12. OSASUNA
1. Arloa kopurutan
Aurten arlo honetan 113 kexa jaso dira guztira. Kexa horiek azpiarlotan sailkatu dira:
• Osasun laguntza ......................................................................33
• Erabiltzaileen eskubideak ........................................................32
• Administrazioaren funtzionamendua eta
prozedura administratiboa .........................................................26
• Itxaron zerrendak ....................................................................10
• Herritarren eskubideak .............................................................7
• Kontratazio-araubidea, ondarea eta
administrazioaren erantzukizuna ................................................3
• Beste alderdi batzuk .................................................................1
• Osasun publikoa ......................................................................1
Hauxe da arloko kexen estatistika-informazioa abenduaren 31n.
2. Kexarik aipagarrienak
2.1. Hautapena
Administrazio-egoera irregularrean dauden pertsonei buruzko kexa batzuetan antzeman dugu pertsona horiek osasun laguntza jasotzeko zailtasunak dituztela. Arazoak sortu dira, izan ere, egiaztapen egokia eskatu dutenean (normalean ekainaren 26ko 114/2012 Dekretuan ezarritakoa, Euskal Autonomia Erkidegoaren eremuan Estatuko Osasun Sistemaren osasun-prestazioak emateko araubideari buruzkoa edo Aseguramendu eta Kontratazio Zuzendaritzaren Jarraibideetan ezarritakoa) edo osasun zentro batera joan direnean laguntza eskatzera, legeak eskubide hori dutela berariaz ezarri duen egoeretan. Kexa horietako batzuen arabera, haurdunei laguntzeko oztopoak jarri dizkiete osasun-txartelik ez zutelako.
Kexa horiek erradiografia orokorra ez direla onartzen dugun arren, kexek bai erakusten dute aplikatu beharreko arauek interpretazio okerrak eragin ditzaketela batzuetan; hau da, Eusko Jaurlaritzako Osasun Saila, bide desberdinetatik, bezeroei arreta emateko zerbitzuetara, onarpen zerbitzuetara eta fakturazio zerbitzuetara helarazten ari den irizpideak betetzen ez dituzten interpretazioak sortzen dira zenbaitetan.
Ildo horretan, laguntza jasotzeko eskubidea aitortzeko eskabide guztiak formalki onartu behar dira, jatorria aurreikusi gabe, aplikatu behar den araudi konplexuaren eta askotarikoaren arabera xehetasunez aztertu daitezen. Ohar hori ezinbestean egin behar zela uste dugu, kexa batzuetan ahoz jakinarazi baita eskabidea ez zela onartzen; eta, ondorioz, kasu horietan ezin izan dira kexak aztertu.
Kexa hauek ez dira antzuak, gaur egungo arau esparruaren arabera pertsona horien osasun laguntzako beharrizanei eman behar zaien arretari lotutako prestakuntza eta informazio alderdiak azpimarratzeko kontuan hartzen baitira. Kexetan arazoak dituzten osasun zentroak zehazten badira, horrek aukera ematen du osasun laguntza jasotzeko irizpideen gaineko prestakuntza handiagoa behar duten lekuak zeintzuk diren jakiteko.
Larrialdietako arretei dagokienez, berriz ekarri da hizpidera gero nola fakturatu behar diren zerbitzu horiek. Ez dugu uste gaixotasun larria duen pertsonak larrialdiko osasun laguntza jasotzeko eskubidea duela ez jakiteagatik gertatu denik hori, baina agian fakturaren berri emateko modua hobetu behar da.
Kasu horietan, faktura ematen denean, eta bertan ezeztatu daitekeela jasotzen denean, osasun zentro batzuek fakturak ezeztatzeko informazio zehatza ematen diete pazienteei. Gure ustez informazio hori bera osasun zentro guztiek eman beharko lukete, horrela saihestu egingo litzatekeelako faktura bakarrik jasotzen duten pertsonek haien burua mehatxatuta sentitzea. Premiazko laguntza behar duten pertsonengan ez da atzerako eraginik sortzea behar.
Administrazio-egoera irregularrean dauden atzerritarrei arreta emateari dagokionez, berriz gogoratu behar da Arartekoaren irailaren 24ko Gomendio Orokorrean eskatu genuena, bertan azaltzen diren arrazoiak aintzat hartuta: ekainaren 26ko 114/2012 Dekretuan ezartzen den urtebeteko errolda-muga berrikusteko. Izan ere, muga hori berrikusten bada, Estatuko Osasun Sisteman aseguratuak edo onuradunak ez diren pertsonek osasun laguntza jaso ahal izango dute.
