14. INFORMATZEKO ETA EZAGUTZEKO TEKNOLOGIAK ETA DATUAK BABESTEA
1. Arloa kopurutan
Datuen babesaren gaian, berariazko erakunde bat dago –Datuak Babesteko Euskal Bulegoa– euskal administrazioek datuen babesaren araudia bete dezaten, eta horrek eragin egiten du gai honi buruzko kexa gehienak erakunde hari aurkeztea.
Informazioaren eta ezagutzaren teknologiei buruzko eskubideak erabiltzeari dagokionez, administrazio elektronikoarekiko dituzten eskubideak gero eta hobeto ezagutzen dituzte herritarrek, baita eskubide horiek erabiltzeko zer organotara jo behar duten ere; horren guztiaren ondorioz, joan den urtean Arartekoari aurkeztutako kexak gehitu egin ziren, arlo guztietan gehitu ere, baina batez ere, administrazio elektronikoan sartzeko eskubideei buruzkoak eta, zehatzago esanda, multikanalitaterako eskubideari buruzkoak.
Dena dela, oraindik ere alde handia dago bitarteko teknologikoen erabileraren eta horien inguruko eskubideak erreklamatzearen artean, beraz, ezinbestekoa da herritarrek administrazioarekin izan beharreko harremanetan IKTak erabiltzea sustatzeko ekimenak hastea; baita eremu jakin honetan dituzten eskubideen berri emateko eta eskubide horien kontzientzia izateko ekimenak hastea ere.
Ekimen horiek justifikatzen dituen datu enpiriko gisa, EUSTATek 2015ean Euskadiko familiei egindako Informazioaren Gizarteari buruzko azken Inkestan, Euskadin 1.321.400 dira Internet erabiltzen duten 15 urte eta gehiagoko pertsonak, hots, biztanleria osoaren %71,7. Beraz, kopurua %3,8 hazi da aurreko urtearen aldean.
Lurralde historikoen artean, Araba da buru Internet darabilten biztanleen ehunekoari dagokionez: %73,6 hain zuzen. Ondoren Gipuzkoa eta Bizkaia daude, biztanleen %71,9 eta %71,1ekin, hurrenez hurren.
Etxeetako IKT ekipamenduari dagokionez, euskal familien %70,6k ordenagailu pertsonala daukate, %70,2k Interneterako konexioa daukate eta %93,4k telefono mugikorra dutela diote.
Adinari dagokionez, 15 eta 24 urte arteko euskal gazte ia guztiek (%99,1) darabilte Internet, eta IKTez gehien jabetu den adin-tartea dela erakutsi dute. Nabarmena da erabiltzaileak gehitu direla 55 eta 64 urte bitarteko adin-tartean (%9,2) eta, horren atzetik, 65 urte edo gehiagokoen artean (%4,5).
Belaunaldi-arraila delakoa, 2014. urtean ehuneko 7,6 puntutan zegoen, aldiz, 2015eko lehenengo urtean 8,3 punturaino hazi da. Horrela, 15 urte eta gehiagoko biztanleriari dagokionez, internet erabiltzen duten gizonezkoak gizonezko guztien %76 dira, aldiz, emakumezko erabiltzaileak emakume guztien %67,7 dira. Urte honetan internet erabiltzen duten guztietatik %51,2 gizonezkoak dira eta %48,8 emakumeak.
Jarduerari dagokionez, ikasleen %98,7k erabiltzen du internet, aldiz, lana egiten duen biztanleriaren artean %91 8 da internet erabiltzailea eta lanik egiten ez dutenen eta langabezian daudenen artean %42,5ek erabiltzen dute. 2014ko datuekin alderatuz gero, hazkunderik handiena azkeneko taldean egon da, hain zuzen ere ehuneko 3,6 puntukoa.
Oraindik ere etxea da euskal biztanleriak aukeratzen duen toki nagusia Internetera konektatzeko (%96,3).
