IV. ATALA ARARTEKOAREN BESTE TRESNA BATZUK ADMINISTRAZIO ONA IZATEKO ESKUBIDEA SUSTATZEKO
Herritarrek beren eskubideak urratu direlakoan edo indarreko legea bete ez delakoan administrazio publikoen aurka aurkezten dituzten kexen gainean ebaztea da Arartekoaren oinarrizko eginkizunetako bat.
Bere funtzio adierazgarria hori izanik, Ararteko erakundeak administrazioaren kontrol eta orientazio jarduera proaktibo ugari burutzen ditu asmo orokorreko beste tresna batzuen bidez. Horien helburuak administrazioaren jardueran praktika onak edo alda
ketak proposatzea, esparru jakin bateko herritarren eskubideen betetzeari buruzko ikerketa eta eztabaida sustatzea edo horien hedapena bultzatzea dira.
Kapitulu honetan 2015. urtean zehar bideratutako jardueren emaitzaren laburpena gaineratu dugu eta Arartekoaren web orrira bidaltzen ditugu horien inguruko informazio zehatzagoa nahi dituztenak.
• Gomendio orokorrak
• Azterlanak
• Txosten bereziak
• Udako ikastaroak
• Arartekoaren jardunaldiak
• Beste jarduera batzuk
1. GOMENDIO OROKORRAK
1. Gomendio orokorrak
Banakako kexen ebazpena, zalantzarik gabe, garrantzi handikoa da azaltzen diren kasu konkretuak argitzeko. Hala ere, batzuetan ikusten da auzia kasu partikularraz harago doala eta modu orokorrean hel dakiokeela, herritar ugariri edo, modu estrukturalean, administrazioen jardunari eragin diezaiokeelako.
Zenbaitetan, arau aldetik hutsuneak daudela sumatzen da, edo alda
tu egin behar direla lehendik dauden arauak, bidegabekeriazko egoerarik ez gertatzeko edo eskubideak hobeto bermatuko dituzten arauak lortzeko.
Halako kasuetan, Arartekoak gomendio orokorrak egiten ditu, administrazio bati edo hainbati begira.
2015. urtean, 3 gomendio orokor egin dira, beste hainbeste gairen inguruan. Gomendio horiek osorik gure web gunean aurki daitezke(http://www.ararteko.eus).
1.1. Arartekoaren 1/2015 Gomendio orokorra, urtarrilaren 20koa.
Euskadin harrera egin zaien haurren eta nerabeen arreta.
Gomendioan hauxe gogorarazi dugu: familia-harrera baliabiderik egokiena da beraien familiekin hazterik ez daukaten haur eta nerabeentzat, eta lehentasunezkoa dela aitortzen da bai Haurren Eskubideei buruzko Hitzarmenean, bai ezarri beharreko euskal araudian ere. Hala ere, ikus daitekeen errealitatea ez dator bat lehentasunezko izaera horrekin; horregatik, erabakitasunez eta atzerapenik gabe familia-harreraren alde apustu egin dadila eskatu beharko litzateke, haurrak babesteari dagokionez Europan erreferente diren herrialdeekin bat etorriz.
Familia-harreran dauden haur eta nerabeen eskubideak, familia biologikoen eta hartzaileen eskubideak bezalaxe, hobeto bermatuko lirateke familia-harrera zehazki arautuko balitz. Entzuna izateko eta bere iritzia kontuan hartua izateko eskubideak garrantzi berezia du harreraren bilakaera aztertzean eta haurren beharrak eta eskubideak modu egokian betetzen direla bermatzeko orduan.
Harrera-familiak, gehienak boluntarioak orain, zaindu egin behar dira. Izan ere, funtsezkoak dira babesik gabeko neska-mutilei inguru egonkor eta seguruak emateko. Ume horiek inguru horietan senda ditzakete jasandako kalte emozionalak eta egin dezakete aurrera beraien garapen fisiko, intelektual eta emozionalean.
1.2.Arartekoaren 2/2015 gomendio orokorra, apirilaren 8koa.
Politika publikoetan adingabearen interes nagusia kontuan hartzeko betebeharra; bereziki, diru-sarrerak bermatzeko sisteman.