Konstituzio Auzitegiaren 2012ko abenduaren 12ko 239/2012 Autoa eman zenetik igaro den denboran ez da datu berezirik jaso, ez behintzat Auzitegi horrek 114/2011 Dekretuko 2.3. artikuluko etetea bertan behera uzteko oinarritzat hartu zituen inguruabarren gainean beste irakurketaren bat egiteko moduko daturik. Beste alde batetik, errealitateak erakutsi digu gaur egungo arauek laguntza-beharrizanak mugatuta dituztela oraindik.
2.2. Erabiltzaileen eskubideak
Kexa bat izan da mugaz gaindiko langile baten osasun laguntza jasotzeko eskubideari lotuta (mugaz gaindiko langilea da Batasuneko estatu kide batean lan egiten duena, besteren kontura edo bere kontura, baina beste estatu kide batean bizi dena, eta azken estatu honetara egunero edo gutxienez astean behin itzultzen dena), pertsona horrek arazoak izan dituelako Euskal Osasun Sisteman sartzeko.
Espainian ez bizitzea (egoitza herrialde mugakidean edukitzea) eta, beraz, gure autonomia-erkidegoan erroldatuta ez egotea berezitzat jotzen da Gipuzkoako enpresa batean lan egiten duen pertsona horrek Euskal Osasun Sistemaren/Osakidetzaren laguntza jaso nahi izatea.
Batasuneko araudian arau batzuk ezarri dira pazienteak Europar Batasunean zehar ibili ahal izateko baina osasun laguntza izango dutela bermatuz; arau horien bidez osasun laguntza emateko finantza-estaldura izango da, tartean dauden Batasuneko estatu kideak (laguntza bermatzeko eskumena duen estatua eta laguntza medikoa ematen duena) elkarlanean aritzeko tresnak daudelako. Arartekoaren iritziz, helburu horrekin ezarri den araudia gorabehera, mugaz haraindiko langileek osasun laguntza jaso beharko lukete, nahi izanez gero, lan egiten duten tokian bertan; hau da, osasun laguntza izateko eskubidea “sortzen” duten tokian. Hausnarketa hori Osasun Sailari helarazi diogu, aipatu aukera bidera daitekeen azter dezan.
Baliabideak antolatzeari eta horiek erabiltzaileen eskubideetan duten eraginari dagokionez, iazko txostenean daude jasota laguntza espezializatuko eskaerak, premiazkoak izan ez direnak, ukatzean Arartekoak zein jardun gauzatu zituen. Eskabideok lehen mailako arretan preskribatu ziren. Joan- etorrian dabiltzan pertsonak edo ohiko bizilekuaren herrialdetik kanpo dauden pertsonak sar daitezke egoera horretan, errolda aldatzeko eskatzen den denbora baino aldi laburragoan betiere.
Zoritxarrez, ez da onartu Arartekoaren 2014ko azaroaren 28ko ebazpena. Horren bidez, Osakidetzari gomendatu zaio laguntza espezializatua jasotzeko eskubidea duten pertsonen eskaerei erantzun diezaien, behin-behinean lekualdatuak dauden edo ez alde batera utzita.
Egoitza lurralde historiko jakin batean duten pertsona batzuk, batzuetan, beste lurralde bateko ospitalera joan behar dute. Eta badaude joan-etorri horiek egiteko laguntzak ukatzeagatik jarri diren kexak ere.
Ezin dugu ahaztu ez dela existitzen pertsona bakoitzaren bizilekutik hurbil dauden zerbitzuak sortzeko eskubide bat; gainera, hori ezin izango litzateke bideratu. Bestalde, zaila da modu objektiboan ebaluatzea aurreko kasu horretan zein distantzia hartu beharko litzatekeen kontuan.
Dena den, gaur egun indarrean dauden lekualdatzeetarako laguntzen arauen arabera (1/2007 Arau Orokorra), ez da berdina lekualdatzea autonomia-erkidego barruan egitea edo handik kanpora egitea.
