6. ESPETXERATUAK
Aurrekariak
Espetxean dauden pertsonak dira gure gizarteko talderik zaurgarriena. Errealitate honen aurrean Arartekoak jarduerak egiteko beharra dauka, baina bada muga bat, espetxeen arloko eskumenak euskal administrazioari ez baitzaizkio eskualdatu, osasun eta hezkuntza arloko arreta izan ezik. Zentzu honetan, betebehar bikoitza dugu:
• Batetik autonomiako gobernuak behin eta berriro eskatutako transferentzia horren ikuspegia eta espetxeetako errealitatea gizartean hobeto sartzeko beharra lotu, Arartekoak lantzen dituen hiru arloetan izango lukeen eraginaren bidez:
- Autonomiako, foru aldundi mailako eta tokiko erakundeetan, zigorraren mugen barruan espetxean daudenek gizarte-zerbitzu sare normalizatuan, hezkuntzakoan, osasunekoan eta erakunde horiek antolatzen eta kudeatzen dituzten lan-sustapenekoetan sartzea ahalik eta gehien sustatzeko.
- Gizarte ekimeneko gobernuz kanpoko erakundeen parte hartze aktiboan, espetxe-erregimeneko beharrek oztoporik jar ez dezaten laguntza jasotzen dutenekin batera diseinatutako gizarte eta lan arloko sarrera-ibilbideetan.
- Gizartean oro har, espetxea erakunde urrun eta besteren bat ez dela ohartaraziaz, baizik eta espetxeetako errealitateaz gu ere arduradun eginaz. Behar honen pertzepzioa hazi egiten da bere kudeaketaren gertutasun geografikoagatik ez ezik, komunitateak bere bezala (dela identitate kontuengatik, dela bere bizitzako alderdietan egunero esku hartzen duten erakunde berdinak direlako) sentitzen dituen erakundeak baldin badaude.
• Bestalde, ahal dugun neurrian saiatzen gara arazoak konpontzen, hain zuzen ere, espetxeko errealitatearen eta legeak ezartzen dien errehabilitazio zereginaren arteko arazoak izaten dira, askatasunik gabeko aldi horretan. Informatzen ari garen urtean, arlo honetan egondako hiru esku-hartze maila aipatu behar dira:
- Administrazio autonomikoaren maila, gure espetxeetako pertsonen osasuna zaintzeko erantzukizuna du, gainerako biztanleak artatzen dituen osasun-sare berak artatzen baititu. Argi dago horrek hobekuntzak ekarri dituela, dela prebentzio arloan dela diagnostiko eta tratamendu arloan.
- Euskal agintariekin aritu gara, trebakuntza edo lanerako sustapen jarduerak direla eta; jarduera horietan Espetxeetako Idazkaritza Nagusiaren lankidetza izan dugu, Barne Ministerioaren mendekoa. Era berean, horiek garatzen dituen elkarte-sarearen lana babestu dugu, gaur egun zigorra betetzeko alternatiba gehienak eta hirugarren maila eskaintzen dituen espazioa denez gero. Bere lana ikusgarri bihurtzen saiatzen gara gure espetxeetako zuzendaritzetan eta justizia administrazioan, Eusko Jaurlaritzako Herri Administrazio eta Justizia Saileko Zigorrak Betearazteko eta Gizarteratzeko Laguntza Zerbitzuarekin lankidetzan.
- Borondate oneko kudeaketen bidez kexak artatzen saiatu gara arlo hauetan: adingabeekiko emakumeen moduluetako bizi-baldintzak, espetxe-sailkapena, baimenak ematea, leku-aldatzeak eta destinoak eta zigor-erregimena. Hori guztia Herriaren Defendatzailearekin koordinazioan, bere eskumena baita Estatuko Gobernuaren mendeko administrazio-jarduerak direlako.
Eskerrak eman beharra daukagu, oro har, kudeaketa hauei harrera egiten baitzaie eta lankidetzarako prest agertzen baitira Araba, Basauri eta Martuteneko espetxeetako zuzendaritzak.
Gizarte zibiletik espetxeratuak bergizarteratzeko lanean ari diren erakundeen babesa ere izan dugu zeregin honetan, elkar babestu dugu. Beraien helburu berdina dugu guk ere, hau da, botere publikoak ez ezik euskal gizartea ere izan dadila bere izenean egiten den esku-hartze penalaren erabileraren arduradun, horren ondorioak ezagutu ditzan eta gizarte justiziaren ikuspegitik hartu ezinak direla uste duen neurrian, bere espetxe eredua diseinatu eta kudeatu dezan, zigorrak burutzeko sistemak marjinazioa areagotu ez dezan eta gure espetxeetako pertsonarik gehienak delinkuentziara eramaten dituen faktoreak kronifikatu ez daitezen.
