako gutxitasun-gradua onartua dutenak”.
3. Jarduera-planaren esparruko bestelako esku-hartzeak
3.1. 2012ko abenduan Arartekoak herritarrentzako web gunea eskuragarria jarri zuen, Mapak izenekoa eta horren funtzioa EAEko zenbait turismo, garraio publiko eta liburutegiren irisgarritasunari buruzko informazioa ematea da. Igarotako denboran zehar, tresna hori hobetu egin da eta egokitzat jo da garapen berriak gehitzea edozein lekutatik, baita kaletik oinez joatean ere, erabilgarritasuna eta informazio hori eskuratzeko aukera errazteko.
Hala, 2014ko ekitaldian telefono eta beste baliabide mugikor batzuetarako aplikazioa abian jarri zuen, gure geografiako edozein lekutatik herritarrari irisgarritasun mapetan jasotako informazioa eskuratzeko aukera ematen diona. Aplikazio horren xedea ez da hainbat baliabideren irisgarritasunari buruzko informazio erabilgarria ematea bakarrik, herritarrek Euskadiko irisgarritasunaren informazioa eraikitzerakoan parte har dezaten ere faboratu nahi da, argazkiak bidaliz, oharrak eginez eta ezgaitasunen bat duten pertsonak berme handienarekin joan-etorrian ibiltzeko informazioa izan dezaten lagunduko duen beste edozein datu emanez.
2014an ezgaitasunak dituzten EAEko zenbait elkarterekin bildu ginen baliabidearen funtzionamenduaren berri lehen eskutik izan zezaten. Ekitaldi honetan proiektuarekin lankidetzan ari diren Eusko Jaurlaritzako sailetara jo dugu, aplikazio berria ezagut dezaten eta Merkataritza eta Turismo Sailburuordetzarekin, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko liburutegi zerbitzuekin egungo baliabideetako informazioa eguneratzea lortzeko premia egiazta dezaten, baita Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailarekin eta horren mendeko irisgarritasunaren sustapenerako Euskal Kontseiluarekin ere.
Baliabide horren finkapenak eta etorkizunak bi gako ditu euskarri: datuen eguneratzea eta mugikortasun arazoak dituzten pertsona guztien bizitza autonomoa bermatzeko informazioa edukitzeko aukera emango duten baliabide berriak une oro gehitzea. Horretarako, gure helburuak bera izaten jarraituko du, alegia, Eusko Jaurlaritzako beste sail batzuekin koordinatutako jarduerak bultzatzen jarraitzea, eraikuntza publiko, ikastetxe, osasun zentro, eta abarretako irisgarritasun baldintzei buruzko informazio oso baliotsua duten horiekin hain zuzen.
3.2.Diru-sarrerak bermatzeko eta gizarteratzeko 18/2008 Legearen ondorioetarako Gizarte Segurantzaren familia prestazioaren “seme-alaba ardurapean izateagatiko esleipena” kausatzaileak diren pertsonak pentsioduntzat jotzeko ofiziozko jarduera amaitu dugu.
Arartekoak kexa eta kontsulta ugari jaso zituen partikularrengandik zein erakundeetatik. Horien bidez kexagileek desadostasuna adierazi zuten Lanbidek 18 urte bete dituzten eta % 65eko edo hortik gorako urritasuna duten pertsonei ematen dien tratuarekin; pertsona horiek kausatzaileak dira, Gizarte Segurantzako prestazio ekonomikoaren titularrak ez badira ere (seme-alaba ardurapean izateari lotutakoa).
Lanbidek seme-alabaren baten ardura izateagatik prestazioa jasotzen dutenak umezurtzak diren kasuetan soilik jotzen ditu pentsiodunen bizikidetza-unitatetzat, bai prestazioaren titularrak direnean, bai titularrak ez direnean, legez ezgaituak daudelako.
Aipatu zenbatekoak eskatzen dira Lanbidek kexagileak pentsioduntzat jotzeko hasiera baten onartu zuen irizpide aldaketagatik. Gainera, diru-sarrerak bermatzeko eta gizarteratzeko 18/2008 Legean eta diru-sarrerak bermatzeko errentaren prestazioa arautzen duen 147/2010 Dekretuan jasotako pentsiodunaren bizikidetza-unitaterako bermatutako zenbatekoa ordaindu zien.
Behin Lanbidek emandako informazioa egiaztatuta, abenduaren 23ko 18/2008 Legeko 9.2.a) artikuluaren ondorioetarako Lanbideri “seme-alaba ardurapena izateagatiko esleipenaren” kausatzaile jakin batzuei pentsioduntzat jo zitzan eta, pentsioen osagarri modalitatean, diru-sarrerak bermatzeko errentaren prestazioak eten eta iraungitzeko zenbait prozedura berrikus ditzan gomendatzen dion ebazpen bat eman zuen erakunde honek.
Aipatu ebazpenean Eusko Jaurlaritzari gomendatu genion, aipatu legearen ondorioetarako, abenduaren 23ko 18/2008 Legearen 9.2. a) artikuluan jasotako bizikidetza- unitateen antzekoak diren unitatetzat jotzeko 18 urte beteta dituzten eta % 65eko ezgaitasun maila edo handiagoa duten pertsonak eta, horregatik, “seme-alaba ardurapean izateagatiko esleipena” izena duen Gizarte Segurantzako familia-prestazio ekonomikoaren kausatzaile direnak, bai horren titularrak-onuradunak direnean, bai gurasoak edo tutoreak direnean legez ezgaituta egoteagatik.
Halaber, gomendatu genuen diru-sarrerak bermatzeko errentaren prestazioak, pentsioen osagarri modalitatean, eten eta iraungitzeko prozedurak berrikus ditzan onartu zirenetik ez baita inguruabarren gaineko aldaketarik izan eta eskubideak aitortzen dituzten administrazio egintzentzat ezarritako xedapenak ez betetzeagatik -Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 102. artikulutik 106. artikulura-.
Erakunde honen ustez seme-alabagatiko prestazioak beste izaera bat dauka. Hala, azpimarratu dugu legegileak familia izaerako prestazioen artean jaso badu ere, kasu askotan lan-merkatuan sartzeko aukera edukitzea eragotzi dien ezgaitasunen bat duten pertsonei laguntza ematea duela xede. Ezgaitasuna duen pertsona batek jaso dezake prestazio hori, bere izenean eskatzen bada; eskatzailea gurasoekin bizi denean, guraso baten oniritzia behar da.
Egia da prestazioa jasotzen duten pertsona ezgaituek gurasoen laguntza izaten dutela kasu gehienetan, eta gurasoek laguntzen ez badiete, oro har, ordaindutakoaren araberakoa ez den elbarritasun-pentsioa jaso dezaketela. Alabaina, egia ere bada 18/2008 Legearen ondorioetarako pentsiodunak diren eta gurasoen laguntza ere jasotzen duten pertsonak daudela, elbarritasun erabatekoa duten pentsiodunak, adibidez.
Gogoratu behar da pertsona batzuk ezin izan direla sartu lan-merkatuan, eta beraien izenean eskatzen diogu laguntza Eusko Jaurlaritzari. Ez da gauza bera gertatzen bat-bateko elbarritasunagatik pentsioa jasotzen duten pertsonen kasuetan. Beraz, pertsona horiek egoera okerragoan daude, beste pentsiodunen aldean.
18/2008 Legearen 9.2 artikuluaren arabera, pentsioduntzat hartzea familian beste diru-sarrera batzuk daudenean ere posible da, beraz, kontuan hartu behar da beste ahultasun-egoera hori ere. Azpimarratu nahi dugu pertsona horiek familiak lagunduta daudela argudiatzeak ez duela balio kolektibo horri laguntza ukatzeko, antzeko familia-egoeran dauden beste pertsona batzuek laguntza jasotzen dutelako.
Hortaz, esan daiteke Eusko Jaurlaritzaren esku dagoela erabakitzea kolektibo hori ere babestu edo ez, eta antzeko egoeran dauden pertsonei ematen zaien osagarria eman edo ez.
Legearen ikuspuntutik zein diru-sarrerak bermatzeko gaur egungo sistemaren logika abiapuntu hartuta, ahultasun- egoera horiei erantzun behar zaie. Hori, gainera, bidezkoa eta egokia da, elbarrituen inguruko lege-esparrua, eta bizitza autonomoa eta independentea izateko pertsona horien eskubidea kontuan hartzen baditugu.
Lanbideren ustez, ez da egokia Arartekoaren gomendio hori kontuan hartzea. Izan ere, zenbait arrazoiren artean, uste du laguntza hori ezgaitasun jakin baten zama eramateko baliatzen dela, tradizionalki “familia-nukleoa” izenekoarentzat dena -gurasoek eta seme-alabek osatutakoa-, lotzen dieten guraso eta seme-alaben arteko harreman estuaren arabera, diru-sarrerak eta gastuak partekatzen dituzten bizikidetza-unitatetzat jo behar dira. Horregatik, bizikidetza-unitate horretako kide guztien ondarea eta diru-sarrerak zenbatu behar dira.
Horrez gain, bigarren kontuari dagokionez, gure gomendioan honakoa aipatu genuen: “Lanbidek diru-sarrerak bermatzeko errentaren prestazioak aurretik eskubidea aitortuta zuten pertsonei eteteak eta iraungitzeak, egoera aldaketarik egon gabe, ez du bat egiten administrazio jarduerak ikuskatzeko ezarritako administrazio prozedurarekin”.
Ildo horretan, Justizia Auzitegi Nagusiaren ebazpena aipatu genuen (2014ko martxoaren 31ko 157/2014 FJ 2.2 Ebazpena), besteak beste, hauxe dio: “el cambio de criterio no puede por ello tener lugar, en su caso, más que a través de los procedimientos regulados en la Ley 30/1992 a que hemos aludido, esto es, los de revisión de actos administrativos que reconocen derechos”.
Diru-sarrerak bermatzeko errenta eten edo iraungitzeko prozedurei dagokienez -aurretik prestazioa onartua zuten pertsonei hain zuzen-, Lanbidek honakoa dio: “irizpide-aldaketaren kasu horietan oker jasotako prestazioak direla-eta itzultzeko prozedurarik ez dela hasi, eta espediente jakinen batean egin bada, betekizunen edo beharren bat bete ez delako izango dela”.
Azken batean, Lanbidek Arartekoaren gomendioak onartu ez baditu ere, erakunde honek gai horren inguruko jarraipena bideratzen jarraitzen du.
4. Herritarren eskubideen egoeraren balorazioa
4.1. Aurreko txostenetan, Ezgaitasunen bat duten pertsonen eskubideei buruzko konbentzioa indarrean jarri zenetik, adierazi dugu hori onartu izanak ezgaitasunaren tratamenduan inflexio-puntu bat eragin duela. Konbentzio hori onartu zenetik, ezgaitasuna giza eskubideen ikuspuntutik tratatu behar da, eta horrek esan nahi du ezgaitasunen bat duten pertsonak eskubideak dituzten gizabanakotzat jo behar direla erabat, hau da, ez direla laguntza-politiken xede huts gisa ikusi behar.
Testuinguru horretan, gure ustez egokia da, era berean, ezgaitasunak dituzten pertsonen eskubideen arloko araudi autonomikoaren eguneratzean sakontzea, egokitzapen eta aldaketa batzuk egiteko, araudi horien aplikazioarekin lotutako kontraesanak ekiditeko eta konbentzioak jasotzen dituen eskubideak benetan gauzatzen direla bermatu ahal izateko.
Zenbait ikuspegitatik ezgaitasunaren alorrean lan egiten duten elkarteekin izandako bileretan, irisgarritasunaren sustapenerako abenduaren 4ko 20/1997 Legea eta garapen dekretuak (bai hiri-inguruneen, espazio publikoen, eraikinen eta informazio eta komunikazioko sistemen irisgarritasun baldintzei buruzko arau teknikoak onartzen dituen apirilaren 11ko 68/2000 Dekretua, bai garraiobideen irisgarritasun baldintzei buruzko arau teknikoak onartzen dituen uztailaren 10ek 126/2001 Dekretua) berrikusi eta eguneratzeko beharra mahaigaineratu digute.
Ekitaldi honetan egiaztatu dugu EAEko zenbait herri-administraziok oraindik modu murriztailean interpretatzen dutela eta aipatu konbentzioan ezarritako oinarrizko eta funtsezko printzipioetatik urruntzen diren ekintzak bideratzen dituztela. Autobus geltoki berriko nasen irisgarritasunik ezaren inguruan Donostiako Udalarekin izandako arazoa gogora ekarri baino ez daukagu, ezgaitasunen bat duten pertsonak nasa horiek baldintza beretan erabiltzetik baztertzen dituzte-eta. Horregatik, Arartekoaren 2015eko azaroaren 25eko ebazpenak Donostiako Udalari gomendatzen dio izapide bidean den autobus geltoki berriaren jarduera eta arkitektura proiektua berrikus dezan, nasentzat aurreikusitako diseinuak irisgarritasun unibertsalaren printzipioa berma dezan lortuz.
Edozelan ere, uste dugu premia duela botere publiko guztiek haien jardueren premisa gisa irisgarritasun unibertsalaren kontzeptua gain har dezaten eta herritar guztien beharren aniztasunari erantzuten dion ingurunea sortu dezaten. Horretarako, jendea biltzen den eraikin, establezimendu eta instalazioetan irisgarritasuna bermatzen duten ezinbesteko neurriak, lurraldea antolatzeko tresnak, hirigintzako planak eta urbanizazio-proiektuak abian jarri behar dituzte.
4.2. Hala, adierazi behar dugu ezgaitasunak ezgaitasuna duenaren ahalmen ekonomikoa ez ezik haren familia-ingurunearena (aurreko ahaideak, ezkontideak eta ondorengoak) ere murrizten duela, benetan eskuragarri daukaten errenta mugatzen duten gastu gehigarri batzuk gain hartu behar dutenena. Zentzu horretan, ezgaitasunen bat duten pertsonek gizartean sartzeko eta bertan normaltasunez parte hartzeko ahalegin ekonomiko handiagoa egin behar dute egunerokotasunean, beraz, desiragarria da zerga-neurriek ahalegin hori kontuan hartzea. Ezin dugu alde batera utzi botere publikoei dagokiela beharrezkoak diren neurriak hartzea eta baldintzak sustatzea gizabanakoen eta taldeen berdintasuna erreala eta eraginkorra izan dadin.
4.3. Beharrezkoa da ezgaitasunen bat duten pertsonek haien eskubide guztiak baliatzeko eta gizartean guztiz parte hartzeko aukera emango dien ekintza positiboaren neurriak hartzen sakontzea. Horretarako, gizarte politikek ezgaitasunen bat duten pertsonen autonomia erraztu ere egin behar dute, ez konpentsazio gisa, parekatzea lortzeko baizik. Ezgaitasunen bat duten pertsonek modu indibidualean haien bizitza-eredua eraiki eta ezarri ahal izateko beharrezkoak diren baliabideak eta bitartekoak behar dituzte. Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemako prestazio eta zerbitzu zorroaren dekretuaren Euskal Autonomia Erkidegoko gizarte zerbitzuei buruzko plan estrategikoaren onarpena EAEko gizarte politikan aldaketa eragingo duen ekintzatzat jo behar da.
4.4. Amaitzeko, adierazi nahi dugu ezgaitasunen bat duten pertsonek gizartean baldintza berberetan parte har dezaten era askotako trabak gainditzeko, erabakigarria dela herri-administrazioek gizartearen kultura-arloko eraldatzeari zuzendutako sentsibilizazio-, sustapen- eta prestakuntza-jarduerak gara ditzaten, aukera berdintasuna eta bereizkeriarik eza kontuan hartuta, baita egoera horren, arrazoien eta ondorioen ezagutza handiagorako aukera eman dezaten ere.
4. GAIXO KRONIKOAK
Aurrekariak
Gaixotasun kronikoak dituzten pertsonek euskal herri-administrazioen arreta berezia behar duten behar zehatzak erakusten dituzte.
Gaixotasun kronikoak, iraupen luzeko eta askotan garapen moteleko gaixotasunak direnez, sendatzeko bereziki ez diren tratamendu edo zaintzetan oinarritutako arreta behar dute batez ere. Gaixo kronikoek behar dituzten zaintzak pertsona horien bizi-kalitatea bermatzen duen ikuspegi soziosanitarioan zentratzen dira batez ere, euren autonomia eta zaintza sustatuz, narriadura aurreikusiz eta tratu eta aukeren berdintasuna.
Txosten ezberdinetan jaso dugu etiologia ezezaguneko gaixotasunak pairatzen dituzten eta tratamendu zehatza ez duten pertsonen arazoa, horien artean inguruarekin erlazionatutakoak, sentsibilitate kimiko anizkoitza dutenena bezala, gastu handiei aurre egin behar izatearen arazoa ere gehitzen zaiela.
Tratamenduetan ebidentzia nahikoa falta denaren datu objektiboa tratamendu egokia emateko oztopoa dela onartuz, horrek ez lioke Osasun Sailaren baimenari ateak itxi behar. Gaur egun gaixotasun hauetako bat duen paziente bati proposatutako tratamenduaren eraginkortasunarekin lotutako alderdien gaineko espediente bat izapidetzen ari gara, osasun administrazioak egin beharreko ebaluazioari irekita oraindik, berariaz onartutako bigarren iritzi baten ostean.
Inguruan sustantzia kimiko zehatz batzuk egotearekin lotutako gaixotasun hauei erantzuna emateak suposatzen duen zailtasuna ezagutzen dugun arren, iruditzen zaigu tratamendu proposamenen ebaluazioek 2013ko urtarrilaren 20ko Europar Kontseiluaren “Environment health: better prevention of environment-related health hazards “ jakinarazpenean islatutako ideiaren menpe aztertu beharko liratekeela. Horren ondorioetako bat, 14.13 puntuak, honakoa proposatzen du: hornidura hobetzea, diagnosi eta terapien gastuen itzulerarekin, inguruarekin erlazionatutako gaixotasunak pairatzen dituzten pertsonentzat, askotan kostu pertsonal altuak suposatzen duten sufrimendu luze eta handiei aurre egin behar dietelarik.
Bestalde, Arartekoak Hiru Hamabi 3/12 elkartearekin, hartutako kalte zerebralaren gaitzak kaltetutako adingabeen familiak elkartzen saiatzeko eta adingabe hauek eta euren familiek pairatzen dituzten gabeziak murrizteko jaiotako elkartea, egindako bileran, euren iritziz alderdi honetan gabeziak direnak azaldu dizkigute.
Errehabilitazio tratamendua jasotzeko gai diren neurologia-nahasmendua pairatzen duten pertsonen gaineko arretari dagokionez egiten ari garen jarraipena dela eta, bai Osakidetzak baita itunpekoetan ere, eurei arreta emateko zehazten joan diren neurriak ezagutu ditugu.
Neurologia-nahasmenduen arretaren eremu honetan kokatu ondoren, erakunde honek adierazitako gabeziek zerikusia dute, beraien ustez, haurrak direneko adinak dakarren ondorioen heterogeneotasuna ez dela kontuan hartzen adingabekoei ematen zaien arretan, adin nagusikoei edo agureei zuzendutako orientazio integratzailearekin zerikusia ez daukan eskola hezkuntza motako laguntzak behar dituena.
Momentu honetan Eusko Legebiltzarrean gai honen gaineko galdera bat izapidetzen ari bagara ere, egokia iruditu zitzaigun elkarte horrekin izandako bilera dela eta abiarazi genuen espedientearen izapidetzearekin jarraitzea.
Gure eskariari erantzunez, legebiltzarraren erantzuna hedatzen duena uste duguna, Osakidetzak gaur egun behar hauei eskaintzen dizkien neurriak jasotzen ditu. Lesio hau, haurren garuneko erasanarena, Osakidetzaren txostenean “garuneko zelulen osotasun fisikoan, metabolikoan edo gaitasun funtzionalean eragina duen garuneko bat-bateko lesioa, jaio ondoren ematen dena eta beraz jatorria ez da berezkoa, herentziakoa edo degeneratiboa”.
Literatura zientifikoa urria da prebalentzia/gorabehera datuei dagokienean eta ez dago ikerketa fidagarri eta zehatzik. Beraz, USAn edota Europa mailan jasotako ikerketen datuak estrapolatu ohi dira. Gure eskariari emandako erantzun zehatza jaso dugu, elkarteari helarazi dioguna.
“El daño cerebral adquirido (DCA) no es un diagnóstico, sino una secuela de la causa que lo ha provocado, y por tanto no existe un código para su identificación en la Clasificación Internacional de Enfermedades (CIE), por lo que con los sistemas de información sanitaria disponibles en la actualidad no es posible conocer con exactitud el número de niños/niñas afectados.
La etiología en general se encuentra dentro de estos eventos adversos:
- Traumática 90% (Accidentes de tráfico. Caídas accidentales…). En estos casos, aproximadamente el 90 % son leves y un 10% dejan secuelas.
- No traumática 10% (Anoxia, ACV; Infección, Neoplasias, Alteraciones Metabólicas, Tóxicos).
Las secuelas pueden presentarse con la afectación neurológica: afectación motora (paresias, ataxias, temblor, incoordinación, alteración del tono), afectación de nervios craneales, de la sensibilidad, del lenguaje, de la deglución. Puede haber complicaciones como la hidrocefalia o la epilepsia. También pueden existir secuelas cognitivas, problemas académicos, emocionales, de la conducta, sociales, etc.
Al tratarse de pacientes en edad pediátrica hay que considerar el neurodesarrollo y las intervenciones a programar siempre han de ser individualizadas. Es decir, no existe un programa “prefijado” de Rehabilitación, sino que el programa de rehabilitación se adaptará a la edad, patología, fase de la misma (aguda/subaguda/crónica), necesidades, lesiones/secuelas y otros factores (sociales, familiares,...etc.).
En la red asistencial de Osakidetza se cuenta con todos los profesionales que se incluyen en el manejo de este tipo de patología en la edad pediátrica: cuidados intensivos de pediatría, neonatología, neuropediatría, rehabilitación infantil, distintos terapeutas, enfermería, auxiliares,…Todos los niños y niñas afectados por DCI reciben o han recibido (se ofrece sistemáticamente) un tratamiento de rehabilitación. Si es necesario en relación a la patología/clínica, se realiza valoración neuropsicológica, terapia ocupacional y/o logopedia.
El lugar (hospital o forma ambulatoria) puede variar en función de: la edad (cualquier tramo de edad entre los 0 y 14 ó 16 años), fase de la patología (aguda, subaguda o crónica) y tipo de lesiones o secuelas…
Los niños/niñas con DCA son tratados en los servicios de pediatría, especialmente por las secciones de neuropediatría de los hospitales generales: H.U.Cruces, H.U.Donostia, H.U.Araba, H.U. Basurto, en colaboración con los Servicios de Rehabilitación de los mismos centros.
La finalidad de la atención es enfocar el tratamiento de manera coordinada entre especialistas (incluida la coordinación entre diferentes centros) y consensuada con padres y/o pacientes. En cuanto la vertiente escolar y de atención temprana, varios especialistas participan en las reuniones de los Equipos de Valoración de Atención Temprana (EVAT) que funcionan en los 3 Territorios.
Siempre que la situación del niño o adolescente lo requiera, se realiza una comunicación directa con el centro escolar pertinente de manera individualizada.
Fases de la Rehabilitación. Esquema general
Fases |
Objetivos |
Medio |
Aguda |
Mantener funciones básicas |
Estimulación sensorial No sobreestimular |
Ingreso |
Facilitar recuperación Compensar déficits |
Intervención intensiva Fisioterapia, TO, logopedia Asistencia a familia, entrenamiento y educación |
Ambulatoria |
Adquirir independencia Reintegrar en comunidad |
Vuelta a la escuela Restablecer redes sociales Etapas de desarrollo Revisiones y terapia de mantenimiento |
Por el tipo de causas que se relacionan con el DCI, la atención de estos pacientes se centra principalmente en el HU Cruces y en menor medida HU Donostia, en ambos casos con Sección de Rehabilitación Infantil.
En concreto el HU Cruces, de referencia para varias subespecialidades de pediatría, existe una sección específica de Daño Cerebral Adquirido que valora, trata y sigue a los pacientes afectos desde su ingreso hasta el alta definitiva, tanto a nivel hospitalario como ambulatorio. El Servicio de Rehabilitación cuenta así mismo con fisioterapeutas infantiles, logopeda infantil y espacios específicos para gimnasio infantil. Los pacientes ingresados se valoran mediante hoja de interconsulta en menos de 24h (salvo festivos), realizando una valoración global del paciente y su entorno. Se realiza un programa de rehabilitación individualizado (valorando la necesidad de los distintos aspectos de tratamiento rehabilitador), así como su planificación al alta. Los pacientes valorados en la consulta externa, realizan tratamiento rehabilitador según lo precise, ambulatorio o domiciliario no supervisado, instruyendo a los cuidadores y/o familiares desde el primer momento.
Se dispone así mismo una relación estrecha y coordinada con el resto de profesionales implicados en el proceso: rehabilitación respiratoria. neuropediatras, oncopediatras, neonatolólogos, ortopedas infantiles, nutricionistas, otorrinolaringólogos, fisioterapeutas, terapeutas ocupacionales, logopedas…. Psicólogo infantil y psiquiatría infantil. Existe una consulta de Neuroortopedia 1 día por semana, conjunta entre rehabilitación y ortopedia infantil, y una consulta de espasticidad 2 días por semana, conjunta con neuropediatría.
Recientemente se ha creado un grupo de consenso de todos los especialistas relacionados con esta patología, liderado por el Servicio de Rehabilitación, con la finalidad de abordar este cuadro con un enfoque holístico.”
Adierazitakoaren harira, ikusi dugu Osakidetzak uste duela adingabe hauek erreferentziazko zentroetan jasotzen dutela tratamendua, pediatriako azpi-espezialitate ezberdinen eta haurren errehabilitazioaren eraginarekin, diziplina anitzeko moduan patologia mota hau jorratzen duten profesional guztien artean.
Ulertzen dugu Herriaren Defendatzaileak osasun eta hezkuntza administrazioek hartutako kalte zerebrala duten 16 urtetik beherakoek jasotzen duten arretaren gainean egingo duen ikerketa monografikoan gai hauek jorratuko direla.
5. BURUKO GAIXOTASUNAK EDO NAHASMENDUAK DITUZTEN PERTSONAK
Aurrekariak
Buruko gaixotasunak edo nahasmenduak dituzten pertsonek, ahulgarritasun berezia dutenez Arartekoak arreta berezia eskaintzen dion kolektiboa da. Uste dugu autonomia pertsonala sustatzea eta gaixotasun hauei lotutako estigmarekin amaitzea, zaintzekin jarraitzea, zuzentasuna, ardura, koordinazioa, integrazioa, eraginkortasuna eta parte-hartze foroen eta senideen eta gaixoen asoziazio sustapenak gure herri-administrazioen jarduna inspiratzen duten printzipioak izan behar dutela, batez ere osasun, gizarte, hezkuntza, enplegu, justizia eta etxebizitza eremukoak.
Gure funtzioen artean administrazioen jardunak printzipio horien isla izaten laguntzea dago.
1. Kexarik aipagarrienak
Pasa den urteko txostenean 2015eko urtarrilaren 7ko Arartekoaren ebazpena jaso genuen. Horren bidez, gizarte erakunde batek nortasun antisozialaren nahasmendua duen gazte bati emandako arreta psikiatrikoari lotuta.
Nortasunaren nahasmenduen alderdi zehatz hau legebiltzarrean idatzitako galdera batean jorratu da dagoeneko. Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren erantzuna ikusita, askatasunik gabeko pertsonen asistentzia eremuan kokatzen dena, ikusi dugu esku-hartze ereduan zehaztu gabe dagoela oraindik, kontuan izanda beharrezko esku-hartzeak garatuko liratekeen egoera zehatzak kontuan hartuz.
Buruko gaixotasuna duen seme heldu bat duten gurasoen kexak diagnostiko eta tratamendu konplexu baterako buruko osasun zentroak egindako proposamenen akordio falta suposatzen duenaren gehitutako zailtasuna adierazi digu. Psikosi Immunearen Unitatean alta eman ondoren pertsona honen egoera onak gurasoek erantzuna ospitaleratze berri bat izango zela pentsatzea eragin zuen. Espezialisten ustez, hala ere, ez zen egokia, talde terapia zehatz batean arreta emateko bere nahia bezala, nortasun nahasmendu bezala identifikatzen denarekin lotutakoa. Proposatutako familia terapia gauzatzeko arazoak zeuden hala ere, pazienteak berak eta familiak bertan parte-hartzeko zuten arazoengatik.
Buruko gaixotasunak pairatzen dituzten eta eguneko zentroetan arreta jasotzen duten pertsonen komunitate arretari dagokionean, erabiltzaile batzuen kexak jaso ditugu adieraziz euren ustez euren eremuan tutoretzapeko pisuen urritasuna dena. Momentu honetan kexa honen arrazoia aztertzeko eta alderatzeko espediente bat izapidetzen ari da.
Esleitutako errekurtso motaren desadostasunari dagokion erreklamazio batean, udal harrera zentro batean egonaldia eta buruko gaixotasuna duen pertsona baten egoera gatazkatsua planteatu zuen. Zehazki, kexa honen helburua Gizarte Ongizatearen Foru Erakundeak bere egoerentzako egokia den errekurtso bat esleitzeko duen zailtasunarekin lotuta dago. Aztertutako aurrekariek ulertarazten digute espedientea gelditzeko arrazoia, aipatutako egiaztatze dokumentazio faltan zehaztutakoa, adierazitako terminoetan konpondu daitekeela, hau da, goian aipatutako ordezko dokumentazioaren arabera osasun asistentziari dagokiona, eta Europar Batasuneko herritarren erregistro ziurtagiria eta atzerritar identifikazio zenbakia, dagokion berritzearekin. Edozein kasutan, patologia mota hauei erantzuna emateko zerbitzu egokien gabezia adierazi da.
Borondatezkoa ez den barneratzearekin duen desadostasuna ez ohiko moduan ingresatutako pertsonek kexa jartzeko arrazoia izan da. Ohikoa den bezala, barneratze prozesuaren gaineko informazioa eskatu genuen. Horrek, aurreikusitako prozedura bete zela jakiteko aukera eman zigun, epaiketa auto baten bidez neurria berretsiz.
Jakina da erabaki mediku baten bidez barneratze aukera baloratzean kontuan izan behar dela borondatezkoa ez den barneratzea, askatasunaren eta pertsonen borondatearen aurkako neurria denez, helburu terapeutikoa izan behar duela eta epaile baimena izan behar duela. Larrialdi kasuetan bakarrik baimentzen du legeak barneratzea oinarrizko izapide hori gabe, lekuagatik dagokion epaileari ahalik eta lasterren jakinarazteko betebeharrarekin. Epaileak, muturreko neurri hori justifikatzen duen mediku txostena aztertu eta pertsonari entzun ondoren, neurria baliozkotu dezake.
Duela urte batzuetako ingresoa aipatu zuen pertsona batek argudiatu zuen epailea ez zela heldu ingresatuta bi aste zeraman arte. Hau beste ingresoei esker aztertu ahal izan dugun gaia da, non neurriak hartu diren eskumena duen epailearen bisita legeak ezarritako denboran emateko, ez duela urte batzuk bere kasuan emandako atzerapen horrekin.