Osasun Sailaren ustez ezarrita dauden irizpideak zuzenak dira, herritarra konpentsatu nahi dutelako behar den laguntza hori gure osasun zerbitzu publikoak (Osakidetzak) eman ezin duenean eta, ondorioz, gure laguntza-sistematik kanpo dagoen Estatuko Osasun Zerbitzuko zentro batera joan behar duenean. Kasu horietan bidezkotzat jotzen du galera ekonomikoa konpentsatzea.
Geure bitartekoekin laguntzarik eskaini ezin denean lekualdatzeen kostua konpentsatzea bada helburua, gure ustez komenigarria izango litzateke distantziari lotutako zuzenketa bat egitea. Gaur egun onartu egiten dira mugakide diren erkidegoetarako lekualdatzeen gastuak, baina Euskal Autonomia Erkidego barruko beste lekualdatze batzuen distantzia baino txikiagoa bada.
Arartekoaren 2015eko martxoaren 10eko ebazpena osasun laguntza jasotzeko joan-etorrien gastuei buruzko kexa baten gainekoa da. 1/2007 Arau Orokorrean aurreikusten den gaur egungo laguntzen sistema berrikusi dadin gomendatzeko oinarritzat hartu ditugun oharrak jasotzen dira kexa horretan, eta berrikusi behar direla uste dugu distantzia bereko joan-etorrietan tratu berbera eman beharko litzatekeelako. Gomendio hori ez da onartu.
Zerbitzu espezializatua eta ospitaleko zerbitzua aukeratzeko eskubideari dagokionez, eskubide hori behar bezala kontuan hartzen ez dela pentsatzeko datuak antzeman ditugu; batzuetan nahasi egiten dira bigarren iritzia jasotzeko eskaerekin. Bigarren iritzia jasotze aldera medikua aldatzeko interpretazio hori ez da arraroa, eta batzuetan baliagarria izan daiteke beste zerbitzu baten aurretiko diagnostiko batekin alderatzeko, edo hasiera batean aurreikusitakoaren ezberdina den tratamendu baten egokitasuna ebaluatzeko. Datu batzuek erakusten dute eskaera batzuk bigarren iritzi baten eskaeraren barruan sartuko liratekeela, eta ez ospitalea aldatzeko eskaeren barruan.
Aurreikusitako arrazoiengatik ezarpenaren aurreko diagnostiko genetikoa (EADG) egiteko baimenari buruzko kexa batean, ezezkoa eman da interesdunak ez zuelako bere maila genetikoa jakin nahi. Pazientearen ikuspegitik aukera hori legezkoa da, baina onartuz gero, genearen eramailea ez bada behar ez den diagnostiko-teknika (garestia gainera) aplikatuko litzaioke. Funtsean, horregatik eman zaio ezezkoa.
Ezin dugu esan erabaki arbitrarioa edo oinarririk gabea denik. Ez da segurua gurasoek gaixotasuna dakarren mutazio genetikoa seme-alabei eman diezaieketela, baina hori hartu da oinarri moduan. Gainera, horixe da EADG diru publikoarekin finantzatzeko irizpidea.
Kexa horrek eragin dituen zalantzen antzekoak azaldu ditu Ugalketaren Biologia Aztertzeko Elkarteak (ASEBIR), Huntington-en gaixotasuna izateko arriskua duten pertsonei diagnostiko genetikoa aplikatzeari lotuta. Dokumentuan jasotzen ziren azalpenak kontuan hartu ostean, dokumentua bera Osasun Sailari bidali genion, benetan jakiteko azalpen horien arabera finantzatzeko eskaeraren ebaluazio berria egin zitekeen.
Osasun arloko administrazioak jakinarazi zigun ASEBIRen txostena serioa eta interesgarria dela; seme-alaba osasuntsuak izateko nahia eta gaixotasun genetikoaren eramailea izan daitekeen maila genetikoa ez jakitea bateragarriak izateko bide batzuk eman ditu txostenean, baina amaieran azaltzen du proposatutako kasuan sakonago aztertu behar direla arazoak sortu dituzten printzipioak eta balioak, jardun zuhurrenak identifikatzeko behintzat.
Gure ustez kasu honek ez du behar Laguntza bidezko Ugalketako Batzorde Nazionalaren berariazko baimena, maiatzaren 26ko 14/2006 Legeak (laguntza bidezko giza ugalketako teknikei buruzkoak) ezarritakoa betez. Halaber, prestazio hori zerbitzuetara sartzeko ikuspegitik ere ez da horrelakorik behar, berez badago barruan eta. Horregatik, ASEBIRen aipatu dokumentuan azaltzen den analisiaren emaitzen kalterik gabe hartu beharko litzateke eskaera honen eta ager daitezkeen antzekoen gainean egoki den erabakia.
