17. ETXEBIZITZA
1. Arloa kopurutan
2015ean, atzera botatako edo beste defentsa erakundeetara igorritako kexak alde batera utziz gero, Etxebizitza arloan 127 espediente kudeatu dira, hau da, Arartekoaren erakundeak izapidetutako guztien %6,3. Dagokien administrazioen arabera, honela banatu daitezke espediente horiek:
• Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorra
(Eusko Jaurlaritza) .........................................................................100
• Tokiko Administrazioa ...................................................................20
Bestalde, gaia kontuan izanez gero, honela banatu dira:
• Etxebizitza babestuaren alokairua ................................................58
• Administrazioaren funtzionamendua eta
prozedura administratiboa ..............................................................32
• Etxebizitzarako sarbidea: premia frogatzea eta
esleitzeko prozedura ......................................................................25
• Kalteak etxebizitza babestuetan eraikitze akatsengatik ................8
• Beste alderdi batzuk .....................................................................3
• Etxebizitza erosi eta birgaitzeko laguntzak ...................................1
2015ean kudeatutako erreklamazioen tramitazio xehetasunari dagokionez, dela 2015ean jasotakoak dela 2015eko urtarrilaren 1ean, txosten hau idazten hasitakoan, indarrean jarraitzen zutenak kontuan izanez gero, hau da arloko egoera:
Ondorengo atalean emango dugun azalpen zehatzagoari kalterik egin gabe, esan beharra daukagu konpondu ez diren jarduera okerren artean daudela onartu gabeko gomendio hauen bidez amaitu ditugunak:
• Arartekoaren Ebazpena, 2014ko azaroaren 10ekoa. Horren bidez, babesturiko etxebizitzen erosleen eskubideak bermatzeko beharrezko neurriak hartzea gomendatzen zaio Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailari, bankuek finantzaziorik ez emategatik esleituriko etxebizitza eskuratzeari nahitaez uko egin behar dioten pertsonei dagozkienak.
• Arartekoaren Ebazpena, 2015eko apirilaren 13koa. Horren bidez, Enplegu eta Gizarte Politika Sailari gomendatzen zaio babestutako etxebizitza eskatzaile batek Etxebizitza Eskatzaileen Erregistroan izen emateko egindako eskaera artxibatu duen ebazpena berraztertzeko.
• Arartekoaren Ebazpena, 2015eko maiatzaren 19koa. Horren bidez, Enplegu eta Gizarte Politika Sailari gomendatu zaio berriz azter dezala Etxebizitza Eskatzaileen Erregistroan etxebizitza babestuaren eskatzaile baten inskripzioari baja emateko erabakia.
• Arartekoaren Ebazpena, 2015eko ekainaren 3koa. Horren bidez, Enplegu eta Gizarte Politika Sailari gomendatzen zaio berriz azter dezala etxebizitza babestuaren eskatzaile baten inskripzioari Etxebizitza Eskatzaileen Erregistroan baja emateko erabakia.
2. Kexarik aipagarrienak
Etxebizitza arloko gai desberdinen sailkapenaren arabera, herritarrek kexa gehien jarritako gai nagusiak aztertuko ditugu jarraian.
2.1. Etxebizitzarako sarbidea: premia frogatzea eta esleitzeko prozedura
Aurten kexa askotan (kexa kopuru garrantzitsua izan da) kexagileek ebazpen jakin batzuen legezkotasuna zalantzan jartzen zuten; ebazpen horiek babestutako etxebizitzak alokairuan esleitzeko prozeduretan hartutakoak izan dira; kexagileak prozedura horietatik kanpo geratu dira hainbat arrazoiren ondorioz eta beren ezadostasuna adierazi dute, babes publikoko etxebizitza baten esleitzaile izan ezin zirelako.
Kexagileek aurkeztutako administrazio-ebazpenen azterketa egokia egin ondoren ondorioztatu dugunez, Enplegu eta Gizarte Gaietako Saila babes ofizialeko etxebizitzak esleitzeko prozedura arautzaileko araudiaren arabera aritu da eta kexagileak prozeduratik kanpo uztea justifikatuta dago, izan ere, kexagile horiek ez zituzten baldintzak betetzen diru-sarrerei dagokienez edo udalerri jakin batean erroldatuta egoteari dagokionez.