Gomendio orokor honetan, haurren egoeraren azterketa egingo dugu, eta Euskadin haurrek jasaten duten txirotasunari buruzko datuak bilduko ditugu; bai eta bermeen euskal sistemaren transferentzia sozialen eraginak txirotasun tasen murrizketan duen eraginari buruzko datuak ere. Aplikatu beharreko marko juridikoari buruzko zenbait gogoeta luzatuko ditugu, eta zenbait gomendio zuzenduko dizkiogu Enplegu eta Gizarte Politika Sailari:
- Diru-sarrerak bermatzeko errenta eta etxebizitzarako prestazio osagarria eteteari eta iraungitzeari buruzko erabakietan, bizikidetza unitatean haurrak daudenean, adingabearen interes nagusia ebaluatu dadila, interes hori lehentasunezkotzat jo dadila, eta neurtu daitezela prestazioen onuradun diren bizikidetza unitatearen kideek (haurren gurasoek edo tutoreek nagusiki) betebeharren bat ez bete izanagatiko hausteak.
- Haurrak dauden bizikidetza unitateei eragingo dieten ebazpenetan, prestazioak etetea eta iraungitzea erabakitzen denean, haurraren eskubideetan eta garapenean edukiko dituen ondorioak azaldu eta justifika daitezela.
- Haurraren eskubideei edo garapenari eragin diezaieketen zailtasunak hautematen badira haurraren egoeran, udal gizarte zerbitzuak informa daitezela, jarduera sozio-hezitzailearen egokitasunari buruzko balorazioa egin dezaten.
1.3.Arartekoaren 3/2015 gomendio orokorra, apirilaren 20koa.
Euskara ikasteko laguntza publikoak langabeei ere eman diezazkietela,
laguntza horiek berdintasun egoeran
jaso ahal izango direla bermatuz.
Arartekoa egiaztatzen ari denez, euskarak gure gizartean duen komunikazio-, kultura- eta identitate-balioaz harago, hizkuntza hori jakitea gaikuntza-faktore osagarria da, gero eta gehiago. Horregatik, euskararen ikaskuntza langabeentzat ere sustatu beharra dago.
Gaikuntza hori ez du Lanbidek ematen, baizik eta EAEko tokian tokiko udalek, horiek kudeatzen baitituzte helburu horretara bideratutako laguntza publikoak; eta gertatzen da horretarako programarik ez dagoela udal guztietan, eta halakorik badutenetan ere, ez dela homogeneotasunik nabari.
Beraz, eragindako euskal herri-administrazioek, pertsonen enplegagarritasuna bultzatzeko neurriak abiarazteaz gain, hartzen dituzten neurri horietan herritarren berdintasuna errespetatu behar dute, edozein udalerritan bizi direla ere.
Horregatik, Arartekoak hauxe gomendatu dio Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailari: elkarlanean aritu dadila tokiko administrazioarekin eta Lanbiderekin, euskara ikasteko laguntza publikoak sustatzeko eta langabeei ere emateko, laguntza horiek berdintasun egoeran jaso ahal izango direla bermatuz.
2. AZTERLANAK
2015. urtean, azterlan hauek argitaratu dira:
2.1.Ospitaleetako larrialdiak estatuko osasun sisteman: gaixoen eskubideak eta bermeak
Autonomia erkidegoetako defendatzaileek eta Espainiako herriaren defendatzaileak elkarrekin egindako azterlan bat aurkeztu zuten 2015eko urtarrilaren 26an, Madrilen. Aztergaia hauxe zen: Estatuko ospitaleetako larrialdi-zerbitzuen egoera eta zerbitzu horien jardunak oinarrizko eskubideetan duten eragina.
Azterlan hori hiru helburu lortzeko asmoz proposatu zen:
• Larrialdietako osasun-laguntzaren eskubideak eta bermeak identifikatzea, bai eta haien aplikazio-estandarrak ere.
• Zerbitzu horietan, egoera ahulenean dauden pertsonei nola laguntzen zaien aztertzea.
• Gaixoen erreklamazioak eta iradokizunak aztertzea, zerbitzuaren barometro gisa eta zerbitzua hobetzeko tresna gisa erabiltzeko.
2.2.Arartekoaren azterlana, oinarrizko gizarte-zerbitzuen egoeraz
Gizarte-lanaren munduko eguna martxoaren 17an ospatzen da. Hori dela eta, Arartekoak eta Euskadiko gizarte-laneko elkargo profesionaletako presidenteek baterako adierazpen bat zabaldu genuen. Horrez gain, beste agiri bat ere hedatu genuen, gizarte-langileen iritziak eta 2014ko ekainean egin zen baterako lanaldiko parte-hartzaileenak biltzen dituena. Topaketa hartan aztertu ziren Arartekoak txosten berezi honetan ateratako ondorioak eta egindako gomendioak: Euskal Autonomia Erkidegoko oinarrizko gizarte zerbitzuen egoera.
