1. FAMILIAK
Aurrekariak
Botere publikoek familiak babesteko duten betebeharrak Konstituzioaren 39. artikuluan du azken oinarri juridikoa. Halaber, Euskal Herriko Autonomia Estatutuak 10-39. artikuluetan dio familien babesa eskumen esklusibokoa dela, estatutu-arauak “komunitate-garapen, emakume kondizioaren arazo, eta haur, gazte eta hirugarren adinekoen aldeko politika” gisa definitzen dituen arloen barrukoa. Familiak, zalantzarik gabe, botere publiko guztien babes berezia behar du, pertsonen garapen osorako euskarri material eta afektiboa izatearen funtzio ezinbestekoa baitu, bai eta eginkizun kuantitatibo eta kualitatibo bat ere, adingabeei, adinekoei eta gaixotasunagatik edo mendekotasunagatik premia bereziak dituzten pertsonei arreta emanez betetzen duena.
Arartekoak, arlo honetan, familiak babesteko politika publikoak bultzatu eta indartu daitezen sustatzen du, familia- eredu askotarikoen garrantzia kontuan hartuta. Zuzenbideak aintzatetsiak ditu familia-ereduok, eta zenbait kasutan arreta berezia behar izango dute, beren funtzioak betetzeko behar dituzten prestazio guztiak erabateko berdintasunez eskuratzeko. Era berean, familiak babesteko politika publiko horiekin loturiko herritarren kexak bideratzen ditugu, baita horiei arreta eskaintzea helburu duen beste edozein jarduera publiko ere.
1. Arloa kopurutan
2015. urtean familien arloan 17 espediente kudeatu dira, batik bat gai hauekin lotutakoak: familien gaineko politika publikoak, administrazioaren funtzionamenduari eta prozedura administratiboa, eta lana, norberaren bizitza eta familia bateratzea.
2015eko abenduaren 31n, urte honetan zehar kudeatutako kexa espedienteen izapidetze egoera hauxe izan da, 2015. urtean jasotakoak eta 2015eko urtarrilaren 1ean abian zeudenak kontuan hartuta:
2. Kexarik aipagarrienak
2.1. Seme-alabengatiko laguntzak eta familiako bizitza eta lanekoa bateragarri egiteko laguntzak
Eusko Jaurlaritzak familiako bizitza eta lanekoa bateragarri egiteko ematen dituen laguntzei buruzko kexei dagokienez, gure iritziz garrantzi berezia duten bi kontu nabarmendu behar ditugu:
Alde batetik, kexa-espediente bat izapidetu dugu. Bertan, agerian jarri da familiako bizitza eta lanekoa bateragarri egiteko ekainaren 29ko 177/2010 Dekretuaren (martxoaren 17ko 31/2015 Dekretuak moldatu duenaren) 4.2. artikulua aplikatzearen balizko disfuntzioa, bigarren atalean berariaz salbuetsi baitu amatasunagatiko baimenaren aldian diru-laguntzak emateko aukera, zera ezarri duenean: “ezingo dira diruz lagundu amatasunagatiko edo aitatasunagatiko baimenarekin bat egiten duten aldiak”. Gure azterketaren pean dagoen kasuan, interesdunak lanaldi murrizketa zuen, eta adin txikiko semea zaintzeko jasotzen zuen laguntza jasotzeari uztea ekarri du xedapen horrek, bigarren semeaz erditu baita; izan ere, aipatu laguntza ez da bateragarria gozatu nahi duen amatasunagatiko baimenarekin, nahiz eta amatasunagatiko baimena lanaldi murrizketaren erregimenetik abiatuta gozatuko duen (lehenengo semea zaintzeagatik), eta Gizarte Segurantzaren prestazioa jasoz, murriztua hori ere, lanaldi osoarekin jarraituz gero jasoko zuenarekin alderatuta. Kontua Eusko Jaurlaritzaren balorazioaren mende utzi ostean, iruditu zaigu, kasu horretan araua hitzez hitz aplikatu bada ere, aipatu xedapena aurreikusi gabeko efektuak edukitzen ari dela kasu zehatzean. Efektu horiek direla-eta, zalantzarik gabe, arauzko xedapena amatasunagatiko bereizkeriazko efektuak eragiten ari ote den sakon aztertu beharrean gaude.