Honi dagokionez 2015eko irailaren 7ko Konstituzio Epaitegiaren 182/2015 Epaia aipatu beharra dugu, askotan antzeman ahal izan dugun interpretazio akastunari buruz, borondatezkoa ez den barneratze psikiatrikoa epaitegietan erregularizatzeko epearen kontaketari buruz. PZLren 763.1 artikuluko bigarren paragrafoaren konstituzioari egokitutako interpretazioak ez du baimentzen neurri horren epaile berrespenerako aurreikusitako 72 orduetan epeak sartzea.
Ezin da onartu banaketa dela eta ezagutu beharreko organo judizialera heltzea kostatzen zaion denboraren berdina den erdibideko aldi bateko denboraren aitorpenarekin lotutako harmonizazioa. Aukera hori onartuko balitz, askatasunerako eskubidearen mugak jorratzeko baliatu beharreko zorroztasun hermeneutikoa funtsean arinduko litzateke, Espainiako Konstituzioaren 17.1 artikuluan ezarritako bermeen kaltea eraginez. Barneratzearen berrespen judizialerako epea zenbatzen hasteko eguna zehaztea aldakorra eta zehaztugabea den faktore baten menpe dago. Hori ez dago askatasuna kendu dezakeen edozein neurriri lotuta egotearen zalantzarekin bateragarria.
Konstituzio Epaitegiak ondorioztatu du askatasun pertsonalaren oinarrizko eskubidearen eraginkortasun handiak eta haren mugen interpretazio murritzaile korrelatiboak ematen duen derrigorrezko interpretazio pautatik, PZLren 763.1 artikuluaren bigarren paragrafoaren konstituzioari egokitutako interpretazioak ez duela borondatezko barneratzearen jakinarazpenaren eta neurri hori judizialki berresteko ezarritako 72 orduko epearen hasieraren arteko jarraipen konponbidea onartzen mediku aginteen partetik, eta ez du bi prozesu gertakari horien arteko epe inplizituak sartzea baimentzen.
Epaitegiak nahasmendu psikikoa dela eta larrialdiko barneratzearen helburua ezagutzen du, eta zigor prozesuan behin-behineko neurriak hartzea inspiratzen duenaren ezberdina da; dena den, ematen du neurri horretan benetan garrantzia duena askatasuna murrizten duela eta beraz, epaiketa ikuspuntu horri lotuta dago.
Bestalde, asistentziarekin jarraitzea ospitaleko asistentziaren eta ospitaletik kanpokoaren arteko koordinazioa beharrezkoa denean, kaltetua izan daiteke koordinazio horrek ez badio arreta beharrari erantzuten. Kexa baten harira galdera hau planteatu denez, ulertzen dugu profesionalen analisi zehatza eskatzen duela, koordinazio arazoak ematen diren edo asistentziarekin jarraitzea bermatzeko dispositibo gehiago behar diren zehazteko. Osasun arduradunei helarazi diegun gai bat da, hura ikertzeko.
6. ESPETXERATUAK
Aurrekariak
Espetxean dauden pertsonak dira gure gizarteko talderik zaurgarriena. Errealitate honen aurrean Arartekoak jarduerak egiteko beharra dauka, baina bada muga bat, espetxeen arloko eskumenak euskal administrazioari ez baitzaizkio eskualdatu, osasun eta hezkuntza arloko arreta izan ezik. Zentzu honetan, betebehar bikoitza dugu:
• Batetik autonomiako gobernuak behin eta berriro eskatutako transferentzia horren ikuspegia eta espetxeetako errealitatea gizartean hobeto sartzeko beharra lotu, Arartekoak lantzen dituen hiru arloetan izango lukeen eraginaren bidez:
- Autonomiako, foru aldundi mailako eta tokiko erakundeetan, zigorraren mugen barruan espetxean daudenek gizarte-zerbitzu sare normalizatuan, hezkuntzakoan, osasunekoan eta erakunde horiek antolatzen eta kudeatzen dituzten lan-sustapenekoetan sartzea ahalik eta gehien sustatzeko.
- Gizarte ekimeneko gobernuz kanpoko erakundeen parte hartze aktiboan, espetxe-erregimeneko beharrek oztoporik jar ez dezaten laguntza jasotzen dutenekin batera diseinatutako gizarte eta lan arloko sarrera-ibilbideetan.
- Gizartean oro har, espetxea erakunde urrun eta besteren bat ez dela ohartaraziaz, baizik eta espetxeetako errealitateaz gu ere arduradun eginaz. Behar honen pertzepzioa hazi egiten da bere kudeaketaren gertutasun geografikoagatik ez ezik, komunitateak bere bezala (dela identitate kontuengatik, dela bere bizitzako alderdietan egunero esku hartzen duten erakunde berdinak direlako) sentitzen dituen erakundeak baldin badaude.
• Bestalde, ahal dugun neurrian saiatzen gara arazoak konpontzen, hain zuzen ere, espetxeko errealitatearen eta legeak ezartzen dien errehabilitazio zereginaren arteko arazoak izaten dira, askatasunik gabeko aldi horretan. Informatzen ari garen urtean, arlo honetan egondako hiru esku-hartze maila aipatu behar dira:
- Administrazio autonomikoaren maila, gure espetxeetako pertsonen osasuna zaintzeko erantzukizuna du, gainerako biztanleak artatzen dituen osasun-sare berak artatzen baititu. Argi dago horrek hobekuntzak ekarri dituela, dela prebentzio arloan dela diagnostiko eta tratamendu arloan.
- Euskal agintariekin aritu gara, trebakuntza edo lanerako sustapen jarduerak direla eta; jarduera horietan Espetxeetako Idazkaritza Nagusiaren lankidetza izan dugu, Barne Ministerioaren mendekoa. Era berean, horiek garatzen dituen elkarte-sarearen lana babestu dugu, gaur egun zigorra betetzeko alternatiba gehienak eta hirugarren maila eskaintzen dituen espazioa denez gero. Bere lana ikusgarri bihurtzen saiatzen gara gure espetxeetako zuzendaritzetan eta justizia administrazioan, Eusko Jaurlaritzako Herri Administrazio eta Justizia Saileko Zigorrak Betearazteko eta Gizarteratzeko Laguntza Zerbitzuarekin lankidetzan.
- Borondate oneko kudeaketen bidez kexak artatzen saiatu gara arlo hauetan: adingabeekiko emakumeen moduluetako bizi-baldintzak, espetxe-sailkapena, baimenak ematea, leku-aldatzeak eta destinoak eta zigor-erregimena. Hori guztia Herriaren Defendatzailearekin koordinazioan, bere eskumena baita Estatuko Gobernuaren mendeko administrazio-jarduerak direlako.
Eskerrak eman beharra daukagu, oro har, kudeaketa hauei harrera egiten baitzaie eta lankidetzarako prest agertzen baitira Araba, Basauri eta Martuteneko espetxeetako zuzendaritzak.
Gizarte zibiletik espetxeratuak bergizarteratzeko lanean ari diren erakundeen babesa ere izan dugu zeregin honetan, elkar babestu dugu. Beraien helburu berdina dugu guk ere, hau da, botere publikoak ez ezik euskal gizartea ere izan dadila bere izenean egiten den esku-hartze penalaren erabileraren arduradun, horren ondorioak ezagutu ditzan eta gizarte justiziaren ikuspegitik hartu ezinak direla uste duen neurrian, bere espetxe eredua diseinatu eta kudeatu dezan, zigorrak burutzeko sistemak marjinazioa areagotu ez dezan eta gure espetxeetako pertsonarik gehienak delinkuentziara eramaten dituen faktoreak kronifikatu ez daitezen.
1. Kexarik aipagarrienak
Jarraian dauden kasu hauek maila guztietan izandako gure esku-hartzeen eredu izan daitezela:
1.1. Espetxean dagoen ama baten eta bere seme-alaba adingabeen arteko komunikazioa
Jasotako kexa
Arartekoarengana jo zuen adingabe batek, bere amaren eskutitz batekin. Bere ama Arabako espetxean zegoen eta Zentroak berarekin eta bere arreba txikiarekin komunikazio oro galarazi zion. Hala xedatu zen, kexagileak egindako delitu baten biktima zirelako biak; hau da, Arabako Foru Aldundiaren zentro batetik atera zituen, nahiz eta Adingabeen Kontseiluaren bidez egon zentro horren zaintzapean. Are gehiago, aita ere espetxean zegoen arrazoi berdinagatik.
Arartekoaren esku-hartzea
Adingabearen Kontseiluaren lankidetza eskatu genuen, eta bere iritziz ez zen kaltegarria adingabeak beren gurasoak ikustera joatea.Are gehiago, bere goi-interesaren arabera, komenigarria zen komunikazio hori berreskuratzea, eta hala jakinarazi zien espetxeetako agintariei.Era berean, beren ama ezin ikusi izanak zaintzapeko adingabeetan ezinegon handia sortzen zuela adierazi zuen.
Horrek guztiak zalantzan jartzen zuen, Arartekoaren iritziz, espetxean zegoen kexagilearen eta bere seme-alaben arteko komunikazioa etetea Zuzenbideari egokituta ote zegoen, eta hala adierazi zion espetxeko zuzendaritzari. Espetxe-zaintzako epaitegiari ere eman genion gure iritziaren berri, eskumenen arloan mugak genituen arren adingabeen eskubideak baitzeuden tartean. Kexa honen ondorioz irekitako espedientea ahalik eta lasterren ebazteko beharra adierazi genion, eta Espetxeetako Araudiaren aurreikuspenak aipatu genituen, Zioen Azalpeneko II a) atalean hau baitio “espetxe arloan familia babesteko printzipio konstituzionala, ahal dela familiako kide bat baino gehiago espetxean dituzten familien desegituraketa arindu ahal izateko...”.
Bestalde, Adingabearen Kontseiluak, bere zaintzako funtzioak beteaz, gauza bera egin behar izan zuela uste dugu espetxe-zaintzako epaitegian.Hori dela eta, Arartekoaren Ebazpena, 2015eko abenduaren 15ekoa eman genuen, eta Arabako Foru Aldundiari gomendatu genion, espetxe-zaintzako epaitegian defenda zitzala bere zaintzapeko adingabeen eskubideak, beraien gurasoak espetxean dituztela.
Emaitza
Espetxe-zaintzako epaitegiak komunikazioak hasteko baimena eman zuen eta Adingabeen Kontseiluaren arabera adingabeentzako egokiena zen bisita-erregimena ezarri zuen. Gizarte Zerbitzuetako foru diputatuak ere erantzun zion Arartekoari, bere gomendioa onartu zuen eta adierazi zuen aurrerantzean kontuan izateko behar ziren jarraibideak eman zituela.
1.2. Espetxeratutako baten bikotea “ahaide intimo” bezala hartu, komunikazioetarako
Jasotako kexa
Arabako espetxean dagoen baten bikoteak Arartekoaren laguntza eskatu zuen, berarekin vis a vis komunikazioa izateko eskaria atzera bota ziotelako, Zentroaren iritziz ez zegoen kreditatuta kexagilea ahaide intimoa zenik eta hala izatea beharrezkoa zen, komunikazio mota hori baimentzeko.
Arartekoaren esku-hartzea
Gure eskumenetatik kanpo dagoen administrazio-jarduera batekoa zen kexa, Barne Ministerioaren mendekoa. Baina estatuko Herriaren Defendatzaileari kexa bidali aurretik, espetxeko zuzendariarengana jo genuen, bikote honek harreman finkoa zuela kreditatzeko aukeren berri izateko, Espetxeen Lege Organiko Orokorreko 53. artikuluak eta Espetxeetako araudiaren 45. artikuluak eta horiek ezarri dituen jurisprudentziak eskatutako terminoetan.
Komunikazio bereziak eduki ahal izateko, espetxeratuek eta beren familiako edo ahaide intimoek erlazio hori badela kreditatzeko agiriak aurkeztu behar izaten dituzte (familia-liburua, izatezko bikote ziurtagiria, etxe berean erroldatuta dauden ziurtagiria...). Baldintza hau bete ezin bada, espetxeetako praktikak “sei hilabeteko harreman finkoa” eskatzen du, eta Arabako espetxearen kasuan bi hilabetekoa da. Erlazio hau badela ziurtatzeko, beste komunikazio batzuk (lagunen arteko ohikoak, telefono bidezkoak...) erregularki mantendu dituztela ziurtatu behar dute, aipatutako epe horretan.
Zentzu horretan, espetxeko agintariei adierazi genien pertsona hauek elkarbizitzako agiririk ezin zutela aurkeztu bakoitza bere gurasoen etxean bizi zelako, baina aldiro hitz egiten zutela telefonoz, ia egunero idazten ziotela elkarri eta kexagilea bere senargaia ikustera joaten zela astero espetxera senargaiaren amarekin batera eta bere familiak laguntza eskaini zuela espetxeratua bergizarteratzeko eta lan munduan sartzeko.
Emaitza
Azaldutako gorabehera kontuan izan eta Zentroak erabaki zuen kexagileari ahaide intimo maila ematea, eskatutakoa betetzeko.
Bestalde, Tratamendu Batzordeak espetxeratua 3. mailara igarotzeko proposamena eraman zuen, Gasteizko COTAra (orientatzeko eta adikzioei aurre egiteko zentroa) joan ahal zedin eta kexagilearen familiaren babesarekin jasotako lan-eskaintza artatzeko. Horri esker, espetxeratuak egunero utziko luke espetxea egunean zehar eta normaltasunez hasiko lituzke berriro bere familiako eta gizarteko harremanak.
2. Araudi- eta gizarte-testuingurua
Txosten hau itxi denean argitaratutako azken estatistiken arabera, azken urteetan arlo honetan izaten dugu esku-hartzea markatzen ari diren bi joera baieztatu dira: Espainian gero eta espetxeratu gutxiago dagoela eta delitu kopuruak ere behera egin duela.
Lehenengo alderdiari dagokionez, 2015ean Kode Penala erreformatu zuen 5/2010 Lege Organikoaren erreformen ondorioak nabarmendu ziren; osasun-publikoaren aurkako delitu batzuen zigorrak murriztu egin baitzituen, jatorrizko kaltea proportzionaltasun printzipioaren aurkakoa bazen. Horrela, 20 urtez etengabe hazi ondoren, espetxeratuak %13 murriztu dira bost urtean, eta atzerritarrak %30ean gutxitu dira. Urtean, batez beste, 1.500 espetxeratu gutxiago daude.
Espetxean daudenen profil mota dela eta, Barne Ministerioaren memoriak honela deskribatu du: gizonezkoa (%92an), espainiarra eta «ondarearen eta ordena sozioekonomikoaren aurkako delituengatik» kondenatua. Delitu-tipologia hau da nagusi (%37,7) baina gero eta pisu txikiagoa du; gauza bera gertatzen da bigarren talderik handienean ere, droga trafikoarena (espetxeratutakoen %23,8). Bi tipologia horiek dira, gaur egun, kondenen %61,5n zergatiak, baina duela hamar urte espetxeratuen %80 zegoen horregatik.
Espetxeratuen %30 atzerritarrak dira, eta %13 prebentzioagatik daude espetxean. Zigortutako lautik hiru (%71,2) 31 eta 60 urte artekoa da, eta zigortutakoen batez besteko adina 39,7 da; aldiz, prebentziokoen kasuan, batez besteko adina 37,8 urte da.
Delinkuentziaren beherakada dela eta, eta Euskadiri dagokionez, azken hiru hilabeteko daturik ez dugu, baina Ertzaintzako estatistikek %3,91ko beherakada kuantifikatu dute aurreko urtearekiko, eta zigor mota ia guztietarako balio du datu horrek. Arau-hausteen tasa 1.000 biztanleko jaitsi egin da EAEn 29,95etik 28,78ra; 2012an hasitako joera finkatu da eta azken hamar urteetako delinkuentzia-errealitate baxuena da.
Datu hauek oinarri hartuta, Fiskaltzak berriro ere 2015eko Memorian ohartarazi du Espainian espetxeratze zigorra “gainerabili” egiten dela. Fiskaltza zentzu honetan azpimarratu egiten du “paradoxa” bat, hau da, Espainian kriminaltasun mailak EBko batez bestekotik oso urrun daude (mila biztanleko 44 delitu Espainian eta 62 EBn), baina espetxeratutakoen tasa (140 lagun 100.000 biztanleko) Mendebaldeko Europako altuenetakoa da, Portugal, Italia, Frantzia, Holanda edo Alemanian baino handiagoa.
Uztailean sartu zen indarrean Zigor Kodearen erreforma (ZK) polemikoa, eta erakunde honek ohartarazi zuen, besteak beste, gure espetxe-sisteman eragin dezakeen presioaz, zigorrak burutzeko aldaketa batzuen ondorioz; lau alderditan dute, batez ere, eragina:
• ZPko 36.3 artikuluan aurreikusitako hirugarren mailaren zuzeneko sailkapena.
• Baldintzapeko askatasunaren araupetze berria, “gainerako zigorra burutzearen etena” da ZPko 90.,91. eta 92. artikuluen arabera eta 1995eko ZPko 88. artikuluko zigorrak ordezkatzeko erregimena kendu. Horren bidez burutzapenean atzerapenak egotea saihestu nahi da (ordezkatzeko eskaria, etetea ukatu edo atzera botaz gero, edo alderantziz), eteteko erregimen bakarra ezarri eta hor, beste arau eta baldintza batzuen artean, erkidegoaren mesederako lanak edo isuna ezartzea planteatu daiteke.
• Atzerritarrak espetxera zigortu ordez, kanporatzea, ZK-ko 89. artikuluan aurreikusi bezala. Espetxean dagoen atzerritar biztanleriaren ehuneko altuetan eragina izateko, hirugarren mailara iristen diren edota baldintzapeko askatasuna duten atzerritarrak kanporatzea dago, salbuespen bakar batzuk dauden arren. Salbuespenetako bat familiaren sustraiak dira, eta pertsona bat baino gehiago etorri dira Arartekoarengana arrazoi horrengatik, ez kanporatzeko galarazpentzat alegatuaz. Hori kreditatzeko baldintzak, eta neurri hau ezartzeko beste irizpide batzuk Estatutako Fiskaltza Orokorrak garatu zituen 7/2015 Zirkularrean.
• Espetxealdi iraunkor berrikusgarria sartu da. Arartekoaren arreta berezia izan du azkeneko alderdi honek, oposizioko taldeek bere konstituzionaltasuna zalantzan jarri baitzuten EKn eta Oinarrizko Legeko lau artikulu aipatu zituzten horretarako: 15.1 artikuluak zigor krudel eta jasangaitzak galarazten ditu, “berrikusgarria” izatean ia bizitzaren amaierara arte mantendu daiteke; 17. artikuluak proportzionaltasun printzipioa arautzen du; 25.1, ez da zigor jakin bat, baizik eta denboran luzatu egiten da, espetxeratua hil arte ere luzatu daiteke; eta 25.2, birgizarteratzeko aukera murrizten du.
Dena dela, 2014-2015 biurtekoan gai honetan egon diren erreformen eragina dela eta, harmonizatu beharra dago eta harmonizazio hori faltan botatzen zen bi alorretan 2015an egin ziren Espetxe Zaintzako Fiskalen Jardunaldian :
• Batetik arauzkoan, Lege hauen erreformak indarrean sartuta, 23/2014 Legea, Europar Batasunean zigor arloko ebazpen judizialak elkarri aitortzeari buruzkoa 1/2015 Lege Organikoa, ZP erreformatu duena eta 4/2015 Lege Organikoa, herritarren segurtasuna babesteari buruzkoa, nahitaez eta premiaz aldatu beharra dago Espetxeei buruzko Lege Organiko Orokorra, Zigor Araudia eta Botere Judizialari buruzko Lege Organikoaren 5. xedapen gehigarria. Hala ikusi dugu, adibidez, etete-ordezkatze espedienteetan; “prestazioaren edo neurriaren” izaera berriaren ondorioz (84. art. ZK) etetea ZK-ko 49. artikuluaren ezarpen-eremutik kanpo jarri du, beraz, hori betetzen dela kontrolatuko duena ez da espetxe-zaintzako epaitegia izango, baizik eta zigorra jarri zuen epaitegira itzuliko da.
• Bestalde, xedapen berriak ezartzeko irizpideetan, batzuek eztabaidak eragin dituzte urtean zehar. Besteak beste, 7/2014 Lege Organikoak sortutakoak, atzerapen handi baten ondoren Europako Kontseiluaren 2008ko uztailaren 24ko 2008/675/JAI Erabaki Markoa, lekuz aldatu zuena, nahiz eta bere irismena mugatu eta 2010eko abuztuaren 15a adierazi Europar Batasuneko beste estatu kide bateko epaimahai batek agindutako kondenak kontuan hartzeko epea. Horrek operatzaile juridiko kualifikatuen kritikak sortu zituen, urtean zehar behin eta berriro esan dute Espainiak lekualdaketa egiteko erabili zuen moduak Batzordearen agindua ez zuela betetzen eta egoera zuzentzeko hiru bide planteatu dituzte publikoki: Europar Batasuneko Justizia Epaitegian errekurtso bat planteatu ez betetzeagatik, erkidegoko arau bat behar bezala lekualdatu ez delako; Auzitegi Konstituzionalean babes-errekurtsoa jarri, eta horren ondorioz dagokion gaia planteatu EBJEn; eta amaitzeko, errekurtso bat planteatu Estrasburgoko Epaitegian Giza Eskubideen Europar Konbentzioko 5. eta 6. artikuluetan oinarrituta. Testuinguru horretan gaiari buruz idatziz egindako galderari erantzunez Europar Batzordeak emandako E-004375/2015 erantzunean esan zuen “espainiar epaitegien eta boto partikularren erabakien berri bazuela”, eta egoera aztertuko zela behar bezala ezarri zedin, praktikan, estatu kide guztiek Europar Batasuneko Zuzenbidearen altxorra.
Jurisprudentziaren atalean aipatu beharra dago, erakunde honetan jasotako kexa batzuekin duen harremanaren ondorioz garrantzitsua delako EAEko Auzitegi Nagusiko administrazioarekiko auzien Salako 2015eko irailaren 14ko epaia. Bertan Eusko Jaurlaritzaren Ebazpen bat baieztatzen da; Ebazpen horrek bake, elkarbizitza eta giza-eskubide arloko proiektuak egiten dituzten erakunde eta gizarte-mugimenduei emateko diru-laguntzak ebatzi zituen, bereziki, “espetxeetako hezkuntza eskubidea bermatzeko proiektuari” emandakoak. Honi buruz Salak dio diru laguntzaren xede nagusia terrorismoarekin zerikusia duten delituengatik akusatutakoak edo kondenatutakoak diren arren, ez dela bake, elkarbizitza eta askatasun eskubideen aurka egiten, eta ez dela terrorismoaren deslegitimazio sozial, etiko eta politikoa bete gabe uzten.
3. Jarduera-planaren esparruko bestelako esku-hartzeak
3.1. Elkarteekin bilerak
Hiru lurraldeetan bilerak egin ditugu presoak gizarteratzeko lanean aritzen diren gizarte-ekimeneko erakundeekin; baita hiru abokatu elkargoetako presoentzako laguntza txandako legelari arduradunekin ere.
Urtero egiten ditugun bilera horien bitartez, batzuen eta besteen jarduerei buruzko informazioa elkarri emateko aukera egonkorra nahi izaten dugu, urtean zehar gure esku-hartzea eskatzen den berariazko kasuetan izaten dugun harremana alde batera utzita. Bestalde, jakinarazten dizkiguten kezka- iturriek gure espetxeetako egoeraren bilakaeraren berri zuzena ematen digute.
3.2. Bilerak administrazioarekin
Urtean zehar etengabeko harremana izan dugu justizia sailburuordearekin, gizarteratzeko eta laneratzeko ibilbideekin zerikusia duten gaien inguruan, sailburuordetza horren mende baitago zigor-betearazpeneko euskal zerbitzua.
Osakidetzako arduradunekin lan egiteko aukera ere izan dugu, eta horien laguntza erabakigarria izan da espetxe-osasunaren arloan planteatu diren espediente guztiak ebazteko.
3.3. Ekitaldi, ikastaro eta hitzaldietan
parte hartzea
Urtean zehar erakunde honek parte hartu du hizlari gisa presoen egoerari buruzko mintegi espezializatuetan, hiru esparrutan bereziki:
• Unibertsitatean, aukera izan dugu arlo horretako gure esku-hartzearen nondik norakoen berri emateko eta Arartekoak gure espetxeetako egoerari buruz egindako diagnostikoa azaltzeko, Euskal Herriko Unibertsitateko graduondoko hainbat ikastarotan.
• Elkarte sarean, berriz, parte hartu dugu espetxeetan lan egiten duten gizarte ekimeneko erakundeek antolatutako bileretan, gizarteratzeko eta laneratzeko ibilbideen arlo anitzeko tratamendua aztergai genuela. Arlo honetan bertan, parte hartze aktiboa izan dugu Kataluniak espetxe eskumenak beregain hartu ondoren bere esperientziari buruz egindako lan-jardunaldi batean.
• Erakundearen arloari dagokionez, Arartekoak espetxeetako errealitateari buruzko azterketa bi talde berezirekin harremanetan azaldu du:
- Emakumeak: Emakumeen aurkako Indarkeriaren Nazioarteko Eguna zela eta, Arartekoak nazioarteko hitzaldi bat antolatu zuen Legebiltzarrean, eta arlo honetan lana egiten duten judikaturaren, unibertsitate-ikerketaren eta gizarte ekimeneko erakundeen ekarpenak egon ziren.
- Terrorismoarekin zerikusia duten delituengatik kondenatutakoak edo espetxeratutakoak: Hausnarketarako mintegi eta foroak, Eusko Jaurlaritzako Bake eta Elkarbizitza Idazkaritzak antolatuta.
Era berean, Martuteneko espetxean egin zen ekitaldian hartu zuen parte erakunde honek; ekitaldi horretan zentro horretan lana egin eta terrorismoaren biktima izandakoak gogoratu ziren.
4. Herritarren eskubideen egoeraren balorazioa
4.1. Espetxeetako osasun arloa Osakidetzan sartu dela esan beharra daukagu ezer baino lehen, eta gorabehera puntual batzuk egon diren arren, oro har, arreta hobetzen duen faktorea da denen iritziz. Horren ondorioa da osasun arloko espetxeetako laguntza ereduak duen arrakasta; bere definizioaren arabera, espetxeetako osasun laguntza, osasun laguntza publikoko egitura globalaren zati bat gehiago da. Urtean zehar jasotako kexak behar bezala artatu ditu Osakidetzak, eta txostena itxi denean bi arlo lantzen ari gara, zuzendu ahal izateko: batetik, medikuntzako espezialitate batzuetan dauden atzerapenak, espetxeratutako pazienteak kontsultara eramateko bitarteko gutxi daudelako; eta bestetik, botikak emateko kontrola.
Eboluzio positibo hau hedatu egin da buruko patologiaren bat duten presoen arretara ere, zaurgarriagoak direnez horiei buruz berariaz aritu beharra daukagun arren. Dena dela, gabeziak ere badaude eta Arartekoak horien berri eman zuen azaroan Eusko Legebiltzarreko Giza Eskubide, Berdintasun eta Herritarren parte-hartze Batzordean. Horretarako, Askatasunik gabe dauden pertsonen buruko osasunari EAEn emandako arreta soziosanitarioa txosten bereziko ondorioetan oinarri zen; txosten hori hilabete lehenago berretsi zuten, Buruko Osasunaren Mundu Eguna zela eta, erasanik zuzenena duten politika publikoetako bi arloetan lana egiten duten gizarte ekimeneko erakundeek: batetik, espetxeetakoek, ESEN (Espetxe Sarea Euskadi-Nafarroa) sarearen bidez; bestetik, buruko osasunekoek, Buru gaixotasuna duten pertsonen eta haien senideen elkarteen Euskadiko Federazioaren bidez (FEDEAFES); federazio horrek urtean zehar espetxean egindako lana azpimarratu behar dela uste dugu, profesionala eta fidagarria izan delako.
Bestalde, erakunde honek kudeaketak egiten jarraitu du buru-osasuneko euskal sareak EAEko pertsonak artatu ditzan, patologia psikiatriko kronikoak izan eta zigor prozedura judizialetan sartuta badaude edo horien ondorioz zigorra edo neurriak betetzen ari badira. Arreta hori eskaini behar zaie Euskadin beteko den zigor edo neurriren bat ezarri zaien guztiei, hori adostu duen organo judizialaren kokapena eta jurisdikzioa dena delakoa izan arren. Horregatik guztiagatik, euskal administrazioen eta dagokion agintari judizialen artean erakunde arteko lankidetza sustatzeko lanean jardun gara, agintari judizial horiei baitagokie ospitaleko baliabide bat neurria ezarri zaion pertsonaren errealitatera egokitu behar den baloratzea, dela tratamenduaren dela segurtasunaren ikuspegitik
4.2. Gure erkidegoko espetxe bakoitzean kexaren bat jarritako gainerako alderdiei dagokienez, txostena itxi denean ebatzi gabe zeudenak daude jarraian:
• Arabako espetxean elkarrizketatu ditugun gobernuz kanpoko erakundeek gabezia hauek salatu dituzte:
- Hirugarren mailan egon eta Langraizeko instalazio zaharretan jarraitzen dutenen arreta gabezia, osasungarritasun-baldintza txarrak, hotza eta hezetasuna baitituzte. Espetxeratuek ez dute arreta medikorik eta espetxe batek eskaini beharreko gainerako zerbitzurik ere ez. Egoera bereziki txarra da, instalazio horietan asteburu osoa egin behar dutenentzat. Atal irekira irtendakoan, aldiz, erroldatuta ez daudenez ezin dute osasun-txartelik izan eta espezialisten arretarik ere ez.
- Espetxeratuek eta erakundeek funtzionarioekin duten harremana: harremana urrunekoa eta inpertsonala da. Soziabilitateak despatologizatu egiten badu, espetxeko egitura materialak despertsonalizatu egiten du. Aurrekoari lotuta, tailerretara joaten ez diren presoen isolamendu arazoak jarraitu egiten du. Ez dira egun osoan modulutik irteten; modulu bakoitzak bere patioa du eta patio hori txikiagoa da gaixotegian eta emakumeen moduluan.
- Garraioa eta irisgarritasuna: Zentroak ez du autobus geralekurik, nahiz eta erregimen irekian dauden espetxeratuen sarrera eta irteeren, familiakoen, profesionalen eta erakunde laguntzaileen... ikustaldien ondorioz, Zentroak egunero mugimendu gehiago eragin garraio publikoa duten inguruko udalerri batzuek baino.
- Erroldatzea, ez da behar bezala egiten beti. Horrek hainbat arazo eragiten dizkie espetxeratuei, batez ere osasunera eta gizarte zerbitzu eta onuretara sarbidea izateko, paradoxikoki gehien behar duten unean, hau da, erregimen irekira igarotzerakoan.
• Martuteneko punturik arazotsuenak hauek dira:
- Eraikinaren baldintza materialengatik kexak errepikatu dira, hasi bere hezetasun eta iluntasunarekin eta lokutorietako komunikazio gabezietara arte.
