2. GIZA ESKUBIDEAK DEFENDATZEN DITUZTEN ERAKUNDEEN INGURUKO JARDUERAK
2.1. Herriaren Defendatzaileen Koordinaziorako XXX. Jardunaldiak
Julia Hernández jarduneko arartekoa eta Faustino López de Foronda erakundeko idazkari nagusia irailaren 18an Santanderren izan ziren, Herriaren Defendatzaileen Koordinaziorako XXX. Jardunaldietan parte hartzen. Etxebizitza publikoarekin zerikusia duten gaiak jorratu ziren batik bat.
Foro horretan biltzen dira urtero autonomia erkidegoetako herriaren defendatzaile guztiak eta Espainiako herriaren defendatzailea, honako helburu honekin: esperientziak eta ideiak trukatzea eta defentsa-erakunde guztien funtzionamenduari eta xedeei lotutako alderdiak elkarri adieraztea. Gainera, gai eta arazo komunez hitz egiten da.
Honatx mahai gainean jarri diren gai batzuk: etxebizitza izateko eskubidea Espainiako konstituzio araubidean, etxebizitza hutsak edo etxebizitza egokia izateko eskubidea. Horrez gain, urtean barrena egin diren prestakuntza-lantegietan ateratako ondorioak aztertu dira, azkenean botere publikoei helaraziko zaizkien zenbait hausnarketa eta proposamen egiteko.
Bere mintzaldian, Julia Hernández jarduneko arartekoak etxebizitza izateko eskubideaz hitz egin zuen, gainontzeko eskubideak (osasunerakoa, hezkuntzarakoa, e.a.) garatzeko eskubide objektibo eta oinarrizkotzat hartuta. Era berean, nabarmendu zuen etxebizitza publikoaren gaineko politika egokia egitea oso garrantzitsua dela bizitza duina izateko, eta botere publikoek neurri sendoagoak hartu behar dituztela etxebizitza duina izateko eskubidea bermatu nahi bada.
Herriaren defendatzaileen adierazpena, Espainiako etxebizitza publikoari buruz
Espainiako Herriaren Defendatzailea, Andaluziakoa, Kataluniakoa (Síndic de Greuges), Galiziakoa (Valedor do Pobo), Kanarietakoa (Diputado del Común), Euskal Herrikoa (Arartekoa), Aragoikoa (Justicia), Valentziako Erkidegokoa (Síndic de Greuges), Gaztela eta Leongoa (Procurador del Común) eta Nafarroakoa (Arartekoa) Santanderren bildu dira, Herriaren Defendatzaileen Koordinaziorako XXX. Jardunaldietan. “Espainiako etxebizitza publikoa” gaia jorratu dute eta honako adierazpen hau zabaldu nahi dute:
ADIERAZPENA
1.Botere publikoek gure herrialdeko biztanleen arazo nagusietako bati erantzun behar diote, hain zuzen, etxebizitza duin eta egokia izan ez dezaketenen egoerari. Arazo hori nabarmenagoa egin da gure herrialdeak bizi duen krisi ekonomikoarekin.
Herriaren defendatzaileok gogorarazten dugu Konstituzioak, I. Idazpuruko (Herritarren eskubideak eta betebeharrak) 47. artikuluan eskubide konstituzionaltzat jotzen duela etxebizitza duin eta egokia eskuratzea, eta, horren arabera, gizarte estatuko botere publikoei dagokiela (1. artikulua) Estatuko nahiz erkidegoetako legegintza positiboaren bitartez eskubide hori bermatzea eta horri eduki zehatz bat ematea, administrazioan eta justizia epaitegietan eskatu daitekeena. Era berean, botere publikoei dagokie herritarren eskubide hori gauzatzeko baliabide nahikoak izatea, haien familia egoera eta egoera pertsonal eta ekonomikoa kontuan hartuta (Konstituzioaren 53. artikulua).
Horregatik, Estatuari eta autonomia erkidegoei eskatzen diegu eskubide konstituzional hori bermatzeko beharrezko legeria bultza dezatela eta, nork bere aurrekontuen bitartez, administrazio eskudunei baliabideak eman diezazkietela, eskubide hori behar duten herritarren alde gauzatzeko.
