13. SEGURTASUNA
1. Arloa kopurutan
2015ean idatzizko 83 kexa aurkeztu dira segurtasun arloan, eta Arartekoak aldi horretan erregistratu dituen kexa guztien %4,12 da hori. Eragindako herri-administrazioak eta azpiarloak kontuan hartuta, honakoa izan da kexen banaketa:
Administrazioka:
• Tokiko Administrazioa .................................................................................................50
• Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorra (Eusko Jaurlaritza) ...............30
Azpiarloka:
• Trafikoa ......................................................................................................................50
• Administrazioaren funtzionamendua eta
administrazio prozedura ..............................................................................................17
• Herritarren eskubideak ...............................................................................................8
• Beste alderdi batzuk ...................................................................................................3
• Herritarren segurtasuna .............................................................................................3
• Jokoak eta ikuskizunak .............................................................................................2
Txostena itxi zen egunean, hurrengo egoeran zeuden urte horretan izapidetutako kexak:
Gainera, ofiziozko 3 espediente izapidetu ditugu, atxiloketa zentroak azpiarloari dagozkionak.
Aurten kexa gehien jaso dituzten administrazioak Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Saila eta Bilboko Udala izan dira, azken urteotan joera jarraitua izan dena. Kexek Donostiako eta Gasteizko Udalei ere eragin diete, eta neurri txikiagoan beste udal batzuei.
Aurreko urteetan bezala, atal honetan emandako zifrek ez dituzte jaso, bai bazterketarako legezko kasuetakoren batean egoteagatik, bai Espainiako Herriaren Defendatzailearen edo beste defendatzaile batzuen eskumenen eremuan egoteagatik, Arartekoak jorratu ezin izan dituen kexak.
Administrazioek euren jarduera zuzendu dute aurten izapidetu ditugun eta jokaera ezegokiren bat hauteman dugun zenbait kexatan.
Oro har, administrazioek modu onargarrian bete dute Arartekoarekin elkarlanean aritzeko betebeharra. Hala ere, gure lana egiteko zailtasunak edukitzen jarraitzen dugu. Galdetutako kontuei ez erantzuteak eta informazioa emateko orduan egoten den atzerapenak jarraitzen dute izaten arazorik ugarienak, bai eta eskatu dugun dokumentazioa ez emateak ere. Arartekoaren 2015eko azaroaren 10eko Ebazpenean, adierazitako arazoetako batzuk azaldu dira. Aurten, administrazioek ez diete gure gomendioei erantzun hainbat kexatan, eta, era berean, ez digute jakinarazi zein den horren aurrean duten prestasuna. Beraz, gomendioak onartu ez dituztela pentsarazi digu horrek. Zehazki, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak ez dio erantzun 2014an formulatu genion gomendioari, Ertzaintzan arrazaren araberako profilak egitea prebenitzeari eta kontrolatzeari buruzkoari, alegia (Arartekoaren 2014ko abenduaren 10eko Ebazpena). Bestalde, ez dio erantzun aurten formulatu diogun gomendioari ere, hau da, aipatu polizia taldearen jardunbide irizpideak berrikusteari buruzkoari, kanabisaren inguruko klub sozialei dagokienean (Arartekoaren 2015eko otsailaren 9ko Ebazpena). Donostiako Udalak ere ez die erantzun bidali dizkiogun bi gomendiori. Bata Araupeko Aparkalekurako Udal Zerbitzuaren Ordenantza berrikus dezan bidali genion (Arartekoaren 2015eko martxoaren 9ko Ebazpena), eta ibilgailu bat kentzeko jarduera eta desegiteko baimena atzera bota ditzan bidali genion bestea (Arartekoaren 2015eko irailaren 17ko Ebazpena). Barakaldoko Udalak ez die erantzun TAO eremuan titulu gaitzailerik gabe aparkatutako ibilgailuak kentzeari buruzko bi gomendiori (Arartekoaren 2015eko apirilaren 13ko 2015R-2514-12 Ebazpena eta Arartekoaren 2015eko apirilaren 13ko 2015R-421-13 Ebazpena). Getxoko Udalak ere ez dio erantzun trafikoko araudia hausteagatiko zigor bat efekturik gabe uzteko gomendioari (Arartekoaren 2015eko maiatzaren 27ko Ebazpena), ez eta, jakinarazpenak behar bezala egin ez zirela ulertzeagatik, ildo berean bidali diogun balorazioari erantzun ere, trafikoko beste bi zigorri buruzkoa hori. Kasu horietako batzuetan, kexak baloratu ahal izateko eskatutako alderdiei buruzko aurretiko informazio gabeziari gaineratu behar zaio erantzun gabezia.
2. Kexarik aipagarrienak
2.1. Herritarren eskubideak
2015ean izapidetu ditugun kexak, funtsean, polizia-funtzioaren erabilerari buruzkoak izan dira. Horren inguruan, beste urte batzuetan azaldutakoen antzeko kontuak planteatzen dira oraindik ere. 5.2. idatz-zatian laburtuko ditugu horiek.
Aurreko epigrafean aipatu dugun Arartekoaren 2015eko azaroaren 10eko Ebazpenak kontu horietako zenbait jaso dituen kexa bat baloratu du. Kexa horretan, oinezko batzuei poliziaren jarduera bat ikusten ez utzi izana gaitzetsi zitzaion ertzain bati, izan ere, oinezko horiek ez zekiten poliziaren jarduera zenik, uniformerik gabeko agenteak ari baitziren bertan lanean. Oinezkoetako bat salatu egin zuten ertzainei kasu ez egiteagatik. Hark ukatu egin zuen hori, eta gertatzen ari zenaren inguruan galdetu izanarekin lotu zuen salaketa. Era berean, herritarrek espazio publikoan duten parte-hartzea poliziak nola kudeatzen duen aztertu du ebazpenak, gogoraraziz ezin dituela oinarrizko eskubideak, hala nola, aske ibiltzeko eskubidea, behar-beharrezkoa denetik harago mugatu. Bestetik, eskubideen mugaketak arrazoitu egin behar direla gogorarazi genuen, eta arrazoiketa behar bezala jasota geratu behar dela.