Bereziki aipatu beharreko beste kontu bat dakarkigu orain, haur baten amak erakunde honen aurrean azaldu zuena. Haurrak % 33ko ezintasuna dauka, II. mailako mendekotasun egoeran dago eta gaixotasun larria dauka. Bada, lanaldi murrizketa zela-eta Eusko Jaurlaritzatik jasotzen ari zen laguntzak mantendu nahi zituen amak, adin txikiko semea zaintzeko xedez lanaldiaren % 99 murriztu ondoren, haurra, gainera, minbiziak jo zuen-eta. Besteren konturako langilea da kexagilea, eta, semea zaintzeko xedez, lanaldiaren herena murriztu zuen 2007ko urrian. Ordutik, lanaldi murrizketa horri eutsi dio, Eusko Jaurlaritzak seme-alabak zaintzeko ematen dituen laguntzak jasoz. 2014ko apirilean, familiako eta laneko egoerak nabarmen aldatu ziren, semea minbiziak jota gaixotu zen-eta. Une hartan, minbizia edo bestelako gaixotasun larriren bat duten adin txikikoak zaintzeko xedez lanaldia murrizten duten gurasoentzat, adopzio-hartzaileentzat edo hartzaileentzat Gizarte Segurantzak ematen duen prestazio ekonomikoari heldu zion amak, eta % 66ra arte handitu zuen lanaldi murrizketa, tratamenduak iraun bitartean semea zaintze aldera. Guztia gehituta –hau da, aurreko % 33ko murrizketa gehituta–, % 99,99an murriztu zuen lanaldia. Egun hartatik, Gizarte Segurantzaren prestazioa jasotzen zuen, eta laguntza eskatzeko unera arte jasotzen zuen soldataren adinakoa zen prestazioaren zenbatekoa; hots, % 66ko lanaldiari zegokion soldata konpentsatzen zuen, aipatu prestazioari heltzeko murriztu zuen % 66ari, alegia. Ez zuen bere lanaldiaren % 100 osatzeko gainerako soldata (% 33) jasotzen, lanaldiaren jatorrizko murrizketa, % 33koa, mantentzen baitzuen adin txikiko semea zaintzeko. Gauzak horrela, interesdunaren ustez, eta lanaldiaren % 33ko murrizketaren ondoriozko sarreren galera zati batean konpentsatzeko xedez, seme-alabak zaintzea bateragarri egiteko laguntzak jasotzen jarraitu ahal izateko betekizunak betetzen zituen. Gainera, semeak, berau zaintzeko helburuz eskatu baitzuen kexagileak laguntza, hiru zirkunstantzia biltzen ditu, modu isolatuan diruz lagundu daitezkeenak, arau aplikagarriaren arabera (12 urtetik beherako semea edo alaba izan eta % 33ko urritasuna edukitzea, mendekotasun egoeran egotea eta osasun egoera larri-larrian egotea).
Hala ere, Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politika Sailak balioetsi zuen zirkunstantzia horietako batek ere ezin zezakeela, kasu zehatz horretan, eskatutako laguntza ahalbidetu, eta, beraz, atzera bota ziren eskabideak, arrazoi ezberdinengatik. Kasua xehetasunez aztertu ondoren, Arartekoak gomendioa bidali zion Eusko Jaurlaritzari (Arartekoaren 2015eko uztailaren 29ko Ebazpena), interesdunak adin txikiko semea zaintzeko xedez eskatu zituen laguntzen ukapena atzera botatzeko eskatuz, familiako bizitza eta lanekoa bateragarri egiteko ekainaren 29ko 177/2010 Dekretuaren II. atalaren babespean.
Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politika Sailaren erantzuna positiboa izan da. Sailak bere adostasuna agertu du, diruz laguntzeari dagokionean, laguntzak erregulatzeko dekretuak lanaldiaren gehieneko murrizketa zehaztu ez duela esatean. Ondorioz, aurrerantzean, 12 urtetik beherako seme-alabak zaintzeko lanaldi murrizketen barruan sartuko dira, Langileen Estatutuaren arabera, bai helburutzat legezko zaintza dutenak, bai minbizia edo bestelako gaixotasun larriren bat duten eta zaintzapean diren adin txikikoak zaintzeko direnak.
2.2. Familiako betebeharrekin zerikusia duten laneko baimenak
Era berean, laneko baimenak gozatzeari buruzko hainbat kexa eta kontsulta jaso ditugu, honako gaiekin zerikusia dutenak: ezkontideen eskubideak izatezko bikoteen eskubideekin parekatzea, seme-alaben zaintza, edo familiako beste betebehar batzuk, hala nola, eta gizonen kasuan batez ere, bikotekidearen erditzeko prestakuntzan laguntzea. Kasu askotan, eremu pribatuko kontuak izaten dira, eta erakunde honek ez du horien gaineko eskumenik. Hala ere, enplegu publikoaren eremurako ere planteatu dira. Kontua da haurrak eta nerabeak babesteko sistema aldatu duen uztailaren 28ko 26/2015 Legearen 3. azken xedapenak duela gutxi moldatu duen Langileen Estatutuko 37.3. artikuluak jorratu duela erditzeko prestatzeko teknikak egiteko baimenen kontua. Horren arabera, oro har onartu da erditu aurreko azterketak eta erditzeko prestatzeko teknikak egiteko eskubidea, aipatu eskubidea aitortu zaien langileen sexua berariaz aipatu gabe. Horrelaxe helarazi diogu eragindako erakundeari. Alabaina, erakunde publiko guztiek oraindik ere laneko baimen hori aitortzen ez dutela egiaztatu ahal izan dugu, seme-alaba edukitzekotan diren gizonei dagokienez.