Babestutako etxebizitzak esleitzeko prozedurei buruz aztertutako kasuetan, bereziki aipatu behar ditugu Bilboko udalerrian babes ofizialeko 53 etxebizitza erosteko sustapen pribatuko esleipen-prozeduran egondako arazoak.
Zenbait kexa jaso genituen eta hiru herritarrek salatu zuten notario aurrean zozkatu ziren 53 etxebizitza horien zozketatik kanpo geratu zirela akats baten ondorioz.
Kexa-espedientea izapidetzerakoan Enplegu eta Gizarte Politiken Sailak aitortu zuen Bizkaiko Etxebizitzen Lurralde Ordezkaritzak egindako partaideen zerrendetan akats bat egon zela, eta horren ondorioz, babes ofizialeko 53 etxebizitza esleitzeko notario aurrean egin zen lehenengo zozketan 228 lagunek ezin izan zutela parte hartu, nahiz eta bigarren zozketan hartu ahal izan zuten, esleitu gabe geratutako 40 etxebizitza sartu zirenean.
Era berean, Enplegu eta Gizarte Politika Sailak erakunde honi eman dion azkeneko txostenean dio esleipen-prozedura horretan gertatutakoaren ondorioz “hausnarketa prozesu bat hasi zela, sustatzaile pribatuen sustapen hauetan hartu beharreko neurriei buruz”.
Gure esku-hartzea amaitzeko emandako ebazpenean ondorioztatu genuen, egindako akatsa zenbatekoa zen ikusita, argi zegoela sustapen pribatuko etxebizitzen esleipenerako legez aurreikusitako prozedura ez zela behar bezain bermatzailea eta, beraz, Enplegu eta Gizarte Politika Sailak beharrezko neurriak hartu behar zituela berriro ere akatsik egon ez zedin; akatsaren ondorioz, udalerriko pertsona kopuru garrantzitsua babes ofizialeko etxebizitza izateko aukerarik gabe geratu baitzen, eta are larriagoa izan zen gaia kontuan izanez gero udalerri horretan babestutako etxebizitzen eskaintza eskaria baino askoz txikiagoa dela.
Zentzu horretan, Sailari jakinarazi genion etorkizunean sustapen pribatuko babestutako etxebizitzak esleitzeko prozeduretan egokia litzatekeela prozedurazko bermeak sartzea (zozketara onartutakoen behin-behineko zerrendak argitaratu) babes ofizialeko sustapen publikoko etxebizitzen esleipenetan egiten den bezala, izan ere, berdintasun, publizitate eta gardentasun printzipioak berdin errespetatu behar dira babes publikoko etxebizitzen esleipen guztietan.
2.2. Etxebizitza babestuaren alokairua
Aurten jasotako kexa asko eta asko babes publikoko etxebizitzak alokairu erregimenean kudeatzeko gaiei buruzkoak izan dira, eta gai berari buruzkoak izan dira herri-administrazioen jarduerak aztertzeko gure zereginean emandako ebazpen asko eta asko ere.
Aurreko urteetan bezala, ohikoak dira alokairuan daudenen eta herri-administrazioen edo alokatzen duten erakundeen arteko tira-birak eta gai hauei buruzkoak izaten dira gehienetan: alokairuaren zenbatekoa, alokairu-kontratuetan berme gisa jarritako dirua atxiki eta babes ofizialeko etxebizitzetako higiezinen erkidegoko gastuak, ur beroarenak eta berogailu zentralarenak.
Atal honetan aipatu nahi dugu Alokabide elkarte publikoa Arartekoaren erakundearekin lankidetzan aritzeko prest egon dela beti babes ofizialeko etxebizitzetan alokairuan bizi direnek aurreko paragrafoan aipatutako gaien inguruan kexak aurkeztu dituztenean eta “Bizigune” etxebizitza hutsen programakoek aurkeztu dituztenean ere bai; horri esker, aurkeztutako erreklamazio askoren aldeko ebazpena eman da kexa-espedientea tramitatzean eta ez da berariazko gomendiorik edo iradokizunik egin behar izan, herritarrek oinarrituta egindako eskariak asetzeko.