1. Kexarik aipagarrienak
Jarraian dauden kasu hauek maila guztietan izandako gure esku-hartzeen eredu izan daitezela:
1.1. Espetxean dagoen ama baten eta bere seme-alaba adingabeen arteko komunikazioa
Jasotako kexa
Arartekoarengana jo zuen adingabe batek, bere amaren eskutitz batekin. Bere ama Arabako espetxean zegoen eta Zentroak berarekin eta bere arreba txikiarekin komunikazio oro galarazi zion. Hala xedatu zen, kexagileak egindako delitu baten biktima zirelako biak; hau da, Arabako Foru Aldundiaren zentro batetik atera zituen, nahiz eta Adingabeen Kontseiluaren bidez egon zentro horren zaintzapean. Are gehiago, aita ere espetxean zegoen arrazoi berdinagatik.
Arartekoaren esku-hartzea
Adingabearen Kontseiluaren lankidetza eskatu genuen, eta bere iritziz ez zen kaltegarria adingabeak beren gurasoak ikustera joatea.Are gehiago, bere goi-interesaren arabera, komenigarria zen komunikazio hori berreskuratzea, eta hala jakinarazi zien espetxeetako agintariei.Era berean, beren ama ezin ikusi izanak zaintzapeko adingabeetan ezinegon handia sortzen zuela adierazi zuen.
Horrek guztiak zalantzan jartzen zuen, Arartekoaren iritziz, espetxean zegoen kexagilearen eta bere seme-alaben arteko komunikazioa etetea Zuzenbideari egokituta ote zegoen, eta hala adierazi zion espetxeko zuzendaritzari. Espetxe-zaintzako epaitegiari ere eman genion gure iritziaren berri, eskumenen arloan mugak genituen arren adingabeen eskubideak baitzeuden tartean. Kexa honen ondorioz irekitako espedientea ahalik eta lasterren ebazteko beharra adierazi genion, eta Espetxeetako Araudiaren aurreikuspenak aipatu genituen, Zioen Azalpeneko II a) atalean hau baitio “espetxe arloan familia babesteko printzipio konstituzionala, ahal dela familiako kide bat baino gehiago espetxean dituzten familien desegituraketa arindu ahal izateko...”.
Bestalde, Adingabearen Kontseiluak, bere zaintzako funtzioak beteaz, gauza bera egin behar izan zuela uste dugu espetxe-zaintzako epaitegian.Hori dela eta, Arartekoaren Ebazpena, 2015eko abenduaren 15ekoa eman genuen, eta Arabako Foru Aldundiari gomendatu genion, espetxe-zaintzako epaitegian defenda zitzala bere zaintzapeko adingabeen eskubideak, beraien gurasoak espetxean dituztela.
Emaitza
Espetxe-zaintzako epaitegiak komunikazioak hasteko baimena eman zuen eta Adingabeen Kontseiluaren arabera adingabeentzako egokiena zen bisita-erregimena ezarri zuen. Gizarte Zerbitzuetako foru diputatuak ere erantzun zion Arartekoari, bere gomendioa onartu zuen eta adierazi zuen aurrerantzean kontuan izateko behar ziren jarraibideak eman zituela.
1.2. Espetxeratutako baten bikotea “ahaide intimo” bezala hartu, komunikazioetarako
Jasotako kexa
Arabako espetxean dagoen baten bikoteak Arartekoaren laguntza eskatu zuen, berarekin vis a vis komunikazioa izateko eskaria atzera bota ziotelako, Zentroaren iritziz ez zegoen kreditatuta kexagilea ahaide intimoa zenik eta hala izatea beharrezkoa zen, komunikazio mota hori baimentzeko.
Arartekoaren esku-hartzea
Gure eskumenetatik kanpo dagoen administrazio-jarduera batekoa zen kexa, Barne Ministerioaren mendekoa. Baina estatuko Herriaren Defendatzaileari kexa bidali aurretik, espetxeko zuzendariarengana jo genuen, bikote honek harreman finkoa zuela kreditatzeko aukeren berri izateko, Espetxeen Lege Organiko Orokorreko 53. artikuluak eta Espetxeetako araudiaren 45. artikuluak eta horiek ezarri dituen jurisprudentziak eskatutako terminoetan.
Komunikazio bereziak eduki ahal izateko, espetxeratuek eta beren familiako edo ahaide intimoek erlazio hori badela kreditatzeko agiriak aurkeztu behar izaten dituzte (familia-liburua, izatezko bikote ziurtagiria, etxe berean erroldatuta dauden ziurtagiria...). Baldintza hau bete ezin bada, espetxeetako praktikak “sei hilabeteko harreman finkoa” eskatzen du, eta Arabako espetxearen kasuan bi hilabetekoa da. Erlazio hau badela ziurtatzeko, beste komunikazio batzuk (lagunen arteko ohikoak, telefono bidezkoak...) erregularki mantendu dituztela ziurtatu behar dute, aipatutako epe horretan.
