4.3. Ingurumen egokia izateko eskubidea
Espainiako Konstituzioaren 45. artikulua
"1. Herritar guztiek dute pertsonaren garapenerako ingurumen egokia izateko eskubidea, baita hura zaintzeko betebeharra ere.
2. Aginte publikoek baliabide naturalen zentzuzko erabilpena zainduko dute bizimodua babestu eta hobetzeko eta ingurumena konpontzeko, guztien elkartasun ezinbestekoan oinarriturik.
3. Aurreko atalean ezarritakoa urratzen dutenentzako, zigor penalak ezarriko dira legeak esaten duenaren arabera, edo behar denean zigor administratiboak ere bai, eta eragindako kaltea ordaindu beharko dute".
Ingurumenaren arloan jasotako kexa gehienak udal baimenen araubidearen pean dauden jarduera sailkatuen zarata, usain eta keen ondorioz herritarrek jasaten dituzten eragozpenen ingurukoak dira.
Kutsadura akustikoari dagokionez, kexa ohikoenak ostalaritzako establezimenduek –taberna, pub, jatetxe, txoko edo sozietate gastronomikoak– sorrarazten dituzten zaratek eragindako arazoen salaketak dira, establezimendu horiek ez dituztelako isolamendu akustikorako neurriak egokitasunez betetzen, edo musika ekipoen gehiegikeriazko erabilerarengatik.
Zenbait kexa jaso ditugu gazteen taldeek elkartzeko saltokiak edo lonja komertzialak gero eta gehiago erabiltzearen ondorioz sortzen diren zaratengatik.
Kasu askotan ikus daiteke, horrelako jarduerek eragindako eragozpenak arintzeko neurriak hartzerakoan, udalen partetik utzikeria edo gehiegizko pasibotasuna dagoela, eta hori kasuan kasuko jarduera- eta irekiera-lizentziak baimentzen dituen administrazioa izanda ere.
Hala eta guztiz ere, ezin dugu aipatu gabe utzi euskal udal askok emandako erantzun positiboa, neurriak hartu baitituzte tabernetatik edo diskoteketatik edo beste jarduera batzuetatik –arrandegiak, harakindegiak, sozietate gastronomikoak edo izozketa-tailer bat– heldutako zaraten inguruan izapidetutako kexen harira.
Bestalde, behar den irekitzeko edo jarduerarako lizentziarik gabe lanean ari diren jarduerak topatu ditugu, hain zuzen ere klandestinotzat jo beharko liratekeenak. Halakoetan, udal agintariek jarduera itxi lezakete, inguruabarrak direla-eta hori gomendagarria denean, interesdunari entzunaldia eman ondoren.
Aipagarriak dira ere Administrazioaren obra edo azpiegiturek eragindako zaratengatik erreklamatzeko egindako kexak.
Bidegi foru sozietateak konpromisoa hartu du, erakunde honek izapidetutako kasu bat dela-eta, bide azpiegitura batetik heldutako zarata arintzeko neurriak hartzeko.
Fenomeno berezia da partikularrek eragindako arazo eta eragozpenen hazkundea. Udalek, ordenantzen bidez, muga onargarriak gainditzen dituzten auzokideek eragindako zaratak zehapen gisa tipifikatu ditzakete.
Beste fenomeno berri bat izan da jarduera batzuen ingurumen-kontrolaren izapidetzean zehar gure esku-hartzeak eragin dituen gatazka sozialei dagokiena; horixe gertatu da, izan ere, erlijio musulmaneko kolektibo batzuek Bilbon eta Gasteizen kultu-egoitza berriak eskatu dituztenean.
Zoruaren kutsadurari eta kutsadura hidrikoari dagokienez, uren eta itsas bazterren kalitateari eragiten dioten isurketekin zerikusia duten kexak kontuan hartu behar dira, bai esparru publiko hidraulikoan, bai itsas-lehortarrean, eta zoruaren kutsadura biologiko eta kimikoetan oinarritutako ingurumenaren aurkako eraginak salatzen dituztenak ere.
Kutsadura elektromagnetikoak herritarrak kezkatzen ditu, energia elektrikoa zabaltzeko sareen, wifi bidez Internetera konektatzeko sistemen, telefonia mugikorraren eta telebistaren instalazio eta antenek eragiten dituzten uhinen emisioa dela eta.
Nahiz eta ezin den eremu elektromagnetikoek eragindako arriskua zehaztu ikuspegi guztiz zientifiko batetik, ezta osasunarekiko eragina ere, arauek eta ordenantzek babeserako neurri gehigarriak exijitzen ari dira. Gainera, Administrazioak esku hartu beharko du instalazioen legezkotasuna kontrolatzeko, arau-emaileak diren indarrean dauden araudia eta udal ordenantzak kontuan hartuta.
Guraso-talde batek planteatu du ez daudela ados nahitaezkoa izatearekin, Eskola 2.0 programaren barruan, wifi sare baten bidezko haririk gabeko konexioa edukitzea.
Gomendio orokor bat egin da, non adierazten baita beharrezkoa dela administrazio publikoek parte hartzeko mekanismoak susta ditzatela, ingurumenean eraginak dakartzaten jardueren funtzionamendutik eratorritako gatazkak kudeatzeko. Dauden parte-hartze prozesuetan, kalitate-estandar oinarrizko batzuk ezarri behar dira, ingurumen gaietan parte hartzeari dagokionez. Gainera, funtsezkoa da prozeduran interesdunak diren alde guztiek emaitzari buruzko komunikazioa jasotzea. Informazio horren barruan, honakoak sartu behar dira: erabakiari buruzko informazioa, egindako alegazioei buruzko informazioa eta parte-hartze prozesuaren gaineko inferentziari buruzko informazioa.
Azkenik, oraindik alternatiba guztiak irekita daudelarik ingurumen-gaietan parte hartzea funtsezko elementua da erabaki on bat hartuko dela bermatzeko.