Bada gai berri bat ere, ikusi dugunez maizterren gero eta kexa gehiago dago, batzuetan babestutako etxebizitzen higiezin osoko biztanlerik gehienek sinatuta eta finken administrazio batzuen erkidegoko gastuen kudeaketarekin ez daudela ados adierazten dute, batez ere, berogailu zentrala eta ur beroa kudeatzeko duten moduarekin eta oinarrizko hornidura horiengatik ordaintzen dutenari buruz informazio gabezia dutela adierazten dute.
Aztertutako kexetan, sozietate publiko horrek eskainitako agiriak eta txostenak kontrastatu ondoren, ez dugu irregulartasunik ikusi kexagileek planteatutako oinarrizko gaietan, nahiz eta gure ustez babes publikoko etxebizitzak alokatzen dituzten pertsonei eta familiei informazio hobea ematea eta komunikazio handiagoa eskaintzea egon eta horrela ordaindu beharreko erkidegoko gastuei buruzko tira-bira ugari saihestu.
2.3. Kalteak etxebizitza babestuetan eraikitze akatsengatik
Eraikuntzako gabezien inguruko kexei dagokienez, aurten herritarren zenbait kexa jaso ditugu Visesa elkarte publikoak sustatutako babes ofizialeko etxebizitzen jabeek adierazi baitigute beren etxebizitzetan agertutako akatsak konpontzeko denbora gehiegi igarotzen ari dela.
Aztertutako kexarik gehienak eraikuntzako akatsei buruzkoak dira, higiezinenen baterako elementuetan daude akats horiek (aurrealdean, teilatuan...) eta etxebizitzako gelaren baten ohiko erabileran eragina dute eta kasu larriren batean etxebizitza osoaren bizigarritasunean ere bai.
Kexa hauek ikertzeko izapideetan, ohikoa izan da Visesa sozietate publikoak onartzea salatutako akatsen berri baduela eta sozietate publikoak “inoiz ere ez duela alde batera utzi kexaren xedea, eta konpontzeko bidean direla”.
Erakunde honek badaki batzuetan zaila izan daitekeela eraikuntzako gabezia batzuen jatorria hautematea eta konpontzeko neurri eraginkorrak zein izan daitezkeen jakitea, hala nola, ura iragazten delako hezetasuna agertzea.
Dena dela, beste urte batez ere errepikatu beharra daukagu herri-administrazioek eraikuntza-akatsengatiko kexei diligentziaz erantzun beharra daukatela, erasandako babestutako etxebizitzek ahalik eta lasterren berreskuratu dezaten beren kalitatea eta bizigarritasuna eta kexak judizializatu ez daitezen, horrek guztiak eraikuntzako akatsak konpontzeko ekar dezakeen atzerapena saihestu ahal izateko.
2.4. Administrazioaren funtzionamendua eta prozedura administratiboa
Atal honetan ere berriro aipatu behar dugu berme formalik ez dagoela Etxebizitza Eskatzaileen Erregistroan alta emateko eta babestutako etxebizitza-eskarien baja ebazpenetarako.
Iazko urteko txostenean ohartarazi genuen Enplegu eta Gizarte Politika Saila eta esan genion erregistro horren kudeaketa hobetu beharra zuela, are gehiago, babestutako etxebizitza behar dutenen eskubideen aurkako ebazpenak jakinarazteko modua hobetu behar zela. Zoritxarrez, 2015ean erregistroko alta ukatzeak eta bajako ebazpenak iragarki-taulan argitaratuta egin dira, ondorioz, babestutako etxebizitza eskatu dutenen kexak jaso ditugu berriro ere, Etxebizitza Eskatzeko Erregistroan baja eman baitzaie jakinarazpen pertsonalik jaso gabe eta ondorioz, beren interesen aurkako ekintza horren aurka ezer egiteko aukerarik gabe geratu dira.
Txostenaren hasieran adierazi bezala, erregistro horretan bajak behar ez bezala izapidetu direnez, gomendio hauek eman ditugu:
• Arartekoaren Ebazpena, 2015eko apirilaren 13koa. Horren bidez, Enplegu eta Gizarte Politika Sailari gomendatzen zaio babestutako etxebizitza eskatzaile batek Etxebizitza Eskatzaileen Erregistroan izen emateko egindako eskaera artxibatu duen ebazpena berraztertzeko.
