1. GOMENDIO OROKORRAK
1. Gomendio orokorrak
Banakako kexen ebazpena, zalantzarik gabe, garrantzi handikoa da azaltzen diren kasu konkretuak argitzeko. Hala ere, batzuetan ikusten da auzia kasu partikularraz harago doala eta modu orokorrean hel dakiokeela, herritar ugariri edo, modu estrukturalean, administrazioen jardunari eragin diezaiokeelako.
Zenbaitetan, arau aldetik hutsuneak daudela sumatzen da, edo alda
tu egin behar direla lehendik dauden arauak, bidegabekeriazko egoerarik ez gertatzeko edo eskubideak hobeto bermatuko dituzten arauak lortzeko.
Halako kasuetan, Arartekoak gomendio orokorrak egiten ditu, administrazio bati edo hainbati begira.
2015. urtean, 3 gomendio orokor egin dira, beste hainbeste gairen inguruan. Gomendio horiek osorik gure web gunean aurki daitezke(http://www.ararteko.eus).
1.1. Arartekoaren 1/2015 Gomendio orokorra, urtarrilaren 20koa.
Euskadin harrera egin zaien haurren eta nerabeen arreta.
Gomendioan hauxe gogorarazi dugu: familia-harrera baliabiderik egokiena da beraien familiekin hazterik ez daukaten haur eta nerabeentzat, eta lehentasunezkoa dela aitortzen da bai Haurren Eskubideei buruzko Hitzarmenean, bai ezarri beharreko euskal araudian ere. Hala ere, ikus daitekeen errealitatea ez dator bat lehentasunezko izaera horrekin; horregatik, erabakitasunez eta atzerapenik gabe familia-harreraren alde apustu egin dadila eskatu beharko litzateke, haurrak babesteari dagokionez Europan erreferente diren herrialdeekin bat etorriz.
Familia-harreran dauden haur eta nerabeen eskubideak, familia biologikoen eta hartzaileen eskubideak bezalaxe, hobeto bermatuko lirateke familia-harrera zehazki arautuko balitz. Entzuna izateko eta bere iritzia kontuan hartua izateko eskubideak garrantzi berezia du harreraren bilakaera aztertzean eta haurren beharrak eta eskubideak modu egokian betetzen direla bermatzeko orduan.
Harrera-familiak, gehienak boluntarioak orain, zaindu egin behar dira. Izan ere, funtsezkoak dira babesik gabeko neska-mutilei inguru egonkor eta seguruak emateko. Ume horiek inguru horietan senda ditzakete jasandako kalte emozionalak eta egin dezakete aurrera beraien garapen fisiko, intelektual eta emozionalean.
1.2.Arartekoaren 2/2015 gomendio orokorra, apirilaren 8koa.
Politika publikoetan adingabearen interes nagusia kontuan hartzeko betebeharra; bereziki, diru-sarrerak bermatzeko sisteman.
Gomendio orokor honetan, haurren egoeraren azterketa egingo dugu, eta Euskadin haurrek jasaten duten txirotasunari buruzko datuak bilduko ditugu; bai eta bermeen euskal sistemaren transferentzia sozialen eraginak txirotasun tasen murrizketan duen eraginari buruzko datuak ere. Aplikatu beharreko marko juridikoari buruzko zenbait gogoeta luzatuko ditugu, eta zenbait gomendio zuzenduko dizkiogu Enplegu eta Gizarte Politika Sailari:
- Diru-sarrerak bermatzeko errenta eta etxebizitzarako prestazio osagarria eteteari eta iraungitzeari buruzko erabakietan, bizikidetza unitatean haurrak daudenean, adingabearen interes nagusia ebaluatu dadila, interes hori lehentasunezkotzat jo dadila, eta neurtu daitezela prestazioen onuradun diren bizikidetza unitatearen kideek (haurren gurasoek edo tutoreek nagusiki) betebeharren bat ez bete izanagatiko hausteak.
- Haurrak dauden bizikidetza unitateei eragingo dieten ebazpenetan, prestazioak etetea eta iraungitzea erabakitzen denean, haurraren eskubideetan eta garapenean edukiko dituen ondorioak azaldu eta justifika daitezela.
- Haurraren eskubideei edo garapenari eragin diezaieketen zailtasunak hautematen badira haurraren egoeran, udal gizarte zerbitzuak informa daitezela, jarduera sozio-hezitzailearen egokitasunari buruzko balorazioa egin dezaten.
1.3.Arartekoaren 3/2015 gomendio orokorra, apirilaren 20koa.
Euskara ikasteko laguntza publikoak langabeei ere eman diezazkietela,
laguntza horiek berdintasun egoeran
jaso ahal izango direla bermatuz.
Arartekoa egiaztatzen ari denez, euskarak gure gizartean duen komunikazio-, kultura- eta identitate-balioaz harago, hizkuntza hori jakitea gaikuntza-faktore osagarria da, gero eta gehiago. Horregatik, euskararen ikaskuntza langabeentzat ere sustatu beharra dago.
Gaikuntza hori ez du Lanbidek ematen, baizik eta EAEko tokian tokiko udalek, horiek kudeatzen baitituzte helburu horretara bideratutako laguntza publikoak; eta gertatzen da horretarako programarik ez dagoela udal guztietan, eta halakorik badutenetan ere, ez dela homogeneotasunik nabari.
Beraz, eragindako euskal herri-administrazioek, pertsonen enplegagarritasuna bultzatzeko neurriak abiarazteaz gain, hartzen dituzten neurri horietan herritarren berdintasuna errespetatu behar dute, edozein udalerritan bizi direla ere.
Horregatik, Arartekoak hauxe gomendatu dio Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailari: elkarlanean aritu dadila tokiko administrazioarekin eta Lanbiderekin, euskara ikasteko laguntza publikoak sustatzeko eta langabeei ere emateko, laguntza horiek berdintasun egoeran jaso ahal izango direla bermatuz.