2.3. Familia ugariaren titulua lortzeko legezko betekizunekin zerikusia duten arazoak
Foru aldundiek familia ugarien gaineko legedia aplikatzeko duten moduarekin zerikusia duten hainbat kexa jaso ditugu erakunde honetan. Legedia horrek ezarri ditu familia ugaritzat jotzeko betekizunak, familia horietako kideei onura ekonomiko zenbaitez gozatzea ahalbidetzeko xedez. Testuinguru honetan aipamen berezia merezi du, gure aburuz, herritar batek azaldutako kontua. Hiru seme-alabaren aita dibortziatua da bera, eta zaintza partekatuko erregimenean daude horiek. Bizkaiko Foru Aldundiak, dibortzioaren ostean eta familia ugariak babesteko azaroaren 18ko 40/2003 Legea aplikatuta, gurasoetako bat hautatzeko beharra jakinarazi dio kexagileari, familia ugariko kide izaten jarraitzeari begira, eta, ondorioz, beste gurasoa aipatu titulartasunik gabe geratuko dela adierazi dio, familia ugaritik kanpo geratuko litzateke-eta. Herritar horrek uste du gurasoetako bat familia ugaritik kanpo uztean ez direla kontuan hartzen zaintza partekatuko kasuko baldintzak, hiru seme-alabekin bizikidetza eraginkorra gertatzen baita. Familia ugariei buruzko aipatu estatuko legedia aztertuta, eta egia izan arren aipatu xedapenak seme-alaben eta gurasoetako baten arteko bizikidetza eraginkorra eteten den dibortzioen kasuan gurasoetako bat hautatu behar dela eskatzen duela, familia ugariko tituluan partaide izateari begira, erakunde honen iritziz ez da kontuan hartzen zaintza partekatua, bi gurasoekin jarraitzen baitute seme-alabek bizikidetza eraginkorra edukitzen. Horregatik, eta eremu horretan dagoen legezko hutsunearen aurrean, zaintza partekatuaren instituzio berri samarrari dagokionean, kasu horietan aipatu xedapena ez aplikatzeko aukera aztertu beharko litzatekeela uste dugu, eta bi gurasoen titulartasunari eutsi beharko litzaiokeela, familia ugariko kide izaten jarrai dezaten, familia ugariei buruzko aipatu legearen 2.1. artikuluan jasotako arau orokorra aplikatuz. Horrelaxe helarazi diogu Eusko Jaurlaritzari, familia ugarien tituluen kudeaketan eskumena duten foru erakundeek xedapen hori aplikatzeko irizpide homogeneoa formulatu dezan –kontuan hartuta, era berean, gurasoak banantzen diren kasuetan familiako harremanei buruzko ekainaren 30eko 7/2015 Legearen duela gutxiko aldarrikapenaren bidez Eusko Jaurlaritzak adierazitakoa-.
2.4. Seme-alabengatiko laguntzak jasotzeko betekizunak
Seme-alabengatiko laguntzei buruzko euskal legediaren babespean eskatu diren laguntzen ukapena dela-eta, kexak jasotzen jarraitu dugu 2015ean ere. Horietan guztietan, arazo formalak planteatu dira, funtsean, aipatu laguntzak eskatu ahal izateko eskatzen den dokumentazioari buruzkoak. Aurreko txostenetan jada, kasuistikaren eta erakunde honek gai horren gainean egindako balorazioaren gaineko azalpena eman dugu, interesdunei eman beharreko informazioan hobekuntzak proposatuz, Eusko Jaurlaritzako Zuzenean zerbitzuaren aurrean prozedura irekitzetik hasita.
Puntu horretan, aurreko urteetan egin dugun moduan, seme-alabak jaiotzeagatiko laguntzen emakida automatizatzeko egokitasuna berretsi behar dugu, eskaera-izapide baten mende egon beharrik gabe, gero eta konplexuagoa baita izapide hori interesdunentzat, eta, zalantzarik gabe, laguntza horiek jasotzetik baztertzen baititu, praktikan, laguntza horien onuradun izan daitezkeen pertsona asko.
3. Araudi- eta gizarte-testuingurua
Espainiar Estatuko eremuan, eta arauzko markoari dagokionez, familiei zuzenean eragiten dieten bi berritasun nabarmendu behar ditugu 2015ean: alde batetik, 2015eko maiatzaren 14ko Ministroen Kontseiluaren Akordioak onartutako Familiei Laguntzeko Plan Osoa 2015-2017, eta, bestetik, haurrak eta nerabeak babesteko sistema moldatu duen uztailaren 28ko 26/2015 Legeak familia ugariei buruzko gaietan burutu dituen aldaketak.
Familiei Laguntzeko Plan Osoari dagokionez, honakoak jaso ditu bere xedeen artean, bereziki aipagarriak izaki: familien babes sozial, juridiko eta ekonomikoan aurrera egitea, zahartzearekin eta jaiotza-tasa baxuarekin lotutako erronka soziodemografikoei aurre egitea amatasunari lagunduz, belaunaldi arteko eta familia barruko elkartasunari laguntzea, zaurgarritasun bereziko egoeran dauden familiei laguntzea, familiaren egoeran jatorria duten desberdintasunak erauztea. Horretarako, jarduteko ildo estrategiko batzuk aurreikusi ditu, eta, horietatik, honakoak nabarmenduko ditugu:
• Familien babes sozial eta ekonomikoa. Horretarako, enplegua, prestazio sozialak eta prestazio fiskalak sustatzeko neurriak hartzeko asmoa dago, bai eta familiei ekonomikoki zuzenean laguntzeko neurriak hartzekoa ere, edota familiak gizarteratzen laguntzeko zerbitzuak ematearekin, etxebizitzarekin eta hezkuntzarekin zerikusia duten neurriak hartzekoa.