• Arartekoaren Ebazpena, 2015eko maiatzaren 19koa. Horren bidez, Enplegu eta Gizarte Politika Sailari gomendatu zaio berriz azter dezala Etxebizitza Eskatzaileen Erregistroan etxebizitza babestuaren eskatzaile baten inskripzioari baja emateko erabakia.
• Arartekoaren Ebazpena, 2015eko ekainaren 3koa. Horren bidez, Enplegu eta Gizarte Politika Sailari gomendatu zaio berriz azter dezala Etxebizitza Eskatzaileen Erregistroan etxebizitza babestuaren eskatzaile baten inskripzioari baja emateko erabakia.
Labur esanda, hiru ebazpenetan gomendatu genion Enplegu eta Gizarte Politika Sailari aurkako ebazpenak berriro aztertzeko eta kexagileen antzinatasuna erregistroan mantentzeko. Era berean, Etxebizitza Eskatzaileen Erregistroko ebazpenen tramitazioa eta jakinarazpena Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legera egokitzeko eskatu genion.
Sailak ez du hiru ebazpenetako bat ere onartu eta erantzun hau eman die hirurei:
“Ebazpena EZ da berrikusiko, hizpide dugun kasuan, espedientearen baja arlo horretan indarrean dagoen araudian aurreikusitako eran jakinarazi zelako.
Bestalde, jakinarazi nahi dizugu gaur aztertzen ari garela ea badagoen modu bideragarririk Etxebizitza Eskatzaileen Erregistroaren ebazpenak interesdunei zuzenean jakinarazteko.”
Etxebizitza Eskatzaileen Erregistroan baja ematearen ondorioak oso larriak dira babestutako etxebizitza eskatzen dutenentzat eta ondorio horiek behin eta berriro azaldu ditu Erakunde honek; hala ere, Sailak orain arte ez du inoiz onartu bajak berriro aztertzea eta ondorioz, kexagileek Etxebizitza Eskatzaileen Erregistroan pilatutako antzinatasuna berreskuratzea.
Azken urteetan jakin izan dugunez, erregistro horretan baja ematearen ondorioz kasu batzuetan Etxebizitzarako Prestazio Osagarria eten zaie eta diru-sarrerak bermatzeko errenta jasotzen dutenei bidegabe jasotako kopuruak itzultzeko prozedurak hasi zaizkie.
2015eko irailean jarri da indarrean Etxebizitzei buruzko ekainaren 18ko 3/2015 Legea; Lege honek 2016ko urtarrilaren 1etik aurrera aitortzen du eskubide subjektibo bat eta horren arabera alokairuko etxebizitza eskatzaile gisa Etxebizitza Eskatzaileen Erregistroan gutxienez lau urteko antzinatasuna dutenek etxebizitza duin eta egoki bat legez okupatzeko eskubidea dute.
Legezko araupetze berriarekin, erregistroko antzinatasuna oinarrizko baldintza da etxebizitza izateko eskubidea bermatzeko, eta hori dela eta administrazioaren jarduerak erabat errespetatu behar ditu prozedura guztien berme formalak, babestutako etxebizitza eskatzen dutenen eskariaren baja ekar badezakete.
Bestalde, Etxebizitzako Behatokiak berak “Etxebideko erregistroko bajen azterketari” buruzko txostenaren ondorioetan (2015eko urrian argitaratua) dio 2014an babestutako etxebizitza eskatzen zuten 48.061 laguni eman zitzaiela baja eta adierazten du txostenean aztertutako datuen arabera, komunikazioa eta informazioa indartu behar direla Etxebizitza Eskatzaileen Erregistroaren eta babestutako etxebizitza eskatzen dutenen artean eta gaineratzen du atzerritarrak direla, batez ere, “ezagutza mailarik txikienak dituen taldea”.