Bestalde, immigrazioaren eremuan lan egiten duen Gasteizko elkarte baten egoitzan urte hasieran agertu ziren mezu xenofoboen eta sinbolo nazien gainean egin dugun jardunbidea nabarmendu dezakegu. Ertzaintzak eta Gasteizko Udaltzaingoak egitateak argitzeko burututako jarduerak ezagutze aldera egin genuen aipatu jardunbidea, bai eta aipatu polizia taldeek elkarteko kideen segurtasuna eta horien eskubideen bidezko erabilera bermatzeko hartutako neurriak ezagutzeko asmoz ere. Nahiz eta jakin, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak eta Gasteizko Udalak eman zigun informazioaren arabera, bi polizia taldeen jarduerak zalantzan jarri ahal izateko oinarririk ez genuela, kasuaren gaineko segimendu koordinatua egin behar zutela uste dugu, ordenamendu juridikoak eskubideen erabilera askea babesteko eta arau-hauste penalak egitea prebenitzeko esleitzen dizkien eskumenen babespean. Zoritxarrez, egitateak azaroan errepikatu ziren, eta kontua berriro ere planteatzea eragin digu horrek.
Herritarren eskubideekin lotutako 2015eko kexek nabarmendutako beste kontu batzuk ere jaso dituzte, besteak beste, poliziak adin txikiko bat lapurreta bat gertatu zen tokira eraman izana, susmagarria izanik hori, lekuko batek identifikatu ahal izan zezan, gurasoei eta Adin txikikoen Fiskaltzari horren berri eman gabe, eta lekualdatzea zer dela-eta egin zuten eta jarduera hori zein arauk babestu zuen argitu gabe. Era berean, zalantzan jarri da poliziak gaixotasun mental kronikoa zuen herritar batekin burututako jardunbidea. Herritarra tratamenduan zegoen, eta zauritu egin zen aipatu jardunbidean. Ospitale batera eraman zuten, eta bere borondatearen aurka ospitaleratu zuten. Bada, agenteen hasierako jarduera gertakarien geroko bilakaeran erabakigarria izan zela balioetsi zelako jarri zen poliziaren jardunbidea zalantzan. Aipagarria da, baita ere, patruila bati herritar baten osasun egoera larria mozkorkeria egoerarekin nahastu izana gaitzetsi zion kexa. Izan ere, bizi zen eskaileran etzanda zegoen gizon bati laguntzera joan zen patruila. Herritarra oso larri zegoen zaurituta, eta odoleztatuta zuen aurpegia. Poliziak etxera sartu zuen eta bakarrik utzi, ohean sartuta, osasun-laguntza eskatu gabe eta familiari herritarraren egoeraren berri eman gabe.
Aurten amaitu dugu iazko kexa baten harira burututako jardunbidea, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailari gomendatuz partekatutako kontsumoari buruzko jurisprudentzia doktrinari egokitu diezazkiola kanabisaren inguruko klub sozialei dagozkien Ertzaintzaren jarduera irizpideak, eta irizpide argiak ezar ditzala eremu horretan (Arartekoaren 2015eko otsailaren 9ko Ebazpena). Gomendioaren ostean, Auzitegi Gorenak deuseztatu egin zuen dokumentu horretan (Auzitegi Goreneko Zigor arloko Salaren 2015eko irailaren 7ko 484/2015 Epaian) aipatu dugun Bizkaiko Entzutegi Probintzialaren ekainaren 16ko 42/2014 Epaia. Gure ikuspuntutik, epaiak ez du asaldatu gomendioan egin genuen balorazioa, izan ere, mantendu egin du partekatutako kontsumoaren ezohikotasun penala, onartu egin du doktrina hori partekatutako laborantzari zaiola aplikagarria eta adierazi egin du kasu bakoitzaren balorazioari dagokiola zehaztea jarduera horien ohikotasun edo ezohikotasun penala. Epaiak bozka partikularra du, eta, bertan, aipatu salak jokaera horien jarraipenerako eta zigor penalerako gida izateko balioko luketen muga argiak ezarri beharko zituzkeela balioetsi da. Sinatzaileen arabera, egungo zehaztasunik eza eta ziurgabetasun juridikoa amaiarazteko balioko luke horrek, eta irizpide desberdinak aplikatzearen ondoriozko bereizkeriak saihestuko lituzke. Bozka partikularra sinatu duten magistratuen arabera, gehienen epaiaren doktrina osa dezaketen irizpideak adierazi dira bertan, segurtasun juridikoa bermatzeko xedez.
Aipatutako epaian ezarritako doktrina auzitegi beraren geroko beste epai batzuetan ere errepikatu da (2015eko urriaren 5eko eta abenduaren 9ko epaiak).
Aurten izapidetu ditugun kexek erakutsi dute bete gabe jarraitzen dutela erakunde honek aparteko mugaketak saihesteko eta, horiek gertatuz gero, hauteman ahal izateko proposatu dituen prebentzio eta kontrol mekanismoetako askok. Urriaren 28ko 7/2011 Gomendio Orokorrean jaso dira nagusiki. Hurrengo 4.3. idatz-zatian, gabezia horietako batzuk azalduko ditugu.