- Atal irekia hirugarren graduan sailkatutakoak edukitzeko da soilik, eta horiek goizeko 7etan irten eta gaueko 23etan itzultzen dira, eta egokitzapen gabezia hori bereziki jasaten dute gainpopulazioaren ondorioz. Izan ere, espetxeratutako askok, beren sailkapenaren ondorioz bizitza erdi-askatasunean egin ahal izango luketen arren, bertan egon behar dute zigorragatik edo kanpoan lanik, trebakuntzarako jarduerarik edo gizarteratzekorik ez dutelako. Horrek guztiak argi uzten du Donostian Gizarteratzeko Zentroa behar dela.
- Abokatuak oro har kexatzen dira “segurtasun” eta “datuen babes” arrazoien ondorioz beren bezeroen datuetarako sarbidea mugatzen delako, datu horiek bezero horien espedientean egon eta defendatzeko eta ordezkatzeko behar izaten dituzten arren.
• Basaurin txosten honetako beste atal batzuetan aipatutako arazoez gain, berariazko bi arlotan dauden kexak eta urtero errepikatzen dira gainera:
- Gizarteratzeko banako prozesuak eten egiten dira Euskaditik kanpoko espetxeetara lekualdatuz gero (batez ere, Dueñas, Villabona, Burgos eta Teixeirora), horietan ez baitago hemengo baliabiderik. Zentzu horretan, destinoak tratamendu prozesuekin gehiago lotzea faltan botatzen da, eta prozesu hauek izan behar lirateke baimen, irteera eta trebakuntza jardueretako parte hartze arloan hartzen diren erabakien oinarriak. Bizkaian ere Gizarteratzeko Zentroa behar da.
- Tratamendu-langileen arloko gabeziak, betetzen ez diren bajen ondorioz. Jurista plazari dagokionez, estalita agertzen zen arren, praktikan irailetik txosten hau itxi arte estali gabe egon da, horrek espetxeratuengan dituen ondorio negatibo guztiekin; txostenak atzeratu egiten dira, batez ere kondenak berraztertzeko, moldaketetarako eta erantzukizun zibiletarako.
4.3. Kontraesanean dago eta berdintasunaren printzipioaren aurka ere bai, behar terapeutikoen ondorioz (EAko 182. art.) espetxetik kanpo bizitza egin behar duten zigortuek diru-sarrerak bermatzeko errenta (DSBE) ezin jasotzea. Beren mantenu gastuek ez dute erakundeen inolako estaldurarik, eta horren ondorioz beren egoeran hirugarren mailan dauden gainerako pertsonei DSBE emateko egoten diren arrazoi guztiak daude, gainerako baldintza guztiak betetzen badituzte, hirugarren mailan daudenek jasotzen baitute Errenta hori. Espetxeratuta egoteak ez du horietako inoren birtualitatea ezeztatzen, ezta laguntzaren oinarria ere.
Hirugarren maila murriztuan, ohikoan edo telematikoan daudenek esku-hartze terapeutikoak izaten dituzte beren adikzioengatik eta hala ere ez zaie DSBE izateko aukera kentzen. Era berean, Errenta hori ematen zaie toxikomanien tratamenduak edo tratamendu psikiatrikoak egin baina zigorren bat betetzen ari ez direnei, baina ez zaie ematen Espetxeetako Araudiaren xedapenez egiten dutenei, batzuen eta besteen oinarrizko gizarte egoerak berdinak izan arren.
Azken finean, EAko 182. artikuluaren bidez hirugarren graduan egoteagatik ezin dira DSBE eskuratzeko aukera guztiak kendu, eta egoera horretan dauden pertsonei berdintasun-printzipioa kentzeaz gain, bereziki zaurgarria den talde bat gizarteratzeko aukerak murriztu egiten dira.
4.4. Espetxeratu langabetuek jasotzen duten babesari dagokionez, erakunde arteko beharrezko koordinazioan hobetu daitezkeen gauzak ikusi ditugu, eta bi mailatan sailkatu behar dira.
Batetik, LanbiderenEstatuko Enplegu Publiko Zerbitzuaren (laguntza hauek kudeatzen dituena) artekoa, dela espetxeratzean dela bertatik irtetean. Zentzu honetan egokiena litzateke bi laguntzak osoan hartzea, pertsonaren beharrak aztertzea eta laguntzarekin estaltzea behar horiek, eta behar denean DSBErekin osatzea. Horretarako, ordea, erakunde arteko koordinazio maila jakin bat behar litzateke eta horren alde ari da lanean erakunde hau.
Bestalde, oinarrizko gizarte-zerbitzuek disfuntzioak izan dituzte Foru Aldundiek eskaintzen dituzten laguntzen eskarietan, baita espetxeratuek beren errotzea kreditatzeko behar duten errolda eskarietan ere. Izan ere, eskari horiek espetxeko gizarte zerbitzuek bidaliz gero, Udal batzuek espetxeratu horren borondatea kreditatzeko bitarteko desberdinak eskatzen dituzte eta badirudi ahaztu egiten dutela espetxean dagoela eta praktikan zaildu edo atzeratu egiten dutela eskari hori, gizarte laneko espetxe-zerbitzuak izateko arrazoia ahaztuaz. Praktika onak ere identifikatu ditugu, adibidez, Donostiako udalekoak; Udal horren eredua oinarri hartuta oinarrizko eta espetxeko gizarte zerbitzuen arteko harremanen protokolo bat landuko dugu.
4.5. Informatzen ari garen urte honetan Arartekoak behin eta berriro adierazi du mintegi espezializatuetan eta adierazpen publikoetan terrorismo-delituen zigor eta espetxe-tratamendua aldatzearen alde dagoela, duela urte batzuetatik hona parte hartzen duen foro juridiko guztietan adierazi izan dituen pertsona guztien giza-eskubideen defentsa-terminoetan.
Kontuan izanda gai honen inguruan aurrerapen handirik ez dela egon, erakunde honek uste du berriro ere egin beharra daukala espetxeratu guztiek beren jatorrizko tokitik gertuen dauden espetxeetan kondena betetzeko eskaria, helburu hirukoitza betetzeko: birgizarteratzea sustatu, antolamendu juridikoak eskatzen duen bezala; zigortuak gizartetik deserrotzea saihestu eta beren gizarte-loturak sustatu; eta urrun egoteak familiako eta lagunentzat dituen ondorio ezkorrak, gastuak eta arriskuak amaitu, ez baitira justifikagarriak eta egungo egoeran saihestu baitaitezke. Aurten horren inguruan jaso ditugun kexek berariaz aipatzen zuten adingabeei horrek eragiten dien kaltea. Bestalde, espetxe-administrazioari behin eta berriro eskatu diogu gaixotasun larriak edo sendatu ezin direnak dituztenak espetxetik irtetea aurreikusten duten legezko arauak ezartzea errazteko, beharrezko kautela guztiekin.
4.6. Erabat biluztu eta miatu eta erregistratu edo intimitatea inbaditzen duten metodoak erabiltzeari dagokionez, estatuko espetxe batzuetan ezarritako praktikengatik jasotako kexen ondorioz gure iritzia emateko aukera izan dugu; izan ere, terrorismoagatik kondenatutako espetxeratuen familiakoei biluz zitezela eskatzen hasi baitziren sistematikoki, vis a vis komunikazioa izan aurretik. Espetxe-zaintzako fiskalek 2015eko topaketan adierazitako irizpideen arabera, ez da nahikoa drogak edo galarazitako bestelako objektuak sartzeko susmoa aipatzea, horrelako kontrolak egin ahal izateko. Bisitariek beren eskubide guztiak dituzten heinean, besteak beste, intimitaterakoa eta osotasun moralerakoa, ez dago horiek oro har erasaterik espetxeetako segurtasuna mantentzeko, baizik eta behar hori kasu bakoitza banaka aztertuta artatu beharko litzateke.
4.7. Amaitzeko, EAEko Auzitegi Nagusiko Gobernu Salak adierazitako beharraren berri eman nahi dugu eta geure egiten dugu, 2016-2020 aldirako beharren artean Gasteizen espetxe-zaintzarako epaitegia sortzea, gaur egun dagoen bakarrak lan karga handia duelako eta lan horren zatirik handiena, bere dimentsioagatik logikoa denez, Arabako espetxetik datorrelako.
7. IJITOAK ETA BESTE GUTXIENGO KULTURAL BATZUK
Aurrekariak
Arartekoak arreta berezia jartzen die ijito herriaren zailtasun eta beharrizanei. Gutxiengo kultural horrek bazterkeria sozial eta politikoa jasan du, eta berdintasuna sustatzeko, bereizkeriaren aurka borrokatzeko eta bere nortasun kulturala aitortzeko politikak zor zaizkio. Ijitoei dagozkien Arartekoaren jarduketak azaltzen ditugu atal honetan, eta aurten nabarmendu behar diren elementu adierazgarrietariko batzuk aipatzen ditugu.
1. Arloa kopurutan
Ijitoei eragiten dieten kexak, oro har, Arartekoaren arlo ezberdinetan aztertzen dira, gainerako herritarrek helarazten dizkigutenen antzeko kontuak jorratzen baitituzte. Zentzu horretan, zaila da kopuru zehatza aipatzea.
Ijitoek zailtasunak izaten dituzte etxebizitza bat eduki eta mantentzeko, prestazio ekonomikoak eta gizarte zerbitzuak jasotzeko, udal erroldan inskribatzeko eta herri bateko bizilaguntzat hartuak izateko. Batez ere horrexegatik jotzen dute erakunde honetara. Kexak jartzeko beste arrazoi bat izaten dira, zenbaitetan, hirigintza hondamena jasan duten eta hirigintzako birgaitze prozedura behar duten auzoetan bizitzearekin lotutako kontuak. Era berean, kexak sorrarazten dituzte auzotarrekiko harremanetan dituzten arazoek.
Aurten, baloratzeko elementutzat nabarmenduko dugu ijitoek berariaz aurkeztutako kexa kopurua murriztu egin dela, ijito izateak berak administrazioaren erabakiari eragin dion kasuei dagokienez.
2. Kexarik aipagarrienak
2.1. Prestazio ekonomikoak etetea eta ukatzea
Laneko diru-sarrerak osatzeko errenta modalitateari eragin dioten kexak jaso ditugu. Diru-sarrerak bermatzeko errentaren modalitate horrek laneko diru-sarrerak laguntza batekin osatzea ahalbidetzen du, familia-unitateek hilean jasotzen duten kopurua duina izatea bermatzeko, eta baldintza eskasetan lan egiteak batzuetan ekar dezakeen efektu adoregabetzailea saihesteko. Diru-sarrerak bermatzeko eta gizarteratzeko 18/2008 Legeak diru-sarrerak bermatzeko errenta abonatzea aurreikusi du laneko diru-sarrera mugatuak dauden kasuetarako. Horretarako, norberaren konturako zein besteren konturako lan jardueratik datozen diru-sarreren ehunekoa baztertu egiten da zehaztutako zenbaketatik. Ijitoek kalez kaleko salmenta bezalako jardueretan egiten dute lan, eta zenbait berezitasun dituzten kooperatibetan antolatzen dira. Burutzen dituzten jarduerek ez dituzte diru-sarrera altuak ekartzen, eta, ondorioz, askotan bateragarriak izaten dira diru-sarrerak bermatzeko errentarekin, laneko diru-sarrerak osatzeko modalitatean. Berezia da diru-sarrera horiek kontabilitate-agirietan edo zerga-arauetan islatzeko modua. Zentzu horretan, araudia berbera izan behar bada ere, interesgarri deritzogu ijitoek lan jarduerak garatzeko duten moduaren gaineko ezagutzan sakontzeari, zenbait jarrera edo jarduera diru-sarrerak bermatzeko errentari eta gizarteratzeari buruzko legearen estalduraren pean sartzen diren balioztatu ahal izateko. Elkar hobeto ezagutzeak, era berean, ijitoen enplegua ahalbidetzeko jarduerak erraztu ditzake.
Ildo berari eutsiz, ijitoei eragiten dieten kexek, batzuetan, araudian ezarritako betekizunei egokitzeko zailtasuna islatzen dute, baliabide ekonomikoen gabezia eta gizarte bazterketako egoera egiaztatzen dutenean. Ijitoek familiako loturak ulertzeko duten moduak ere eragin nabarmena edukitzen du. Kultura jokaera batzuk (ijitoen arteko familia-loturak) ulertzeko moduak ere eragin handia izaten du. Kexa-espediente batean, Jabetzaren Erregistroan inskribatuta ez dagoen etxebizitza baten gaineko jabetza-eskritura aurkezteko eskatzen zuen Lanbidek; beste batean, dibortzioa egiaztatzea eskatzen zuen, denbora luzean harremanik egon ez arren, eta, gainera, dibortzio eskaera aurkezteak ijitoen familien arteko zailtasunak ekar ditzakeenean. Adibide horiek argi erakusten dute diru-sarrerak bermatzeko politikaren diseinuan eta ezarpenean garrantzitsua dela kultur gakoak eta gizarte bazterketa larria kontuan hartzea. Batez ere, Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak berak aitortu duenean ez dela gizarte bazterketa larriko egoeren % 100 estaltzen. Zentzu horretan, ijitoen eskubideen defentsan eta kultur aitortzan lan egiten duten elkarteekin elkarreraginean aritzeak eta hitz egiteak araudiaren ezarpena hobetzen lagun dezake, bai eta ijitoak gizarteratzera eta lanean txertatzera bideratutako ekintzak eraginkorragoak egiten ere.
Prestazio ekonomikoei dagokienez, nabarmendu beharreko beste kexa bat da ijitoen eskubideen defentsarako elkarte batek aurkeztu duena, izan ere, Lanbideren irizpideei buruzko dokumenturako sarbidea ukatu izanarekiko desadostasuna baitu arrazoitzat.
Zehazki, kexagileak bere kexa-idazkian adierazi zuen hainbat aldiz jo zuela Lanbideren bulego bateko zuzendaritzara, eta, hala ere, ezezkoa eman ziotela Lanbidek erabiltzen duen irizpideei buruzko idazkiaren kopia emateari. Txosten honetako II. kapituluan, gizarteratzeari buruzko atalean, ofiziozko jardunbide bat aipatu dugu. Bertan, pertsona batzuek norbanako gisa, udaleko gizarte zerbitzuek eta erakunde sozialek agertu duten kezka helarazi dugu, hots, DBEa kudeatzeko orduan Lanbidek erabiltzen dituen irizpideen agiria ez argitaratzeak dakarren gardentasun gabeziaren gaineko kezka.
Era berean, dokumentuaren edukia iragarri beharko litzatekeela uste dugu, Enplegu eta Gizarte Politika Saileko sailburuak horretarako agindua emanez.
Azkenik, gure kezka adierazi dugu gai honi buruz: hausnartu beharra dago zer arazo dakartzan Lanbidek gizarte-prestazioak kudeatzeko erabiltzen dituen irizpideen agiria ez argitaratzeak, agiri hori funtsezkoa baita erakunde autonomo horren erabakietan.
Lanbide bat dator Arartekoaren iritzi honekin: irizpideen dokumentua gaur egungoaren bestelako eduki batzuk izango ditu, adierazitako arau-aldaketen arabera Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailburuaren agindu bidez edo Lanbideko zuzendari nagusiaren ebazpen bidez onartu beharko litzateke, eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu, Gizarteratzeko Euskal Sistemaren erabiltzaile izan daitezkeenak edo horien prestazioen onuradun izan daitezkeenek, edo aipatu sistemako operadoreek edo horretan interesa izan dezakeen edonork ezagutu dezaten. Lanbide, bada, bat dator iritzi horrekin.
Aipatu espedientea ixtea erabaki dugu, Lanbidek irizpide horiek legeztatzeko eta ondoren argitaratzeko konpromisoa hartu duela ulertu baitugu. Arartekoak aipatu konpromisoaren segimendua egingo du, Lanbidek hobekuntza horiek sartuko dituelako itxaropenez zain.
2.2. Beste zailtasun batzuk
Aurten ez dugu izapidetu ijitoak erroldan inskribatzeko zailtasuna aipatu duen kexarik; are gehiago, arazo horren harira erakunde honetara helarazitako kexak edo zailtasunak bideratu egin dira.
Hautemandako kexen artean, ijitoen taldeari eskaintzen zaizkion etxebizitzak alokatzeko orduan dagoen zailtasunak hor egoten jarraitzen du; batzuetan, jabeak alokatzeko unean erakusten duen mesfidantzagatik, edo jabekideen komunitateak etxebizitza ijitoei alokatzea erabaki duen jabeari helarazten dizkioten aurreiritziengatik. Merkatu pribatuan etxebizitzaren alokairuaren prezioa altua dela gaineratu behar zaio horri, eta etxebizitzarako sarbidea zailtzen duela horrek.
Etxebizitza publikoari dagokionez, etxebizitza sozialak eta babes ofizialekoak funtsezko bermea izan dira, etxebizitzarako eskubideaz goza ahal izan dezaten. Jaso ditugun kexak beste talde edo pertsona batzuek aurkeztutako kexen antzekoak izan dira, hortaz, txosteneko etxebizitza arloan kokatu ditugu.
2.3. Jarduerak narriatutako auzoetan
Iaz, 2015. urte hasieran bukatu genuen jarduera bat aipatu genuen, Arartekoaren 2015eko urtarrilaren 13ko Ebazpena, hain zuzen ere. Horren bidez, Sestaoko Udalak burututako jarduera batzuei buruzko ofiziozko jardunbidea amaitu genuen; hala nola, udaleko erroldaren eta birgaikuntza prozesuaren kudeaketaren inguruan eta herritarren segurtasunarekin zerikusia duten kontu batzuen inguruan aritu ginen. Sestaoko birgaikuntza prozesuari dagokionez, zera ondorioztatu genuen: “Sestaoko biziberritze-prozesua oraindik ez da amaitu, eta horrenbestez, Arartekoaren 2006ko azaroaren 6ko ebazpenak jasotzen zituen gomendioak oraindik indarrean daude. Sestaok dituen beharrek hainbat esparruri eragiten diete. Hirigintzako eta etxebizitza eskuratzeko esparruez gain, biztanleriaren ehuneko handi bat gizarte-desabantailan dago (hainbat arrazoi direla eta, besteak beste, iraupen luzeko langabeak izatea edo enplegua eskuratzeko zailtasunak dituzten gutxiengo etnikokoak izatea), eta horrek gizarte-politika inklusiboak eskatzen ditu. Azken urteetan, Sestaon hirigintza-hobekuntzak egin dira, eraikinak eta errepideak berritu dira, eta lursailak urbanizatu. Hala ere, egindako jarduketak ez dira nahikoak Sestaoko gizarte-, hirigintza- eta ekonomia-egoerari aurre egiteko. Beharrezkoa da erakunde arteko hitzarmenari berriz ekitea, dagokien zuzkidura ekonomikoa duten politika publikoak proposatzeko, Sestaoko gizarte- eta ekonomia-eraldaketan eragina izan dezaten, eta Nerbioiren Ezkerraldeko gizarte-, lan- eta ekonomia-garapenean inplikatutako eragile publiko eta pribatu guztiek parte hartzeko”.
Aurten, Sestaoko Txabarri auzoko etxebizitza baten gaineko jardunbidea aipatuko dugu. Kexak gure ardurapean utzi zituen aipatu higiezinaren birgaikuntza betebeharrei aurre egiteko zailtasunak. Esku-hartze pribatuaren bidez birgaitu beharreko eraikin gisa kalifikatu da eraikin hori –Txabarri-El Sol auzoko birgaitze integralerako plan bereziaren barruan–.
Bere erreklamazioan azaldu duenez, hainbat esku-hartze egin dira higiezina birgaitzeko, udalaren diru-laguntzen eta Sestao Berri elkartearen diru-laguntzen laguntzarekin.
Kexa aurkeztu zuen pertsonaren ustez, birgaitzeko laguntza publikoetarako betekizunek arazoak ekartzen dituzte premiazko jardunbideen (termitak) edo bat-batean hautemandako esku-hartzeen (kaltetutako egiturazko habea) kasuan. Era berean azaldu du zailtasunak daudela beste jabe batzuek ordaindu ezin dituzten derrameei aurre egiteko.
Sestaoko Udalak eraikin horren birgaikuntza prozesuari buruzko eta Txabarri-El Sol eremua eraberritzearekin zerikusia duten beste alderdi batzuei buruzko informazioa bidali digu.
Igorritako gogoetetan gogorarazi dugu, jabetzarako eskubidearen edukiaren eta hirigintza legediaren markoan, lursailetako jabeek segurtasun eta osasungarritasun baldintzetan eduki behar dituztela horiek, beharrezko lanen eta obren bidez. Dagokion udalak eta etxebizitza gaietan eskumena duen Eusko Jaurlaritzako organoak subsidiarioki ikuskatuko dute aipatu baldintzak betetzen ote diren, hirigintzari buruzko legedian aurreikusitakoaren arabera.
Jabekideen komunitateak eskatuta, higiezina birgaitzeko bultzatu dituen jardunbideen berri eman du Sestaoko Udalak. Jardunbide horiek eraikinaren ikuskapen teknikoa ahalbidetu dute, bai eta Eusko Jaurlaritzak eta udalak onartutako birgaitze-neurriekin jabeek exekutatu beharreko obren programa zehaztea ere.
Bestalde, jabekideen artean ados jartzeko zailtasunen edo betebehar ekonomikoei aurre egiteko zailtasunen afera ebazteko kontu konplexua dela helarazi dugu, izan ere, izaera juridiko pribatua dute. Jabekideen komunitateetako alderdi partikularrak kontu pribatuak dira, eta administrazioen esku-hartzea gainditzen dute, laguntza teknikoko kontuetan izan ezik.
Nolanahi ere, jabekideen artean ados jartzeko zailtasunek ez dute higiezinen kontserbazio betebeharrak behar bezala betetzea eragotzi edo atzeratu behar. Udalak hirigintza betebeharrak bete ez direla jakiten badu, aurreikusitako kontrol-mekanismoen bidez hartu behar du esku.
Erakunde honek burutu dituen hainbat jardunbidetan, Sestaori eragin diotenez ari garelarik, hirigintza jarduerekin batera gizartearen segimendua egiteko beharra eta aukera daudela egiaztatu da, pertsonek titular diren eskubide sozialei buruzko informazio egokia eduki ahal izan dezaten, eta familien beharrei eta haurrak egoteari arreta egokitua eman ahal izateko. Jabekideen komunitate horretan, bizilagun batzuk gizarte bazterketako egoeran daude; beraz, komenigarria izango litzateke aipatu segimendurako beharrari behar bezalako arreta ematea.
Sestaoko Udalak ikuskatzaile jarduerarekin jarraitu behar duela ondorioztatu dugu, eta higiezin horien kontserbazio eta birgaitze betebeharrak behar bezala betetzen direla egiaztatu behar duela, eraikinen ikuskapen teknikoari dagokionez, eta, beharko balitz, jabetzaren funtzio soziala bermatuko luketen exekuzio-aginduak eman behar dituela, kontserbazio, mantentze-lana eta birgaitze-lana eskatzen baitu funtzio horrek.
2.4. Beste kexa batzuk
Udal batek jardunbiderik abiarazi ez izanari buruzko kexak jaso ditugu. Udalak salaketak zituen bizikidetza, osasungarritasun, garbitasun eta kutsadura akustikoko arazoengatik, eta ez zen inolako jarduera irregularrik atzematen. Ondorioztatu dugunez, herri-administrazioek kultur aniztasuna eta gutxiengoen eskubideak errespetatu behar dituzte, hala nola, pluraltasunaren babesa eta parte-hartzea bizitza publikoan, arrazoi etnikoengatiko bereizkeriarik egin gabe. Kasu horretan, bizikidetza arazoen oinarria auzotarren arteko harremanen gaineko ulerkera ezberdinean zegoela ikusi genuen, eta aipatu arazoei arreta eman zitzaiela, ijitoen eskubideen defentsan lan egiten duen elkarte batekin koordinatuta kulturarteko integraziorako programa bat babesten zuen udalerriaren aldetik. Arartekoaren ustean, aipatu programaren markoan eta herri-administrazioen, erakunde sozialen, elkarteen eta herritarren arteko elkarlanezko lan koordinatuan ezarri ahal izango dira kulturarteko komunikazioa hobetzeko zubiak.
3. Araudi- eta gizarte-testuingurua
Europar Batasuna
Europako Parlamentuaren zenbait ebazpen aipatuko ditugu:
• Europako Parlamentuaren 2015eko azaroaren 24ko Ebazpena, kohesio politikari eta baztertutako komunitateei buruzkoa (2014/2247(INI))
Europako Parlamentuak agerian utzi du baztertutako komunitateen egoera soziala jorratzeko dagoen premiazko beharra, kohesio politikaren zeregin garrantzitsua azpimarratuz, komunitate horiek gizarteratu eta ekonomian sar daitezen.
Gainera, baztertutako komunitateak, ijitoena kasu, kohesio politikaren xede-talde gisa sartu zirela gogorarazi du, gizarte bazterketaren gaineko eta horren aurkako kezka eta konpromisoa hazi egin dira-eta, bereziki nabarmenduz ijitoen egoera larria. Era berean, bereizkeria sistematikoa kontuan hartzeko eskatu du txostenak, eta ijitoen aurkako pentsamoldearen eginkizuna nabarmendu du bazterketarako arrazoiak aztertzean.
Aurreko programazio aldian (2007-2013) egiturazko funtsak nola erabili diren aztertu du txostenak, eta gomendioak luzatu zaizkie Europar Batzordeari eta estatu kideei, hurrengo programazio aldirako (2014-2020) europar baliabide horiek erabiltzea susta dezaten. Era berean, baztertutako komunitateentzako kohesio politika gizarte zibilarekiko elkarrizketa egituratuan jorratzera gonbidatu da aipatu batzordea, baztertutako komunitateetako ordezkariek azterketa kuantitatiboan eta kualitatiboan oinarritutako debatean parte hartuko dutela eta berau bultzatuko dutela ziurtatzearekin batera.
• Europar Parlamentuaren 2015eko apirilaren 15eko Ebazpena ere aipatuko dugu, Europan dagoen ijitoen aurkako pentsamoldearen arazoa gainditzeko beharrari buruzkoa. Bertan, Bigarren Mundu Gerran ijitoen genozidioa egin zela oroitzeko eguna adieraz dadila eskatu da. Ebazpen horrek interes berezia dauka, arazoaren eta beroni aurre egiten lagun dezaketen neurrien ibilbide xehea egiten baitu. Bertan, “ijitoen aurkako pentsamoldearen goraldiarenganako kezka sakona” aitortu du parlamentuak, “eta, besteren artean, ijitoen aurkako erretorikan eta Europan ijitoen aurka egindako indarkeriazko ekintzetan —erailketak barne— agertzen dela aipatu pentsamoldea. Bateraezinak dira horiek Europar Batasuneko arau eta balioekin; bestetik, gainera, ijitoak gizarteratzea lortzeko oztopo nagusiak dira, bai eta euren giza eskubideenganako erabateko errespetua bermatzeko oztopo nagusiak izan ere”.
• Aurten, ijitoak gizarteratzeko Europako Plataforma ere elkartu da. Ijitoak gizarteratzeko konpromiso politikoari eusteko xedea du plataforma horrek, estatu kideen agenda politiko nazionalen barruan helburu garrantzitsuenetakotzat jo dadin. Gobernu nazionalak, Europar Batasuneko erakundeetako ordezkariak, nazioarteko erakundeak eta gizarte zibilaren erakundeak biltzen ditu plataformak.
Euskal Autonomia Erkidegoa
Bereizkeriaren aurkako borrokarako jardunbideen artean, Era Berean sarea aipatuko dugu. Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politika Sailak bultzatu du sare hori, arrazagatiko, etniagatiko edo nazioagatiko bereizkeriaren aurka borrokatzeko, bai eta sexu orientazioagatiko eta identitateagatiko eta genero identitateagatiko bereizkeriaren aurka borrokatzeko ere. Hainbat elkarte sozialek eratu dute aipatu sarea, immigrazioaren, ijitoen sustapenaren eta LGTB taldeen eremuan. Autonomia lurralde osoan eragiten duen sarea da, eta eremu pribatuari eragiten dioten bereizkeriazko egoerei hainbat ikuspegitatik aurre egiteko helburua dauka.
Estatu mailan, biktimei laguntzeko zerbitzua dago, eta Osasun, Gizarte Zerbitzu eta Berdintasun Ministerioari atxikitako batzorde baten mende dago, Arrazagatiko edo Etniagatiko Bereizkeria Ezabatzeko Kontseiluaren mende, alegia.
Txostenak
Arrazakeriaren aurkako Europako Sareak (ENAR) txosten bat argitaratu du. Horren bidez, krimen arrazistek gehien kolpatzen duten taldeetako bat ijitoena dela ondorioztatu da. Txostenak krimen arrazista horien patroiak aztertu ditu, bai eta eraso horien xede-taldeak, krimen horien ezaugarriak eta biktimengan eragiten dituzten ondorioak ere. Era berean, Europar Batasuneko estatu kideek delitu arrazistei ematen dieten erantzuna ere aztertu du. Espainiari dagokionez, ekonomia krisiak egoera okertu du, izan ere, langabezia tasa inoiz ez bezalako mailara iritsi da (% 27,16), ijitoen kasuan % 42ra iristen bada ere.
Beste txosten batek, oraingo honetan, diskriminazioaren aurkako gaietan lege-adituak diren pertsonen sare europarrarenak, haur ijitoek hezkuntza eremuan jasaten duten bereizkeria aztertu du. Txostena Europar Batasuneko hamar herrialdetara bildu da. Bulgaria, Kroazia, Eslovakia, Espainia, Frantzia, Grezia, Italia, Erresuma Batua, Txekiar Errepublika eta Errumania hartu ditu txostenak aztergaitzat; bai biztanle ijitoen kopuru handia dutelako, bai Giza Eskubideen Agentziak 2012an egindako ikerketan berariazko arazoak dituzten herrialde gisa identifikatu zirelako, hezkuntza eremuari eta ijito biztanleei dagokienean, bai Giza Eskubideen Europar Auzitegiaren aurrean salatu dituztelako (izan ere, zigor-epaiak daude Kroaziaren, Hungariaren eta Txekiar Errepublikaren aurka, ikasleak jatorri etnikoaren arabera bereizteagatik).
Aipatu herrialde bakoitzeko heziketa zentroetan ikasle ijitoak bereizteari dagokionean, azken bilakaerak eta informazioak aztertu ditu txostenak, jurisprudentzia, dokumentu politikoak eta beste baliabide adierazgarri batzuk barne hartuta. Modu berean, Europa mailako legezko markoa aztertu du, Arraza Berdintasunerako Zuzentarauak eta Giza Eskubideen Europar Auzitegiaren epaiek ezarritako markoan zentratuz. Bada, ijitoak hezkuntza eremuan bereizi izan diren kasuei begiratu die, bai ikastetxe berezietan, bai ikastetxe barruan, bai ikastetxeen artean.
