9. LESBIANAK, GAYAK, BISEXUALAK, TRANSEXUALAK ETA INTERSEXUALAK (LGBTI PERTSONAK)
Aurrekariak
Arartekoak arlo honetan egiten duen lanak honako hauek ditu oinarri: alde batetik, Konstituzioaren 14. artikulua, pertsona guztiak berdinak direla dioen printzipioa ezarri duena eta bereizkeria debekatu duena; eta bestaldetik, lesbiana, gay, pertsona bisexual, transexual eta intersexualen eskubide berdintasuna alda
rrikatzen duten nazioarteko beste tresna batzuk. Sexu-orientazioa edo genero-identitatea ezin da diskriminatzeko arrazoi bihurtu, eta euskal botere publikoei dagokie pertsona guztien berdintasuna benetakoa eta eraginkorra izan dadin eragozten duten oztopoak kentzeko betebeharra.
Arlo horretan, gure lanaren xedea hauxe da: pertsona ororen duintasuna eta sexu-orientazioa zein genero-identitatea askatasunez garatzeko eskubidearen alde egitea, eta lesbiana, gay, bisexual eta transexualek herritar gisa dituzten eskubide guztiak erabat eta berdintasunez gauzatzen direla ziurtatzea. Zentzu horretan, euskal herri-administrazioek beharrezkoak diren neurriak eta jarduerak garatzea bultzatu nahi dugu, pertsona horiek baztertzeko edozein kausa kentzearren eta haien eskubideak berdintasun osoz gauzatzea lortzearren. Gai horrekin zerikusia duten kexak izapidetzeaz gain, hainbat jarduera egin ditugu, euskal administrazioetan, talde horren eskubideak erabat integratzearekin loturiko funtzionamendua hobetu eta hobekuntzak bultzatu eta sustatzeko.
Auzi horri lotutako gure jarduketa guztien xedea hiru helburu hauen bitartez laburbiltzen da:
• Euskal herri-administrazioek euren jarduera guztietan berdintasuna erabat errespeta dezaten eta sexu-orientazio eta genero-identitatearen ondoriozko bereizkeriarik egin ez dezaten lortzea, eskubide horien gauzatzea benetakoa eta eraginkorra izateko beharrezkoak diren neurriak abian jarriz.
• Euskal gizarte osoan, bazterkeriarik ezan eta aniztasun afektibo-sexualari eta genero-aniztasunari lotutako eskubideen errespetuan oinarritutako kultura zabaltzea.
• Homofobia edo transfobiaren aurka borrokatzea (edozein formatan agertzen bada ere), Euskadin LGBTI pertsonen egoeraren gaineko ezagutza eta sentsibilizazioa zabalduz.
1. Kexarik aipagarrienak
Haur transexualei ematen zaien osasun-arreta 1
Arlo honetan jasotako kexen artean, Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzuak Gurutzetako Ospitaleko Generoaren Unitatean haur transexualei ematen dizkien zerbitzuen esparruko jarduerari buruzkoa nabarmendu nahi dugu. Guraso batzuek esku-hartzea eskatu digute, Gurutzetako Ospitaleko Generoaren Unitatean haien seme adingabearen egoerari heltzeko modua dela eta. Izan ere, haurrak mutila dela uste du eta mutil jarrera du, jaiotakoan sexu femeninoa esleitu zioten arren; legearekin bat, neska bezala erregistratuta dago. Guraso horiek ez daude ados Osakidetzako unitate horretan haien kasua tratatzeko moduarekin. Espedientea aztertu bitartean, aukera izan dugu euskal osasun-sistemaren arduradunek gai horri buruz duten iritzia ezagutzeko, eta horrela, pertsona transexualen eta bereziki haur transexualen eskubideekin zerikusia duten nazioarteko eta bertako tresnetan jasotako eskubideei buruzko parametroa egiaztatzeko. Gure iritzia gai konplexu horren inguruan 2016. urtearen hasieran argitaratuko den ebazpenean jaso da; horren bidez, gomendatu diogu Osakidetzari elkarrizketa-bideak ireki ditzala eta behar bezala erantzun diezaiela genero-identitate edo adierazpen desberdina duten adingabeen familien kezka, kritika eta informazio-eskaerei. Halaber, gomendatu diogu kontuan izan ditzala hainbat jarraibide eta printzipio, pertsona horiek artatzeko orduan, baita transexualak genero-identitateagatik ez baztertzeari eta haien eskubideak aitortzeari buruzko ekainaren 28ko 14/2012 Legearen9. artikuluan aurreikusitako gida klinikoa ezartzean ere.