2.2. Jokoak eta ikuskizunak
Aurreko urteetan bezala, oso kexa gutxi jaso dugu gai eremu horretan. Dena dela, aurten nabarmendu egin behar dugu Iruña Okako Udalak udal pilotalekuan antolatzen dituen ekitaldietan legez egotea eskatu diren autobabes-neurriak betetzen ez direla azaldu duen kexa. Kontu hori 2013an jarri zen jada gure ardurapean. Orduko hartan, egoerari erantzuteko neurriak hartzeko konpromisoa hartu zuen udalak, eta arazoa bideratuta zegoela pentsarazi zigun horrek. Interesdunak adierazi duenez, ez dira aurrerapen nabarmenak egin, aurreko esku-hartzea egin zenetik denbora igaro den arren, eta udalak ez ditu jarraitu egin daitezkeen ekitaldietan segurtasuna bermatze aldera luzatu genizkion jarraibideak, hartzea aurreikusi zituen neurriak hartu artean. Kexa berriarekin, jardueren proiektu teknikoa onartu duela jakinarazi digu udalak, baina ez du zehaztu zeintzuk diren proiektutik abiatuta hartzea aurreikusi dituen neurriak, ez eta zein den aipatu neurriak aplikatzeko aurreikusi den egutegia ere. Era berean, ez du zehaztu zeintzuk diren, adierazi digunaren arabera, egin dituen jarduera txikiak. Bestetik, ez digu adierazi azaroaren 2ko 277/2010 Dekretuak eskatzen dituen autobabes-betebeharrak betetzen ari al diren, ikuskizun publikoei eta jolas jarduerei buruzko azaroaren 10eko 4/1995 Legearen mendeko jarduerak egiten jarraitzen al duten udal pilotalekuan, eta nola bermatzen den, hala balitz, arau horrek eta aipatu dekretuak ezarritako legezko segurtasun exijentziak betetzen direla. Txostena itxi genuen egunean, udalak alderdi horiek argitzeko eta jardueren proiektu teknikoaren kopia bidaltzeko zain geunden oraindik.
2.3. Herritarren segurtasuna
Aurtengo kexek segurtasun gabeziari egin diote batez ere erreferentzia; merkataritza-establezimendu batean lapurretak errepikatu izanari eta zigortzeko araubideari dagokienez, hain zuzen ere. Zigortzeko araubidearen inguruan, prozedura izapidetzearekin eta zigorren exekuzioarekin zerikusia duten kontuak planteatu dira.
Bilboko Udalaren zigor baten aurkako kexa aipa daiteke, izan ere, kexagileak ez zuen horren berri. Era berean, ez zuen zigortzeko prozeduraren eta zigorra eragingarri egiteko izapidetu zen prozedura betearazlearen berri izan, udalak, zorraren zati batengatik, bankuko bere titulartasuneko kontu bat bahitu zion arte. Kexagileak gure esku-hartzea eskatu zuen, udalak zigorraren ordainketa atzeratzea edo zatikatzea hitzartu zezan; izan ere, bahiturak egoera ekonomiko larrian utzi zuen, are oinarrizko beharrak (hala nola, elikadura) asetzeko baliabiderik gabe utzi ere, eta ez zion ahalbidetzen oraindik ordaintzeko zuen zenbatekoari ordainketa bakarrean aurre egitea, ez eta bahitu zioten antzeko zenbatekoa edukiko lukeen bahitura berri bat jasatea ere. Eman zigun dokumentaziotik ondorioztatu genuen ez zutela behar bezala jakinarazi prozedura hasteko akordioa, eta, hortaz, ez zela prozedura hasteko baliagarria eta hurrengo jarduerak baliogabetu zituela, baita zigorra nahitaez betearazteko izapidetu zen premiamendu-prozedura bera baliorik gabe utzi ere. Kexak azaldutako kontua aztertu zuen udalak, ikuspegi hori kontuan hartuta, eta, adierazi genion bezala, efekturik gabe utzi zuen zigorra.
2.4. Trafikoa
Bilboko TAO eremuko egoiliarren araubidetik zenbait ibilgailu baztertzen dira, eta bazterketa hori zalantzan jarri duten hainbat kexa jaso ditugu 2015ean. Izan ere, Trafikoa eta Aparkalekua arautzen dituen Ordenantzak (TAO/OTA) aipatu araubidean sartu dituen kategorien antzeko ezaugarri teknikoak dituzte araubidetik baztertzen diren egoiliarren ibilgailu horiek, eta erabilera irizpide berberei erantzuten diete, erabilera partikularrerako ibilgailu gisa. Horixe gertatzen da furgoneta jakin batzuekin. Kontua da, trafikoko araudiaren arabera, ordenantzan jaso ez diren kategorietan daudela sailkatuta ibilgailu horiek, eta horretan oinarritzen da bazterketa. Bestetik, jabetzapean ibilgailurik ez edukitzeko exijentzia ezarri du ordenantzak, enpresako ibilgailuak egoiliarren bereizgarria eduki ahal izan dezan. Bada, eskakizun hori ere zalantzan jarri da. Gure ikuspuntutik, Bilboko Udalak eman dizkigun azalpenek ez dute justifikatu aipatu furgoneten eta enpresako ibilgailuen bazterketa, ordenantzaren onuradunen erabilera irizpide berberak betetzen baitituzte eta ibilgailu horien titularrek etxetik hurbil aparkatzeko beharrizan berbera baitute. Ondorioz, udalari adierazi diogu egoiliarren araubidea hedatzearen bideragarritasuna aztertu beharko lukeela, ibilgailu onuradunen egungo mugaketa oinarritzen duten irizpide orokorrak betetzen dituzten ibilgailu guztiei dagokienez, eta aipatu araubidea eratuta zer lortu nahi den aztertu beharko lukeela, nahiz eta formalki ez izan ezarritako kategorien mendekoak, eta enpresako ibilgailua esleituta edukitzeaz bat ibilgailu partikularra duten egoiliarrek bataren ala bestearen artean hautatzeko aukera eduki beharko luketela egoiliarren araubideari onura ateratzeko, baina udalak ez du balorazio hori onartu.
Donostiako Udalari aurten bidali diogun gomendioan aztertu da egoiliarren araubideko ibilgailu onuradunen erabilera irizpide berberak dituzten furgonetak aipatu erregimenetik kanporatzeari buruzko kontua, ibilgailu horiei hedatu diezaien Araupeko Aparkalekurako Udal Zerbitzuaren Ordenantzan aurreikusitako egoiliarren araubidea. Izan ere, horien titularrek etxetik hurbil aparkatzeko behar bera dute eta ibilgailuek onuradunen antzeko ezaugarri teknikoak dituzte. Kontu horren gainean dugun jarrera jaso da gomendioan, aurretik adierazi dugun ildo berean (Arartekoaren 2015eko martxoaren 9ko Ebazpena).