2. Kexarik aipagarrienak
2.1. Eustaten ingurumen-familia inkesta.
Pertsona batek Arartekoaren esku-hartzea eskatu zuen bere ustez Eustatek sekretu estatistikoa eta datu-pertsonalen babeserako araudia urratu baitzituen; ingurumena-familia inkesta egiteko eskatu ziotenez hasi zen egiten eta jada beteta agertzen zenez, berriro saiatu zen egiten eta nahi gabe beste baten datu pertsonalak ikusi zituen.
Egiaztatu ahal izan zenez, kexaren ondoren Eustatek egondako anomalia guztien diagnostiko zuzena egin zuen eta antolakuntza neurriak, teknikoak eta operatiboak hartu zituen arrisku-egoera hauek saihesteko; ondorioz, espedientea itxi egin zen, salatutako arazoa konpondu baitzen, baina Eustati gogorarazi zitzaion behar bezala zaindu behar zela inkesten aplikazioa ongi al dabilen, sekretu estatistikoa gorde eta bermatzeko.
2.2. Beste arlo batzuek kudeatutako kexei eta kontsultei dagokienez, IKTekin eta datuen babesarekin zerikusia duten gaiak planteatu dira, eta hemen laburtu ditugu interesatuko zaizkizulakoan:
Gipuzkoako udalak
Eibarko herritar batzuek aurkeztutako kexen arabera, zailtasunak zituzten OHZren ordainagirietan sartzeko, banku helbideratze bidez ordaindu ondoren. Kexa tramitatzerakoan balioan jarri ahal izan da Gipuzkoako udalerrien, Diru-bilketa batzordearen, IZFE eta banku lankideen praktika, erasandako herritarrei informazio zehatza emateko; eta administrazioari gogorarazi zaio multikanalitaterako eskubidea izan behar dela herri-administrazioaren jardueraren buru, administrazio elektroniko inklusiboari lehentasuna eman behar zaio eta harremanetarako bide gehiago erabiltzea sustatu behar du, jada daudenak kanpoan utzi gabe 4.
Jasotako kexa erakunde horretako egoitza elektronikoan sartzeko pasahitza iraungitzeari buruzkoa zen. Ikusi ahal izan denez, Aldundiak onartutako araudia eta pertsona fisiko erabiltzaile askok dituzten zailtasunen errealitatea ez dira uztartzen, sinadura elektroniko bidez egoitza elektronikoan sartu eta identifikatzeko. Hori dela eta, gogorarazi genuen Aldundiak bere egoitza elektronikoan sartzea arautzeko ahala duen arren, bermatu egin behar dizkietela herri-administraziorako sarbide elektronikoa ez duten herritarrei sartzen jarraitzeko bitarteko egokiak, bitarteko elektronikoen bidez zerbitzu publikoetara sartzea erabakitzen dutenei bezala; bitarteko edo bide ez telematiko horiek gaitzeko neurri batzuk ere iradoki genituen.
Herritar batek bere desadostasunaren berri eman zigun, Gipuzkoako Foru Ogasuneko dependentzia administratiboetara sartzeko kontrolean bere NAN eskaneatu baitzuten. Administrazioak igorritako informazioa aztertu ondoren, Arartekoan uste dugu ez dela neurriz kanpokoa NANeko datuak eskuz edo automatizatuta jasotzea, are gehiago zerga-agiriak zaintzen diren espazio fisiko bat denean eta definizioz, informazio hori kontuzkoa denean. Gainera, egiaztatu zenez erabiltzaileei informazio egokia ematen zaie, eraikinaren sarreran bertan adierazten da datu horiek biltzearen xedea, zein fitxategitan sartuko diren eta sartu, zuzendu, ezeztatu eta aurka egiteko eskubideak erabiltzeko aukera dagoela ere bai.
Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politika Saila. Lanbide
DSBE berritzea ukatzen zuen ebazpen bat zela eta kexagile batek jarritako kexa izapidetzen ari ginela, berrikuntza horiek kudeatzeko Lanbideren tresna informatikoan muga garrantzitsuak zeudela ikusi zen; are gehiago, zailtasun horien ondorioz (aplikatiboak ez du berritzen uzten, DSBEren espediente bat etenda dagoenean) eskubide bat aitortzeko zailtasunak daude eta hori herritarrek zerbitzu publikoetara duten sarbide elektronikoaren Legeko zioen Azalpenaren aurka egoteaz gain, Legeak DSBEri emandako eskubide subjektibo izaeraren aurka ere badago.
Vitoria-Gasteiz eta Bermeoko Udalak
Bi kexa-espedienteetan Udal horiek artatu eta erantzun ez zituzten informazioa eta agiriak eskatzen dira. Arartekoaren ebazpenetan azpimarratzen da informazioa eskuratzeko eskariak izapidetu eta ebatzi beharra dagoela, prozedura administratiboko arauen arabera eta gardentasunaren, informazio publikoa eskura izatearen eta gobernu onaren Legeko aurreikuspenen arabera; teknologia berriak eta herritarren zerbitzu publikoetako sarbide elektronikoaren Legearen ondoriozko betebeharrak oso lagungarriak dira ahalegin txikiagoarekin bitarteko hauen bidez eskatutako agiriak bidaltzeko.
Arartekoak bat egiteko eta esku hartzeko eskariak webguneen edo Arartekoaren kontuen bidez
Iaz behin baino gehiagotan eskatu da Arartekoaren esku hartzea eskariekin bat egiteko plataformen webguneen bidez, esaterako, change.org edo tuderechoasaber.es bidez. Horiek lankidetzarako eta errebindikatzeko duten interesari kalterik egin gabe eta Arartekoan horietako kezkak edo gizarte-mugimenduak jaso ondoren, gure lana inspiratzen duen gizarte-errealitatearen informazioan sartzeko, ezin izan diegu kexa tramitea hasi, ezinbestekoa baita kexa aurkezten duenaren eta Ararteko erakundearen artean komunikatzeko bide pribatu bat izatea eta kasu hauetan baldintza hori betetzen ez zenez, gure erakundearekin harremanetan jartzeko informazioa eman diegu.
Gauza bera gertatu da gure Facebookeko orriaren edo Twitterreko profilaren bidez Arartekoarekin harremanetan jartzen saiatu direnetan ere.
3. Araudi- eta gizarte-testuingurua
2015ean egon den arau-jarduera datuak babesteko eta IKTak sustatzeko izan da, bereziki:
• Europa mailan
Aurtengo berrikuntza nagusia izan da Datuen Babeserako Araudi Orokorra egiten oso aurreratu dela, Batzordeko lege multzoaren elementu nagusia baita. Pertsonen eskubideak ezarri dira bertan eta datuen tratamenduen arduradunen betebeharrak ezarri dira. Araudian ezarritakoa betetzeko metodoak ere ezarri dira eta arauak betetzen ez dituenarentzako zehapenen irismena ere bai.
EBko Kontseiluak berariaz adierazten duen legez, datuen babesari buruzko lege uniformea eta eguneratua izatea funtsezkoa da pertsonei beren datu pertsonalak babestuta izateko oinarrizko eskubidea bermatzeko, eta horrela ekonomia digitala garatu dadin eta delinkuentziaren eta terrorismoaren aurkako borroka indartu dadin. Datuen babesaren erreforma lege multzo bat da eta 2012an proposatu zuen Europako Batzordeak, 1995eko datuen babesari buruzko Zuzentarauko printzipioak eguneratu eta modernizatzeko. Baina Lisboako Ituna hartu zenetik, datu pertsonalen babesa EBko legediaren oinarrizko eskubidea da eta, ondorioz, Batasunak orain berariazko oinarri juridikoa du datu horiek babesteko ekintza legegileak egiteko.
Araudiaren zirriborroa 2015eko abenduaren 18an berretsi du Ordezkari Iraunkorren Batzordeak eta seguru asko 2016ko udaberrian jarriko da indarrean.
