2. EMAKUMEEN BERDINTASUNA ETA OSOTASUNA
Aurrekariak
Arartekoak, pertsonen eskubideak defendatzeko lanen barruan, emakumeen eta gizonen berdintasunaren printzipio konstituzionala (EK 14. artikulua) betetzen dela ziurtatu eta defendatzeko funtzioa dauka. Horretarako, euskal agintari publiko guztiei eskatzen die beharrezko neurriak har ditzatela, berdintasunaren eta sexuagatiko bereizkeriarik ezaren printzipio hori, ikuspegi formaletik harago, benetakoa eta eraginkorra bihur dadin, horretarako helburu hori zailtzen duten oztopoak era aktiboan baztertuz (EK 9.2 artikulua).
Berdintasunaren eta sexuagatiko bereizkeriarik ezaren eskubidean egiten den edozein urraketari dagokionez euskal herri-administrazioen jarduerak edo jarduera-faltak kontrolatzea da, funtsean, Arartekoak berdintasunaren arloan duen funtzioa, bai ikuspegi formaletik, bai ikuspegi materialetik. Eremu horretan, geroz eta garrantzitsuagoa bilakatzen ari da administrazio desberdinei berdintasun materiala lortzeko ekintza positiboak martxan jartzeko eskatzea, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Eusko Legebiltzarraren 4/2005 Legeak eta emakumeen eta gizonen benetako berdintasunerako 3/2007 Lege Organikoak ezarritako parametroen arabera, lehen aipatutako aurreikuspen konstituzionalak garatuz.
Genero-indarkeria emakumeen giza eskubideen kontrako atentatu larria da eta, horren oinarrian, sexuagatik berdintasun printzipioa funtsean haustea dago. Hala, gure funtzioen artean ezinbesteko lehentasuna daukate genero-indarkeria ezabatzeko borrokak eta ahaleginak, jakin badakigulako emakumeen aurkako indarkeriaren arrazoia emakume eta gizonen arteko egitura-desberdintasunean aurkitzen dela.
Arlo honetako jardueran proiektatzen dira, era berean, emakumeen herritartasun oso eta aktiboaren eta protagonismo sozialaren alde egiten duten ekimen desberdinen sustapen eta bultzada, oraindik emakumeak gizonen aldean gutxiesten dituzten inertzia kultural eta sozialen aurrean.
1. Kexarik aipagarrienak
1.1. Emakumeek alardeetan duten parte hartzea
Beste urte batzuetan bezala, aurten ere emakumeek jai eta kultura espazioetan duten berdintasunaren gaiak Arartekoak esku hartzea eragin du, emakumeek alardeetan parte hartzearen auziari dagokionez, eta urte osoan zehar kontsulta eta kexa ugari sorrarazi ditu.
Testuinguru horretan, Irungo Udalak herriko jaiak iragartzeko deitu ohi duen lehiaketan urtero kartelak aukeratzeko prozedurari lotutako kontsulta bat bereiziki nabarmendu behar da. Herritar batek azaldu duenez, 2015. urtean aukeratutako kartelean soilik gizonez osatutako konpainia bat agertzen da argazkian, eta emakume bakarra ikus daiteke irudian, hain zuzen ere une horri argazkia ateratzen agertzen den emakume bat; horrenbestez, kartelak alarde ez parekidea baino ez du islatzen, eta, horrela, alarde mistoan berdintasunaren alde urtero parte hartzen duten emakume ugari ezkutatzen ditu. Hala gertatu ahal izan da 2013. urtean kartelak aukeratzeko prozedura aldatu egin zelako; izan ere, lehiaketako kartel irabazlea aukeratzeko herritarren gehiengoa baliatzen da, aurrez aukeratzeko edo iragazteko beste inolako irizpiderik aplikatu gabe. Hizpide dugun prozeduraren nondik norako zehatzak aztertu ondoren, erakunde honek Arartekoaren 2015eko azaroaren 2ko Ebazpena eman zuen; hala, erakunde honek gai honen mamian dagoen arazoari erantzun nahi izan zion. Gure iritziz, aukeratutako hautapen prozedura zehatz honi dagokionez Administrazioaren diskrezio ahal baten aurrean gauden arren, komenigarria da, hala ere, jarduten duen Administrazioak, prebentzio gisa, prozedura horietan esku hartzeko aukera aurreikustea, pertsonen eskubideak urratu ahal badira, adibidez pertsona edo talde jakin batzuentzat eduki iraingarriak direnean. Beste alde batetik, gogorarazi behar dugu Irungo Udalak emakumeak alardeetan ikusarazteko ekintza positiborako neurriak aktibatzeko betebeharra daukala, lege eta konstituzio aginduetatik ondorioztatzen den bezala; izan ere, agindu horri jarraiki botere publiko ororen betebeharra da pertsonen arteko berdintasuna erreala eta eraginkorra izatea eragozten duten oztopoak desagerraraztea. Gure erantzunean, horrez gain, interesdunari eskaera egin genion gaia udal administrazioan bertan ere aurkez zezan, udal administrazioak erantzun aproposa eta egokia eman behar baitu. Horrenbestez, gure ustez Irungo Udalak mekanismo bat gaitu beharko luke (mekanismo horren formula zehatza diskrezionala da udalarentzat), aurrerantzean bermatzeko, batetik, aukeratutako kartelek genero ikuspegia ere kontuan izango dutela eta, horrenbestez, Irungo jaietan emakumeen parte hartzea ikusaraziko dutela, eta, bestetik, kartel irabazleek eskubideak ez urratzeko edo, delinkuentzia ekintzak eragin edo egitea eragozteko.
