II. ATALA . Sarrera: espetxeetako biztanleriaren karakterizazioa
Estatuan askatasuna kendu dioten pertsona-kopurua era kezkagarrian areagotzen ari da azken urteetan, zigor-sistema apurka-apurka gogortzen joan delako.
Zehazki, 2000. urtean espetxean zeuden 45.000 pertsonatik 76.000tik gorara igo zen 2010. urtean, hau da, hamarkada batean %70 inguruko igoera egon zen.
Azken bi urteetan pertsona presoen kopurua jaitsi egin da, funtsean, Zigor Kodearen erreformari buruzko 5/2010 Lege Organikoaren bidez egindako erreformen ondorioz. Azken horrek jaitsi egiten ditu osasun publikoaren kontrako delitu jakin batzuen zigorrak, baldin eta azken horiek proportzionaltasunaren printzipioaren kontra egiten bazuten.
Hala ere, Espainia Europar Batasunean biztanleria osoarekiko pertsona presoen kopururik altuena duen herrialdeetako bat da oraindik ere eta Europako espetxeratze-tasarik altuenetakoa dauka (100.000 biztanle bakoitzeko 150 preso inguru).
Barne Ministerioak argitaratutako azken datuen arabera, 2013ko abenduari dagozkionak, Espainiako espetxeetako biztanleria gaur egun 66.765 pertsonakoa da.
Biztanleri presoaren banaketa, sexuaren arabera
GUZTIRA | 66.765 | 100 |
GENEROA | GUZTIRA | % |
Gizonak | 61.682 | 92,4 |
Emakumeak | 5.083 | 7,6 |
2013ko abenduaren 17an, Euskal Autonomia Erkidegoko espetxeetan 1.430 pertsona zeuden preso.
735 pertsona Araba espetxean.
365 pertsona Basauriko espetxean.
330 pertsona Martuteneko espetxean.
Harritzekoa da espetxeratze-tasa altuak ez izatea harreman zuzenik delitu-kopuru altuarekin.
Espainia espetxeetan pertsona gehien duen Europar Batasuneko herrialdeetako bat da, nahiz eta kriminalitate-tasa (delitu-kopurua mila biztanleko) herrialde europarretako batez bestekoaren azpitik dagoen. Azken urteetan kriminalitate-tasa 1.000 biztanleko 45 delitu ingurukoa izan da eta biztanleria presoa Europako batez bestekoaren bikoitza da, Italian, Frantzian edo Alemanian dagoenaren gainetik.
Berez, espainiar estatuko delinkuentziak beheranzko joera orokorra islatu du duela 20 urtetik, baina bere espetxeak Europako beteenak dira.
Ondorioz, baiezta genezake egoera jakin batzuen aurrean espetxea erantzun gisa aplikatzeko aukera gehiegi erabiltzen dela, hiritarren segurtasun-arrazoiek halakorik justifikatzen ez duten arren, dagoen politika kriminalak era neurrigabean jotzen baitu zigor-sistemara, eta, bereziki, espetxe-zigorrera, gizarte-arazoak ebazteko baliabiderik bidezkoena eta eraginkorrena ez den arren.
Espainiako espetxeetako biztanleriaren profil nagusia honakoa da: gizonak (%92, emakumeen %8aren aldean), 31 eta 40 urte artekoak, giro atsekabeetan bizi izan direnak edo gizarte-bazterkeriako egoeretan dauden familia-sistemetatik datozenak, prestakuntza urria dutenak eta lanbide-kualifikaziorik ez dutenak.
Pertsona hauetako asko analfabeto funtzionalak dira eta beste kopuru esanguratsu batek ez dauka lehen hezkuntzako ikasketarik edo ez ditu horiek burutu.
Osasun-egoera fisiko (IHESA, hepatitisa…) eta mental okerra izan ohi dute, jarraian azalduko dugun bezala.
Atzerritarrak espetxeetako biztanleriaren %32 dira. Gehien bat herrialdean bizitzeko egoitza-baimenik ez duten pertsonak dira eta kasu askotan zailtasunak dituzte hizkuntzarekin eta kanpoko babes-falta nabaria dute. Ondorioz, ahulezia-egoera berezian aurkitzen dira.
Emakumeek ere talde ahulenetakoa osatzen dute, beren kopuru urriak emakumeekiko esku-hartzea baldintzatzen baitu, bazterkeria sustatu ahala: askatasuna kendu dieten emakumeen tratamendurako giza baliabideak eta bitarteko materialak urriak dira (Bizkaian, esate baterako, ez dago emakumeen modulurik Basauriko espetxean). Gizonen espetxeetako establezimendu txikienetan eta hornidura txarrenetakoetan kokatzen dira.