Gainera, Datuen Babeserako europar Agintariek baterako aitorpena argitaratu dute Portu Seguruari buruzko EBJAren epaia ezartzeari buruz eta berriro diote erantzukizunak partekatu egin behar direla datuen babeserako agintarien, EBko erakundeen, estatu kideen eta enpresen artean, Auzitegiaren epaia ezartzeko irtenbide jasangarriak aurkitzeko. Bereziki, eta epaiaren testuinguruan, enpresek hausnartu egin behar lukete datuak transferitzearen balizko arriskuez eta kontuan izan beharko lukete beharbada egokia litzatekeela irtenbide legal eta tekniko guztiak ezartzea, arrisku horiek txikitzeko eta datuen babeserako erkidegoaren ohitura errespetatzeko.
• Estatu mailan
Iazko urtean informazio-sistemen eta herri-administrazioen baterako komunikazio- eta azpiegitura-sareen segurtasunarekin zerikusia duten arau ugari eguneratu dira. Horrek guztiak lotura zuzena du honekin: herritarrak ziur daude bide elektronikoak erabiliaz eskuratzen dituzten zerbitzu publikoak Administrazioaren bulegoetara joanda izaten dituzten segurtasun baldintza berdinekikoak direla. Horrela, hauek onartu dira azkenaldian:
- 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzkoa; Lege honek beste maila bateko berrikuntza garrantzitsuak ekartzeaz gain, aurreikusten du herri-administrazioak elkarrekin eta beren organoekin, erakunde publikoekin eta mendeko edo lotutako erakundeekin erlazionatuko direla, bakoitzaren irtenbideen eta sistemen elkarreragiletasuna eta segurtasuna bermatuko duten bitarteko elektronikoen bidez, datu pertsonalen babesa bermatuko dutela eta interesatuei baterako prestazioa eskaintzeak lehentasuna izango duela. Segurtasun Eskema Nazionala ere bere barnean hartzen du.
- Bestalde, 39/2015 Legeak, urriaren 1ekoak 5, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearenak, bere 13. artikuluan –pertsonek herri-administrazioekiko harremanetan dituzten eskubideei buruzkoan- jaso du datu pertsonalak babestea eta bereziki herri-administrazioetako fitxategi, sistema eta aplikazioetan dauden datuen segurtasuna eta isilpekotasuna . Era berean, pertsona juridikoek eta profesionalek bitarteko elektronikoak erabiltzeko betebeharra dute (14.2 art.), administrazioko espedienteen formatu elektronikoa azpimarratzen da (70. art.) eta aurreikuspen desberdinak ezarri dira Erregistro elektroniko orokorreko erregistroei buruz (16. art.), bitarteko elektronikoen bidez identifikatzeari buruz (9. art.), sinadura elektronikoari buruz (10. art.) eta ahalduntzeko erregistro elektronikoei buruz (6. art.).
- Informazioaren teknologien eboluzio azkarraren ondorioz, adierazitako berrikuntzen ondorioz eta Segurtasunaren Eskema Nazionala etengabe eguneratuta egoteko beharraren ondorioz, administrazio elektronikoaren alorreko Segurtasun Eskema Nazional berri bat onartu da urriaren 23ko 951/2015 Errege Dekretuaren bidez, ED honek 3/2010 Errege Dekretua aldatu du eta erasandako sistemen segurtasuneko aldagai nagusienen egoera erregularki ezagutzeko behar diren prozedurak artikulatu ahal izango dira.
Jurisprudentziaren ikuspegitik berrikuntzak etorri dira Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak 2014ko maiatzaren 13an agindutako epaia ezartzearen ondorioz: “interneten ahazteko eskubidea” babesten duen epaia.
Auzitegi Goreneko arlo zibileko salaren osoko bilkurak joan den urrian “ahanztura digitalerako eskubideari” buruz emandako epaiak ondorioztatzen du “datu pertsonalak babesteko eskubideak justifikatzen duela erasandakoek hala eskatuz gero hemeroteka digitaletako arduradunek neurri teknologikoak hartzea, hala nola, robots.txt kodeak erabiltzea edo noindex jarraibideak erabiltzea, webguneko hemeroteka digitaleko zaharkitutako informazioa eta informazio kaltegarria indexatu ez dezaten interneteko bilatzaileek”.
