16. HIRIGINTZA ETA LURRALDE ANTOLAMENDUA
1. Arloa kopurutan
Hirigintza eta lurralde-antolamenduaren arloan, Arartekoak gai horren inguruan egindako esku-hartzeak biltzen dira; horren barruan sartzen dira hiri-antolamendua, lurzorua urbanizazioaren bidez eta ondoko eraikuntzaren bidez hirigintza aldetik eraldatzeko prozesua eta hirigintzako legezkotasunaren babesa.
Hirigintza eta lurralde-antolamenduaren arloan jasotako kexak 81 izan dira guztira, hau da, aurkeztu diren erreklamazio guztien %4,01. Eragindako administrazioen arabera, kexak modu honetan banatzen dira:
• Tokiko administrazioa ......................................................68
• Euskal Autonomia Erkidegoko
Administrazio Orokorra (Eusko Jaurlaritza) ........................2
• Foru administrazioa ..........................................................1
Azpi-arloak, berriz, honakoak izan dira:
• Hirigintzako diziplina ......................................................48
• Administrazioaren funtzionamendua eta
prozedura administratiboa ...............................................11
• Hirigintza arloko informazioa jaso ahal izatea ................8
• Hirigintzako kudeaketa ...................................................8
• Lurralde antolamendua ..................................................3
• Beste alderdi batzuk ......................................................3
Arlo honetan jarritako kexen izapidetze-egoerari eta emaitzari dagokienez:
2015. urtean hirigintza eremuan egindako erreklamazioak aurreko urteetako kopuruan mantendu dira. Erreklamazioek batez ere dagokion baimenik gabe egindako hirigintza erabileren eta obren hirigintza legezkotasuna babesteko eskumenak gauzatzearekin lotutakoak izan dira. Baita ere handitu dira jabeek euren eraikinak osasungarritasun, segurtasun eta apaindura publiko baldintza egokietan mantendu eta eraberritzeko dituzten betebeharren inguruko erreklamazioak.
Arartekoak alor horretan duen eraginkortasun mailari dagokionez, kontuan hartu behar dugu arlo horretan Arartekoaren ebazpen kopurua handitu egin dela. 2015. urtean 12 gomendio burutu dira, gure web orriko atalean kontsultatu daitezkeenak.
2. Kexarik aipagarrienak
2.1. Hirigintza ordenazioaren erlijio aniztasunaren kudeaketa
Kultu zentro berriak irekitzeko hirigintza araudian jasotako irizpideen gaineko hainbat erreklamazio izapidetu ditugu. Erreklamazio nagusiak Bilboko Hiri Ordenazioaren Plan Orokorraren aldaketari egiten dio erreferentzia, sinesmen erlijiosoei lotutako kultu zentroen irekierarako irizpide tekniko sorta bat sartu dituena. Beste mugen artean planteatu du ez dela bateragarria zentro hauek egoitza erabilera duten lokal edo eraikinetan irekitzea hirugarren sektoreko erabileretara zuzendutako eraikinekin bakarrik bateragarria delako. Ordenazio proposamen hauek zalantzan jarri dira askatasun erlijiosorako oinarrizko eskubidea mugatzen dutelako. Aurkeztutako kexetan, adierazi dute onartutako irizpideek oinarrizko eskubide horren muga izan daitezkeela, egokitasun, behar eta proportzionaltasun irizpideei dagokienez justifikazio egokia topatzen ez dutenak. Termino horietan, erakunde honen irizpidea kultu zentroen hirigintza ordenazioari dagokionez, aurretik adierazi da beste ebazpenetan, hala nola Arartekoaren 2012ko urtarrilaren 9ko ebazpenean, Bilboko Udalari Basurtuko auzoan kultu musulman zentro berri baten irekiera dela eta.
Gai honekin lotuta, hirigintza ordenazioaren erlijio aniztasunaren kudeaketa egokiaren gaineko gogoeta egiteko oinarri izan daitezkeen planteamenduak jasotzen ditugu.