Aurten, aparkatzea baimentzen zuen bereizgarririk gabe TAO eremuan aparkatutako bi ibilgailu bide publikotik kendu izanari buruzko bi kexaren izapidea amaitu dugu, Barakaldoko Udalari gomendatuz itzul dezala eragindakoek beraien ibilgailuak berreskuratzeko ordaindu behar izan zuten tasa (Arartekoaren 2015eko apirilaren 13ko 2015R-2514-12 Ebazpena eta Arartekoaren 2015eko apirilaren 13ko 2015R-421-13 Ebazpena). Gure ustean, adierazitako arrazoiarengatik ibilgailua kentzea erabaki ahal izateko beharrezkoa da neurria egokia izatea kasu zehatzean errotazio xedea eta aparkalekuen bidezko banaketa lortzeko, bai eta ibilgailu-zirkulazioaren arintasuna lortzeko ere, eta, era berean, beharrezkoa da proportzionaltasun printzipioa errespetatzea, eta hori ez zen kexen xede izan ziren kasuetan egiaztatu.
Gainerakoan, 2015ean izapidetu ditugun kexen zati handia, aurreko urteetan bezala, zigortzeko araubideari buruzkoa izan da, eta prozedurarekin zerikusia duten arazoak azaldu dira gehienbat. Kontu horren inguruan gai errepikatuak piztu dira, hala nola, jakinarazpenak egiteko modua, arau-hausteen froga eta formula estandarizatuen erabilera. Arau-haustearen froga gabezia izan da Getxoko Udalak zigor bat efekturik gabe utz dezan (Arartekoaren 2015eko maiatzaren 27ko Ebazpena) udal horri igorri diogun gomendioaren oinarria.
Era berean, eremu zigortzailetik kanpo behar ez bezala egindako jakinarazpenen arazoa agertu da, besteak beste, ibilgailua kentzeko eta desegiteko eremuan. Donostiako Udalari bidali diogun gomendioaren oinarrian dago jasota hori, aipatu jarduerak atzera bota ditzan eta ofizioz izapidetu dezan ondare erantzukizuneko prozedura bat, ibilgailua suntsitzeagatik interesdunari kalte-ordainak ematea egokia den zehazteko (Arartekoaren 2015eko irailaren 17ko Ebazpena). Prozeduraren bermeekin zerikusia duten beste kontu batzuk ere aztertu dira gomendioan, administrazio jardueren arrazoiketa eta formalizazioa kasu, desegiteari ekin ahal izateko beharrezko betekizunekin batera.
Eragindako administrazioek euren jarduera zuzendu dute izapidetu ditugun eta jokaera ezegokiren bat jaso duten zenbait kexatan. Adibidez, gehiegizko abiaduragatiko zigor baten kasua izan da hori, abiadura muga orokorra hartu baitzen kontuan, eta ez zigortutako ibilgailua zebilen bidearen abiadura muga.
3. Arauzko testuingurua
Arlo honi eragiten dioten zenbait arau atera dira 2015ean, eta, besteren artean, herritarren segurtasuna babesteko martxoaren 30eko 4/2015 Lege Organikoa nabarmendu dezakegu, oso eztabaidagarria izan baita oinarrizko eskubideei muga handiak ezartzeagatik, hala nola, elkartzeko eta adierazpen askatasun eskubideak mugatzeagatik, eta konstituzioaren aurkako bi errekurtsoren xedea izan da. Bestetik, beste agindu batzuen artean, Prozedura Zibilaren Legearen 520. artikulua aldatu duen urriaren 5eko 13/2015 Lege Organikoa aipa dezakegu. Atxiloketa bermeak indartzeko egin da aipatu aldaketa. Era berean aipa ditzakegu Nazio Segurtasunari buruzko irailaren 28ko 36/2015 Legea, Babes Zibilerako Nazio Sistemaren uztailaren 9ko 17/2015 Legea, zirkulazio istripuetan pertsonei eragindako kalte-galeren baloraziorako sistema erreformatzeko irailaren 22ko 35/2015 Legea, Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide Segurtasunari buruzko Legearen testu bategina onartu duen urriaren 30eko 6/2015 Legegintzako Errege Dekretua eta gidarien araudia aldatu duen azaroaren 20ko 1055/2015 Errege Dekretua.
4. Jarduera-planaren esparruko bestelako esku-hartzeak
4.1. Ofiziozko espedienteak
2015ean izapidetu ditugun ofiziozko jardunbideak atxiloketa zentroen egoera eta atxilotzearekin lotutako praktikak egiaztatzeari zuzenduta egon dira batez ere. Hurrengo 4.4. idatz-zatian, aipatu jardunbideen laburpena egingo dugu.
4.2. Txosten berezien segimendua
Atxiloketa zentroetara egindako bisitaldiek eta kexak izapidetu bitartean bildutako informazioak eremu horri lotutako bi txosten berezien segimendua egitea ahalbidetu digute: “Ziegak. Udalaren eta Ertzaintzaren atxiloketa zentroak” (1991) eta “San Frantzisko (Bilbo) eremuan atzerritarrak tartean izanik poliziak burututako jardueren inguruan Ararteko erakundeak izandako esku-hartzea” (1998ko ohiko txostena, I.1. kapitulua, 1.6. atala).
“Ziegak. Udalaren eta Ertzaintzaren atxiloketa zentroak” txostenaren betetzeari buruz egindako balorazioa hurrengo 4.4. atalean ageri da laburtuta.