Alardeei lotutako beste gai bat ere aipatu behar da txosten honetan, hain zuzen ere iaz emandako gomendio baten haritik; une hartan nabarmendu zenez, Irungo Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako III. Planean ez zen emakumeek alardeetan daukaten parte hartzeari buruzko inolako aipamenik jaso, plana prestatzeko egindako parte hartze prozesuen ondorioetan proposatu zenaren aurka. Gure esku hartzearen ondorioz, Arartekoaren 2014ko abenduaren 29ko Ebazpena eman genuen; ebazpen haren bitartez, Irungo Udalari gomendatu zitzaion Gizonezko eta Emakumezkoen Berdintasunaren aldeko III. Planean San Martzialeko Alardean emakumeek parte hartze parekidea izatearen aldeko neurriren bat jaso zezan. Bada, udalak gai horri buruz izan duen isiltasunaren ondoren, ulertu behar dugu, zoritxarrez, aipatutako gomendioa ez dela onartu.
1.2. Kideei gizonezkoak izatea baldintza gisa eskatzen dieten elkarteak Euskadiko Elkarteen Erregistroan jasotzea
Bizkaiko udal batean berdintasun arloko ardura teknikoak dituen pertsona batek azaldu duen egoera ezin dugu aipatu gabe utzi, hain zuzen ere, estatutuetan bazkide gisa emakumeak baztertzen dituzten zenbait sozietate gastronomiko aipatutako Euskadiko Elkarteen Erregistroan jasotzea Zuzenbidera egokitzen den hizpide duena. Euskadin irismen handia izan dezakeen gai bat da, sozietate gastronomiko ugariri eragiten baitie, askok euskal lurralde guztietan emakumeak bazkide gisa baztertzen baitituzte. Gure erantzunean gai hau arautzeko irizpide juridikoak finkatzen saiatu gara. Hala, gure ustez (elkartzeko oinarrizko eskubidearen edukia bera kontuan hartuz, eskubidearen izaerak askatasun zibilaren printzipioa baitu oinarritzat), Euskadiko Elkarteen Erregistroari ez dagokio elkarte jakin bat antolamendu juridikora egokitzen den ala ez zehazteko epaiketa juridiko materiala egitea, eta, horrenbestez, ezin ditu elkarteen inskripzioak ukatu espresuki estatutuetan ezarrita daukatelako elkartea osatuko duten bazkideek sexu jakin batekoak izan behar direla. Baina, argi dagoenez, elkarte batek sexuetako bat baztertzen badu horretarako arrazoizko argudio objektiborik egon gabe, orduan estatutuak jurisdikzio zibilaren aurrean aurkaratzea planteatu beharko litzateke, sexua dela-eta ez baztertzeko konstituzioaren printzipioa urratzea gerta daitekeelako. Beste alde batetik, bazkide gisa emakumeek parte hartzea debekatzen duten elkarteek administrazio publikoekin dituzten harremanei dagokienez, edozein kasutan 4/2005 Legea aplikatu behar da, otsailaren 18koa, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Legea, alegia, bai diru-laguntzak debekatzeari dagokionez, bai sexua dela-eta edozein motatako bazterketa eragozteko eskuragarri duten neurri oro (ekintza positiboak barne) bultzatzeko botere publikoen betebeharrari dagokionez.
1.3. Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta (DBE) eta Etxebizitzarako Prestazio Osagarria (EPO) onartzea genero indarkeriaren biktima izan den emakume bati
Gure ustez garrantzitsua da DBE eta EPO ukatzearen ondoriozko kexa espediente baten edukia atal honetan jasotzea; genero indarkeriaren biktima izan zen emakume bati ukatu zitzaion, datuak ezkutatzea leporatzen ziotelako, ulertu baitzen interesduna erasotzailearekin bizi zela, erasotzaileak urruntzeko agindua zeukan arren (Bilboko Udaltzaingoaren zenbait akta oinarritzat hartuta). Gertatutakoa aztertu ondoren egiaztatu genuenez, ustez benetan erasotzailearekin bizi zela esateko soilik udaltzaingoaren ikuskaritza bisita batzuk hartu ziren oinarritzat, eta bisita haien aktetan ez zen beste modurik jaso emakumearen eta erasotzailearen arteko elkarbizitza ondorioztatzeko, soilik inguruko bizilagunei kontsultatzea. Horregatik, ulertu genuenez, ezin da udaltzaingoaren ikuskaritza akten ustezko ziurtasuna beste esparru batzuetara hedatu, hain zuzen ere, dagokien objektibotasunagatik ikuskaritza egin duen pertsonaren zuzeneko pertzepzioaren bitartez antzeman ezin direnean edo ezin direnean zuzenean ondorioztatu, edo aktan bertan jasotako frogabideen bitartez egiaztatu daitezkeenean; kasu honetan ez zen horrelakorik gertatzen. Emaitza horren ondorioz, Arartekoaren 2015eko irailaren 18ko Ebazpena eman genuen; horren bitartez, Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailari gomendatu zitzaion berriz azter zezan emakume hari Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta eta Etxebizitza Prestazio Osagarria ukatzeko erabakia.