• Kontziliazioa eta baterako erantzukizuna, lan merkatuarekin lotutako neurrien bidez, laguntza ekonomikorako eta zerbitzuetarako neurriekin, edota prestakuntza, informazio eta sentsibilizazioarekin.
• Amatasunari laguntzea, amatasunari zuzenean laguntzeko neurriekin, familiari laguntzeko neurri sozio-sanitarioekin, baita eremu judizialean eta haurrak babesteko eremuan ere.
• Gurasotasun positiboa, gurasoen erantzukizunen erabilera positiboa bilatzen duten neurriekin, hezkuntzaren, borondatezko prestakuntzaren eta gizarteratzearen bidez.
• Behar bereziak dituzten familiei laguntzea, familia ugariei, guraso bakarreko familiei eta urritasunen bat duten pertsonak dituzten familiei laguntzeko neurrien bidez, edota egoera gatazkatsuan dauden edo indarkeriaren biktima diren familiei laguntzeko prebentziozko eta esku-hartzeko neurrien bidez.
Estatuko plan horrek, era berean, familia politiken koordinazioa, elkarlana eta zeharkakotasuna bultzatzeko neurriak aurreikusi ditu. Erronka handia da hori, eremu horren gainean eragina duten herri-administrazio ezberdinek eraginkortasun maila altua lor dezaten eta familia guztietan eragin positiboa edukitzea ziurta dezaten.
Beste alde batetik, estatuko eremuari dagokionean ere bai, aipatu beharra dugu haurrak babesteko sistema moldatu duen uztailaren 28ko 26/2015 Lege berriak bosgarren azken xedapenean aldatu duela familia ugariak babesteko azaroaren 18ko 40/2003 Legearen 6. artikulua. Horrela, familia ugariaren tituluaren indarraldia hedatu egin da, familia ugariko partaide izateko legez ezarri diren adin irizpideak betetzen jarraitzen badu seme-alabetako batek gutxienez, oro har ezartzen den titulua baino azpirago dagoen tituluko partaide izateko baldintzak betetzen dituzten seme-alaba guztien kopurua izan arren. Familia ugarietako adin txikiko seme-alabek familia ugariko kide izaera ez galtzea da kontua, anai-arreba nagusiek familia ugariko partaide izateko ezarri den gehienezko adina gainditzen dutenean. Horrekin, aipatu familietako adin txikiko seme-alabentzako justizia eskaerari erantzun zaio. Onura batez ari gara, 2015eko urtarrilaren 1ean familia ugariaren titulua indarrean eduki duten familia ugari guztiei ere hedatu zaiena (atzeraeraginezko izaerarekin), haurrak eta nerabeak babesteko aipatu legearen bosgarren xedapen iragankorrarekin bat eginez.
Gainera, haurrak babesteko sistema moldatu duen uztailaren 28ko 26/2015 Legeak, Haur eta Nerabeentzako Bulegoaren txostenean sakontasun handiagoz aipatu dugunak, era berean, eta familiei dagokienez, laneko baimenen hedapena jaso du, etorkizuneko guraso biologikoak erditzerako presta daitezen eta etorkizuneko guraso adopzio-hartzaileek adopzioaren prestakuntza administratiboa eta burokratikoa egin dezaten.
Autonomia erkidegoaren eremuari dagokionez, familiei laguntzeko abenduaren 12ko 13/2008 Legeak itxuratu du familiei laguntzeko politika publikoetarako oinarriak finkatu dituen legezko eta arauzko markoa. Bertan, gai horren gaineko esku-hartze publikorako funtsak eta printzipioak zehaztu dira, arauzko garapenarekin osatuta. Arauzko garapen horrek arautu ditu seme-alabengatiko laguntzak, familiako bizitza eta lanekoa bateragarri egiteko laguntza ekonomikoak eta familiako errenta estandarizatzeko sistema.
2015ean, funtsean aldatu dira, Eusko Jaurlaritzaren bi dekretuen aldarrikapenaren bidez, familiei laguntzeko bi ildo nagusiak, hau da, seme-alabengatiko laguntza eta familiako bizitza eta lanekoa bateragarri egiteko laguntza deiturikoak. Bada, laguntza horiekin egokitu zaizkio familiei laguntzeko euskal laguntza guztiak errenta estandarizatuaren irizpideari. Familiei laguntzeko 13/2008 Legearen 6. artikuluan dago jasota errenta estandarizatuaren irizpidea, eta 2012an garatu zen, familiako errentaren estandarizazio sistemari buruzko uztailaren 24ko 154/2012 Dekretuaren bidez.
Horrela, alde batetik, familiako bizitza eta lanekoa bateragarri egiteko dekretua moldatu duen martxoaren 17ko 31/2015 Dekretuak aldaketa nagusi gisa sartu du familiako errenta estandarizatuaren irizpidea aplikatzea seme-alabak zaintzeko xedez eszedentzian edo lanaldi murrizketan dauden langileentzako laguntzen ildoetan, bai eta mendekotasun egoeran dauden edo osasun egoera larrian dauden senideak zaintzeko xedez eszedentzian edo lanaldi murrizketan dauden langileentzako laguntzetan ere, eta, bestalde, aipatu irizpidea aplikatu daitekeen laguntza ildo guztietara sartzeko atalase berberak egon daitezela ezarri du, hala nola, laguntzen onuradunei dagokien laguntzaren zenbateko zehatza zehaztuko duten alderdiak berberak izan daitezela. Hori guztia, familiei laguntzeko aipatu legearen 6.2. artikuluan ezarritakoa aplikatuta. Horren arabera, familia politiken eremuan familiako errentaren estandarizazio sistema bera ezarriko da homologoak diren laguntzentzat, bai eta sarbiderako atalase berberak ezarri ere, familia politiken markoan familiako errentaren estandarizazio sistema ezartzeari buruzko uztailaren 24ko 154/2012 Dekretuan aurreikusi den erregulazioari jarraiki.