Ondorioz, gaur egun Etxebizitza Eskatzaileen Erregistroan izena ematea, etxebizitza duin eta egokia izateko eskubidea eta pertsona eta familiarik zaurgarrienentzako oinarrizko gizarte prestazioak izateko eskubidea lotuta daudenez, abenduaren amaieran Enplegu eta Gizarte Politika Saileko ordezkariekin izandako bileran berriro eskatu diegu 2016ko urtarrilaren 1etik aurrera Erregistro horretan izena ematea ukatzea eta bajak 30/1992 Legearen arabera egiteko.
Atal hau amaitzeko, esan beharra dago Enplegu eta Gizarte Politika Sailak ez duela beste ebazpen hau ere onartu: Arartekoaren Ebazpena, 2014ko azaroaren 10ekoa, horren bidez, babesturiko etxebizitzen erosleen eskubideak bermatzeko beharrezko neurriak hartzea gomendatzen zaio Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailari, bankuen finantzaziorik ez emateagatik esleituriko etxebizitza eskuratzeari nahitaez uko egin behar dioten pertsonei dagozkienak. Horren edukia zehatz-mehatz aztertu dugu 2014ko urteko txostenaren atal honetan.
3. Araudi- eta gizarte-testuingurua
Zalantzarik gabe Etxebizitzari buruzko ekainaren 18ko 3/2015 Legea argitaratu eta indarrean sartzea arauzko berrikuntza nabarmena da, -Lege horrek Konstituzioaren 47. artikuluan ezarritakoa garatzen du, etxebizitza duina eta egokia izateko eskubidea egia bihurtzeko botere publikoek arauak ezarri ditzaten-; Lege horrek legezko marko bat ezartzen du eta euskal herri-administrazioek bete beharra daukate EAEko edozein udalerritan administrazio-egoitza duen orori aitortzen zaion oinarrizko eskubide hau.
Herritarrek eta gizartetik kanpo geratzeko arriskua dutenen eskubideen alde lanean aritzen diren elkarteek eskatua, Lege hau Eusko Legebiltzarrak onartu du etxebizitzaren eskumena erabiliaz eta bizitzeko kondizioak hobekuntza ekar dezaken politika bultzatzeko eta hiritarren oinarrizko eskubide eta betebeharren erabilpen egokia zaindu eta bermatzeko euskal botere publikoek duten betebeharra beteaz (Euskal Herriko Autonomi Estatutua, 9.2 artikulua).
Etxebizitzari buruzko Legea, europar mailako beste arau batzuen parekoa da eta aurrez ez dago horrelakorik estatuan; etxebizitza edo bizitoki bat legez izateko eskubide subjektiboa onartzen du, eta administrazioak behar bezala erantzuten ez badu administrazioarekiko auzien jurisdikzioan eskatzeko eskubidea ere bai.
Gaur egun babestutako etxebizitza parkeak dituen mugak ezagunak dira eta horren ondorioz Etxebizitzaren Legeak aurreikusten du eskubide subjektibo hau betetzeko etxebizitza bat alokairuan ematea ezinezkoa denean, prestazio ekonomiko bat eman beharko dela merkatu pribatuko etxebizitza bat erabili ahal izateko.
Eskubide subjektiboak arauzko garapena behar du. Dena dela, Legearen laugarren xedapen iragankorrean aurreikuspen bat ezarri da, eskumendun herri-administrazioek eskubide hau pixkanaka bete dezaten 2016ko urtarrilaren 1etik aurrera. Lehenengo urte honetan hiru kide edo gehiagoko bizikidetza-unitateei aitortuko zaie, urtean 15.000 euro baino diru-sarrera txikiagoak izan eta Etxebizitza Eskatzaileen Erregistroan gutxienez lau urteko antzinatasuna badute alokairu erregimenean.
Etxebizitza beharra eta, ondorioz, herri-administrazioek eman beharreko erantzuna aitortzen zaie gizarte-larrialdi egoeran dauden pertsonei eta familiei, etxetik bota behar badituzte hipoteka-exekuzioan edo alokairua ordaindu ez dutelako, etxebizitzaren erabileraren aldi baterako desjabetze prozedura ezarriaz, eta hori ezartzeko legezko garapena behar da.