Lesbiana-bikoteen seme edo alabaren seme-alabatasuna erregistroan inskribatzeko oztopoak
Aurten zenbait kexa jaso ditugu gai horren inguruan, eta guztietan lesbianen bikoteek seme edo alabaren ama ez biologikoaren aldeko seme-alabatasuna erregistratzeko orduan izaten dituzten zailtasunak aipatu dira. Kontu horrek Erregistro Zibilaren funtzionamenduari eta, azken batean, arloarekin loturiko estatuko araudia aplikatzeari dagozkion arazo juridiko batzuk sortzen ditu, eta ondorioz, zailtasunak agertzen dira bi emakumek osatutako familietan jaiotako haurrak erregistroan inskribatzeko orduan. Legeak ezartzen dituen mugak gorabehera –botere judizialaren kontrola ez baita gure erakundearen eginkizuna–, bere garaian, erakunde honek heldu dio kontu horri, gure eskuduntzen araberako hainbat jardueraren bidez. Alde batetik, txosten bat bidali diogu Espainiako Herri Defendatzaileari, eta horren bidez, lagundutako giza ugalketako teknikei buruzko maiatzaren 26ko 14/2006 Legearen7.3 artikulua interpretatzeko orduan sortzen den arazoaren berri eman diogu. Zehazki, 2011. urtean, eskatu genion erakunde horri artikuluaren interpretazioa argitu ahal izateko egoki zeritzon jarduketa has zezan, erregistroko praktika homogeneoa lortzeko eta erregistro zibil guztien jarduerak konstituzioko berdintasun printzipioarekin guztiz bat etortzea bermatzeko. Bestalde, 2010eko abenduan, 4/2010 gomendio orokorra ematea erabaki genuen, eta horren bidez, eskatu genion Eusko Jaurlaritzari laguntza bidezko ugalketako teknikak burutzen dituzten euskal osasun-zentro guztiei lege-anbibalentzia horren berri eman ziezaiela, egoera horretan dauden emakume-bikoteek laguntza bidezko ugalketako tratamendua hasten dutenean, etorkizunean izango dituzten seme-alaben seme-alabatasuna erregistroan inskribatzeari dagokion egoeraren berri izan zezaten. Hala eta guztiz ere, ezin dugu alboratu egun indarrean dagoen araudiak –ama bien aldeko seme-alabatasuna legeak onartzekoa– ezartzen duena: hain zuzen, emakume horiek ezkonduta egon behar dute eta seme-alabek laguntza bidezko ugalketako teknikak erabiltzearen ondorioz jaioak izan behar dute. Bi baldintza horiek biltzen ez badira, ama biologikoaren bikotekidearen aldeko seme-alabatasuna ezartzea adopzio prozesuaren bidez baino ezin da egin, ezkontza zibilaren esparruan edo izatezko bikoteei buruzko erkidego mailako legeriari jarraiki. Ildo honetan, aipatu behar dugu, Estatuko legegilearen aukera denez, Arartekoaren erakundeak ez du eskumenik estatutu juridiko hura zalantzan jartzeko. Hala ere, jakin badakigu araudi horrek pertsonen arteko berdintasunaren printzipioa kaltetzen duten disfuntzioak sor ditzakeela, nekez justifika daitekeen desberdintasuna eragiten baitu bikote heterosexualak eta sexu bereko bikoteak tratatzeko moduan. Kontu horrekin zerikusia duten kexa eta kontsulten kopurua igotzeak konpondu gabeko eta etorkizunean berriro aztertu beharreko arazoa dela erakusten du.