Beste zenbaitetan agerian jarri dugun bezala, “San Frantzisko (Bilbo) eremuan atzerritarrak tartean izanik poliziak burututako jardueren inguruan Ararteko erakundeak izandako esku-hartzea” txosteneko gomendioetako askok irismen orokorra dute, gure esku-hartzearen eremuko gainerako polizia taldeei hedatu dakiekeena, jarduten duten eremua dena delakoa izanda ere. Gogoeta horretatik abiatuta, gomendio horietako batzuen ez-betetzeak atzematen jarraitzen dugu, besteak beste, lekukoak daudenean agenteek izaten duten jarrerarekin zerikusia dutenak, desadostasun adierazpenen aurrean eta identifikazio profesionalaren zenbakia eskatzen zaienean ematen duten erantzuna, aipatu zenbakia emateari uko egitea, tratua, identifikazioen justifikazioa eta polizia jardueraren arrazoiei buruz ematen den informazioa [8. gomendio espezifikoa].
4.3. Gomendio orokorren segimendua
Aurten izapidetu ditugun kexek eta atxiloketa zentroetara egin ditugun bisitaldiek urriaren 28ko 7/2011 Gomendio Orokorraren jarraipena egitea ahalbidetu digute. Gomendio horretan, Arartekoak bere ibilbidearen hasieratik segurtasun arloan formulatu dituen gomendio gehienak bildu dira.
Polizia jardueren barne ikerketetan gabezia handiak egiaztatzen jarraitzen dugu (II.1.1. idatz-zatia). Ikerketaren urritasuna eta ikerketa eza dira oraindik ere irauten duten arazoetako batzuk. Bestetik, eremu horretan jarduera protokolo argiak eta zehatzak ezarri gabe jarraitzen dutela egiaztatu dugu.
Oraindik ez da erabat bete polizia funtzionarioek polizia uniformean identifikatuko dituen zenbakia edo erreferentzia erakuts dezaten formulatu dugun gomendioa (V. atala). Errepikatzen jarraitu behar dugu inolako zalantzarik eragin gabe egon behar dela zenbakia ikusgai, herritarrek agenteekin harremanak normalean izaten dituzten distantziatik.
Gabezia handiak hauteman ditugu eskubideak mugatzen dituzten polizia jardueren arrazoiketan eta arrazoiketa jasotzeko moduan (II.1.3. idatz-zatia). Errepikatu beharra dago formula orokorrak, “herritarren segurtasuna” bezalakoak, ez direla onargarriak, ez baitute jardueraren arrazoi zehatzak ezagutzen uzten, ez eta berau baloratzen uzten ere.
Era berean, ez-betetzeak atzematen jarraitzen dugu prebentzio eta kontrol mekanismoen ezarpenean; batez ere, indarraren erabileran eta horren barne kontrolean, atestatuen eta administrazio salaketen edukian, horiek arrazoitzen dituzten egitateak zehaztasunez islatzeari dagokionean, “kontrasalaketa” deritzonean eta agenteek jasotzen dituzten kexen gaineko kontrolean (II.2.1., II.2.3. eta II.1.2. idatz-zatiak).
Atxiloketa zentroetara egindako bisitaldiek, modu berean, aipatu gomendio orokorraren III. atalaren eta “Miaketa pertsonalaren dilijentzia poliziaren bulegoetan” Gomendio Orokorrean (2001eko ohiko txostena) formulatu genituenen segimendua egitea ahalbidetu digute. 4.4. idatz-zatian laburtuta jaso dugu segimendu horren emaitza.
Trafikoari dagokion azpiarloan egiaztatzen jarraitu dugu zigortzeko prozeduretan jasotzen den arrazoiketak ez dituela beti betetzen “Trafikoa, ibilgailu motordunen zirkulazioa eta bide segurtasuna: aurrez taxututako ereduen erabilera zehapen prozedurak tramitatzean. Zenbait arazo defentsarako eskubidearen inguruan” Gomendioan (2003ko ohiko txostena) adierazi genituen exijentziak.
4.4. Ikuskapen bisitak
2015ean Ertzaintzaren Muskizko eta Udaltzaingoaren Erandioko atxiloketa zentroak bisitatu ditugu. Muskizko instalazioak, oro har, egokiak dira esleituta duten eginkizuna betetzeko, nahiz eta ez dauzkaten adin txikikoen zaintzarako berariazko bulegoak, urtarrilaren 12ko 5/2000 Lege Organikoak (17.3. artikulua) eskatu bezala. Bisitatu ditugun Ertzaintzako atxiloketa zentro guztietan errepikatu da egitate hori. Udaltzaingoaren instalazioek ere ez dauzkate aipatu bulegoak, eta, gainera, betetzen duten eginkizunerako ezegokiak diren beste gabezia garrantzitsu batzuk dauzkate, gure iritziz. Antza, bulegoak beste eraikin batean birkokatzeko proiektua dago, egungo arazoak konponduko lituzkeena.
Bisitaldiaren egunean, bi zentroek zituzten garbitasun eta mantentze egoera onargarriak.
Bi zentroek dute atxiloketaren bideograbaketa sistema. Ertzaintzan, funtsean, 2006ko ohiko txostenean (I. atala, 7.1. idatz-zatia) aztertu genuen modeloari dagokio sistema, gure ikuspuntuaren arabera, mekanismo horrek eraginkorra izateko eduki beharko lituzkeen baldintza guztiak betetzen ez zituela ulertuta, urriaren 6ko 81/1999 Gomendioan adierazitako terminoetan (1999ko ohiko txostena, II. atala, 7.2. idatz-zatia). Alabaina, badu berezitasun bat, hots, erreserbatutako elkarrizketaren grabaketa jasotzen du irudietan. Horrek ez ditu pribatutasuna eta isilpekotasuna bermatzen, jarduera horren berezko ezaugarriak izaki horiek. Udaltzaingoaren zentroa ere ez zaio guztiz egokitzen gomendioari, eta, gainera, segurtasun indarrek eta taldeek leku publikoetan egiten duten bideokameren erabilera erregulatu duen abuztuaren 4ko 4/1997 Lege Organikoaren mende dago bertako sistema. Beraz, ez da bidezkoa. Zentro batek ere ez ditu txertatu, oro har, atxiloketen bideograbaketari buruzko proposamen berriak, “Inkomunikatutako atxiloketaren eremuko berme sistemari buruzko azterlana eta hobekuntza proposamenak” ikerketan (2010eko ohiko txostena) eta urriaren 28ko 7/2011 Gomendio Orokorrean (III.8. idatz-zatia) jaso ditugunak. Modu berean, ez dute bermatzen grabatutako jardueretatik erator litezkeen balizko administrazio eta zigor erantzukizunen preskripziorako gehienezko denbora-mugan zehar gordetzea grabatutako materiala, eta, xede horietarako, ez dituzte kontuan hartzen giza eskubideak bermatzeko erakundeek (Arartekoa bezalakoek) esku hartzeko duten epea. Babesten ditugun irizpideetatik urruntzen da hori, eta mekanismo honen izaera bermatzailea mugatzen du.
