2.5. Babes judizial eraginkorrerako eskubidea. Errugabetasun ustearen printzipioa
Espainiako Konstituzioaren 24. artikulua
"1. Pertsona guztiek dute epaileen eta auzitegien babes eraginkorra jasotzeko eskubidea, beren zilegizko eskubideak eta interesak erabiltzeko, babesik eza sekula ere gertatu barik."
"2. Legeak aurretik ezarritako ohiko epailea izateko eskubidea dute pertsona guztiek, baita legelariaren babesa eta laguntza izateko, euren kontrako akusazioa jakiteko, atzerapen bidegaberik gabeko eta berme guztiak dituen prozesu publiko bat izateko, babeserako egokiak diren frogak erabiltzeko, nork bere buruaren kontra ez aitortzeko, erruduntasunik ez aitortzeko eta errugabetasunpresuntzioa erabiltzeko eskubidea ere.
Senidetasuna edo sekretu profesionala dela aitortzeko beharra ez dagoenean erabakitzeko arauak jarriko ditu legeak".
Askotan, Justizia Administrazioaren aurkako kexetan planteatzen diren arazoez harantzago, pobreziako, ahultasuneko edo gizarte bazterketako egoerak egoten dira sakonean. Krisi ekonomikoko egoerak berarekin ekarri du bazterketa arazoak –zentzu zabalean– dituzten pertsonen egoera horiek arlo penalean ez ezik, jurisdikzio zibilean ere gertatzea.
Aurten nabarmentzekoa da etxebizitzaren gaineko hipoteka-bermearekin izenpeturiko maileguak ez ordaintzeagatik enbargo– eta utzarazpen-prozedurei aurre egin behar izan dieten pertsonek aurkeztutako kexak.
Oraindik ere kexatzeko arrazoi nagusiak dira prozesu judizialak gehiegi luzatzea, justizia administrazioko langileek emandako tratua, edo funtzionamenduan gertaturiko errakuntzak edo arduragabekeriak. Aurten ebazpen judizialak betearazteari buruzko kexak ere egin dira, guztiak senar-emazteen arteko prozedurekin lotutakoak.
Doako justiziari dagokionez, onura hori gauzatzeko ardura duten instantzien eta onura hori eskatzen duen pertsonaren arteko komunikazio prozesua hobetu behar da.
Epaiketan beren defentsa ordaintzeko bitartekorik ez dutela planteatzen duten pertsonen kopuruak gora egin du, eta gora egin du, halaber, auzien kopurua; izan ere, krisi ekonomikoaren bestelako ondorioak dira horiexek.
Positiboki baloratzen da aurten arlo judizialaren barreneko bitartekaritza zerbitzua epaitegi guztietara zabaldu izana.
Prozesu judizialak izapidetzerakoan izan diren atzerapenei dagokienez, zenbait kexatan agerian jarri zen espediente batzuk gerarazita daudela epaitegietako langileen bajetan ordezko langileak kontratatzen ez direlako. Kasu horiei konponbidea eman zitzaien Justizia Administrazioaren esku-hartze prestuari esker, eta etorkizunean bulego judizial berriaren antolamendu-irizpideen bitartez konpondu beharko da egoera hori.