2. Araudi- eta gizarte-testuingurua
Esparru juridiko orokorra
Arlo horri dagokion esparru juridikoa erreformatu egin da azken urteotan, LGBTI pertsonen eskubide zibilen erabateko parekotasuna ezartzeko, bai sexu bereko pertsonak ezkontzeko aukerari, bai pertsona transexual edo transgeneroek euren genero-identitatea sentitzen duten sexura legez egokitzeko gaitasunari dagokionez. Hala, Euskal Herrian, izatezko bikoteak arautzeko maiatzaren 7ko 2/2003 Legea onartu zen lehendabizi; ondoren, Kode Zibilaren erreforma, uztailaren 1eko 13/2005 Legearen bidez egina, zeinek Kode Zibila alda
tzen baitu ezkontzeko eskubideari dagokionez; eta azkenik, martxoaren 15eko 3/2007 Legea, pertsonen sexuari buruzko erregistroko aipamena zuzentzea arautzen duena. Arau horiek LGBTI kolektiboaren eskubide eredu berria ezartzeko lege oinarria bihurtu dira. Hala ere, errealitateak erakusten digutenez, oraindik ere ugari dira eremuak, non praktikan urratzen baitira LGBTI pertsonen eskubideak. Horietako bat, hain zuzen, pertsona transexual eta transgeneroen genero-identitatearekin du zerikusia.
Pertsona transexualen administrazioko dokumentazioa Euskadin
Euskal Herrian gai horri heltzeko nahian, 2015eko abenduan, Eusko Jaurlaritzak transexualen dokumentazio administratiboari buruzko abenduaren 22ko 234/2015 Dekretuaonartu du, Euskadin transexualek eta transgeneroek Erregistro Zibilean sexua berriz esleitu arte erabili ahal izango duten administrazioko dokumentazioa arautzen duena, pertsona horiek askatasunez aukeratutako genero- identitatearekin bat tratatzea ahalbidetzeko. Etorkin transexualek jatorrizko herrialdean erregistro-aldaketa egin arte, erabili ahal izango dute dokumentazio hori.
Pertsonen sexuaren aipamena erregistro zibilean zuzentzea arautzen duen martxoaren 15eko 3/2007 Legeak ahalbidetu du, baldintza batzuk betez gero, erregistro zibilean sexuaren eta izen propioaren erregistro-izendapena alda
tzea. Horri esker, erraztu egiten da dokumentazio administratibo guztia pertsona baten benetako genero-nortasunera egokitzeko prozesua, arau horrek transexualitatearen tratamendu integralean oso garrantzitsuak diren hainbat alderdi arautzen ez baditu ere. Dena dela, pertsona horien egoera konplexua da eta, ondorioz, arreta integrala eman behar zaie, erregistro-esparrutik haratago. Hori dela eta, Eusko Legebiltzarrak transexualak genero-identitateagatik ez baztertzeari eta haien eskubideak aitortzeari buruzko ekainaren 28ko 14/2012 Legea onetsi zuen. Lege horren helburua da transexualei arreta integrala ematea eta transexualen izaera edo egoera pertsonal edo sozialagatik legedian dauden diskriminazio guztiak gainditzeko bidean aurrera egitea. Eusko Jaurlaritzak duela gutxi onetsitako dekretuaren bidez aipatutako legearen 7. artikuluan jasotako aurreikuspenak garatzea lortu nahi da.
Euskal dekretu berriak hemendik aurrera ezartzen duen dokumentazioa (identifikazio-txartela) jaulkitzeko prozedura interesdunak, bere kabuz edo behar den bezala ordezkatuta, eskatzen duenean hasiko da. Eskatzailea adingabea baldin bada, haren legezko ordezkariek egingo dute eskaera, baina adingabeak beti entzuna izateko eta iritzia emateko eskubidea izango du, Haurrak eta Nerabeak Zaintzeko eta Babesteko otsailaren 18ko 3/2005 Legearen 16. artikuluan xedatutakoaren arabera.
Dekretu honen bidez araututako dokumentazioa daukaten pertsonek honako eskubide hauek izango dituzte, osasun eta hezkuntza arloan:
• Libreki aukeratutako genero-nortasunaren arabera tratatuak izateko eskubidea.
• Libreki aukeratutako genero-nortasunari dagokion izenarekin identifikatuak izateko eskubidea.