Udaltzaingoaren zentroan, atxiloketak egiten dituzten udaltzainak, oro har, atxilotua poliziaren bulegoetara eramaten duten berberak izaten dira, baita atxilotuen gorputz-miaketa aipatu bulegoetan egiten dutenak ere. Baliabide urritasunean justifikatzen da hori. Ertzaintzaren zentroan kontsultatu genituen atxiloketetatik bitan ere ez zen jarraitu atxiloketa egiten duten agenteak, atestatua bideratzen dutenak, gorputz-miaketa egiten dutenak eta zaintza egiten dutenak berberak ez izateko irizpidea (urriaren 28ko 7/2011 Gomendio Orokorraren III.2 eta 5 idatz-zatia).
Udaltzaingoaren Atxiloketaren Liburua eskuzkoa da. Orri bakoitza atxiloketa bati egokitu arren, ez da urtekoa; beraz, une bakoitzean ezin daiteke jakin zein den urteko atxiloketa kopurua azken atxiloketa begiratze hutsarekin, gomendagarria izaki hori. Era berean, ez ditu atxiloketaren jarduera nagusiak erregistratzen, nahiz eta erregistratuta ez daudenetako batzuk atxiloketarekin lotutako beste erregistro eta dokumentu batzuetan ageri diren.
Bi zentroetan egiaztatu genituen atxiloketak, oro har, behar bezala zeuden bideratuta, horien erregistroak behar bezala beteta eta dilijentziak arrazoizko denboran eginda. Hala ere, zenbait disfuntzio hauteman genituen. Ondorioz, gogorarazi beharra daukagu ahalik eta zehaztasun eta xehetasun handienaz islatu behar dela nola gertatu den atxiloketa, bat ez etortzeak saihestu behar direla eta eremu horretan gerta daitezkeen balizko hutsegiteak ezagutzea eta zuzentzea ahalbidetuko duten neurriak hartu behar direla (urriaren 28ko 7/2011 Gomendio Orokorraren III.6. idatz-zatia).
Bi zentroetan begiratu genituen eskubideei buruzko informazio aktek ez zituzten betetzen Prozedura Kriminalaren Legearen 520. artikuluko eskakizunak, izan ere, atxiloketa arrazoitzeko egitateen kalifikazio juridikoaz informatzen zuten, eta ez egitateez beraietaz. Ertzaintzaren atxiloketa zentroetan urtero ohartarazten dugu praktika horren inguruan, eta zuzendu gabe jarraitzen dute. Ertzaintzaren zentroan, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko urriaren 22ko 2013/48/UE Zuzentarauak espainiar ordenamendu juridikoari txertatu dion urriaren 5eko 13/2015 Lege Organikoari egokitu zaizkio aktak. Eransketa horrekin, beste agindu batzuen artean, Prozedura Kriminalaren Legearen 520. artikulua aldatu da, atxiloketaren bermeak indartzeko. Dena dela, akta eredu berriak ez ditu legearen eskakizunak asetzen, doako laguntza juridikoa eskatzeko prozedurari eta berau eskuratzeko baldintzei buruz daukan informazioari dagokionez, eta, egokia den kasuetan, lege-laguntzarako eskubideari uko egiteari dagokionez. Bestalde, atxilotuari ez zaio uzten akta eskura izaten atxiloketak iraun bitartean, aipatu lege organikoak eskatzen duen bezala; izan ere, dokumentua kentzen zaio behin eskubideen berri ematen zaionean, eta ez zaio berriro ematen atxiloketa amaitzen den arte. Udaltzaingoa ez zen, oraindik, 2015eko azaroaren 1ean indarrean sartu ziren aipatu aurreikuspenak aplikatzen ari, eta eskubideei buruzko informazio akten ereduak ez zizkion erregulazio berriari egokitu.
Udaltzaingoan, eredutzat hartzen den akta ereduak ez du idatziz jasotzen, eskubide bakoitzaren ostean, atxilotuak eskubide hori ulertu duen ala ez. Eredua ez dago atzerriko hizkuntzetan eskuragarri, eta ez dago horien itzulpena eta interpretazioa egiteko sistemarik ere, jardueraren hizkuntza ofiziala ulertzen ez duten atzerriko atxilotuek interprete baten laguntzarekin artatu ditzaten duten eskubidea bermatuko duenik (urriaren 28ko 7/2011 Gomendio Orokorraren III.2. idatz-zatia).
Zentroetako batean ere ez zaio atxilotuari ematen, atxiloketaren unean bertan, momentu horretan bere eskubideei buruz ahoz ematen zaion informazioa jasotzen duen dokumenturik. Era berean, atxilotuari ez zaio lege-laguntza ematen atxiloketaren lehen unetik, urriaren 28ko 7/2011 Gomendio Orokorrean adierazi genituen terminoetan (III.1. eta III.2. idatz-zatiak).