1. Erlijio askatasunaren hirigintza mugak. Komunitate erlijioso baten ekimena, gurtze-leku bat irekitzeko, askatasun erlijiosorako funtsezko eskubidearen barruan jasotzen den eta izaera konstituzionala duen gai bat da. Erlijio askatasunaren eskubide hau, halaber, funtsezko eskubidetzat jotzen da Espainiako Konstituzioaren 16. artikuluan. Bere adierazpenetan daukan muga bakarra ordena publikoa mantentzea da. Erlijio askatasunerako eskubide hau Giza Eskubideen Europako Hitzarmenaren (GEEH) 9. artikuluan eta Eskubide Zibil eta Politikoen Nazioarteko Itunaren 18. artikuluan babesten da. Onarpen honek erlijioa gurtzearen bidez adierazteko askatasuna dakar, legeak aurreikusitako murrizpenekin soilik, “segurtasun publikorako, jendearen ordena, osasuna edo morala babesteko, edo besteen eskubideak eta askatasunak babesteko”.
Erlijio Askatasunari buruzko uztailaren 5eko 7/1980 Lege Organikoak “ordena publikoa” terminoa honela definitzen du: “besteek beren askatasun publikoak eta funtsezko eskubideak gauzatzeko daukaten eskubidea babestea, baita jendearen segurtasuna, osasuna eta moraltasuna zaintzea”.
Kasu honetan ordena publikoa eskubidearen adar honek ezarritako hiri-espazioa ordenatzeko eskumenaren arabera zehazten da. Eskumen honek hirigintza ordenazioak behar dituen erabilera ezberdinei araudiak edota muga objektiboak ezartzea baimentzen du, horien artean jardun erlijiosoaren gauzatze kolektiboari lotutako erabilerak.
Giza Eskubideen Europako Hitzarmenak (GEEH) askatasun erlijiosoarekin bateragarriak diren zehaztu du bere 2004ko ekainaren 24ko epaian, caso Vergos contra Grecia (GEEHk kasu hauetan berretsitakoa: Mirolubovs et al c. Letonia, 2009ko irailaren 15eko epaia, 90, eta Asociación de Testigos de Jehová c. Francia, 2011ko ekainaren 30eko epaia). Auzitegi horrek, epai honetan, azaldu zuen, GEEHaren arabera, estatuek beren barne-zuzenbidean legegintzazko neurriak sor ditzaketela gurtze-zentro berriak irekitzea mugatzeko, modu justifikatu eta proportzionalean, lurralde antolaketaren interes publikoan oinarrituak. Edozein kasutan, epaimahaiak gizarte demokratiko batean mugak modu justifikatu eta proportzionatuan jartzen dituen araudi neutroa beharrezkoa dela uste du.
Termino horietan, erlijio zentro berrien irekiera erregulatzea hiri-espazioaren ordenazio arrazionalaren gainean nazio araudiak jasotzen duen interes publikoaren menpe egon daiteke. Nolanahi ere, hirigintzako antolaketa hori neutroa, justifikatua eta proportzionala izan behar da erlijio askatasunari dagokionez, GEEHren esanetan.
2. Hirigintza ordenazioaren bidez erlijio aniztasunaren kudeaketa. Udal organo eskudunek kontuan izan behar dituzte printzipio horiek, gizarte kohesioa, hiri-giro ingurune iraunkor bat eta erlijio-eskubideen gauzapena mesedetzeko. Horretarako, herri-administrazioek herritarren parte hartzerako tresnak (hirigintzako legerian jasoak) erabili behar dituzte, herritarrek eskatzen dituzten erlijio-erabileretarako dotazioetan sortzen diren arazoak konpontzeko. Horretarako, zerikusia duten alderdiei entzun behar diete eta politika publikoen zeharkakotasuna sustatu.
3. Kultu-zentroen ordenazioaren hirigintza ordenazioa gidatu behar duten printzipioak. Botere publikoen jarduna erlijio aniztasunaren kudeaketa egokia bermatzera zuzenduta egon behar du. Horretarako, hirigintza ordenazioa diskriminazioa ekiditera zuzendua egon behar du (bertsio positibo zein negatiboan), baita gizarte kohesio egokia bermatzera, hiri eremu zehatzetan kultu espazioak bereiztea ekiditen duen hirigintza ordenazio gainontzeko politikekin lotuta. Horren arabera, kontuan izan behar ditugu ondoren aipatuko ditugun printzipio batzuk.
Muga horiei dagokienez, esan dezakegu askatasun erlijiosorako eskubide hori oro har garrantzi konstituzionala daukaten beste eskubide, askatasun eta printzipio batzuekin uztartu behar dela.
• Arbitrariotasunaren proskripzio printzipioa. Espainiar Konstituzioaren 9.3 artikuluak, administrazio prozedura erkideko araudian jasotako beste artikuluekin batera exijitzen du erabaki publikoak justifikatu eta arrazoitzeko beharra. Botere publikoen erabakiak interes orokorrean oinarrituta justifikatu behar dira, behar bezala motibatuta egon behar dira, eta bilatzen duten interes publikoaren eta pertsonen eskubideentzat dakartzaten murrizpenaren artean proportzionalak izan behar dira.