1.4. Kexa espedienteak Emakundera igortzea
Azkenik, aipatu nahi dugu 2015. urtean jasotako zenbait kexa, izaera pribatua zutenez, erakunde honen eskumen esparrutik kanpo geratu direla; horregatik, Emakundera igorri ditugu, erakunde horrekin bere egunean lortutako lankidetza hitzarmena aplikatuz. Kexa horiek, oro har, lan arloan sexuaren araberako ustezko bereizkeria kasuak izan dituzte hizpide, baita emakumeak txoko edo sozietate gastronomikoetatik kanpo uztea eta emakumea objektualizatzea eragiten dituzten zenbait jarduera eta prentsako iragarki ere.
2. Araudi- eta gizarte-testuingurua
Emakumeen preterizioa lanean
Gure betebeharra den aldetik, nabarmendu egin behar dugu emakumeen eta gizonezkoen berdintasunaren printzipioaren proiekzioari dagokionez, eta, oro har, emakumeen eskubideei dagokienez, nazioarteko eta Europako erakundeen kezka nagusietako bat emakumeek lan arloan pairatu behar duten preterizio egoerari lotuta dagoela.
Hain zuzen ere, duela gutxi Nazio Batuak erakundeak egoera honen nazioarteko dimentsioari buruzko adierazpenak egin zituen, Giza Garapenari buruzko Txostena 2015 argitaratu baitzuen; dokumentu horretan nabarmendu zuen emakumeek gizonezkoek baino parte hartze txikiagoa daukatela lan ordainduaren munduan; esparru horretan parte hartzen dutenean, gutxiago ordaintzen zaie (mundu mailan soldaten arteko aldea gizonezkoen soldata baino % 24 txikiagoa da). Horrez gain, emakumeen lana zaurgarriagoa izan ohi da. Emakumeen ordezkaritza ez da nahikoa erabakiak hartu behar dituzten karguetan eta goi zuzendaritzako karguetan (soilik kargu horien % 25 hartzen dituzte); azkenik, zaintza eta familia karga handiegia hartzen dute. Horrek guztiak kalte izugarria eragiten du emakumeen eskubideak baliatzeari dagokionez, prekarietate ekonomikoa sorrarazten du eta emakumeek, oro har, pobrezia, bereizkeria eta eskubide urraketa pairatzeko aukera gehiago izatea dakar. Gainera, kontuan hartu behar da familia kideak zaintzeko lana normalean emakumeek hartzen dutela; horren haritik, Nazio Batuen Garapenerako Programak ohartarazi duenez, baliteke aipatutako parekidetasunik eza areagotzea populazioa zahartzen den neurrian. Soilik politika finkoekin desagerraraz daiteke parekidetasunik eza, soldata berdintasuna eta familia bizitza eta lana uztartzea bermatuko duten politikekin, alegia.
Bada, ildo beretik, eta Europa mailan, 2015. urtean Europako Parlamentuaren 2015eko urriaren 8ko Ebazpena ere eman da, 2006/54/EE Zuzentaraua aplikatzeari buruzkoa, Gizonen eta emakumeen artean tratu berdintasunaren printzipioa aplikatzeko enpleguarekin eta okupazioarekin zerikusia duten gaietan. Bertan lan arloko preterizio egoera horri aurre egiteko Europar Batasuneko kide diren estatuek jarraitu beharreko urratsak azaldu ziren, Europako testuinguruan ere gertatzen baita; aipatu zenez, besteak beste, pentsioen arloko zeharkako bereizkeriari egin behar zaio aurre, soldaten arloan gardentasuna eta lanpostuen sailkapenen sistema harmonizatuak sortu behar dira, eta soldaten arloko zeharkako bereizkeria antzemateko formulak artikulatu behar dira. Azken finean, soldatei dagokienez emakumeak ez baztertzeko printzipioa modu eraginkorrean aplikatzea eskatzera bideratutako ekimen bat da, eta, horretarako ezinbestekoa da modu komunean, estatu kide guztiek elkarrekin, zenbait kontzeptu definitzea, tartean soldaten arteko aldea, pentsioen arteko aldea, zuzeneko eta zeharkako soldata bazterketa eta, bereziki, lan berdina eta balio bereko lana. Europako Parlamentuak jaso duenez, emakume ugarik familia bizitza eta lana uztartzeko aukerari uko egin diote, lana galtzeko beldurrez; horren ondorioz, Europako jaiotze tasa baxuak areagotu egin dira. Txosten honetako familiei buruzko atalean, lana eta familia bizitza uztartzea erraztea zein garrantzitsua den zehatzago azaldu dugu, baina hemen gogorarazi behar da, gainera, emakumeen eta gizonezkoen arteko berdintasuna lortzeko faktore erabakigarria dela. Gai hau sakonago landu dugu Lana, familia eta norberaren bizitza bateragarri egiten laguntzeko politika publikoak berriz aztertzeko lanean, eta, berriki, Familiei laguntzeko politikak Euskadin: azterketa eta proposamenak txostenean.