2.3. Osasun laguntza
Tratamendu jakin batzuk hartzearen zain dauden pertsonen egoera berriz agertu da jaso ditugun kexetan.
C hepatitisarentzako tratamendu berriei buruzkoak izan dira kexa batzuk; tratamendua jasotzeko atzerapenak pertsonaren egoera klinikoa kontuan hartu gabe gertatzen ari diren zen kezka. Kexetan azaldutakoaren arabera, tratamendua ez da ukatu; aitzitik, medikuak agindu duen tratamendua Birusen Kontrakoen Erabileran Lehentasunak Ezartzeko Estrategia Terapeutikoak ezartzen duen sarrera mailakatuan nola geratzen den zehaztu behar da. Sarrera mailakatuak, alabaina, ezin du inola ere atzeratu atzeraezina den tratamenduaren hasiera. Ikuspegi hori aintzat hartuta, Arartekoak estimatu zuen komenigarria izango litzatekeela medikuak pazientearen egoera klinikoa ebaluatzea, baina ezarrita dauden sartzeko irizpideen arabera. Horrela, kasu jakin horren ebaluazio zehatza egingo litzateke, eta Estrategian azaltzen diren zailtasunen barruan sartu ahal izango litzateke.
Kexa horiek erakutsi zuten informazio gutxi dagoela aplikatu beharreko protokoloen gainean. Informazioa eskatu genuen, eta honako erantzun hau jaso ostean, kaltetuei helarazi genien: ”C Hepatitisa duten pazienteen tratamenduko protokoloak dokumentu dinamikoak dira eta Adituen Batzordeak eta baita Osasun, Gizarte Politika eta Berdintasuneko Ministerioak eta baita Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eta Osakidetzak ere etengabe berrikusten dituzte; hortaz, maiz egokitzapenak eta aldaketak izaten dituzte. Espezialisten laneko dokumentuak dira, paziente bakoitzaren baldintza espezifikoetara egokitu behar direnak.”
Osakidetzak dinamismoa aipatzen duenean, eskatutako informazioari eragiten dion inguruabar gisa ulertzen duela ondorioztatu dugu.
Eta dinamismo horrek informazioa eskuratzeko eragin dezakeen zailtasunak atzerapen edo kautela batzuk azal ditzake. Horrela bada, arrazoizkoa dirudi informazioa protokoloan jasotzen den berezko zuhurtziarekin ematea, aldatzen joan daitekeelako. Baina gure ustez horrek ez luke justifikatu behar informazioa jasotzeko murrizketak egotea edo informazioa ukatzea.
Botiken prezioak eta finantzaketa ezartzeko tresnak ez dira bizkorrak eta, ondorioz, kaltetuta dauden pertsonek ez dute jasotzen aukera posibleen gaineko informazio arinagoa eta gardenagoa, erabilera errukiorraren gainean adibidez.
Uztailaren 26ko 29/2006 Legearen arabera (osasun produktuen eta medikamentuen garantiei eta arrazoizko erabilerari buruzkoa), botikak Estatuko Osasun Sisteman erabili ahal izateko Osasun Produktuen Espainiako Agentziaren (AEMPS) merkaturatzeko baimena eduki beharko dute; baina, horrez gain, agintzeko, banatzeko eta finantzatzeko baldintzak ezarrita izan beharko dituzte (finantzatutako prezioa barne).
Hori kontuan hartuta, Osakidetzak paziente bati jakinarazi zion medikuak agindutako botika (eskaeran azaltzen zena), Lenvatinib, Espainian ez zegoela baimenduta eta ezin zela merkaturatu; horregatik ez zuen finantzatzen Estatuko Osasun Sistemak.
AEMPSek botika hori baimendu bitartean, jakin nahi zuen botika erabilera-baldintza berezietan eskura zezakeen, ekainaren 19ko 1015/2009 Errege Dekretuan (egoera berezietan beharrezkoak diren botikak eskuratzea arautu duena) jasotzen den prozedura berezia aplikatuz. Ez zitzaion erantzunik eman. Arartekoak espediente horren gainean egin duen hausnarketa ondoko ebazpenean jasotzen da: Arartekoaren 2015eko abenduaren 3ko ebazpena, horren bidez Osakidetzari gomendatzen zaio interesdunari Lenvatinib botika eskuratzeko aukerari buruz eskatu duen informazioa emateko.