• Gizarte kohesio printzipioa eta etxebizitza hiri eremu egoki batean izateko eskubidea. Hirigintzaren eremuan, urriaren 30eko 7/2015 Legegintzako Dekretuan dauka lekua aniztasun erlijiosoak, zeinaren bidez Lurraren eta Hiri Birberritzearen Legearen testu bat egina onetsi zen. 3. artikuluan agintzen du botere publikoek lurraren erabilera interes orokorrari lotu behar diotela, garapen iraunkorraren printzipioaren arabera, besteak beste gizarte kohesioa kontuan izan behar du konfigurazio elementu bezala.
Bestalde, jasangarria den hiri-inguru batean etxebizitzarako eskubidea aldarrikatu beharko lirateke. Horrek, hiri-giro iraunkor batean nolabaiteko “hirirako eskubidea” dagoela aitortzea dakar. Eskubide horren arabera, herritar guztiek, denek aukera berberekin, beste eskubide batzuk (hala nola erlijio-askatasuna) gauzatzeko ekipamendu eta dotazioak erabiltzeko aukera izan behar dute.
• Berdintasun printzipioa. Printzipio honek, Espainiar Konstituzioaren 14. eta 9.2 artikuluak barne hartzen dituena, ekarri behar du botere publikoek, legean nahiz beraren aplikazioan, tratu berdina bermatzea kasu asimilagarrietatik abiatzen denean, eta horrela zuzeneko edo zeharkako bazterketa mota oro ekidin. Tratu ezberdina ematea behar bezala justifikatu behar da, arrazoi objektiboekin. Eskubide horri dagokionez, funtsa ezin da izan sinesmen erlijiosoa. Gogora ekarri behar dugu zergetako, administrazioko eta gizarte ordenako neurriei buruzko abenduaren 30eko 62/2003 Legeak Europako Batasunaren bazterketaren aurkako zenbait zuzentarau transposatzen dituela. Gure antolaketan, besteak beste, erlijioan oinarritutako tratu-berdintasuna eta bazterketa eza benetan aplikatzeko neurriak sartu ditu.
• Hiritarrek parte hartzeko printzipioa. Esan behar dugu erakunde honen arabera positiboa dela administrazio eta botere publikoak jarrera proaktiboa izatea arazoak eta gatazkak konpontzeko orduan. Gai honetan, herritarren parte hartzerako formula aurreratuak aipatu behar ditugu, hirigintzako legeriak planak egiterakoan sartzen dituena.
2.2. Hirigintza eskumenak gauzatzeko prozedura
2.2.1. Egindako eskariak eta salaketak erantzuteko betebeharra
Eremu honetan herritarrek planteatutako arazo nagusietako bat herritarren egindako eskari, erreklamazio eta salaketen erantzun falta da. Hainbat ebazpenetan gomendatu diegu administrazioei hirigintza araudia betetzetik sortutako nahiei egokitutako epean erantzuteko.
Arartekoaren 2015eko azaroaren 12ko Ebazpenaren kasua da. Horren bidez, Sopuertako Udalari gomendatu zaio berariaz erantzun diezaiola herritar baten eskaerari. Edateko ura banatzeko hodi bat aldatzeko eskatu du, zuntz-zementua baitu horrek.
2015eko ekainaren 24ko Ebazpenean, Hondarribiko Udalak hirigintza eskari bat ez erantzutea planteatu genuen.
Beste espediente batean Bermeoko bizilagun talde batek Bermeoko Udalean egindako hirigintza informazio eskariaren erantzun falta adierazi zuen, ontziak eraiki eta konpontzeko obrak gauzatzeko eta jarduera proiektu bat izapidetzeari dagokionez. Era berean, horretarako jarraitutako hirigintza eta ingurugiro espedientean interesa duen parte bezala kontuan izateko eskatu dute. 2015eko irailaren 8ko Ebazpenean Bermeoko Udalari obren eta jardueren proiektu baten gaineko dokumentuak eskuratzeko eskariak erantzuteko gomendatu zitzaion.