Zentzu horretan, espetxeko agintariei adierazi genien pertsona hauek elkarbizitzako agiririk ezin zutela aurkeztu bakoitza bere gurasoen etxean bizi zelako, baina aldiro hitz egiten zutela telefonoz, ia egunero idazten ziotela elkarri eta kexagilea bere senargaia ikustera joaten zela astero espetxera senargaiaren amarekin batera eta bere familiak laguntza eskaini zuela espetxeratua bergizarteratzeko eta lan munduan sartzeko.
Emaitza
Azaldutako gorabehera kontuan izan eta Zentroak erabaki zuen kexagileari ahaide intimo maila ematea, eskatutakoa betetzeko.
Bestalde, Tratamendu Batzordeak espetxeratua 3. mailara igarotzeko proposamena eraman zuen, Gasteizko COTAra (orientatzeko eta adikzioei aurre egiteko zentroa) joan ahal zedin eta kexagilearen familiaren babesarekin jasotako lan-eskaintza artatzeko. Horri esker, espetxeratuak egunero utziko luke espetxea egunean zehar eta normaltasunez hasiko lituzke berriro bere familiako eta gizarteko harremanak.
2. Araudi- eta gizarte-testuingurua
Txosten hau itxi denean argitaratutako azken estatistiken arabera, azken urteetan arlo honetan izaten dugu esku-hartzea markatzen ari diren bi joera baieztatu dira: Espainian gero eta espetxeratu gutxiago dagoela eta delitu kopuruak ere behera egin duela.
Lehenengo alderdiari dagokionez, 2015ean Kode Penala erreformatu zuen 5/2010 Lege Organikoaren erreformen ondorioak nabarmendu ziren; osasun-publikoaren aurkako delitu batzuen zigorrak murriztu egin baitzituen, jatorrizko kaltea proportzionaltasun printzipioaren aurkakoa bazen. Horrela, 20 urtez etengabe hazi ondoren, espetxeratuak %13 murriztu dira bost urtean, eta atzerritarrak %30ean gutxitu dira. Urtean, batez beste, 1.500 espetxeratu gutxiago daude.
Espetxean daudenen profil mota dela eta, Barne Ministerioaren memoriak honela deskribatu du: gizonezkoa (%92an), espainiarra eta «ondarearen eta ordena sozioekonomikoaren aurkako delituengatik» kondenatua. Delitu-tipologia hau da nagusi (%37,7) baina gero eta pisu txikiagoa du; gauza bera gertatzen da bigarren talderik handienean ere, droga trafikoarena (espetxeratutakoen %23,8). Bi tipologia horiek dira, gaur egun, kondenen %61,5n zergatiak, baina duela hamar urte espetxeratuen %80 zegoen horregatik.
Espetxeratuen %30 atzerritarrak dira, eta %13 prebentzioagatik daude espetxean. Zigortutako lautik hiru (%71,2) 31 eta 60 urte artekoa da, eta zigortutakoen batez besteko adina 39,7 da; aldiz, prebentziokoen kasuan, batez besteko adina 37,8 urte da.
Delinkuentziaren beherakada dela eta, eta Euskadiri dagokionez, azken hiru hilabeteko daturik ez dugu, baina Ertzaintzako estatistikek %3,91ko beherakada kuantifikatu dute aurreko urtearekiko, eta zigor mota ia guztietarako balio du datu horrek. Arau-hausteen tasa 1.000 biztanleko jaitsi egin da EAEn 29,95etik 28,78ra; 2012an hasitako joera finkatu da eta azken hamar urteetako delinkuentzia-errealitate baxuena da.
Datu hauek oinarri hartuta, Fiskaltzak berriro ere 2015eko Memorian ohartarazi du Espainian espetxeratze zigorra “gainerabili” egiten dela. Fiskaltza zentzu honetan azpimarratu egiten du “paradoxa” bat, hau da, Espainian kriminaltasun mailak EBko batez bestekotik oso urrun daude (mila biztanleko 44 delitu Espainian eta 62 EBn), baina espetxeratutakoen tasa (140 lagun 100.000 biztanleko) Mendebaldeko Europako altuenetakoa da, Portugal, Italia, Frantzia, Holanda edo Alemanian baino handiagoa.