Nazio Batuen azterketa Espainiari 2015ean: Nazio Batuen Emakumeen aurkako Bereizkeria Desagerrarazteko Batzordearen azken oharrak (CEDAW)
Beste alde batetik, Nazio Batuen Emakumearen Aurkako Bereizkeria Desagerrarazteko Batzordeak 2015eko uztailean Espainia aztertu ondoren argitaratutako azken oharrak aipatu egin behar ditugu, laburki bada ere. Ohar horietan agerian geratu zenez, Espainiak langile publikoak berdintasun arloan gaitu behar ditu, aldizka espresuki funtzionarioentzako prestakuntza emanez, poliziei, fiskaltza, abokatu eta judikaturako langileei. Horrez gain, 16 eta 18 urte arteko emakume eta neskentzako abortu eskubideari buruzko lege proiektua ez onartzea bereziki nabarmendu zen; izan ere, neskek haurdunaldia eten ahal izateko oztopo gehiegi jaso zituen legeak (hala ere, azkenean, 11/2015 Lege Organikoa onartu da, irailaren 21ekoa, adinez txikiak diren emakumeen eta judizialki aldatutako gaitasuna dutenen babesa sendotzeko haurdunaldia borondatez eteterakoan); asilo eskatzaile diren nesken babesa hobetze ere nabarmendu zen, mugako kontroletan indarkeria ez erabiltzea bermatuz, eta asilo emakida nahikoa eta inpartziala ematea ezartzea. Beste alde batetik, NBEko Kontalari Bereziak, ezgaitasunen bat duten pertsonen eskubideei dagokienez, legegintzan eta praktikan emakumeen aurkako bazterketa gaiari buruzko lantaldekoak, 2015eko martxoan premiazko ekintza bat igorri zuen Espainiako gobernuaren aurrean, haurdunaldia borondatez eteterakoan adinez txikiak diren emakumeen eta judizialki aldatutako gaitasuna dutenen babesa sendotzeko lege organikoaren proposamenari dagokionez, ulertu baitzuten lege organikoaren proposamen hark haurdunaldia eteteko sarbidea mugatu egingo zuela eta osasun fisiko eta mental altuenaren eskubidea bidegabeki mugatuko zuela. Hala ere, lehenago ere aipatu dugun moduan, lege organikoaren proposamen hura, azkenean, onartu egin zen 2015eko irailean.
Europar Kontseiluaren gomendioa, kirolen arloko berdintasunari dagokionez
Aemakumeen eta gizonen berdintasuna kiroletan integratzeari dagokionez, nabarmendu behar da 2015. urtean Europar Kontseiluak gomendio bat plazaratu zuela (Kirolean generoaren ikuspegiari buruzko Gom. (2015) 2); bertan, estatu kideei dei egin zien genero ikuspegia kirol maila eta esparru guztietan sartu, txertatu eta bermatzera bideratutako politika eta jardunak susta ditzaten.
Genero Indarkeriaren aurka babes integrala emateko neurriei buruzko legearen erreforma: genero indarkeriaren biktima diren haurrak
Garrantzitsua da Haur eta nerabeen babes sistema aldatzeko uztailaren 22ko 8/2015 Lege Organikoaren azken xedapenen artean hirugarrenak Genero indarkeriaren aurka babes integrala emateko neurriei buruzko abenduaren 28ko 1/2004 Lege Organikoa aldarazi duena aipatzea, genero indarkeria presente dagoen familia inguruneetan hazten diren haurrek pairatzen duten indarkeriari aurre egiteko. Hartara, eta indarkeria mota horrek adingabeei era askotara eragiten diela aintzat hartuz (adingabeen ongizatea eta garapena baldintzatzen baitu eta osasun arazo larriak eragiten dizkielako, eta emakumearen gaineko indarkeria eta nagusitasuna aplikatzeko tresna bihurtzen dituelako, eta, horren ondorioz, bikotekideek edo bikotekide ohiek emakumeen gainean indarkeria jarrerak belaunaldiz belaunaldi transmititzea errazten duelako), ondorioztatu da adingabeak etxean horrelako indarkeriaren eraginpean egotea biktima ere bihurtzen dituela (hain zuzen ere etxean babestuago egon beharko luketelako). Horregatik guztiagatik, lege honek adingabeak genero indarkeriaren biktima direla onartzea ekarri du. Aintzatespen horren ondorioz, aipatutako legearen 61. artikulua aldatu egin da, nabarmendu behar delako entitate judizialen betebeharra dela indarkeria pairatzen duten emakumeen eskuetan dauden adingabeengan eragina daukaten jarraipen eta kautelazko neurrien eta, bereziki, neurri zibilen gainean adierazpenak egitea. Horrez gain, aipatutako legearen 65. artikulua ere aldatu egin da, genero indarkeriaren biktima den emakumeen esku dauden seme-alabak babesteko egoerak areagotzeko. Azkenik, 66. artikulua ere aldatu egin da, idatzitakoa hobetuz, bisiten araubidearen kontzeptu klasikoa gaindituz; aurrerantzean modu globalean ulertuko da, egonaldi gisa edo seme-alaba adingabeekin komunikatzeko eta harremanak izateko bide gisa.