Tratamendu onkologiko jakin bati lotutako kasu batean ikusi dugu inguruabarrek tratamendua aplikatzeko atzerapena azal dezaketen arren ez liratekeela hartu behar nahikoa justifikazio moduan.
Osakidetzari bidalitako analisian adierazi dugu oinarrizkoa dela ebaluatzea zentroan bertan izandako atzerapenen ondorioz paziente honen edota beste pazienteen patologiek arriskurik izan zuten edo aukeraren bat galdu zuten. Eta horrela izan bada, beste jardun batzuk sustatu beharko ziren. Adibidez, martxoaren 21eko 65/2006 Dekretuan (Euskadiko Osasun Sistemaren konturako prozedura kirurgiko programatuetara eta urgenteak ez direnetara iristeko gehienezko epeak ezarri dituena) jasotzen diren aukeren berri eman beharko zen.
Etiologia ezezaguna duten eta tratamendu jakin bat ez duten gaixotasunak pairatzen dituzten pertsonek (besteak beste, inguruarekin lotuta dauden gaixotasunak: sentikortasun kimiko anizkoitza) beste arazo bat ere badute: gastu handiak izaten dituzte. Tratamenduetan froga nahikorik ez dagoelako datu objektiboa onartzen dugu, baina horrek ez luke behin betiko baztertu behar Osasun Sailak baimena emateko aukera. Baimen egokiarekin bigarren iritzia eskatu ostean, pazienteak proposatu duen tratamenduaren eraginkortasunari lotutako alderdi batzuei buruz osasun arloko administrazioak ebaluazioa ematearen zain gaude; orain espediente hori izapidetzen ari gara.
2.4. Itxaron zerrendak
Ebakuntza kirurgiko bat egiteko itxaron behar den denborari buruzko kexa batzuetan ikusi dugu, kexa aurkeztean, igarotako denbora 180 egunetik gorakoa zela. Kaltetuek erreklamazioa jarri zuten pazientearen arreta-zerbitzuan, eta honek zera erantzun zien: batetik, zerbitzu egokiari eman zaiola haien egoeraren berri eta, bestetik, eskubideen eta betebeharren gutunean jasotzen da itxaron zerrendetan ekitate-irizpideak aplikatuz jasotzen direla urgentzia medikoen eta itxaroteko denboren lehentasunak.
Kexak izapidetu, eta bideratuta geratu ziren. Baina Osakidetzari azaldu diogu horrelako kasuetan erabilgarria izango litzatekeela, baldintzak betetzen badira eta itxaronaldia 180 egunetik gorakoa bada, programatuta dauden eta premiazkoak ez diren prozedura kirurgikoei buruzko martxoaren 21eko 65/2006 Dekretuan ezartzen den bideari buruzko informazioa ere ematea.
Basurtuko ospitalean traumatologiako ebakuntza egin behar zuen pertsona batek aurkeztu zuen kexa. Pertsona horrek azaldu zuen, gainera, bitartean, aldi baterako ezintasun egoeran zegoela.
Arreta zerbitzuak emandako informazioaren arabera sei hilabetetik gorako itxaronaldia zuen kexa batek, alabaina, beste kontu bat dakar: aldi baterako ezintasuna. Berez, egoera hori ez da klinikoa, baina legezkotzat jo behar dugu. Kexa bideratu zen, eta azkenean pertsona horri hasieran aurreikusitakoa baino denbora laburragoan egin zitzaion ebakuntza; baina alderdi hori jasotzeko aprobetxatu dugu, arreta azkarragoak ezintasun egoera murriztu dezake eta.
2.5. Funtzionamendua
Merezi du atal honetan berriz azaltzea botiken prezioak eta finantzaketa ezartzeko tresnak ez direla bizkorrak, eta batzuetan informazio hobea falta dela erabilera errukiorra bezalako kontuei buruz.
Atal honetan azaldu nahi dugu kexa jakin bat: pertsona batek 123 egunetik gorako itxaronaldia zuen lehentasunezko ebakuntza bat egiteko, baina bere osasun karpeta kontsultatu zuen eta, bertan, itxarote-denbora bakarrik jasotzen zen, ez ebakuntza egiteko aurreikusten zen data.
