6. INGURUMENA
1. Arloa kopurutan
Ingurumen-arloaren barruan, lurzoruari, urari, aireari, florari eta faunari eragiten dieten kutsadura-kategoriek sortutako kalteei buruzko erreklamazioak bildu dira. Guztira, 81 erreklamazio egon dira. Azpiarlokako banaketaren arabera, sailkapena honako hau da:
• Kutsadura akustikoa .............................................................................58
• Ingurumenaren informazioa eta parte-hartzea .......................................7
• Ingurumenaren kontrola .........................................................................4
• Administrazioaren funtzionamendua
eta administrazioaren prozedura ............................................................3
•Airearen kutsadura ................................................................................2
• Kutsadura elektromagnetikoa ..............................................................2
• Natur gune babestuak. Flora eta fauna babestea ................................2
• Sailkatutako jarduerak lurzoru urbanizaezinean ..................................1
• Ingurumeneko beste kutsadura batzuk ...............................................1
• Hondakinak eta isurketak ....................................................................1
Arlo honetan aurkeztutako kexen izapidetze-egoerari eta emaitzari dagokienez:
Erreklamazio kopuru handienak hauxe dauka hizpide: ostalaritza, industria-prozesu edo azpiegitura jardueren ondoriozko zaratak etxebizitzetan eragiten dituzten eragozpenen administrazio kontrol egokirik eza. Kexetan islatu den beste kontu bat partikularrek eta elkarteek ingurumen arloko informazioa eskuratzeko dituzten zailtasunei lotutakoa da. Halaber, Euskal Autonomia Erkidegoko zaintza eta kontrol sareak dauzkan airearen kalitateari buruzko datuen interpretazioari buruzko kontuak ere mahai gainean jarri dira.
Aurreko ekitaldietako jardueren jarraipenari dagokionez, fracking teknika erabiliz ezohiko gasa erauzteari lotutako Eusko Legebiltzarraren erregulazioa nabarmendu dugu, baita gizakien kontsumorako ur-ekoizpena xede duten urek bete behar dituzten ingurumen baldintzen erregulazioa ere.
2. Kexarik aipagarrienak
2.1. Ingurumenaren informazioa eta parta-hartzea
Ekologistak Martxan elkarteak Arartekoari jakinarazi zion Bilboko Udalak ez ziela erantzunik eman Artxondoko harrobiaren zaharberritze proiektuari eta Pagasarri mendiaren plan berezia garatzeko jarduerei buruzko bi informazio eskaerei. Elkarte ekologistak salatu zuen hamar hilabete baino gehiago pasa direla informazioa eskatu zuenetik eta ez duela erantzunik jaso. Bilboko Udalari informazioa eskuratzeko eskaera horiei erantzuteko burututako jardueren gaineko azalpena eskatu genion, bereziki, horri lotuta interesdunei igorritako jakinarazpenei buruzkoa. Egindako kudeaketen ostean, Bilboko Udalak jakinarazi digu interesdunei eskatutako dokumentazioa eta informazioa igorri diela. Edonola ere, esan beharra dago erantzuna ez dela hirigintza eta ingurumenaren gaineko araudian ezarri diren legezko epeen barruan eman. Hori dela-eta, Ararteko erakundeak ingurumen eta hirigintza arloko informazio eskaerak modu azkarrean, lehentasunez eta indarrean dagoen legerian ezarritako epeen barruan izapidetu eta ebazteko betebeharra gogora ekarri nahi du.
2.2. Euskadiko airearen kalitate sarearen ingurumen arloko informazioa hobetzea
Pertsona batek Ararteko erakundera jo zuen Euskal Autonomia Erkidegoko zaintza eta kontrol sareak duen airearen kalitateari buruzko datuen baliozkotze prozesua mahai gainean jartze aldera. Zehatz-mehatz, aditzera eman zuen ohikoa dela Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren webgunean islatuta ageri diren datuen baliozkotzea hilabete baino gehiago atzeratzea.