Uztailean sartu zen indarrean Zigor Kodearen erreforma (ZK) polemikoa, eta erakunde honek ohartarazi zuen, besteak beste, gure espetxe-sisteman eragin dezakeen presioaz, zigorrak burutzeko alda
keta batzuen ondorioz; lau alderditan dute, batez ere, eragina:
• ZPko 36.3 artikuluan aurreikusitako hirugarren mailaren zuzeneko sailkapena.
• Baldintzapeko askatasunaren araupetze berria, “gainerako zigorra burutzearen etena” da ZPko 90.,91. eta 92. artikuluen arabera eta 1995eko ZPko 88. artikuluko zigorrak ordezkatzeko erregimena kendu. Horren bidez burutzapenean atzerapenak egotea saihestu nahi da (ordezkatzeko eskaria, etetea ukatu edo atzera botaz gero, edo alderantziz), eteteko erregimen bakarra ezarri eta hor, beste arau eta baldintza batzuen artean, erkidegoaren mesederako lanak edo isuna ezartzea planteatu daiteke.
• Atzerritarrak espetxera zigortu ordez, kanporatzea, ZK-ko 89. artikuluan aurreikusi bezala. Espetxean dagoen atzerritar biztanleriaren ehuneko altuetan eragina izateko, hirugarren mailara iristen diren edota baldintzapeko askatasuna duten atzerritarrak kanporatzea dago, salbuespen bakar batzuk dauden arren. Salbuespenetako bat familiaren sustraiak dira, eta pertsona bat baino gehiago etorri dira Arartekoarengana arrazoi horrengatik, ez kanporatzeko galarazpentzat alegatuaz. Hori kreditatzeko baldintzak, eta neurri hau ezartzeko beste irizpide batzuk Estatutako Fiskaltza Orokorrak garatu zituen 7/2015 Zirkularrean.
• Espetxealdi iraunkor berrikusgarria sartu da. Arartekoaren arreta berezia izan du azkeneko alderdi honek, oposizioko taldeek bere konstituzionaltasuna zalantzan jarri baitzuten EKn eta Oinarrizko Legeko lau artikulu aipatu zituzten horretarako: 15.1 artikuluak zigor krudel eta jasangaitzak galarazten ditu, “berrikusgarria” izatean ia bizitzaren amaierara arte mantendu daiteke; 17. artikuluak proportzionaltasun printzipioa arautzen du; 25.1, ez da zigor jakin bat, baizik eta denboran luzatu egiten da, espetxeratua hil arte ere luzatu daiteke; eta 25.2, birgizarteratzeko aukera murrizten du.
Dena dela, 2014-2015 biurtekoan gai honetan egon diren erreformen eragina dela eta, harmonizatu beharra dago eta harmonizazio hori faltan botatzen zen bi alorretan 2015an egin ziren Espetxe Zaintzako Fiskalen Jardunaldian :
• Batetik arauzkoan, Lege hauen erreformak indarrean sartuta, 23/2014 Legea, Europar Batasunean zigor arloko ebazpen judizialak elkarri aitortzeari buruzkoa 1/2015 Lege Organikoa, ZP erreformatu duena eta 4/2015 Lege Organikoa, herritarren segurtasuna babesteari buruzkoa, nahitaez eta premiaz alda
tu beharra dago Espetxeei buruzko Lege Organiko Orokorra, Zigor Araudia eta Botere Judizialari buruzko Lege Organikoaren 5. xedapen gehigarria. Hala ikusi dugu, adibidez, etete-ordezkatze espedienteetan; “prestazioaren edo neurriaren” izaera berriaren ondorioz (84. art. ZK) etetea ZK-ko 49. artikuluaren ezarpen-eremutik kanpo jarri du, beraz, hori betetzen dela kontrolatuko duena ez da espetxe-zaintzako epaitegia izango, baizik eta zigorra jarri zuen epaitegira itzuliko da.
• Bestalde, xedapen berriak ezartzeko irizpideetan, batzuek eztabaidak eragin dituzte urtean zehar. Besteak beste, 7/2014 Lege Organikoak sortutakoak, atzerapen handi baten ondoren Europako Kontseiluaren 2008ko uztailaren 24ko 2008/675/JAI Erabaki Markoa, lekuz alda
tu zuena, nahiz eta bere irismena mugatu eta 2010eko abuztuaren 15a adierazi Europar Batasuneko beste estatu kide bateko epaimahai batek agindutako kondenak kontuan hartzeko epea. Horrek operatzaile juridiko kualifikatuen kritikak sortu zituen, urtean zehar behin eta berriro esan dute Espainiak lekualdaketa egiteko erabili zuen moduak Batzordearen agindua ez zuela betetzen eta egoera zuzentzeko hiru bide planteatu dituzte publikoki: Europar Batasuneko Justizia Epaitegian errekurtso bat planteatu ez betetzeagatik, erkidegoko arau bat behar bezala lekualdatu ez delako; Auzitegi Konstituzionalean babes-errekurtsoa jarri, eta horren ondorioz dagokion gaia planteatu EBJEn; eta amaitzeko, errekurtso bat planteatu Estrasburgoko Epaitegian Giza Eskubideen Europar Konbentzioko 5. eta 6. artikuluetan oinarrituta. Testuinguru horretan gaiari buruz idatziz egindako galderari erantzunez Europar Batzordeak emandako E-004375/2015 erantzunean esan zuen “espainiar epaitegien eta boto partikularren erabakien berri bazuela”, eta egoera aztertuko zela behar bezala ezarri zedin, praktikan, estatu kide guztiek Europar Batasuneko Zuzenbidearen altxorra.