Europar Batzordeak Europar Batasuneko bereizkeriari buruzko Euro barometro berezia argitaratu du, hiru urterik behin egiten den iritzi-ikerketa. 28 estatu kideetan egindako 28.000 inkestetan oinarritu da, eta aurtengo emaitzek datu kezkagarriak azalarazi dituzte, europarrek zenbait gutxiengo etniko, erlijioso eta sexualen aurrean dituzten jarrera diskriminatzaileei buruzkoak.
Makroinkesta horrek egiaztatu du europar biztanleen zati handi batek gogoz baztertzen duela ijitoen komunitatea. Musulmanen komunitatearekin batera, talde sozial diskriminatuena da ijitoena.
Herrialdeen araberako xehetasunak eman behar dira datu horien gainean; adibidez, Espainiaren kasuan, ijitoenganako arbuioa askoz ere txikiagoa da Europako batez bestekoan baino. Honakoak dira lan eremuan ijitoenganako arbuio handiena erakusten duten herrialdeak: Txekiar Errepublika (% 29 bakarrik sentitzen da eroso edo ezaxola), Italia (% 37), Eslovakia (% 41) eta Bulgaria (% 43).
Gorrotozko delituei dagokienez, Barne Ministerioaren 2014ko txostena aipatuko dugu, jarrera larri horren inguruko datu interesgarriak jaso ditu-eta.
Europar Batzordeak oinarrizko gida bat argitaratu du, “Ezagutu zure eskubideak!” izenburupean. Horren bidez, diskriminazio kasuen aurrean jokatzeko behar besteko informazioa eman zaie herritarrei. Era berean, bereizkeria pairatzen duten pertsonak babesten dituen europar legedira sartzeko jarraibideak eman dira dokumentu horretan, 2000/43 Zuzentaraua begiratzeko argibideak emanez batez ere, arrazagatiko edo etniagatiko bereizkeriari buruzkoa baita.
Europar Kontseiluak eskuliburu bat argitaratu du: “Ispiluak - Giza eskubideetan oinarritutako heziketaren bidez ijitoen aurkako pentsamoldearen kontra borrokatzeko eskuliburua”.
Beste informazio interesgarri batzuk
Aurten, interes izugarriko bi epai argitaratu dira. Batetik, Europar Batasuneko Auzitegiaren epaia, C-83/14 kontuari buruzkoa, zera ondorioztatu duena: batez ere ijitoen etniako pertsonak dituen auzo batean kontagailu elektrikoak ezin iritsizko altueran egotea etniagatiko bereizkeria da, beste auzo batzuetan altuera normalean baitaude jarrita. Auzitegiaren arabera, nahiz eta eraginkortasun bereko beste neurririk ez egon, aipatu praktika gehiegizkoa da, xede horiei eta eragindako auzoko biztanleen bidezko interesei dagokienez.
Giza Eskubideen Europar Auzitegiak ere, aurten, epai bat idatzi du, CASE OF BALÁZS v. HUNGARY delakoa. Horren bidez, bereizkeriagatik kondenatu du Hungaria, ijitoen etniako gizon baten aurkako eraso arrazista ikertu ez duelako. Auzitegiak epai horretan nabarmendu zuen beharrezkoa dela ijitoen aurkako indarkeria arrazistaren inguruko salaketak “gogoz ikertzea”. Hungariako agintaritzak ez du halakorik egin, eta horregatik da diskriminazioaren erantzule.
Aurten, Real Academia Españolak azkenean edizioan sartu du “trapacero” [maltzur, engainatzaile] hitzaren adiera iraingarria eta bereizkeriazkoa dela, eta Herriaren Defendatzaileari adierazi dio hurrengo hiztegiari erabilerarako oharra erantsiko diola, “ijito” eta “ijitokeria” hitzak definitzeko “trapacero” eta “trapacería” hitzak erabiltzea “iraingarria eta bereizkeriazkoa” dela ohartaraziz. Euskadiko Ijitoen Kontseiluak RAEri eskatu zion ezabatu zezala aipatu adiera. Ijito Herriaren Estatu Kontseiluak eta Ijito Kulturaren Institutuak ere eskaera bera egin zioten.
4. Jarduera-planaren esparruko bestelako esku-hartzeak
Gure erkidegoan bizi diren Ekialdeko Europako ijitoen asentamenduak eta hainbat eragile pribatu eta publikoren arteko koordinazioaren beharra kontuan hartuta egin zen Arartekoaren urriaren 5eko 3/2011 Gomendio Orokorra: Jatorriz Europar Batasunekoak diren eta Euskal Autonomia Erkidegoan bizi diren ijitoen egonlekuetan esku hartzeko jardute-protokoloak garatzeko beharra. Bertan, ijitoek EAEn dituzten asentamenduen egoera eta haien premiarik oinarrizkoenei erantzuna emateko gabezia aztertzen dira.
Guk dakigula, Euskadin dagoen ijitoen egonleku bakarra “Urumeakoa” da, eta Astigarraga eta Hernani inguruko herrietan dago. Astigarragako eta Hernaniko Udalen, Gipuzkoako Foru Aldundiaren, Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politika Sailaren eta Romi Bidean elkartearen elkarlanarekin eta koordinazioarekin burutu da proiektu hori. Eragile pribatu eta publiko batzuek ere parte hartu dute. Elkarlanezko lan koordinatu horri esker, dokumentazioa erregularizatzeko, heziketarako, lanean aktibatzeko, etxebizitza bilatzeko, osasun arretarako, prestazio ekonomikoak eskatzeko eta gizarteratzeko eta komunitateko lana egiteko beharrei aurre egin ahal izan zaie. Xedea, gizarteratzeko helburuak beteta, egonlekua 2017rako desegitea da. Gaurko aurreikuspenen arabera, baliteke 2016an jada familiarik ez geratzea bertan. Arartekoak oso ondo baloratu ditu burututako programa eta egon diren lankidetza eta koordinazioa, eta, zentzu horretan, gure gomendio orokorra bete dela nabarmendu behar dugu.
5. Herritarren eskubideen egoeraren balorazioa
1. Ijitoak desberdintasun eta gizarte bazterketako egoeran daude, eta kontuan hartu beharrekoa da hori, baita sustapenerako politika publikoen xede izan ere, ijitoek sozialki, politikoki eta ekonomikoki aurrera egin ahal izan dezaten.
Eskubide sozialen aitortzan, hezkuntzarako eskubidean, osasun arretarako eskubidean eta etxebizitzarako eskubidean aurrera egin bada ere, eta gutxiengo kultural gisa aitortzeko orduan eta pairatu duten jarraipen politikoaren salaketan eta aitortzan ere urratsak eman badira ere, oraindik ere egiteko daude pisuzko hainbat kontu. Honakoak dira gainditu beharreko erronka handiak: eraginkortasun handiagoa lortzea bereizkeriaren aurkako borrokan, eremu pribatuetan eta enpleguan batez ere, eta parte-hartze sozial, politiko eta ekonomiko handiagoa lortzea.
Bereizkeriaren aurkako borrokan aurrera egiteko, garrantzitsua da politika publikoen diseinuan eta eragile publikoen trebakuntzan aintzat hartzea kulturartekotasuna eta aniztasunaren kudeaketa. Ondo baloratu ditugu Biltzen integraziorako eta kulturarteko bizikidetzarako euskal zerbitzua burutzen ari den trebakuntza programak, bai eta abiarazitako neurriak ere; hala nola, Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politikak arrazagatiko, etniagatiko edo nazioagatiko, edota sexu orientazioagatiko eta identitateagatiko eta genero identitateagatiko bereizkeriaren aurka borrokatzeko gizarte erakunde jakin batzuen lankidetzarekin bultzatu duen Era Berean sarea.
Ijitoen berdintasunean aurrera egiteko, ezinbestekoa da elementu kulturalak eta bereizkeriaren aurkako elementuak sartzea, bai eta giza eskubideak zein pertsonen duintasuna urratzen dituen edozein ekintza edo diskurtsoren aurreko salaketa irmoa txertatzea ere.
2. Berariazko neurriak behar dira, ijitoen behar bereziak eta horiek gizarteratzeko eta lanean txertatzeko ibilbideak kontuan hartuko dituztenak. Lanbide euskal enplegu zerbitzuaren eta gizarte zerbitzuen kudeaketak aintzat hartu behar ditu ijitoen beharrak eta berezitasunak. Enplegua, gizarteratzea edo bazterketaren aurkako borroka sustatzeko neurriek kontuan hartu behar dituzte bai ijitoen berezitasunak, bai kulturartekotasuna, eraginkorrak izan ahal izan daitezen. Era berean, aintzakotzat hartu behar da emakume ijitoen egoera espezifikoa. Beraz, euren berezitasunei eta beharrei egokituko zaizkien politika publikoak -lana eta ekonomia sustatzekoak- diseinatu behar dira.
3. Bizitegien edo eskolen arabera bereizteak ez dio mesederik egiten gizarteratzeari. Zentzu horretan, zailtasun egoerak espazio berean biltzea saihesteko ahaleginek ijitoak gizarteratzea eta lanean zein ekonomian txertatzea ahalbidetuko dute. Narriatutako auzoen hirigintza-birgaikuntza egitea horretarako aukera da.
4. Euskal Autonomia Erkidegoan etxebizitzarako eskubide subjektiboa aitortzea aurrerapena izan da, eta garrantzi berezia du ijitoen kolektiboan, izan ere, historikoki zailtasunak eduki ditu etxe egokia edukitzeko unean. Arartekoak horren garapenaren eta eraginkortasunaren gaineko segimendua egingo du, eta Arartekoaren urriaren 5eko 3/2011 Gomendio Orokorra betetzen den ere begiratuko du: Jatorriz Europar Batasunekoak diren eta Euskal Autonomia Erkidegoan bizi diren ijitoen egonlekuetan esku hartzeko jardute-protokoloak garatzeko beharra.
5. Funtsezkoa da ijitoen eskubideen defentsan lan egiten duten elkarteei laguntzea. Gizarte erakunde horiek ahalbidetzen dute ijitoek sozialki eta politikoki parte hartzea, eta ijitoei zuzendutako politika publikoak eraginkorrak izatea errazten dute; hortaz, ezinbestekoak dira gizarte demokratiko batean.
8. ETORKINAK ETA KULTURA ANIZTASUNA
Aurrekariak
Atal honetan Arartekoaren jarduketetako batzuk jaso ditugu, etorkinen eskubideei eragiten dietenak, etorkinak euskal administrazio publikoen politiken xede diren aldetik. Halaber, immigrazioaren eta atzerritarren eskubideen inguruko berritasun adierazgarrienak aipatuko ditugu. Azkenik, arlo honetan herritarrei dagozkien eskubideen egoeraren balorazioa aurkeztuko dugu.
Ikuspegi-Immigrazioaren Euskal Behatokiaren datuen arabera, 2015ean, 116 herrialdetatik etorritako 137.397 atzerritar daude. Atzerritarrak euskal biztanle guztien % 6,3 dira; Estatu mailan, biztanle atzerritarren batez bestekoa altuagoa da, % 15eraino iristen baita. Etorkinen % 50,7 gizonezkoak dira, eta % 49,3 – emakumezkoak. Nazionalitateei dagokienez, jatorrizko herrialdeak, nagusiki, Maroko, Errumania, Bolivia, Portugal eta Kolonbia dira. Iaz, 141.316 atzerritar egon dira EAEn, hortaz, berretsi egin da beheranzko joera. Izan ere, 14.497 pertsona gutxiago daude erroldatuta, 2012ko datuekin (151.894 atzerritar) alderatuta. Horretan, ez dira kontuan hartu nazionalizatu direnak. Europan errefuxiatutako pertsonen kopurua handitzeak oraingoz ez du eraginik izan erroldan inskribatzen direnen kopuruan.
Enplegu Ministerioaren arabera, hain zuzen, 2015eko apirileko datuak aztertuta, EAEn atzerriko 48.059 herritar zeuden Gizarte Segurantzan afiliatuta, hau da, 3.100 gutxiago, 2008ko apirileko datuekin alderatuta. Urtean zehar, gora egin du afiliatuen kopuruak. Gutxi gorabehera, etorkinen herena Europar Batasunetik etorri da, batez ere, Errumania, Portugal, Frantzia eta Italiatik; beste bi herenak, berriz, Europar Batasunetik kanpokoak dira, kasu gehienetan, Bolivia, Maroko, Txina eta Kolonbiakoak. Emakumeen afiliazioak hobeto egin dio aurre krisiari, atzerriko emakume langileak 2008ko apirilean 18.684 izatetik 2015eko apirilean 23.274 izatera pasatu baitira. Atzerritarren presentzia altua duten sektoreen artean, etxeko zerbitzua bezalako jarduerak, krisiak gogorrago jo dituen beste sektore batzuek –adibidez, eraikuntzak– baino egonkortasun handiagoa erakutsi du, eta horixe da emakumeen afiliazioa handitzeko arrazoietako bat.
Ikuspegi erakundeak 2015ean egindako barometroaren arabera, euskal biztanleek dagoeneko ez dute immigrazioa benetako arazotzat jotzen. % 12,4raino jaitsi dira fenomeno horren aurkako iritziak; ez zen 2008tik halako portzentajerik ikusten. Halaber, hobetu egin da tolerantzia-indizea: % 58,04 (datu hori kontabilizatzen hasi zenetik bigarren puntuazio altuena). Gora egin du etorkinak osasun- nahiz hezkuntza-sisteman sartzearen aldeko iritzien portzentajeak ere. Azken urteetan nabariki beheratutako datua izan da.
II. Mundu Gerratik ezagututako errefuxiatuen krisirik handiena bizi du Europak aurten eta inoiz ez bezala igo da asiloa eskatzen dutenen kopurua. Halaber, nabarmen handitu dira migratzaileen jarioak. ELGEren (Ekonomiako Lankidetza eta Garapenerako Erakundea) urteko txostenaren arabera, aurten milioi bat pertsona iritsi dira Europara. 2014an, berriz, 630.000 heldu ziren. 2015ean, 350.000-450.000 pertsonari aitortu zaie errefuxiatuaren estatutua. ELGEk azpimarratu duenez, larritasun handiko fenomenoa bada ere, “Europak inoiz ez bezalako krisi tragiko horri erantzun behar dio, eta badu horretarako gaitasuna”. Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Komisarioak (ingelesezko UNHCR) zenbatetsi duenez, milioi bat baino gehiago dira 2015ean Europara itsasotik heldu diren migratzaile eta errefuxiatuak. Guztira 1.000.573 pertsona izan dira, eta horietatik 844.176 –%80 baino gehiago– Greziara, kasu gehienetan, Lesbos uhartera iritsi dira. Bestalde, 152.000 pertsona Italiara heldu dira, 3.592 Espainiara, eta beste 105 – Maltara. Europara heldu diren pertsonen %49 Siriatik etorri da, %21 Afganistanetik eta %8 Iraketik. Kopuru horri gehitu behar zaio %4 Eritreatik heldutakoa, beste %2 Pakistan, Nigeria eta Somaliatik etorritakoa, eta %1 Sudan, Gambia eta Malitik datorrena. Etorkinen % 90 baino gehiago hamar herrialde horietako batetik etorri dira. Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Komisarioak esan du, gainera, migratzaile eta errefuxiatuen %25 haurrak direla, %17 – emakume helduak, eta gainerako %58 – gizon helduak. Mugarik Gabeko Medikuek bildutako datuen arabera, aurten ere, zoritxarrez, 3.771 pertsona hil dira Mediterraneo itsasoan, Europarako bidean.
1. Arloa kopurutan
Etorkinek, gainerako herritarrek bezalaxe, erakundearen lan arlo guztiei eragiten dieten kexak aurkezten dituzte. Azpimarra daiteke kexa asko gizarte-eskubideei dagozkiela, hortaz, batez ere, gizarteratze, hezkuntza, etxebizitza eta osasun arloei eragiten dietela. Eragindako beste arlo bat segurtasuna da. Adingabe atzerritarrei dagozkien kexak Haur eta Nerabeen Bulegoko txostenean aztertu dira. Haren txostena geure egiten dugu. Estatuko Administrazio Orokorrarekin zerikusia duten kexak Herriaren Defendatzailearen Bulegora bideratzen dira. Hori guztia dela eta, zaila da kolektibo horrek aurkezten dituen kexen kopurua zehaztea.
2. Kexarik aipagarrienak
2.1. Erroldatzea
Aurten ere erroldan inskribatzearekin zerikusia duten kexak izapidetu ditugu. Kasu gehienetan, kexa horiek Arartekoak esku hartu ondoren bideratu egiten dira, eta gure iritziz, udalek, oro har, betetzen dute arlo hori arautzen duen legedia.
Aurtengo jardueren artean, nabarmendu behar dugu Bilboko Udalak gure iradokizuna onartzea ondorioz ekarri duen esku-hartzea.
Gaiarekin lotutako elkarte batek aurkeztutako kexa izapidetu dugu; izan ere, kexagilearen arabera, Bilboko Udalak etxebizitza-zerrenda bat du, eta pisu horien kasuetan, erroldan izena emateko eskaerak ez dira berehala onartzen, baizik eta benetan bertan bizi izatea egiaztatzeko eskatzen da aurretik, eta horrek hainbat hilabetetako atzerapena eragiten du.
Kexan azaldu zutenez, atzerapen horretan ez zegoen salbuespenik, hau da, bai helduei bai adingabeei eragiten zien. Gainera, helbide berri batean erroldatzeko zailtasunak egoten ziren, aurreko alta (beste helbide batean) egin zenetik hilabete baino gutxiago igaro bazen. Elkarteak jasotako informazioaren arabera, aplikazio informatikoak ez zuen uzten erroldan izena ematen, inskripzioa emateko aldia gutxienez hilabetekoa ez bazen. Bestalde, helbide batean erroldatutako pertsonen kopurua handia zenean, orduan ere, zailtasunak egoten ziren erroldan izena emateko.
Arartekoak, 2015eko ekainaren 16ko ebazpenaren bidez, iradoki dio Bilboko Udalari, udal erroldan izen-ematea berehala izapidetzen ez denean, arrazoitu dezala benetako bizilekua egiaztatzen duten agiriak eskatzeko beharra, eta justifikazio horretan kontuan har ditzala proportzionaltasun eta berdintasun printzipioak, baita adingabearen interes gorena ere. Halaber, iradoki diogu argitara eman ditzala helbidean benetan bizi izatea egiaztatzeko agiriak egitea justifikatzen duten irizpideak. Udalak erantzun du dagozkion jarraibideak emango direla gomendioan jasotakoarekin bat jarduteko, eta aztertuko dela formaltasun juridikoa, helbidean benetan bizi izatea egiaztatzeko agiriak edo beste ikerketa batzuk egitea justifikatzen duten irizpide orokorrak –edo hobeto esanda, generikoak– jakitera emateko. Azkenik, udalak jakinarazi digu erakunde honi emango diola emaitzaren berri.
2.2. Diru-sarrerak bermatzeko errenta (DBE) eta etxebizitzarako prestazio osagarria (EPO) ukatzea, etetea eta azkentzea
Jarraitu dugu jasotzen ezkontidea beste herrialde batean –normalean, bere jatorrizko herrialdean– duten etorkinei laguntzak ukatu eta azkentzeari buruzko kexak. Araudiak ezartzen duenez, ezkontza bidez edo ezkontzakoaren antzeko beste harreman iraunkorren baten bidez lotuta dauden pertsonek elkarrekin bizi behar dute bizikidetza-unitatea osatzeko (Diru-sarrerak bermatzeko errenta arautzen duen 147/2010 Dekretuaren 5.1 a) artikulua). Salbuespen gisa, etorkinek eska dezakete laguntza, elkarrekin bizi ez badira ere, baina egoera horrek ezin du bi urte baino gehiago iraun. Lege-aurreikuspen horren ondorioz, laguntzak azkendu egiten zaizkie epea bukatu baino lehen bikotearekin berriz elkartzea lortu ez duten edota banantzea formalizatu edo dibortziatu ez diren atzerritarrei. Erakunde honek helarazi du bere iritzia ezkontide atzerritarrek izaten dituzten familia berriz elkartzeko zailtasunen inguruan. Izan ere, askotan, banantze-aldi luzea egiaztatu da. Kontua da bikotea atzerritarra denean, araudiak ezarritako zenbait baldintza bete behar dituela, hau da, familia berriz elkartzea ez dago familiaren esku, hemengo bikoteen kasuan bezala. Europako Esparru Ekonomikoaren gaineko akordioan jasotako estatuetako nazionalitaterik ez duten pertsonei Espainian sartu eta bertan bizi ahal izateko baldintzak ezartzen dizkiete bai atzerritarrek Espainian dituzten eskubide eta askatasun, eta horiek gizarteratzeari buruzko urtarrilaren 11ko 4/2000 Lege Organikoak (aldaketekin), baita Europar Batasuneko eta Europako Esparru Ekonomikoaren gaineko Akordioa sinatu duten estatuetako herritarrak Espainian sartu, aske ibili eta bizitzeari buruzko otsailaren 16ko 240/2007 Errege Dekretuak ere. Ondorioz, zailago bihurtzen da bizikidetza egiaztatzeari buruzko baldintza betetzea.
Arartekoak Lanbideri adierazi dion moduan, etorkinek (edo nazioarteko babes edo aterpea ukatu zaien eskatzaileek) osatutako bizikidetza-unitateen kasuetan, ezkontideak ezin badira elkartu (ez dituztelako betetzen araudian ezarritako baldintzak, edo Estatuko Administrazio Orokorrak ez duelako onartu berriz elkartzeko eskaera), edukirik gabe utziko litzateke diru-sarrerak bermatzeko errentarako eskubidea, euren zaurgarritasun egoerarekin zerikusirik ez duen eta ezin bete duten baldintza bat eskatzen zaienean.
Bestalde, egitatez bananduta luzaroan egon diren bikoteak izaten dira batzuetan. Egitatez bananduta dauden pertsonek beste herrialde batean izan badute azken helbidea elkarrekin, edo beste ezkontidea non bizi den ez badakite edo hura beste herrialde batean badago, zailtasunak izaten dituzte banantzea formalizatzeko edo dibortziatzeko.
Aipatu nahi dugun espedientean, lege-aurreikuspen hori aplikatuta, bi urteko salbuespena ere ez da kontuan hartu. Ondorioz, diru-sarrerak bermatzeko errenta eta etxebizitzarako prestazio osagarriaren prestazioak ukatu zaizkio eskatzaileari, bizikidetza-unitaterik osatu ez duelako. Izan ere, kexagilea ezkonduta badago ere, ez da bere ezkontidearekin bizi, hura Aljerian bizi baita. Kexagileak 2013. urtean eskuratu zuen Espainiako nazionalitatea. Gainera, % 44ko desgaitasun-gradua zuen.
Lanbideren esanetan, salbuespen hori ez zitzaien aplikatzen jatorrizko edo eskuraturiko Espainiako nazionalitatea duten pertsonei. Erakunde autonomo horrek ulertzen duenez, nazionalitatea eskuratzeko prozesua interesatuaren borondatez hasten da, horrek eskaera aurkezten duenean. Etorkina herrialdearekiko lotura izateko denbora nahikoa igaro denean ematen da, eta horrekin immigrante izaera izateari uzten dio. Bere ustez, ez dago tratu ezberdintasun diskriminatzailerik, ezberdintasuna nahikoa oinarritua dagoen arrazoi batean oinarritzen da baizik. Izan ere, ez zegoen jasota atzerritarra den ezkontidearentzat Espainian egoitza eskatu zenik. Arartekoak berdintasun-printzipioaren ikuspuntutik aztertu zuen Lanbideren jarduera eta 2015eko maiatzaren 5eko ebazpena igorri zuen.
Ebazpenean ondorioztatu zenez, ezkontideek bizikidetza-unitate bat osatzeko elkarrekin bizitzeko exijentziak, 147/2010 Dekretuaren 5.1 a) artikuluan aurreikusitakoa, bertokoak atzerriko ezkontidea duen kasuetan, berdintasun eskubidearen (Espainiako Konstituzioaren 14. artikulua) aurka doa, eta diru-sarrerak bermatzeko errentaren eskubide subjektiboa edukirik gabe uzten du (18/2008 Legearen 12. artikulua). Lege-aurreikuspen hori aplikatuz, jaiotzez beste estatu batekoa den baina espainiar nazionalitatea eta desgaitasuna duen pertsona bati tratu ezberdin bat ematen ari zaio beste espainiar batzuen aldean.
Errazagoa da pertsona hauek Schengen Akordioaren parte ez den estatu batekoa den ezkontidea izatea. Hori dela eta, Euskadin elkarrekin bizitzeko irizpide legal zehatz batzuk bete behar dituzte. Era berean, bere ezkontidearekin bizitzeko ezintasunagatik diru-sarrerak bermatzeko errenta prestazioa ukatzeak tratu ezberdin bat ematea dakar, ezkontide edo bikoterik ez duten, baina gizarte bazterketa egoera berdinean diru-sarrerak bermatzeko errenta lor dezaketen beste pertsonen aldean.
Ustez neutroa den lege-aurreikuspen hori ezartzean lortutako emaitza neurrigabekoa da, subjektiboa den eskubide bat lortzea galarazten duelako, diru-sarrerak bermatzeko errenta lortzekoa bezala, oinarrizko beharrei eta gizarteratzeko edo lan prozesutik sortutako gastuei aurre egitea helburu duena. Bukatzeko, adierazi genuen migrazio mugimenduek bizikidetza kasu berriak sortzen ari dituztela, kexan aipatutako kasuan bezala, non etorkin batek Espainiako nazionalitatea lortu duen, beste nazionalitate bat duen bere ezkontidearekin berriz elkartu aurretik. Hortaz, gure iritziz, Eusko Jaurlaritzak, 147/2010 Dekretuaren 5.4 artikuluan ezarritako aurreikuspena aplikatuz, berak hala erabakita edo beste herri-administrazioek hala proposatuta, bizikidetza-unitate kasu berriak ezarri beharko lituzke gizarte garapenari erantzuna emanez, eta zehazki, familia egitura ereduen garapenari.
Beste espediente batean, Lanbidek pertsona bati diru-sarrerak bermatzeko errenta eta etxebizitzarako prestazio osagarria ukatu zizkion, bere lan- eta egoitza-baimena iraungi zenez, lanetik bota zutelako. Lanbidek ulertu zuen 147/2010 Dekretuaren 9. artikulua aplikatu behar zuela, eta artikulu horren arabera, eskubidearen titularra izateko baldintzetako batek dio, espedientearen izapidetzea amaitu aurretik, eskatzaileari legokiokeeneskubide edo prestazio ekonomiko oro baliatu behar duela, eta laneko diru-sarrerak izanez gero, ezin izango duela lanaldi-murrizketarik izan edo antzeko egoera batean egon”.
Arartekoaren ustez, egoera administratibo irregularra izateagatik lanik gabe geratu izana borondatezkotzat hartzea ulertezina da. Halaber, ezin da ulertu zergatik esan nahi duen jarduketa horrek kexagileak eskubide ekonomikoa baliatu ez duela. Bestalde, Justizia Auzitegi Nagusiaren arabera, bizileku iraunkorra izateko baimena ukatzea ez da zuzenbidezkoa. Horretan guztietan oinarrituta, prestazioak ukatzeko erabakia berrikus zezala gomendatu genion Lanbideri. Jakinarazi digunez, dagoeneko egin du.
Prestazioetarako eskubidea aitortzeko atzerriko dokumentazio publikoa aurkeztu behar izatea da kolektibo horrek topatzen duen beste zailtasun bat. Arazo horiek agertzen dira bai agiriak eskuratzean –batzuetan, jatorrizko herrialdean oso garestia baita–, baita horien edukia egiaztatzeko orduan ere. Dokumentuen artean, jatorrizko herrialdean ondasunak izateari edo egoera zibilari buruzko agiriak daude. Lanbideri adierazi diogun moduan, agiri publikoaren kontzeptua arlo zibileko nazioarteko lankidetza juridikoari buruzko uztailaren 31ko 29/2015 Legean ezarri da (43. artikuluko e) idatz-zatian). Zentzu honetan, atzerriko agintariek igorritako edo zilegitutako agiri publikoak egikarigarriak izango dira Espainian, jatorrizko herrialdean egikarigarriak baldin badira eta ordena publikoaren aurkakoak ez badira (56. artikulua). Ondorioz, araudi berria aplikatuz, atzerriko agintariek igorritako edo zilegitutako agiri publikoak erabil daitezke prestazio ekonomikoak aitortzeari buruzko espedienteak izapidetzean.
Lanbidek jakinarazi digu ahaleginak egiten ari direla aurkezten diren dokumentuen egiazkotasuna baieztatzeko. Alde batetik, sei hilabeteko epea ematen dute dokumentuak aurkezteko, eta herritarrei ematen zaien informazioa hobetzeko asmotan dabiltza (zer agiri eta non eskatu jatorrizko herrialdeetan). Era berean, nortasun-agirien baliotasunari buruzko informazioa biltzen ari dira, eta kontu horien inguruko prestakuntza ematen ari zaie teknikariei. Herritarrei ematen zaien informazioa hobetzea eta aurkezten diren dokumentuak kontrolatu behar dituzten teknikariei prestakuntza ematea funtsezkoa da, alde batetik, oinarrizko beharrizanei aurre egiteko prestazio ekonomikoetarako eskubidea aitortzean akatsak saihesteko, eta bestalde, espedientean jasotako dokumentazioa errealitatearekin bat datorren kontrolatzeko.
Beste arazo bat ere aipatu dugu: jatorrizko herrialdean dagoen ondasun higiezin baten titulartasuna edukitzea. Atzerritarrek bakarrik egiaztatu behar dute baldintza hori betetzen dutela. Maiatzaren 25eko 147/2010 Dekretuaren 9.3 artikuluko b) idatz-zatiaren arabera, prestaziorako eskubidearen titularra izateko baldintzetako bat ohiko etxebizitzaz gain ondasun higiezinik ez edukitzea da. Etorkin batek jatorrizko herrialdean dagoen ondasun higiezin baten jabea dela egiaztatzen duen agiri bat aurkezten badu, prestazioak ukatzen zaizkio, aipatutako lege-aurreikuspena aplikatuz. Lanbideri esan diogun moduan, ondasun horiek balio gutxikoak izaten dira. Gurea ez bezalako errealitate administratiboetatik eta testuinguru sozial eta ekonomiko desberdinetatik datozen beste jatorrietako pertsonekin elkarrekin bizitzeak eta harremanak izateak ikuspegi irekia eta kulturartekoa eskatzen du espedienteak aztertzeko eta araudia interpretatzeko orduan. Migrazio-prozesu bat hasi duten pertsonak dira, gizarte-bazterketaren arriskuan daudenak, beraz, ez da espero izaten kaudimen ekonomikoa izango dutela. Halaber, ekonomia-egitura oso ahula duten herrialde horien errealitatea aintzat hartuta, ondasun horien balioa nekez izango da nahikoa pertsona horiek baliabide ekonomiko aski izatea egiaztatu ahal izateko. Aitzitik, kasu gehienetan, egoera materiala aintzat hartuta, betetzen dituzte prestazio ekonomikoetarako eskubidearen titularrak izateko baldintzak.