Berdintasunerako Foru Araua Gipuzkoan
EAEko eremuan, bukatzeko, 2015. urtean ez da nabarmentzeko moduko lege edo arau aldaketarik egin, baina Emakumeen eta gizonen berdintasunerako martxoaren 9ko 2/2015 Foru Araua aipatu egin behar da, nabarmentzeko moduko izaera berritzailea duelako. Hain zuzen ere, arau horrek foru esparruan marko juridiko berezia ezartzen du, eta emakumeen eta gizonezkoen berdintasunaren esparruan botere publikoek daukaten jarduera ahalmenak zabaldu egiten ditu. Xede nagusia sexuaren bidezko berdintasun printzipioa Gipuzkoako lurralde esparruan garatzea da, marko juridiko argia finkatuz, foru jarduera ugarirentzat erreferentziazko parametro bat ezarriz; hala, berdintasunaren helburua lortzeko orientazio hobea jasotzeko erreferentziazko arau bat sortuko da.
3. Jarduera-planaren esparruko bestelako esku-hartzeak
Jarraian, arlo honetan garatutako jarduera nagusiak aipatutako ditugu. Azalpen horretan, bada, Arartekoak emakume eta gizonen berdintasunean izan dituen arreta gune nagusiak zeintzuk izan diren azalduko dugu:
3.1. Bilerak elkarteekin
Mugarik Gabe elkartearekin bilera
Bilera horretan indarkeria matxistei aurre egiteko elkarte horrek egiten duen lanari lotutako hainbat gai landu genituen; elkarteak Arartekoarekin komunikatzeko bide emankorra irekitzeko asmoa agertu zuen, eta indarkeria matxista pairatzen duten emakumeek bizi dituzten arazoak antzemateko zenbait talde egiten ari diren prozesu baten emaitzak etorkizunean sistematizatzeko lanean kolaboratzeko eskatu zion elkarteak Arartekoari. Halaber, azaldu zutenez, Euskadin genero indarkeriaren biktima diren emakumeen egoerari eta erakundeetatik jasotzen duten erantzunari buruzko beste azterlan berri bati ekiteko aukera Arartekoak ere aztertzea komenigarria izango litzateke, dagoeneko 12 urte baino gehiago igaro baitira Arartekoak Emakumeen kontrako indarkeriari erakundeek emandako erantzuna EAEn txostena argitaratu zuenetik, 2003an. Elkarte horrekin harreman ona izateko konpromisoa hartu dugu, elkarteak lan goraipagarria egiten baitu, eta gure aukeren neurrian elkarlanean aritzeko konpromisoa hartu dugu, Euskadin erakundeek genero indarkeriari ematen dioten erantzunaren gaur egungo egoerak ezohiko txostena behar duen sakonago landu behar den aztertuko dugu.
Bilerak Sorgin eta anitzak eta SOS Arrazakeria Euskadi taldeekin
Genero indarkeriaren biktima diren emakumeek eskatutako gizarte prestazioekin (DBE eta EPO) lotuta Lanbideren lanean antzemandako disfuntzioak azaldu zizkiguten talde horiek. Gai horiek Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Gaien Sailari jakinarazteko konpromisoa hartu genuen. Txosten honetako gizarteratzearen gaineko atalean gai horri buruzko xehetasun gehiago eman dugu.
Arte bisualetan emakumeen bazterketaren kontrako Plataforma con Aelkartearekin bilera
EAEko erakusketa eta museoen jardunean, arte bisualen kasuan, genero ikuspegia falta dela azaldu ziguten, eta artista emakumeak eta haien lana erabat ikusezina dela; horrez gain, Euskal Autonomia Erkidegoko Museoen Sistema Nazional osoan emakumeek sortutako artearen gabezia deigarria bukarazteko ez da nahikoa neurri abiarazi erakundeetatik. Besteak beste, Euskadiko museo erakundeek eta erakusketa zentroek egiten dituzten jardueren ebaluazio guztietan generoaren aldagaia txertatzeko eskatu dute, arte bisualen inguruko jardueren sare osoan, oro har, emakumeek sortutako artea eta emakumeen presentzia indartzeko eta sustatzeko bideratutako aurrekontua berariaz esleituz (mintegiak, hitzaldiak, epaimahaiak, patronatuak, erakutsitako emakumeen obrak, aditzera emandako sortzaile emakumeak, etab.). Arartekotik gai honi buruzko espediente baten markoan dagoeneko hasita dagoen azterketarekin jarraitzeko konpromisoa hartu dugu, eta gai guztiak Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailari jakinaraziko dizkiogu, eta auzi honi benetako borondate politikoarekin heldu behar zaiola nabarmenduko dugu, Emakumeen eta Gizonezkoen arteko Berdintasunerako 4/2005 Legearen aurreikuspenak eraginkortasunez betearazteko.