2. Herri administrazioei galdegiten diegu zabaldu eta sendotu dezatela alokatzeko etxebizitza publikoen multzoa.
3. Lurralde bakoitzean, honako gai hauei buruzko informazioa eta datu fidagarriak izan beharko lirateke: etxebizitzaren benetako beharra, etxebizitza babestuen prezioek etxebizitza libreenekin alderatuta izan duten bilakaera, alokatzeko etxebizitza publikoen multzoa eta, oro har, oinarrizko tresnak, etxebizitzaren inguruko politika publikoak diseinatzeko baliagarria izango den estatistika egin ahal izateko.
4. Etxebizitzen ehuneko jakin bat gorde beharra dago talde ahulentzat eta etxebizitzaren premiarik handiena dutenentzat.
5. Gure ustez, zuzenagoa da babes publikoko etxebizitzak aurrez ezarritako baremazio-sistema baten arabera esleitzea, ez zozketa bidez. Indartu egin behar dira etxebizitzak esleitzeko prozeduren publizitatea, gardentasuna, bizkortasuna eta eragingarritasuna.
6. “Hutsik dagoen etxebizitza” kontzeptua definitu eta arautu behar da, eta halako etxebizitzen zerrenda zuzen egitea bultzatu, hutsik dauden etxebizitza babestuak alokairu-merkatuan eskuragarri jartzea dinamizatu eta, hala gertatzen ez bada, jarduera publikoa burutzeko neurriak hartu.
7. Etxebizitza babestuen erregistroak ezarri behar dira, edo orain daudenak hobetu, etxebizitza guztiak inskribatuta egon daitezen. Erregistro horiek nahikoa datu izan behar dituzte etxebizitzen kopurua modu fidagarrian kontrolatzeko, eta, gainera, era homogeneoan diseinatuta egon behar dute autonomia erkidegoetan.
8. Etxebizitzarako laguntzei dagokienez, proposatzen dugu laguntza horiek berrazter daitezela eta horien kudeaketa hobetu dadila, iragarritako laguntzak ebaztean eta jada onartutakoak ordaintzean atzerapenik gerta ez dadin.
Alokairua sustatzeko, eraikinak birgaitzeko eta hiria onera ekarri eta berriztatzeko laguntzen sistema gauzatu behar da.
Etxebizitzaren arloko zerga-sistema hobetu behar da, eta pertsona batzuek, beraiei leporatu ezin zaizkien bat-bateko gertakariak direla eta, beren betebeharrei aurre egiterik ez badaukate, arindu egin behar zaie beren etxebizitzan bizitzen jarraitzeko egin behar duten ahalegina.
9. Lurzoruzko ondare publikoak erabili behar dira, eta aztertu behar da ea autonomia erkidegoek lurzoru publikoaren ondareak edo bankuak sor ditzaketen, horietan babes ofizialeko edo sustapen publikoko etxebizitzak eraiki daitezen.
10. Bankuak Berregituratzetik datozen Aktiboak Kudeatzeko Elkartea (SAREB) eta Etxebizitzen Gizarte Fondoa (FSV) etxebizitzaren merkatuko aktore gaituak dira. Gure iritziz, etxebizitzaren gaineko politikan kontuan hartu behar dira etxebizitzen poltsak, besteak beste, SAREB elkartearenak, finantza-erakundeenak eta FSVrenak.
Gerta litezkeen kasuen kopurua handitu behar da, eta baldintzak malgutu, beren etxebizitzak galdu dituzten pertsonek eta familiek Etxebizitzen Gizarte Fondoa elikatzen duten etxebizitzak eskuratu ahal izan ditzaten.
Era berean, topaketa horretan, herriaren defendatzaileen baterako adierazpen bat egin zuten, Europako errefuxiatuen krisiaren aurrean:
Espainiako Herriaren defendatzaileak eta autonomia erkidegoetako bederatzi defendatzaileek honako adierazpen hau sinatu dute gaur:
Aspalditxotik, gerrak, goseak, intolerantziak eta elkartasunik ezak dakarren zorigaitzaren zuzeneko lekukoa izaten ari da Europa. Pairamen horiek gure mugak etsi-etsian gainditzen ahalegintzen diren pertsonengan ikusten dira, baita beraien itxaropenak bidean barrena utzi zituztenen gorpuetan ere.
Egoera hori, gainditu beharrean, guztiz gaizkitu egin da, zenbait gatazka beliko hasi direlako. Gatazka horiek sortu dute jada II. Mundu Gerratik Europak bizi izan duen errefuxiatuen krisirik handientzat jotzen dena.