Jardunaldiaren ondorioetan berriro nabarmendu genuen baliabide egokiak abiarazi behar direla Arartekoaren txosten berezi horretako gomendioak betetzeko, eta adierazi genuen gaur egun zailtasunak daudela, eredu komunik eta finantza-egonkortasunik ez dagoelako, baita ere udalerriak zatituegi daudelako eta tamaina askotakoak direlako. Orobat, azpimarratu genuen zein garrantzitsua den gizarte-lan komunitarioa indartzea, erakundeen artean erabakiak adostea eta zerbitzuak eta pertsonentzako gizarte-arreta hobetuko dituen araudi bat egitea. Ezinbestekoa da administrazioen arteko lankidetza eta koordinazioa, batez ere Lanbiderekin.
3. TXOSTEN BEREZIAK
3.1. 2015ean argitaratutako txostenak
Arartekoak txosten berezi hau argitaratu zuen 2013an: E-inklusioa eta Euskadin herritarrek IKTen bitartez gizartean eta eremu publikoan parte hartzea.
2014ko amaieran, txosten hori atera eta handik bi urtera, gomendio haiek betetzen ote ziren aztertzeko ekintzak burutzean, Arartekoak eguneratu egin du txosteneko gomendioen ezarpena. Horretarako, informazioa eta agiriak bildu ditu euskal herri administrazioek gai hauetaz onartu dituzten ekimenei buruz:
• Web-orri instituzionaletan zerbitzuak eta edukiak errazago eskuratzeko jarduerak.
• Kanal anitz eskura izateko eskubidea sustatzeko ekimenak.
• Sakelako telefonoetan erabiltzeko aplikazioak egitea, bereziki adinduentzako eta dibertsitate funtzionala duen jendearentzako.
• IKTen bitartez herritarrek parte hartzeko eta gardentasuna sustatzeko ekimenak.
Izan ere, asmoa da, batetik, jakitea euskal administrazio publikoek e-inklusioaren eta herritarren partaidetzaren alorretan azken bi urteetan zenbaterainoko aurrerapausoak eman dituzten; eta bestetik, administrazio horiek Arartekoak lehen aipatu 2013ko txosten berezian egindako gomendioak gauzatzeko zenbaterainoko konpromisoa hartu duten jakitea.
Honatx ondorioetako batzuk:
Bilakaeraren analisiak hainbat gertakari jarri ditu agerian, herritarren zein euskal administrazio publikoen eremuan:
• Eten digitalak murrizten ari dira pixkanaka, batik bat generoarekin eta adinarekin zerikusia dutenak.
• Beste eten digital batzuk, ordea, lan-jarduerarekin eta familia-motarekin zerikusia dutenak, adibidez, berdin jarraitzen dute: interneten erabileran berdintasunik eza da nagusi (landunak/langabeak, seme-alabadun familiak/seme-alabarik gabeko edo kide bakarreko familiak).
• Administrazioek, txosten honetan aipatu gai batzuetan, dagozkien zereginak bete dituzte eta herritarren e-inklusioa eta partaidetza ahal bezainbeste errazteko bitarteko eta moduak jarri dituzte.
• Hala, erregulazio eta estrategia aldetik aurrerapauso handiak eman dituzte: Euskadiko Demokraziaren eta Herritarren Partaidetzaren Liburu Zuria idatzi eta Euskal Administrazio Publikoaren Legearen Proiektua diseinatu dute.
• Hala eta guztiz, txosten honetan ere gomendio-zerrenda bat egin dugu, oraindik betetzeko daudelako eta administrazioek aztertu eta baloratu egin beharko lituzketelako.
3.2. 2015. urtean egiten ari diren txosten bereziak
3.2.1. 2015. urtean dezente aurreratu da txosten berezi berria prestatzen: EAEko ospitaleek ezgaituentzat duten irisgarritasunaren diagnostikoa.
Azterlan horretan (oinarrizko agiria bukatzear dago), ezgaituek erabat gizarteratu eta gizartean parte hartzeko Arartekoari funtsezkoa iruditzen zaion gai bat jorratu nahi da: Euskal Herriko ospitaleen irisgarritasuna.
• Irisgarritasunari buruzko araudia zenbateraino betetzen den aztertu nahi da eta Euskal Herriko ospitale sistemaren gabeziak identifikatu nahi dira, ezgaituen joan-etorrien segurtasunari eta eraginkortasunari dagokienez.