Informazio hori baloratu ostean, Arartekoak iradokizun bat igorri zion Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politika Sailari Euskadiko airearen kalitate sareari lotutako datuen baliozkotzearen inguruan webgunean argitaratzen den informazioa neurri batean hobetze aldera. Horrelako kasuetan, garrantzitsutzat jotzen dugu ahalegina egitea webgune horietako erabiltzaileei argibideak eta laguntza teknikoa eskaintzeko, euren ingurumen arloko eskubideak gauzatuz. Horrez gain, sailak web orrialdean datuak baliozkotzeko prozesuei (automatikoari eta eskuzkoari) buruzko eta ebaluazio datuak behar bezala egiaztatuta eta baliozkotuta dauden une zehatzari buruzko informazio nahikoa gaineratu beharko luke. Modu berean, neurtzeko ekipoaren funtzionamenduan eta kalibrazioan arazoak sor dezaketen gertakari zehatzei buruzko informazio nahikoa gaineratu beharko luke web orrialde horrek, izan ere, inguruabar jakin batzuetan, horrek, lortutako datuak baliogabetu ditzake.
Emandako erantzunean, Ingurumen eta Lurralde Politika Sailakzenbait aldaketaren berri eman digu, zehazki, webean eskaintzen den ingurumen arloko informazioari dagokionez. Argi utzi behar da gaur egun, eskuz baliozkotu ostean, datuak argitaratu arte igarotzen den denbora murriztu dela. Neurtzeko ekipoen gertakari zehatzei dagokienez, informazioa zabalduko dela aipatu du sailak: “Nolanahi, egindako iradokizuna aintzat hartuta, hemendik aurrera matxura baten berri izatean, beti argitaratuko da aipatutako jakinarazpena, Airearen Kalitate Sareak biztanleriari helarazten dion informazioa hobetze aldera.” Gure ustez, modu horretan erantzun positiboa eman zaio Ararteko erakundeak egindako iradokizunari, herritar batek neurtzeko kabinetako datuen gaineko informazioa hobetzeari buruz egin zuen proposamena biltzen zuena hain zuzen ere.
2.3. Kutsaduraren ingurumen kontrola
Jasotako erreklamazio kopuru handi batek sailkatutako jardueren funtzionamenduaren behar bezalako kontrola burutzeko udal jakin batzuetan antzeman diren arazoak ditu hizpide, zehazki, zarata arazoen aurrean (tabernak eta jatetxeak, gazteen lokalak) bai bizitegi-lurzoruan, bai industria-lurzoruan zenbait jardueren ondorioz.
• Bizitegi-lurzoruan kokatuta dauden jardueren udal ingurumen kontrola. Elkarte gastronomiko, taberna, jatetxe eta gazteen lokalei lotutako zarata eta bestelako eragozpenen behar bezalako kontrola sustatzeko eman diren zenbait ebazpen azpimarratu ditzakegu:
- 2015eko abenduaren 2ko ebazpena. Horren bidez, Legazpiko Udalari gomendatzen zaio elkarte gastronomikoak sortzen dituen eragozpenak saihesteko beharrezkoak diren neurriak har ditzan eta ingurumen legezkotasuna betetzeko errekeritu diezaion.
- 2015eko apirilaren 21eko ebazpena. Horren bidez, Lasarte–Oriako Udalari gomendatzen zaio egokiak diren neurriak har ditzala tabernak eragiten dituen eragozpenak ekiditeko eta jarduera horri eska diezaiola ingurumenaren arloko legea bete dezan.
- 2015eko ekainaren 2ko ebazpena. Horren bidez, Bilboko Udalari gomendatzen zaio jatetxeari eska diezaion horren jardueraren ondoriozko irregulartasun guztiak zuzentzeko eta zaratak eta usainak sortzen dituzten eragozpenak behin betiko konpontzeko.
- 2015eko otsailaren 25eko ebazpena. Horren bidez, Ordiziako Udalari gazte aisialdi lokal batek sortutako eragozpenak ekiditeko beharrezkoak diren neurriak hartzeko gomendatu zitzaion.
Kasu horietako askotan, antzeman daiteke jarduera horien ingurumen kontrola bakarrik burutzen dela eragindako pertsonek salaketa jarri ostean. Ez dago kontrolatu beharreko jardueren gaineko administrazio plangintzarik edo ingurumen zaintza eta ikuskaritza programarik. Administrazio kontrola eta esku-hartzea soilik kasu garrantzitsuenetan edo hirugarrenen presio edo esku-hartzea dagoenean besterik ez da abian jartzen. Kasu horietan ingurumen kontrola azken neurria da, beste bitarteko batzuen bidez bideratzeko ezinezkoak diren jardueretan legezkotasuna berrezartze aldera. Diziplina eta zigortzeko espedienteak hondar-jarduerak dira administrazio gehienetan.