Beste alde batetik, iaz ere adierazi genuen kontratazio egonkorrari laguntzeko eta langileen enplegagarritasuna hobetzeko neurriei buruzko abenduaren 20ko 16/2013 Lege Dekretuak, 1. artikuluaren bidez, hainbat aldaketa sartu zituela Langileen Estatutuaren Legearen testu bateginean, eta, era berean, aipatu legearen 37. artikulua ere aldatu zuela. Horrela, norberaren zaintzapean dauden seme-alabek 12 urte bete arte heldu ahalko diete langile guztiek familiako bizitza eta lanekoa bateragarri egiteko neurriei. Horrekin, parekatu egin dira besteren kontura lan egiten duten langileen eta enplegatu publikoen eskubideak, lana eta familia bateragarri egiteko eskubideei dagokienez. Sektore pribatuaren baitan besteren kontura lan egiten zuten langileek hautemandako alderaketa bidegabea gainditu zuen legezko erreforma horrek, aurreko urteetan erakunde honetan jasotako kexetatik ondorioztatu ahal izan genuen bezala.
Bada, aurreko moldaketaren harira, seme-alabak zaintzeko lanaldi murrizketetan edo eszedentzietan diruz lagundu daitezkeen egoeren edukia ere legezko marko berriari egokitu nahi izan dio Eusko Jaurlaritzak. Horren ondorioz, eta legezko zaintzagatik lanaldi murrizketari heltzen dioten langileentzat benetan eragingarria izan dadin egindako aldaketa, diru-laguntzen gehieneko mugak ere aldatu dira, aipatu dekretuaren 9. artikuluan aurreikusitakoak. Familiei laguntzeko legearen 4.e) idatz-zatian ezarritakoak gidatu du aipatu moldaketa. Idatz-zati horren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoko familia politikak eta marko horretan artikulatutako neurrien multzoak, beste xede batzuen artean, honakoa jarraitu behar dute: «emakumeek eta gizonek baterako erantzukizuna finkatu dezatela, adin txikiko seme-alaben zaintzaren eta heziketaren eremuan eta mendekotasun egoeran dauden pertsonen arretan batez ere». Hori guztia, Euskal Autonomia Erkidegoko familia politika gidatu behar duen funtsezko balioetako batekin bat eginez, hau da, emakumeentzako eta gizonentzako aukera berdintasunari eta bikoteko bi kideen arteko baterako erantzukizunari jarraiki, legezko testu beraren 3.1.d) idatz-zatian adierazi den bezala.
Bestalde, seme-alabak zaintzapean dituzten familiak babesteko laguntza ekonomikoei buruzko martxoaren 17ko 30/2015 Dekretuaren helburua da seme-alabak dituzten familiak babesteko laguntza ekonomikoen erregulazio berria egitea. Familiako errenta estandarizatuaren irizpidea laguntzen ildo guztietara (eta laguntza horien babespean diruz lagundu daitezkeen egoera guztietara, seme-alabak zaintzapean edukitzeagatiko laguntzen kasurako) hedatzeak gidatuko du, nagusiki, aipatu erregulazioa. 2015eko apiriletik aurrera jaiotako seme-alabei aplikatuko zaie aipatu dekretua. Seme-alabak kargura edukitzeagatiko laguntzei, erditzeagatiko edo adopzio nazional anizkoitzagatiko laguntzei eta nazioarteko adopzioagatiko laguntzei eragiten die horrek, eta ondorioak dauzka horien onuradunei dagokien laguntzaren zenbatekoan. Hori guztia, familiei laguntzeko 13/2008 Legearen 6.2. artikuluan ezarritakoa aplikatuta. Horren arabera, familia politiken eremuan familiako errentaren estandarizazio sistema bera ezarriko da homologoak diren laguntzentzat, bai eta sarbiderako atalase berberak ezarri ere, familia politiken markoan familiako errentaren estandarizazio sistema ezartzeari buruzko uztailaren 24ko 154/2012 Dekretuan aurreikusi den erregulazioari jarraiki. Erregulazio berriak, laguntzak justizia materialeko irizpide egokiago baten arabera banatzen dituen arren, familia bakoitzaren benetako errentaren egoera hartzen baitu kontuan, oro har -aurreko 255/2006 Dekretuan jasotako erregulazioarekin alderatuta- laguntzen zenbatekoak murriztea ekarri du, eta errenta ertain baxuei (urteko 20.000 eta 30.000 euroko errentei) egiten die kalte bereziki, egungo erregulazioa aurrekoarekin alderatuz gero.