• Dokumentazio administratiboa egokitzeko eskubidea; salbuespen gisa, Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzuaren ardurapean dagoen osasun-historial konfidentzialean, dagokion pertsonaren inguruko beharrezko erreferentziak egingo dira; ikastetxeko dokumentu administratiboak egokitzeko eskubidea, adibidez: ikasgelako zerrendak, kalifikazioen informazio-buletina, ikasle-txartela, hauteskunde sindikal edo administratiboetarako hautesle-errolda eta bestelakoak. Helburua hau da: dekretu honetan xedatutakoaren arabera jaulkitako dokumentazio administratiboan adierazitakoari jarraikiz, ikasle, langile eta irakasle transexualen genero-nortasuna kontuan hartzea. Aurretik adierazitakoa gorabehera, ikaslearen espediente ofizialean ondorio ofizialetarako erregistratutako nortasun-datuei eutsiko zaie.
LGBTIen eskubideak Europan bermatzeko lehentasunezko ekintzak
Bestetik, eta Europa mailari dagokionez, ezin dugu aipatu gabe utzi Europar Batasuneko Oinarrizko Eskubideen Agentziak (FRA) Europa osoan zehar egin zuen inkesta. 2014. urtearen amaieran argitaratutako emaitzek, oro har, egoera txarra erakutsi dute, LGBTI pertsonen eskubideei dagokienez. Dudarik gabe, inkesta hori erreferentzia bihurtu da eskubide horiek bermatzeko sistemaren ahulguneak zehazteko orduan, eta erakunde honen jardueretan aintzat hartuko ditugu horren emaitzak. Halaber, 2015eko Eurobarometroak erakusten duenez, Europako herritarren % 60k uste du sexu-orientazio edo genero-identitatearen ondoriozko diskriminazioa oso zabaldua dago gure gizartean. Horretaz gain, agerian jartzen da Europako herritar gehienak (% 71) L pertsonen eskubideen alde daude. LGBTI pertsonen diskriminazioari aurre egiteko, Europako Batzordeak ekintzen zerrenda (List of actions by the Commission to advance LGBTI equality) argitaratu du 2015ean, datozen urteotan burutzeko, eta arlo honetan lehentasuna duten jardun-esparruen inguruko orientabide gisa erabiltzeko: eskubideak eta horiek babesteko legezko bermeak zabaltzea; dagoeneko aitortuta dauden LGBTI pertsonen eta euren familien eskubideen eraginkortasunaren monitorizazioa eta jarraipena; herritarrengan duten eragina lortzeko neurriak, hala nola, aniztasuna eta bereizkeriarik eza sustatzea; Europa mailan LGBTI pertsonen eskubideen berdintasuna bultzatzeaz eta horretan aurrera egiteaz arduratzen diren funtsezko eragileei laguntzea; tokian tokiko botere publikoek datuak biltzea eta ikerketa-lanak egitea; herrialdearen barruko kontuak, mugakideen artekoak, eta kanpo-ekintza hirugarren herrialdeekin batera. Hala ere, tokiko botereak dira, batez ere, ekintza horien zati handi bat lurralde mailan abian jartzeko erronkari aurre egin behar diotenak. Zalantzarik gabe, ardura hori euskal botere publikoena ere bada. Horretarako, esparru juridikoa eta eskubide horien defentsaren aldeko gizarte-borondatea dute.
Pertsona intersexualen eskubideak
Epigrafe hau bukatzeko, labur-labur aipatu nahi dugu duela gutxi, 2015eko apirilean, Europako Kontseiluak igorritako txostena, Giza eskubideak eta pertsona intersexualak (Human rights and intersex people) izenburua duena. Horren bidez, pertsona horien egoerara erakartzen da arreta: gizon- emakume sexu-binarismoarekin parekagarria den definizio biologikorik gabe jaio dira eta jaiotzeko unetik bertatik hamaika oztopo topatzen dituzte eta giza duintasunaren kontrako erasoak jasan behar dituzte. Horrek guztiak mugatu egiten du euren genero-identitatea eta, azken batean, euren nortasuna libreki eta erabat garatzeko aukera. 2014an, Intersexualen Nazioarteko Erakundeak (OII Europe ingelesezko siglen arabera), Rigan bilera bat antolatu zuen, gizona eta emakumea bakarrik aintzan hartzen dituen sexuaren definizioa eztabaidan jarri behar dela esateko. Izan ere, intersexualak bereizkeriaren aurrean ondo babestuta egotea bermatu behar da, eta horretarako, diskriminazioaren aurkako legeak errealitate horretara egokitu beharko lirateke. Halaber, azpimarratu dute pertsona horiek artatzeaz arduratzen direnek, bereziki, gaiari buruzko prestakuntza eta informazioa –giza eskubideen ikuspuntua aintzat hartuta– jaso beharko luketela. Arartekoaren erakundearen ustez, ezinbestekoa da Euskadin ere intersexualen egoerari buruz sentsibilizatzen hastea eta eskubideen defentsaren aldeko lanari ekitea.