Emakumeek alardeetan parte hartzea defendatzeko taldeak
Aurreko urteetan bezala, emakumeek alardeetan parte hartzea defendatzen duten taldeekin urte osoan zehar etengabeko harremana izan dugula nabarmendu behar da, arrazoi hori dela medio Hondarribia
eta Irun udalerriek bizi duten gatazka lantzeko. Alardeak ospatzearekin batera urtero erakundeek horri lotuta egiten duten lanaren hainbat alderdi talde horiekin batera jorratu ditugu, baita izaera estrategikoagoa daukaten gaiak ere, emakumeek bi alardeetan erabat integratzean aurrera egiteko beharrezko erakunde eta gizarte babesa lortzera bideratutakoak.
Arartekoaren erakundeak gai honi buruz hitz egiteko aukera izan duen une guztietan konpromiso tinkoa agertu du gatazka sortu zen momentutik orain arte bezala aurrerantzean ere lan egiten jarraitzeko, eta gure eskura ditugun baliabide guztiak martxan jartzeko Irun eta Hondarribiko jaietan emakumeen erabateko integrazio parekidea defendatzeko.
3.2. Bilerak administrazioekin eta erakundeekin
Gai honetan eragina daukaten funtziodun administrazio publikoekin egindako bileretatik honako hauek nabarmendu nahi ditugu:
Etxeko tratu txarrak eta sexu indarkeria jasaten dituzten emakumeei harrera hobea egiteko erakundeen arteko II. Akordioaren Jarraipen Batzordean Arartekoa erakundearen parte hartzea
Aurreko txostenetan jaso genuen moduan, 2011. urtetik Arartekoa erakundeak ere parte hartzen du Etxeko tratu txarrak eta sexu indarkeria jasaten dituzten emakumeei harrera hobea egiteko erakundeen arteko II. Akordioaren Jarraipen Batzordean, eta presentzia dauka batzordean bertan zein erakundeen arteko talde teknikoan, gure erakundearen ikuspuntuaren ekarpena egiteko, genero indarkeriaren biktima diren emakumeei zuzendutako jarduera publiko guztien multzoan sortutako arazoak edo balizko gabeziak agerian uzteko eta horren gaineko hobekuntza proposamenak egiteko.
2015. urtean, Arartekoa erakundeak batzorde horren eta horren barruan sortutako erakundeen arteko talde teknikoaren bilera guztietan parte hartu du. Lan bilera horietan geure ikuspegia eman dugu genero indarkeriaren biktima diren emakumeen arretari dagokionez landu diren alderdi guztietan. Aurten akordioa osatzen duten erakundeen artean adostutako zenbait lehentasun landu dira. Hain zuzen ere, 2015. urtean sakonago landu diren gaien artean honako bi hauek nabarmendu daitezke: adingabeen arretaren gaia, genero indarkeriaren biktima direnen seme-alabak; eta indarkeria pairatzen duten emakumeei arreta eskaintzen dieten pertsona eta profesionalei genero prestakuntza emateko premiazko beharrizana. Azken horri dagokionez, esparru desberdinetako euskal administrazio zerbitzuetako zenbait pertsonentzako prestakuntza prozesu zabala dagoeneko martxan jarri da, genero indarkeriaren biktima izan daitezkeen emakumeei arreta emateko. Testuinguru honetan aipatu behar dugu jendeari arreta eskaintzeko Arartekoaren hiru bulegoetako pertsona arduradunek prestakuntza prozesu horretan parte hartu dutela, eta oso aberasgarria izan zaiela erakunde honen betebeharrari dagokionez.
Beste alde batetik, aipatutako lehentasunen testuinguruan, 2015. urtean erakundeen arteko talde teknikoaren esfortzua batez ere esku hartze publiko koordinaturako jardun ildoak eta irizpideak garatzea izan da, genero indarkeriaren biktima diren emakumeen seme-alaba adingabeei dagokienez, indarkeria horren biktimatzat jotzen baitira.
Erakundeen arteko lankidetza Emakunderekin eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Berdintasunerako Zuzendaritzarekin, alardeetan emakumeen berdintasuna babesteko
Erakunde honek 2013. urtean Emakunderekin eta Gipuzkoako Foru Aldundiarekin abiarazitako lanari eutsi dio 2015. urtean, Irun eta Hondarribiko alardeetako gatazkei konponbidea emateko erakundeen arteko espazioaren testuinguruan. Beste gauza batzuen artean, espazio horretatik bitartekaritza akademiko espezializatuak esku hartzea bultzatu da, bi udalerrietan inplikatutako erakunde eta gizarte eragileen artean elkarrizketa espazioak irekitzeko, aipatutako gatazkak konpontze aldera.