Jurisprudentziaren atalean aipatu beharra dago, erakunde honetan jasotako kexa batzuekin duen harremanaren ondorioz garrantzitsua delako EAEko Auzitegi Nagusiko administrazioarekiko auzien Salako 2015eko irailaren 14ko epaia. Bertan Eusko Jaurlaritzaren Ebazpen bat baieztatzen da; Ebazpen horrek bake, elkarbizitza eta giza-eskubide arloko proiektuak egiten dituzten erakunde eta gizarte-mugimenduei emateko diru-laguntzak ebatzi zituen, bereziki, “espetxeetako hezkuntza eskubidea bermatzeko proiektuari” emandakoak. Honi buruz Salak dio diru laguntzaren xede nagusia terrorismoarekin zerikusia duten delituengatik akusatutakoak edo kondenatutakoak diren arren, ez dela bake, elkarbizitza eta askatasun eskubideen aurka egiten, eta ez dela terrorismoaren deslegitimazio sozial, etiko eta politikoa bete gabe uzten.
3. Jarduera-planaren esparruko bestelako esku-hartzeak
3.1. Elkarteekin bilerak
Hiru lurraldeetan bilerak egin ditugu presoak gizarteratzeko lanean aritzen diren gizarte-ekimeneko erakundeekin; baita hiru abokatu elkargoetako presoentzako laguntza txandako legelari arduradunekin ere.
Urtero egiten ditugun bilera horien bitartez, batzuen eta besteen jarduerei buruzko informazioa elkarri emateko aukera egonkorra nahi izaten dugu, urtean zehar gure esku-hartzea eskatzen den berariazko kasuetan izaten dugun harremana alde batera utzita. Bestalde, jakinarazten dizkiguten kezka- iturriek gure espetxeetako egoeraren bilakaeraren berri zuzena ematen digute.
3.2. Bilerak administrazioarekin
Urtean zehar etengabeko harremana izan dugu justizia sailburuordearekin, gizarteratzeko eta laneratzeko ibilbideekin zerikusia duten gaien inguruan, sailburuordetza horren mende baitago zigor-betearazpeneko euskal zerbitzua.
Osakidetzako arduradunekin lan egiteko aukera ere izan dugu, eta horien laguntza erabakigarria izan da espetxe-osasunaren arloan planteatu diren espediente guztiak ebazteko.
3.3. Ekitaldi, ikastaro eta hitzaldietan
parte hartzea
Urtean zehar erakunde honek parte hartu du hizlari gisa presoen egoerari buruzko mintegi espezializatuetan, hiru esparrutan bereziki:
• Unibertsitatean, aukera izan dugu arlo horretako gure esku-hartzearen nondik norakoen berri emateko eta Arartekoak gure espetxeetako egoerari buruz egindako diagnostikoa azaltzeko, Euskal Herriko Unibertsitateko graduondoko hainbat ikastarotan.
• Elkarte sarean, berriz, parte hartu dugu espetxeetan lan egiten duten gizarte ekimeneko erakundeek antolatutako bileretan, gizarteratzeko eta laneratzeko ibilbideen arlo anitzeko tratamendua aztergai genuela. Arlo honetan bertan, parte hartze aktiboa izan dugu Kataluniak espetxe eskumenak beregain hartu ondoren bere esperientziari buruz egindako lan-jardunaldi batean.
• Erakundearen arloari dagokionez, Arartekoak espetxeetako errealitateari buruzko azterketa bi talde berezirekin harremanetan azaldu du:
- Emakumeak: Emakumeen aurkako Indarkeriaren Nazioarteko Eguna zela eta, Arartekoak nazioarteko hitzaldi bat antolatu zuen Legebiltzarrean, eta arlo honetan lana egiten duten judikaturaren, unibertsitate-ikerketaren eta gizarte ekimeneko erakundeen ekarpenak egon ziren.