3. Jarduera-planaren esparruko bestelako esku-hartzeak
Jarraian, arlo honetan 2015ean burutu ditugun jarduketa garrantzitsuenak azalduko ditugu. Hain zuzen, agerian jarriko dugu zeintzuk izan diren Ararteko erakundearentzat arreta-gune nagusiak LGBTI pertsonen eskubideen defentsaren arloan:
3.1. Bilerak elkarteekin
Bilera Chrysallis adingabe transexualen familien elkartearekin
Bileran, elkarteak Euskal Herrian sortzearen, eta euskal administrazioen aurka aurkezten diren salaketen berri eman zigun. Izan ere, salaketa horien bidez lortu nahi da euskal gizarte osoak eta administrazioek jakitea haur transexualak existitzen direla. Haien egoera onartu behar da eta arreta eman behar zaie, erabateko garapena lor dezaten eta normaltasunez bizi daitezen. Jarrera kritikoa agertu zuten administrazio-zerbitzu batzuekiko, hain zuzen, Berdindu Familiak eta Osakidetzako Generoaren Unitatea kritikatu dituzte. Kasuak aztertzeko konpromisoa hartu dugu eta horien berri Eusko Jaurlaritzari eman diogu, atal honetan aipatutako jardueren bitartez.
3.2. Bilerak administrazio eta erakundeekin
2015. urtean zenbait bilera egin ditugu eta etengabe izan ditugu harremanak Eusko Jaurlaritzako Familia eta Komunitate Politikaren Zuzendaritzarekin, baita Ararteko erakundeko langile teknikoen eta aipatutako zuzendaritzako langileen artean ere. Urte osoan zehar, bilera horietan Eusko Jaurlaritzaren zein Ararteko erakundearen interesa piztu duten gaiak jorratu dira. Bereziki, honako hauek azpimarratu nahi ditugu:
Pertsona transexualentzako dokumentazio administratiboa eta gida klinikoa ezartzea (transexualak genero-identitateagatik ez baztertzeari eta haien eskubideak aitortzeari buruzko ekainaren 28ko 14/2012 Legearen 7. eta 9. artikuluak)
Lege horren garapenari buruzko kontua da; adierazitako norabidetik bultzatu egin da, gida klinikoa modu parte-hartzailean ezartzeari, baita administrazioko dokumentazioaren arloan erregelamendu-garapenari ere lehentasuna emanez; azkenik, urtearen amaieran, transexualen dokumentazio administratiboari buruzko abenduaren 22ko 234/2015 Dekretuaonetsi da. Horretarako, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailarekin lankidetzan ari gara, baita Gurutzetako Ospitaleko Generoaren Unitatearekin ere, arlo honi dagozkion lege-xedapenen garapen ahalik eta hobea lortzeko. Halaber, abian jarri da legearen garapena, eta horretan, interesa duten sektore guztiek parte hartzen ari dira eta guztiei entzuten zaie, beraien genero-identitatea erregistroan zuzentzeko prozesua oraindik bukatu ez duten pertsona transexualen aldi baterako dokumentazio administratiboari dagokionez, Estatuko Administrazio Orokorrak bere garaian Konstituzio Auzitegian lege-xedapen horren aurkako errekurtsorik ez aurkeztea erabaki zuela kontuan hartuta, artxibo eta erregistroak zuzentzeari loturiko xedapenak euskal eskumen-eremuan bakarrik aplikatu ahal izan arren, Estatuko artxibo eta erregistroei dagokiena Estatuarentzat erreserbatzen da.