• Industria jardueren ingurumen kontrola. Industria jardueren kutsaduraren kontrolaren kasuan, kontrola burutzeko zailtasun teknikoak eta materialak handiagoak dira, beraz, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailaren ikuskaritza eta kontrol zerbitzuek ahalegin handiagoa egin behar dute. Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren ingurumen kontrol eta ikuskaritza zerbitzua Ingurumen Baimen Integratuaren (kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legearen barruan dagoena) menpe dauden jardueren funtzionamendu baldintzen betetzearen jarraipena burutzen duen euskal ingurumen administrazioko organoa da.
Ingurumen salaketa larrien kasuan, administrazioak –dagokion ikuskaritzaren ostean eta beharrezkoa den informazioa bildu ondoren- administrazio ebazpen bat eman behar du eta ondorioztatu behar du instalazioak Ingurumen Baimen Integratuaren baldintzak bete dituen eta gaitzak gutxitzeko neurri zuzentzaile gehigarriren bat hartu behar den ala ez. Modu berean, adostu behar da Ikuskaritzan aurkeztutako edo bildutako froga eta ebidentziekin bat eginez- zigortzeko espedientea abiarazi edo artxibatu behar den eta alderdi interesdunei jakinarazi behar zaie.
• Petrolioa fintzeko planta Muskizen. 2015. urtean zehar kexak jasotzen jarraitu dugu, Muskizeko petrolioa fintzeko plantaren jardueraren ingurumen kontrola buruzkoak hain zuzen. Erakunde honek 2014ko abenduaren 10eko ebazpena igorri dio Ingurumen eta Lurralde Politika Sailari, Bizkaiko Petronor S.A. enpresak petrolioa fintzeko egiten duen industria jardueraren gainean euskal herri-administrazioek daramaten ingurumen kontrolari buruzkoa. Ebazpen horretan zenbait kontu mahai gainean jarri dira, ingurumen ikuskaritza sistema hobetzeko eta industria igorpenen gaineko araudira egokitzeko. Horrez gain, konposatu organiko lurrunkorren eraginpean jartzearen gaia jorratu genuen –hala nola, bentzenoa, toluenoa-, baita kiratsa ere. Proposatu genuen beste mekanismo bat industria jardueraren ingurumen kontrolaren jarraipena egiteko mahai bat zen, ingurumen informazioa zabaltzeko tresna gisa eta proposamenak, salaketak edo ingurumen arloko legeria ezartzeko eta betearazteko aldarrikapenak aurkezteko bide gisa.
2014ko ekainean jazotako gorabehera baten ondorioz eta auzotarren elkarteak aurkeztutako salaketen eraginpean, aipatutako sailak zigortzeko espediente bat abian jarri zuen. Espediente hori ebatzi da 2015eko urriaren 5eko aginduaren bitartez eta 20.001 euroko isuna ezarri da 48 ordu naturalen epearen barruan eskumena duen aginpideari gorabeheraren berri emateko eginbeharra ez betetzeagatik.
2.4. Ingurumen inpaktuaren ebaluazioa eta baso-aprobetxamenduak arraseko mozketaren teknikaren bidez
Erreklamazio batek Urbaibaiko Erreserbaren barruan arraseko mozketa teknikaren bidez baso-moztearen ondoriozko ingurumen kalteak mahai gainean jarri zituen. Arartekoaren 2015eko uztailaren 3ko ebazpena. Horren bidez, Bermeoko Udalari iradokitzen zaizkio hainbat neurri, baso-aprobetxamendu baten soilketa egiteko hirigintzako lizentzia izapidetzeari dagokionez.
