Gizarte zientzien arloan, maiztasunaren ikuspegitik azter daitezke gertaerak, edo objektibo bihurtu daitezkeen beste parametro batzuen arabera (metodologia kuantitatiboaren ardura da hori), edo gizartearen iritzietan eta irudikapenetan duten esanahiaren aldetik (metodologia kualitatiboaren ardura da hori).
Gizakiaren jarduera oro hizkuntzaren eta hizketaren bidez egiten denez gero, me
todologia kualitatiboa erabil dezakegu gizarte errealitatearekin lotutako edozein gertaera ikertzeko, horien artean osasuna eta gaixotasuna.
Buruko osasunaren arloko zenbait azterlanetan (E. Goffman, Barnetegiak. Buruko gaixotasuna dutenen gizarte egoerari buruzko saiakerak), osasun arazoak ikuspegi biomedikoekin edo soilik ikuspegi kuantitatiboekin inolako zerikusirik ez duten ikuspegietatik aztertzea komeni dela aipatzen da; komeni bakarrik ez, beharrezkotzat ere jotzen da. Subjektibotasuna (ikerlariarena eta ikertuena) aztergai hartzeak, inolako zalantzarik gabe, aurrerapen kualitatiboa ekarri zuen erakundeen funtzionamenduaren ezagutzan eta pertsonen osasunean dituen ondorioetan.
Arlo soziosanitarioaren mugako lurraldea eremu egokia da proposamen me
todologiko kualitatiboak erabiltzeko, are gehiago kontuan hartzen bada azterketa kualitatiboetan azaldu ez den zenbait ondorioren premiazkotasuna: egonkortasun instituzionala arriskuan jartzen duten eta maiz hedabideetara “mezu negatibo” gisa irizten diren aurkikuntzen gizarte garrantzia, partaideekiko jarrera konprometitua, ikerketaren eginkizunetik harago doan eta zenbait teknika kualitatibo dakartzan ondorio terapeutikoak, etab. Gainera, kritikoa izatea ahalbidetzen dio ikuspegi kualitatiboak ikerlariari. Horri esker, osasunaren eta espetxearen arloetan maiz izaten diren inertziak hausteko modua dago.