Etxebizitza duina eta egokia izateko eskubide subjektiboa aitortu eta pixkanaka ezartzearekin batera, Etxebizitzaren Legeak EAEko Lurzoru Ondare Publikoa sortu du eta dagokien gizarte funtzioa betetzen ez duten etxebizitzetan esku hartzeko tresna publiko zenbait arautu ditu. Era berean, babes publikoko etxebizitzen eta zuzkidura-bizitokien erregimen juridikoa ezarri du, baita horiek ikuskatzeko eta zehatzeko erregimena ere, eta euskal herri-administrazioak behartu ditu beren baliabide publikoen %80 alokairuko etxebizitzak sustatzeko erabiltzera, talderik ahulenei eskaini ahal izateko.
Lege honen garapen orokorra Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politika Sailari dagokio, eta bertako ordezkariek erakunde honi jakinarazi diotenez, legea aldarrikatu zenetik ahal den guztia egiten ari dira egoki ezarri dadin eta zentzu honetan, 2016ko lehenengo seihilekoan lehenengo araudiak argitaratzea aurreikusten da.
4. Jarduera-planaren esparruko bestelako esku-hartzeak
Urtero egiten dira Herriaren Defendatzaileen Koordinaziorako Jardunaldiak herritarren eskubideei buruzko berariazko gaiak aztertu eta ondorioak ateratzeko eta 2015ekoak etxebizitza publikoaren egoerari buruzkoak izan dira.
Urtean zehar egindako bi tailerretan, herriaren defendatzaileen ordezkariek diagnostiko bat egin dugu gure eskumeneko alor bakoitzeko etxebizitza eskubideari buruz, behar nagusienei buruz eta babestutako etxebizitzen alorrean hautemandako arazoei buruz; baita etxebizitza duina eta egokia izateko herri-administrazioek dituzten tresnei buruz ere.
Tailerretan egindako lana amaitzeko adierazpen bat egin da, “Herriaren defendatzaileen adierazpena, Espainiako etxebizitza publikoari buruz”, eta estatua eta autonomia-erkidegoak hertsatzen dira etxebizitza duina eta egokia izateko eskubidea bermatzeko behar adina lege susta ditzaten eta bakoitzaren aurrekontuen bidez eskumendun administrazioei baliabideak eman diezazkieten behar duten pertsonen alde eskubide hori gauzatzeko.
Era berean, adierazpen horretan alokairuko etxebizitza publikoen parkea hazteko eskatzen zaie herri-administrazioei eta etxebizitzen ehuneko bat gorde dadila talderik zaurgarrienentzat eta etxebizitza behar berezia dutenentzat.
Adierazpen horretan aipatzen da beren ohiko etxebizitza galdu duten familiak Etxebizitzaren Gizarte Funtsean dauden etxebizitzetan sartu ahal izateko baldintzak malgutu daitezela eta aukera duten kasuak zabaldu daitezela.
Bestalde, etxebizitza arloko plana garatuaz, aurten ofiziozko hiru jarduera hasi ditugu eta Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Foru Aldundiei eskatu diegu beren batzar orokorretan sustatu ote dezaketen ondasun higiezinen gaineko zerga aldatzea, udal etxebizitzaren bat alokatuta dutenek zerga hori ordaindu beharrik izan ez dezaten, 2014. urtetik Alokabide elkarte publikoak kudeatutako etxebizitza babestuetan edo asimilatuetan bizi direnekin gertatzen den bezala.
Txosten hau itxi aurretik jakinarazpen bat jaso dugu, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ogasun eta Finantza Departamentuarena, eta adierazi zaigu erakunde honek proposatutako aldaketa tratatu duela Euskadiko Zerga Koordinaziorako Organoak eta ezer adostu aurretik Eudel Euskadiko Udalen Elkartearen iritzia jakin nahi duela.
Ondorioz, ofiziozko hiru espediente horiei buruzko ebazpenak datozen ekitaldian emango dira.
5. Herritarren eskubideen egoeraren balorazioa
Etxebizitzari buruzko ekainaren 18ko 3/2015 Legea argitaratu ondoren, legezko maila dute etxebizitza duin eta egokia izateko eskubide subjektiboak eta etxebizitzei dagokien gizarte funtzioa beteko dela bermatzeko administrazioek esku hartzeko dituzten tresna batzuek; ondorioz, EAEn etxebizitza duina eta egokia izateko oinarrizko eskubidea egiaz betetzearen aldeko apustua egin da.