- Terrorismoarekin zerikusia duten delituengatik kondenatutakoak edo espetxeratutakoak: Hausnarketarako mintegi eta foroak, Eusko Jaurlaritzako Bake eta Elkarbizitza Idazkaritzak antolatuta.
Era berean, Martuteneko espetxean egin zen ekitaldian hartu zuen parte erakunde honek; ekitaldi horretan zentro horretan lana egin eta terrorismoaren biktima izandakoak gogoratu ziren.
4. Herritarren eskubideen egoeraren balorazioa
4.1. Espetxeetako osasun arloa Osakidetzan sartu dela esan beharra daukagu ezer baino lehen, eta gorabehera puntual batzuk egon diren arren, oro har, arreta hobetzen duen faktorea da denen iritziz. Horren ondorioa da osasun arloko espetxeetako laguntza ereduak duen arrakasta; bere definizioaren arabera, espetxeetako osasun laguntza, osasun laguntza publikoko egitura globalaren zati bat gehiago da. Urtean zehar jasotako kexak behar bezala artatu ditu Osakidetzak, eta txostena itxi denean bi arlo lantzen ari gara, zuzendu ahal izateko: batetik, medikuntzako espezialitate batzuetan dauden atzerapenak, espetxeratutako pazienteak kontsultara eramateko bitarteko gutxi daudelako; eta bestetik, botikak emateko kontrola.
Eboluzio positibo hau hedatu egin da buruko patologiaren bat duten presoen arretara ere, zaurgarriagoak direnez horiei buruz berariaz aritu beharra daukagun arren. Dena dela, gabeziak ere badaude eta Arartekoak horien berri eman zuen azaroan Eusko Legebiltzarreko Giza Eskubide, Berdintasun eta Herritarren parte-hartze Batzordean. Horretarako, Askatasunik gabe dauden pertsonen buruko osasunari EAEn emandako arreta soziosanitarioa txosten bereziko ondorioetan oinarri zen; txosten hori hilabete lehenago berretsi zuten, Buruko Osasunaren Mundu Eguna zela eta, erasanik zuzenena duten politika publikoetako bi arloetan lana egiten duten gizarte ekimeneko erakundeek: batetik, espetxeetakoek, ESEN (Espetxe Sarea Euskadi-Nafarroa) sarearen bidez; bestetik, buruko osasunekoek, Buru gaixotasuna duten pertsonen eta haien senideen elkarteen Euskadiko Federazioaren bidez (FEDEAFES); federazio horrek urtean zehar espetxean egindako lana azpimarratu behar dela uste dugu, profesionala eta fidagarria izan delako.
Bestalde, erakunde honek kudeaketak egiten jarraitu du buru-osasuneko euskal sareak EAEko pertsonak artatu ditzan, patologia psikiatriko kronikoak izan eta zigor prozedura judizialetan sartuta badaude edo horien ondorioz zigorra edo neurriak betetzen ari badira. Arreta hori eskaini behar zaie Euskadin beteko den zigor edo neurriren bat ezarri zaien guztiei, hori adostu duen organo judizialaren kokapena eta jurisdikzioa dena delakoa izan arren. Horregatik guztiagatik, euskal administrazioen eta dagokion agintari judizialen artean erakunde arteko lankidetza sustatzeko lanean jardun gara, agintari judizial horiei baitagokie ospitaleko baliabide bat neurria ezarri zaion pertsonaren errealitatera egokitu behar den baloratzea, dela tratamenduaren dela segurtasunaren ikuspegitik
4.2. Gure erkidegoko espetxe bakoitzean kexaren bat jarritako gainerako alderdiei dagokienez, txostena itxi denean ebatzi gabe zeudenak daude jarraian:
• Arabako espetxean elkarrizketatu ditugun gobernuz kanpoko erakundeek gabezia hauek salatu dituzte:
- Hirugarren mailan egon eta Langraizeko instalazio zaharretan jarraitzen dutenen arreta gabezia, osasungarritasun-baldintza txarrak, hotza eta hezetasuna baitituzte. Espetxeratuek ez dute arreta medikorik eta espetxe batek eskaini beharreko gainerako zerbitzurik ere ez. Egoera bereziki txarra da, instalazio horietan asteburu osoa egin behar dutenentzat. Atal irekira irtendakoan, aldiz, erroldatuta ez daudenez ezin dute osasun-txartelik izan eta espezialisten arretarik ere ez.
- Espetxeratuek eta erakundeek funtzionarioekin duten harremana: harremana urrunekoa eta inpertsonala da. Soziabilitateak despatologizatu egiten badu, espetxeko egitura materialak despertsonalizatu egiten du. Aurrekoari lotuta, tailerretara joaten ez diren presoen isolamendu arazoak jarraitu egiten du. Ez dira egun osoan modulutik irteten; modulu bakoitzak bere patioa du eta patio hori txikiagoa da gaixotegian eta emakumeen moduluan.