• Antzemandako akatsetan oinarrituta, lehentasunezko ekintza-plan bat ezarri beharko litzateke, eta Euskal Herriko ospitale sistemaren irisgarritasunari buruzko diagnostikoa lortu eta gero, beharrezko gomendioak egin beharko litzaizkieke eragindako administrazioei, irisgarritasun arloko araudia bete dezaten eskatzeko eta, hala, ezgaituek diskriminatuak ez izateko eta aukera berberak izateko duten eskubidea benetakoa eta eraginkorra izango dela bermatzeko.
• Azkenik, emaitzak jendaurrean hedatuz, erakundeak, enpresak eta gizartea kontzientziatzea sustatu beharko litzateke, behar adinako bultzada lortzeko beharrezko neurri eta ekimenak abiaraz daitezen, irisgarritasun-arazo handieneko pertsonen bizi-kalitatea hobetzeko asmoz.
3.2.2. EAEko udaletako gizarte-zerbitzuen egoerari buruzko azterlana
Arartekoak orain arte bi txosten berezi egin ditu EAEko oinarrizko gizarte-zerbitzuen gainean: lehena, 1999an, eta bigarrena, 2009an. Harrezkero, oinarrizko gizarte-zerbitzuetan eragin handia izan duten alda
ketak gertatu dira, testuinguru sozioekonomikoan, araudian eta antolaketaren arloan.
Bost urte pasatxo igaro dira administrazio, gizarte-erakunde eta talde profesionaletako arduradunekin partekatutako azterketa eta gogoeta haiek egin zirenetik, eta herritarren kexak kontuan hartuta, beharrezkoa iruditu zaigu hausnarketa-prozesu bat proposatzea, jakin nahi baitugu udaletako gizarte-zerbitzuak nola erantzuten ari diren biztanleek azaldutako beharrei, indarreko araudiak udalei eman dien eginkizunaren eta erantzukizunaren ikuspegitik, eta baita ere udaletako gizarte-zerbitzuek zer bilakaera izan duten azken urteotan, ikuspegi hauetatik begiratuta: egindako zerbitzuak, artatutako pertsonak, kontratatu diren langileak edo egindako gastua. Eta datu horiek abiapuntu hartuta, zehaztu nahi da zer ezberdintasun dauden lurraldeen artean edota Euskadin gizarte-ekintza arloan udal eskumenak gauzatzeko orduan egiaz dauden ereduen artean. Urteko txosten hau ixteko egunean, bukatzear dago txosten berezi horren ondoriozko testua.
3.3. Arartekoaren ikerketa-beka
Arartekoak ikerketa-beka bat eman dio, 2015-2016 aldirako, Izaskun Orbegozo ikertzaileak aurkeztu duen proiektu honi: “Pertsonen salerosketak EAEn duen eragina aztergai”.
Arartekoko eta Euskal Herriko Unibertsitateko ordezkariek osatu dute Hautaketa Batzordea eta, haien ustez, proiektu horretan zenbait baldintza biltzen dira: adibidez, proiektuaren diseinu egokia eta ikerketa horren erabilgarritasuna, pertsonen –batik bat emakume eta haurren-salerosketaren arazoak kezka eta ardura sortzen baitizkio Ararteko erakundeari.
Ararteko erakundeak hainbat urtez iragarri izan ditu ikerketa-bekak giza eskubideen arloan. Horrela, bere eginkizunekin bat etorriz, diziplina arteko ikerlana bultzatu nahi izan du giza eskubideen arloan, gure autonomia erkidegoaren lurralde esparruan. Beka horien helburua da giza eskubideak Euskadin zenbateraino ezartzen diren ikertzea, egoerarik txarrenean dauden gizarte-taldeetako bati dagokionez.
Aurtengo maiatzean egin zen 2015eko deialdia, aurrekontu arrazoiengatik 3 urtez iragarri ezinik egon ondoren, eta 32 proiektu aurkeztu dira deialdi honetara.
4. ARARTEKOAREN UDAKO IKASTAROAK
4. Arartekoaren udako ikastaroak
EHUko XXXIV. Udako Ikastaroen barruan, ekainaren 19an, Donostiako Miramar Jauregian Ararteko erakundeak antolatutako ikastaro hau egin zen: “Euskal gazteen zailtasunak beren hiritar eskubideak egiaz baliatzeko, batez ere bizimodu autonomoa egiteko proiektua eraikitzearekin lotutakoak”.