Legezko oinarria ezarri denez, euskal herri-administrazioei dagokie orain, beren eskumenen alorrean, legebiltzarraren agindu hau garatzea arauzko eta aurrekontu arloko neurri zehatzak hartuaz. Horretarako ahalegin handia egin beharko da, beste gizarte eskubide batzuk asetzeko egiten den bezala, hala nola hezkuntzarako edo osasunerako eskubidea; gaur egun badakigu eskubide horiek oinarrizkoak direla baliabide ekonomiko gutxiagoko pertsonen eta familien bizi-baldintzak hobetzeko eta gizarte kohesiorako ere bai.
Aldi berean, Etxebizitzari buruzko ekainaren 18ko 3/2015 Legeak printzipio arautzaileen zerrenda bat du eta horiek izan behar dira euskal herri-administrazioen etxebizitza arloko jardueren gidari. Printzipio hauek nabarmentzen dira: babestutako etxebizitza edo bizitoki bat izateko eskubidea erabiltzerakoan diskriminazio oro desagerraraztea, talde ahulen aldeko ekintza positiboko neurriak ezarriaz eta jokabide diskriminatzaileak sustatuaz; eta etxebizitza horien birgaitze- edo eraberritze-jarduketak bizigarritasun-, funtzionaltasun- eta segurtasun-baldintzak hobetzera bideratzea, arreta berezia jarrita irisgarritasunean.
EAEn aspalditik garatzen dira etxebizitza arloko politika publikoak, eta legezko marko berri honen ondorioz, politika horiek egokitu egin beharko dira, alokairuko babes publikoko etxebizitza parkea behar bezala hazi ahal izateko.
Gaur egun Etxebizitza Eskatzaileen Erregistroan izena ematea eta etxebizitza duin eta egoki batean legez bizitzeko eskubide subjektiboa aitortzea lotuta daude eta 2016ko urtarrilaren 1az geroztik izen-emateak ukatzeko eta erregistroko eskarien bajak egiteko, beharrezko berme formalak bete beharko dira.
Etxebizitza eta gizarte-laguntza arloan eskumenak dituzten herri-administrazioen arteko koordinazioa bermea da pertsonarik eta talderik ahulenak babesteko eta ezinbesteko tresna bizitokirik gabe inor gera ez dadin.
1 Etorkinei eragiten dieten kexen arrazoiak txosten honetako 3. Kapituluko etorkinak eta kultura aniztasuna atalean aztertuko dira.
2 Epaitu aurreko arazo horien kasuan, Europar Batasuneko Justizia Auzitegiaren iritzia eskatu zen. Zehazki, galdetu zen hipoteka betearazeko prozedura bat ezagutzen duen Espainiako epaile batek ordaindu beharreko zenbatekoak berriro ere kalkulatzeko agindu behar ote duen. Hipoteka-maileguari buruzko kontratuko klausula batek berandutza-interesak ezartzen ditu, diruari dagokion legezko interesa baino hiru aldiz handiagoa den tasaren arabera kalkulatuta, gehieneko muga errespetatzen duen berandutza-interesaren tasa bat aplikatuz.
3 Xedapen iragankor horren ondorioz, kontsumitzaileak –hipoteka betearazteko prozesua 1/2013 Legea indarrean sartu baino lehen hasi eta oraindik bukatu gabe baldin badago–, Legea argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita hilabeteko epe preklusiboan, nahitaez betearaztearen aurka erreklamazioa aurkeztu behar dute, eta zehazki, kontratuan agertzen diren klausulen ustezko gehiegikeria salatu behar dute.
4 Kexa hauei buruzko informazio osoagoa kontsultatu daiteke kapitulu honetako Ogasunaren atalean.
5 Lege hau pixkanaka jarriko da indarrean, oro har, argitaratzen denetik urtebetera jarriko da eta erregistro elektronikoaren, ahalduntzeen erregistro elektroniko eta sarbide orokor elektronikoen, eta beste aurreikuspen batzuen kasuan, bi urte igaroko dira.