Osakidetzak pertsona horren ebakuntza atzeratu zuen, kasu larriagoei lehentasuna eman behar izan zielako; baina gure ebazpenean adierazi genion kexan azaltzen ziren arrazoiak nahitaez hartu behar zirela kontuan: alde batetik, ez zitzaion eman ebakuntza egiteko aurreikusten zen egunari buruzko informaziorik, nahiz eta kexa aurkeztu ostean jakinarazi zitzaion (bere karpetan ere ez zen informazio hori jasotzen); eta bestetik, itxuraz ez datoz bat itxaron zerrendako eskaeran jasotzen den lehentasuna eta benetan itxaroten ari den denbora (egun-kopurua).
Errenteriako (Gipuzkoa) pertsona batek esklerosi anizkoitza dauka, eta espastizitaterako Baclofenoa bizkarrezurretik sartzen dion infusio-bonba bat dauka jarrita. Bada, pertsona honek azaldu zuen beretzat zaila zela aldian behin (40 egunean behin) Gurutzetako Ospitalera joatea Baclofeno izeneko botika kargatzera.
Donostialdeko ESIko kudeaketako-zuzendaritzaren hitzetan, gaur egun ezin dute tratamendu hori eman, “...Donostia Unibertsitate Ospitalean ez dutelako pazienteari bere espastikotasuna tratatzeko agindutako Baklofeno intratekaleko tratamendurik, hori Gurutzeta Unibertsitate Ospitalean bakarrik eskuragarri dagoelako”.
Erantzunean ez dago beste informaziorik; beraz, ezin da jakin bizkarrezurretik sartu behar den Baclofenoaren tratamendua gaur egun Gurutzetako Unibertsitate Ospitalean bakarrik ematen bada horretarako gutxieneko trebetasuna behar delako. Horrela bada, ezin izango litzateke bermatu arreta egokia, Donostia ospitaleak ezin duelako irizpide hori bete.
Esperientzia berezia duten ospitaleetan bakarrik sar daiteke botika bizkarrezurretik, behar bezala gaituta dauden medikuek zorrotz gainbegiratuta.Sendagaien eta Osasun Produktuen Espainiako Agentziak irizpide hori dauka jasota. Baclofenoari dagokionez adierazi du, botika bizkarrezurretik sartzeko tratamendua ospitalean eman eta doitu behar dela, medikuen gainbegiratze zorrotzarekin; izan ere, tratamendua ematen duten medikuek behar bezala gaituta egon behar dute, eta ospitaleak tratamendu hori emateko esperientzia berezia izan behar du. Horrela bermatu egingo da pazienteei jarraipen etengabea egiten zaiela.
Azaldutako guztia aintzat hartuta ondorioztatzen dugu tratamendua egiteko jarduera, trebetasuna, ere kontuan izan behar direla; hau da, urtean egin behar den tratamendu kopurua garrantzitsua da, arreta egokia emateko. Horrela bada, Donostia Unibertsitate Ospitalean ere eskaini beharko litzateke aipatu tratamendua, ospitaleko jarduerak horretarako aukerarik ematen badu.
Bestalde, ondare erantzukizuneko espedienteak izapidetzeari lotuta kexa berriak jaso ditugu, eta zehatzago, izapidetzeen iraupenari lotuta. Espediente horien azterketak eta izapidetzeak izan dezaketen konplexutasunaz jakitun gara, baina, ordenamenduan xedatutako epea nabarmen gainditu denez, aipatu egin behar dugu.
2.6. Osasun publikoa
Espazio jakin batzuetan tabakoa erretzeko ezarrita dauden mugak betetzeari buruzkoak izan dira jasotako kexa bi.
Are gehiago, kexa horietako bat espazio zehatzetan (merkataritzako galerietan, adibidez) erretzeari buruzkoa izan da; eta bestea, kexan adierazitako futbol-zelaian erretzeari buruzkoa. Azken horren gainean egin dugun analisia Arartekoaren 2015eko maiatzaren 8ko ebazpenean dago jasota. Ebazpen horren bidez, Osasun Sailari gomendatu genion erantzun egokia emateko drogamenpekotasunen arloko aurrezaintza, laguntza eta gizarteratzeari buruzko ekainaren 25eko 18/1998 Legeko 23.2 e) artikuluan ezarritako betetzeari lotuta jarri zen salaketari, aire zabaleko kirol instalazioetan soilik erre beharko litzatekeelako berariaz egokituta dauden espazio edo tokietan, adingabekoentzako jarduerak egin zein ez.
