3. Testuinguruaren azterketa
a) Espetxeratze-tasa altuak
Azken urteetan Zigor Kodea apurka-apurka gogortzen joan dela ikusi ahal izan dugu eta, ondorioz, Espainia Europar Batasunean biztanleria osoarekiko pertsona preso gehien duen herrialdeetako bat bihurtu da, Europako espetxeratze-tasa altuenetakoa bertan egonik. Barne Ministerioak argitaratutako azken datuen arabera, 2013ko abenduari dagozkionak, Espainiako espetxeetako biztanleria gaur egun 66.765 pertsonakoa da. 2013ko abenduaren 17an, Euskal Autonomia Erkidegoko espetxeetan 1.430 pertsona zeuden preso. Harritzekoa da espetxeratze-tasa altuak ez izatea harreman zuzenik delitu-kopuru altuarekin: seguru esku, gehiegi erabiltzen da egoera jakin batzuen aurrean espetxea erantzun gisa aplikatzeko aukera (ikus II).
b) Presoen profila: gizarte-bazterkeria
Espainiako espetxeetako biztanleriaren profil nagusia honakoa da: gizonak (%92, emakumeen %8aren aldean), 31 eta 40 urte artekoak, gizarte-bazterkeria egoeretatik datozenak (arazoak dituzten familiak, ikasketarik eta lan-kualifikaziorik gabeak, osasun fisikoko eta buru-osasuneko egoera kaltetuak...). Emakumeak eta etorkinak ahulezia-egoera bereziko egoeran daude (ikus II).
c) Biztanleria presoaren ia erdiak asaldura mentalen bat dauka
Espainiako Espetxeetako Buruko Gaixotasunen Prebalentziari buruzko txostenak (PRECA azterlana), Espainian espetxeetako buruko gaixotasunen prebalentziari buruz egindako hedatuenak eta 2011ko ekainean argitaratutakoak, berariaz azpimarratzen du patologia psikiatrikoaren prebalentzia Espainiako presoen artean 5 aldiz altuagoa dela gainerako biztanleriaren aldean. Halaber, datu kezkagarriak adierazi ditu: 10 presotik 8k buruko nahasduraren bat jasan dute beren bizitzan zehar.
Aipatu den PRECA ikerlanaren arabera, bai eta Zigor Erakundeetako Zuzendaritza Nagusiak 2007ko ekainean argitara eman zuen txostenaren arabera ere, Espainiako espetxeetan preso dagoen biztanleriaren ia erdiak asaldura mentalen bat dauka. Azpimarratzekoa da, era berean, buruko nahasduraren bat daukaten pertsonen %8k soilik ez daukala substantziak erabiltzearen ondoriozko nahasdurarik edo nortasun-nahasduren prebalentzia handia dagoela: aztertutako laginketatik %80 inguruk gutxienez nortasun-nahasdura bat zuen. Gazte Justiziako Zerbitzuak erabiltzen dituzten adingabeen artean, halaber, patologia psikiatrikoen prebalentzia altua dago (ikus III).
d) Zergatik amaitzen dute espetxean buruko nahasdurak dituzten hainbat pertsonek? Gakoetako batzuk
Zigor-kausa bat tramitatzean, sarritan OHARKABEAN doa inputatutako pertsonak buruko gaixotasun bat duela, gaixotasun horren jakitun ez delako, esku hartzen duten agenteek prestakuntzarik ez dutelako, azkar auziperatzen delako, pertsona gaixoak eta baztertuak babesik gabe daudelako…
Beste batzuetan, buruko gaixotasunaren egoera an
tzematen da, baina ezin da egiaztatu gaixotasun horrek delitua egozteko ezintasuna sortzen duenik. Kasu honetan garrantzi berezia dauka nortasun-nahasduren egoerak, gai honetan izan dezakeen eraginaren diagnostiko partekaturik ez duenak.
Azkenik, eta seguru asko legezko arauketa urri eta mugatzailearen ondorioz, nabarmentzekoa da organo judizialek segurtasun-neurriak urritasunez aplikatzen dituztela, Zigor Kodeko 95. artikuluari eta hurrengoei dagokienez. Horien arabera, beren buru-nahasduraren ondorioz gaitasunak murriztuta dituzten pertsonek egiten dituzten delituetan an
tolamendu juridikora jotzen da eta beren zigor-erantzukizuna espazio terapeutikoetan bete dezakete, espetxean beharrean (ikus VI.1).
e) Espetxea, toki kontraindikatua
Espetxea ez da espaziorik egokiena buruko psikopatologiak dituzten pertsonak tratatzeko. Izan ere, sintoma jakin batzuk aktibatzen ditu, aurretiazko buru-nahasdurak larriagotzen ditu (estresa sortzen duelako, nahitaezko bizikidetza eragiten duelako, presoak isolatuta daudelako, jarduerarik ez dutelako...) edo beste nahasdura batzuk sortzen ditu, batez ere egokitzapenaren arloan. Gaixoa bere osasunerako kaltegarria izango den espazio batean sartzean da, eta, orokorrean, ez du tratamendu-programa bereziak eskuratzeko aukerarik izango. Ondorioz, zigorraren izaera samingarria areagotu egingo da eta erkidegoan integratzeko edozein mekanismotik aldenduko da (ikus VI.3).