Ertzaintzaren zentroan, egin den gorputz-miaketa mota baino ez da idatziz jasotzen, modu orokorrean, zehazki zer izan den zehaztu gabe eta modu horretara egiteko arrazoiak azaldu gabe, miaketa biluzik egiten denean salbu. Udaltzaingoaren kasuan, ez da jasotzen ez nola egin den, ez modu batera edo bestera egiteko arrazoiak ere. Jokatzeko bi moduak gure gomendioetatik urruntzen dira (urriaren 28ko 7/2011 Gomendio Orokorraren III.5. idatz-zatia eta “Miaketa pertsonalaren dilijentzia poliziaren bulegoetan”).
Ertzaintzaren atxiloketetako bitan, zeintzuen erregistroak egiaztatu genituen, atxiloaldiak hainbat orduz luzatu ziren, polizia dilijentziak amaitu ondoren. Ertzaintzari ez zegozkion antolakuntza arrazoiekin justifikatu zuten hori, atxilotuak epailearen aurrera eramateko dauden ordutegiekin zerikusia duten arrazoiekin, alegia. Beste atxiloketa batean, agindu judiziala ez zegoen indarrean atxiloketa egin zenean; hortaz, atxiloketa ez zatekeen gertatuko Ertzaintzak datu hori jakin izan balu. Bereziki larria da gertaera, eta atxilotzeko unean aintzat hartu zen informazioa eguneratuta ez egoteko arrazoia identifikatu beharko litzateke.
Bisitaldietan, era berean, herritarren segurtasuna babesteko martxoaren 30eko 4/2015 Lege Organikoaren aplikazioaren segimendua egin dugu, poliziaren bulegoetatik kanpo egindako identifikazioei eta gorputz-miaketei dagokienean. Aipatu legea uztailaren 1etik dago indarrean (16. eta 20. artikuluak). Ertzaintzaren polizia-etxea araudi berriari egokitu zaio, poliziaren bulegoetara identifikatzera eramandako atxilotuek bertan ematen duten denbora egiaztatzeko paperari, identifikazioen erregistro liburuari eta gorputzaren kanpo miaketaren dilijentziari dagokienez. Horien gainean galdetu genuen, nahiz eta, gure ustean, oinarritzat hartzen den azken dilijentzia horren ereduak datu gehiago jaso beharko lituzkeen, eragindakoen bermeak eta jarduera horren kontrola indartzeko. Erandioko Udaltzaingora egindako bisitaren unean, oraindik ez zegoen aipatu alderdiei egokituta.
5. Herritarren eskubideen egoeraren balorazioa
5.1. Aurten kexa gehien jaso dituzten administrazioak Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Saila eta Bilboko Udala izan dira, eta Donostiako eta Gasteizko Udalak daude horien atzetik. Administrazioek euren jarduera zuzendu dute jokaera ezegokiren bat egon den kexatako batzuetan. Oro har, Arartekoarekin elkarlanean aritzeko duten betebeharra modu onargarrian bete dute. Hala ere, gure zereginak egoki betetzeko zailtasunak aurkitzen jarraitzen dugu, eta ordenamendu juridikoak beraien eskubideak babesteko eskura jarri dizkien mekanismoak erabiliz erakunde honetara jotzen duten pertsonen eskubideak kaltetzen ditu horrek. Honakoek jarraitzen dute izaten arazo sarrienak: atzerapena informatzeko orduan, galdetzen ditugun kontu zehatzei eta egiten ditugun balorazioei ez erantzutea eta ez ematea eskatzen dugun dokumentazioa. Aurten, hainbat kasutan, administrazioek ez diete erantzun formulatu dizkiegun gomendioei. Beraz, onartu ez dituztela ulertu dugu.
5.2. Aurten izapidetu ditugun kexek polizia-funtzioaren erabilerari buruzko kontu errepikatuak azaldu dituzte berriz ere; hala nola, ustez ezegokiak diren jardueren barne ikerketa, indarraren erabilera eta horren barne kontrola, atestatuen eta administrazio salaketen kontrola, horiek arrazoitzen dituzten egitateei dagokienez, “kontrasalaketa”, identifikazioak bide publikoan, esku-hartzeen arrazoiketa, agintaritzaren gehiegizko erabilera, agenteek identifikazio profesionalaren zenbakia emateari ematen dioten ezezkoa eta lekukoak daudenean agenteek izaten duten jarrera. Arartekoaren 2015eko azaroaren 10eko Ebazpenean, kontu horietako batzuk azaldu dira.
5.3. Oraindik ez dira ezarri indarraren erabilera eta atestatuen eta administrazio salaketen edukia gainbegiratzeko gomendatu ditugun mekanismoak. Orokorrean, poliziaren praktikak gainbegiratzeko gomendatu ditugun mekanismo gehienek (urriaren 28ko 7/2011 Gomendio Orokorraren II. atala) ezarri gabe jarraitzen dute. Ikerketaren kasu zehatzean, beste urte batzuetan hauteman ditugun gabeziek hor jarraitzen dute. Ikerketaren urritasuna eta ikerketa eza dira oraindik ere hautematen ditugun arazoetako batzuk. Bestetik, eremu horretan jarduera protokolo argiak eta zehatzak ezarri gabe jarraitzen dutela egiaztatu dugu.
5.4. Oraindik ez da erabat bete polizia funtzionarioek polizia uniformean identifikatuko dituen zenbakia edo erreferentzia erakuts dezaten formulatu dugun gomendioa (urriaren 28ko 7/2011 Gomendio Orokorraren V. atala). Errepikatzen jarraitu behar dugu zenbakia inolako zalantzarik eragin gabe egon behar dela ikusgai, herritarrek agenteekin harremanak normalean izaten dituzten distantziatik.
5.5. Ertzaintzaren Muskizko atxiloketa zentroa, aurten bisitatu duguna, oro har egokia da bere eginkizunerako, nahiz eta ez dituen adin txikikoentzako berariazko bulegoak. Erandioko Udaltzaingoaren zentroak, bisitatu dugunak, ordea, gabezia handiak dauzka, eta gabezia horiek ezegoki egiten dute zeregin horretarako. Dena dela, egungo instalazioak birkokatzeko proiektua dago.
