4. Gazteen justizia zerbitzuetako erabiltzaileengan esku-hartze eraginkorrak egiteko proposamena eta azterketa
Gure inguruko gazte justiziaren zerbitzuak erabiltzen dituzten adingabeak artatzen dituzten profesional desberdinen iritzi kualifikatuak jaso dira hasteko (ikastetxeetako hezitzaileak eta langileak barne eta psikologia eta psikiatria arloko buruko osasuneko profesionalak).
Zentro hauetako profesional batzuei egin zaizkie elkarrizketak:
a) Aramaioko Txema Fínez Ikastetxeko heziketa arduradun eta koordinatzaileari.
b) Gasteizko-Osakidetzako COTA Adikzioen Zentroko psikiatria buruari eta erizaintza buruari.
c) Basurtoko ospitaleko haur eta gazteen akutuen unitateko psikiatria buruari.
Profesional hauekin izandako topaketak eta lortutako datuak erabilgarriak izan dira gazte justiziaren zerbitzuetan adingabe hauek planteatzen dituzten arazoak eta zailtasunak identifikatzeko:
Gazte justiziaren zerbitzuetako erabiltzaile adingabeen prebalentzia altua buruko nahasmendu diagnostikoarekin (edo susmoa).
Patologia psikiatrikoa behar bezala ez diagnostikatu.
Patologia psikiatrikoa dutenei heltzeko zailtasun oso handiak.
Jasotzen duten arreta ez dela nahikoa uste da oro har.
Diagnostikoa egiteko eta horri heltzeko trebakuntza eta espezializazioa behar dela uste da oro har.
Orain arte aipaturiko datuak berretsi besterik ezin ditugu egin. Ebaluazio psikopatologiko egokia ezinbestekoa da diagnostiko egokia egin eta tratamendurik egokiena eskaintzeko. Askotan denbora gehiegi igarotzen da adingabea identifikatu eta dagokion haur eta gazteen dispositibo psikiatrikoetara igorri arte; parte hartze goiztiarra izateko aukera galtzen da. Zentzu honetan bereziki garrantzitsua da sintomatologia psikotikoaren diagnostikoa, horrek eragina izan baitezake adingabeari ezer egozteko gaitasunean.
Lehen mailako prebentzioa egiteko, ebaluazio sistematiko egokia behar da eta buruko nahasmendua izateko arriskua duten adingabeak hautemateko aukera egon daiteke. Gogoan izan behar dugu familian aurrez buruko gaixotasunak
egotea, substantzia sorgorgarriak kontsumitzea eta marjinaltasuna (oso ohikoak gazte justiziaren zerbitzuetako erabiltzaileetan), buruko nahasmenduak agertzeko arrisku altuari lotuta daudela. Zentzu honetan, bereziki interesgarria da adingabe bakoitzaren inguruko eta familiako hainbat faktore aztertzea. Subjektuaren ezaugarri pertsonalak eta familiaren funtzionatzeko estiloa behar bezala aztertu eta islatu behar dira. MMPI-A (Minnesota Multiphasic Personality Inventory) edo MACI (Millon Adolescent Clinical Inventory) bezalako tresna psikometrikoak lagungarriak izan daitezke arriskuko nortasunaren ezaugarriak, substantzien erabilera eta adingabeak delinkuentziarako duen joera identifikatzeko.
Gazte justiziaren zerbitzuko profesionalak behar adina trebatuta egon behar dira gorabehera horiek hautemateko (eta lehen instantzian heltzeko). Gazte justiziaren zerbitzuko erabiltzaile adingabe hauetan buruko nahasmenduen prebalentzia oso altua den arren, gaur egun ez dira erabat ezagutzen (bereziki klinikari eta tratamenduari dagozkionez).
Ondorio hauen arabera, buruko osasunaren sare normalizatuaren barruan arreta kualifikatua eta berariazkoa (integrala, osasuneko hezitzaileak eta profesionalak barne hartzen dituena) garatu eta abian jartzeko planteatzen dugu, adingabe hauek osasun hobea izan dezaten (diagnostiko goiztiarrean eta berariaz heltzean arreta berezia jarrita) eta profesionalen lana optimizatu dadin; horretarako, hauen berariazko trebakuntza planteatzen dugu (hezkuntza arloan, osasun arloan eta arlo judizialean) eta biztanleriaren sektore hau artatzeko tresnak eta prozesu parte hartzaileak ezartzea (ikus 18. gomendioa).