- Garraioa eta irisgarritasuna: Zentroak ez du autobus geralekurik, nahiz eta erregimen irekian dauden espetxeratuen sarrera eta irteeren, familiakoen, profesionalen eta erakunde laguntzaileen... ikustaldien ondorioz, Zentroak egunero mugimendu gehiago eragin garraio publikoa duten inguruko udalerri batzuek baino.
- Erroldatzea, ez da behar bezala egiten beti. Horrek hainbat arazo eragiten dizkie espetxeratuei, batez ere osasunera eta gizarte zerbitzu eta onuretara sarbidea izateko, paradoxikoki gehien behar duten unean, hau da, erregimen irekira igarotzerakoan.
• Martuteneko punturik arazotsuenak hauek dira:
- Eraikinaren baldintza materialengatik kexak errepikatu dira, hasi bere hezetasun eta iluntasunarekin eta lokutorietako komunikazio gabezietara arte.
- Atal irekia hirugarren graduan sailkatutakoak edukitzeko da soilik, eta horiek goizeko 7etan irten eta gaueko 23etan itzultzen dira, eta egokitzapen gabezia hori bereziki jasaten dute gainpopulazioaren ondorioz. Izan ere, espetxeratutako askok, beren sailkapenaren ondorioz bizitza erdi-askatasunean egin ahal izango luketen arren, bertan egon behar dute zigorragatik edo kanpoan lanik, trebakuntzarako jarduerarik edo gizarteratzekorik ez dutelako. Horrek guztiak argi uzten du Donostian Gizarteratzeko Zentroa behar dela.
- Abokatuak oro har kexatzen dira “segurtasun” eta “datuen babes” arrazoien ondorioz beren bezeroen datuetarako sarbidea mugatzen delako, datu horiek bezero horien espedientean egon eta defendatzeko eta ordezkatzeko behar izaten dituzten arren.
• Basaurin txosten honetako beste atal batzuetan aipatutako arazoez gain, berariazko bi arlotan dauden kexak eta urtero errepikatzen dira gainera:
- Gizarteratzeko banako prozesuak eten egiten dira Euskaditik kanpoko espetxeetara lekualdatuz gero (batez ere, Dueñas, Villabona, Burgos eta Teixeirora), horietan ez baitago hemengo baliabiderik. Zentzu horretan, destinoak tratamendu prozesuekin gehiago lotzea faltan botatzen da, eta prozesu hauek izan behar lirateke baimen, irteera eta trebakuntza jardueretako parte hartze arloan hartzen diren erabakien oinarriak. Bizkaian ere Gizarteratzeko Zentroa behar da.
- Tratamendu-langileen arloko gabeziak, betetzen ez diren bajen ondorioz. Jurista plazari dagokionez, estalita agertzen zen arren, praktikan irailetik txosten hau itxi arte estali gabe egon da, horrek espetxeratuengan dituen ondorio negatibo guztiekin; txostenak atzeratu egiten dira, batez ere kondenak berraztertzeko, moldaketetarako eta erantzukizun zibiletarako.
4.3. Kontraesanean dago eta berdintasunaren printzipioaren aurka ere bai, behar terapeutikoen ondorioz (EAko 182. art.) espetxetik kanpo bizitza egin behar duten zigortuek diru-sarrerak bermatzeko errenta (DSBE) ezin jasotzea. Beren mantenu gastuek ez dute erakundeen inolako estaldurarik, eta horren ondorioz beren egoeran hirugarren mailan dauden gainerako pertsonei DSBE emateko egoten diren arrazoi guztiak daude, gainerako baldintza guztiak betetzen badituzte, hirugarren mailan daudenek jasotzen baitute Errenta hori. Espetxeratuta egoteak ez du horietako inoren birtualitatea ezeztatzen, ezta laguntzaren oinarria ere.
Hirugarren maila murriztuan, ohikoan edo telematikoan daudenek esku-hartze terapeutikoak izaten dituzte beren adikzioengatik eta hala ere ez zaie DSBE izateko aukera kentzen. Era berean, Errenta hori ematen zaie toxikomanien tratamenduak edo tratamendu psikiatrikoak egin baina zigorren bat betetzen ari ez direnei, baina ez zaie ematen Espetxeetako Araudiaren xedapenez egiten dutenei, batzuen eta besteen oinarrizko gizarte egoerak berdinak izan arren.
Azken finean, EAko 182. artikuluaren bidez hirugarren graduan egoteagatik ezin dira DSBE eskuratzeko aukera guztiak kendu, eta egoera horretan dauden pertsonei berdintasun-printzipioa kentzeaz gain, bereziki zaurgarria den talde bat gizarteratzeko aukerak murriztu egiten dira.