3. Gure esku-hartzea testuinguruaren barruan
3.1. Ingurumen babeserako neurriak ezohiko gasa erauzte aldera, haustura hidrauliko edo frackingaren bitartez
Eusko Legebiltzarrak ekainaren 30eko 6/2015 Legea onetsi du, ingurumen babeserako neurri gehigarriei buruzkoa, ezohiko hidrokarburoak erauzteko eta haustura hidraulikorako edo «fracking» delakoa.Arau honek frackingari lotutako ingurumen arazo larriak bildu ditu, baita lurraren berotzean duen eragina ere, berotegi-efektuko gasen gehikuntza dela-eta. Horregatik, euskal legegileak frackinga zalantzan jarri du apustu energetiko estrategiko gisa, une honetan karbono-aztarna baxua duen eredu energetiko baten aldeko apustua egitea beharrezkoa baita.Prebentzio ekintzaren eta zuhurtziaren printzipioak oinarritzat hartuta, lege horrek ingurumen babeserako zenbait neurri gehigarri onetsi ditu, hidrokarburoak esploratu, ikertu eta ustiatzeko.
Arau horrek Arartekoak 2011. urteko jardueran bildu zituen kontu jakin batzuk gaineratu ditu, zehatz-mehatz, Gran Enara hobian esploratzeko eta, ondoren, haustura hidraulikoaren sistema erabiliz hidrokarburoak erauzteko proiektuan euskal administrazioen esku-hartzeari eta gasa erauzteko sistema hori xedatu duten plan eta programen inguruan burutu den ingurumen ebaluazioari buruzkoa.
Erreklamazio horren ondorioz, Arartekoak 2012ko azaroaren 19ko ebazpena egin zuen. Bertan, ondorioztatu zen, haustura hidraulikoak, ohiko gas erauzketa sistemarekin alderatuz, ingurumenean dituen ondorioak, osasun publikorako arriskuak eta karbono-aztarna ikusita; esplorazio eta ustiapen fasea abian jarri aurretik eskumena duten herri-administrazioek proiektuen gauzatzean luzamendua onestea beharrezkoa dela. Luzamendu hori ezohiko hobietatik baliabide natural hori eskuratzeko erabaki estrategiakoaren gaineko ekonomia, gizarte eta ingurumen-balorazio bati lotuta egon beharko litzateke.
Arartekoak erantzun positiboa aurkitu du 6/2005 Legearen xedapenetan, frackingari buruzko ebazpenari dagokionez. Legegintzako herri-ekimen baten ondoriozko legearen izapidetzeari esker Eusko Legebiltzarrera erabat polemikoa den gai bat eraman da, haustura hidraulikoaren gaia alegia. Arau horrek gizarte eztabaidaren aukera barne hartzen du, hidrokarburoak esploratzeko teknika hori baimendu, ahalbidetu edo baliabideak esleitzen dituzten plan eta programen ebaluazio estrategikoaren bidez. Modu berean, arauak, haren hirigintzako eta ingurumeneko eskumen eremuaren barruan, zenbait murrizketa eta mugaketa ezarri dizkio teknika horri.
Arau horri dagokionez, estatuko gobernuak iragarri du konstituzio-kontrakotasuneko helegitea aurkeztuko duela, iritziak elkarbanatzeko alde biko kooperazio batzorde bat osatuz. Auzitegi Konstituzionaleko doktrina aipatu beharra dago. Izan ere, ekainaren 24ko 106/2014 Epaiaz geroztik hainbat lege autonomiko baliogabetu ditu, autonomia erkide horretako lurralde osoan haustura hidraulikoaren teknika erabat eta baldintzarik gabe debekatzen zutenak hain zuzen ere. Edozelan ere, epaiak hauxe xedatu du “La prohibición absoluta e incondicionada de una determinada técnica de investigación y explotación de hidrocarburos no puede decidirse por una Comunidad Autónoma. De la doctrina constitucional se infiere sin dificultad que, con la finalidad de protección del medio ambiente, la Comunidad Autónoma puede imponer requisitos y cargas para el otorgamiento de autorizaciones y concesiones no previstos por la legislación estatal, pero sin alterar el ordenamiento básico en materia de régimen minero y energético”.
Nabarmendu nahi dugu Euskadiko Energia Estrategia 2025 delakoaren berrikuspenean ingurumen ebaluazio estrategikoaren prozedura gaineratu dela, hau da, azaroaren 16ko 84/2012 Gomendioan berariaz eskatu genuen kontu bat.