Atxiloketen bideograbaketarako sistema dute bi zentroek, baina ez ditu guztiz betetzen eraginkor izateko eduki behar dituen baldintzak, eta izaera bermatzailea mugatzen du horrek.
Bisitaldietan kontsultatu genituen atxiloketak, oro har, behar bezala zeuden bideratuta, horien erregistroak behar bezala beteta eta dilijentziak arrazoizko denboran eginda. Hala ere, eskubideei buruzko informazio aktek ez zuten jaso atxilotuari egotzitako egitateen berri eman zitzaionik. Ertzaintzaren zentroan, urriaren 5eko 13/2015 Lege Organikoan jasotako erregulazioari egokitu zitzaion akta, nahiz eta atxiloketan zehar ez zaion atxilotuari berau edukitzen uzten. Aipatu legeak, beste agindu batzuen artean, Prozedura Kriminalaren Legearen 520. artikulua aldatu du, atxiloketaren bermeak indartzeko. Udaltzaingoa, ordea, ez zitzaion aipatu lege organikoari egokitu. Gainera, gorputz-miaketa egiteko eta dokumentatzeko moduak ez du gure gomendioekin bat egiten, eta lege-laguntza ez da hasieratik bertatik ematen, urriaren 28ko 7/2011 Gomendio Orokorrean (III.1 idatz-zatia) adierazi genituen terminoetan.
Ertzaintzaren atxiloketetako bitan, zeintzuen erregistroak egiaztatu genituen, atxiloaldiak hainbat orduz luzatu ziren, polizia dilijentziak amaitu ondoren. Ertzaintzari ez zegozkion antolakuntza arrazoiekin justifikatu zuten hori, atxilotuak epailearen aurrera eramateko dauden ordutegiekin zerikusia duten arrazoiekin, alegia. Beste atxiloketa batean, agindu judiziala ez zegoen indarrean atxiloketa egin zenean; hortaz, atxiloketa ez zatekeen gertatuko Ertzaintzak datu hori jakin izan balu. Bereziki larria da gertaera, eta atxilotzeko unean aintzat hartu zen informazioa eguneratuta ez egoteko arrazoia identifikatu beharko litzateke.
5.6. Ertzaintzaren jarduera irizpideek, kanabisaren inguruko klub sozialei dagokienez, ez dute, gure ustean, partekatutako kontsumoaren eta laborantzaren ezohikotasun penalari buruzko jurisprudentzia doktrina errespetatzen. Ondorioz, horiek berraztertu ditzala gomendatu diogu Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailari, doktrina horri egokitze aldera (2015eko otsailaren 9ko Ebazpena).
5.7. Immigrazioaren eremuan lan egiten duen elkarte baten egoitzan pintaketa xenofoboak agertu izanak (aurten horren gaineko esku-hartzea egin dugu) larriki erasotzen ditu giza eskubideak, eta irmotasunez zein sendotasunez egin behar zaio aurre egitate horri, horrelako erasoak hedatzea saihesteko. Gainera, kulturartekotasuna sustatzeko eta aniztasunaren aurrean kohesionatuta dagoen eta tolerantea den gizartea eraikitzeko neurriak, pertsona guztion giza eskubideekiko errespetua bultzatuko dutenak eta edozein jarrera arrazista, xenofobo edo diskriminatzaile baztertuko dutenak, abiarazteko beharraren gainean hausnartzera eraman behar gaituzte gertaera horiek.
5.8. Aurten ere kexarako arrazoi izan da Iruña Okako Udalak udal pilotalekuan antolatzen dituen ekitaldietan legez eskatzen diren autobabes-neurriak bete ez izana, izan ere, ez da arazoaren irtenbiderako urrats adierazgarririk eman 2013an lehen aldiz planteatu zenetik.
5.9. Trafikoari buruzko kexek zigortzeko araubideari eragin diote gehienbat, eta arau-hausteen frogekin, jakinarazpenekin eta formula estandarizatuen erabilerarekin zerikusia duten arazo batzuk jarri dituzte agerian. Zigortzeko eremutik kanpo bidegabe egindako jakinarazpenen arazoa ere agertu da, hala nola, ibilgailuak kentzeari eta desegiteari dagokionean.Arartekoaren 2015eko maiatzaren 27ko Ebazpena eta Arartekoaren 2015eko irailaren 17ko Ebazpena
5.10. Donostiako Udalari gomendatu diogu Araupeko Aparkalekurako Udal Zerbitzuaren Ordenantzan aurreikusitako egoiliarren araubidea heda diezaiela aipatu araubidearen onuradun diren ibilgailuen erabilera irizpide berberak betetzen dituzten ibilgailuei, ibilgailu horien titularrek etxetik hurbil aparkatzeko beharrizan berbera dutenean eta ibilgailuek horien antzeko ezaugarri teknikoak dituztenean, izan ere, jaso dugun informazioarekin, ez dago justifikatuta aipatu ibilgailuak baztertzea (Arartekoaren 2015eko martxoaren 9ko Ebazpena). Balorazio bera egin dugu Bilboko Trafikoa eta Aparkalekua arautzen dituen Ordenantzaren (TAO/OTA) inguruan kontu hori azaldu duten zenbait kexaren gainean.
5.11. TAO eremuan titulu gaitzailerik gabe aparkatutako ibilgailuak kentzea erabaki ahal izateko beharrezkoa da neurria egokia izatea kasu zehatzean errotazio xedea eta aparkalekuen bidezko banaketa lortzeko, bai eta ibilgailu-zirkulazioaren arintasuna lortzeko ere, eta, era berean, beharrezkoa da proportzionaltasun printzipioa errespetatzea, eta hori ez zen aurten izapidetu ditugun bi kexatan egiaztatu (Arartekoaren 2015eko apirilaren 13ko 2015R-2514-12 Ebazpena eta Arartekoaren 2015eko apirilaren 13ko 2015R-421-13 Ebazpena).