5. LABURBILKETA
Atal honek Euskal Autonomia Erkidegoko eskubideen babesaren egoeraren balioespena biltzen du, hala eskatzen baitu Arartekoaren jarduna arautzen duen legeak. Legearen egitura Konstituzioak ematen dituen eskubide guztietan datza, baina, laburbilketa atala izanik, ez ditu Arartekoaren erakundearen ekintzek sorrarazten dituzten gai guztiak agortu nahi, logikoa denez.
Hori dela-eta, balorazio osatuagoak gainerako atalen gaineko jarraipena egitea ere eskatuko du, eta, batez ere, I. atalaren gainekoa. Izan ere, eremu bakoitzaren azterketan eremu material bakoitzeko benetako balorazioak biltzen dira eta kasu guztietan ez dira atal honetan laburbildu.
Halaber, bereziki behartsuak diren eta eskubideetan urradurak jasateko aukera gehiago dituzten talde batzuei eragiten dieten gaiak azter daitezke txostenen honen III. atala aztertuz.
Bestalde, V. atalari esker eskubide batzuk aztertu ahal izango ditugu, 2011n egindako txosten monografikoen bitartez edo lantze fasean daudenen bitartez.
Edonola ere, espero dugu atal honetan eta txostenaren gainerakoetan bildutako diagnostikoa lagungarri izatea botere publikoentzat herritarren eskubideen defentsan neurri zehatzetan sakontzeko, bereziki egungo krisi ekonomikoko egoera eta egoera horrek pertsonen eskubideetan duen eragina direla eta.