Gauzak horrela, azpian sinatu dugun herriaren defendatzaileok ezin gara zirkinik egin gabe geratu ehunka milaka pertsonaren giza eskubideen kontra burutzen ari den atentatu horren aurrean. Horregatik, beharrezkoa eta gure betebeharra iruditzen zaigu:
1. Talde horiei gure elkartasuna eta konpromiso irmoa adieraztea, gure erakundeak beraien zerbitzura jarriz eta eskainiz, bide eragingarriak izan daitezen beraien eskubideak defendatzeko eta harrera egokia egingo dietela bermatzeko, batez ere adingabeei.
2. Oso-osorik berrestea Errefuxiatuentzako Nazio Batuen Goi Mandatariak Europako errefuxiatuen krisiaz egindako adierazpena. Horrela, bat egiten dugu nazioarteko erakunde horrek egindako deiarekin.
3. Europako eta Espainiako agintariei Europar Batasunaren Hitzarmenaren 3.5 eta 21. artikuluetan bildutako xedapenak gogoraraztea, Europar Batasunak munduko gainontzeko herrialdeekin dituen harremanei buruz eta nazioartean burutzen duen jarduerari buruz, horietan definitzen baitira politika eta ekintza komunetan oinarritzat hartu behar diren printzipioak, besteak beste, giza eskubideen eta oinarrizko askatasunen unibertsaltasuna eta zatiezintasuna sustatzea, pertsonaren duintasuna errespetatzea, berdintasun eta elkartasun printzipioak eta Nazio Batuen Gutuneko eta nazioarteko Zuzenbideko printzipioak errespetatzea.
Era berean, Europar Batasunak bere gain hartu dituen konpromisoak gogoraraztea: bakea iraunaraztea, gatazkak prebenitzea eta nazioarteko segurtasuna sendotzea helburu duten politika komunak zehaztu eta gauzatzea; lankidetza aldeaniztun sendoan eta mundu-gobernantza egokian oinarrituriko nazioarteko sistema bat bultzatzea; eta hondamen naturalei edo pertsonek sortutakoei aurre egin behar dieten biztanleriei, herrialdeei eta eskualdeei laguntzea.
Horrek guztiak xede jakin bat du: errefuxiatuek egindako eskaerei erantzutea, nagusiki Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsalaren 14. artikuluan eta Europar Batasunaren Oinarrizko Eskubideen Gutunaren 18. artikuluan ezarritakoaren babesean egin diren asilo-eskaerei.
4. Espainiako Gobernuari, autonomia erkidegoetako gobernuei eta toki erakundeei eskaera bat egitea, ahalik eta azkarren:
• Konpromisorik eta elkartasunik handienak bere gain har ditzaten, gerratik eta intolerantziatik ihesi datozen pertsonak berme osoz hartzeko
• Beraien artean, nazioarteko eta Europako erakundeekin eta herritarren elkarte eta taldeekin koordina ditzaten pertsona horien egoera larria arintzeko abiarazi behar diren aparteko ekintzak, jarduera komun guztiz eragingarriak ahalbidetuz
• Nazioarteko eta Europako erakundeei nahiz beste Estatu batzuei eska diezaietela politika komunak gara ditzatela berehala, errefuxiatuen jatorrizko Estatuetan sortzen diren arazoak eragingarritasunez konpontzen laguntzeko, arazo horiexek eragin baitute migrazio-krisia.
5. Eskerrik onena erakuts diezaietela gizarteko hainbat sektoretan gauzatzen ari diren elkartasunezko ekimen ugariei, eta, aldi berean, animatu ditzatela gizarte osoa oro har eta enpresa-taldeak eta baliabiderik gehienak dituztenak bereziki, ahal duten neurrian, era koordinatuan lagundu dezaten herritarren talde horiek dituzten behar izugarri eta presakoak asetzen, batik bat ostatu, osasun eta elikadura arloetan.
2.2. Nazioarteko harremanak
2.2.1. Ombudsmanaren Iberoamerikako Federazioaren (FIO) emakumearen defentsa-erakundeen sarearen Europako eskualdeak egindako topaketa
Espainiar estatuko, Andorrako eta Portugaleko herriaren defentsa-erakundeetako zenbait kide Gasteizen elkartu ziren ekainaren 25 eta 26an, genero indarkeriaren egoera eta botere publikoek arlo horretan abiarazi dituzten neurriak aztertzeko.
Lansaioa 25ean hasi zen. Topaketako parte-hartzaileek arretaz jorratu zituzten lurralde ezberdinei dagozkien estatistika-datuak, baita ere botere publikoen erantzunetan antzeman diren gabezia nagusiak eta jarduera egokiak.