Manuel Lezertua arartekoak eta Ana Arrieta Gipuzkoako campuseko errektoreordeak eman diote hasiera ikastaro honi. Bertan parte hartuko dute, besteak beste, Juan Pablo Landa Zapirain eta Joan Subirats katedradunek.
Pertsonak osorik garatuko badira, bizimodu duina eraiki eta gozatzeko aukera izan behar dute. Nozitzen ari garen krisi sozial eta ekonomikoak kolokan jarri du Konstituzioak aitortutako printzipio eta eskubideen eragingarritasuna, eta lanerako eskubidean larriki eragin duenez gero, izugarri mugatzen ari da denek lortu ahal izan beharko luketen bizimodu autonomorako proiektua.
Egoera hori gure gizarteko maila eta talde guztietan eragiten ari da, baina nabarmenago ageri da gazteen kasuan, izan ere, gazte gehienek eragozpen ugari aurkitzen dituzte lan-merkatuan sartzeko eta, beraz, emantzipatu eta bizimodu autonomoa egiteko beharrezkoak diren baliabide ekonomikoak lortzeko.
Jardunaldi honetan, Espainiako Konstituzioak ezarritako oinarrizko eskubideak abiapuntutzat hartuta (besteak beste, gizarte- eta ekonomia- politika zuzentzeko printzipioak, gizartean parte hartzeko eskubidea, lanerako eta soldata nahikoa jasotzeko eskubidea), egungo egoeraren erradiografia egin nahi zen, baita ere Konstituzioko xedapenaren eta Euskadiko gazteen benetako egoeraren artean dagoen desorekarena.
Horretarako, gaiok aztertu ziren: lanak gizarteratzeko eta norberaren autonomia lortzeko duen betekizuna, euskal administrazioaren ekimenak eta, guretzat garrantzitsuena, gure gazteek (zuzenean mintzatuz edo parte hartzen duten elkarteetako ordezkarien testigantzen bitartez) egingo dituzten bizitzaren deskribapenak.
Ararteko erakundeak nabarmendu zuenez, herrialde bakoitzeko eta unean uneko testuinguru politiko, sozial eta ekonomikoak izugarri baldintzatzen dituzte emantzipazio-prozesuak. Hauexek dira faktorerik erabakigarrienak eta elkarri gehien eragiten diotenak: familiak gizartean duen eginkizuna; familiaren betekizun babeslea (oparotasun ekonomikoko garaian, nahierara aukeratzen zen familia barruan geratu ala ez, baina gaur egun “nahitaez” bete beharrekoa bihurtu da. Hala ere eginkizun hori Estatuak bete beharko luke, dudarik gabe); testuinguru makroekonomikoa (bereziki, enpleguan duen eragina); ongizate Estatua eta etxebizitzen sistema garatzea. Huts egiteko beldurrik gabe adieraz dezakegu gazteen trantsizioa helburutzat duen edozein politika publikok osoko diagnostikoa izan behar duela abiapuntu. Diagnostiko horretan bildu behar dira egiturazko faktore horiek guztiak eta, horren arabera, neurri egokiak proposatu behar dira.
“Konstituzioa, herritarren eskubideak eta gazteen enplegua” izenburuko ponentzia (esparrua) Juan Pablo Landa Zapirainek eman zuen. Lanaren eta Gizarte Segurantzaren Zuzenbideko katedraduna da bera, EHUko Zuzenbide Fakultatean. Ondoren, Joan Subiratsek hartu zuen hitza. Zientzia Politikoan katedraduna da Bartzelonako Unibertsitate Autonomoan, eta gai honetaz mintzatu zen: “Gazteak garai alda
ketaren aurrean. Arazo berriak, politika zaharrak?”.
Jarraian, mahai-inguru batean, euskal errealitateaz hitz egin zen. Bertan parte hartu zuten Nieves Corcuerak (Gazteriaren Euskal Bulegokoa), Xabier Aierdik (Eusko Jaurlaritzaren Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailekoa), Itsaso Anduezak (Euskadiko Gazteriaren Kontseilukoa) eta Teresa Gastónek (ADSIS fundaziokoa).
5. ARARTEKOAREN JARDUNALDIAK
5.1. “Haurrak eta nerabeak babesteko lege berriak: alda
keta nagusiak” jardunaldia
Azaroaren 19an, Haurren Eskubideei buruzko Hitzarmena onartu zen egunaren bezpera dela eta, jardunaldi bat egin zen Bilbon. Jardunaldi hori Arartekoak antolatu du, gai honen gainean hitz egiteko: lege-aldaketa nagusiak haur eta nerabeak babesteko sistemaren arloan.