Baina Salak atzera bota du hemerotekan jasotako informaziotik izen-abizenak kentzea, edo informazio horretan dauden datu-pertsonalak hemerotekako barne-bilaketa motorrek ez aurkitzea, neurri hauek “hemeroteka digitalak egoteari lotutako informazio-askatasuna gehiegi murrizten dutelako”.
Bestalde, Auzitegi Nazionalak iazko urtarrilean argitaratutako epai batean Datuen Babeserako Espainiar Agentziaren ebazpen bat interpretatu zuen; ebazpen horretan ezarri zen aurka egiteko eskubidea erabiltzen duenak probatu dezakeen arren bilaketa egiteko abiapuntua bere pertsona fisikoaren izena izan dela, bilatzailearen bidez lortutako emaitzak edo estekak eta esteka horien bidez sartu eta erasaten dion informazioaren edukia kendu egin behar dela; ondorioz, Google Spainek bere izen berezia oinarri hartuta lortutako emaitzen zerrendatik kendu egin beharko lituzke bere datu pertsonalak dituzten webguneetarako estekak.
• Autonomia eremuan, 2015ean Eusko Jaurlaritzaren hiru ekimen gauzatu dira zein, Arartekoaren aburuz, interes handikoak dira ekintza arlo honetarako:
- Eusko Jaurlaritzaren Kontseiluak, urriaren 17ko bileran, euskal sektore publikoaren Gardentasun, Herritarren Partaidetza eta Gobernu Onerako Legearen proiektu berri bat onartu zuen, eta proiektu hori joan den azaroaren 11n sartu zen Eusko Legebiltzarrean. Horren bitartez, zera lortu nahi da: herritarrek gardentasunerako duten eskubidea bultzatzea eta administrazioak herritarren parte-hartze aktiboa ahalbidetu eta errazteko duen betebeharra bultzatzea, herritarrei dagozkien erabaki publikoak hartzeko prozesuan. Proiektu horren oinarrietako bat administrazio elektronikoa eta herritarren arreta dira; hala, egiaztatu egiten da zuzentzen dituzten printzipioak bat datozela herritarren zerbitzu publikoetarako sarbide elektronikoari buruzko ekainaren 22ko 11/2007 Legekoekin eta lotura dutela herritarrek herri-administrazioarekin bide elektronikoz erlazionatzeko dituzten eskubideen dekalogokoekin; haien artean daude berdintasuna, proportzionaltasuna, lankidetza eta batez ere, sarbide unibertsala eta guztientzako diseinua bermatzekoa (Arartekoak funtsezkoa deritzo ikuspegi horri). Horretarako, kanal anitzeko sistema bat aurreikusten da, osagai teknologikoak, antolakuntzakoak, informaziokoak eta pertsonalak bilduz, aurrez aurreko kanalen, telefonozkoen edo telematikoen bidezko komunikazioa Interneten oinarritutako bideen erabileraren bidez erraztea helburu izanik.Horren gainean, gogorarazi behar da 2015eko abenduaren 11n erabat indarrean jarri zela autonomia erkidegoetako administrazio eta erakundeentzat eta tokiko erakundeentzat abenduaren 9ko 19/2013 oinarrizko Legea, gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzkoa.
• “Demokraziaren eta parte hartzearen liburu zuria” duela urtebete amaitu zen, bere sustatzaileen esanetan gizartea eta administrazioak tartean sartzeko, sustatzeko eta mugitzeko erreferentziazko markoa da eta horko konpromisoak inplementatzen egondako aurrerapenak 2015ean garatutako ekimenetan gauzatu dira, bereziki hauek nabarmendu dira:
- Gida praktiko bat egin, herritarren parte hartzeko prozesuak diseinatzeko eta abian jartzeko;
- Eusko Jaurlaritzako sailek hedatu beharreko parte hartzeko esperientzia berritzaileak sustatu, parte hartze prozesuetako aholkularitzaren eta ebaluazioaren bidez; eta
- Gizarte zibilak sustatu eta balio publikoa sortzeko esperientzia berritzaileak bultzatu.