LGBTI pertsonei arreta emateko Berdindu zerbitzua berriro antolatzeko beharra, batez ere, adingabeak eta euren familiak artatzeko moduari dagokionez
LGBTI haurrak dituzten familiekiko harremanei esker, zenbait kexa aurkeztu direla egiaztatu dugu. Izan ere, Eusko Jaurlaritzako Berdindu Zerbitzua familia horiei arreta emateko gai ez zegoela salatu da. Horiek horrela, zerbitzuaren funtsezko zutabeaz ari garela ulertzen dugu (eta horrek, gainera, beste bi zutabe ditu oinarri: Berdindu Pertsonak eta Berdindu Ikastetxea), adingabe horien familiek haien seme-alaben premiei erantzuteko laguntza behar baitute.
3.3. Hainbat forotan, jardunalditan eta zabaltzeko beste jarduera batzuetan parte hartzea
2015. urtean zehar, LGBTIen eskubideekin zerikusia duten jarduerak edo jardunaldiak antolatu dituzten hainbat forotan parte hartu dugu. Aipagarriena honako hau izan da:
Eskola segurua izeneko esparruan parte hartzea
Jarraitu dugu Eusko Jaurlaritzako Familia eta Komunitate Politikaren Zuzendaritzak eta Berdindu zerbitzuak babesten duten “Eskola seguruaren aldeko talde egonkorra” izeneko programan, hau da, osaera mistoa (soziala-instituzionala) duen lan egiteko foroan, eskolan haurren eta nerabeen aniztasun afektibo-sexualerako eskubideen errespetua eta sustapena bultzatzeko. Izan ere, Ararteko erakundeak –Haurren eta Nerabeen Bulegoaren bitartez eta LGBTI pertsonen eskubideen arloaren bitartez– erregularki parte hartzen du programa horretan, beste erakunde batzuekin batera (besteak beste, azpimarratu nahi dugu Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saila, zeinen funtzio nagusia baita ikastetxeetan eta adingabeak tartean daudenean identitateari eta genero-rolei lotutako egoera eta jokabideen eremuan adingabeei, familiei eta irakasleei laguntzeko jarduerak eta protokoloak koordinatzea. Taldearen lanari dagokionez, ikastetxeentzako gidalerro eta gomendioen proposamena eztabaidatzen eta aztertzen ari da orain, euskal hezkuntza-sisteman aniztasun sexualari eskaini behar zaion arretarekin eta ikastetxean homofobia eta transfobia saihestearekin lotutakoa.
Ekitaldia UPV/EHUko Erizaintza Fakultatean, haurtzaroan eta nerabezaroan aniztasun afektibo-sexualaren inguruan
2015eko maiatzean, UPV/EHUko Medikuntza eta Erizaintza ikasten dutenei haurtzaroan eta nerabezaroan aniztasuna afektibo-sexuala izateko eskubideari eta genero-identitaterako eskubideari buruzko ekitaldi bat emateko aukera izan dugu.
3.4. LGBTIen eskubideak sustatzeko beste jarduera batzuk
Europako Batzordeak LGBTI adingabeen eskubideen aldeko Rainbow Has Europako proiektua ebaluatzea
Aurreko txostenetan (2012, 2013, 2014) xehetasunez azaldu genuen Rainbow Has proiektuaren emaitzak ebaluatuta, esker onez egiazta dezakegu Europako Batzordeak oso ondo baloratu duela egitasmoa, eta ondorioz, eskatutako finantzaketa osoa lortu dugula, azken hori, proiektuan azken urteotan garatutako lanaren ebaluaketan lortutako emaitzen araberakoa izanik. Horrek esan nahi du antzeman dela erakunde honen konpromiso sendoa.