Atal honetan, atzerritarrek atzerritartasunaren ondorioa den arrazoi batengatik aurkeztutako kexak baino ez ditugu aipatu. Txosten honen II. kapituluko gizarteratzeari buruzko atalean, prestazioak ukatu, eten edo azkentzearekin zerikusia duten kexa generikoak aipatu ditugu.
2.3. Txostenaren beste atal batzuetan aipatu ditugun kexak
Arestian aipatutako kapituluko Segurtasunari buruzko atalean, mezu xenofobo eta sinbolo naziak agertzeari dagokionez egin dugun esku-hartzea azaldu dugu. Mezu eta sinbolo horiek immigrazio arloan lan egiten duen elkarte baten Gasteizko egoitzan agertu ziren, urtearen hasieran. Azaroan, gertatutakoa errepikatu egin da, eta horregatik, berriz ere, gaia mahai gainean jarri behar izan dugu.
Halaber, Osasun arloan azaltzen dugunez, izapidetu ditugun kexek erakusten dute oraindik ere gertatzen direla nahi ez diren egoerak. Izan ere, atzerritarrek zailtasunak izaten dituzte Euskal Autonomia Erkidegoaren eremuan Osasun Sistema Nazionalaren osasun-prestazioak emateko araubideari buruzko ekainaren 26ko 114/2012 Dekretuan edo Aseguramendu eta Kontratazioko Zuzendaritzaren jarraibideetan aurreikusitako egiaztagiria eskatzen dutenean edo osasun-zentrora jotzen dutenean, hau da, Osasun Sailaren zein Osakidetzaren eremuan. Era berean, larrialdiko osasun laguntzagatik faktura bidaltzeko ohitura aipatu dugu.
Dirudienez, kexa horiek erakusten dute araudia desberdin interpretatzen dela. Desberdintasun horiek zuzendu behar dira. Ildo horretan, gogoratzen dugu euskal 114/2012 Dekretuaren 2.3 artikulua aplikatu behar dela, Konstituzio Auzitegiaren abenduaren 12ko 239/2012 Autoaren bidez horren etendura kendu denez. Konstituzio Auzitegiak kontuan izan zituen inpugnatutako neurrien ondorioak jasan behar dituzten pertsonen osasunerako eskubidea eta osotasun fisikorako eskubidea. Halaber, aintzat hartu zuen osasun publikoa eta komenigarritzat jo zuen gizarte osoaren osasunaren kontrako arriskuak ezabatzea. Auzitegiaren esanetan, arrisku horiek ezin dira jasan, zehaztu ezin izan den aurrezpen ekonomiko baten aitzakia erabiliz. Hori dela eta, indarrean mantendu zuen aurretik aipatutako euskal Dekretuak ezarri duen doako osasun-arreta publikorako eskubidearen eremu subjektiboa zabaltzea. Hori dela eta, ondorioztatu genuen, berriz ere, garrantzitsua zela esparru juridiko egokia ezartzea, osasun-arretarako sarbideari segurtasun juridikoa emateko. Halaber, azpimarratu genuen, Arartekoaren irailaren 24ko 8/2013 Gomendio Orokorrean jaso genuen bezala, urtebetez erroldatuta egoteko baldintza alde batera utzi behar dela, Osasun Sistema Nazionaleko aseguratuak eta onuradunak ez diren pertsonek osasun-arretara jasotzea ahalbidetzeko.
Hirigintza eta lurraldearen antolamendu arloan, hirigintza antolamenduan erlijio-aniztasuna kudeatzearekin zerikusia duten jarduerak aipatu ditugu.
Gurtza-leku berriak irekitzeko hirigintzako araudian jasotako baldintzak direla eta, hainbat erreklamazio izapidetu ditugu. Gure ustez hirigintzako antolaketaren bitartez erlijio-aniztasuna egoki kudeatzearen inguruan hausnartzeko orduan oinarritzat hartzeko moduko ikuspegiak jaso ditugu aipatutako atalean. Bilboko Hiri Antolamenduaren Plan Orokorra aldatzearekin zerikusia duen kexa aipatu dugu. Izan ere, aldaketa horrek zenbait baldintza tekniko ezarri ditu, sinesbideei loturiko gurtza-lekuak irekitzeko. Baldintzetako bat aipatzeko, leku horiek ezin dira ireki bizitegi-erabilera duten eraikinetan; hirugarren sektoreko erabilerak dituzten eraikinetan baino ezin dira ireki. Antolamendu-proposamen horiek zalantzan jarri dira, erlijio askatasunerako oinarrizko eskubidea mugatzen dutelako. Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren aldaketa horren aurka errekurtso bat aurkeztu da Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, eta ondorioz, bi ebazpen eman dira. Azken epaiaren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiak baliogabetu du antolamendu eztabaidagarria, lurzoruari eta hirigintzari buruzko 2/2006 Legearen 108. artikuluan jasotako eskubidea errespetatu ez duelako. Hain zuzen, herritarrek plan orokorrean parte hartzeko eskubideari uko egin dio.
Erakunde honen irizpidea, hirigintzan gurtza-lekuak antolatzeari dagokionez, aurretik ere azaldu da, besteak beste, Bilboko Udalari zuzendutako Arartekoaren 2012ko urtarrilaren 9ko ebazpenean, Basurtu auzoan gurtza-leku musulman berria irekitzeari buruz.
Elkarte soziokultural batek aurkeztutako kexa bat ere aipatu dugu. Horren bidez, elkartearen egoitza izango den lokal bat egokitzeko baimena izapidetzean atzerapena egon dela salatu da.
Elkarteak obrak egiteko baimena eskatu zuen eta jarduera garatzeko eta lokala egokitzeko proiektua aurkeztu zuen Gasteizko Udaleko erregistroan. 7 hilabete igarota erantzunik jaso ez zuenez, Arartekoaren esku-hartzea eskatu du. Gasteizko Udalak eraikuntzen zerbitzuak egindako txosten bat helarazi digu, eta horretan azaldu du eskaera onartu dela eta baimendu direla kultur elkarte arabiarra jartzeko lokala egokitzeko obrak. Igorritako txostenak ez ditu azaltzen prozedura horrek zortzi hilabete baino gehiago irauteko arrazoiak. Gure ebazpena bidali diogu udalari eta horren bidez adierazi dugu administrazio-espedientea izapidetzean bost hilabete baino gehiagoko atzerapena egon dela, lurzoruari eta hirigintzari buruzko ekainaren 30eko 2/2006 Legean aurreikusitako epeekin alderatuta. Halaber, gogorarazi diogu herri-administrazioek prozedura bidegabeko atzerapenik gabe izapidetu behar dutela, eta herritarrek prozeduraren inguruan esanbidezko erantzuna ebazpena emateko epea bukatu baino lehen jasotzeko eskubidea dutela.
Txosten honi erantsita doan Haur eta Nerabeentzako Bulegoaren txostenean jaso da ofizioz hasi dugun jarduera, aukera gero eta gutxiago baitago Administrazioaren mendeko zentroetan bizi diren tutoretzapeko adingabeak eskolaratzeko eta prestatzeko. Euskal hezkuntza-sistemak 16 urtetik beherako adingabeei, hau da, derrigorrezko eskolatze adinean daudenei ematen die sisteman sartzeko aukera, eta horrela, nahiko erraz jaso dezakete lanbide-prestakuntza; hala ere, ez da gauza bera gertatzen tutoretzapean dauden 16 urtetik gorako neska-mutilen kasuan. Izan ere, lanbide-prestakuntza antolatzen duten sistema bi horietako batek ere ez du baimentzen neska-mutil horien sarbidea. Hezkuntza-sisteman, eta, zehatzago, lanbide-prestakuntzan aldaketa garrantzitsua egon da, eta horrek eragina izan du, hain zuzen, neska-mutil horientzat onuragarri izan diren programetan. Titulu akademikorik gabeko 18 urtetik gorako gazteek ere zailtasun berberak izaten dituzte. Izan ere, egoera horretan daude gizarteratzeko programen barruan artatzen diren gazte atzerritar gehienak.
Azkenik, aurten ere, hainbat kexa izapidetu ditugu, beste herrialde batzuetan jaiotako adingabeak federazioetan sartzeko arazoak direla eta. Adingabeek FIFAren arauzko baimenik ez dutelako sortzen dira zailtasunak. II: kapituluko Kirola, Kultura eta Hizkuntz eskubideei buruzko atalean aipatu ditugu jarduera horiek. Horietan, berriz ere, berdintasun-printzipioa eta hezkuntzarako eskubideari buruzko argudioak erabili ditugu. Eusko Jaurlaritzako Gazteria eta Kirol Zuzendaritzak jakinarazi zigun zalantzarik gabe federazioan egoteko eskubidearen alde zegoela, eta adingabeak kirolean aritzeak sortzen dituen onurak ere aipatu zituen.
2.4. Estatuko Administrazio Orokorrari dagozkion kexak
Administrazio-egoera erregularizatzeko eta familia berriz elkartzeko zailtasunak direla eta, kontsulta ugari jasotzen ari gara, eta horiek Aholku Sarea izeneko Euskal Jaurlaritzako zerbitzura bideratzen ditugu.
Kexak Herriaren Defendatzaileari bidaltzen dizkiogu, bera baita horretan eskumena duen erakundea. Kexa horietako askok nazionalitatearen eskaera ukatzearekin edo izapidetzean egon den atzerapenarekin dute zerikusia. Aurten, azaroaren 6ko 1004/2015 Errege Dekretuaren bidez araututako Espainiako nazionalitatea eskuratzeko prozedura berriari buruzko kexak nabarmendu nahi ditugu. Dekretu horrek aldez aurretik eta nahitaez bete beharreko baldintzak ezartzen ditu, eskatzaileak gizartean duen integrazio maila eta Espainiako kultura eta ohituretara egokitzea ebaluatzeko. Hain zuzen, azterketa batzuk gainditu beharko dira: alde batetik, Espainiako konstituzioaren eta alderdi soziokulturalen gaineko ezagutzari buruzko azterketa, eta bestaldetik, hizkuntza azterketa, eskatzailearen jatorrizko herrialdean gaztelera hizkuntza ofiziala ez bada. Halaber, tasak ordaindu beharko dira azterketak egiteagatik eta espedientea irekitzeagatik. Jasotako kexetan salatzen da izapidearen kostu ekonomikoa, eta eskatzailea herrialdean errotuta dagoela egiazta dezaketen beste elementu batzuk, hala nola, lan-bizitza, espedientea irekitzeko orduan kontuan ez hartzea. Halaber, beste arrazoi batzuen artean, prestakuntza gutxiko pertsonek azterketa hori gainditzeko izaten dituzten zailtasuna, edo Espainiako irakaskuntza-zentroetan ikasketak egin arren azterketa egiteko beharra aipatzen da.
Era berean, bideratu ditugu Barne Arazoetako Ministerioak aberrigabezia-egoeran dauden pertsonen eskaeren izapidea luzatzeari buruzko kexak. Herriaren Defendatzaileak gai horren inguruko gomendioa igorri du, eta horretan esan du neurriak hartu behar direla aberrigabezia-egoeran dauden pertsonen eskaerak izapidetzeko denbora gero eta luzeagoa izatea saihesteko.
Beste kexa batzuk lan egiteko eta bizitzeko baimen administratiboa ukatzeari buruzkoak dira. Kasu horietan, kexagileek hainbat urte daramatzate gure erkidegoan, euskal ikastetxeetan ikasi dute, eta batzuetan, oinarrizko beharrizanei aurre egiteko, diru-laguntzak eta prestazio ekonomikoak jasotzen dituzte, baina ez dute hemen bizitzeko eta lan egiteko baimen administratiborik, lan-kontraturik aurkeztu ezin dutelako. Kexatzeko beste arrazoi bat izan da familiako kide bakar bati baimen administratiboa berritzea eta gainerakoei ukatzea, nahikoa baliabide ekonomikorik ez dutelako.
3. Araudi- eta gizarte-testuingurua
Aurten, zera nabarmendu nahi dugu: Afrikako iparralde, Siria eta Irakeko gerren ondorioz, pertsona askok eta askok indarkeriatik eta miseriatik ihes egin nahi dute, eta euskal gizarteak eta herri-administrazioek erantzun egin diete, sufrimendua eta zailtasunak jasan behar dituzten pertsona horiekiko elkartasuna adieraziz.
Interesgarriak izan daitezkeelakoan, jarraian jasotzen ditugu Europar Batasunaren migrazio-politikari buruzko txosten batzuk; Euskal Herrian garatzen ari diren programa eta jarduerak; 2015ean argitaratu diren txostenak, honako gai hauei buruz: etorkinek jasaten duten diskriminazio eta arrazakeria, atzerritartasun-politikak, etorkinen egoera sozial eta lan- egoera. Halaber, gaiarekin zerikusia duten araudi berrikuntzak eta protokoloak ere jasotzen ditugu.
3.1. Europar Batasuna
Europako Batzordeak 2015eko maiatzean aurkeztutako Migrazioari buruzko Europako Agendan onartu da migrazioa kudeatzeko ikuspegi globala izateko beharra. Agendak erronka batzuk planteatzen ditu, besteak beste: immigrazio irregularrari sustagarria kentzea, pertsona-trafikoaren aurka borrokatzea, kanpoko mugak sendotzea eta bizitzak salbatzea, estatu kideen arteko elkartasuna aintzat hartuko duen asiloari buruzko politika komun bateranzko bidean aurrera egitea, edo immigrazio irregularraren gaineko politika bat garatzea, Europako ekonomiak behar dituen langileak erakartzeko. Besteak beste, honako gau hauek aipatzen dira: bilaketa eta salbamenduko lanak; errefuxiatuei larrialdiko laguntza; asiloa eskatzen dutenak automatikoki aktibatuko den sistema egonkor baten bidez lekuz aldatzea; identifikatzea errazte aldera, Italian eta Grezian dauden postuak giza-baliabideez hornitzea; Nazio Batuen Erakundeak Europatik kanpo burutzen dituen lanen ondoriozko errefuxiatuen berrasentamendua; eta arrazoi ekonomikoengatik asiloa eskatzen duten immigranteak itzultzea. Halaber, garapena laguntzeko helburu duen aurrekontu bat aurreikusita dago, pobrezia murrizteko eta gobernuekin elkarlanean jarduteko pertsona-trafikoan aritzen diren talde antolatuak jazartzean eta estatu “seguruen” zerrenda egitean. Estatu horietatik datozen etorkinei ez zaie asilorik emango.
Era berean, aurkeztu dira, alde batetik, Europar Batasunaren Ekintza Plana (2015-2020), migratzaileen legez kontrako trafikoaren aurkakoa; eta bestalde, Europako Parlamentuari eta Kontseiluari egin zaien KOMUNIKAZIOA: Europan errefuxiatuen krisiari ekitea: EBren kanpo-ekintzaren eginkizuna (Brusela). Horretan bertan, Europar Batasuna errefuxiatuen krisiari aurre egiteko burutzen ari den eta 2011ko Migrazio eta Mugikortasunaren gaineko Ikuspegi Orokorra (Enfoque Global de la Migración y la Movilidad) izeneko dokumentuan oinarrituta dagoen kanpo-ekintza azaldu da.
Bestalde, Errefuxiatuentzako Nazio Batuen Goi Komisarioaren (UNHCR/ACNUR) txostenak (“Tendencias del Asilo”) jasotako datuen arabera, asiloa eskatu dutenen kopuruak igo egin du 2014an, Siria eta Irakeko gerren ondorioz, eta hainbat herrialdetako segurtasun-maila jaitsi delako.
3.2. Euskal Herria
Kulturaartekotasunaren aldeko programa eta jarduera batzuk nabarmendu nahi ditugu, hala nola, “Bizilagunak” programan antolatutako familien topaketak; erroldatu berriei harrera emateko udal batzuek antolatzen dituzten ekitaldiak; udaleko osoko bilkuretan babes hiri edo asilo-hiri bihurtzeko adierazpenak; eta, Alemaniako Flüchtlinge–willkommen [ongi etorri, errefuxiatuak] herri mugimendua bezalako Europako ekimenei jarraiki, errefuxiatuak hartzeko prestutasuna erakustea. Era berean, aipatzekoak dira hainbat hiritan burutu diren zurrumurruen aurkako programak, “Intercultural Cities” Sarea osatzen duten udaletan antolatutako ekitaldiak, baita Europako Kontseiluak sustatutako DELI programa ere.
Herri ekimenen artean, Gora Gasteiz plataforma nabarmendu nahi dugu, aniztasun eta tolerantziaren aldeko herritarren dinamika demokratikoa, parte-hartzailea, irekia eta konstruktiboa sortu duena.
Bere garrantziagatik aipatzekoa da gure ustez, ekainaren 4an, Eusko Legebiltzarraren Osoko Bilkuran eztabaidatu zen legez besteko proposamena [1011 2 1 743], eraso xenofoboak salatzeari eta ekintza horien jatorrian egon daitezkeen hitzaldiak eztabaida politikotik kanpo uzteari buruz.
3.3. Diskriminazioa eta arrazismoa
Arrazakeria eta Intolerantziaren aurkako Europako Batzordeak (ECRI) 2015ean argitaratutako urteko txostenaren arabera (Annual report on ECRI’s activities), ugaritu egin dira antisemitismo eta islamofobiarekin zerikusia duten egintzak, baita politika xenofoboak aipatzen dituzten edo migrazio-mugimenduen aurkakoak diren eztabaida politikoak ere, gorroto-diskurtso delakoari bidea ematen dutenak.
Halaber, aipatzeko modukoa da SOS Arrazakeriaren Txostena “Diskriminatzeko eskubidea erreserbatuta: aisialdi-lokaletara etorkinen sartzeko diskriminazioaren inguruko testing-a eta auzi estrategikoa”.
Bestalde, Ikuspegi-Immigrazioaren Euskal Behatokiak egindako txostena “Atzerritik iritsitako etorkinen eragina euskal ekonomian eta demografian” aipatu dugu. Txostenak, alderdi demografikoa aztertzeaz gain, honako ondorio hau ateratzen du: Euskal Herrian bizi diren atzerritarrek Ongizate Estatuari eusteko egiten dioten ekarpen ekonomikoa, oro har, eragiten duten gastua baino handiagoa da. Gainera, txostenaren arabera, per capita gastu soziala txikiagoa da atzerritarren kasuan, bertokoen kasuan baino.
3.4. Atzerritartasun politikak eta immigrazio fenomenoari buruzko beste txosten eta azterlan batzuk
• Tortura eta tratu anker eta iraingarriak saihesteko Europako Batzordearen txostena: besteak beste, eskatzen dizkio Espainiako agintariei beharrezko neurriak har ditzatela, Marokoko Indar Armatuetako funtzionarioak Espainiako lurraldean sartzen ez uzteko, eta indar horien eskuetan atzerritarrak ez uzteko, tratu txarrak jasotzeko arriskua dela eta. Txostena bereziki ziztatzailea da itzulketei dagokienez. Batzordeak behin eta berriro gogorarazi du estatuak ezin duela pertsona bat bere herrialdera bidali, bertan tortura edo bestelako tratu txarrak jasateko arriskuan egongo dela pentsatzeko arrazoi oinarridunak baldin badaude.
• Espainian dauden atzerritarrak barneratzeko zentroen egungo egoerari eta indarrean dagoen lege eremura egokitzeari buruzko txostena, honako erakunde hauek “Pueblos Unidos”-Jesuiten Migratzaileentzako Zerbitzua izeneko Gobernuz Kanpoko Erakundearentzat egindakoa: ICADE-ko Klinika Juridikoak (Comillasko Eliz Unibertsitatea), Per la Justícia Social (Valentziako Unibertsitatea), Dret al Dret (Bartzelonako Unibertsitatea) eta Giza-eskubideen Behatokia (Valladolideko Unibertsitatea). Txostenaren xedea Espainiako atzerritarrak barneratzeko zentroen egungo egoera berrikustea da, aplikagarria den araudia betetzen ote den egiaztatzeko, eta legean eta errealitatean hobetu edota abiarazi beharreko alderdiak identifikatzeko.
• Azterlana: Krisia, enplegua eta immigrazioa Espainian. Lan-ibilbideen azterketa, Eguneroko Bizitzari eta Lanari buruzko Ikerketa Soziologikoen Zentroak (QUIT) eta ‘La Caixa’ Obra Sozialak egindakoa. Azterketaren egileak azpimarratzen dutenez, langile atzerritarren % 51 iraupen luzeko langabeziaren egoeran dago jada, egoera berean dauden bertakoen portzentajea % 35 izanik. Emakumeek hobeto eutsi diote egoerari, izan ere, langabezia-tasa txikiagoa da emakumeen artean, baina soldata-murrizketak izaten dituzte. Espainian bizi diren etorkinen zailtasun handienak zenbaki batean ikusten dira: ELGEn (Ekonomiako Lankidetza eta Garapenerako Erakundean) batez besteko enplegu-tasa ia-ia bi herenekoa denean, Espainian, % 50 baino zertxobait gehiagokoa da.
• Txostena: Ekonomiako Lankidetza eta Garapenerako Erakundearen (ELGE) eta Europako Batzordearen Etorkinen Integrazioa neurtzeko Adierazleak 2015: “Bizitzen jartzea” aztertuta, langabezia, pobrezia-tasa edo hezkuntza-mailak aintzat hartuz gero, Espainiako etorkinak egoera txarrenean daudela ikus daiteke.
• Europar Batasuneko Oinarrizko Eskubideen Agentziak egindako txostenean, berriz, Europar Batasunean zehar bidaiatzen diren edo bertara etortzen diren langileei eragiten dieten lan-esplotazioaren modu guztiak aztertzen dira. Ondorioen arabera, delituzko lan-esplotazioa edota esplotazio kriminala hedatua dago hainbat sektoretan, hain zuzen, nekazaritzan, eraikuntzan, ostalaritzan, etxeko lanean eta manufakturako industrian. Gainera, esplotatzaileek prozesu penalei aurre egiteko edo biktimei ordaindu behar izateko probabilitatea oso txikia da. Hirugarren herrialde batzuetatik etorritako atzerritarrek esplotazio-modu gogorrenak jasaten dituztenez, morroi-lanak edo esklabotasunak goranzko joera du Portugalen eta Espainian.
• Azkenik, Migration Policy Group izeneko taldeak eta Nazioarteko Ikerlanetarako Bartzelonako Zentroak (CIDOB) Europako Batzordearen laguntzarekin lau urtean behin egiten duten Mipex-integrazioaren nazioarteko sailkapenaren arabera, Espainiak huts egiten du hezkuntzan, diskriminazioaren aurkako borrokan eta etorkinek politikan parte hartzean, izan ere, “krisialdian ekintzarik ezaren eta atzerapausoen ondorioz, agian galdu egin dira Espainiako gizarteko talde ahulen babesean berdintasuna bermatzeko oinarrizko lorpen batzuk”. 2015. urteko sailkapenean, Espainia hiru postu jaitsi da 2011tik, eta 38 posturen artean, hamaikagarrenean kokatu da, hortaz, integrazio-arloari dagokionez, dagoeneko ez dago sailkapeneko lehen hamar postuetako batean. Euskadin lortutako emaitzak arlo batzuetan desberdinak izan arren, interesgarria iruditu zaigu adierazle horiek Espainian izan duten bilakaera ezagutzea.
3.5. Araudi berrikuntzak eta protokoloak
• Herritarren segurtasuna babesteari buruzko 4/2015 Lege Organikoa, azken xedapenetako lehenengoa barne hartzen duena; horren bidez, aldatzen da atzerritartasunaren legea, eta ondorioz, errazten dira kanporaketa sumarioak eta taldekako kanporaketak. Kanporaketa horiek oso eztabaidagarriak dira, jatorrizko herrialdera ez bidaltzeko printzipioa urratu ahal duen erabakiaren aurka oso eraginkorra den baliabide bat erabiltzea zailtzen dutelako. Halaber, zailago bihurtzen da pertsona bakoitzaren egoera aztertzea eta herrialdera itzuli ondoren, egon daitekeen arriskua areagotzen da.
• Urriaren 30eko 987/2015 Errege Dekretua, otsailaren 16ko 240/2007 Errege Dekretua aldatzen duena. Aldaketa horri esker, Zuzentarauaren 2. artikuluko definizioan jasota ez dauden familiakoei eskubideak aitortzeko aukera sortzen da; horrela gerta daiteke bi kasu hauetan: familia-kideek, jatorrizko herrialdean, egoitza-eskubidearen onuraduna den Batasuneko herritarraren kargura egon edo berarekin bizi behar dute; edo bestela, osasun-arazo larriak direla medio, Batasuneko herritarrak familia-kide baten zaintza bere gain hartu behar du. Gainera, familia-kidetzat joko da Batasuneko herritarraren bikotekidea, baldin eta elkarrekin harreman egonkorra dutela behar bezala frogatzen bada.
• Aurten ere, Etorkinak Integratzeko Zuzendariordetza Nagusiak protokolo berezia onartu du, sexu-esplotazioa helburu duen gizaki-salerosketaren ustezko kasuak detektatzeko eta horietan jarduteko. Horren helburu orokorra zera da: jarduketa jarraibideak ezartzea, egon daitezkeen sexu-esplotaziorako gizakien salerosketaren ustezko kasuak detektatzeko eta horietan esku hartzeko.
4. Jarduera-planaren esparruko bestelako esku-hartzeak
4.1. Ofiziozko jarduerak
Herriaren Defendatzaileari bideratu diogun jarduera jaso dugu atal honetan. Izan ere, esku-hartze horrek Poliziaren Zuzendaritza Nagusiak informazioa tratatzeko moduarekin, eta zehazki, Gipuzkoako zuzendaritzak argitaratutako prentsa oharrarekin izan du zerikusia. Ekainaren 10ean argitaratutako prentsa-oharrean, immigrazioak, eta zehazki, bakarrik dauden adingabe atzerritarren kolektibo ahulak gizartean duen irudiari eragiten dieten adierazpenak egin dira. Aipatutako prentsa-oharrak komunikabideetan eragina izan du (Diario Vasco, 2015-06-11). Arartekoaren iritziz, prentsa-oharrak, poliziaren jarduerei buruzko datuak jasotzeaz gain, errugabetasun-presuntzioa izateko eskubidea urra dezaketen balorazioak ere jasotzen ditu. Prentsa-oharrean aipatu da frogatu ez diren delituak egitea eta dei efektua egotea. Informazioa tratatzeko orduan aintzat hartu beharko litzateke agian adingabeei buruz hitz egiten ari dela, eta beraz, adingabearen interes gorenaren printzipioa erabili eta kontuz ibili behar da. Halaber, Arartekoaren gomendio orokorra aipatu dugu, immigrazioari buruzko informazioa tratatzeko moduari dagokionez: “Euskal herri-administrazioen menpe dauden polizia-zerbitzuek, immigrazioaren inguruan zabaltzen duten informazioa tratatzeko, jokabide-kodeak ezarri behar dituzte”.
Arartekoaren iritzia Herriaren Defendatzaileari helarazi diogu. Izan ere, esan diogu jokabideak auzipetzea auzitegien ardura dela eta, poliziak etorkinen jarduerei buruzko informazioei dagokienez, komenigarria dela irizpide arduratsua eta zuhurra izatea, informazioa diskriminazioa eragiteko, errepikatzeko eta indartzeko tresna bihurtzea saiheste aldera.
4.2. Bilerak
Aurten, hainbat bilera egin ditugu Biltzen-Integraziorako eta kulturen arteko bizikidetzarako euskal zerbitzuarekin, Era Berean sarea abiaraztea dela eta. Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak bultzatutako sarea da, arraza, etnia edo nazioa, sexu joera eta identitatea eta genero-identitatea direla-eta egiten diren bereizkerien aurka borrokatzea helburu duena. Honako elkarte hauek osatzen dute sare hori: CEAR Euskadi, Gurutze Gorria, Gao Lacho Drom, Kale Dor Kayiko, Nevipen, Errespetuz, CITE-CC.OO, Ehgam, Gehitu, Agifugi eta SOS Arrazakeria Gipuzkoa.
Horretaz gain, Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailari atxikitako euskal zerbitzu juridikoarekin (Aholku Sarea) elkartu gara. Atzerritartasun arloko zerbitzu horrek atzerritarren dokumentazioaren inguruko orientabideak ematen ditu, bat-bateko irregulartasun-egoerak saihesteko eta familian bizitzeko eskubidea gauzatzen laguntzeko. Atzerritarrei zein Administrazio Publikoetako eta Hirugarren Sektoreko Erakundeetako langileei zuzenduta dago, azken horiek laguntzaile gisa parte hartzen baitute gizarteratzeko ibilbide desberdinetan. Arartekoak zerbitzu bietara bideratzen ditu herritarrengandik jasotako kontsultak.
Gurutze Gorria Elkartearekin ere bildu gara, eta gizakien salerosketaren biktimekin lotutako jardueren berri jaso dugu. Bilera horretan, esku hartzeko lerroei buruzko kezkak eta hausnarketak partekatu ditugu. Horien artean, zenbait behar nabarmendu nahi ditugu, hala nola, informazioa emateko eta sentsibilizazio handiagoa lortzeko, eta biktimak detektatzeko eta sarean lan egiteko. Jakinarazi diguten zailtasunen artean, pasaportea ez izateagatik erroldan inskribatu ezin izatea aipatu da.
4.3. Jardunaldi eta mintegietan parte hartzea
Horren garrantzia dela eta, “Atxiloketa eta Gizakien salerosketaren biktimekin esku-hartzea” izenburuko mintegian parte hartzea aipatu dugu. Horretan, gertutik ezagutu dugu ikusteko oso zaila den errealitate dramatiko hori, eta Bilbo, zantzu batzuen arabera, salerosketa-sareen helburu edo jarduera-guneetako bat dela jakin dugu.
Halaber, aurten, diskriminazio-egoerak lantzeko ikuspegi intersekzionalaren inguruko jardunaldiaren barruan Biltzen zerbitzuak antolatutako mahai-inguruan, eta beste foro eta jardunaldi batzuetan parte hartu dugu. Guztietan, etorkinek izaten dituzten zailtasunak eta jasan behar dituzten bereizkeriak landu dira, eta bide batez, Arartekoak giza-eskubideak errespetatzen dituen kulturaren aldeko iritzia adierazteko aukera izan du.
Azkenik, aipatu nahi ditugu erakundeak egin dituen adierazpenak, honako egun hauetan: Arraza-diskriminazioa desagerrarazteko Nazioarteko Egunean (martxoaren 21a), Errefuxiatuaren Nazioarteko egunean (ekainaren 20a), Pertsonen salerosketaren aurkako munduko egunean (uztailaren 30a) eta Etorkinaren nazioarteko egunean (abenduaren 18a).
Horretaz gain, herriaren defendatzaile guztiek batera adierazpena egin dute, Europan bizi ari garen errefuxiatuen krisia dela eta. Xehetasunak txosten honen V. kapituluan jasota daude.