• Eusko Jaurlaritzak eta 3 Foru Aldundiek lankidetza hitzarmen bat egin dute datuak online trukatzeko eta elkarri zerbitzuak, informazioa, administrazioa eta kudeaketa elektronikoa eskaintzeko. Lau euskal herri-administrazio hauen arteko elkarrekin aritzeko sistema honi esker –datuak eta zerbitzuak online trukatzea-, herritarrei ez zaie eskatu beharko administrazio hauen esku dagoen agiririk eta daturik, eta paperean aurkeztu beharreko ziurtagirien edo bestelako agirien ordez, datuak elektronikoki igorri ahal izango dira elkartrukatutako informazio horren egiazkotasun, osotasun, isilpekotasun, eskuragarritasun eta kontserbazio baldintzak ziurtatuaz.
Hitzarmen honi esker, Eusko Jaurlaritzak eta Foru Aldundiek Herritarrek Zerbitzu Publikoetan Sarbide Elektronikoa izateari buruzko 11/2007 Legea betetzen aurrera egin dute; Lege honek herri-administrazio guztiak behartu ditu beraiekin harreman elektronikoa izateko aukera eskaintzera eta informazioa elkartrukatzera, herritarrek izapide administratiboak errazago egin ditzaten.
• Foru eremuan, esan beharra dago oso aurreratuta dagoela Bizkaiko Foru Aldundiaren gardentasunari buruzko Foru Arauaren proiektua, Gipuzkoako Foru Aldundiaren gardentasunari eta informazio publikoa eskuratzeari buruzko otsailaren 6ko 4/2014 Foru Arau.
Gizarte testuinguruan adierazi beharra daukagu herritarrek beren datuak interneten ibiltzeari buruz gero eta kezka handiagoa dutela, eta Arartekoaren ekintzetan aipatu izan da.
2015ean argitaratu da Eusko Jaurlaritzako Lehendakaritzako Prospekzio Soziologikoen Kabineteak egindako landa-lan interesgarri bat; Datuak Babesteko Euskal Bulegoarekin elkarlanean egin da eta ondorioetako batzuk nabarmendu nahi ditugu:
- Datu pertsonalak babesteari buruzko kezka apur bat hazi egin da azken urteetan. 2008an %37 oso edo nahiko kezkatuta zegoen, gaur egun %41 da.
- Biztanleriaren %57k segurtasuna pribatutasunaren aurretik daukate eta %27k alderantziz. Baina segurtasunari garrantzi handiagoa ematen diotenen ehunekoa apur bat jaitsi egin da.
- Gehiengoaren ustez (%88), herritar anonimoek ahazte eskubidea izan behar lukete, hau da, interneten beraiei buruz dagoen informazioa kentzeko eskubidea izan behar lukete. Aldiz, %47k baino ez dute hori bera uste kargu publikoak dituztenei buruz.
Ildo horretan bertan adierazi nahi ditugu datuen babesari buruz 2015eko Eurobarometroak emandako datu nagusiak:
- Europarren %57ren iritziz, informazio pertsonala zabaltzea gai garrantzitsua da,
- %70 kezkatu egiten dira enpresek informazio hori jaso den xederako erabili ordez beste batzuetarako erabiltzeaz,
- Soilik %15k uste dute linean ematen duen informazio osoa kontrolatzen duela,
- Europarren %90en ustez garrantzitsua da EBko herrialde guztietan eskubide eta babes berdina izatea.
Datu pertsonalak babesteko beharrari buruzko kontzientzia maila hau, erabiltzaile guztiak ezarri beharreko neurrien hazkundearekin batera joan behar da; adituen iritziz, pixkanaka hala ari da gertatzen, eta gero eta ordenagailu gutxiago kutsatzen da. Dena dela, Arartekoaren erakundeak gai honi buruz zerbait adierazi behar izan duenean, ekipoak eta sistemak babesteko neurri teknikoak hartzearen beharra azpimarratu izan da beti, baina batez ere zentzua erabiltzeko esan dugu arraroak edo arriskutsuak izan daitezkeen mezu elektronikoei edo praktikei aterik ez irekitzeko.