Ebazpen horretan bertan, gizarte eztabaida garden eta irekiaren aukera aditzera eman genuen eta, horretarako, ezohiko gasaren inguruko mahaia sortzeko iradokizuna egin genuen. Ekonomia Garapen eta Lehiakortasun Sailak modu positiboan erantzun dio -2015eko otsailaren 13ko ofizioan- kontu horri. Hala, ezohiko gasari buruzko mahai hori sortzea egokia litzatekeela mahai gainean jarri zuen “siempre que este conformado por personas debidamente acreditadas a nivel técnico y competentes en la materia, con el objetivo de que el tratamiento de las cuestiones que se debatan en la misma se realice de manera objetiva, rigurosa, trasparente y científica”.
3.2. Ingurumen kalitatearen arauak biztanleria hornitzea xede duten uretan
Barakaldoko Ezpitsua plataforma ekologistak zenbait gorabeheraren berri eman zigun Bizkaiko Oiola urtegiko uren ingurumen kalitateari lotuta. Zehazki, plataformak adierazi zuen URA-Uraren Euskal Agentziak 2013-2014an egindako laginketa-kanpainan HCH izeneko kutsatzailearen hondarrak aurkitu zirela Oiolako urtegira sartzeko jariatzean ezarritako laginketa-puntuan. Kexan deskribatutako kontuak eta administrazio horien eskutik jasotako informazioa aztertu ostean, Arartekoari egokia iruditu zitzaion 2014ko maiatzaren 5eko iradokizuna helaraztea, bai Osasun Sailari, bai URA-Uraren Euskal Agentziari, edateko ura biltzeko erabilitako uren kalitatea kontrolatzeko prozedura bat ezar zezaten, 2000/60/CE Zuzentarauaren 7.2. artikuluak jasotako baldintzekin bat eginez.
Gai horri dagokionez, aipatu beharra dugu irailaren 11ko 817/2015 Errege Dekretua duela gutxi onartu dela. Horren bidez, gainazaleko uren egoera jarraitu eta ebaluatzeko irizpideak eta ingurugiro kalitatearen arauak ezarri dira. Beste kontu batzuen artean, errege dekretu horrek Hidrologia Plangintzako Araudia onetsi duen uztailaren 6ko 907/2007 Errege Dekretuaren 35.c artikulua aldatu du –ingurumen helburuak eremu babestuetarako-. Artikulu horrek gaineratu du edateko ura ekoiztea xede duten urek ingurumen kalitateko arauak bete behar dituztela eta, arazteko prozesuaren ostean, gizakien kontsumorako uraren kalitateari lotutako irizpideak ere.
Araudi horren lehenengo balorazioa egiterakoan pentsa dezakegu araudiaren xedapen berri horiek UEZren (Uraren Esparru Zuzentaraua) 7.2. artikuluan jasotako terminoak modu argiagoan eta egokiagoan lekualdatu dituztela. Dena den, Euskal Autonomia Erkidegoko edateko ura biltzeko erabiltzen diren uren kalitatea kontrolatzeko prozeduretan kalitate irizpide bikoitza (osasunekoa eta ingurumenekoa) gaineratzeko eta exijitzeko beharra nabarmendu beharko luke.
4. Araudi- eta gizarte- testuingurua
Aipatutako ekainaren 30eko 6/2015 Legeak, ezohiko hidrokarburoak erauzteko prozesuan eta haustura hidrauliko edo «fracking» delakoan ingurumena babesteko neurri osagarriei buruzkoak, lur eta hirigintzari buruzko ekainaren 30eko 2/2006 Legearen 28. artikulua aldatu du, lurzoru urbanizaezin bezala sailkatutako lurrari dagokion 7. puntu berri bat sortuz, non haustura hidraulikoaren teknologia baimenduta ez dagoen eremuko ezaugarri geologiko, ingurugirokoak, paisaiaren ingurukoak edo sozioekonomikoen gainean ondorio negatiboak izan ditzakeenean. Halaber, urari buruzko ekainaren 23ko 1/2006 Legearen 29.1. artikuluak hidrokarburoak ustiatzeko haustura hidraulikoaren teknikaren erabilera debekatu du, EA
Eko akuiferoen kutsadurari lotutako zaurgarritasun mapan zaurgarritasun ertaina, altua edo oso altua ataletan sailkatu diren esparruetan.
Lurzoruaren kutsadura prebenitzeko eta zuzentzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legeak lurzoruaren kutsadura prebenitzeko eta zuzentzeko otsailaren 4ko 1/2005 Legea berrikustea eragin du.