2015eko uztailaren bukaeran lege-aldaketa bat onartu zen, luzaroan espero izan dena eta sakon landutakoa. Izan ere, uztailaren 28ko 26/2015 Legeak eta uztailaren 22ko 8/2015 Lege Organikoak haur eta nerabeen babes-sistema alda
tzekoak dira biak alda
keta garrantzitsuak ekarri dituzte Estatuan haur eta nerabeen babesa arautzeko esparruan.
Nazio Batuek orain 26 urte onartu zuten, azaroaren 20an, Haurren Eskubideei buruzko Hitzarmena. Egun haren urtemuga testuinguru ezin hobea da lege-aldaketa nagusiak aurkezteko, batez ere kontuan hartuta nazioarteko hitzarmen hartan alda
rrikatu ziren eskubide batzuek zeharkatzen eta blaitzen dituztela aipaturiko testu horiek: hain zuzen, adingabeen interes gorenak, entzunak izateko eta beraien iritziak aintzat hartuak izateko eskubideak eta, oro har, beraien eskubideak baliatzeko orduan berme handiagoa izateak.
Ararteko erakundeak, jardunaldiaren edukiaren bitartez, Euskadiko haur eta nerabeei ematen zaien arretan zerikusia edota interesa duten pertsona guztiei helarazi nahi izan zizkien arau-aldaketa horiek. Eta horien osagarri, babesik gabeko haur eta nerabeak artatzen dituzten gizarte-zerbitzuak hobetu nahi badira (bai euskal arau-esparruan, bai zerbitzuak eta programak kudeatzean), orain zeri heldu behar zaion hausnartu zen.
Jardunaldia Manuel Lezertua arartekoaren eskutik hasi zen. Ondoren, legean egin diren alda
ketarik garrantzitsuenak azaldu zituen Elena Ayarzak, Arartekoko Haur eta Nerabeentzako Bulegoko zuzendaria baita.
Jarraian, mahai-inguruan, araudi berria baloratu zen, baita Euskadin babesik gabe dauden haur eta nerabeak artatzeko sisteman duen eragina ere. Honako hauek parte hartu zuten: Miguel Hurtadok Eusko Jaurlaritzaren Familia eta Komunitate Politikarako Zuzendaritzako aholkulari juridikoa , Consuelo Alonsok Bizkaiko Foru Aldundiaren Haurren Zerbitzuko burua eta Carmen Cotelok Arabako Adingabeen fiskala.
Topaketa horretara joan ziren zenbait administraziotako haurren zerbitzuetako teknikari batzuek, hainbat gizarte langilek eta, oro har, haur-nerabeak babesteko sistemarekin lotutako arlo ezberdinetan diharduten hainbat pertsonak.
5.2. Kudeaketa aurreratuari buruzko Europako XXI. astea
Euskalitek Kudeaketa aurreratuari buruzko Europako XXI. Astea sustatu zuen. Aste horretako ekitaldien artean, Q-epeak jardunaldi bat egin zuen urriaren 30ean Bilbon, herri-administrazioko gardentasunaren gainean. Bertan, sei adituk beren ponentziak eta esperientziak azalduko zituzten, ondo ezagutzen dituzten gai hauei buruz: gardentasuna eta informazio publikoaren kudeaketa, informazio horren tratamendua, eskuragarritasuna eta kudeaketako jardunbide egokiak.
Q-epea sare bat da, Euskal Herriko 29 erakunde publikok (administrazio eta enpresa publikok) osatzen dute, besteak beste, Arartekoak. Kudeaketan bikaintasuna lortzeko konpromisoa hartu dute, bi helbururekin: batetik, ikaskuntza partekatuaren bitartez, gure erakundeen kudeaketa hobetzen aurrera egitea, eta, bestetik, euskal sektore publikoan bikaintasuna bultzatzea.
Inmaculada de Miguel andrea Ararteko erakundearen Gizarte Harremanetako, Azterlanetako eta Modernizazioko zuzendaria da, eta Qepeako kidea. Berak azaldu zuen aurten sare horretan zer lan egin duten Qepeako erakundeek, banaka nahiz taldean, gardentasun maila ezin hobea bermatzeko ekintzak garatzeko asmoz.