f) Segurtasun-neurriak sustatzeko beharrizana
Horren harira, beharrezkoa dirudi segurtasun-neurrien aplikazioa sustatzea, baldin eta espetxera sartzea eta horrek eragin ditzakeen ondorio kaltegarriak saihestu nahi badira, eta, horrela, zigor-sistema bidezkoagoa eta eraginkorragoa eskaini nahi bada, era aktiboagoan parte hartuko duena prebentzioa lantzen duten erkidego-politiketan eta buruko gaixotasunak dituzten pertsonen integrazioa sustatuko duena, bazterkeria-egoera nabarmenenak dituzten pertsonek bereziki jasaten duten zurrunbiloa saihestuz [ikus VI.2.c)].
Adierazi den bezala, segurtasun-neurrien aplikazioa urria da. Horixe diote datuek: 2013ko abenduaren 10ean EAEn psikiatrikoetan sartzeko 36 segurtasun-neurri soilik zeuden (Bizkaia: 18, Araba: 8 eta Gipuzkoa: 10), eta horiek guztiak erkidego-sareko ospitale-unitateetan betetzen ari dira. Gainera, 4 pertsona ari dira segurtasun-neurriak betetzen autonomia erkidegoko espetxeen barruan. Espetxeetan betetzen ari diren barneratze-neurrien portzentaje urriak (36tik 4) zera pentsarazten du, paziente psikiatrikoen egokitzapen-maila egokiak daudela, ospitale-unitateetako tratamendu-erregimenen zigorrak betez, inguru terapeutiko normalizatu, errehabilitatzaile eta integratzailearen onurak jasoz [ikus VI.2.c)1)].
g) Zer da PAIEM?
Buruko osasun-arazoek espetxeetako biztanleriaren artean duten prebalentzia ikusita, espetxeen Administrazioak PAIEM izeneko programa egin zuen (Espetxeetan Buruko Gaixoei Arreta Integrala Emateko Esparru Programa), eduki teoriko oso zabala baina aplikazio praktiko urriagoa eta desberdinagoa duen esparru programa gisa (ikus V).
PAIEMen dagoen pertsona-kopuru urriak (Langraiz: 33; Basauri: 18; Martutene: 7) agerian uzten du programa honek, gaur egun, ez dituela barne hartzen eta artatzen buruko gaixotasunak dituzten preso guztiak eta ez dituela kontuan hartzen gizarteratze-irizpide argiak. Nahasdura psikotikoak dituzten pertsonei zuzentzen zaie bereziki, nahiz eta ez dituen horiek guztiak barne hartzen, eta, orokorrean, bestelako nahasdurak kanpo geratzen diren, zehazki nortasun-nahasdura komorbidoak, substantzia-erabilerengatiko nahasdurekin, horiexek izanik patologia nagusiak.
Edukiari dagokionez, talde teknikoaren eskutik jarraipen biziagoa eskatzen du, jarduera eta modulu egokiak eskuratzeko erraztasunak eman behar baitzaizkie. Hala ere, ez dago talde honentzako berariazko jarduerarik eta esku-hartze psikoterapeutikoak urriak dira. Baina PAIEMek daukan gabezia nagusia espetxearen barrura enfokatuta egotea da, hau da, sintomei eustea eta pazientea ingurura egokitzea lantzen dira bereziki, hori guztia batez ere farmakologiaren bidez. Hala ere, pertsonak kanpoan duen prozesuarekin konektatzeko ikuspegi zabalagoaren falta nabari da.
h) Ate birakaria
Berariazko baliabideen falta, daudenen gaineko ezagutza falta eta espetxeetatik datozen pertsonak hartzeko mesfidantza, osasun-sareak buruko gaixotasunak dituzten pertsonentzako gailuen bidez jarriak, zailago bihurtzen dute paziente hauen integrazioa, espetxearen barrutik kanporako aldaketa bereziki konplikatzen delarik. Hori guztia dela eta, batzuetan behar baino gehiago luzatzen da espetxeetan ematen duten denbora edo beren arazoari erantzuteko prestakuntzarik ez duten baliabideetara bideratzen dira; beraz, abandonatuta, eskean, berriz eroriz eta espetxera bueltatuz amaitzen dute. Zigor-sistemaren zurrunbilo inkongruente batean sartzen da pertsona (“ate birakariaren egoeran”) eta delituak eta espetxeratzeak batzen ditu. Egoera horren aurrean, zigor-sistemak edo osasun-laguntzak ez dute zurrunbilo hori eteteko modurik aurkitzen, inporta duen gauza bakarra espetxearen eragin bereizgarria dela ematen duelarik, arau-haustea egin duen pertsona gaixoa gizartetik ateratzen baita.
Ildo horretatik, Osakidetzaren eta Espetxe Erakundeen arteko koordinazioa lantzea ezinbestekoa da, maila guztietan, barruan nahiz kanpoan, espetxea eta erkidego-sarea lotuz.