2.2.2. Hirigintza legezkotasuna defendatzeko ekintza publikoa
Hirigintza diziplinaren esferan, udal administrazioek eskumena daukate hirigintza ordenamenduak araututako jardueren gaineko kontrolean esku hartzeko, hirigintza ikuskapenaren eta hirigintza baimenen bidez. Horren ildotik, agintariek eta funtzionarioek ezin diote uko egin hirigintzako diziplinako ahalmenak erabiltzeari, Lurzoruaren eta Hirigintzaren ekainaren 30eko 2/2006 Legeak ezartzen duen bezala. Erantzuteko eta hirigintzako legezkotasuna berrezartzeko neurri egokiak ezartzeko betebeharra salatzailearen eta salatutakoaren artean egon litezkeen balizko liskarretatik bereizi behar da. Hirigintza lizentzien ezaugarrietako bat euren izaera neutroa da, egoera edo eztabaida juridiko-pribatuak alde batera utzita ematen dira, izan ere, aldeen arteko diferentziak hirigintza izapideetatik kanpo geratu behar dira. Hirigintza diziplina eta ikuskaritza eskumena huts egin gabe daude lotuta udal planeamendua eta hirigintza legezkotasuna eragingarri betetzearekin. Partikularren jardun ezak ez dio kalterik egin behar hirigintzako legezkotasuna defendatzeko funtzio publiko horri. Horregatik, udal administrazio horrek, kasu bakoitzean ezarritako epeetan, agindu zaizkion ikuskaritza, egiaztapen eta kontrol ahalmenak gauzatzeko ezarrita dauden prozedurak hasi eta izapidetu behar ditu. Aurkeztutako salaketaren aurrean, udalak egiaztatu behar du lizentziak obra horiek babesten dituen eta, hala badagokio, hirigintzako udal arauekin bat datozen. Hirigintzako legezkotasuna berrezartzeko aginduen gauzatzerik eza Lur eta Hirigintza Legearen 224.6 artikuluak hala aginduta, isun hertsagarriak eragingo ditu eta, hala badagokio, aldatu den errealitate fisikoaren lehengoratzea modu subsidiarioan gauzatzea.
Kontu hori hainbat ebazpenetan aurkeztu da, ondoren aipatuko ditugunak. 2015eko maiatzaren 4ko Ebazpena kasu. Horren bidez, Irungo Udalari obra batzuk hirigintza legezkotasunera egokitzeko beharrezkoa den izapidearekin jarraitzeko gomendatu zitzaion.
2015eko otsailaren 26ko Ebazpenak Bilboko Udalari gomendatu zion obra batzuk hirigintza legezkotasunari egokitzeko aurkeztutako salaketei dagokien izapidearekin jarraitzeko. 2015eko apirilaren 13ko Ebazpenean ere zeinaren bidez Irurako Udalari urbanizagarria ez den lurrean egindako obrei dagokien hirigintza legezkotasuna berrezartzeko izapidearekin jarraitzeko gomendatu zitzaion.
2.2.3. Hirigintzako arau-hausteen eta zigorren araubidea
Konpetentzien eta hirigintza eskumenen gauzatzea administrazio prozeduraren arauen arabera egin behar da. Kasu honetan administrazioa zuhurra izan behar da herritarren eskubide eta prozesuko bermeekin. Gai hau 2015eko martxoaren 16ko Ebazpenean jasotako bezalako espedienteetan planteatu da. Horren bidez, Elduaingo Udalari itxiera baten botatzea agintzen duten ebazpenak berrikusteko gomendatu zitzaion eta, hala badagokio, obra batzuk hirigintza legezkotasunera egokitzeko espediente berri bat abiarazteko. 2015eko urriaren 16ko Ebazpenean Beasaingo Udalari zigor espediente baten iraungitzea aitortzeko gomendatu zaio, ebazpena emateko epea igaro delako.
Beste ebazpen batean administrazioaren prozedura aztertu dugu isunaren ordainketaren betebeharra jabetzaren erregistroan jabekide gisa agertzen ziren guztiei exijitu dienean. Ordaintzeko betebeharra isun hertsatzaile bakarra da, zuzenbidearen arau orokorren arabera jabekideek modu solidarioan ordaindu behar dutena. Hala ere, horietako batek isuna ordaintzen badu ordainduta geratuko litzateke. Horregatik, 2015eko urriaren 14ko Ebazpenean, Zanbranako Udalari gomendatu diogu hainbat likidazioen ordainketa berrikusteko, hirigintza arau bat ez betetzeagatik jarritako isun hertsatzailea dela eta higiezin baten jabekide bakoitzari jarritakoa.