5. Herritarren eskubideen egoeraren balorazioa
1. Etorkinen egoera zaurgarriagoa da hemengo familiekin alderatuta, gehienetan, lan-egoera ezegonkorra izateagatik eta, oro har, hemengoek baino gizarte- eta familia-sare ahulagoak izateagatik. Krisia egonda ere, atzerritar askok hemen geratzeko erabakia hartu dute, eta orain, bigarren belaunaldia, lehenengoak ez bezalako beharrak dituena, bizi da gure artean. Zenbait erronka dauzkagu esku artean, ez bakarrik harrerari dagokionez. Aurten, Europa osoan asiloa eskatzen duten pertsonen kopuruak gora egin duenez, Euskadin ere eragina izan dezake. Hala ere, gure erronkek honako hauek dira, batez ere: diskriminazioaren aurka borrokatzea; tratu berdina sustatzea; eskubide sozial eta politikoak gauzatzea; gizartean, ekonomian eta politikan parte hartzea; balioen araberako hezkuntza, kultura- eta erlijio-aniztasuna errespetatzen duen politika aktiboa.
Aurten ere, azpimarratzeko moduko datu positibo gisa, nabarmendu nahi dugu, alde batetik, Osasun Ministerioaren konpromisoa: administrazio-egoera dena dela, oinarrizko laguntzarako eskubidea aitortzen da; eta bestaldetik, enplegu arloa hobetzea, eta ondorioz, lehen baino atzerritar gutxiagok jasotzen ditu diru-sarrerak bermatzeko errenta eta etxebizitzarako prestazio osagarria. Halaber, azpimarratu behar da euskal herri-administrazioen konpromisoa, etorkin eta errefuxiatuen eskubideak defendatzeko lan egiten duten elkarteei diru-laguntzak emateko, immigrazio arloko tokiko teknikariei laguntzeko, edo kulturen arteko hiriak edo Europako Batzordearen DELI programa bezalako ekimenetan parte hartzeko.
2. Kezken artean, azpimarratu nahi dugu hirigintza-antolamenduari buruzko politikak bultzatzeko beharra. Izan ere, gurtza-lekuak hiri eremu jakin batzuetan jartzea saihestu behar da, “hiria izateko eskubidea” delakoa aplikatuz. Horren arabera, pertsona guztiek eskubidea dute baldintza berdinetan hirira hurbiltzeko, baita beste eskubide batzuk –adibidez, erlijio-eskubidea– bermatzeko beharrezkoak diren ekipamendu eta hornidurak erabiltzeko ere. Halaber, azpimarratzen dugu oso garrantzitsua dela prestakuntza-eskaintza, atzerritar adingabeen egoera akademikoa eta dokumentuak erregularizatzeko orduan sortzen diren zailtasunak kontuan hartzen dituena.
Kezkatzeko beste arrazoi bat zera da: pertsona batzuek –eta bereziki, gazteek– ezin dute lan egiteko eta bizitzeko baimena lortu, lan-eskaintzarik ez dutelako. Euskal herri-administrazioen ardura da pertsona horiek erabiltzen dituzten zerbitzu publikoak, hala nola, hezkuntza, lanbidearen inguruko orientazioa eta lanerako prestakuntza kudeatzea. Halaber, batzuetan, gure hirietan aspalditik bizi diren atzerriko familiei diru-laguntzak ematen dizkiete, oinarrizko beharrizanei aurre egiteko eta lan-munduan txertatzeko. Hala ere, pertsona horietako askok ez dute lan egiteko baimenik, edo zaila da lana lortzea, beraz, agerian jartzen da euskal herri-administrazioek egiten dituzten ahaleginen eta lan-munduan sartzeko oztopoen arteko inkoherentzia, lan egiteko baimen administratiboa izan behar baita, eta hori Estatuko Administrazio Orokorrak ematen du.
3. Gaitzespena erakutsi dugu diskurtso eta jarduera xenofoboen aurrean. Hori, elkarte baten egoitzan gertatu da aurten. Jarduera horiek urratzen dituzte giza-eskubideak, eta irmotasunez aurre egin behar zaie, zabaltzea saihesteko.
Immigrazioari eta aniztasunaren kudeaketari buruzko planek zein herri-administrazioek immigrazioa gizarte-fenomeno gisa kudeatzeko onartu dituzten neurriek gogorarazi dute hizkuntza eta diskurtso politiko egokia erabiltzearen garrantzia, gizarte-estereotipoak sortzeko. Hori dela eta, berriz ere, azpimarratu nahi dugu garrantzitsua dela immigrazioari buruzko informazioa tratatzeko modua, estereotipo eta aurreiritzi sozialak sortzea edo indartzea saihesteko. Immigrazioari buruzko diskurtso egokia sortzea immigrazio-politikak bezain garrantzitsua da.
Diskurtso eta iritzi xenofobo eta arrazistei dagokienez, azken urteotan, zabal aztertu da komunikabideen zeregina irudiak, iritziak eta jokabideak sortzean. Ondorioztatu denez, komunikabideek gizarte-erantzukizuna dute iritziak sortzean, eta elkarbizitza eta elkarrekiko errespetuaren aldeko jarrerak bultzatzean.
Erantzukizun hori diskurtsoa sortzen duten beste sektore batzuetara hedatzen da, hala nola, erakunde publikoetara, horiek jarrera hartzen dutenean, adierazpen publikoak egiten dituztenean edo albiste baten informazio-iturria bezala aritzen denean.
4. Gizonezkoek aukeratzen dituzten migrazio-estrategiak, ez dira emakumeek erabiltzen dituztenak, baina guztiak aintzat hartu beharrekoak dira. Mugetan oso egoera larriak gertatzen dira, bertan elkartzen baitira: adingabeak, jaioberriak duten edo laster izango duten emakumeak, gizakien salerosketaren biktimak, bizitzaren istorioa dela eta trauma duten pertsonak, gerra-gatazkak direla medio, politikak eta gizarteak lur jo dutenez, egoera horretatik ihes egin nahi duten pertsonak, izugarrizko bortizkeria jasan behar izan dutenak... Pertsona horiei arreta emateko beharra dela eta, ikuspegi humanitario batetik erantzun behar zaie, eta ezinbestekoa da konpromisoa hartzea, gizartearen kontzientziazioa areagotzea eta ordenamendu juridikoa, baita bertan jasotako eskubideak eta bermeak ere, betetzea ziurtatzeko neurriak abiaraztea. Ildo horretan, berme nahikorik gabe mugan bertan pertsona bat botatzeak edo ez onartzeak, alegazioak aurkezteko epe egokirik gabe, arriskuan jartzen ditu Nazioarteko Zuzenbidean ezarritako eskubideak, besteak beste, asilo-eskubidea, defentsarako eskubidea, familia-bizitzarako eskubidea. Gizakien salerosketaren aurka borrokatzeak ere ikuspegi humanitarioa eskatzen du, biktimak aurkitu eta babestu ahal izateko.
5. Asiloa eskatzen duten pertsonen kopuruak gora egin arren, asilo-prozedurak burutzeko finantzazio nahikorik eza eta asiloari buruzko erregelamendua onartzean atzerapena oso kezkagarriak dira. Beste datu garrantzitsu bat ere badago: jatorriz Saharaz hegoaldekoa den pertsona bakar batek ere ez du lortu Ceuta eta Melillako muga-pasabideetan nazioarteko babesa eskatzerik. Gogoan izan behar da herrialdeak eskatzaile guztiei babesa ematera behartuta ez badaude ere, eskaera guztiak banan-banan aztertu behar dituztela. Taldekako kanporaketak ere ezin dira egin, bereziki, helmugan pertsonek tratu txarrak jasoko dituztela jakinda.
6. Mediterraneo itsasoan, eta zehazki, Siziliako kanalean, hondoratze larriak gertatu dira,. Adibidez, apirilean, 700 pertsona ito ziren, Italiako kostara iristen saiatzen zirenean. Mediterraneoan azken bi hamarkadetan gertatu den tragediarik handiena izan da, eta ondorioz, Europar Batasunak eta Estatu kideek itsas-salbamendu operazioak lehen bezala egingo direla erabaki dute. Azpimarratu behar da, migrazioei eta Mediterraneoko itsasoan egiten diren operazioei buruz ari garenean, bizitzak salbatzeari, hondoratzeak saihesteari eta arriskuan dagoen edozein pertsona laguntzeari lehentasuna eman behar zaie, pertsonak eta familiak lekualdatzeko beharra saihesten duten neurriak hartzea eragotzi gabe.
Gizakiaren historian zehar, merkataritza- eta kultura kontuak direla-eta zeharkatu da Mediterraneo itsasoa. Azken hamarkada horietan hainbat tragedia ikusi dira, hortaz, gaiaren inguruan, giza-eskubideen ikuspegitik hausnarketa egin behar da.
Europa eta Afrikaren arteko distantzia laburra badago ere, kontinente horien artean alde handia dago. Hain txikia den eremuan munduko desberdintasun ekonomiko handienak agertzeak Europak Afrikan duen zereginei buruzko hausnarketa sakona egitera behartzen du.
7. Errefuxiatuen krisiari ematen zaion erantzuna ere ez da berdina. izan ere, Libano, Irak, Egipto eta Turkia bezalako herrialdeek, baita Europako zenbait herrialdek ere (batez ere, Suedia eta Alemania – era mugatuan), hartu dituzte errefuxiatuak. Suedia eta Alemania hasieratik prest zeuden pertsona horiek hartzeko. Hala ere, beste estatu batzuek, adibidez, golkoan dauden herrialdeek ez dute errefuxiaturik hartu, Europak ere, behin baino gehiagotan egin ditu proposamenak, baina mugak babesteko, eta ez pertsonak hartzeko.
Europar Batasunak eutsi beharko lieke babesa eta asilo bila etortzen diren pertsonekiko konpromisoei, eta komenigarria izango litzateke estatuen arteko elkartasuna, babesa eskatu duten pertsonak berriz kokatzeko eta lekuz aldatzeko. Ikuspegi humanitarioa kontuan hartuta, onartzeko prozedurak sendotu beharko lirateke, eta Dublineko sistema aztertu beharko litzateke, asiloa eskatzen dutenak modu orekatuagoan banatzea lortzeko.
Esparru juridikoak aukera ematen dio Europar Batasunari politika komunak definitzeko eta gauzatzeko, eta horrela, bakeari eusteko, gatazkak saihesteko eta nazioarteko segurtasuna sendotzeko; kooperazio aldeaniztun eta irmoan oinarritutako nazioarteko sistema bat bultzatzeko; eta hondamendi natural edo gizakiak eragindako katastrofeei aurre egin behar dieten biztanle, herrialde eta eskualdeei laguntzeko (3.5 eta 21. artikuluak, Europar Batasunaren Tratatua). Gai garrantzitsuen artean, aipatu behar da, alde batetik, kooperazioa hirugarren estatuekin –jatorrizko eta igaro beharrekoekin– berrikusteko beharra, oinarrizko askatasun eta eskubideak errespetatzen ez badira; edo bestalde, Garapenerako Laguntza Ofizialeko 0,7ri dagokion konpromisoak betetzea (Batzar Orokorraren 34. saioa, 1980), segurtasun arloko inbertsioei edo migrazioa kontrolatzeari buruzko baldintzak ezarri gabe.
Trafikatzaileen aurka borrokatzeaz gain, beharrezkoa da Europara sartzeko bide legal eta seguru gehiago irekitzea, bereziki, migratzaile eta errefuxiatuentzat. Horrela, bizitza arriskuan jarri gabe eta mafia aberastu gabe, hirugarren herrialdeetan asiloa eskatu ahal izango dute.
Hainbeste errefuxiatu hartzeko beharrak erakusten duenez, immigrazio eta asiloaren kontuak ezin dira nazio baten ikuspegitik soilik landu, horrek zalantzan jartzen baitu Europar Batasuna, eta kasu honetan, Europa osoaren ikuspuntutik baino ezin da hitz egin, kontuak estatu kide guztiei eragiten baitie; araudi aplikagarria: Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 67.2 eta 78. artikuluak eta Kontseiluaren 2001eko uztailaren 20ko 2001/55/EE Zuzentaraua, erbesteratu ugari etorriz gero haiei aldi baterako babesa emateko gutxieneko arauak zehazten dituena, eta halaber halako pertsonentzat bideratutako sustapen neurriak, Europar Erkidegoko estatuek bidez bana ditzaten erbesteratu ugari hartzearen ondorioak.
8. Oso balorazio positiboa eman behar diogu Eusko Jaurlaritzaren eta gainerako euskal herri-administrazioen ekimenari, hain zuzen, Espainiara etortzeko bidea kontuan hartu gabe eskainitako baliabideak erabiliz errefuxiatuak hartzeko nahiari. Halaber, positibotzat jo dugu koordinazioa eta pertsona horiek lurraldeetan eta udaletan banatzeko aurreikuspena, arreta emateko orduan desorekarik ez sortzeko. Oso egokiak dira udaleko osoko bilkura, junta eta batzordeen adierazpenak, errefuxiatuekiko elkartasuna azaltzen dutenak. Arartekoak euskal herri-administrazioek hartutako konpromisoaren jarraipena egingo du 2016. urtean zehar.
9. Aurten ere, atentatu terroristak egon dira Europan. Ondorioz, pertsona askok bizitza galdu dute, eta Europako herritarrak eta agente publikoak hunkituta geratu dira. Horrek segurtasun neurriak indartzea ekarri behar izan du, baina oinarrizko eskubideak urratu gabe; halaber, neurri horiek bateragarriak izan behar dute kohesio soziala bermatzeko eta bakean oinarritutako kultura bat sustatzeko beste neurri batzuekin. Kulturen eta erlijioen arteko elkarrizketa oso tresna baliagarria da intolerantzia eta estremismoaren aurka borrokatzeko.
9. LESBIANAK, GAYAK, BISEXUALAK, TRANSEXUALAK ETA INTERSEXUALAK (LGBTI PERTSONAK)
Aurrekariak
Arartekoak arlo honetan egiten duen lanak honako hauek ditu oinarri: alde batetik, Konstituzioaren 14. artikulua, pertsona guztiak berdinak direla dioen printzipioa ezarri duena eta bereizkeria debekatu duena; eta bestaldetik, lesbiana, gay, pertsona bisexual, transexual eta intersexualen eskubide berdintasuna aldarrikatzen duten nazioarteko beste tresna batzuk. Sexu-orientazioa edo genero-identitatea ezin da diskriminatzeko arrazoi bihurtu, eta euskal botere publikoei dagokie pertsona guztien berdintasuna benetakoa eta eraginkorra izan dadin eragozten duten oztopoak kentzeko betebeharra.
Arlo horretan, gure lanaren xedea hauxe da: pertsona ororen duintasuna eta sexu-orientazioa zein genero-identitatea askatasunez garatzeko eskubidearen alde egitea, eta lesbiana, gay, bisexual eta transexualek herritar gisa dituzten eskubide guztiak erabat eta berdintasunez gauzatzen direla ziurtatzea. Zentzu horretan, euskal herri-administrazioek beharrezkoak diren neurriak eta jarduerak garatzea bultzatu nahi dugu, pertsona horiek baztertzeko edozein kausa kentzearren eta haien eskubideak berdintasun osoz gauzatzea lortzearren. Gai horrekin zerikusia duten kexak izapidetzeaz gain, hainbat jarduera egin ditugu, euskal administrazioetan, talde horren eskubideak erabat integratzearekin loturiko funtzionamendua hobetu eta hobekuntzak bultzatu eta sustatzeko.
Auzi horri lotutako gure jarduketa guztien xedea hiru helburu hauen bitartez laburbiltzen da:
• Euskal herri-administrazioek euren jarduera guztietan berdintasuna erabat errespeta dezaten eta sexu-orientazio eta genero-identitatearen ondoriozko bereizkeriarik egin ez dezaten lortzea, eskubide horien gauzatzea benetakoa eta eraginkorra izateko beharrezkoak diren neurriak abian jarriz.
• Euskal gizarte osoan, bazterkeriarik ezan eta aniztasun afektibo-sexualari eta genero-aniztasunari lotutako eskubideen errespetuan oinarritutako kultura zabaltzea.
• Homofobia edo transfobiaren aurka borrokatzea (edozein formatan agertzen bada ere), Euskadin LGBTI pertsonen egoeraren gaineko ezagutza eta sentsibilizazioa zabalduz.
1. Kexarik aipagarrienak
Haur transexualei ematen zaien osasun-arreta 1
Arlo honetan jasotako kexen artean, Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzuak Gurutzetako Ospitaleko Generoaren Unitatean haur transexualei ematen dizkien zerbitzuen esparruko jarduerari buruzkoa nabarmendu nahi dugu. Guraso batzuek esku-hartzea eskatu digute, Gurutzetako Ospitaleko Generoaren Unitatean haien seme adingabearen egoerari heltzeko modua dela eta. Izan ere, haurrak mutila dela uste du eta mutil jarrera du, jaiotakoan sexu femeninoa esleitu zioten arren; legearekin bat, neska bezala erregistratuta dago. Guraso horiek ez daude ados Osakidetzako unitate horretan haien kasua tratatzeko moduarekin. Espedientea aztertu bitartean, aukera izan dugu euskal osasun-sistemaren arduradunek gai horri buruz duten iritzia ezagutzeko, eta horrela, pertsona transexualen eta bereziki haur transexualen eskubideekin zerikusia duten nazioarteko eta bertako tresnetan jasotako eskubideei buruzko parametroa egiaztatzeko. Gure iritzia gai konplexu horren inguruan 2016. urtearen hasieran argitaratuko den ebazpenean jaso da; horren bidez, gomendatu diogu Osakidetzari elkarrizketa-bideak ireki ditzala eta behar bezala erantzun diezaiela genero-identitate edo adierazpen desberdina duten adingabeen familien kezka, kritika eta informazio-eskaerei. Halaber, gomendatu diogu kontuan izan ditzala hainbat jarraibide eta printzipio, pertsona horiek artatzeko orduan, baita transexualak genero-identitateagatik ez baztertzeari eta haien eskubideak aitortzeari buruzko ekainaren 28ko 14/2012 Legearen9. artikuluan aurreikusitako gida klinikoa ezartzean ere.
Lesbiana-bikoteen seme edo alabaren seme-alabatasuna erregistroan inskribatzeko oztopoak
Aurten zenbait kexa jaso ditugu gai horren inguruan, eta guztietan lesbianen bikoteek seme edo alabaren ama ez biologikoaren aldeko seme-alabatasuna erregistratzeko orduan izaten dituzten zailtasunak aipatu dira. Kontu horrek Erregistro Zibilaren funtzionamenduari eta, azken batean, arloarekin loturiko estatuko araudia aplikatzeari dagozkion arazo juridiko batzuk sortzen ditu, eta ondorioz, zailtasunak agertzen dira bi emakumek osatutako familietan jaiotako haurrak erregistroan inskribatzeko orduan. Legeak ezartzen dituen mugak gorabehera –botere judizialaren kontrola ez baita gure erakundearen eginkizuna–, bere garaian, erakunde honek heldu dio kontu horri, gure eskuduntzen araberako hainbat jardueraren bidez. Alde batetik, txosten bat bidali diogu Espainiako Herri Defendatzaileari, eta horren bidez, lagundutako giza ugalketako teknikei buruzko maiatzaren 26ko 14/2006 Legearen7.3 artikulua interpretatzeko orduan sortzen den arazoaren berri eman diogu. Zehazki, 2011. urtean, eskatu genion erakunde horri artikuluaren interpretazioa argitu ahal izateko egoki zeritzon jarduketa has zezan, erregistroko praktika homogeneoa lortzeko eta erregistro zibil guztien jarduerak konstituzioko berdintasun printzipioarekin guztiz bat etortzea bermatzeko. Bestalde, 2010eko abenduan, 4/2010 gomendio orokorra ematea erabaki genuen, eta horren bidez, eskatu genion Eusko Jaurlaritzari laguntza bidezko ugalketako teknikak burutzen dituzten euskal osasun-zentro guztiei lege-anbibalentzia horren berri eman ziezaiela, egoera horretan dauden emakume-bikoteek laguntza bidezko ugalketako tratamendua hasten dutenean, etorkizunean izango dituzten seme-alaben seme-alabatasuna erregistroan inskribatzeari dagokion egoeraren berri izan zezaten. Hala eta guztiz ere, ezin dugu alboratu egun indarrean dagoen araudiak –ama bien aldeko seme-alabatasuna legeak onartzekoa– ezartzen duena: hain zuzen, emakume horiek ezkonduta egon behar dute eta seme-alabek laguntza bidezko ugalketako teknikak erabiltzearen ondorioz jaioak izan behar dute. Bi baldintza horiek biltzen ez badira, ama biologikoaren bikotekidearen aldeko seme-alabatasuna ezartzea adopzio prozesuaren bidez baino ezin da egin, ezkontza zibilaren esparruan edo izatezko bikoteei buruzko erkidego mailako legeriari jarraiki. Ildo honetan, aipatu behar dugu, Estatuko legegilearen aukera denez, Arartekoaren erakundeak ez du eskumenik estatutu juridiko hura zalantzan jartzeko. Hala ere, jakin badakigu araudi horrek pertsonen arteko berdintasunaren printzipioa kaltetzen duten disfuntzioak sor ditzakeela, nekez justifika daitekeen desberdintasuna eragiten baitu bikote heterosexualak eta sexu bereko bikoteak tratatzeko moduan. Kontu horrekin zerikusia duten kexa eta kontsulten kopurua igotzeak konpondu gabeko eta etorkizunean berriro aztertu beharreko arazoa dela erakusten du.
2. Araudi- eta gizarte-testuingurua
Esparru juridiko orokorra
Arlo horri dagokion esparru juridikoa erreformatu egin da azken urteotan, LGBTI pertsonen eskubide zibilen erabateko parekotasuna ezartzeko, bai sexu bereko pertsonak ezkontzeko aukerari, bai pertsona transexual edo transgeneroek euren genero-identitatea sentitzen duten sexura legez egokitzeko gaitasunari dagokionez. Hala, Euskal Herrian, izatezko bikoteak arautzeko maiatzaren 7ko 2/2003 Legea onartu zen lehendabizi; ondoren, Kode Zibilaren erreforma, uztailaren 1eko 13/2005 Legearen bidez egina, zeinek Kode Zibila aldatzen baitu ezkontzeko eskubideari dagokionez; eta azkenik, martxoaren 15eko 3/2007 Legea, pertsonen sexuari buruzko erregistroko aipamena zuzentzea arautzen duena. Arau horiek LGBTI kolektiboaren eskubide eredu berria ezartzeko lege oinarria bihurtu dira. Hala ere, errealitateak erakusten digutenez, oraindik ere ugari dira eremuak, non praktikan urratzen baitira LGBTI pertsonen eskubideak. Horietako bat, hain zuzen, pertsona transexual eta transgeneroen genero-identitatearekin du zerikusia.
Pertsona transexualen administrazioko dokumentazioa Euskadin
Euskal Herrian gai horri heltzeko nahian, 2015eko abenduan, Eusko Jaurlaritzak transexualen dokumentazio administratiboari buruzko abenduaren 22ko 234/2015 Dekretuaonartu du, Euskadin transexualek eta transgeneroek Erregistro Zibilean sexua berriz esleitu arte erabili ahal izango duten administrazioko dokumentazioa arautzen duena, pertsona horiek askatasunez aukeratutako genero- identitatearekin bat tratatzea ahalbidetzeko. Etorkin transexualek jatorrizko herrialdean erregistro-aldaketa egin arte, erabili ahal izango dute dokumentazio hori.
Pertsonen sexuaren aipamena erregistro zibilean zuzentzea arautzen duen martxoaren 15eko 3/2007 Legeak ahalbidetu du, baldintza batzuk betez gero, erregistro zibilean sexuaren eta izen propioaren erregistro-izendapena aldatzea. Horri esker, erraztu egiten da dokumentazio administratibo guztia pertsona baten benetako genero-nortasunera egokitzeko prozesua, arau horrek transexualitatearen tratamendu integralean oso garrantzitsuak diren hainbat alderdi arautzen ez baditu ere. Dena dela, pertsona horien egoera konplexua da eta, ondorioz, arreta integrala eman behar zaie, erregistro-esparrutik haratago. Hori dela eta, Eusko Legebiltzarrak transexualak genero-identitateagatik ez baztertzeari eta haien eskubideak aitortzeari buruzko ekainaren 28ko 14/2012 Legea onetsi zuen. Lege horren helburua da transexualei arreta integrala ematea eta transexualen izaera edo egoera pertsonal edo sozialagatik legedian dauden diskriminazio guztiak gainditzeko bidean aurrera egitea. Eusko Jaurlaritzak duela gutxi onetsitako dekretuaren bidez aipatutako legearen 7. artikuluan jasotako aurreikuspenak garatzea lortu nahi da.
Euskal dekretu berriak hemendik aurrera ezartzen duen dokumentazioa (identifikazio-txartela) jaulkitzeko prozedura interesdunak, bere kabuz edo behar den bezala ordezkatuta, eskatzen duenean hasiko da. Eskatzailea adingabea baldin bada, haren legezko ordezkariek egingo dute eskaera, baina adingabeak beti entzuna izateko eta iritzia emateko eskubidea izango du, Haurrak eta Nerabeak Zaintzeko eta Babesteko otsailaren 18ko 3/2005 Legearen 16. artikuluan xedatutakoaren arabera.
Dekretu honen bidez araututako dokumentazioa daukaten pertsonek honako eskubide hauek izango dituzte, osasun eta hezkuntza arloan:
• Libreki aukeratutako genero-nortasunaren arabera tratatuak izateko eskubidea.
• Libreki aukeratutako genero-nortasunari dagokion izenarekin identifikatuak izateko eskubidea.
• Dokumentazio administratiboa egokitzeko eskubidea; salbuespen gisa, Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzuaren ardurapean dagoen osasun-historial konfidentzialean, dagokion pertsonaren inguruko beharrezko erreferentziak egingo dira; ikastetxeko dokumentu administratiboak egokitzeko eskubidea, adibidez: ikasgelako zerrendak, kalifikazioen informazio-buletina, ikasle-txartela, hauteskunde sindikal edo administratiboetarako hautesle-errolda eta bestelakoak. Helburua hau da: dekretu honetan xedatutakoaren arabera jaulkitako dokumentazio administratiboan adierazitakoari jarraikiz, ikasle, langile eta irakasle transexualen genero-nortasuna kontuan hartzea. Aurretik adierazitakoa gorabehera, ikaslearen espediente ofizialean ondorio ofizialetarako erregistratutako nortasun-datuei eutsiko zaie.
LGBTIen eskubideak Europan bermatzeko lehentasunezko ekintzak
Bestetik, eta Europa mailari dagokionez, ezin dugu aipatu gabe utzi Europar Batasuneko Oinarrizko Eskubideen Agentziak (FRA) Europa osoan zehar egin zuen inkesta. 2014. urtearen amaieran argitaratutako emaitzek, oro har, egoera txarra erakutsi dute, LGBTI pertsonen eskubideei dagokienez. Dudarik gabe, inkesta hori erreferentzia bihurtu da eskubide horiek bermatzeko sistemaren ahulguneak zehazteko orduan, eta erakunde honen jardueretan aintzat hartuko ditugu horren emaitzak. Halaber, 2015eko Eurobarometroak erakusten duenez, Europako herritarren % 60k uste du sexu-orientazio edo genero-identitatearen ondoriozko diskriminazioa oso zabaldua dago gure gizartean. Horretaz gain, agerian jartzen da Europako herritar gehienak (% 71) L pertsonen eskubideen alde daude. LGBTI pertsonen diskriminazioari aurre egiteko, Europako Batzordeak ekintzen zerrenda (List of actions by the Commission to advance LGBTI equality) argitaratu du 2015ean, datozen urteotan burutzeko, eta arlo honetan lehentasuna duten jardun-esparruen inguruko orientabide gisa erabiltzeko: eskubideak eta horiek babesteko legezko bermeak zabaltzea; dagoeneko aitortuta dauden LGBTI pertsonen eta euren familien eskubideen eraginkortasunaren monitorizazioa eta jarraipena; herritarrengan duten eragina lortzeko neurriak, hala nola, aniztasuna eta bereizkeriarik eza sustatzea; Europa mailan LGBTI pertsonen eskubideen berdintasuna bultzatzeaz eta horretan aurrera egiteaz arduratzen diren funtsezko eragileei laguntzea; tokian tokiko botere publikoek datuak biltzea eta ikerketa-lanak egitea; herrialdearen barruko kontuak, mugakideen artekoak, eta kanpo-ekintza hirugarren herrialdeekin batera. Hala ere, tokiko botereak dira, batez ere, ekintza horien zati handi bat lurralde mailan abian jartzeko erronkari aurre egin behar diotenak. Zalantzarik gabe, ardura hori euskal botere publikoena ere bada. Horretarako, esparru juridikoa eta eskubide horien defentsaren aldeko gizarte-borondatea dute.
Pertsona intersexualen eskubideak
Epigrafe hau bukatzeko, labur-labur aipatu nahi dugu duela gutxi, 2015eko apirilean, Europako Kontseiluak igorritako txostena, Giza eskubideak eta pertsona intersexualak (Human rights and intersex people) izenburua duena. Horren bidez, pertsona horien egoerara erakartzen da arreta: gizon- emakume sexu-binarismoarekin parekagarria den definizio biologikorik gabe jaio dira eta jaiotzeko unetik bertatik hamaika oztopo topatzen dituzte eta giza duintasunaren kontrako erasoak jasan behar dituzte. Horrek guztiak mugatu egiten du euren genero-identitatea eta, azken batean, euren nortasuna libreki eta erabat garatzeko aukera. 2014an, Intersexualen Nazioarteko Erakundeak (OII Europe ingelesezko siglen arabera), Rigan bilera bat antolatu zuen, gizona eta emakumea bakarrik aintzan hartzen dituen sexuaren definizioa eztabaidan jarri behar dela esateko. Izan ere, intersexualak bereizkeriaren aurrean ondo babestuta egotea bermatu behar da, eta horretarako, diskriminazioaren aurkako legeak errealitate horretara egokitu beharko lirateke. Halaber, azpimarratu dute pertsona horiek artatzeaz arduratzen direnek, bereziki, gaiari buruzko prestakuntza eta informazioa –giza eskubideen ikuspuntua aintzat hartuta– jaso beharko luketela. Arartekoaren erakundearen ustez, ezinbestekoa da Euskadin ere intersexualen egoerari buruz sentsibilizatzen hastea eta eskubideen defentsaren aldeko lanari ekitea.
3. Jarduera-planaren esparruko bestelako esku-hartzeak
Jarraian, arlo honetan 2015ean burutu ditugun jarduketa garrantzitsuenak azalduko ditugu. Hain zuzen, agerian jarriko dugu zeintzuk izan diren Ararteko erakundearentzat arreta-gune nagusiak LGBTI pertsonen eskubideen defentsaren arloan:
3.1. Bilerak elkarteekin
Bilera Chrysallis adingabe transexualen familien elkartearekin
Bileran, elkarteak Euskal Herrian sortzearen, eta euskal administrazioen aurka aurkezten diren salaketen berri eman zigun. Izan ere, salaketa horien bidez lortu nahi da euskal gizarte osoak eta administrazioek jakitea haur transexualak existitzen direla. Haien egoera onartu behar da eta arreta eman behar zaie, erabateko garapena lor dezaten eta normaltasunez bizi daitezen. Jarrera kritikoa agertu zuten administrazio-zerbitzu batzuekiko, hain zuzen, Berdindu Familiak eta Osakidetzako Generoaren Unitatea kritikatu dituzte. Kasuak aztertzeko konpromisoa hartu dugu eta horien berri Eusko Jaurlaritzari eman diogu, atal honetan aipatutako jardueren bitartez.