Eusko Jaurlaritzak Klima Aldaketaren aurkako 2050erako Euskal Estrategia onetsi zuen 2015eko ekainean. Agiri horren helburua 2050. urterako gure negutegi efektuko gasen isurketa %80 murriztea da 2005. urtearekin alderatuta eta energia berriztagarrietatik datozen kontsumitutako azken energia kopurua %40 handitzea.
5. Jarduera-planaren esparruko bestelako esku-hartzeak
5.1. Ofiziozko jarduerak
Ofiziozko jarduera bat abian jarri dugu Mundakako olatua babesteari lotuta 2015ean sortu zen gatazkan tartean zeuden alderdien ingurumen parte-hartzea eta informazioa zabaltzea sustatzeko helburuarekin. Surflari eta elkarte ekologistez osatutako talde batek Ibarrangeluko itsasbazterreko harearen mugimenduek izan duten ingurumen inpaktua ebaluatzeko eskatu dute, baita Mundakako ezkerreko olatuan duen eragina murrizteko neurriak har daitezen ere. Ingurumen Ministerioa lan batzorde bat sustatu du eta, bertan, eremu horretako udalek ere parte hartu dute, baita Bizkaiko Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak ere. Batzorde horretan Azti Tecnalia delakoaren txostenak aurkeztu dira eta, Urdaibaiko Patronatuarekin batera, esku-hartze plan bat adostu da. Testuinguru horretan, zenbait elkartek azpimarratu dute Mundakako barraren gainean ikerketa lanak egitea beharrezkoa dela eta haren babesa sustatu behar dela. Beste kontu batzuen artean, euskal aginpideei eskatu diete Mundakako barra “Interes Kulturaleko Ondasun” edo “Esparru Natural Babestutzat” jo dezaten, kultura ondarea eta ondare naturala babesteko legeriarekin bat eginez.
5.2. Bilerak elkarteekin
Lankidetza esparru hori erreklamazio zehatzak aurkeztuz, aldian behingo bilerak eta dibulgazio jardunaldiak eginez garatzen da, baita teknologia berriak erabiliz ere, hala nola, Arartekoaren ingurumen foroa.
Harremanen testuinguru horren barruan, nolabaiteko harreman izan dugu ondorengo elkarte auzotar eta ekologistekin: Mutriku Natur Taldea, Ekologistak Martxan, Ezpitsua, Eguzki eta Cokeren Kontrako Koordinadora osatzen duten zenbait talde eta elkarte.
Euskal Autonomia Erkidegoan ingurumenari lotuta dauden elkarteekiko harremanaren atalean, 2015. urtean, Euskadiko Greenpeace boluntariotza sareko pertsona taldea ezagutzeko aukera eduki dugu, arrantza iraunkorraren eta gure kostaldean plastikozko hondakinak biltzearen aldeko jarduerak sustatzen dituen Mater ontzi museoa “hondakinak arrantzatu” delakoarekin burutu den kanpainaren testuinguruan.
Ingurumen arloan erabiltzen dugun beste komunikazio tresna bat Arartekoaren ingurumen foroa da. 2015. urtean zehar, 14 elkarterekin funtzionatzen jarraitu du. Urteko balantzearen arabera, blogak 3.000 bisita baino gehiago eduki ditu eta 10 sarrera berri gaineratu ditu.
5.3. Bilerak administrazio eta zerbitzuekin
2015. urtean zenbait bilera egin ditugu Euskal Autonomia Erkidegoko fiskaltzen atalekin, zehazki, ingurumen arloko ardura zutenekin. Bilera horien xedea, lurralde bakoitzeko bana, bi erakundeok ingurumenaren eremuan garatzen dugun lana ezagutzea izan da, baita arlo horretan lankidetza teknikoa burutzeko aukeraren gaineko balorazioa egitea ere. Hiru lurraldeetan egindako bileretan harremana mantentzea erabaki dugu informazioa, dokumentazioa eta Arartekoaren ebazpenak trukatze aldera, bai eta bi erakundeentzat interesgarriak izan daitezkeen ingurumen arloko gaiei lotuta garatzen diren ekitaldi edo jarduerak partekatzeko ere.
2015eko otsailean arartekoa Eusko Legebiltzarreko Ingurumen eta Lurralde Politika Batzordearen aurrean agertu da Petronor enpresaren jardueraren inguruan administrazioak duen jarreraren gainean duen iritzia azaltzeko.