2.3. Jabetza kontserbatzeko eta mantentzeko betebeharrak
Arartekoak hainbat erreklamazio jaso ditu udal esku-hartze falta dela eta eraikina mantentzeko betebeharrak betearazteko. Beste ikuspuntu batetik ere planteatu dira batzuetan jabeek jarritako kexak, uste dutelako ezarritako exijentziak gutxieneko baldintzak gainditzen dituztela eta hobekuntzatzat har daitezkeen errehabilitazio esku-hartzeak exijitzen dituztelako. Eraikinen mantentzearen garrantziak eremu ezberdinetan etxebizitza eskubidea baldintza duinetan izatean eragina du.
Osasungarritasunaren kasuan etxebizitzetan bizigarritasunerako gutxieneko baldintzak lortzea baimentzen du, egonaldi eta egoitza espazio hauek erabiltzeko, horretarako eraikinak, etxebizitzek eta espazio komunek exijitu daitezkeen osasungarritasun estandarrak bete behar dituzte.
Segurtasunaren kasuan, eraikinaren mantentze egoerak sor dezakeen arriskua murrizteko aukera ematen du, bai egoiliar eta erabiltzaileentzat baita hirugarrenentzat ere. Kasu honetan arriskua eraikuntzaren elementuak askatzetik sortua izan daiteke edota sustantzia pozoitsu edo kutsagarriak isurtzetik (amianto hauskorra bezalako eraikitze elementuak bezala).
Apaindura publikoaren kasuan, aurreikusten da eraikin oro eraikitako hiri-paisaia mantentzea eta errespetatzea baimentzen duten baldintza estetikoak mantendu behar dituela, hiri-irudi gisa ezagutzen dena.
Era berean, mantentze klasikoko betebeharretan ere parte-hartzen duten beste elementu batzuk ere badaude, irisgarritasuna edo energia aurrezkia kasu. Kasu honetan irisgarritasun egokia eta mugikortasun murriztua duten pertsonentzat etxebizitzaren erabilera edo higiezinean lurraren berotzerako ondorio negatiboak duten gasen isurketak eta errekurtso naturalen kontsumoa ekiditen duten energia aurrezki eta eraginkortasun baldintzak mantentzea exijitu daiteke.
Kasu honetan hirigintzak esfera partikularrean eragin dezaketen esku-hartze elementuak diru, mantentze estandarrak ezartzeko, hura betetzen denaren kontrolaren aldizkako betebeharra eta exijentzia hauek betetzen direla bermatzeko neurri zehatzak hartzeko betebeharra.
Gomendioen atalean 2015eko urriaren 2ko Ebazpena aipatu genuen. Horren bidez, Gasteizko Udalari Gasteizko higiezin bat mantentzeko eta berritzeko emandako gauzatze aginduak betearazteko neurriak hartzeko gomendatu genion.
2015eko abenduaren 1eko Ebazpenean Bilboko Udalari gomendatu diogu jabetzaren mantentze eta kontserbatze betebeharrak gainditzeagatik emandako gauzatze agindua bertan behera uzteko.
2.4. Hirigintza kudeaketaren bultzada
Hirigintza kudeaketari dagokionez, hirigintza ordenazioa gauzatzeko administrazioaren eskumenen gauzatzearen bultzada planteatzen duen erreklamazioren bat aztertu dugu. 2015eko maiatzaren 20ko Ebazpenak Laudioko Udalari urbanizazio obra batzuk sustatzeko eskariak modu egokian erantzuteko gomendatu dio. Erreklamazioaren gaiak herri-administrazioen betebeharrei eta ardurari egiten dio erreferentzia, hirigintzako funtzio publikotik datozenak hirigintza ordenazio eta gauzatzearen aurreikuspenak berrikusteko. Kasu honetan, legedian jasotako terminoetan hirigintza jardunengatik kaltetutako pertsonen ondare eskubide eta interesak betetzeari dagokionez. Epeak betetzea hirigintzako legeriatik eratortzen den eginbehar eta erantzukizun bat da. Lur eta Hirigintzari buruzko Ekainaren 30eko 2/2006 Legearen 4.3 artikuluak zehazten duen interes publikoaren menpekotasun printzipioaren kasua da, honakoa bermatzeko: “herri-administrazio eskudunek hirigintza-planetan kalitateaz, kopuruez eta egikaritze-epeez ezarrita dauden aurreikuspenak betetzen direla ikuskatzeko duten eginbeharra eta erantzukizuna.” Betebehar hori hirigintza legedian jasotako terminoetan gauzatu behar da, aukeratutako jarduera sistema publiko edo pribatuari kalterik egin gabe. Hirigintza ordenazioaren gauzatzearen zuzendaritza, ikuskaritza eta kontrola udalei dagokie. Hura gauzatzean lehentasunak egotekotan, hirigintza planifikazioaren parte izan behar dira –Lur eta Hirigintzaren 2/2006 Legearen 133. artikulua-, “hura gauzatzeko lehentasunen oinarrizko orden bat zehazten duten baldintza objektiboak” zehaztuz. Azken instantzian hirigintza betebeharrak eta eginbeharrak ez betetzeak indarrezko desjabetzerako interes publikoa zehazten dute, lortze eraginkorra bermatzeko helburuz. Termino horietan administrazioak hirigintza prozesuen gelditzea ekiditeko legezko neurri eta eskumenak ditu.