3.2. Bilerak administrazio eta erakundeekin
2015. urtean zenbait bilera egin ditugu eta etengabe izan ditugu harremanak Eusko Jaurlaritzako Familia eta Komunitate Politikaren Zuzendaritzarekin, baita Ararteko erakundeko langile teknikoen eta aipatutako zuzendaritzako langileen artean ere. Urte osoan zehar, bilera horietan Eusko Jaurlaritzaren zein Ararteko erakundearen interesa piztu duten gaiak jorratu dira. Bereziki, honako hauek azpimarratu nahi ditugu:
Pertsona transexualentzako dokumentazio administratiboa eta gida klinikoa ezartzea (transexualak genero-identitateagatik ez baztertzeari eta haien eskubideak aitortzeari buruzko ekainaren 28ko 14/2012 Legearen 7. eta 9. artikuluak)
Lege horren garapenari buruzko kontua da; adierazitako norabidetik bultzatu egin da, gida klinikoa modu parte-hartzailean ezartzeari, baita administrazioko dokumentazioaren arloan erregelamendu-garapenari ere lehentasuna emanez; azkenik, urtearen amaieran, transexualen dokumentazio administratiboari buruzko abenduaren 22ko 234/2015 Dekretuaonetsi da. Horretarako, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailarekin lankidetzan ari gara, baita Gurutzetako Ospitaleko Generoaren Unitatearekin ere, arlo honi dagozkion lege-xedapenen garapen ahalik eta hobea lortzeko. Halaber, abian jarri da legearen garapena, eta horretan, interesa duten sektore guztiek parte hartzen ari dira eta guztiei entzuten zaie, beraien genero-identitatea erregistroan zuzentzeko prozesua oraindik bukatu ez duten pertsona transexualen aldi baterako dokumentazio administratiboari dagokionez, Estatuko Administrazio Orokorrak bere garaian Konstituzio Auzitegian lege-xedapen horren aurkako errekurtsorik ez aurkeztea erabaki zuela kontuan hartuta, artxibo eta erregistroak zuzentzeari loturiko xedapenak euskal eskumen-eremuan bakarrik aplikatu ahal izan arren, Estatuko artxibo eta erregistroei dagokiena Estatuarentzat erreserbatzen da.
LGBTI pertsonei arreta emateko Berdindu zerbitzua berriro antolatzeko beharra, batez ere, adingabeak eta euren familiak artatzeko moduari dagokionez
LGBTI haurrak dituzten familiekiko harremanei esker, zenbait kexa aurkeztu direla egiaztatu dugu. Izan ere, Eusko Jaurlaritzako Berdindu Zerbitzua familia horiei arreta emateko gai ez zegoela salatu da. Horiek horrela, zerbitzuaren funtsezko zutabeaz ari garela ulertzen dugu (eta horrek, gainera, beste bi zutabe ditu oinarri: Berdindu Pertsonak eta Berdindu Ikastetxea), adingabe horien familiek haien seme-alaben premiei erantzuteko laguntza behar baitute.
3.3. Hainbat forotan, jardunalditan eta zabaltzeko beste jarduera batzuetan parte hartzea
2015. urtean zehar, LGBTIen eskubideekin zerikusia duten jarduerak edo jardunaldiak antolatu dituzten hainbat forotan parte hartu dugu. Aipagarriena honako hau izan da:
Eskola segurua izeneko esparruan parte hartzea
Jarraitu dugu Eusko Jaurlaritzako Familia eta Komunitate Politikaren Zuzendaritzak eta Berdindu zerbitzuak babesten duten “Eskola seguruaren aldeko talde egonkorra” izeneko programan, hau da, osaera mistoa (soziala-instituzionala) duen lan egiteko foroan, eskolan haurren eta nerabeen aniztasun afektibo-sexualerako eskubideen errespetua eta sustapena bultzatzeko. Izan ere, Ararteko erakundeak –Haurren eta Nerabeen Bulegoaren bitartez eta LGBTI pertsonen eskubideen arloaren bitartez– erregularki parte hartzen du programa horretan, beste erakunde batzuekin batera (besteak beste, azpimarratu nahi dugu Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saila, zeinen funtzio nagusia baita ikastetxeetan eta adingabeak tartean daudenean identitateari eta genero-rolei lotutako egoera eta jokabideen eremuan adingabeei, familiei eta irakasleei laguntzeko jarduerak eta protokoloak koordinatzea. Taldearen lanari dagokionez, ikastetxeentzako gidalerro eta gomendioen proposamena eztabaidatzen eta aztertzen ari da orain, euskal hezkuntza-sisteman aniztasun sexualari eskaini behar zaion arretarekin eta ikastetxean homofobia eta transfobia saihestearekin lotutakoa.
Ekitaldia UPV/EHUko Erizaintza Fakultatean, haurtzaroan eta nerabezaroan aniztasun afektibo-sexualaren inguruan
2015eko maiatzean, UPV/EHUko Medikuntza eta Erizaintza ikasten dutenei haurtzaroan eta nerabezaroan aniztasuna afektibo-sexuala izateko eskubideari eta genero-identitaterako eskubideari buruzko ekitaldi bat emateko aukera izan dugu.
3.4. LGBTIen eskubideak sustatzeko beste jarduera batzuk
Europako Batzordeak LGBTI adingabeen eskubideen aldeko Rainbow Has Europako proiektua ebaluatzea
Aurreko txostenetan (2012, 2013, 2014) xehetasunez azaldu genuen Rainbow Has proiektuaren emaitzak ebaluatuta, esker onez egiazta dezakegu Europako Batzordeak oso ondo baloratu duela egitasmoa, eta ondorioz, eskatutako finantzaketa osoa lortu dugula, azken hori, proiektuan azken urteotan garatutako lanaren ebaluaketan lortutako emaitzen araberakoa izanik. Horrek esan nahi du antzeman dela erakunde honen konpromiso sendoa.
4. Herritarren eskubideen egoeraren balorazioa
Oso gutxi izan dira euskal herri-administrazioei LGBTI eskubideak urratu izana leporatzen dien kexak. Horrek esan nahi du arlo horretan berdintasun formala bermatuta dagoela gure sistema publiko ia osoan. Hala ere, horrek ez du esan nahi, benetako berdintasunaren ikuspuntutik, pertsona horien arretarako administrazio-zerbitzuak hobetzeko beharrik ez dagoenik. Gainera, gizarteari dagokionez, ibilbide luzea geratzen da oraindik, aniztasun afektibo-sexual eta genero-aniztasunarekiko errespetua eta horiek burutzea eremu guztietan erabat integratzeko. Euskal herri-administrazioen buruzagitza ezinbestekoa da horretarako. Jarraian zerrendatuko ditugu hobetzekoak diren eremu batzuk, aurten, Euskadin antzeman ditugunak:
Neska-mutil transexualak behar bezala artatzea eta haien eskubideak
Adingabe transexualen edo genero-jokabide ez arautuak dituztenen familiek aurkeztutako salaketak jaso ditugu. Hain zuzen, adingabe zein haien familientzako arreta publikoaren eremua –batez ere, osasun-arretari eta arreta psikologikoari dagokionez, baita hezkuntza-arloari dagokionez ere– hobeto egokitzeko beharraren berri eman da. Arartekoaren erakundean kezkatuta gaude laguntza publikoak hobeto zehatzeaz, haurren eskubideei hobeto egokituak izan daitezen. Laguntza horiek, oro har, 14/2012 Legearen babesean ezarri dira, pertsona heldu transexualentzat. Era berean, kezkatzen gaitu genero-jokabide ez arautuak dituzten adingabeen eskubideak –euren sexu-joera eta genero-nortasuna askatasunez eta erabat garatzeko– kaltetzeak, helduak ados jartzen ez direlako edo behar bezalako orientabiderik ez dutelako (familiarrak, ikastetxea edota herri-administrazioak). Horregatik, uste dugu funtsezkoa dela arlo honetan esku hartzeko eskumena duten erakundeen arteko estrategiak adostu eta irizpide argiak ezartzea, euren jardueren oinarri haur eta nerabeen interesa eta eskubideak hartuz, hori guztia, legeriak eta haurrak babesteko araudiak ezarritakoari jarraiki (adingabearen interes gorena, bere iritzia emateko eskubidea, etab.) eta LGBTIen eskubideak babesteko nazioarteko eta hemengo tresnetan jasotako printzipioekin bat.
Transexualei arreta emateko gida klinikoa
Esan behar dugu kezkatuta gaudela, legeak aurreikusitako gida klinikoa behar bezala garatzeko eta burutzeko premia dela eta. Prozesua irekita badago ere, eta transexualak genero-identitateagatik ez baztertzeari eta haien eskubideak aitortzeari buruzko ekainaren 28ko 14/2012 Legearen 9. artikuluan aurreikusitako gida klinikoa egun modu parte-hartzailean eta irekian lantzen ari bada ere, bukatu gabe dago oraindik. Aipatutako legean jasotako aurreikuspen eta printzipioak benetan euskal osasun-sistema osoan ezartzea premiazkoa da pertsona horiei ematen zaien osasun-arretaren kalitate ona bermatzeko, batez ere, lehen mailako arretako zerbitzuetan, hala nola, pediatrian, endokrinologian eta buruko osasunean. Halaber, garrantzitsua da osasun-zerbitzu horietan ezagutza espezializatua eta nazioarteko mailan aitortutako giza eskubidearekiko errespetua erabat integratzea, eragindako osasun-langile guztiei arlo horretako berariazko prestakuntza ematea ziurtatuz.
Aniztasun afektibo-sexualaren eta generoaren aniztasunaren inguruko arreta, hezkuntza-arloan
LGBTI pertsonen eskubideen arloko aurrerapena erakunde publikoek bultzatu behar dute gure adingabeen hezkuntza bereziki azpimarratuz, hau da, haurtzarotik berdinen errespetua eta aniztasun afektibo-sexualerako eta genero-aniztasunerako eskubideen erabateko gauzatzea lortzera zuzendutako ekintzak sustatuz. Egiaztatu ahal izan dugu LGBTI haurren eta nerabeei dagokienez, hezkuntzaren eremuan gabezia nabarmena dagoela aniztasun afektibo-sexualerako eta genero-aniztasunerako eskubideen erabateko errespetua integratzeko, azaleratzeko eta sustatzeko. Irakasleak prestatzeko eta sentsibilizatzeko plan edo programa nahikorik ez egotea, gai horiek ikasgelan modu sistematikoan eta antolatuan jorratu ez izana, sexu-joera eta genero-identitateari buruzko material zehatza modu antolatuan erabili ez izana edo egun dauden tresna didaktikoetan bizikidetza eredu berriak islatu ez izana horren adibide argiak dira. Ondorioz, bereziki kontzientziatuak dauden irakasleek ez dute laguntza nahikoa jasotzen hezkuntza sistemaren eskutik, gai horiek behar bezala jorratu ahal izateko.
Euskal hezkuntza erakundeekin lanean aritu behar da, betiere, eskola haurrentzat toki segurua dela bermatzen duten tresnak ezartzeko asmoz, euren sexu-joera edo genero-identitatea alde batera utzita, bertan pertsona bezala erabat garatzeko aukera eduki dezaten. Lan horrek honako helburu hau izan behar du: hezkuntza-erakundeek, familiek eta irakasleek aliantza osatzea eta guztien arteko estrategiak lantzea, Euskal Herrian gazte-gaztetik errespetuan, berdintasunean eta askatasunean oinarritutako balioak irakastea, aniztasun afektibo-sexualaren aurkako aurreiritziak eta genero-rol zein identitateak zalantzan jartzen dituzten ideiak behin betiko gainditu ahal izateko; bereizkeria, edo sexu-orientazio edo genero-identitate desberdinak sortutako zailtasunak edo bazterkeria jasan behar dituzten haurrei, nerabeei eta gaztei laguntzea, erabat gizarteratzeko; haur eta nerabeen segurtasuna ikastetxean ezinbesteko testuingurua da, garapen pertsonal zoriontsua eta erabatekoa, bere aniztasun osoan lortzeko. Hala eta guztiz ere, egiazta dezakegu euskal herri-administrazioak hezkuntza sisteman ikuspegi hori gaineratzeko esanbidezko nahia erakutsi duela dagoeneko, 2013an, Hezkuntza Sisteman Hezkidetzarako eta Genero Indarkeria Prebenitzeko Plan Estrategikoa onetsiz. Hori bai, enfasi handiagoa jarri behar da plan horren zuzeneko inplementazioan, LGBTI ikasleei dagokienez.
Lesbianen bikoteen berdintasuna seme-alabatasuna aitortzean
Bestetik, ohartu gara jorratu gabe geratu direla aurreko urteotan dagoeneko azaldu ditugun kontu batzuk, adibidez, ama lesbianen egoera behin betiko argitzeko beharra, seme-alaben eta ama ez biologikoaren arteko seme- alabatasuna aitortzeari dagokionez; eta hori, alde batetik, erregistro zibiletako praktikak bateratuz lortuko da, seme- alabatasun ez biologikoaren aitorpenari dagokionez, emakumez osatutako bikoteen kaltetan izan gabe eta bikote heterosexualei abantailarik eman gabe, eta bestalde, indarrean dagoen estatuko legeriaren inguruan hausnarketa kritikoa egin behar da, lesbianen bikoteak ezkontzera eta laguntza bidezko ugalketa erabiltzera bultzatzen baitu, ama ez biologikoaren aldeko seme-alabatasuna, adopziorik gabe aitortzeko baldintzak gisa.
Pertsona intersexualen eskubideak
Pertsona intersexualak gizon-emakume sexu-binarismoarekin parekagarria den definizio biologikorik gabe jaio dira eta jaiotzeko unetik bertatik hamaika oztopo topatzen dituzte eta giza duintasunaren kontrako erasoak jasan behar dituzte. Horrek guztiak asko mugatzen du euren genero- identitatea eta, azken batean, euren nortasuna libreki eta erabat garatzeko aukera. Arartekoaren erakundearen ustez, ezinbestekoa da Euskadin ere intersexualen egoerari buruz sentsibilizatzen hastea eta eskubideen defentsaren aldeko lanari ekitea. Izan ere, pertsona horiek euren egoera eta nazioarteko mailako printzipioak –gizon edo emakume bezala inskribatzera behartzen duten egitura bitarretatik harago doan genero-identitatea giza eskubide gisa aldarrikatzen dutenak– hobeto ezagutzea nahi dute.
10. ADINEKOAK ETA MENPEKOTASUN EGOERAN DAUDEN PERTSONAK
Aurrekariak
Atal honetan Arartekoaren jarduketetako batzuk jaso ditugu, adinekoei, eta heterogeneotasun handia ezaugarri duten mendetasun-egoera ezberdinetan dauden pertsonei eragiten dietenak.
Eurostat-ek jasotako datuen arabera, 2030ean, 65 urtetik gorako adinekoen proportzioa % 30 inguruan ibiliko da Europako hegoaldeko herrialdetan. Euskal Herrian, 65 urtetik gorako adinekoak (458.396) 20 urtetik beherakoak (202.082) baino bi aldiz gehiago dira, eta biztanle guztien % 20 dira dagoeneko. Kalkulatu denez, 2029. urterako, 80 urtetik goragoko adinekoak 200.000 baino gehiago izango dira Euskadin, biztanle guztien % 9,9, alegia. Halaber, biztanleen % 34,1 65 urte baino gehiagokoak izango dira. Talde horren % 80 inguruk bizitza modu autonomoan gara dezakete (gehienak 80 urtetik beherakoak dira). Gainerako % 20k eguneroko bizitzako oinarrizko jarduerak egiteko laguntza behar dute (gehienetan emakumeak eta 80 urtetik gorakoak izaten dira).
Adineko gehiago egotea bizi-itxaropena luzatzea, bizitza-baldintzak hobetzea eta jaiotza-tasak jaistea bezalako faktoreen baturaren ondorioa da. Hori dela eta, ezinbestekoa da biztanle horien premiei erantzuna ematea. Premia horiek zahartze aktiboarekin zein mendekotasun-egoerekin zerikusia dute, eta azken horiek eguneroko bizitzako oinarrizko jarduerarekin (EBOJ) edo eguneroko bizitzako jarduera instrumentalekin (EBJI) lotuta daude. Jarduerak, berriz, pertsona eta bere ingurunearen arteko loturaren ondorio dira. Zailtasun horiek zaintza pertsonalak izateko premia –informala, formala edo mistoa– sortzen dute. Pertsona horien premiak batik bat beraien osasun-egoeraren (zentzu zabalean hartuta), mendekotasun-mailaren eta gaitasun ekonomikoaren araberakoak izaten dira. Familiarengandik zein gizartearengandik jasotzen duten laguntzak eta bizi diren inguruko ezaugarriek (irisgarritasuna, eta abar) eragin zuzena izango dute beren bizi-kalitatean.
1. Arloa kopurutan
Atal honetan, adinekoen egoerari buruzko kexak aipatzen dira. Gehienek mendetasun-egoera aitortzeko prozedurarekin dute zerikusia, edota egoera horren ondorioz jaso daitezkeen zerbitzu eta prestazioekin lotuta daude. Kexa horiek adinekoei zein mendetasun-egoera aitortua duten 65 urtetik beherako pertsonei buruzkoak dira. Kontuan izan behar da desgaitasuna duten pertsonekin zerikusia duten kexak Kapitulu honetan bertan aztertu direla, hain zuzen, desgaitasunen bat duten pertsonei buruzko atalean. Adingabeen egoerari buruzko kexak, berriz, txosten honi erantsita doan Haur eta Nerabeentzako Bulegoaren txostenean aztertu dira.
2015ean, guztira 31 kexa berri erregistratu dira adineko pertsonen arloan. Kexa horiek askotariko arrazoiak izan dituzte: prestazioak jasotzeko baldintzak –adibidez, erroldan inskribatuta egotea– ez betetzeagatik laguntzak ukatzea; ordaindu beharreko prezio publikoaren zenbatekoarekin desadostasuna, kexagileak altuegia dela uste duelako, baliabide ekonomiko edo ondasunen bat modu desegokian kontuan hartu delako, edo bestela, etxeko laguntza zerbitzuen edo egoitza-zentroen prezio publikoa zehazteko prozedura nolakoa den jakiteko trabak jarri direlako. Foru aldundietako Ikuskapen eta Kontrol Zerbitzuak egoitza batean antzemandako arazoren bat ere izan da kexaren arrazoia. Ildo honetan, egin ditugun jardueretatik ondorioztatu ahal izan dugu badagoela administrazio-tresna arin bat, arlo honetan agertzen diren gorabeheren berri azkar izateko. Ondorioz, erabiltzaileen eta euren familiakoen lasaitasuna gero eta handiagoa da.
Beste kexa batzuen bidez zerbitzu eta prestazioak pertsonen premietara egokituta ez egotea salatu da. Bizkaiko Lurralde Historikoak jarraitzen du zerbitzu eta prestazioen arteko bateraezintasunen araubiderik gabe. Beharrezkotzat jotzen dugu, oraindik ere, etxeko laguntza zerbitzua indartzea, honako hauen bidez: estaldura-tasen igoera, horiek arinago abian jartzea eta zerbitzuaren intentsitateak adinekoaren beharretara egokitzea.
Bestalde, Gizarte Zerbitzuei buruzko irailaren 5eko 12/2008 Legearen 8. artikuluan jasotako zerbitzu eta prestazioen hurbiltasunaren ikuspegi komunitarioak pertsonak euren ohiko ingurunean arreta emateko aukerak areagotzea dakar berarekin. Ildo honetan, Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren prestazio eta zerbitzuen zorroari buruzko urriaren 6ko 185/2015 Dekretu berriak malgutasun handiagoa aurreikusten du, familia-inguruneko zainketetarako prestazio ekonomikoak lortzeko baldintzei dagokienez. Lehen bezala, egiaztatu behar dira ahaidetasunari eta bizikidetzari buruzko baldintzak, baina salbuets daitezke zenbait egoera berezi, hala nola, erlijio-ordenan egotea, familiakoen antzeko bizikidetza-harremana izatea, edota, mendekotasun-egoeran dagoen pertsona honako ezaugarri hauek dituen ingurune batean bizi izatea: ez dago egiaztaturiko baliabide publiko edo pribatu nahikorik; biztanlerik gabeko gunea da; geografia-egoera edo beste izaera bateko oztopoak daude beste modalitate bateko arreta –loturiko prestazioaren bitartez, zerbitzuen bidezko arreta barne– emateko. Salbuespeneko neurria bada ere, biztanle-talde jakin baten beharrizanetara egokitzea jasotzen du eta bat dator arretaren ikuspegi komunitarioarekin. Ildo honetan, adinekoak beren gizarte- eta familia-ingurunean geratzeko beste aukera batzuk aztertzen eta horiei buruz hausnartzen jarraitu beharra dago.
Halaber, desgaitasuna berriro aztertzearekin zerikusia duten kexak jaso ditugu. Izan ere, kasu batzuetan, lehen aitortua izan duten gradua baino portzentaje txikiagoa esleitu zaie eta horrek ondorio larriak ekarri ditu prestazioei dagokionez.
Azkenik, mendekotasun-egoeran dauden pertsonei arreta emateko eta haiek zaintzeko kontratatu den pertsonak titulu gaitzaileak egiaztatzeko beharrarekin lotutako kexak aipatu nahi ditugu. Bestela, ez dute betetzen laguntza pertsonalerako prestazioaren onuradun izan ahal izateko eskatzen den baldintza.
2. Kexarik aipagarrienak
2.1. Aurten ere, jarraitu dugu nabarmentzen babes-maila osagarri batzuk ezartzeko beharra, Autonomia pertsonala sustatzeari eta mendekotasun-egoeran dauden pertsonak zaintzeari buruzko abenduaren 14ko 39/2006 Legearen 7. eta 11.2 artikuluekin bat.
Aurten, bukatu ditugu Arabako Foru Aldundian pasa den urteetan hasitako zenbait jarduketa, mendekotasun-gradu txikiagoa esleitu izanaren ondorioei dagokienez.
Izan ere, erregistratutako gradua txikiagotzeak egoitza arretako zerbitzuari lotutako prestazioa azkentzea ekar dezake, baita zerbitzua bera erabiltzeko aukera kentzea ere.
Gure ebazpenean adierazi dugunez, foru administrazioek teknikari-taldeen jardueretan, mendekotasuna baloratzeko baremoa (MBB) –estatu mailan erabiltzen dena– aplikatu beharra zuten. Gainera, administrazio horiek ez dute inolako ahalmenik baremoa aldatzeko. Hala ere, sare publikoko osasun- edo gizarte-lanaren arloko profesionalek Araban erabiltzen den mailaketaren inguruan daukaten iritzia kontuan izanda, egokia iruditu zaigu foru-erakundeari mendekotasuna baloratzeko baremoa erabiltzeak sor dezakeen babes-gabeziaren berri ematea. Izan ere, hango mailaketa-sistema nekez ulertzen da, baloratzen diren pertsonek dituzten laguntzako eta gainbegiratzeko beharrak ikusita. Halaber, gogorarazi diogu erakunde horri baduela ahalmena, babes-maila osagarriak ezartzeko.
Arabako Foru Aldundiak, helarazi genizkion gogoetak ikusita eta mendekotasuna baloratzeko baremoa erabiltzeak sor zezakeen babes-gabeziaz ohartuta, babes-maila altuagoa ezarri zuen uztailaren 23ko Diputatuen Kontseiluaren 24/2013 Foru Dekretuan, mendekotasun egoera aitortzeko, ezintasuna kalifikatzeko eta garapenaren arazoak edo horiek jasateko arriskua aitortzeko prozedura arautzen duena, baita ere, horrelako kasuetan, Arabako gizarte zerbitzuak eta diru prestazioak jasotzeko eskubidea eta prozedura. Zentzu honetan, eutsi egin zion prestazioak eta zerbitzuak jasotzeko eskubideari, hain zuzen, honako kasu hauetan: I. gradua (40tik gorako puntuazioa), II. gradua edo III. gradua esleituta izanda, beren mendetasun-egoera berrikustearen ondorioz, pertsona bati I. gradua esleitzen zaionean, 40 puntu baino gutxiagorekin.
Gainera, Dekretu horren bidez, Foru Aldundiak ezarri zuen zerbitzuak erabiltzeko baimen berezia, zerbitzuari loturiko prestazio ekonomikoa eta laguntza pertsonaleko prestazio ekonomikoa (baina ez familia-giroan zaintzeko prestazio ekonomikoa) jasotzeko aukera, aipatutako Dekretuaren I. Tituluan araututako egoera batean dauden, baina laguntzen onuradun izateko baldintzak betetzen ez dituzten pertsonentzat.
Bestela esanda, hasiera batean zerbitzuari lotutako prestazioa mendekotasunaren I. gradua duten pertsonei zuzenduta egon ez arren, eman ahal zaie, Diputatuen Kontseiluak emandako Arabako Lurralde Historikoan mendekotasun egoera onartzeko prozedura, beregain izaten laguntzen duen sistemaren zerbitzuak jasotzeko eskubidea eta era, eta mendekoei eskaini beharreko laguntzak arautzen dituen apirilaren 24ko 39/2007 Foru Dekretuaren lehenengo xedapen iragankorrarekin bat. Ondoren, I. graduko mendekotasuna duten pertsonek prestazio hori jasotzeko aukera izan dute.
Bidegabe jasotako zenbatekoak erreklamatzeari dagokionez, Diputatuen Kontseiluak apirilaren 8an emandako 24/2008 Foru Dekretuaren 14. artikuluarekin bat, Foru Erakundea legitimaturik zegoen edozein unetan prestaziorako eskubidea sortu duen egoerak aldatu gabe jarraitzen ote zuen egiaztatzeko, eta horrela ez bazen, zenbatekoa aldatu, prestazioa eten edo azkendu ahal izan zuen. Halaber, kasu horretan gertatu zen bezala, zenbatekoa itzultzeko eskatzea zuen, prestazioa bidegabe jaso zela ondorioztatuz gero.
Erakunde honek zera jakinarazi zion Arabako Foru Aldundiari: gure ustez, administrazio prozedura orokorrari buruzko legearen (hain zuzen, egintzei atzeraeragina emateko aukerari buruz, interesdunari ondorio mesedegarriak dakarzkiotenean, beti ere, egintzak eraginkortasuna izateko jarri den data berrian egitatezko baldintzak jadanik existitzen baziren) interpretazio zuzenak, prestazio desegoki horiek eskatzeko aintzat hartutako eragin data mendetasun gradu berria onartzeko datan jarriko luke, eta ez aurreko onarpena iraungi zenekoan. Ildo horretan, adierazi genuen ezinezkoa litzatekeela frogatzea eskatutako betekizuna berrazterketa izatez egin den unea baino lehen gertatu zela. Halaber, egokia iritzi genion behar gabe jasotako prestazioak itzultzeko eskatzen duten ekintza administrazio horiek ofizioz berrikusteari.
Era berean, zera adierazi genion Arabako Foru Aldundiari: pertsona horiei –gehienak diru-sarrera urriak dituzten eta jasotako prestazioak gastatu dituzten adinekoak, gaixotasun mentala duten pertsonak eta adingabeak– eragiten ari zitzaien kaltea ikusita, berrazterketa egiteko data iraungitzea gertatzen den hil berean finka zezala eta, edonola ere, argi eta zehatz azal zitzatela balio-epearen preklusiotik eratorritako balizko ondorioak. Hori guztia, administrazio baten jarduerarik ezak pertsona interesatuak kalte ez zitzan.
Foru Aldundiak aintzat hartu zuen gure gomendioa eta hainbat neurri hartu zituen, aurreko balorazioaren iraungitze-data eta mendekotasun-egoerari buruzko aitorpen berria emateko eguna bat etorrarazteko, prestazioa behar gabe jasotzea saiheste aldera. Jakinarazi zigunez, balorazioak iraungi aurretik komunikazioa bidaliko zuten. Ondorioz, pixkanaka-pixkanaka jaitsi egin zen gai horri buruzko kexen kopurua, eta nabarmen txikiagoa da sortzen ziren behar gabe jasotako prestazioen kopurua.
Espediente hori amaitu genuen, mendekotasun-gradua txikiagoa duten pertsonei prestazio ekonomikoak jasotzeko aukera eman dituzten araudi aldaketak ontzat emanez. Gradua mendekotasuna baloratzeko baremo berria aplikatzearen ondorioz txikiagotu zitzaien. Halaber, ontzat eman genituen prestazioak behar gabe jasotzea saihesteko hartutako neurriak.
Gainera, azpimarratu genuen oso garrantzitsua zela Foru Aldundiak eskatzen duen orori mendekotasuna baloratzeari buruzko espediente osoaren kopia bat ematea, eragindako pertsonek defentsa antolatzeko orduan izaten dituzten zailtasunak ikusita. Halaber, nabarmendu genuen komenigarria zela balorazioari buruzko irizpena mendekotasunaren aitorpenari eransteko aukera aztertzea. Gure ustez, konpondu behar den gaia da, eta aztertu beharko litzateke mendekotasunari buruzko aitorpenetan oro har aplikatzea.
2.2. Beste kexa baten arrazoia egoitza publiko batean jasotako arretarekin desadostasuna izan da. Ondorioz, interesatuak uko egin zion esleitutako leku publikoari. Kexa aztertzean, egiaztatu genuen Bizkaiko Foru Aldundiak behar bezala erantzun ziela familiak aurkeztutako kexei. Arartekoaren iritzian, Foru Aldundiak arrazoizko epean jardun zuen, gehiegi luzatu gabe zentroan elkarrizketa egin zen eta idatzizko erantzuna eman zen salatutako arazoen gainean. Era berean, egoitzaz aldatzeko prozeduraren nondik norakoei buruzko azalpenak eman ziren.
Ama ondo egoteak familia kezkatzea ulergarria bada ere, gure iritziz, Foru Aldundiak erantzun zien familiakoen zalantza eta zailtasunei, eta administrazio eskudunak egindako jarduerek erakusten dute familia horren amak zituen beharrei zein familiaren zalantza eta kezkei behar bezala erantzun zitzaiela. Hori dela eta, ez zegoen elementu sendorik eginkizunak bete ez zituela ulertzeko.
2.3. Izapidetu ditugun beste kexa batzuen arrazoia behar gabe jasotako prestazio ekonomikoak itzultzeko beharra izan da. Interesatuak prestazio bat (adibidez, baliaezintasun handiarena) aintzat hartu behar zenik ez zekielako, edota inguruabarrak aldatu ziren, eta hartzaileak halako aldaketa jakinarazi behar zuenik ez zekielako jaso da prestazioa. Legea ez ezagutzea legea ez betetzeko aitzakia ez dela alde batera utzita, kasu bakar batzuetan baino ez genuen herritarren fede gaiztoaren susmoa. Oro har, fede ona eta aldaketak komunikatzeko oinarrizko betebehar horiek daudela ez jakitea antzeman dugu.