4. Herritarren eskubideen egoeraren balorazioa
Oso gutxi izan dira euskal herri-administrazioei LGBTI eskubideak urratu izana leporatzen dien kexak. Horrek esan nahi du arlo horretan berdintasun formala bermatuta dagoela gure sistema publiko ia osoan. Hala ere, horrek ez du esan nahi, benetako berdintasunaren ikuspuntutik, pertsona horien arretarako administrazio-zerbitzuak hobetzeko beharrik ez dagoenik. Gainera, gizarteari dagokionez, ibilbide luzea geratzen da oraindik, aniztasun afektibo-sexual eta genero-aniztasunarekiko errespetua eta horiek burutzea eremu guztietan erabat integratzeko. Euskal herri-administrazioen buruzagitza ezinbestekoa da horretarako. Jarraian zerrendatuko ditugu hobetzekoak diren eremu batzuk, aurten, Euskadin antzeman ditugunak:
Neska-mutil transexualak behar bezala artatzea eta haien eskubideak
Adingabe transexualen edo genero-jokabide ez arautuak dituztenen familiek aurkeztutako salaketak jaso ditugu. Hain zuzen, adingabe zein haien familientzako arreta publikoaren eremua –batez ere, osasun-arretari eta arreta psikologikoari dagokionez, baita hezkuntza-arloari dagokionez ere– hobeto egokitzeko beharraren berri eman da. Arartekoaren erakundean kezkatuta gaude laguntza publikoak hobeto zehatzeaz, haurren eskubideei hobeto egokituak izan daitezen. Laguntza horiek, oro har, 14/2012 Legearen babesean ezarri dira, pertsona heldu transexualentzat. Era berean, kezkatzen gaitu genero-jokabide ez arautuak dituzten adingabeen eskubideak –euren sexu-joera eta genero-nortasuna askatasunez eta erabat garatzeko– kaltetzeak, helduak ados jartzen ez direlako edo behar bezalako orientabiderik ez dutelako (familiarrak, ikastetxea edota herri-administrazioak). Horregatik, uste dugu funtsezkoa dela arlo honetan esku hartzeko eskumena duten erakundeen arteko estrategiak adostu eta irizpide argiak ezartzea, euren jardueren oinarri haur eta nerabeen interesa eta eskubideak hartuz, hori guztia, legeriak eta haurrak babesteko araudiak ezarritakoari jarraiki (adingabearen interes gorena, bere iritzia emateko eskubidea, etab.) eta LGBTIen eskubideak babesteko nazioarteko eta hemengo tresnetan jasotako printzipioekin bat.
Transexualei arreta emateko gida klinikoa
Esan behar dugu kezkatuta gaudela, legeak aurreikusitako gida klinikoa behar bezala garatzeko eta burutzeko premia dela eta. Prozesua irekita badago ere, eta transexualak genero-identitateagatik ez baztertzeari eta haien eskubideak aitortzeari buruzko ekainaren 28ko 14/2012 Legearen 9. artikuluan aurreikusitako gida klinikoa egun modu parte-hartzailean eta irekian lantzen ari bada ere, bukatu gabe dago oraindik. Aipatutako legean jasotako aurreikuspen eta printzipioak benetan euskal osasun-sistema osoan ezartzea premiazkoa da pertsona horiei ematen zaien osasun-arretaren kalitate ona bermatzeko, batez ere, lehen mailako arretako zerbitzuetan, hala nola, pediatrian, endokrinologian eta buruko osasunean. Halaber, garrantzitsua da osasun-zerbitzu horietan ezagutza espezializatua eta nazioarteko mailan aitortutako giza eskubidearekiko errespetua erabat integratzea, eragindako osasun-langile guztiei arlo horretako berariazko prestakuntza ematea ziurtatuz.
Aniztasun afektibo-sexualaren eta generoaren aniztasunaren inguruko arreta, hezkuntza-arloan
LGBTI pertsonen eskubideen arloko aurrerapena erakunde publikoek bultzatu behar dute gure adingabeen hezkuntza bereziki azpimarratuz, hau da, haurtzarotik berdinen errespetua eta aniztasun afektibo-sexualerako eta genero-aniztasunerako eskubideen erabateko gauzatzea lortzera zuzendutako ekintzak sustatuz. Egiaztatu ahal izan dugu LGBTI haurren eta nerabeei dagokienez, hezkuntzaren eremuan gabezia nabarmena dagoela aniztasun afektibo-sexualerako eta genero-aniztasunerako eskubideen erabateko errespetua integratzeko, azaleratzeko eta sustatzeko. Irakasleak prestatzeko eta sentsibilizatzeko plan edo programa nahikorik ez egotea, gai horiek ikasgelan modu sistematikoan eta antolatuan jorratu ez izana, sexu-joera eta genero-identitateari buruzko material zehatza modu antolatuan erabili ez izana edo egun dauden tresna didaktikoetan bizikidetza eredu berriak islatu ez izana horren adibide argiak dira. Ondorioz, bereziki kontzientziatuak dauden irakasleek ez dute laguntza nahikoa jasotzen hezkuntza sistemaren eskutik, gai horiek behar bezala jorratu ahal izateko.