Lan horren erakusgarri, zerrenda zehatz bat egin da. Zerrenda horretan, administrazioek zer informazio argitaratu behar dituzten adierazten da, eta legegintza testuinguru konplexuan gaudenez gero, zerrenda horri esker zehaztu daiteke erakunde motaren arabera zer informazio argitaratu behar den, zer hedabideren bitartez jakinaraziko den, zenbatero, e.a. Gainera, zerrenda hori erakunde bakoitzak konpromisoa zenbateraino betetzen duen neurtzeko tresna moduan erabil daiteke, jarraipen-lana egiteko adierazleak ezarriz.
Orobat, bere mintzaldian nabarmendu du informazioa bermatu behar dela (bai publizitate aktiboaren modalitatean, bai informazioa lortzeko eskubidea egiaz baliatzean) herritarrek parte hartzeko aurre-baldintza gisa eta administrazio ona izateko eskubidearen euskarrietako bat bezala.
5.3. “Emakumeak espetxean, zailtasun gehiago” jardunaldia
Azaroaren 25ean emakumeen kontrako indarkeria deuseztatzeko nazioarteko eguna da. Hori ospatzeko, Arartekoak, Eusko Legebiltzarrarekin elkarlanean, honako izenburuko jardunaldia egin zuen: “Emakumeak espetxean, zailtasun gehiago”.
Topaketa horren bidez, jendea sentikorrago bihurtzen lagundu nahi da, oso ezaguna ez den errealitate baten aurrean: hain zuzen, emakume presoen egoera eta espetxealdian dituzten zailtasunak, emakume eta ama diren aldetik; izan ere, leku horietan, emakumeek are baliabide gutxiago izaten dituzte beren egoera ikusgarri egiteko eta benetan ahalduntzeko.
Jardunaldia Eusko Legebiltzarrean egin zen eta Bakartxo Tejería euskal Ganberako presidenteak eta Manuel Lezertua arartekoak eman zioten hasiera.
Bere mintzaldian, arartekoak hauxe esan zuen emakume bat espetxeratzen dutenean hiru zigor nozitzen ditu. Izan ere, gizarteak oro har gogorrago gaitzesten du emakumea gizonezkoa baino, hark delitu bat egiten duenean. Gainera, emakume presoak familia-deserrotze izugarria jasango du, berak askatasuna galtzean familia desegingo baita. Hori ez da beti hala gertatzen espetxeratutakoa gizonezkoa denean. Azkenik, espetxean dagoen emakumeak gizonezkoak baino baldintza gogorragoak izango ditu zigorra betetzeko, emakume izate hutsagatik.
Gero Isabelle Romek hartuko du hitza. Versaillesko Apelazio Gortean magistratua da bera, eta Dans une prison de femmes liburuaren egilea. Azterlan horretan atera dituen ondorioen berri eman zuen.
Romek adierazi zuenez, “espetxeratzeak gorabehera larriak eragiten ditu emakumeen organismoan, eta sufrimendu hori areagotu egiten da, gainera, espetxeratu aurretik zaintzen ez bazen edo gaizki tratatzen bazen; adibidez, alkoholaren edo drogen mende dauden emakumeen kasuetan”. Espetxeko baldintzak are latzagoak dira amentzat, familiarekiko harremana bereziki zaila baita, batez ere zigorra luzea bada.
Bukatzeko, mahai-inguru batean, Euskadiko emakume presoen egoeraz eztabaidatu zuten Ruth Alonso Bilboko Espetxe Zaintzako magistratu epaileak, Juan Calparsoro Euskadiko fiskal nagusik eta Estíbaliz de Miguel ikertzaile eta “Sin rejas” sareko koordinatzaileak.
5.4. Giza eskubideen alda
rrikapen unibertsalaren 67. urtemuga ospatu du arartekoak
Giza Eskubideen Alda
rrikapen Unibertsalaren urtemuga ospatzeko asmoz, Arartekoak Euskadira etortzera gonbidatu zuen NBEren Giza Eskubideen Batzordeko presidentea, Fabián O. Salvioli jauna.
Salvioli doktoreak honako izenburuko hitzaldia eman zuen Bilbon, abenduaren 11n: “Giza Eskubideen Batzordea: eskubide zibil eta politikoen Nazioarteko Itunaren ezarpena ikuskatzea. Espainiaren kontrako erreklamazioak bereziki aipatzea”. Ekitaldi hori Arartekoak antolatu du, Bizkaia Jaurerriko Abokatuen Bazkun Ohoretsuarekin lankidetzan.