Zerbitzu elektronikoen gaian, eta Sofistikazio Elektronikoaren 2014ko Indizearen arabera, Eusko Jaurlaritzako Herri Administrazio eta Justizia Sailak kudeatutako estatistika, bost izapidetatik bi erabat internetez egin daitezke, beste bi bosten ingurutan (%38,4) inprimaki zehatzak deskargatu daitezke edo bete eta elektronikoki bidali. Gainerako %21,8k informazioa besterik ez dute eskaintzen.
EAE osorik hartuz gero, administrazio elektronikoaren sofistikazio indizea igo egin da 2013tik 2014ra eta bere administrazio-kudeaketen %39,4 erabat online eskaintzen ditu.
Bereziki esanguratsuan da IKTek euskal hezkuntza-sisteman duten presentzia, adibidez (Espainiako hezkuntzako administrazio elektronikoari eta IKTei buruzko adierazleen txosteneko datuen arabera, 2015eko ekaina) EAEko ikastetxe publikoetako %100ean, Lehen eta Bigarren Hezkuntzakoak eta Lanbide Heziketakoak barne, banda zabaleko konexioa dago, estatuko batez bestekoa %92’8 denean, ordenagailu bat du 1,7 ikasleko eta Estatuan zifra hori 3,1 ikasleko da.
4. Jarduera-planaren esparruko bestelako esku-hartzeak
Arartekoan 2010ean sortu zen IKT eta datuen babesaren lan eremu honen helburuen artean, herritarrek datuen babesari eta administrazio elektronikotik eratorritako eskubideei dagokienez herritarrek dauzkaten eskubideei balioa ematea, eta haien zabalkundean eginkizun proaktiboa egitea daude, sinetsita baikaude eskubide horien erabilerak eta haiek babesteak berrikuntza ahalmen handiagoa duten herritarrak sustatzen laguntzen dutela.
Horrexegatik, 2015ean helburu horri lotutako zenbait jarduketa planifikatu eta burutu dira.
4.1. Bilerak
2015ean hainbat bilera egin dira Ararteko mapak proiektua dela eta, bereziki telefono eta bestelako gailu mugikorrentzako aplikazio hori deskargatzeari lotutakoak izan dira bilerak; zenbaitetan bere erabilera hedatu eta sustatzeko, beste zenbaitetan dauden baliabideei buruzko informazioa eguneratzeko egin dira bilerak Merkataritza eta Turismo Sailburuordetzarekin, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko Liburutegi Zerbitzuarekin, Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Gaien Sailarekin eta Irisgarritasuna Sustatzeko Euskal Kontseiluarekin (Sail horren mendekoa).
Proiektu honen xedea da EAEko turismo, garraio publiko eta liburutegietako baliabideetarako irisgarritasunari buruzko informazioa ematea. Ararteko mapak webgunean eskura dago eta gailu mugikorretarako ere badago; horri esker, irisgarritasun mapetako informazioa edonork eskura dezake gure geografiako edozein puntutatik.
Arartekoak parte hartze aktiboa izan du Q-epearen 8 bileretan; sare honetan Euskal Herriko 29 erakunde publiko daude (administrazio eta enpresa publikoak) eta kudeaketaren Bikaintasunarekin konprometituta daude guztiak. 2015en sartu da Arartekoa sare honetan.