Gomendioa ez da onartu, adikzioen gaineko lege-proiektua izapidetzen ari dela oinarritzat hartuta.
Baina arrazoi horrek ez du funts nahikorik gure ustez, gure gomendioaren xede zen indarreko legean jasotako mugaren alde egiten baita proiektuan. Are gehiago, proiektuan ematen den aukera urrunago doa. Horregatik jakinarazi genion Osasun Sailari ez gaudela erabaki horrekin ados.
3. Araudi- eta gizarte-testuingurua
Uztailaren 21eko 147/2015 Dekretua onartu da; horren bidez onetsi egin da pertsonek Euskadiko osasun sisteman dituzten eskubideen eta betebeharren adierazpena. Baina Osasun, Gizarte Zerbitzu eta Berdintasun Ministerioak errekurtsoa jarri dio arau horri.
Aurreko txostenetan, eta Arartekoaren irailaren 24ko 8/2013 Gomendio Orokorrean jaso genituen oharrak oinarritzat hartuta, eskatu genuen ekainaren 26ko 114/2012 Dekretuan ezarri zen erroldako urtebeteko muga berrikusteko; hau da, Estatuko Osasun Sisteman aseguratuta ez dauden edo haren onuradunak ez diren pertsonek osasun laguntza jaso beharko lukete.
Osasun Sailak argudiatu dituen egokitzeko araua aurkarazteko kautelazko neurriak ez dira apetatsuak, eta arestian aipatu 147/2015 Dekretuaren aurkaratzea da horren erakusgarri; baina gure zereginen ikuspegitik, urtebeteko errolda-muga handitzearen alde gaude, hori eskatzeko inguruabarrak indarrean baitaude oraindik. Arloaren hasieran aipatu ditugu inguruabar horiek, egoera irregularrean dauden atzerritarren kexei buruz hitz egitean.
Instrukzio batek ez du ematen xedapen orokor batek adina segurtasun juridiko hartzaileentzat; horregatik pentsatzen dugu ez dela baztertu behar aipatu dekretua egokitzeko aukera. Modalitate tekniko bereziak ager daitezkeela onartzen dugu, baina osasun laguntza jasotzeko eskubidea kolektibo horrek ere jaso beharko luke benetan lurraldean bizi direla egiaztatzen bada.
4. Jarduera-planaren esparruko bestelako esku-hartzeak
Arlo honetan jardutea eragin duten kexa gehienak banakoak izan dira oraindik.
4.1. Ofiziozko jardunak
Iazko txostenean azaldu genuen espedientea hasi genuela osasun zentroetako eta ospitaleetako pertsonal sanitarioen bajen ondorioz izaten diren beharrizanak betetzeko zein irizpide hartzen ziren jakiteko.
Gai hori aztertzean, bada, bi alderdi azpimarratu behar dira: batetik, bajak betetzeko modua eta, bestetik, bajak zein iraupen izan behar duen ordezko bat jartzeko. Batez ere bigarren alderdi horretan jardun dugu. Hau da, ordezkapenak egiteko irizpideak zein diren jakin nahi izan dugu, baina ez lanpostu hutsenak, gaixotasunari lotutako aldi baterako bajenak baizik.
Ziurtzat jo dugu paziente bati arreta ematen dioten profesionalek aldi baterako baja hartzen dutenean pazienteari emandako arreta, ikuspegi klinikotik, ez dela kaltetzen; baina espediente hori irekitzean aintzat hartu genuen kalitatearen estandarrak ez direla adierazle klinikoari lotutakoak bakarrik izan behar. Zerbitzu batek funtzionamendu egokia izan behar badu, ez da gauza bera pertsonal sanitarioaren ordezkoa bajaren bigarren egunean jartzea edo baja hartu eta sei edo hamar egunera jartzea.
Ez dago irizpide korporatibo bat bajak zein egunetik aurrera ordezkatu behar diren zehazteko; eta, ondorioz, pentsatu behar dugu zerbitzuetako erakunde batzuek eta besteek irizpide desberdinak hartzen dituztela. Ez digute eman zentro bakoitzean erabilitako irizpideei buruzko daturik; aitzitik, aldi baterako ezintasunaren ondoriozko bajak betetzeko gutxieneko estandar gisa hartuko diren irizpideak ezarri beharko liratekeela jakinarazi digute. Aldez aurretik, aldi baterako kontratazioei buruzko alderdiak negoziatuko dira osasun arloko mahaian.