Mutrikuko Udalarekin bilera bat izan dugu Mundakako olatuaren babesari buruzko kexan burutu duen jarduerari lotuta. Horrez gain, Bilbao Bizkaia Uren Partzuergoko ordezkariekin bildu gara, Sestaoko Galindoko Hondakin Uren Araztegiaren inguruan kirats eta intsektuen ondoriozko eragozpenek eragin duten erreklamazio bat jorratzeko.
Amaitzeko, Donostiako Cristina Enea fundazioaren Iraunkortasunaren Behatokiarekin egindako bilera bat azpimarratu nahi dugu.
5.4. Iritzi artikuluak eta erakundeen adierazpenak
Ingurumenaren Nazioarteko Egunaren harira, Arartekoak adierazpen instituzionala egin zuen. Aurten eslogana gure ikuspegi partikularrean kontzentratu da 7 mila milioi amets. Planeta bakarra. Neurriz kontsumitu.
Otsailean ospatu zen pobrezia energetikoaren Europa mailako astean, artikulu bat argitaratu genuen zenbait komunikabideetan “Pobrezia energetikoaren gaineko gizarte eztabaidaren alde”. Hala, Ararteko erakundeak pobrezia energetikoaren aurkako euskal estrategia ezartzeko beharra zabaldu du.
“Sinfonia klimatikoaren bila: Klimari buruzko goi-bilera Parisen” izenburua duen artikuluan Parisen egin den aldaketa klimatikoari buruzko Nazioarte Esparru Hitzarmenaren alderdien XXI. Konferentziaren (“COP 21” akronimoarekin ezaguna) gaineko erreferentzia egin dugu .
6. Herritarren eskubideen egoeraren balorazioa
• Herri-administrazioek jarraitu behar dute ingurumen informazio eskaerak modu azkarrean, lehentasunez eta indarrean dagoen legerian xedatutako hilabeteko epean (gehienez ere) izapidetzeko eta ebazteko eginbeharra betetzen. Horretarako, euskal herri-administrazioei bitarteko tekniko eta elektroniko nahikoak esleitu behar zaizkie legeria horren ondoriozko eginbeharrak bete ditzaten. Legezko betebehar horren osagarri gisa, interesgarria izan daiteke beste formula batzuk bilatzea informazio nahikoa helarazteko eta ingurumen arloko gaietan interesa duten elkarteen partaidetza hobetzeko.
• Herri-administrazioek ingurumen informazioa modu aktiboan zabaltzea ingurumeneko zenbait elementuren egoerari buruzko datuak helarazteko aukera bat da, airea, atmosfera, ura, lurzorua, lurra, paisaiak eta esparru naturalak besteak beste. Testuinguru horretan modu positiboan baloratu dugu Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politika Sailak Arartekoak egindako iradokizunari emandako erantzuna. Iradokizun horretan herritar batek neurtzeko kabinen datuei lotutako informazioa hobetzeko egin zuen proposamena jaso zen.
Arduradun publikoek ahaleginak egiten jarraitu behar dute webgune horietako erabiltzaileei argibideak eta laguntza teknikoa eskaintzeko, euren ingurumen arloko eskubideak gauzatuz.
• Jarduera kutsatzaileen ingurumen kontrola ez da soilik burutu behar zarata, kirats edo bestelako eragozpenen ondorioz eragindako pertsonek aurkezten dituzten salaketen ostean. Eskumena duen administrazioak modu planifikatuan esku hartu behar du, ingurumen zaintza eta ikuskapen programen bitartez. Esku-hartze publikoa modu koordinatuan gauzatu behar da, ingurumenaren eta pertsonen osasunaren babesean batera jarduten duten administrazio eta erakunde guztien artean. Horretarako, ez-betetzea gertatzen den une zehatzean, eginbeharren betetzea egiaztatu ahal izateko bitarteko tekniko eta pertsonal nahikoak eman behar dira.
• Ingurumen gatazketan herritarren parte-hartzeari dagokionez, topaketa guneak sortzeko proposamena azpimarratu nahi dugu berriz ere, ingurumen kontrolean eskumena duten herri-administrazioek parte hartu dezaten, jarduera kutsatzaileenen funtzionamenduaren titular edo arduradunekin eta interesa duten herritarren elkarteekin batera.