Bestetik, era berean aipatu beharra dugu -euskal familia askotan itxuraz edukiko duen eragina dela-eta- Eusko Jaurlaritzak 2015ean aldarrikatu duen legea, hots, gurasoak banantzen diren kasuetan familiako harremanei buruzko ekainaren 30eko 7/2015 Legea. Xede bikoitza dauka legeak; batetik, adin txikiko seme-alaben interes gorena babestea, eta, bestetik, emakumeen eta gizonen berdintasuna sustatzea. Bada, legea gurasoen baterako erantzukizunaren printzipioaren bidez gauzatu nahi da, seme-alabak dituzten bikoteak banantzen diren kasuetan. Legez ezarritako aipatu printzipioak -besteren artean- zera dakar, organo judizialak zaintza partekatua hitzartzea seme-alaben zaintzaren erregimenari buruzko hitzarmenik ez dagoen banantze kasuetan, alde batek eskatzen badu eta adin txikikoaren interesaren aurkakoa ez bada, betiere legezko betekizunei jarraiki. Erakunde honek hainbat aldiz adierazi du horrelako erregulazio baten egokitasuna, bai haurren intereserako, bai emakumeen eta gizonen berdintasun erreal eta eraginkorra ziurtatzeko. Itxaropena dugu lege horrek agerian utziko duela tradizionalki emakumeek burutu duten zaintzaren balioa, gizonek ere berdintasun baldintzetan euren gain hartzen duten neurrian. Erronka handia da hori gizarte osoarentzat, lehentasunezko xede sozial, ekonomiko eta kultural gisa txertatu behar baitu familiako bizitza eta lanekoa bateragarri egitea.
4. Jarduera-planaren esparruko bestelako esku-hartzeak
2015erako egin genuen jarduera planaren markoari dagokionez, jarraian azalduko ditugu arlo horretan burututako jardunbide nagusiak. Funtsean, Eusko Jaurlaritzako Familia Politika eta Komunitate Garapenerako Zuzendaritzarekin edukitako harreman iraunkorrean daude ardaztuta, bai eta Arartekoaren Familiei laguntzeko politikak Euskadin: azterketa eta proposamenak txosten berezitik eratorritako jardueretan ere.
4.1. Arartekoaren Familiei laguntzeko politikak Euskadin: azterketa eta proposamenak txosten bereziaren segimendua
2015eko azaroan Arartekoaren aipatu Familiei laguntzeko politikak Euskadin: azterketa eta proposamenak txosten berezia Eusko Legebiltzarraren aurrean aurkeztu ondoren, bertan jasotako gomendioetako batzuen (xehetasun handiagoz aipatu genituen horiek iaz Eusko Legebiltzarrari aurkeztutako txostenean) eragina ezagutu nahi izan dugu, eta horren gainean duen jarrerari buruzko informazioa eskatu diogu Eusko Jaurlaritzari horretarako. Zehazki, eta, alde batetik, zaurgarritasun egoeran dauden familiei buruzko euskal marko juridikoa garatzeko gomendioak abiarazteko neurriak hartu diren jakin nahi izan dugu, bai eta erakundeen antolakuntza hobetzeari zuzendutako gomendioak abiarazteko neurriak hartu diren ere, familientzako informazio gailu integralak sortzeko asmoz foru aldundiekin elkarlanean aritzeari dagokionez, eta familientzako laguntza ekonomikoei buruzko hausnarketa estrategikoa zein egoeratan dagoen ere jakin nahi izan dugu. Beste alde batetik, Eusko Jaurlaritzak gurasotasun positiboa erabiltzea errazteko jarri dituen neurriei buruzko informazioa eskatu dugu.
Familietan eta haurtzaroan erakunde arteko inbertsiozko estrategia (udalen eta foru aldundien inplikazioarekin) egiteko proposamenari buruzkoa izan da Familia Politika eta Komunitate Garapenerako Zuzendaritzak igorritako erantzunaren alderdi aipagarriena. Horrekin, familiei buruzko euskal politikak gizarte inbertsioaren paradigmari egokitzea bilatu nahi da, bai eta pertsonek nahi duten seme-alaba kopurua eduki dezaten oztopoak ezabatzeari egokitzea eta haurren pobreziaren eta desberdintasunaren prebentzioari egokitzea ere. Hau da, Haurren eta Familien aldeko Herri Hitzarmena deiturikoa lortu nahi da. Garrantzitsua da, gure ustez, estrategia eta hitzarmen horien bidez biztanleria zahartzetik eta mendekotasun egoeran dauden pertsonak dituzten familietatik eratorritako beharrei ere adierazpena eta lekua egitea. Era berean aipatu da familiaren ongizateari zuzendutako baliabide eta prestazio guztiei buruz informatuko duen erakunde arteko atari publikoa sortzea estrategia horren markoan. Familientzako informazio gailu integralen eskariari erantzungo lioke horrek. Ondo baloratzen dugu erakunde arteko estrategiaren ekimena, baina garatu egin behar da oraindik. Halere, gure arreta bereganatuko du etorkizun hurbilean.