Irizpide horiek ondoko inguruabarra kontuan hartuko dutela espero dugu: langileen gaixotasunaren ondoriozko bajak ordezkatzeko denbora gehiegi itxaroten bada, bitartean haren zereginak egiten ari diren langileek lan handiagoa izango dute. Era berean, zerbitzua emateko kalitatea ere kaltetu daiteke bajak gertatzen diren toki horretan.
Osasun sistema publikoaren aseguratu edo onuradun batzuei fakturatu egin zaie ibilgailuan ezbeharra edo istripua izan eta, ondorioz, jasandako lesioengatik arreta emateko kostua. Kasu horietan, eragilea aseguratuta egon behar da nahitaez. Jakina den moduan, horrelakoetan, arretaren kostua jasanarazteko baimena ematen du legeak.
Mota horretako kexen gainean jardun ostean ikusi dugu aipatu fakturazioa ez dela kasu bakana, Osakidetzak zuzentzat jotzen duen irizpide orokorra da eta.
Aurten ireki dugun ofiziozko jardunari erantzutean, Osakidetzak azaldu digu jarduteko hurrengo irizpidea betetzen duela:
“1. Idatzian azaltzen den pazienteen kasuan Osakidetzatik eman diote asistentziaren eskubidea eta inoiz ere ez zaie ukatu.
2. Edozein eskubidek betebehar bat eragiten du, kasurako, trafiko istripuetan Osakidetzak eskatutako informazioa eman beharrekoa da. Izan ere, trafiko istripua denez, ordainketa egitera behartutako hirugarren bat izan behar da”.
Arartekoaren iritziz, osasun sistema publikoko aseguratuei kostu hori fakturatzeak ez du arauzko oinarri nahikorik.
Kasu honetan, administrazioak betebehar bat ezarri du eta horren arabera arretaren kostua fakturatu du; baina administrazioaren jardun guztiak aurretik ezarrita dagoen arauren baten bidez justifikatu behar dira. Legezkotasunaren printzipioak ezartzen du betebehar hori. Hots, arau batek ezarri behar du Osakidetzak aipatutako betebehar hori; arau batek eman behar dio osasun erakundeari baldintza hori bete dadin eskatzeko ahalmena.
5. Herritarren eskubideen egoeraren balorazioa
Apirilaren 20ko 16/2012 Errege Lege Dekretua, Estatuko Osasun Sistemaren iraunkortasuna bermatzeko eta prestazioen kalitatea eta segurtasuna hobetzeko premiazko neurriei buruzkoa, ezinbestean berritu behar da. Baina zaila da hori aplikatzea, eskumenak banatuta dauden testuinguru honetan: alde batetik, osasun publikoan aseguratutako edo haren onuradun izateko baldintza aitortzeko eskumena duen administrazioa (Estatua), eta bestetik, laguntza hori gauzatzeko eskumena duen administrazioa (Eusko Jaurlaritza).
Horrez gain, osasunari lotutako erakundea (GSIN edo Osasun Saila) ez den hirugarren administrazio batek mota ezberdinetako bizileku-baimenen gainean hartzen dituen erabakiak ere kontuan hartu behar dira. Ordenamenduak aurreikusten du baimena eman ahal izateko baliabide nahiko dagoela eta eskatzaileak osasun asegurua duela egiaztatu behar da. Araudi aurreikuspen batean oinarritzen den presuntzio hori ez dator beti errealitatearekin, baina egoera benetan zein den egiaztatu gabe aplikatzen da.
Bestalde, zalantzan ari dira jartzen familia batu behar delako bizileku-baimena duten pertsonak aseguratuta egoteko eskubidea ukatzen duten erabakiak. Arazoa oraindik badago, nahiz eta GSINren demanda batzuk ezetsi dituen epaiak eman diren. Izan ere, abuztuaren 3ko 1192/2012 Errege Dekretuan aseguratua eta onuraduna izateko baldintzak arautu dira, Espainian osasun laguntza jasotzeko funts publikoen kontura eta Estatuko Osasun Sistemaren bitartez (apirilaren 20ko 16/2012 Errege Lege Dekretua garatu du); bada, abuztuko dekretuak eskubide hori aitortu du, 2 eta 3 artikuluetan, eta ondorioz, GSINren ukatzea ezeztatu du.