Hain zuzen ere, 2015. urtean zehar, elkarlanarekin eta maiztasunez bilerak eginez Emakunderekin eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren Berdintasunerako Zuzendaritzarekin duela dagoeneko hiru urte abiarazitako elkarlan egonkor eta tinkoari eutsi diogu. Lankidetza horren xedea Irun eta Hondarribiko alardeetan emakumeen eta gizonezkoen berdintasuna gauzatzeko asmo tinkoa izango duen erakundeen arteko aliantza bat lortzea izango da. Erakunde honen iritziz, emakumeen berdintasunaren eskubidea eta printzipioa argi eta garbi zalantzan jartzen duen gatazka bat betikotzeak gure sistema demokratikoa nabarmenki ahultzen eta oztopatzen du, eta EAEko botere publikoetatik tinkotasunez landu behar da. Horregatik, gure ibilbideari eutsi diogu aipatutako erakundeekin (guzti-guztiak gai honetan inplikatuta daude) eta erakundeen arteko estrategia bateratuak artikulatu ditugu gizarte eta erakunde mailako adostasun zabalak lortze aldera, aipatutako alardeen gatazka bideratzeko balizko bideei inguruan. Erakundeen arteko espaziotik, halaber, egokitzat jo dugu Irun eta Hondarribia
udalerrietan eztabaida eta elkarrizketa sozialerako espazioak irekitzeko esku-hartze profesional eta parte hartzaile ugari bideratzea.
3.3. Beste jarduketa batzuk: jardunaldiak, foroak, zenbait ekitalditan parte hartzea
2015eko ekainean genero indarkeriari buruzko jardunaldi bat antolatu izana nabarmendu behar da, FIOko Emakumeen Sarearen Topaketaren (Europa) testuinguruan. Landutako gaiak sakonago aztertzeko, jardunaldi horren ondorioak kontsulta daitezke, Portugaletik eta autonomia erkidegoetatik iritsitako parte hartzaile guztien adostasunez jasotakoak.
Horrez gain, 2015eko azaroan, Arartekoa erakundeak, Eusko Legebiltzarrarekin batera, “Emakumeak espetxean, zailtasun gehiago” izeneko jardunaldia antolatu zuen; askotan ezkutatzen den errealitate bati erantzuteko beharrizana agerian jarri zen bertan.
4. Herritarren eskubideen egoeraren balorazioa
Beste urte batzuetan bezala, herritarrek ez dute arraza edo sexua dela-eta bereizkeria arazoak azaltzen dituzten kexa ugari aurkeztu, ezta herritarrek euskal administrazio publikoekin dituzten harremanetan berdintasunaren alorreko arazoei buruzkoak ere; horrenbestez, horrek argi uzten du, alde batetik, berdintasun formalari dagokionez administrazio jarduna egokia dela, baina, hala ere, ezin da ondorioztatu administrazio publikoek eskuragarri dituzten baliabide guztiak jartzen ari direnik, berdintasun hori, hain zuzen ere, erreala eta eraginkorra izan dadin.
Desberdintasunak antzemateko eta ekintza positiboak abiarazteko neurrien beharrizana, esparru guztietan berdintasun errealerako oztopoak desagerrarazteko
Emakumeen errealitatean hainbat gai esanguratsu ageri dira, errealitatea markatzen, esaterako, gizonen eta emakumeen soldaten arteko aldea, emakumeak zuzendaritza eta erabakitze karguetara iristeko kristalezko sabaia deritzona, baita administrazio publikoetan ere; emakume batzuek zenbait lanpostutara edo kasuan kasuko lanbideetan gora egiteko aurkitzen dituzten zailtasunak; uztartzeko zailtasuna eta bereziki emakumeengan daukan eragina; emakumeen langabezia tasa altuagoa izatea, emakumeen aurkako indarkeriaren gaitzak irauten duelako; krisialdiaren testuinguruan pobrezia feminizatzea; zenbait esparrutan emakumeei kalte egiten dien estereotipoek betikotzea; emakumeek justiziara sarbidea izatea oztopatzea. Horrek guztiak erruz justifikatzen du botere publikoek berdintasunaren eskubidean lan egin beharra, ekintza positiboak bultzatzea eta egitura ekonomiko eta sozial osoan genero ikuspegia daukan munduaren kontzeptua txertatzea, azken finean haien gain hartuz benetako asmoz eta tinkotasunez desberdintasunak antzemateko esfortzua, adierazpen formaletatik haratago, eta horiek desagerrarazteko ahalegina egin behar dute, oztopo horiek desagerrarazteko ekintza positiboak martxan jarriz, oztopo horiek askotan ezkutuan daudelako eta ikusezinak direlako baina emakumeen eta gizonezkoen berdintasuna oraindik ere benetako errealitate izatea eragozten dutelako.