Gainerakoan, Eusko Jaurlaritzak gurasotasun positiboa sustatzeko eremuan hartutako neurrien inguruan informatu gaitu. Erakunde honek oso ondo baloratu du Eusko Jaurlaritza eremu horretan edukitzen ari den lidergo gaituaren zeregin nabarmena, albo batera utzi gabe Eusko Jaurlaritzak hautematen dituen erronkak, gaur arte artikulatutako programak gizarteko beste sektore batzuetara (herrietara, hirugarren sektorera eta hezkuntza eremura) hedatzeari dagokionean, edota erditu aurreko fasera hedatzeari dagokionean, eta, gizonak zaintza-lanetan modu aktiboan inplikatuz, familia barruko eta generoko indarkeriaren prebentziora hedatzeari dagokionean.
4.2. Bilerak elkarteekin
Beste urte batez, harremana eduki dugu Euskadiko familia aniztasunaren interesak ordezkatzen dituzten elkarte ezberdinekin. Horren bidez, euren lan ildo nagusiak, beharrak eta botere publikoei eskatzen dizkieten kontuak ezagutu ahal izan ditugu. Horien artean, honakoak nabarmendu ditzakegu: Hirukide Euskadiko familia ugarien elkartea, Sehaska guraso homosexualen elkartea, Isadora Duncan Guraso Bakarreko Familien Fundazioa eta Chrysallis adin txikiko transexualen familien elkartea. Azken elkarteari dagokionez, LGTBI pertsonei buruzko atalean aipatu ditugu horien eskariak xehetasun handiagoz.
4.3. Bilerak Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politika Sailarekin
2015ean, elkarlanezko harreman ona izan dugu Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politika Saileko Familia Politika eta Komunitate Garapenerako Zuzendaritzako arduradunekin eta teknikariekin, bai herritarrek aurkeztutako kexa-espediente batzuk izapidetzeko eta horien segimendua egiteko orduan, bai aipatu sailak duela gutxi aldatu dituen laguntzei buruzko dekretuak interpretatzeari eta aplikatzeari dagokionean. Puntu horretan, aipatu zuzendaritzak erakutsi dituen harmena eta prestasun ona nabarmendu nahi ditugu. Izan ere, hainbat bilera egin ditugu zuzendaritza horrekin, berak sustatzen dituen politikekin zerikusia duten kontu ezberdinen inguruan (LGTBI, aniztasuna, haurtzaroa, familiak). Xehetasun handiagoz aipatu ditugu gai horiek txosten honetako berariazko ataletan, bai eta Haur eta Nerabeentzako Bulegoaren txostenean ere.
5.Herritarren eskubideen egoeraren balorazioa
Familiei publikoki laguntzeak pertsonei euren giza garapenean eta euren eskubide indibidualen erabateko lorpenean laguntzea esan nahi du, gainera, gehien behar dutenak bereziki babestuz (adin txikikoak, adinekoak, gaixotasuna edo mendekotasuna duten pertsonak). Bada, agerikotasun horren aurrean, erakunde honen ustean familientzako laguntza ezinbesteko estrategia publikoa da gizarte estatuari eutsi ahal izateko, eta, beraz, krisi garaian inoiz baino gehiago, familia politikak dira gizartearen kohesioa bermatzeko eta pobrezia eta gizartearen desegituraketa saihesteko inbertsio publiko onena.
Horretarako, beharrezkoa da laguntza publikoetarako edo diru-laguntzetarako politikak aktibatzea, baina, batez ere, gero eta beharrezkoagoa da aldaketa kultural, sozial eta ekonomiko sakonak bultzatzea, gure jarduera ekonomikoan familien beharrak erabat txertatzeko ikuspegi berriak zabaldu daitezen. Pentsaerak aldatzeko prozesuetan buru izatera deituta daude botere publikoak, zaintzaren, etxeko lanen, atsedenaren, aisialdiaren, giza harremanen eta gizartean parte hartzeko beste modu batzuen (borondatezko edo ordaindu gabeko lanen) beharrezko eta nahitaezko espazioa -bai eta duten balio nagusia ere- aitor dadin gizartean. Bada, gero eta beharrezkoagoa gertatzen ari da denborak antolatzeko planteamendu orokor berriak azpimarratzea, lanak gure bizitzetan duen nagusitasuna zalantzan jartzeko, baina, halere, lan-bizitza edukitzea ahalbidetzeko, aldi berean, beharrizan pertsonalei eta familiakoei behar besteko arreta emanez.
Gainera, pertsonak zaintzeko eta artatzeko unean baterako erantzukizuna egotea nahitaezkoa da emakumeen eta gizonen berdintasun printzipioan, baina gizarte bateratzaile baterako oinarriak biziki garatzen baditugu bakarrik izango da bideragarria. Bestela, pertsonak zaintzeko eta artatzeko espaziorik uzten ez bada, giza ikuspegitik begiratuta bideragarria izango ez den gizarte eredua eraikitzen egongo gara.
Euskal herri-administrazioei dagokienez, beharrezkoa da pertsonen bizitzentzat gero eta eutsiezinagoa den eta gure gizarteen demografian zein gure bizi-kalitatearen hondamenean ageriko eragina duen eredua zalantzan jartzea. Horrek zera dakar, kontu horren gainean ardura gehien duten eragileen (hala nola, enpresen) sentsibilizazio sozialean lan egiteaz gain, kontu hori botere publikoko erakunde ezberdinen agenda politikoetan lehentasunezko gai gisa txerta dadila lortzea. Kontziliazioaren aldeko apustua zeharkakoa izan behar da, eta gure sistema ekonomiko eta politiko osoa busti behar du denborak banatzeko eta zaintzaren balioa handitzeko diskurtso berri batekin, pertsonak jarriko dituena, eta ez ekoizpena, gure arretaren erdigunean.