Euskal hezkuntza erakundeekin lanean aritu behar da, betiere, eskola haurrentzat toki segurua dela bermatzen duten tresnak ezartzeko asmoz, euren sexu-joera edo genero-identitatea alde batera utzita, bertan pertsona bezala erabat garatzeko aukera eduki dezaten. Lan horrek honako helburu hau izan behar du: hezkuntza-erakundeek, familiek eta irakasleek aliantza osatzea eta guztien arteko estrategiak lantzea, Euskal Herrian gazte-gaztetik errespetuan, berdintasunean eta askatasunean oinarritutako balioak irakastea, aniztasun afektibo-sexualaren aurkako aurreiritziak eta genero-rol zein identitateak zalantzan jartzen dituzten ideiak behin betiko gainditu ahal izateko; bereizkeria, edo sexu-orientazio edo genero-identitate desberdinak sortutako zailtasunak edo bazterkeria jasan behar dituzten haurrei, nerabeei eta gaztei laguntzea, erabat gizarteratzeko; haur eta nerabeen segurtasuna ikastetxean ezinbesteko testuingurua da, garapen pertsonal zoriontsua eta erabatekoa, bere aniztasun osoan lortzeko. Hala eta guztiz ere, egiazta dezakegu euskal herri-administrazioak hezkuntza sisteman ikuspegi hori gaineratzeko esanbidezko nahia erakutsi duela dagoeneko, 2013an, Hezkuntza Sisteman Hezkidetzarako eta Genero Indarkeria Prebenitzeko Plan Estrategikoa onetsiz. Hori bai, enfasi handiagoa jarri behar da plan horren zuzeneko inplementazioan, LGBTI ikasleei dagokienez.
Lesbianen bikoteen berdintasuna seme-alabatasuna aitortzean
Bestetik, ohartu gara jorratu gabe geratu direla aurreko urteotan dagoeneko azaldu ditugun kontu batzuk, adibidez, ama lesbianen egoera behin betiko argitzeko beharra, seme-alaben eta ama ez biologikoaren arteko seme- alabatasuna aitortzeari dagokionez; eta hori, alde batetik, erregistro zibiletako praktikak bateratuz lortuko da, seme- alabatasun ez biologikoaren aitorpenari dagokionez, emakumez osatutako bikoteen kaltetan izan gabe eta bikote heterosexualei abantailarik eman gabe, eta bestalde, indarrean dagoen estatuko legeriaren inguruan hausnarketa kritikoa egin behar da, lesbianen bikoteak ezkontzera eta laguntza bidezko ugalketa erabiltzera bultzatzen baitu, ama ez biologikoaren aldeko seme-alabatasuna, adopziorik gabe aitortzeko baldintzak gisa.
Pertsona intersexualen eskubideak
Pertsona intersexualak gizon-emakume sexu-binarismoarekin parekagarria den definizio biologikorik gabe jaio dira eta jaiotzeko unetik bertatik hamaika oztopo topatzen dituzte eta giza duintasunaren kontrako erasoak jasan behar dituzte. Horrek guztiak asko mugatzen du euren genero- identitatea eta, azken batean, euren nortasuna libreki eta erabat garatzeko aukera. Arartekoaren erakundearen ustez, ezinbestekoa da Euskadin ere intersexualen egoerari buruz sentsibilizatzen hastea eta eskubideen defentsaren aldeko lanari ekitea. Izan ere, pertsona horiek euren egoera eta nazioarteko mailako printzipioak –gizon edo emakume bezala inskribatzera behartzen duten egitura bitarretatik harago doan genero-identitatea giza eskubide gisa alda
rrikatzen dutenak– hobeto ezagutzea nahi dute.