Emakumeen preterizioa lanean
Lan merkatuan eta lanaren esparruan emakumeen kasuan bereizkeria izugarria existitzen dela bereziki antzeman dugu. Euskal botere publikoek hainbat neurri aktibatu behar dituzte, hain zuzen ere aipatutako bereizkeriak modu zehatzean zenbatzeko (soldaten arteko aldea, pentsioen arteko aldea, laneratzeko zailtasunak edo lanpostuari eusteko zailtasunak familia eta zaintza lanak direla medio, erabakitze eta zuzendaritza karguetan emakumeen ordezkaritza txikiegia izatea, etab.), eta ondoren, horiek desagerraraztea bultzatu behar dute, neurri zehatzen bitartez, ez soilik euskal administrazio publikoko enpleguei dagokienez, baita lan esparru pribatuan eragina izango duten neurriekin ere.
Emakumeen aurkako indarkeria: kasuak antzematea eta emakume biktimak ahalduntzea
Esparru honetan bi gai bereziki nabarmendu behar ditugu: Alde batetik, existitzen diren kasu guztiak ez dira antzematen. Gure arreta sistemak emakume horiei laguntzeko baliabide eta prestazioak orientatzeko gai izan behar du, indarkeria matxistaren edozein adierazpen modu goiztiarrean antzemateko (osasun aldetik, gizarte zerbitzuetatik, eskolan, hezkuntza, sare komunitarioen esperientziak, etab.). Beste alde batetik, badakigu biktima diren emakumeek nolabaiteko babesgabetasun sentsazioa daukatela, denboran luzatzen dena eta salatzeko beldurra edota zerbitzu eta baliabideekiko mendekotasuna eragiten duena: kasu horiei arreta eman behar zaie hala sentitzen diren emakumeak ahaldunduz, baliabide eraginkor eta denboran luzatuko den baliabide gisa, erasoen kontrako babes modura.
Horrez gain, lan esparru batzuetan oraindik ere aurrera egin behar dugu (nahiz eta badiren hasitako neurri batzuk), besteak beste, hezkuntza sisteman esku hartzea, eta indarkeria egoeretan dauden emakumeei arreta ematen dieten pertsonen prestakuntza, bereziki justizia sistemako langileei dagokienez.
Emakumeak aisialdi, kultura eta arte espazioetatik baztertzea
Euskadin oraindik ere zailtasunak daude emakumeek aisialdiaren esparruan (sozietate gastronomikoak), kulturan, jaietan, artean eta kirolean parte hartzeko eta ikusarazteko. Esparru horietan emakumeen ikusgarritasuna eta presentzia nabarmenki falta da oraindik, artean, adibidez, edo parte hartze eta aintzatespen maila jakin batzuetara iristea mugatuta dago emakumeentzat, baita zenbait kirol praktikatzea ere.
Ekintza positiboen neurriek emakumeek parte hartzeko eta ikusarazteko bideak zabalduko dituzte historikoki presentzia gutxiago edo ezkutuago izan dituzten esparruetan, eta administrazio publikoetarako erronka handia da. Horrek esan nahi du, nahitaez, erakundeen arteko esfortzua egin behar dela genero ikuspegiarekin jarduteko, borondatea izateko gutxiegizko ordezkaritza hori antzemateko, eta modu kontzientean aurre egiteko emakumeentzat bereizkeria egoerak betikotzera garamatzan inertzia sozialari, ez baitira onargarriak sexuen artean erabateko berdintasuna aldarrikatzen duen sistema batean.
Alardeak eta emakumeak
Irun eta Hondarribiko alardeen kasuan, oraindik ere, emakumeentzat bereizkeriak nolabaiteko babes sozialarekin irauten du, eta inplikatutako erakunde publikoek ez dute beharrezko tinkotasunez jokatzen aipatutako egoerak bukarazteko, jarduera horien pribatutasunaren babespean. Erakunde gisa, gure betebeharra berriz ere errepikatzea da, botere publikoek bultzatu egin behar dituztela esparru horietan emakumeen berdintasunerako eskubidea defendatzeko ekimenak, ekintza positiboki neurriekin. Bidenabar, edozein espaziotan emakumeak baztertzeko jarrerak babesten dituzten estereotipoekin bukatzeko ezinbestekoa da euskal erakunde guztiek herritarren kontzientziazio eta sentsibilizazioaren bitartez ere ekarpena egitea.
Emakumeen posizio ekonomiko ahuldua
Emakumeak gizarte eragile estrategikoak izan behar dira, gizarte bazterketa eta pobrezia egoerei aurre egiteko. Zaurkortasun bereziko egoeran dauden emakumeek, esaterako emakume etorkinak edo ezgaitasunen bat daukaten emakumeek, ekintza positibo bereziak martxan jartzea eskatzen dute, bereziki indartuak berdintasun materialeko maila handiagoetara iristeko eta gizarte bazterketa prebenitzeko.
Salerosketaren biktima diren emakumeen eskubideak babesteko lan egiteko premia Euskadin
Emakume eta neskatoen salerosketaren errealitatea ezkutuan eta isilpean dago, baina Euskadin ere existitzen da. Irismen zehatzaren kontzientzia hartu behar dugu, eta emakume horiei arreta emateko eta eskubideak defendatzeko neurriak hartzen hasi beharra dago.