Erakunde honen ustez, honakoak dira, egun, euskal familientzako gairik premiazkoenak:
5.1. Honela laburtu daitezke familia guztien behar komunak:
- seme-alabak zaintzearekin eta familia barruko zaintzarekin zerikusia duten kostuei aurre egiteko baliabideak;
- lan eremuan, familia eremuan eta bizitza pertsonalean norberaren gain hartutako erantzukizunak bateragarri egiteko denbora eta zerbitzuak;
- informazioa, orientazioa eta aholkuak gurasoen eskumenak egoki betetzeko.
5.2. Familia barruko zaintzari lotutako kostuei aurre egiteko baliabide ekonomikoei dagokienez, beharrezkoa da erdigunean jartzea, baita ere, biztanleria zahartzearen eragina, inbertsio publikoa indartuz adinekoak eta mendekotasun zein urritasun egoeran dauden pertsonak dituzten familietan.
5.3. Seme-alabak dituzten familientzako laguntza ekonomikoen sistema sistema unibertsalerantz bideratu behar delako ideiari eusten jarraitzen dugu -hau da, errentaren mende ez dauden laguntza unibertsal zuzenen sistemarantz, nahiz eta errentaren arabera neurtu daitezkeen-, eta ez kenkari fiskaletan oinarritutako sistemarantz, egun gertatzen den bezala. Ahal den neurrian, laguntzak ofizioz emateko eta irekitzeko sistema automatizaturantz jo beharko litzateke, administrazio ezberdinen eskura dauden datuez eta dokumentazioaz baliatuz horretarako. Prestazioen kudeaketarekin zerikusia duten arazoetako asko (eskaera, dokumentazio egiaztagarria aurkeztea eta abar) konponduko lirateke horrela. Era berean, egoki deritzogu koordinazio sozio-fiskala indartzeko neurriak ezartzeari, bai eta ekimen pilotuen garapenean aurrera egiteari ere, horrela, horren inpaktua ebaluatu ahal izan dadin, eta familiei laguntzeko eredua unibertsal bihurtze aldera urratsak ematen jarraitzeko.
5.4. Etxeko, familiako eta bizitza pertsonaleko erantzukizunak bateragarri egitea errazteko neurriek euskal familien eskaeren erdigunean egoten jarraitzen dute, denbora behar baitute seme-alabak hazteko eta zaintza behar duten senideak zaintzeko, eta, bestalde, familiako kide ez-autonomoak behar bezala eta behar moten arabera -heziketa beharrak, laguntzeko beharrak, babes beharrak- artatzeko zerbitzuak ere behar dituzte, lan jarduerak iraun bitartean. Gainera, beharrezkoa da laguntza ekonomikoa ematea, bai denbora “erosteko” (eta familia sostengatzea eta horren ongizatea bermatzeko sarrerak jasotzen jarraitzea), bai zerbitzuak erosteko, estatuak zuzenean hornitzen ez baditu.
Horregatik, beharrezkoa da euskal herri-administrazioek are gehiago eta euren eskumenen neurrian lagundu dezatela, kontziliazioari laguntzeko programak, baimenak eta zerbitzuak indartuz edota areagotuz, horien eskaintza zabala ziurtatuz eta laneko sektore guztietara (publikoetara zein pribatuetara) malgutasun handiagoa hedatzea ahalbidetuko duten bideak esploratuz, lanaldia murrizteari eta berrantolatzeari dagokionean, eta lantokian bertan egoteko edo telelan denborei dagokienean, kontziliazioa errazteko xedez. Kontziliazioaren kostuak zati batean konpentsatzera bideratutako laguntza ekonomikoak hein bateko neurri aringarriak baino ez dira horiek jasotzen dituztenentzat. Horrekin guztiarekin, beharrezkotzat jotzen dugu maila ekonomikoari eta laguntzen unibertsaltasunari eustea, etorkizunean horiek areagotzeko joera egon dadila saiatuz, eta arauzko beharrezko aldaketak eginez, beste talde batzuk ere horien onuradun izan daitezen.
5.5. Gure ustez lehentasunezkoa da baliabide bereziak edo babesa behar dituzten familien errealitateak zehaztasunez identifika daitezela Euskadin, administrazio ezberdinek xedatutako neurrietarako eskubideen titularrentzat marko bateratua sortzeko xedez. Horixe da, adibidez, guraso bakarreko familien kasua; izan ere, erakunde honen iritziz, aitortza argiaz eta definizioaz gozatu beharko lukete, guraso bakarreko ereduan zein familia unitate sartzen diren zehaztasunez jakin ahal izateko. Zentzu horretan, komenigarria da familia kategoria ezberdinen xehetasunen erregulazioa egitea -familiei laguntzeko 13/2008 Legea garatuz-, euskal herri-administrazio guztiek berdin balioetsi ditzaten familia guztiak, zaurgarritasun egoera larriagoan dauden familiei kalte egin diezaieketen eta justifikatzen ez diren tratu ezberdintasunak gertatzea saiheste aldera.