Bilera hauen xedea izan da Arartekoaren jarduera aurkeztea eta Q-epeako gainerako kideei bere praktika onetako batzuk aurkeztea, baita lantaldearekin lankidetzan aritzea ere; talde horretan 9 kide daude eta iaz eratu zen Gardentasunaren Legearen ezarpena barrutik aztertzeko, proposamenak egiteko eta arauek zehazten ez duten arloetan gardentasunezko informazioaren alderdietan baterako jarraibideak jartzeko eta Q-epearen talde mailan gardentasunari buruzko adierazleak identifikatzeko. Herri-administrazioetako gardentasunari buruzko Jardunaldia ere antolatu du taldeak; Jardunaldi hori urriaren 30ean izan zen Q-epeak babestutako kudeaketa aurreratuko europar asteko ekintzen barruan.
4.2. Adierazpen instituzionala interneten nazioarteko eguna dela eta
Maiatzaren 17an, interneten nazioarteko eguna zela eta, Arartekoak “gauzen internetetik pertsonen internetera” adierazpena argitaratu zuen.
Egun honen xedea da teknologia berriek herrien eta herritarren bizi-maila hobetzeko eskaintzen dituzten aukerak ezagutaraztea.
Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologiak (IKT) gure bizitzetako osagarri bat gehiago izatetik, gure bizitzak aldenik alde eta modu iraunkorrean zeharkatzera igaro dira. Eskolan daude, lanean, Administrazioekiko eta bankuekiko harremanetan, ongi pasatzeko eta komunikatzeko ditugun moduetan.
Internet geratzeko etorri da eta lehen mailako tresna da demokratizaziorako, informazioa eskura izateko eta herritarrek parte hartzeko eta lankidetzan aritzeko; ondorioz, gure bizitzetan duen presentzia ikaragarria da eta ez ezagutzea edo ez erabiltzea gizartetik kanpo geratzeko faktorea izan daiteke egungo gizartean; hori dela eta, herri-administrazioak adi egon behar dira eta pertsona guztien erabateko inklusio digitala sustatu.
5. Herritarren eskubideen egoeraren balorazioa
5.1. Herritarrek gero eta gehiago erabiltzen dute herri-administrazioek daukaten dokumentazio informazioa eskuratzeko eskubidea; horretarako, administrazioek jarrera bermatzaileak hartu behar dituzte alderdi guztien eskubideekin, aurrez aurre dauden eskubideak neurtu behar dira eta informazio edo dokumentazio hori eskuratzeari uko egiten zaion kasuetan arrazoitu egin behar da.
5.2. Datuen babesaren arloan iaz hainbat berrikuntza egon dira arauetan eta jurisprudentzietan, horiei esker, herritarren eskubideen bermeak erraztu egingo dira, herritarrak gero eta kontzienteagoak baitira beren datu pertsonalak babesteko beharraz; eragile aktibo bihurtu behar da eta internet eta gizarte sareak erabiltzerakoan jarrera arriskutsuak saihestu.
5.3. Euskal herri-administrazioek neurriak areagotu behar dituzte, internet eskura izatea desberdintasunetarako elementu bat gehiago bihurtu ez dadin beren bizitza erabat garatzeko eta gizarteko baliabideak eskuratzeko; horretarako, adi egon behar dira eta arraila digitalaren arrisku oro txikitzeko neurriak artikulatu.
Era berean, administrazio elektronikoa eta bide telematikoen erabilera sustatzeak ezin du eraginik izan herritarren eskubideetan, administrazio elektroniko inklusiboari lehentasuna eman behar zaio eta harremanetarako beste bide batzuk ere eskura jarri behar dira, gaur egun daudenak alde batera utzi gabe.
5.4. Bere proiektuetako batzuen bidez, -hala nola Ararteko mapak, bere argitalpenen formatu irekiak, etab.-, Arartekoak informazioaren berrerabiltzea eta datu publikoen irekitzea sustatzeko lana egiten jarraitu du.
5.5. Arartekoaren erakundearen ustez, gaur egun oraindik ere bidea egiteko dago egiazko komunikazio digitalaren eraikuntzan; pertsonok interneten eta gizarte webgunearen potentzial bikaina aukera-berdintasun terminoetan erabili dezagun; testuinguru honetan begiratzen diegu euskal herri-administrazioei beren balizko oztopoak edo atzerakada eragiten duten faktoreak kendu ditzaten.