4.6. Talde tesiak
Ikerketaren xedeari erantzuten dio talde bakoitzak. Antzeko gidoiarekin aurkeztu zaie talde guziei helburua, betiere eraginpeko eremu bereziak ematen duen diskurtso berezia sortuz.
Espezifikotasun hori desegin egingo da esanahi-nukleoaren adostasunaren inguruan, baina interesgarria da aparteko ekarpen gisa jasotzea, baita gida ere. Gida horretan biltzen dira taldeek ulermenerako izan litzaketen gakoak eta gertaera berari aurre egiteko estrategia desberdinak buruko gaixotasuna espetxeen eremuan.
Ez litzateke egiazkoa izango testuinguruak irudipenetan duen eraginaren balorazioa aintzat hartzen ez duen edozein azterketa. Hori abiapuntu izanik eta espetxeen eremuak, erabateko erakunde gisa, parte hartzen duten eragile guztiei eragiten diela jabetuta, gure ustez talde bakoitzak fenomenoari buruz duten irudipen espezifikoa azaltzen duten zenbait gako aipatuko ditugu. Gako horien bidez, talde bakoitzaren zatizko ikuspegia interpreta daiteke, eta erraztasunak ematen dira egoera globala ulertzeko eta guztiaren gaineko baterako ikuspegi koherentera hurbiltzeko.
OSASUN TALDEA
Hitz gakoa: azalpena
Osasun ikuspegiak irudipen sakona ematen du buruko gaixotasunak espetxeetako lanaren xede gisa duen garrantziaz.
Klinika arloa adierazteko eta tratamendu psikologikoa eta farmakologikoa ezartzeko baliabidetzat hartzen du espetxe eremua.
Ezkorra da buruko gaixotasunaren bilakaeraren gaineko espektatiben aldetik, batez ere buruko nahasmendu larriaren inguruan, dela esperientzia klinikoa beragatik, dela espetxetik irtendakoan gizartean dagoen ingurunearen ezaugarriengatik. Izan ere, ezegonkortasuna dakar ingurune horrek.
Badago buruko gaixotasuna izatearekin loturiko ahultasunaren inguruabarrekin uztartzen den erantzukizunari buruzko azalpena. Ongintza izaerakoa da laguntza emateko modua, paternalista, jokabideak patologian oinarrituta azaltzen saiatzen dena.
TALDE TEKNIKOA
Hitz gakoa: normalizazioa
Epaile, auzitegiko mediku eta espetxeen arloko zenbait gairen nukleoa dago, eta horien bidez kokatzen da buruko gaixotasuna duen pertsonarentzako erabaki penal eta administratiborik hoberenak hartzeko ahalmena kanpoan (aparatu judiziala, sanitarioa...), hain zuzen buruko gaixotasunak espetxeen eremuan duen gero eta presentzia eta garrantzi handiagoa den egoera honetan.
Autonomia eta mendekotasun irizpideak sartu dira buruko gaixotasuna duen presoaren balorazioan, eta haren estatusaren normalizazioa proposatzen da egonkortasun eta begirune gisa.
Buruko gaixotasunean oinarritutako zenbait jokabide gehiegi justifikatzearen gaineko irudipena dago, batez ere zenbait diagnostikoren inguruan (nortasunaren nahasmenduak).
Espetxeekin lotutako estigma instituzionala determinantea da kanpoko harremanak eta komunikazioa aldatzeko, eta normalizazioa galarazten du.
BARNEKO FUNTZIONARIO TALDEA
Hitz gakoa: heldutasuna
Beren funtzioen rolari eta ezaugarriei buruzko talde gogoeta eta teorizazio handia dago.
Agintaritzaren erregimen-printzipioak baldintzatzen du taldearen esku-hartzea.
Berezko rol enpirikoa dago, betiere zentzuzko jokabidean, trebetasunen erabileran eta konbentzitzeko eta argudioak emateko gaitasunean oinarrituta.
Buruko gaixotasunaren inguruko prestakuntza zabalago baten eta buruko gaixotasuna duten presoek kasu batzuetan dituzten inguruabarren gaineko informazioaren falta sumatzen da, baina autokritika zuzena eta erantzukizuna dago buruko gaixotasuna duen presoaren eboluzio onean duen eginkizunaren inguruan, hain zuzen espetxeak bizikidetza-gune bihurtzeko eragile nagusiak diren aldetik.
IBAIONDO ADINGABEEN ZENTROKO TALDEA
Hitz gakoa: lotura
Zentrotik irten ondorengo konpromiso aktiboa eta zaintza-lanen jarraikortasuna funtsezkotzat jotzen da planteamenduetan, batez ere zentroko egonaldia bukatutakoan baliabide espezifikoen sare urriak dakarren frustrazioagatik, emantzipazio prozesuaren tirabirez eta babesik ezaz gain.
Adingabeengana hurbiltzeko eta ulertzeko paradigma hezkuntzaren, prestakuntzaren eta psikologiaren arlokoa da. Ildo horretan, jarrera proaktibo handia dago baliabideak bilatzeko nahiz informazioa lortzeko.
Hezkuntza proiektuaren osotasunak hurbileko estiloa ematen du, loteslea, lanerako tresna nagusi gisa.
PRESO TALDEAK
Hitz gakoa: egokitzapena
Askok uste dute buruko gaixotasuna bizitzako aurretiazko inguruabarren emaitza dela.
Espetxean sartzeak oso ondorio psikologiko handiak dituen bizitzako inguruabarra dakar, batik bat ohiko ingurunetik urruntzearekin eta bakardadearekin lotua.
Kritika handia dago arazoa soilik medikamentuekin tratatzen delakoan, ingurune berrira egokitzearen ondoriozko sintoma psikologikoak ulertu gabe.
Nolabait ezkutatu egiten da sintomatologia psikiatriko larria, baina tolerantziaren eta begirunearen aldetik tratatzen direla ere aipatzen da.