Bete beharreko baldintzei buruzko informazio xeheagoa ematearen garrantzia helarazi diogu foru erakundeari. Era berean, esan genion espedienteak atzerapenik gabe berrikusi behar direla, haien egokitasuna aztertzeko, eta horrela, denbora pasa ahala, zorra pilatzea saihesteko. Halaber, interesatuaren oinarrizko bermea izateagatik, erreklamazio-prozedura izapidetzeko, dagokion araudia betetzeko beharra helarazi diogu. Kontuan izan behar da zenbatekoaren aldaketa (berariazko araudia duena) ez bezalako ekintza administratiboa dela. Gainera, erreklamazioa preskribatzeko aurreikusitako araubidea hartu behar da kontuan. Azkenik, gure ustez, kasu horietan, zorra itzultzeko erraztasunak eman behar dira, horren zenbatekoa zordunaren egoeraren arabera zatikatu ondoren.
2.4. Beste kexa batek mahai gainean jarri du adostasunik eza, udal batek ezezkoa eman baitio familiako bati, espediente baten inguruko informazioa eskatu duenean. Hain zuzen, mendetasun-egoera aitortzetik eratorritako prestazio ekonomikoekin loturiko espedientea izan da. Kexa aztertu ondoren, ondorioztatu genuen herri-administrazioetako erregistro eta artxiboetan sarbidea izateko eskubidea interesatu izaera duen pertsonari ez beste inori dagokiola, kasu horretan, familiakoa ez zela interesatua. Laburbilduz, gure ustez, eskatutako informazioak ez zuen eraginik kexagilearen eremu juridikoan eta ez zuen ondoriorik bere eskubideetan; halaber, ez zen nahikoa, jurisprudentziaren arabera, ondorio hipotetikoak ekarri ahal izatea. Hortaz, eskatutako informazioa bideratzeko eskaerari ezezkoa ematea Zuzenbidearekin bat zetorrela ulertu genuen.
3. Araudi- eta gizarte-testuingurua
Lehendabizi, urriaren 6ko Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren prestazio eta zerbitzuen zorroari buruzko 185/2015 Dekretua onartzea aipatu nahi dugu. Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren prestazio eta zerbitzuen zorroa ezartzeak gizarte-zerbitzu eta -prestazioetarako eskubide subjektiboaren edukia zehaztea dakar ondorioz. Zerbitzu eta prestazio horiek Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 5eko 12/2008 Legean aurreikusita daude, eta 2016ko abenduaren 26tik aurrera eskatu ahal izango da lege hori betetzea. Legean zehaztu da, besteak beste, prestazio edo zerbitzuaren izaera, xedea, hartzaileak, laguntzetako bakoitza lortzeko baldintzak, eta hura erabiltzeagatik tasa ordaindu behar den edo ez.
Lurraldean oreka handiagoa lortzeko, erakunde honek askotan eskatu duen bezala, Zorroaren xedea da administrazio bakoitzak dituen eskumenak eta pertsonen beharrak bateratzea, berdintasun-printzipioa bete dadin, eta, era berean, Erkidego osoan behar berdinei erantzun homogeneoak eman daitezen. Helburua Euskadiko gizarte-arreta homologatzea da, gaur egun, desberdina baita Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan.
Halaber, Eusko Jaurlaritzak onartutako Gizarte Zerbitzuen Plan Estrategikoa 2016-2019 aipatu dugu. Helburua gizarte-zerbitzuen euskal sistema prestazio, zerbitzu eta ekipamenduek (titulartasun publikoko zein pribatu itunpekoek) osatutako erantzukizun publikoko sistema edo sare unibertsal gisa finkatzea da. Sare horretan, ekimen publikoa eta soziala nagusituko litzateke, eta horri esker, Zorroan zehaztutako Euskadi osoan zerbitzu eta prestazio ekonomiko berdinak lortzeko aukera bermatzeko nahikoa leku eta profesional egongo lirateke. Horretarako, zerbitzu edo prestazio ekonomiko bakoitza emateko eskumen zuzena duen administrazioak nahikoa baliabide ekonomiko, leku eta profesional izan behar ditu beharrizanen bilakaerari aurre egiteko, eta zehazki, sistemako zerbitzu eta prestazio ekonomikoen eskaerari erantzuteko, bai eskaera hori erakundeetara eraman bada, bai horiek identifikatua izan bada.
Plan estrategikoak jasotzen dituen mapan eta txosten ekonomikoan zenbatetsi dira, alde batetik, 2017an eskainiko diren lekuak, eta hala badagokio, zerbitzu eta prestazio ekonomiko bakoitzeko arreta-orduak, eta bestalde, horretarako behar den gastu publiko arrunta. Halaber, ezartzen ditu gizartearen beharrizanak neurtzeko diagnostikoa, horien bilakaerari buruzko pronostikoa, baita ildo estrategikoak, helburuak eta plana burutzeko egokienak diren jarduerak ere.
2015. urtean ere, Gipuzkoako Foru Aldundiak gizarte-zerbitzuen mapa egin du. Bertan azaltzen den zerbitzu eta prestazioen ibilbide-orria osatu behar izango da, adinekoen (besteak beste) eskaera soziala asebetetzeko. Mapak erakutsitako gabezietako bat, desoreka izan da, hain zuzen, zerbitzu batzuen eskaintzari dagokionez, eskualde batetik bestera alde handia nabaritu da. Gainera, mapa horrek EAEko eremuan ezarritako planifikazioa zehaztu eta Gipuzkoako errealitatera egokitu egiten du. Lortu nahi diren estaldurak zehazten dituenez, EAEko Gizarte Zerbitzuen Plan Estrategikoan eranskin gisa jaso da, EAEko esparruan ezarritako irizpide orokorrekin bat.
Beste araudi-berrikuntza bat Diputatuen Kontseiluak ekainaren 2an onartutako 32/2015 Foru Dekretua izan da, Arabako Lurralde Historikoko osasun eta gizarte arloko egoitza-unitaterako sarbidea arautzen duena. Sarbidea arautzeaz gain, zerbitzua eskaintzeko baldintzak ere jasotzen ditu. Baliabide hori aldi baterakoa da eta egonaldia gehienez ere 12 hilabetekoa izan daiteke. Alta klinikoa jaso ondoren osasun eta gizarte arloko laguntza jasotzeko beharrizan handia duten pertsonei zuzenduta dago.
Halaber, Gizarte Zerbitzu eta Berdintasunerako Estatuko idazkariaren 2015eko azaroaren 3ko ebazpena aipatzen dugu. Horren bidez, argitaratu da Gizarte Zerbitzuen Lurralde Kontseiluaren eta Autonomiaren Aldeko eta Mendekotasunaren Arretarako Sistemaren arteko Akordioa, Autonomiaren Aldeko eta Mendekotasunaren Arretarako Sistemaren barnean dauden zentroak eta zerbitzuak egiaztatzeari buruzko 2008ko azaroaren 27ko Akordioaren zati bat aldatzen duena. Ebazpen berean, giza baliabideei buruzko eskakizun eta estandarrak ezarri dira, zerbitzua behar bezala ematea bermatzeko. Izan ere. kontuan hartu da profesionalen kopurua eta lanpostua betetzeko prestakuntza eguneratua izatea.
Eusko Jaurlaritzako Gizarte Zerbitzuen Zuzendaritzak erregistro bat sortu du, pertsona guztiek izena ematea errazteko. 2015. urtean izena eman duten pertsonek jarraitu ahal izango dute lanean 2016eko urtarrilaren 1etik aurrera. Data horretaz geroztik, 2017. urtea amaitu arte izango dute epea, beren prestakuntza egiaztatzeko. Baliteke epe hori aipatutako bi egunen artean hasi diren prozesuak (lan-esperientzia egiaztatzeko) bukatu arte luzatzea. Epeak amaitu ondoren, lan egiten duten pertsona guztiei prestakuntzarekin loturiko baldintzak betetzea eskatuko zaie, hain zuzen, gizarte-erakundeetan mendekotasuna duten pertsonen osasun eta gizarte arloko laguntzaren inguruan, eta etxeetan daudenen osasun eta gizarte arloko laguntzaren inguruan.
Gizarte-zerbitzuen zuzendari eta gerenteen Estatuko Elkarteak 30 adierazle kontuan hartzen dituen DEC indizea 2015 (Gizarte Zerbitzuen Garapenaren indizea) argitaratu du. Adierazleen artean, besteak beste, honako hauek daude: zerbitzuen estaldura, gastua biztanleko eta Gizarte Zerbitzuen Sistema Publikoaren barneko autonomia erkidego bakoitzak aitortzen dituen eskubideak. Dokumentu horretan jasotako ondorioa zera da: Espainiaren parte handi batean, ahula da Gizarte Zerbitzuen Sistema. Emaitzek berriz ere egiaztatzen dutenez, eskualdeen arteko ezberdintasunak ez dira gutxitu eta muturrekoak izaten jarraitzen dute, prestazio eta zerbitzuen estaldurari buruzko adierazle gehienetan. Euskal Herriari dagokionez, salbuespenak salbuespen, adierazleak hobeak dira Estatuko beste toki batzuetan baino, eta nabaritzen da inbertsioa eta arlo horretarako bideratzen den aurrekontuaren portzentajea, beste erkidego batzuekin alderatuta.
Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak Euskadiko 2015-2020rako Zahartze Aktiboaren Estrategia landu du.Bertan jaso da estrategiaren kontzeptu-esparrua eta oinarri hartu dituen printzipioak: duintasuna, autonomia, parte-hartzea eta erantzukidetasuna. Estrategia hiru arlo handitan egituratzen da: gizartea zahartzera egokitzea eta gobernantza-eredu berri bat; aurrerapena eta prebentzioa hobeto zahartzeko; adiskidetasunezko jarrera eta parte-hartzea ongizatearen gizartea eraikitzeko garaian. Estrategia prestatzeko aintzat hartu da 55 urte eta hortik gorako pertsonen bizi-baldintzei buruzko azterlana, adinekoen eguneroko bizitzaren alderdiak identifikatzeko eta beren beharrizanak ezagutzeko helburuz Estrategiaren oinarri hartu dena. Hori guztia, etorkizuneko belaunaldien beharrak eta jarrerak aurreikusi ahal izateko.
Nazioarteko mailan, Europar Batasunak (EB) eta Nazio Batuen Europarako Batzorde Ekonomikoak (United Nations. Economic Comission for EuropeUNECE) zahartze aktiboaren ranking-a, Active Ageing Index (AAI) argitaratu dute. Horren bitartez, besteak beste, honako alderdi hauek neurtzen dira: enpleguari eustea, gizartean parte hartzea eta Europar Batasuneko adinekoen autonomia sexuaren arabera. Estatu batetik bestera alde handiak erakusten dituzte jasotako datuek. Era berean, gauzatzen ari diren eta gauzatuko diren aurrerapenak ezagutzeko balio dute. Euskadi, sailkapen orokorrean, zazpigarren postuan dago, Europar Batasuneko 28 herrialdeen artean. Espainia (Euskadi kontuan hartu gabe) 17. postuan kokatu da.
4. Herritarren eskubideen egoeraren balorazioa
4.1. Aurten, zenbait aurrerapauso egin dira lurraldeen arteko desoreka saihesteko, eta horrela, EAE osoan prestazio eta zerbitzu berdinak eta antzeko arreta-maila eta estaldura eskaintzea bermatzeko, erakunde honek aspalditik eskatu duen bezalaxe. Modu oso positiboan balioetsi dugu Prestazio eta zerbitzuen zorroari buruzko dekretua eta gizarte-zerbitzuen mapa zein Gizarte Zerbitzuen Plan Estrategikoa onartzea, alde batetik, administrazioaren hiru mailen artean ados jartzea oso zaila izaten delako, eta bestaldetik, gizarte-zerbitzuen sistema homologatzeranzko bidean aurrera egitea onuragarria delako, eta onura horiek funtsezkoak dira, berdintasunerako eskubideari begira.
4.2. 2015. urtean bukatu da aurrekontu-oreka eta lehiakortasunaren sustapen neurriak bermatzeko uztailaren 13ko 20/2012 Errege Dekretu Legearen bidez onartutako etenaldia – I. graduko mendekotasuna duten pertsonak lanean hastearekin lotutakoa. Espainian, mendekotasun-graduren bat duten pertsona guztiak Autonomiaren Aldeko eta Mendekotasunaren Arretarako Sisteman daude eta mendekotasun-graduaren arabera pertsonari aitortzen zaizkien zerbitzu eta prestazioak jasotzeko eskubidea dute. Praktikan, etenaldi horrek ez zuen eraginik izan Euskadin, euskal herri-administrazioak, azkenik, babes-maila osagarriak ezartzeko aukeraz baliatu zirelako. Neurri hori mesedegarritzat jo dugu. Babes-maila osagarriak sustatzeko aukera horrek Sistemako osagai garrantzitsua izaten jarraitu behar du.
4.3. Nabarmendu nahi genukeen hobekuntzetako bat hauxe da: komenigarria izango litzateke balorazioari buruzko irizpena mendekotasunaren aitorpenari eransteko aukera aztertzea. Gure ustez, konpondu behar den gaia da, eta aztertu beharko litzateke mendekotasunari buruzko aitorpenetan oro har aplikatzea.
4.4. Adinekoen kopuruak gora egiteak hurrengo urteetarako planifikazio egokia eskatzen du, prestazio eta baliabideei dagokienez. Planifikazio horretan kontuan hartu behar da zentroa ohiko ingurunetik hurbil egotea, hurbiltasuna baita erabakigarria zainketa mistoak jasotzeko aukera izateko, eta gainera, gure Gizarte Zerbitzuen Sistemako funtsezko printzipioaren –ikuspegi komunitarioaren– oinarri ere bada.
4.5. Mendekotasun-egoeran dauden pertsonei autonomia eta laguntza emateari buruzko abenduaren 14ko 39/2006 Legea eta Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 5eko euskal 12/2008 Legea garatzeak eta aplikatzeak izan duten garrantziaz gain, aurrera egin behar da beste politika batzuetan ere, hala nola, bultzatu behar da arretaren kalitatea eta tratu ona, baita zahartze aktiboarekin loturiko jardueren kalitatea ere. Adinekoek gizarteari hainbat alorretan egindako ekarpena funtsezkoa da ezagutza eta esperientziaren igorpena, trebakuntza, sormena, etab. direla eta, baita senideak zaintzen eta laguntzen burutzen duten egiteko ukaezina ere. Politika publikoen bidez sustatu behar da adineko horien parte-hartzea, eta onartu behar da beren ekarpena gizartearen aldaketan. Halaber, merezi duten gizarte esku-hartzerako eta solaserako protagonismoa eta gaitasuna eman behar zaie. Euskadiko 2015-2020rako Zahartze Aktiboaren Estrategiak helburu horiek jasotzen ditu eta funtsezko tresna da gure adinekoen bizi-kalitatea hobetzeko eta gizartearen ongizatean izaten dezaketen ekarpena sustatzeko. Hori dela eta, beharrezkoa da baliabideak jartzea, estrategia hori gauzatzeko.
4.6. Kezka moduan azpimarratu nahi dugu bakarrik bizi diren adinekoen egoera –pertsona horiek ez dute gizarte- eta familia-sare nahikorik edo egokirik, eta batzuek ezgaitzen ez duen buruko arazoren bat dute. Pertsona horien ahultasunak gizarte eta osasun arloan esku hartzeko programak abian jartzea eskatzen du, kolektibo horren beharrizanak detektatzeko eta haiei aurre egiteko.
4.7. Konpondu beharreko gaiei dagokienez, lehentasunezkoak dira, gure ustez, esku-hartzea hobetzea (Arreta Pertsonalizatuko Plana edo Arreta eskaintzeko Banakako Programa), baita lehen mailako eta bigarren mailako arretako gizarte-zerbitzuei dagozkien eskumenak zeintzuk diren argitzea ere, alde batetik, arreta-ibilbidearen jarraitutasunaren, eta bestetik, erabiltzailearen, familiaren edo bere izenean diharduen tutoretza erakundearen parte-hartzearen arteko koherentzia bermatzeko. Horretaz gain, beharrezkoak izango dira aldizkako ebaluaketa eta berrikusketa egiteko mekanismoak, pertsonaren beharrak aldatu ahala, plan edo programaren egokitasuna egiaztatzeko. Horrekin batera, aukera eman beharko da programa aldatzeko, interesatuak berak edo bere legezko ordezkariek eskatuta. Arreta pertsonarengan jarrita duen planifikazioa, ikuspegi prebentiboa eta komunitarioa, eta arauditik eta nazioarteko akordioetatik eratorritako eskubideak aitortzea (desgaitasunen bat duten pertsonen eskubideak bezala), horrek guztiak esku-hartzea aurreko paradigma horien ikuspuntutik diseinatzera behartzen du.
4.8. Azterketa batzuen arabera, gizarte-zerbitzuetan inbertituz gero, % 40 itzultzen da aurrekontu ekitaldi berean. Gainera, helburua ez da bakarrik pertsonen eta familien oinarrizko betebeharrak asetzea, enplegua sortzeko ahalmen handia ere badu. Mendekotasun-egoeran dauden pertsonei eta zaintza eta gizartearen laguntza behar duten beste kolektiboei arreta emateko, ezinbestekoak dira langile egokiak, eginkizunak beharreko arretaz eta giza kalitatez betetzeko. Gizarte teknologikoaren garapenaren ondorioz, gero eta langile gutxiago behar dira hainbat produkzio-sektoretan, baina gizarte-arretaren sektorean eta hezkuntzan, prestakuntza eta prestakuntza egokia duten langile gehiago behar dira, gure gizartean baliotsuena den hori, hau da, pertsonak –eta horien artean, adinekoak– zaintzeko.
4.9. Lehentasunen artean, berriz ere azpimarratu nahi dugu herri-administrazioek konpromisoa hartu behar dutela arlo horretan lan egiten duten langile profesionalak prestatzeko eta beren prestakuntza egiaztatzeko, bereziki, aurretik aipatu ditugun lege-eskakizunak –prestakuntzari buruz– kontuan hartuta.
11. TALDE TERRORISTEN BIKTIMAK
1. Arloa zenbakitan
2015ean ez da jaso talde terroristen biktimen arloarekin lotutako kexarik.
2. Araudi- eta gizarte-ingurunea
2.1. Bake eta askatasunezko bizikidetzarako eskubidea. Parte hartzeko eskubidea
Uztailaren 29an onetsi zen 157/2014 Dekretua, Bake eta Bizikidetza Planaren Aholku Batzordea arautzen duena.
2013-2016 aldirako Bake eta Bizikidetza Planak batzorde horren sorrera aurreikusten du eta “erakundeen eta gizarte zibilaren arteko elkarrekintza sustatzeko” eginkizuna egozten dio.
Batzordearen osaketan, Eusko Jaurlaritzako, foru-aldundietako, euskal udaletako, Euskadiko Eskola Kontseiluko, UPV/EHUko, EITBko, Emakundeko eta Ararteko erakundeko zenbait sailek parte hartzea aurreikusita dago. Era berean, bakea eta bizikidetza sustatzen lan egiten duten elkarte eta erakundeetako ordezkariek hartuko dute parte, baita Terrorismoaren Biktimen Partaidetzarako Euskal Kontseiluko lehendakariak ere.
Arartekoaren ordezkari batek parte hartu du Bake eta Bizikidetza Planaren Aholku Batzordeak 2015ean egin dituen bileretan.
2.2. Memoriarako eta egiarako eskubidea
Terrorismoaren Biktimei Aitorpena eta Erreparazioa egiteko 4/2008 Legeak 7. eta 8. artikuluetan egiarako eta memoriarako eskubideak aitortzen dizkie terrorismoaren biktimei.
Manu horietan egiaren aitorpen publikorako eskubidea aitortzen da, eta EAEko botere publikoei berariaz agintzen zaie “bakean eta askatasunean oinarritutako elkarbizitza lortzen eta biolentzia erabat eta errotik deslegitimatzen lagunduko duen memoria kolektiboa finka dadin” sustatzeko.
Biktimek eurek zein biktimen elkarteek adierazi dutenez, biktimen lekukotasunen bidezko memoria giltzarri da terrorismoaren amaieran biktimen eskubideak errespetatu daitezen.
Hona hemen Memoriaren tratamendurako funtsezko tresnetariko bi, legez sortuak eta 2013-2016 aldirako Bake eta Bizikidetza Planean iraganaren kudeaketarekin lotutako ekimen gisa aurreikusiak: Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutua – Gogora– eta Terrorismoaren Biktimen Memoriala. Biak ere 2015. urtean gauzatu dira.
Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutua, Gogora, 4/2014 Legeak sortu zuen, eta Memoriaren egunean, azaroaren 10ean, inauguratu zen ofizialki. Bilbon du egoitza eta memoriaren arloko politika publikoak koordinatzeko ardura du. Oroitzapen, kontserbazio, ikerketa, prestakuntza, parte-hartze, hedapen, integrazio, kontsulta eta zabalkunde jarduerak sustatzen ditu.
Institutu hori hortxe egotea eta helburuak eta edukiak zehazteko garaian haren jarduketak adostasun soziopolitiko zabalean oinarrituta egotea funtsezko inguruabarrak dira memoriari buruzko politika publikoak biktimen eskubideak errespetatu ditzan.
Pozgarria da, halaber, ikustea nola azkenean ere abian jarri den Terrorismoaren Biktimen Memoriala, Terrorismoaren biktimak aintzat hartzeko eta haiei babes osoa emateko irailaren 22ko 29/2011 Legeak sortua, Terrorismoaren Biktimak Oroitzeko Zentro Nazional gisa. Lege horrek berorrek helburu hau esleitzen dio: “terrorismoari aurrea hartzea, terrorismoaren biktimek islatzen dituzten balio demokratiko eta etikoak zabaltzea, biktimen memoria kolektiboa eraikitzea, eta herritar guztiei kontzientzia harraraztea askatasuna eta giza eskubideak defendatzeko eta terrorismoari aurka egiteko”.
Memorial horrek Gasteizen du egoitza. Dagoeneko inauguratu dute, eraikina egokitzeko obrak hasi dira, eta “Terrorismoaren Biktimen Oroimenezko Zentroa” fundazioa eratu da. Fundazio horren patronatuan egongo dira, besteak beste, Estatuko Administrazio Orokorraren ordezkariak, Eusko Jaurlaritzaren ordezkariak, Nafarroako Foru Komunitatearen ordezkariak, beste erakunde batzuen ordezkariak eta terrorismoaren biktimen ordezkariak.
Hainbeste atzeratu den memorial hori abian jartzea oso garrantzitsua izango da, arestian aipatutako Gogora - Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuaren sorrerarekin batera, memoriaren arloko politika publikoak garatzeko.
Arartekoak azpimarratu egin du, bai terrorismoaren biktimentzako erakunde-arretari buruzko txostenean bai urteko txostenetan, EAEko udal askok oraindik ez dutela biktimen omenezko ekitaldirik antolatu, euren udalerrietan atentatu hilgarriak jasan dituzten arren.
“1960tik 2010era bitartean, euskal kasuan, bizitzeko eskubidearen aurka egindako urratzeen udal erretratuak, herriz herri” izeneko dokumentua prestatu du Eusko Jaurlaritzako Bakegintza eta Bizikidetzarako Idazkaritzak. Oso tresna garrantzitsua da terrorismoaren biktimak oroitzeko.
Dokumentu hori Memoriaren Mapa deituaren osagarri da. Memoriaren Mapa 2014an amaitu da, eta udalek bera erabili behar dute oroimenezko ekitaldiak antolatzeko, biktimak aintzat hartuta sentitu daitezen.
Abian jarritako tresnen arteko adostasun- eta koordinazio- irizpideetan oinarritutako memoria etiko baten bila egin beharreko urratsek terrorismoaren biktimak aintzat hartzeko balio beharko lukete; ez terrorismoaren biktimak bakarrik, baita beste indarkeria mota batzuen biktimak ere.
Aipagarria da, halaber, terrorismoaren biktimentzako ordaina adierazten duen eduki sinbolikoa edukitzeagatik, Iñigo Urkullu lehendakariak 2015eko ekainaren 5ean, Donostian, “Terrorismoaren biktimak eta gizartea” jardunaldian egindako hitzaldia. Bertan autokritikoa egin zuen “erakundeen arreta falta” dela eta, eta terrorismoaren biktimei barkamena eskatu zien arreta falta horrengatik.
“Okerren zuzenketak eta bakarkako zein taldeko barkamen eskeak bakezko eta bidezko elkarbizitza baterako duten esanahiaz jabetuta, konpromisoa hartzen dugu biktimen memoria eta ohorea albora ez uzteko, etorkizunari begira jarrita iragana ez ahazteko”, esan zuen lehendakariak.
Hauxe gehitu zuen: “Indarkeriaren amaierak ezin du berekin ekarri orria pasatzea gertatutakoaren gaineko argitasunik, aitorpenik eta berariazko kritikarik gabe. Gobernua indarkeriari edo giza eskubideen urratzeei buruzko edozein historia justifikaturen aurka dago eta beti egongo da aurka”.
Jardunaldietan parte hartu zuten 120 biktimek txalotutako hitz horiek gida moduan erabili behar dira EAEko erakundeek terrorismoaren biktimen memoriari buruz darabiltzaten politiketan.
2.3. Justiziarako eskubidea
Justiziarako eskubidearena terrorismoaren biktimen eta euren elkarteen aldarrikapen sakonenetarikoa izan da.
Erakundeek terrorismoaren biktimei ematen dieten arretari buruzko txostenean terrorismoaren biktimen hainbat lekukotasun jaso dira. Lekukotasun horietan “justiziaren beharrizana eta Zuzenbidezko Estatuak ondo funtzionatuko duen konfiantza” aldarrikatzen dira.
Eskubide hori aitortzen da Terrorismoaren Biktimei Aitorpena eta Erreparazioa Egiteko ekainaren 19ko 4/2008 Legearen 3. artikuluan. Lege horren zioen azalpenean bertan aitortzen denez, “eskumen-arrazoiak direla-eta, artikulu horrek bere edukia mugatzen du justizia-eskubidearen osagarrizko alderdiak arautzera, Autonomia Estatutuari baitagokio funtsean hori arautzea”.
Horren haritik azpimarratu beharra dago Gorte Nagusiek Delituen Biktimen Estatutuari buruzko apirilaren 27ko 4/2015 Legea onetsi dutela. Horrela lege-testu bakar batean batu nahi izan da “biktimen eskubideen katalogoa, batetik Europar Batasunak gaiari buruz eman dituen zuzentarauen transposizioa eginez eta bestetik Espainiako gizartearen eskari berezia jasoz”. Lege hori terrorismoaren biktimei aplikatuko zaie, besteak beste. Arau horrek zigor prozesuan eta zigorren betearazpenean parte hartzeko eskubidea aitortzen die biktimei.
Abenduaren 11ko 1109/2015 Errege Dekretuaren bidez lege hori garatu egin da.
Terrorismoaren biktimek justiziarako duten eskubideari dagokionez, elkarteek salatu egin dute, terrorismoaren biktimen zenbait elkartek sortutako Inpunitatearen Aurkako Behatokiak 2011n emandako txosten baten bitartez, hilketa terroristekin lotutako hirurehun kasu baino gehiago daudela ebatzi gabe, eta horietariko batzuk honezkero preskribatuta daudela.
Aldarrikapen hori planteatzen jarraitzen dute COVITE bezalako erakundeek. Hain zuzen ere elkarte horrek 2015ean aurkeztu du Agujeros del sistema. Más de 300 asesinatos de ETA sin resolver” izeneko liburua.
3. Jarduera-planaren esparruko bestelako esku-hartzeak
3.1. Elkarte eta fundazioekiko harremanak
Arartekoak betiere oso balorazio positiboa egin dio terrorismoaren biktimen elkarte eta fundazioek betetzen duten funtsezko eginkizunari, eta aitortu egiten du erakunde horiek ezinbesteko jarduletzat hartu behar direla biktimen eskubideen aldarrikapenean.
Funtsezkoa da, halaber, bizikidetzaren eta bakearen balioen alde lan egiten duten elkarte eta erakundeen jarduna.
Ararteko erakundearen ordezkariak terrorismoaren biktimen eskubideei buruz eztabaidatzeko edo pertsona horiei dagokienez politika publikoak gidatu behar dituzten printzipioak aldarrikatzeko egindako hainbat ekitaldi, foro eta mintegitara joan dira 2015ean.
Ararteko berriak, Manuel Lezertuak, terrorismoaren biktimengandik hurbil agertu da jendaurrean, eta kargua hartu eta gero biktimen aitormenez egin ditu bere lehenengo egintzetariko batzuk.
Ildo horretan bilera egin du María del Mar Blanco Terrorismoaren Biktimen Fundazioko lehendakariarekin. Elkarrizketa horretan biktimen intereseko gaiak jorratu ziren eta Arartekoak konpromisoa hartu zuen biktimen eskubideen defentsan lanean jarraitzeko. Fernando Buesa Fundazioko lehendakari Natividad Rodriguezekin ere bildu da Arartekoa, biktimen egoerarekin zerikusia duten gaiei buruz hitz egiteko.
Beste alde batetik, Arartekoa Fernando Buesa Fundazioaren XIII. Mintegian izan zen. “Hauxe zen bakea. Gizarteak trauma kolektiboaren ondoren” izenburuaren pean, urriaren 29an eta 30ean egin zen.
COVITEk antolatutako “Indarkeriazko erradikalizazioa, ETAren aurkako borrokatik terrorismo yihadistaren prebentziora” izeneko jardunaldietan ere izan zen, Donostian, azaroaren 26an eta 27an.
3.2. Lankidetza Herriaren Defendatzailearekin
Herriaren Defendatzailea terrorismoaren biktimen egoerari buruzko txosten bat egiten hasi da.
Ararteko erakundeak laguntza eskaini dio txosten hori egiteko. Gaian adituek ere parte hartuko dute txostenean.
4. Herritarren eskubideen egoeraren balorazioa
Poztu egin behar gara, 2011n ETAk indarkeriaren “behin betiko etena” iragarri zuenez geroztik jarduera terroristarik ez izateak berekin ekarri duelako 2015ean Euskadin herritarren bizitzarako, askatasunerako eta segurtasun pertsonalerako eskubidearen urratze bakar bat ere gertatu ez izana talde terroristen ekintzen ondorioz.
Terrorismoaren Biktimen Memoriala eta Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutua –Gogora– martxan jartzeak lagundu egingo du terrorismoaren biktimen memoriarako eta egiarako eskubideak eraginkorrak izan daitezen.
Halaber, Biktimen Estatutuaren onespenak bide emango du terrorismoaren biktimen justiziarako eskubidea nola gauzatu sakonago aztertzeko.
1 Termino horren bitartez ikuspegi zabala eman nahi zaie genero-identitatea bizitzeko modu desberdinei, genero hori jaiotakoan esleitutako sexuarekin bat ez datorrenean. Barne hartzen ditu bai sexua berriz esleitzeko medikuntza-prozesua burutu eta/edo hormona bidezko terapia egin nahi dituzten pertsonak, baita halako prozesurik gabe genero-identitatea beste modu batera bizitzea erabaki duten pertsonak ere. Gure ustez, haurrei edo adingabeei buruz hitz egiten dugunean, kontzeptu horrek hobeto deskribatzen du haurtzaroan eta nerabezaroan bizitzen den identitate-eraik
Arartekoaren jarduerak arreta publikoa behar duten taldeak babesteko