4.4. Espetxeratu langabetuek jasotzen duten babesari dagokionez, erakunde arteko beharrezko koordinazioan hobetu daitezkeen gauzak ikusi ditugu, eta bi mailatan sailkatu behar dira.
Batetik, LanbiderenEstatuko Enplegu Publiko Zerbitzuaren (laguntza hauek kudeatzen dituena) artekoa, dela espetxeratzean dela bertatik irtetean. Zentzu honetan egokiena litzateke bi laguntzak osoan hartzea, pertsonaren beharrak aztertzea eta laguntzarekin estaltzea behar horiek, eta behar denean DSBErekin osatzea. Horretarako, ordea, erakunde arteko koordinazio maila jakin bat behar litzateke eta horren alde ari da lanean erakunde hau.
Bestalde, oinarrizko gizarte-zerbitzuek disfuntzioak izan dituzte Foru Aldundiek eskaintzen dituzten laguntzen eskarietan, baita espetxeratuek beren errotzea kreditatzeko behar duten errolda eskarietan ere. Izan ere, eskari horiek espetxeko gizarte zerbitzuek bidaliz gero, Udal batzuek espetxeratu horren borondatea kreditatzeko bitarteko desberdinak eskatzen dituzte eta badirudi ahaztu egiten dutela espetxean dagoela eta praktikan zaildu edo atzeratu egiten dutela eskari hori, gizarte laneko espetxe-zerbitzuak izateko arrazoia ahaztuaz. Praktika onak ere identifikatu ditugu, adibidez, Donostiako udalekoak; Udal horren eredua oinarri hartuta oinarrizko eta espetxeko gizarte zerbitzuen arteko harremanen protokolo bat landuko dugu.
4.5. Informatzen ari garen urte honetan Arartekoak behin eta berriro adierazi du mintegi espezializatuetan eta adierazpen publikoetan terrorismo-delituen zigor eta espetxe-tratamendua alda
tzearen alde dagoela, duela urte batzuetatik hona parte hartzen duen foro juridiko guztietan adierazi izan dituen pertsona guztien giza-eskubideen defentsa-terminoetan.
Kontuan izanda gai honen inguruan aurrerapen handirik ez dela egon, erakunde honek uste du berriro ere egin beharra daukala espetxeratu guztiek beren jatorrizko tokitik gertuen dauden espetxeetan kondena betetzeko eskaria, helburu hirukoitza betetzeko: birgizarteratzea sustatu, antolamendu juridikoak eskatzen duen bezala; zigortuak gizartetik deserrotzea saihestu eta beren gizarte-loturak sustatu; eta urrun egoteak familiako eta lagunentzat dituen ondorio ezkorrak, gastuak eta arriskuak amaitu, ez baitira justifikagarriak eta egungo egoeran saihestu baitaitezke. Aurten horren inguruan jaso ditugun kexek berariaz aipatzen zuten adingabeei horrek eragiten dien kaltea. Bestalde, espetxe-administrazioari behin eta berriro eskatu diogu gaixotasun larriak edo sendatu ezin direnak dituztenak espetxetik irtetea aurreikusten duten legezko arauak ezartzea errazteko, beharrezko kautela guztiekin.
4.6. Erabat biluztu eta miatu eta erregistratu edo intimitatea inbaditzen duten metodoak erabiltzeari dagokionez, estatuko espetxe batzuetan ezarritako praktikengatik jasotako kexen ondorioz gure iritzia emateko aukera izan dugu; izan ere, terrorismoagatik kondenatutako espetxeratuen familiakoei biluz zitezela eskatzen hasi baitziren sistematikoki, vis a vis komunikazioa izan aurretik. Espetxe-zaintzako fiskalek 2015eko topaketan adierazitako irizpideen arabera, ez da nahikoa drogak edo galarazitako bestelako objektuak sartzeko susmoa aipatzea, horrelako kontrolak egin ahal izateko. Bisitariek beren eskubide guztiak dituzten heinean, besteak beste, intimitaterakoa eta osotasun moralerakoa, ez dago horiek oro har erasaterik espetxeetako segurtasuna mantentzeko, baizik eta behar hori kasu bakoitza banaka aztertuta artatu beharko litzateke.
4.7. Amaitzeko, EAEko Auzitegi Nagusiko Gobernu Salak adierazitako beharraren berri eman nahi dugu eta geure egiten dugu, 2016-2020 aldirako beharren artean Gasteizen espetxe-zaintzarako epaitegia sortzea, gaur egun dagoen bakarrak lan karga handia duelako eta lan horren zatirik handiena, bere dimentsioagatik logikoa denez, Arabako espetxetik datorrelako.