Hurrengo egunean, Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko lehendakariak harrera egin zien topaketan parte hartuko duten ordezkari batzuei. Gero, topaketaren egoitzan mahai-inguru bat egin zen, parte-hartzaile hauekin: Ana Alberdi Emakundeko idazkari nagusia; Miren Ortubay EHUko Zigor Zuzenbideko irakaslea eta María de Maeztu Forum Feministako kidea; Eva Silván Save the Childrenen Euskadiko ordezkaria; eta María José Barbarín Urquiaga Gipuzkoako Auzitegiko Lehen Ataleko magistratua (atal hori emakumearen kontrako indarkerian espezializatua dago) eta Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren Genero Indarkeriaren Behatokiko Adituen Batzordeko kidea.
Mahai-ingurua bukatutakoan, Julia Hernándezek arartekoaren ondokoa eta Emakumearen Defentsa-erakundeen Sareko Europar Eskualdeko koordinatzailea baita jardunaldietan ateratako ondorioak eta defentsa-erakundeen adierazpena aurkeztu zituzten.
2.2.2. Ombudsmanaren Iberoamerikako Federazioaren (FIO) urteko batzarra
Arartekoaren ondokoak FIOren XX. Batzar Nagusian eta Nazioarteko Biltzarrean parte hartu zuen, Montevideon (Uruguai). Aurten informazio publikoa eta gardentasuna lortzeari buruzkoa izan da.
FIOn biltzen dira Iberoamerikako edo Latinoamerikako herrialdeetako herriaren defentsa-erakundeak, baita ere Espainia, Mexiko eta Argentinako autonomia erkidegoetakoak edo estatukoak.
Biltzar horren esparruan, FIOren Emakumeen defentsa-erakundeen Sarea ere bildu zen, eta Julia Hernándezek parte hartu zuen. Emakumeen sexu- eta ugalketa-eskubideak jorratu ziren, batik bat abortu eskubidea, eta adierazpen bat sinatu zen, hauxe gogorarazteko, besteak beste: eskubide horiek giza eskubideak direla eta, beraz, pertsonek berezko dituzten ahalmenak, eta, horrexegatik bete, babestu eta bermatu behar dituztela estatuek, inolako bereizketarik egin gabe.
Ararteko erakundea sare horren Zuzendaritza Batzordeko kidea da, espainiar estatuko autonomia erkidegoetako herriaren defendatzaileen ordezkari baita, eta 2014an Julia Hernández arartekoaren ondokoa izendatu zuten sare horren koordinatzaile Europarako.
2.2.3. PRADPIren Nazioarteko III. Kongresua
Alcala de Henaresen urriaren 2an ospatu zen PRADPIren (Iberoamerikako Herriaren Defendatzaileen Laguntzarako Eskualdeko Programa) Nazioarteko III. Kongresua. Kongresu horretan, Latinoamerika eta Espainiako herriaren defendatzaileek, unibertsitateko irakasleek, GKEetako eta nazioarteko organismoetako arduradunek eztabaida egin zuten gaur egungo egoeraz eta ahultasun egoeran dauden kolektiboen eskubideen etorkizuneko ikuspegiaz eta batez ere gai honetan Ombudsmanak duen zereginaz.
PRADPI Alcalako Unibertsitatearen proiektu bat da, 2001etik Ombudsmana eta FIO (Ombudsmanaren Iberoamerikar Federazioa) indartzeko lan egiten duena, baita mundu osoan Zuzenbideko Estatua, demokrazia eta giza eskubideak egonkortzeko ere.
FIOk, osatzen duten erakundeak bezala, duela urte batzuk ahulgarritasun egoeran dauden kolektiboen babesari arreta berezia eskaintzen die, normalean euren eskubideen berme egoki eta eraginkorra lortzeko zailtasun handiagoak dituztenak ohiko babes bideetan.
Nazioarteko III. Kongresu honekin, PRADPIk gaur egungo egoerari buruzko eta kolektibo hauen eskubideen etorkizunari buruzko eztabaida berrartu nahi zuen, batez ere gai honetan Ombudsmanaren paperari buruz. Guzti hori defendatzaileen titularren eta funtzionarioen, komunitate akademikoaren eta beste organismo publiko eta pribatuen ordezkarien arteko hizketaldiko ikuspuntu akademiko eta praktiko batetik, kolektibo hauen eskubideen babes funtzioak ere egiten dituztenak.