Salvioli profesorea 2009. urteaz geroztik Nazio Batuen Giza Eskubideen Batzordeko partaidea da. Organo hori giza eskubideen arloko mundu osoko hemezortzi adituk osatzen dute eta, gaur egun, bera da batzordeburu.
Batzorde horren zeregina Eskubide Zibil eta Politikoen Nazioarteko Ituna zenbateraino ezartzen den ikuskatzea da. Itun aldeaniztun hori Nazio Batuen Batzar Nagusiak onartu zuen; eskubide zibil eta politikoak aitortzen ditu, eta zenbait mekanismo ezartzen ditu eskubide horiek babestu eta bermatzeko.
Salviolik nabarmendu zuen “ez direla behar bezala ikertu” tortura salaketak, eta ez dagoela “araudi egokirik egintza horiei aurre egiteko”. Orobat, gaitzetsi egin zuen frankismoaren biktimei ematen zaien “tratu ankerra”.
Arartekoak efemeride hori nabarmendu nahi izan du Giza Eskubideen Egun Unibertsalean, Giza Eskubideen Alda
rrikapen Unibertsalaren 67. urtemugan. Agiri hori mugarria da nazioarteko Zuzenbidearen historian.
Lege- eta kultura-tradizio ezberdinak dituzten munduko eskualde guztietako ordezkariek prestatu zuten Alda
rrikapena, eta planetako herri eta nazio guztientzako eredu komun izendatu zuten. Alda
rrikapenean lehen aldiz aipatu ziren banan-banan, nazioartean, gizaki guztiei datxezkien oinarrizko eskubide eta askatasunak
6. BESTE JARDUERA BATZUK
6.1. Arartekoaren Informazio-guneak egoitza publikoetan
Arartekoak euskal herritarrei egiten duen lanaren berri emateko zereginarekin jarraitzen du, Euskal Autonomia Erkidegoan bizi diren pertsona guztiek jakin dezaten erakunde honek zein zerbitzu publiko eskaintzen duen, eta nola izan dakiekeen erabilgarri. 2009an, Arartekoak informazio-kanpaina bat hasi zuen, hau da, EAEko udaletxeetan informazio-gune batzuk jarri zituen, eskultura baten antzeko euskarri bat, kartoi-harrizkoa, erakundearen inguruko informazio interesgarriarekin (zer den, zer egiten duen, noiz jo Arartekoarengana, nola aurkeztu kexa bat...).
Lehenengo fasean, informazio-gune horiek EAEko udal bakoitzean jarri ziren, ikus daitezkeen eta normalean jendea askotan ibiltzen den tokietan. Bigarren fasean, informazio baliabideak hiru foru aldundietako eta Eusko Jaurlaritzako bulegoetara bidali ziren.
Ararteko erakundea euskal gizarteari hurbiltzeko eta gauzatzen dituen zereginak gehiago eta hobeto ezagutzera emateko, ekimen berri bat jarri da martxan: dibulgazioko aldizkari bat bidaltzea informazio-guneetara, hain zuzen. Modu labur eta entretenigarrian azaltzen du Arartekoak urtean barrena gauzatu dituen jarduera batzuk (txosten bereziak, gomendioak, kexak eta kontsultak...).
6.2. Aldizkari digitala
Arartekoak etengabe egiten du apustu modernizazioaren alde, baita herritarrei egiten dugun lanaren berri emateko bideak hobetzearen alde ere, eta, horri esker, 2015ean “e-albisteak” aldizkari digitala sendotu da. Oso tresna erabilgarria da herritarrei erakunde honek gauzatzen dituen jarduera guztien berri emateko. Bi hizkuntzatan argitaratzen da eta erraz irakurtzen da. Aldizkari honen formatua malgua da, eta, bertan, Arartekoaren jarduerarik garrantzitsuenetako batzuk jasotzen dira: gomendioak, artikuluak, argitalpenak, ebazpenak...
Informazio eguneratua eskaintzeaz gain, aldizkari digitalak, era berean, zuzeneko esteken bitartez web orriko beste eremu batzuetara sartzeko aukera ematen du; adibidez, Haur eta Nerabeentzako Bulegora, arreta publikoko kolektiboetara, ebazpenetara, gomendioetara, ohiko txostenetara eta ezohiko txostenetara.
Gobernuz kanpoko erakundeak eta gizarte zibil antolatua buletin honen xede garrantzitsua dira, baita herri-administrazioak, komunikabideak eta Arartekoak egiten duen lanaren informazio eguneratua izan nahi duten herritar guztiak ere. 2015ean 25.000 bidalketa inguru egin ditugu.