Gai hau 2015eko urtarrilaren 13ko Ebazpenean ere aztertu da. Horren bidez, Sestaoko Udalaren jardunei dagokion ofiziozko esku-hartzea amaitutzat jo da, udal erroldaren, birsortze prozesuaren eta herritar segurtasunarekin lotutako gai batzuen kudeaketari lotuta.
3. Araudi- eta gizarte-testuingurua
Etxebizitzari buruzko ekainaren 18ko 3/2015 Legeak, Lur eta Hirigintzari buruzko ekainaren 30eko 2/2006 Legearen idazketan hainbat egokitzapen sartu ditu, batez ere eraikinen ikuskaritza teknikoari dagokionean. Baita ere erregulatu du modu zehatzean eraikinen errehabilitazioa eta hiri-eremuen birsortzea.
Ekainaren 30eko 6/2015 Legeak, hidrokarburo ez konbentzionalak erauzteko prozesuan eta haustura hidrauliko edo «fracking»ean ingurumena babesteko neurri osagarriei buruzkoak, Lur eta Hirigintzaren 2/2006 Legearen 28. artikulua aldatu du, ez urbanizagarri bezala klasifikatutako lurrari dagokion 7. puntu berri bat sortuz, non haustura hidraulikoaren teknologia baimenduta ez dagoen eremuko ezaugarri geologiko, ingurugirokoak, paisaiaren ingurukoak edo sozioekonomikoen gainean ondorio negatiboak izan ditzakeenean.
Bere aldetik, urriaren 30eko 7/2015 Legegintzazko Errege Dekretuak Lur eta Hiri Berritzearen Legearen testu bategina onartu du.
4. Herritarren eskubideen egoeraren balorazioa
• Administrazioek eraikinaren mantentze betebeharren aplikazio praktikorako pausuak eman behar dituzte ez bakarrik eraikinaren segurtasun eta osasungarritasunaren ikuspegitik. Eraikinaren irisgarritasun unibertsala eta energia aurrezteko neurriak ere dauden eraikinek dituzten betebeharren parte dira. Eraikinen mantentzearen garrantziak etxebizitza eskubidea baldintza duinetan izatean eragina du.
Horregatik, eraikinen berreraikitzearen eremu honetan eraikuntzen ikuskaritza teknikoaren tokiko programak sustatzean datza, Etxebizitzari buruzko ekainaren 18ko 3/2015 Legeak jasotzen dituen jabetzetarako betebeharren eta eskubideen terminoen arabera. Sustapen lan horren barruan, botere publikoek arreta berezia behar duten kolektibo horiek kontuan hartu behar dituzte, hala nola, ezgaitasuna duten pertsonak edo energiari dagokionez eraginkortasun gutxi duten etxe eta eraikinetan bizi diren pertsona horiek eta energia pobreziagatik kaltetuak direnak.
• Hirigintzak gurtze-zentro berriak irekitzearen ondorioz gizarte-gatazkak sortzea ekiditen duten tresnak dauzka. Lurraren eta Hirigintzaren ekainaren 30eko 2/2006 Legeak agintzen duenez, hirigintzako planek, hiri ebaluazioaren eta lurraren okupazioaren estrategiarekin bat etorriz, sistema orokorren eta tokiko sistemen txandaketa-sare bat eduki behar dute. Haien artean ekipamendu kolektiboak, hala nola erlijio-zentro pribatuak, beren-beregi aipatzen dira. Gainera, esan behar dugu hirigintzako legeriak herritarren parte hartzea aipatzen duela planak egiteari dagokionez; eta besteak beste, udal plangintzaren aholku batzordearen figura sortu da.